2011ko apirilaren 19ko 13/2011 Foru Dekretua, Gipuzkoako Parke Naturaletako mendietan perretxiko bilketa arautzekoa.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

2011ko apirilaren 19ko 13/2011 Foru Dekretua, Gipuzkoako Parke Naturaletako mendietan perretxiko bilketa arautzekoa.

BOG 3 Maiatza 2011

Gipuzkoako mendietako perretxiko biltzeak tradizio handia du Gipuzkoako Lurralde Historikoan, eta orain arte arautze espezifikorik gabe egin da.

Euskal Herriko Natura Babesteko 1994ko ekainaren 30eko 16/1994 Legeak 64. artikuluan ezartzen du jarduera hori foru organo eskudunek arautuko dutela.

Zentzu honetan, Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauak 44.2 artikuluan xedatzen du ezen, baldin eta perretxikoak biltzeak arriskuan jartzen badu ekosistemaren oreka edo espezieen iraupena, Baso Administrazioak jarduera hori arautu ahal izango duela eta, horrez gain, aldez aurreko baimena eskatu ahalko duela, eragindako mendien titularrak kontuan izanda.

Ikusirik azken urteotan perretxiko-biltzaile ugari dabilela Gipuzkoako mendi askotan, parke naturaletako mendietan batez ere, ikusirik gehiegi biltzeak arriskuan jar dezakeela perretxikoaren iraupena, jakinik baso baliabideek eta ustiapenak elkarren arteko oreka bat gorde behar dutela, eta gure mendien eta mendiotako balio naturalak modu egokian babestearren, komeni da araudi bat prestatu eta onartzea Aralar, Aiako-Harria, Pagoeta eta Aizkorri-Aratz Parke Naturaletako mendietan perretxikoak biltzeko.

Horregatik, bada, aipatu den araudiaren edukia garatzen da foru dekretu honen bidez, hartara Gipuzkoako Lurralde Historikoko Parke Naturaletako mendietan perretxiko bilketarako baldintzak ezartzeko, jarduera hori garatzen den lursailetako jabeak dituen eskubideak baztertu gabe.

Horregatik, Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuko foru diputatuak proposaturik, Lege Aholkularitzako Batzordeari entzunda, Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran aldez aurretik eztabaidatu eta onartu ondoren,

XEDATZEN DUT

1. artikulua. Xedea.

1. Foru dekretu honen xedea da Aralar, Aiako-Harria, Pagoeta eta Aizkorri-Aratz Gipuzkoako Parke Naturaletako mendietan arautzea perretxiko izenaz ezagutzen diren espezie mikologikoen fruitu-gorputzen bilketa.

2. Parke naturaletan perretxikoak biltzeko foru dekretu honetan xedatutakoa bete beharko da, non eta ez dituen babes handiagoko neurriak ezartzen parke natural bakoitzaren berariazko arautegiak (natura baliabideak antolatzeko planak edota erabilera eta kudeaketako plan gidariak).

3. Babes bereziko arauak dituzten espezien kasuan, arau horietan xedatutakoa bete beharko da.

2. artikulua. Perretxikoak biltzeko baldintza orokorrak.

1. Perretxikoak bilatzean debekaturik dago landare-geruza hondatuz lurra mugitzea, bai eskuz bai eskuarearen eta beste tresna batzuen bidez.

2. Perretxikoak biltzean bereziki erne ibili behar da ez hondatzeko perretxikoen mizelioa birsortzeko ahalmena.

3. Biltzen diren aleek hedatuta eduki behar dute txapela, debekaturik baitago beren garapenaren lehen fasetan dauden perretxikoak biltzea.

4. Hondatuta edo puskatuta dauden aleak, eta biltzen ez direnak, dauden lekuan bertan utziko dira, gehiago hondatu gabe.

5. Perretxikoak biltzeko, saskiak erabiliko dira lehentasunez, edo perretxikoak aireztatzeko eta esporak zabaltzeko egokiak diren ontziak.

6. Bildu behar ez diren aleak puskatzea edo hondatzea berariaz debekaturik dago, non eta identifikazio taxonomikoa behar bezala egiteko ez den gertatzen aleren bat puskatu behar izatea.

3. artikulua. Mugak.

1. Debekaturik dago perretxikoak gauez biltzea, eguzkia sartzen denetik ateratzen den arte.

2. Perretxikoa babesteko xedez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuko foru diputatuak bilketarako aste-egunak mugatu ahal izango ditu.

3. Debekatuta dago eguneko eta pertsonako 5 Kg baino gehiago biltzea, 5. artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe.

4. artikulua. Erreserba guneak.

1. Helburu zientifikoek eta kontserbaziokoek aginduta, mendi hauetan erreserba guneak ezarri ditzake Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuko foru diputatuak, Gipuzkoako Parke Naturaletako mendi publikoen titularrak diren toki entitateekin adostuta.

2. Erreserba gune horietan ezingo da perretxikorik bildu, non eta helburua ez den zientifikoa eta kontserbaziokoa. Kasu horietan, gainera, Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuko foru diputatuaren baimena beharko da.

3. Erreserba gune horiek zeintzuk diren foru aginduz ezarriko da eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta gune horietarako sarbideetan dagozkion seinaleak jarriko dira.

5. artikulua. Mendi pribatuen jabeen aprobetxamendua.

Aralar, Aiako-Harria, Pagoeta eta Aizkorri-Aratz Parke Naturaletan dauden mendi pribatuen jabeek 3.3. artikuluan jarritako mugaren gainetik jaso ahal izango dituzte perretxikoak, Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentuko foru diputatuaren berariazko baimena badute. Baimen hori emateko, aurretiazko eta nahitaezko baldintza izango da perretxiko bilketa antolatzen duen baso-kudeaketa iraunkorraren plan teknikoa aurkeztu eta onartzea.

6. artikulua. Ikuskapena eta zaintza.

Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainek perretxiko biltzaileak ikuskatu eta miatu ditzakete, bai perretxikoak biltzen ari direnean bai biltzen bukatu ondoren, foru dekretu honetan xedatutakoa betetzen dutela egiaztatzeko.

7. artikulua. Arau hausteak eta zigor arauak.

Foru dekretu honetan xedatutakoa betetzen ez bada, indarrean dagoen araudian aurreikusitako zigor arauak ezarri ahal izango dira.

Amaierako xedapenak

Amaierako lehen xedapena

Landa Ingurunearen Garapeneko foru diputatuari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Amaierako bigarren xedapena

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean jarriko da indarrean.