2008ko abenduaren 23ko 89/08 Foru Dekretua, mendekotasun egoeran daudenen familia harreraren programa eta hura garatzeko behar diren diru laguntzak arautzen dituena.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

2008ko abenduaren 23ko 89/08 Foru Dekretua, mendekotasun egoeran daudenen familia harreraren programa eta hura garatzeko behar diren diru laguntzak arautzen dituena.

BOG 31 Abendua 2008

Familia harrera azken urteotan gizarte zerbitzuen hainbat jarduera alorretan ezartzen joan den neurrietako bat da, hala nola, haur, ezindu eta adinekoen alorretan. Egoitzaren ordezko den baliabide honen alde ona da familia baten antzeko bizi giroa eskaintzen zaiela pertsonei ingurune normalizatu batean. Era berean, neurri horren bidez gizarteak argi eta garbi erakuts dezake baliabide horren beharra duten pertsonekiko duen elkartasuna.

Mendeko pertsona adinduei eta ezinduei dagokienez, harrerari bereziki heldu zaio Foru Aldundiko Gizarte Politikaren Departamentuaren programa batean. Berau 2004ko azaroaren 16ko 89/04 Foru Dekretuaren bidez arautu da azken urteetan, haren bidez onartu baitzen mendeko pertsona adinduen eta ezinduen harrera familien programa.

Foru Aldundiak programa horretarako ematen zituen laguntzei eragin egin die 2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko diru laguntzei buruzkoa, indarrean sartzeak. Arau horrek ezartzen du diru laguntzak emateko izapide arrunta elkarren arteko lehia izango dela; hala ere, ezartzen du diru laguntzak zuzenean ere eman ahal izango direla inoiz, baldin eta interes publikoko arrazoiak, sozialak, ekonomikoak edo humanitarioak badirela kreditatzen bada, edo behar bezala zuritzen bada deialdi publikoa zaila dela.

Baldintza horiek eman egiten dira programa honetan, eta, ondorioz, ezartzen da laguntzak zuzenean emango direla, aintzat hartuta helburu soziala dela eta bokazioa unibertsala duela baldintzak betetzen dituzten pertsona guztientzat; ez da beharrezkoa, beraz, deialdirik egitea laguntza hauek emateko, eskaerak edonoiz aurkez baitaitezke, betiere arau hauek indarrean dauden bitartean.

2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Arauaren 27.2 artikuluak dio ezen diru laguntza hauek zehazterik ez dagoen jende kopuru bati zuzentzen zaizkienean, Diputatuen Kontseiluak foru dekretuz onartuko dituela diru laguntzen arau bereziak. Hori da foru dekretu hau onartzearen arrazoia, haren bitartez aurreko araudia 2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Arauaren aurreikuspenetara moldatzen baita, betiere programaren xedea eta helburuak lehengoak izanik.

Hori dela eta, Diputatuen Kontseiluak, Gizarte Politikako Departamentuko foru diputatuak proposatuta, gaur eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT

1 artikulua. Helburua eta xedea.

1. Foru dekretu honen helburua da mendekotasun egoeran daudenen Familia Harreraren Programa eta hura garatzeko behar diren diru laguntzak arautzea. Familia harreraren programa ondorengoan datza: Familiek edo bakarrik bizi diren pertsonek beren etxeetan beraiekin inolako ahaidetasunik ez duten eta beren borondatez hala eskatzen duten mendekotasun egoeran dauden pertsonak hartzea, eta familia batean ohikoak diren eta espero litezkeen maila eta kalitateko arreta eta zaintza eskaintzea.

2. Programaren xedea da familia giro batean gertuko eta bere beharreik egokitutako arreta eta zaintza ematea mendekotasun egoeran dagoen pertsonari, honako helburu zehatzekin:

  • a) Etxean hartzen den pertsonari gertuko arreta ematea.
  • b) Etxean hartzen den pertsonaren bizi kalitatea hobetzea.
  • c) Etxean hartzen den pertsona ohiko ingurunean kokatzea, hartara normalizazio soziala bultzatuz.
  • d) Dagoen zerbitzu eskaintza zabaltzea mendekotasun egoeran dauden herritarren banakako eskaerei erantzuteko aukerak emanda bizitokiari dagokionez.
  • e) Gogoz kontrako egoitzaratzeak saihestea, pertsonak beren ohiko gizarte ingurunean jarraitzea eta txertatzea bultzatuz.

2. artikulua. Zerbitzua jasotzeko baldintzak eta beharkizunak.

Familia harreraren programako laguntzak eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte, bai onuradunak, bai harrera familiak:

  • A. Pertsona batek familian hartua izateko, bete beharreko beharkizunak:
    • a) Eskaera aurkezten den eguna baino urtebete lehenagotik, gutxienez, Gipuzkoako udal batean erroldatuta egotea. Gipuzkoan jaiotakoak izan baina erroldatze baldintza betetzen ez duten pertsonen eskaerak onartu ahal izango dira, baldin eta familiarengana hurbiltzeko egiten bada edo beste arrazoi sozialen bat alegatzen bada.
    • b) 18 urtetik gorakoa izatea.
    • c) Mendeko pertsonatzat hartua izatea indarrean dagoen baremoaren arabera.
    • d) Bizikidetza normala galaraziko duten portaera edo osasun arazo larririk ez izatea.
    • e) Bigarren mailarainoko odol edo ezkontza ahaidetasunik ez izatea hartuko duen elkarbizitza unitateko kideekin.

    Pertsona hauentzat baldintza batzuk ez dira betekizun izango:

    • a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren adingabeak hartzeko programatik datozen mendeko pertsonak.
    • b) Gipuzkoako Foru Aldundiaren iritziz behar bereziak dituzten pertsonak, izanik haientzat egokia programan sartzea.
  • B. Familia batek harrerakoa izateko bete behar dituen beharkizunak:
    • a) Elkarbizitza unitatea osatzea. Foru dekretu honen arabera harrera familiatzat hartuko da pertsona bakarrak, senar-emazteek, izatezko bikoteek edo ezkondu gabeko bikoteek edo odol edota ezkontza ahaidetasuneko zenbait kidek osatutakoa eta etxebizitza berean bizi dena. Egoera hori egiaztatzeko, etxebizitza kokatuta dagoen herriko udalak emandako elkarbizitza ziurtagiria aurkeztu beharko da.
    • b) Erreferentziazko pertsona bat izendatzea. Harrera familiak erreferentziazko pertsona bat izendatu behar du; hark ardura izango du hartzen duten pertsonari arreta nagusiki ematea; bizileku eta laguntza kontratuaren titularra izango da; eta, administrazioaren aurrean, familiaren ordezkari izango da.

      Erreferentziazko pertsona horrek baldintza hauek bete behar ditu:

      • b.1) 25 urte baino gehiago eta 60 baino gutxiago izatea.
      • b.2) Familian hartutakoa zaintzeko egin beharreko lanak egitea eragotziko dioten gaixotasun infekto-kutsagarririk eta mugapen fisiko edo psikikorik ez izatea.
      • b.3) Mendekotasun egoeran dauden pertsonekin tratatzeko gaitasuna eta jarrera izatea.
      • b.4) Zailtasun fisikoak, adimenekoak edo adinarekin lotutakoak dituzten pertsonak onartzeko gaitasuna izatea.
      • b.5) Harreran izan daitezkeen zailtasunak gainditzeko prestakuntza eta aholkularitza jasotzeko prest egotea.
      • b.6) Bere egitekoa betetzeko eta familian hartutako pertsona zaintzeko nahikoa denbora izatea.
      • b.7) Familia harreraren programan gutxienez urte bete irauteko disposizioa izatea, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
    • c) Nahikoa diru baliabide izatea. Honen inguruan, ulertzen da harrera familia unitateak diru baliabide egonkorrak izan behar dituela oinarrizko beharrei aurre egiteko; gutxieneko sarrera modura, jartzen da kontratua sinatzen den unean ezarrita dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata, baldin eta elkarbizitza unitateak kide bakar bat badauka. Gainerakoetan, gutxieneko sarrerak kalkulatuko dira gutxieneko soldata horri %25 gehituta elkarbizitza unitateko kide bakoitzarengatik.
    • d) Familia unitateko kide guztiek, betiere adinez nagusi direnek, onartzea harrera.
    • e) Etxebizitza egokia izatea. Harrera familiak edozein titulu peko etxebizitza eduki behar du, prekarioan izan ezik, eman nahi zaion erabilerarako egokitua eta prestatua eta honako baldintzak dituena:
      • e.1) Nahikoa leku izatea familia bera eta hartutakoa/ak lasai bizitzeko.
      • e.2) Familian hartutako pertsona bakoitzarentzat bakarrik izango den logela bat izatea.
      • e.3) Irisbide erraza duen hiri edo herri batean egotea.
      • e.4) Bizigarritasun eta erosotasun baldintza onak izatea.
      • e.5) Arkitektura hesirik ez egotea, hartara harrera pertsonaren irisgarritasunari eta ibiliari ez kalterik eragiteko, eta inoiz behar litezkeen laguntza produktuak (laguntza teknikoak) erabiltzeko baldintza egokiak izatea.
    • f) Harrerako familia unitatearen etxean ezin izango dira bizi, harrerakoak barne, arreta edo zaintza bereziak behar dituzten bi pertsona baino gehiago.

    Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera familiari aurreko baldintzaren bat kendu diezaioke, baldin eta udaleko gizarte zerbitzuek harreraren egokitasuna zuritzen badute. Nolanahi ere, udaleko gizarte zerbitzuek pertsona bakarrez nahiz hainbat kidez osatutako familia unitatea familia harrerarako egokitzat jotzeko, hauek hartuko dituzte kontuan: Familia harrerarekiko duen jarrera positiboa eta onarpena, hartzekoa den pertsonarekiko jarrera eta onarpena, eta hartzekoa den pertsona zaintzeko dituen bitartekoak (baliabide fisikoak, denbora eta nahikoa diru baliabide).

3. artikulua. Prozedurako xedapenak.

1. Eskaera eta espedientearen hasiera.

Familia harrerako programan interesa dutenek, dela harrera eskatzen dutenek, dela harrera eman nahi duten familiek, udaleko gizarte zerbitzuetara jo behar dute, han esango baitiete zer egin behar duten eta nora jo behar duten, eta han izapidetuko baitizkiete eskaerak. 2.A.a) artikuluak aipatu bezala, Gipuzkoako Lurralde Historikoan erroldatuta ez dauden pertsonek Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentura joko dute zuzenean.

Harrera familiaren programaren inguruko informazioa Gizarte Politikako Departamentuaren web orrian eta norberaren udaleko gizarte zerbitzuetan izango da.

Programak arautzen dituen laguntzen berezitasuna eta izaera unibertsala dela eta -baldintzak betetzen dituzten pertsona guztientzako baitira-, ez da beharrezkoa laguntza horiek emateko deialdirik egitea, eta laguntzen eskaerak edonoiz aurkez daitezke, betiere arau hauek indarrean diren bitartean.

2. Eskaerak tramitatzea.

Harrera eskatzen duen pertsonak nahiz familia hartzaileak eskaera aurkeztu beharko dute norbera bizi den herriko oinarrizko gizarte zerbitzuetan, eta han izapidetuko dira. Bertatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentura bidaliko dira.

Udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuek familia harreraren programan parte hartu nahi duten pertsonen eskabideak baloratuko dituzte, beharrezkoak diren baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatzeko eta gizarte txosten baten bidez baliabidea egokia den edo ez proposatzeko.

Ondoko agiriak erantsi behar zaizkio eskaerari:

  • - Nortasun Agiri Nazionala edo erresidentzia baimena, indarrean (fotokopia).
  • - Interesatuak edo haren ordezkari legalak sinatutako eskaera.
  • - Eskatzailearen edo familia eskatzailearen sarrerak.

Eskaera egiten dutenek ez dituzte aurkeztu beharko ordurako Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dauden dokumentuak, hala xedatzen baitu 1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 35.f) artikuluan. Halakoetan, eskaera orrian adierazi beharko da zein egunetan eta organotan edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentuak, edo zein organok eta noiz egin zituen, betiere bost urte baino gehiago igaro ez badira prozedura hura bukatu zenetik. Dokumentazio hori eskuratzeko modurik ez badago, Gizarte Politikako Departamentuak eskatzaileari eska diezaioke aurkezteko dokumentua edo, bestela, egiaztatzeko beste bitarteko batzuk erabiliz dokumentu horren bidez egiaztatzen diren baldintzak.

Eskaera orriak edo harekin aurkeztu beharreko dokumentazioak ez baditu identifikatzeko datu guztiak, akatsen bat badu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio aurkez dezala falta den informazioa edo zuzen dezala antzemandako akatsa hamar eguneko epean, eta ohartaraziko zaioa hala egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

Udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuek Gizarte Politikako Departamentuari proposatuko dizkiote familia batean hartuak izateko eskaera egin duten pertsonak zaintzeko egokitzat jotzen dituzten familia hartzaileak, horretarako arrazoiak emanda dagokion gizarte txostenaren bidez.

Informazio hori aztertuta, Gizarte Politikako Departamentuak familia hartzaileen, harrera eskatzaileen eta harrera bakoitzaren egokitasuna ebaluatu eta erabakiko du. Ebaluaketa horren arabera harrera familiak edota harrera eskatzaileak egokiak ez direla erabakitzen bada, eskabidea atzera botako da behin betiko. Txosten teknikoen arabera iritziko balitz kasu jakin horretarako ez dela egokia baina beste harrera batzuetarako egokia izan daitekeela, eskabideak itxaron zerrendara pasako dira.

3. Zerrenden kudeaketa.

Familia batean hartuak izan nahi duten pertsonen nahiz harrera programa honetan parte hartu nahi duten familien eskaerak zerrenda banatan jasoko dira, eta, eskaera dataren arabera, lehentasun hurrenkeran jarriko dira.

Harrerarako egokitzat jotako harrera familien eta harrera eskatzaileen eskabideekin osatutako zerrendak Gizarte Politikako Departamentuak zentralizatu eta eguneratuko ditu aldian behin.

Familia batean hartzea eskatzen duen pertsona bizi den herrian harrera familiarik ez dagoenean edota eskabide horretarako egokiak ez direla irizten denean, Gizarte Politikako Departamentuak goian aipatutako zerrendatik beste udalerri batzuetan bizi diren harrera familiak proposatuko ditu, baleude.

4. Aldeen arteko kontaktua.

Udaleko gizarte zerbitzuak harremanetan jarriko ditu harrerako bi alderdiak, integrazioa bermatzearren oreka bilatuz izaera pertsonalean, bizitzeko estiloan, hizkuntzan, eta ohitura sozial eta kulturalean.

Harreman horretan programak ezarritako baldintzak eta alderdi bakoitzaren betebeharrak eta eskubideak azalduko dira, eta bizileku eta laguntza kontratuan jaso nahiko luketen baldintza partikularrak ere jasoko dira, bien artean adostuak.

Izapide hau egin dela udaleko gizarte zerbitzuek Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentura bidaliko duten proposamenean jasoko da berariaz.

5. Bizilekuaren eta laguntzaren kontratua sinatzea.

Harreraren onuradunak edo haren legezko ordezkariak eta harrera familiako erreferentziazko pertsonak bizilekuaren eta laguntzaren kontratua sinatuko dute, Gizarte Politikako Departamentuak zehaztutako modeloaren arabera (foru dekretu honen eranskin gisa jaso da eredu hori). Alderdi sinatzaile bakoitzak dokumentu horren jatorrizko kopia bat gordeko dute.

Kontratuaren beste jatorrizko kopia bat eta familia hartzaileak kontratatutako erantzukizun zibilaren seguru polizaren kopia bat Gizarte Politikako Departamentura bidaliko dira udaleko gizarte zerbitzuetan barrena.

4. artikulua. Esleitzeko prozedura.

Foru dekretu honen 3.1 artikuluaren hirugarren paragrafoan adierazitakoak kontuan hartuta, diru laguntzak emateko prozedura esleipen zuzena izango da, 2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko diru laguntzei buruzkoak, 20.3.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. artikulua. Finantzazioa.

Diru laguntzak eskaera egiten den urteko Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorretan ezartzen diren kredituen kontura finantzatuko dira, eta ekitaldian zehar horiek handitzeko aukera izango da. Aurrekoa gorabehera, ekitaldia amaitutakoan izapidetzen hasi eta amaitzeke badago diru laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituen eskaerarik, edo onartu ezin denik aurrekontu baliabideak agortu direla-eta, eskaera horrek hurrengo ekitaldiko aurrekontuen kontura jaso dezake diru laguntza, betiere aurrekontuetan nahikoa diru badago eskuragarri.

6. artikulua. Familia harreraren tarifak eta diru laguntzen gehienezko zenbatekoak.

1. Mendekotasun mailaren arabera, honako tarifa hauek ezartzen dira harrerako pertsonak harrera familiari ordaintzeko:

  • - III. gradua (mendekotasun handiko pertsonak): 1.606,70 euro/hilabete (52,82 euro/egun).
  • - II. gradua (mendekotasun larriko pertsonak): 979,45 euro/hilabete (32,20 euro/egun).
  • - I. gradua (mendekotasun ertaineko pertsonak): 806,71 euro/hilabete (26,52 euro/egun).

2. Hau izango da Gizarte Politikako Departamentuak harrerako pertsonari aldian-aldian ordainduko dion zenbatekoa, hark harrerako gastuei aurre egiteko: Aurreko atalean ezarritako tarifa, ken harrerako pertsonaren urteko sarrera guztien %75, zati hamabi.

3. Hala ere, harrerako pertsonak jaso beharreko laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan izango da pertsonak lanbide arteko soldataren %50 izan dezala hirlero eskura bere gastuei aurre egiteko, betiere gainditu gabe Gipuzkoako Foru Aldundiak harrerarako ezartzen duen gehienezko zenbatekoa.

4. Harrerako pertsona ospitaleratuz gero, laguntzak bere horretan jarraituko du bertan den bitartean, udaleko gizarte zerbitzuek salbuespenik proposatzen dutenean izan ezik. Diru laguntzak irauten duen bitartean, harrera familiak konpromisoa hartzen du harrerako pertsonari oinarrizko arreta emateko ospitalean den bitartean.

5. Harrerako pertsona beste norabait joaten bada 7 egunez baino gehiagoz, aurretik abisatuta betiere, Gizarte Politikako Departamentuaren diru laguntza eta erabiltzaileak harrera familiari ematen dion zenbatekoa ohiko zenbatekoen %30 izango dira. Bizilekua gehienez 2 hilabetez gordeko da.

6. Harrera bertan behera geratzen bada, harrerako pertsonak jasotzen duen hileko laguntza azken hil horretan familiarekin eman dituen egunetara moldatu beharko da proportzioaren bidez.

7. Hilabete baino gutxiagoko egonaldietako diru laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko (harreraren hasiera edo amaieragatik edo plaza erreserbagatik), zehaztutako eguneko prezioa erabiliko da, eta hilabete horretan benetan egin diren harrera egunekin biderkatuko da hilabete horretako diru laguntza lortzeko.

8. Familian hartutakoak harrera familiari ondasunak eskualdatuz gero, Gipuzkoako Foru Aldundiak egoki iritzitako neurriak hartuko ditu emandako diru laguntzari eta ordaindutako zenbatekoak itzuli beharrari dagokionez.

9. Familia harrerarengatik ordaindu beharreko tarifak eta foru dekretu honen xede diren laguntzen zenbatekoak foru agindu bidez urtero eguneratuko dira KPIren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumo prezioen indizearen aurreko abendukoaren aldeko igoera tasaren arabera).

7. artikulua. Prozedura antolatu eta izapidetzeko organo eskuduna.

Prozedurako organo instruktorea Gizarte Politikako Departamentuko Gizarte Zerbitzuetako Laguntza eta Sarrera Zerbitzua izango da, eta horrek ofizioz burutuko ditu ebazpen proposamena egiteko aintzat hartu behar diren datuak zehazteko, jakiteko eta egiaztatzeko bidezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak.

8. artikulua. Kontzesio ebazpena.

1. Laguntzak ematea edota ukatzea Ezinduen Laguntzako zuzendari nagusiak erabakiko du, ebazpen bidez.

2. Gizarte Politikako Departamentuak alderdiei harrera familiako programan parte hartzeko baiezko edo ezezko ebazpena jakinaraziko die. Udaletxeko gizarte zerbitzuek ere ebazpen horren berri jasoko dute.

3. Prozeduraren ebazpena hartu eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, eskaera udaleko gizarte zerbitzuetan aurkeztu den egunetik kontatzen hasita. Epea bukatu eta ez bada ebazpenik berariaz jakinarazi, interesatuek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute.

9. artikulua. Harrera familian parte hartzen duten pertsonen betekizunak.

1. Onuradunek diru laguntzak onartzeak Gipuzkoako Lurralde Historikoko diru laguntzei buruzko 2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Arauaren 13. artikuluan ezarritako betebeharrak onartzea dakar.

2. Zehazki, onuradunek honako betekizunak dituzte:

  • A. Etxean hartutakoaren betebeharrak:
    • a) Familian integratzea eta parte hartzea, eta elkarbizitza erraztea ahal duen neurrian.
    • b) Jarraipena eta harreraren kontrola egingo duten udaleko gizarte zerbitzuei honakoen berri ematea: Diru sarreren aldaketak eta harrerarako garrantzizko beste baldintza baten aldaketa, gertatzen den unean, bereziki arreta gutxitzen bada edo familiaren elkarbizitzan gorabeherak izaten badira.
    • c) Egin aurretik, familian hartutakoaren eta harrera familiaren arteko ondasun eskualdaketen berri ematea.
    • d) Ohitura, ordutegi eta elkarbizitzako gainerako alderdietara egokitzea; bere higienea zaintzea; etxea, altzariak eta abar behar bezala erabiltzea eta familiako kide guztiak errespetuz tratatzea
  • B. Harrera familiaren betebeharrak:
    • a) Familia harreraren egokitasuna neurtzeko behar den informazio guztia erraztea.
    • b) Harrera dagokion udaleko eta Foru Aldundiko gizarte zerbitzuen orientazioei jarraikiz betetzea.
    • c) Etxean hartutakoari behar den laguntza eta zaintza eskaintzea eta errespetuz tratatzea, haren beharrak kontuan hartuta, ahal den neurrian familian integra dadin lagunduz.
    • d) Familia harreraren jarraipenaz eta kontrolaz arduratzen diren udal gizarte zerbitzuei jakinaraztea:
      • - Helbide aldaketa edo harreraren hasierako baldintzei dagokienez aldaketa nabarmena dakarren eta harreran eragina duen aldaketa oro.
      • - Familia elkarbizitzan gerta daitezkeen gorabeherak edo gabeziak.
      • - Egin aurretik, familian hartutakoaren eta harrera familiaren arteko ondasun eskualdaketen berri ematea.
  • C. Guztien betebeharrak:
    • a) Bizilekuaren eta laguntzaren kontratua sinatzea eta bertan ezarritako baldintzak betetzea. Kontratuaren eredua foru dekretu honen eranskinean dator.
    • b) Udaleko gizarte zerbitzuei jakinaraztea, 60 egun aurretik gutxienez, familia harrera bertan behera uzteko asmoa.
    • c) Baimena ematea Gipuzkoako Foru Aldundiari erabil ditzan fitxategi automatizatuetan dauden datu pertsonalak, ekonomikoak, sanitarioak eta sozialak Gizarte Politikako Departamentuaren funtzioetarako nahiz beste xede batzuetarako, hala nola, estatistikak egiteko eta ikerketa zientifikoa burutzeko, datu pertsonalen babeserako araudiak aurreikusten duenari begiratuz.
    • d) Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari baimena ematea Foru Aldundiko beste departamentu edo beste administrazio publiko batzuek fitxategietan duten informazioa eskatu ahal izateko, emandako datuak egiaztatze aldera, eta diru laguntza eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko behar beste kontsulta egiteko.

10. artikulua. Bateragarritasunak eta bateraezintasunak.

1. Harrerako pertsonarentzat, familia harrerako diru laguntza bateragarria da eguneko zentroko zerbitzua erabiltzearekin, etxeko laguntzako zerbitzuarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen dituen produktu lagungarrien onuradun izatearekin (laguntza teknikoak).

2. Hala ere, laguntza hori bateraezina da egoitza zerbitzuekin eta bestelako bizilekuekin (aldi bateko egonaldiekin izan ezik), baita zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoarekin ere (abenduaren 14ko 39/2006 Legea, mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala eta laguntza sustatzekoa).

3. Diru laguntza hori jasotzea bateraezina da helburu berdina duen beste edozeinekin, eta bereziki abenduaren 14ko 39/2006 Legeak arautzen dituen familia ingurunean zaintzeko eta zaintzaile ez profesionalei laguntzeko prestazio ekonomikoekin eta laguntza pertsonaleko prestazio ekonomikoekin.

11. artikulua. Laguntzak ordaintzea.

Diru laguntza familian hartutako pertsonari ordainduko zaio hilabetearen buruan haren kontu korrontean transferentzia eginez; lehenengo ordainketa egiteko sinatuta egon behar du harrera familiarekin egindako bizileku eta laguntza kontratua. Betiere, harreraren onuradunak ordainduko dio familia hartzaileari aurrez hitzartutako zenbatekoa, non eta berariaz baimena ematen ez dion Foru Aldundiari ordainketa hori zuzenean familia hartzaileari egiteko.

12. artikulua. Jarraipena.

1. Familia harrera eratu den udalerriko gizarte zerbitzuak izango dute harrerako baldintzen jarraipena eta kontrola egiteko ardura; inoiz intzidentziarik emanez gero, haien berri eman behar diote Gizarte Politikako Departamentuari, zeinak beharrezko laguntza teknikoa emango dien.

2. Udal zerbitzu horiek aldian behin txosten bat bidaliko diote Gizarte Politikako Departamentuari, gutxienez urtean behin, familia harrera bakoitzaren jarraipenaren ingurukoa. Halaber, ahalik eta azkarren edozein intzidentziaren berri emango du baldin eta eraginik badu Gipuzkoako Foru Aldundiak onuradunari ematen dion laguntzaren zenbatekoan.

3. Datuak faltsutzeak, ezkutatzeak eta diru laguntzak beste xede batera desbideratzeak eragingo dute laguntza galtzea eta, halakoren beharrik ikusiz gero, 14. artikuluan ezartzen den itzultze prozedurari ekitea.

13. artikulua. Harreraren etetea eta amaitzea.

1. Harrerak iraungi egingo dira ondorengo arrazoiren bat tarteko denean:

  • a) Etxean hartutakoa hiltzea.
  • b) Hitzartutako denbora amaitzea, baldin eta kontratuan halakorik zehazten bada.
  • c) Alderdietakoren batek bizileku eta laguntza kontratua bukatutzat ematea, aldez aurretik beste alderdiari eta kasuaz arduratzen diren udal gizarte zerbitzuei jakinarazita 2. atalean ezarritakoari jarraikiz.
  • d) Erreferentziazko hartzaileak gaitasun fisikoak, psikikoak edo baliagarritasuna galtzea edo 2. artikuluan ezartzen diren baldintzak bete ez eta familia harrera bideragarri ez izatea.
  • e) Familia elkarbizitzaren hondamenak harrera modu egokian garatzen eragoztea.
  • f) Foru dekretu honek edo aldeen arteko kontratuak ezartzen dituzten betekizunen bat ez betetzea.
  • g) Harrerako pertsona egoitza batean sartzea behin betiko izaerarekin.

2. Nolanahi ere, harrera bukatutzat emateko asmoa beste alderdiari eta harreraz arduratzen den udaleko gizarte zerbitzuari jakinarazi beharko zaio 60 eguneko aurrerapenez gutxienez, familian hartutako pertsona behar bezala zaintzea bermatzeko neurri egokiak hartu ahal izateko.

3. Harrera familiak eska dezake harrera bertan behera geratzea aldi baterako ezinbesteko kasuetan; hori behar bezala zuritu beharko da udaleko gizarte zerbitzuen aurrean, eta onuradunak jasotzen duen laguntzaren ordainketa, eta onuradunak familiari egiten diona ere bai, bertan behera geratzea eragingo du. Dena dela, behar adina neurri hartu beharko dira harrerako pertsona behar bezala zaindua izan dadin harrera bertan behera dagoen aldian.

14. artikulua. Baldintzak ez betetzea eta itzulketak.

Onuradunek ez badituzte betetzen oinarri hauetan eta aplikagarri diren arauetan ezarritako baldintzak, diru laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galduko dute, diru laguntza osorik edo zati bat itzuli beharko dute, eta dagozkion berandutza interesak ordaindu beharko dituzte, 2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Arauko 35. artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta jarduera horretatik erator litezkeen erantzukizunak bere gain hartu beharko dituzte, hala xedatzen baitute foru arau horretako 49. artikuluak eta hurrengoek.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2004ko azaroaren 16ko 89/04 Foru Dekretuaren babesean onuradun izaera aitortuta duten pertsonek halaxe izaten jarraituko dute foru dekretu hau indarrean sartzen denean ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak eta, bereziki, 2004ko azaroaren 16eko 89/2004 Foru Dekretua, adineko ezinduen eta pertsona ezgaituen harrera familien programa arautzen duena.

AMAIERAKO XEDAPENAK

AMAIERAKO LEHEN XEDAPENA

Ahalmena ematen zaio Gizarte Politikako Departamentuko foru diputatuari foru dekretu hau aplikatu eta betetzeko behar diren egintzak erabaki ditzan.

AMAIERAKO BIGARREN XEDAPENA

Diru laguntzak foru dekretu honen bidez arautuko dira; horrez gain, 2007ko martxoaren 27ko 3/07 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko diru laguntzak arautzen dituenak, eta 2008ko apirilaren 29ko 24/08 Foru Dekretuak, foru arau horren Erregelamendua onartzen duenak, xedatutako aplikatuko da.

AMAIERAKO HIRUGARREN XEDAPENA

Foru dekretu hau 2009ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

ERANSKINA
BIZILEKU ETA LAGUNTZA KONTRATUA

........................................, ..................................................

(Herria eta data)

ELKARTU DIRA

Alde batetik, ....................................................................... (izen-abizenak eta NA), adin nagusikoa, bere izenean / babespean duen honen izenean: ........................................(harrerako pertsonaren datuak) (ezabatu balio ez duena).

Beste aldetik, .................................................................... (izen-abizenak eta NA), adin nagusikoa.

Biek elkarri behar adinako gaitasuna aitortzen diotelarik, bizileku eta laguntza kontratu hau sinatzea erabaki dute, ondorengo klausulak zehaztuta.

KLAUSULAK

Lehena: ...........................................................................jaunak/andreak (familia hartzailea aurrerantzean) bere etxean (helbidea: ...............................................) hartzen du .....................................................jauna/andrea (aurrerantzean etxean hartutako pertsona) klausula hauetan zehazten diren baldintzetan.

Bigarrena: Familia hartzaileak familiako ohiko zaintza eskainiko dio etxean hartutako pertsonari, hala nola, arropa garbiketa, otordua, logelaren garbiketa eta laguntza pertsonal egokia.

......................................................................jaunak/andreak konpromisoa hartzen du ....................................................... jaunari/andreari bakarrik egin ezin dituen eginbeharretan laguntzeko, besteak beste, higiene pertsonalean, eta jateko, janzteko, mugitzeko eta oinarrizko beste zereginetan.

Harrerak berekin dakar etxean hartutako pertsona familia bizitzan erabat integratzea, eta, egoera fisikoak eta psikikoak ahalbidetzen badiote, etxeko lanetan parte hartzea.

Hirugarrena: Etxean hartutako pertsonak logela bat izango du beretzat bakarrik eta familiako kideekin partekatuko ditu etxebizitzako gainerako elementu komunak.

Laugarrena: Etxean hartutako pertsonak eta familia hartzaileak intimitaterako eskubidea daukate, baita bisitak hartu, irteerak egin eta abarrerako ere, elkarrekiko begirunea eta elkarbizitza errespetatuz.

Bosgarrena: ...................................................................jaunak/andreak hilean ................ euro ordainduko dizkio ......................................................................... jaunari/andreari.

Etxean hartutako pertsonak familia hartzaileari zenbat ordaindu behar dion Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarriko du.

Seigarrena: .......................................................................... jauna/andrea harrera etxetik kanpo egonez gero, bizilekua gorde egingo zaio gehienez ere bi hilabetez, hala eskatzen badu.

Erreserbako aldi horren lehen zazpi egunetan, hartutako pertsonak aurreko klausulan ezarritako zenbatekoa ordainduko dio familiari. Zortzigarren egunetik aurrera, zenbateko horren %30 ordainduko dio, adierazitako erreserba aldia bukatu arte.

Zazpigarrena: Hartutako pertsona ospitalera eramanez gero, han dagoen bitartean bosgarren klausulan zehaztutako zenbatekoa ordainduko zaio. Zenbateko osoa ordaintzeko arrazoia da ospitalera joateak familiari eragiten dizkion gastuak ordaintzea eta familiak hartutako pertsonari oinarrizko beharrak asetzea ospitalean dagoen bitartean; beraz, familia hartzaileak etxean hartutakoaren oinarrizko beharrei erantzuteko konpromisoa hartzen du hura ospitalean dagoen bitartean.

Zortzigarrena: Familia hartzaileak ezingo du etxean hartutakoaren ondasunetan, higigarri nahiz higiezinetan, esku hartu, ezta erabili edo administratu ere, non eta hark berariaz horretarako baimena ematen ez dion familiaz kanpoko beste batzuen aurrean sinatutako dokumentu idatzi baten bidez. Horrelakorik egiten badu, harreraren jarraipena egiteaz arduratzen diren udaleko gizarte zerbitzuei jakinarazi beharko die berehala.

Bederatzigarrena: Kontratu hau lege xedapen honen mende dago, bereziki: 2008ko .................ko ...../08 Foru Dekretua, mendekotasun egoeran daudenen familia harrerako programa eta hura garatzeko behar diren diru laguntzak arautzen dituena.

Hamargarrena: Familia hartzaileak etxeko arrisku orotako aseguru poliza bat kontratatuko du, erantzukizun zibila barne hartzen duena, etxean bizilekua edo laguntza eman izatetik etxean hartutako pertsonari letorkiokeen edozein kalte estaltzeko, baita pertsona horrek hirugarren bati eragin liezaizkiokeenak ere.

Hamaikagarrena: Kontratu honek ez du iraupen jakinik. Kontratua iraungitzeko arrazoiak aipatu den foru dekretuan ezarritakoak dira.

Eta kontratu honekin ados daudenez, hiru aletan eta ondorio bakarrarekin sinatzen dute goiburuan adierazitako lekuan eta egunean:

- Familia hartzaileko erreferentziako pertsona,

Sin.: ..........................................................

- Etxean hartutako pertsona,

Sin.: ..........................................................