452/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, desgaitasuna egiaztatzeko txartela sortzen duena.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

452/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, desgaitasuna egiaztatzeko txartela sortzen duena.

BOG 22 Martxoa 2010

Ezinduen Laguntzako Zuzendaritza Nagusiak desgaitasun graduari buruzko ebazpena ematen du, hala ezartzen baitu 1999ko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuak, minusbaliotasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura onartzen duenak.

Ebazpen hori oinarrizko agiria da, interesatuak erakunde, instituzio, entitate eta abarretan erabil dezakeena, bere desgaitasuna egiaztatzeko, bere eskubideak baliarazteko, hainbat zerbitzutan sarbidea izateko, eta indarrean dagoen araudiak onartzen dizkion hainbat zerbitzuren onuradun izateko.

Agiri hori paperean bakarrik eman izan du, baina muga batzuk ditu erabiltzeko orduan. Beraz, paperezko agiri hori desgaitasuna egiaztatzeko txartel batera digitalizatzeak erosoago egingo luke eguneroko bizitzan eta ohiko jarraipenean erabiltzea, eta titularrari mesedegarri gerta lekioke.

Hori dela eta,

XEDATZEN DUT

Lehenengo: Desgaitasuna egiaztatzeko txartela sortzea eta txartela nola eman arautzea.

Desgaitasun agiriaren ezaugarriak foru agindu honetako I. eranskinean daude.

Bigarren: Desgaitasun txartelaren helburua da haren titularrak desgaitasuna daukalako lekukotza sinesgarria eta frogagarria izatea, eta formatu bakarra dauka era guztietako desgaitasunetarako.

Hirugarren: Onuradun izango dira ohiko bizilekua Gipuzkoako Lurralde Historikoan edukita %33ko desgaitasun gradua edo handiagoa daukatenek.

Laugarren: Desgaitasun txartela agiri pertsonal eta besterenezina da, eta aitortu zaion desgaitasun gradua egiaztatzen dio txartelaren titularrari.

Egiaztatze horrek ondorioak sortuko baditu, dagokion nortasun agiriarekin batera -NA edo AIZ- aurkeztu beharko du beti desgaitasun txartela.

Erakunde edo entitateek, egoki iritziz gero, desgaitasun gradua aitortzeko ebazpena aurkez dezan eskatu ahal izango diote.

Bosgarren: Desgaitasun txartela modu automatikoan egingo zaio titularrari, %33ko desgaitasun gradua edo handiagoa dagokion ebazpenaren bidez aitortuz gero.

Seigarren: Desgaitasun graduaren aitorpena aldatzea:

Baldin eta, ebazpen judizialaren edo administratiboaren ondorioz, aitortutako desgaitasun gradua %33koa baino txikiago batera aldatzen bada, onuradunak orduan txartela itzuli beharko du, eskatzen zaionetik 10 eguneko epean itzuli ere, hura baliogabetzeko, bestela ofizioz baliogabetuko baitzaio.

Baldin eta, ebazpen judizialaren edo administratiboaren ondorioz, aitortutako desgaitasun gradua %33koa baino handiago batera aldatzen bada, orduan automatikoki egingo zaio dagokion desgaitasun txartela, eta, bestela, onuradunak hura eskatu ahal izango du, aitorpen egintza horrek irmotasuna hartzen duenetik 10 eguneko epean eskatu ere.

Zazpigarren: Txartela galdu edo lapurtuz gero, onuradunak edo haren legezko ordezkariak txartel berri bat egiteko eskatu beharko dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari.

Eskaera hori txartela lapurtu izanaren ondorioz eginez gero, dagokion salaketa erantsi beharko dio.

Nolanahi ere, Gizarte Politikako Departamentuak ofizioz baliogabetuko du galdutako edo lapurtutako txartela.

Zortzigarren: Desgaitasun txartelaren indarraldia desgaitasun gradua aitortzeko ebazpenak adierazten duena izango da, eta mugagabea izan daiteke, edota balio-data jakin bat adieraz dezake, ebazpenean ezarritako balorazioaren behin-behinekotasunaren arabera.

Bederatzigarren: Txartela egiteko erabiliko diren datuak, desgaitasuna aitortzeko espedientean jasotakoak izango dira, Izaera Pertsonaleko Datuen Babesari buruzko, 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoari jarraituz babestuta daudenak.

Xedapen iragankorra

Txartela ofizioz bidaliko zaie etxera -Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuan duten espedienteko datuetan ageri den helbidera foru agindu hau indarrean sartzen den egunean %33ko desgaitasun gradua edo handiagoa aitortzen dien ebazpen baten titularrei, edota, ebazpena eskatuta daukatelarik hura geroago ematen zaienei.

Amaierako xedapena

Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Foru agindu hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Interesatuek foru agindu honen aurka zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa Administrazioarekiko Auzietako Donostiako epaitegietan, jakinarazpenaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Hala ere, aukera dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko foru diputatu honi, jakinarazpenaren biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke.

I ERANSKINA

Erakutsi/Ezkutatu Erakutsi/Ezkutatu

Desgaitasuna egiaztatzeko txartelak neurri hauek izango ditu:

  • Luzera: 85. Mm.
  • Zabalera: 54. Mm.

Atzealdean, eskuinetako izkinatik 7 mmtara 14 mmko zurigune bat egongo da barra kodea kokatzeko.

Desgaitasuna egiaztatzeko txartelak kolore hauek dauzka: zian, magenta, horia eta beltza.

Txartel-egile arduraduna: Gipuzkoako Foru Aldundia. Gizarte Politikako Departamentua.

Aurrealdea:

Txartelaren titularraren izen-abizenak.

Nartasun Agiriaren Zenbakia (NA) edo Atzerritarraen Identifikazio Zenbakia (AIZ), testuan eta braille formatuan.

Balioa: behin-betikoa, edo balioa bukatzen zaion data, aldi baterakoa baldin bada.

Atzealdea:

Barra kodea, txartelaren titularrari lotutako berariako zenbakiarekin, eta informazio hori guztia erregistratuta eramango duen banda magnetiko bat.

Txartelarekin batera NA edo AIZ aurkeztu beharra.

Era berean, bidezko segurtasun neurriak erantsiko zaizkio, haren egiazkotasun bermatzeko.