2008ko irailaren 9ko 70/08 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluaren arautegia onartzekoa.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

2008ko irailaren 9ko 70/08 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluaren arautegia onartzekoa.

BOG 16 Iraila 2008

Giza ingurumenari buruz Nazio Batuek Stockholmen 1972an egin zuten gailurrean, mendebaldeko garapen ereduari egotzi zizkioten ingurumeneko inpaktu garrantzitsuenak. Eta gailur hartan baliabide ez berriztagarriei buruz egin ziren proposamenen eraginez, Lurraren Gailurra ospatu zen hogei urte geroago Rio de Janeiron. Izan ere, hogei urte geroago bazuten oinarri zientifiko nahikorik ingurumeneko inpaktuen arrazoiei buruz gogoeta egin eta erantzuteko eta jarduketa-lerro errealak eta eraginkorrak erabakitzeko. Nazioarteak Lurraren Gailurrean ekin zion beroketa globalaren inguruko erabakiak hartzeko prozesuari (Kiotoko 1997ko erabakiak), atzeman baitzuten negutegi efektuko gasen isurketa beroketaren eragile handienetakoa dela eta gas horiek ibilgailu motordunen errekuntzak sortzen dituela neurri handi batean. Horrela, pixkanaka krisian sartu zen bereziki ibilgailuan oinarritutako mugikortasunaren eredua, ibilgailuak erruz xurgatzen eta kaltetzen dituenez natura-baliabide ez berriztagarriak.

Hori dela eta, iraunkortasunaren kontzeptuak beste erreferentzia esparru bat lantzea eskatzen digu, beharturik baikaude garraioa eta mugikortasuna beste ikuspuntu batetik berraztertu eta positiboki diskriminatzera ingurune natural eta sozialari arazo gutxien sortzen dizkieten garraiobideak, hau da, bizikletaz eta oinez ibiltzea. Baina aldaketa hori egin dezagun, pedagogia aktiboko estrategiak landu behar ditugu eta herritarren nahiz erabakiguneak diren eragile guztien partaidetza bideak aktibatu behar ditugu. Ohiturak eta balioak baitira aldatu beharrekoak.

Testuinguru horretan, erabakiak hartzen direnean informazioa emateari eta herritarrek parte hartzeari buruz eta ingurumenaren alorrean justiziarako sarbidea izateari buruz Nazio Batuen Europarako Batzorde Ekonomikoak 1998ko urtean sinatu zuen hitzarmenaren arabera (Aarhus-eko hitzarmena), Europako Batasuneko estatu kideek behar besteko prozedurak ezarri behar dituzte herritarrek eskura ahal ditzaten ingurumenari buruzko informazio garrantzitsuenak, ingurumen gaietako erabakiak hartzeko prozesuetan parte ahal dezaten eta, eskubide horiek ukatzen zaizkienean, justiziara jotzeko aukera izan dezaten.

Zentzu horretan, ingurumenari eta garapenari buruzko Rio de Janeiroko adierazpeneko hamargarren printzipioaren arabera, ingurumeneko gaien kudeaketa alorrean herritar guztien partaidetza eskuratu behar da, eta partaidetza aktiboaren, egiazkoaren eta eraginkorraren aldeko planteamendu demokratikoak indartu behar dira, erabakiak legitimoak eta praktikan eraginkorrak izango direla bermatzeko. Izan ere, testuinguru horretan hartzen du dagokion garrantzia gizarte eragile guztien erantzukizun partekatu eta, aldi berean, berezituei buruzko printzipioak.

Printzipio horiek guztiak jasota daude bai gure lege antolamenduan eta baita Konstituzioaren aurreikuspenetan ere, ingurumenaren alorrean informazio izateko, parte hartzeko eta justiziarako sarbidea izateko eskubideak arautzen dituen 2006ko uztailaren 18ko 27/06 Legearen bidez. Beste aldetik, Autonomia Estatutuak bere 9.2 artikuluan xedatzen du euskal botere publikoek izan behar dutela Euskal Autonomia Erkidegoko bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean parte hartzea bermatzen dietenak herritar guztiei.

Azkenik, orain arte azaldutako guztiarekin bat etorriz, Gipuzkoako Bizikletaren Kontseilua aurreikusi zuen Gipuzkoako Lurralde Historikoko Bizikleta Bideei buruzko 2007ko urtarrilaren 24ko 1/07 Foru Arauak 82. artikuluan. Foru arau horren arabera, Kontseiluak bizikletaren eta bizikletako mugikortasunaren alorretan kontsulta eta aholkularitzako organo gorena behar du izan Lurralde Historikoan, benetako partaidetza-organoa izan behar du, bere eskumeneko gaietan eraginkortasuna erakutsi behar du eta, Kontseiluak berak egokien deritzon formula eragileen bidez, zabaltasunez jokatu eta Gipuzkoako gizartean dauden ikusmolde eta joera guztiak eraman behar ditu bere baitara. Dagokion lan esparruaren arabera, Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia landu, garatu eta ebaluatuko du Kontseiluak, hau da, bizikletaren eta bizikletako mugikortasunaren gaietan Gipuzkoako Lurralde Historikoari begira erabaki bide diren politika eta jardute-ildo guztiak landu, garatu eta ebaluatuko ditu. Horregatik bada, 2007ko urtarrilaren 24ko 1/07 Foru Arauan xedatutakoa betez, Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluaren arautegi organikoa eta funtzionala erabaki behar da.

Horiek horrela, Garapen Iraunkorreko Departamentuko foru diputatuaren proposamenez, gaurko bileran Diputatuen Kontseiluak aldez aurretik eztabaidatu eta onartu ondoren,

XEDATZEN DUT

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluaren arautegia onartzen da foru dekretu honetan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko bizikleta-bideei buruzko 2007ko urtarrilaren 24ko 1/07 Foru Arauko 82. artikuluarekin bat etorriz.

2. artikulua. Atxikipena.

Ondorio administratiboetarako, bizikleta bideei buruzko eskumenak dauzkan Foru Aldundiko departamentuari atxikitzen zaio Bizikletaren Kontseilua. Bizikletaren Kontseiluak bere jarduna burutu, bere helburuak bete eta funtzionamendu egokia izan dezan, departamentu horrek behar besteko baliabide tekniko eta administratibo eskuratu beharko ditu. Halaber, bere bileretarako tokia ere utzi beharko dio.

3. artikulua. Izaera juridikoa.

Bere ezaugarrien arabera, Gipuzkoako Bizikletaren Kontseilua kontsultak egiteko, aholkuak emateko, itunak egiteko eta parte hartzeko organoa da bizikletarekin eta bizikletako mugikortasunarekin lotura duten Gipuzkoako administrazioentzat, erakundeentzat eta gizarte nahiz enpresa eragileentzat.

Organo kolegiatua da Kontseilua, eta arautegi honek xedatzen duenaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak II. Tituluko II. Kapituluan ezarritakoaren arabera zuzenduko du bere burua.

4. artikulua. Kontseiluaren jardute esparrua.

Bere jardute esparruaren arabera, Bizikletaren Estrategia landu, garatu eta ebaluatzera mugatuko da Bizikletaren Kontseiluaren. Estrategia horren xedea, hain zuzen ere, Gipuzkoan bizikletaren erabilera eta bizikleta bideak sustatzeko jardute politikak eta ildoak definitzea da.

5. artikulua. Eginkizunak.

1. Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluaren eginkizun orokorrak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko bizikleta-bideei buruzko 2007ko urtarrilaren 24ko 1/07 Foru Arauko 82. artikuluan ezarritakoak dira.

2. Aurrekoez gain, Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluak beste eginkizun hauek izango ditu, dagokion jardute eremuaren barruan:

  • a) Proposamenak egitea bizikletako mugikortasunarekin zerikusirik duten arautegi aurreproiektuei, planei eta proiektuei buruz.
  • b) Bizikletako mugikortasunaren gaian txostenak egitea eta proposamenak lantzea bai bere ekimenez, eta baita foru erakundeek eta organoek nahiz beste administrazio publikoek Kontseiluaren Lehendakaritzari egindako eskariz ere.
  • c) Bizikletako mugikortasunari buruz Gipuzkoako Foru Aldundiak presta ditzakeen politikez, programez, proiektuez, azterketez, jardute ildoez eta irizpideez bere txostenak egitea. Horretarako bere partaidetza benetakoa izan dadin, informazio hori behar besteko aurrerapenarekin emango zaio Kontseiluari.
  • d) Lehendakaritzak proposatzen dizkion planei eta programei buruz aholkatzea, plan eta programa horiek bizikletako mugikortasunean izan dezaketen eragina kontuan hartuta.
  • e) Egoki deritzon neurriak proposatzea garapen iraunkorrari buruz, ingurumenari buruz, partaidetzari buruz eta bizikletako mugikortasunari buruz nazioartean eta Europan dauden erabakiak hobeto betetzeko, eta, orobat, egun dauden arautegiak eta programak berrikustea eta arautegi eta programa horiek eraginkorragoak izan daitezen hobekuntzak proposatzea.
  • f) Hezkuntzako neurriak proposatzea, bizikletaren erabilerari buruz eta bizikleta erabiltzeak dauzkan balioei buruz Gipuzkoako gizartea informatzeko, jakinaren gainean jartzeko, bideratzeko eta sentsibilizatzeko.
  • g) Bizikletako mugikortasunari buruzko azterketak proposatzea.
  • h) Herritarren partaidetza sustatzea, erantzukizun partekatuen printzipioa eraginkor bilakatzen laguntzea eta bizikletako mugikortasunaren gaian gizarte osoaren atxikimendua bilatzea.
  • i) Egoki deritzon gomendioak egitea bere eskumenen barruan.
  • j) Egoki deritzon eginkizunak eskuordetzea Kontseiluko lan batzordeei.

3. Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluak eginen dituen proposamenek gomendio indarra izango dute foru gobernuko organoentzat eta bizikletako mugikortasunaren gaiarekin zerikusirik dute beste administrazio publiko, erakunde eta elkarteentzat.

4. Bizikletaren Kontseiluari jakitera emango zaizkio, batetik, bizikleta bideei buruz nahiz bizikletaren erabilerari buruz departamentu eskudunak landu eta har ditzakeen araugintza, plangintza, burutzapen eta sustapeneko erabaki guztiak, eta, bestetik, gaiari buruz departamentu eskudun horrek presta ditzakeen politika, programa, proiektu, azterketa, jardute ildo eta irizpide guztiak. Ondorio horietarako, departamentu berak erabakiko du zer informazio den garrantzitsua eta nahitaezkoa Kontseiluaren funtzionamendu egokirako.

II KAPITULUA
GIPUZKOAKO BIZIKLETAREN KONTSEILUAREN OSAERA ETA ANTOLAMENDUA

6. artikulua. Osaera.

Hauek izango dira Bizikletaren Kontseilua osatuko dutenak:

  • 1. Lehendakaria: Foru Aldundian bizikleta bideen alorreko eskumenak dauzkan departamentuko foru diputatua izango da Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluko lehendakaria. Bere eginkizunak lehendakariordearen esku utzi ditzake.
  • 2. Lehendakariordea: Gaiaren eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra izango da, edo berak bere ordez izendatutakoa. Lehendakaria ez badago, gaixorik baldin badago, kargua hutsik baldin badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, lehendakariordea arituko da lehendakariaren ordez.
  • 3. Bokalak. Hasiera batean, bokal hauek izendatuko dira:
    • a) Bokal bat Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duen talde politiko bakoitzaren izenean.
    • b) Bokal bat errepide, garraio eta kirol gaietan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu bakoitzaren izenean.
    • c) Bokal bat garraio alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren izenean.
    • d) Bederatzi bokal Gipuzkoako eskualdeen izenean, garapen agentziek, mankomunitateek eta antzeko erakundeek izendatuak.
    • e) Bi bokal bizikletako mugikortasunaren gaian ibilbide aintzat hartua egin duten udalerrien izenean.
    • f) Bokal bat Donostiako Bizikleta Behatokiaren izenean.
    • g) Bi bokal ordezkaritza gehien eta beren jardunaren barruan bizikletako mugikortasuna sartzen duten sindikatuen izenean.
    • h) Bokal bat Euskal Herriko Unibertsitateko Batubide proiektuaren izenean.
    • i) Hiru bokal bizikletako hiri mugikortasunarekin lotura duten irabazi asmorik gabeko elkarteen izenean.
    • j) Bokal bat oinezkoen mugikortasunarekin lotura duten irabazi asmorik gabeko elkarteen izenean.
    • k) Bokal bat mugikortasun murriztuko pertsonen ordezkari diren elkarteen izenean.
    • l) Bokal bat ekologiarekin eta ingurumena zaintzearekin lotura duten irabazi asmorik gabeko elkarteen izenean.
  • 4. Idazkaria: Bizikleta bideen alorreko zerbitzu teknikoen arduraduna izango da, edo lehendakariak izendatutako area bereko beste teknikariren bat.
  • 5. Bizikletako mugikortasuneko arean plangintzako, kudeaketako edo sustapeneko ardurak dituzten teknikariak ere Kontseiluko kideak izango dira, hitzarekin baina botorik gabe.

7. artikulua. Izendapenak eta kargugabetzeak.

1. Bizikleta bideen gaian eskumena duen foru departamentuak izendatuko ditu Kontseiluko bokal titularrak, jarraian ematen diren arauen arabera:

  • a) Ordezkari politikoak: Dagozkien taldeek proposatuak.
  • b) Administrazioaren ordezkariak: Dagozkien departamentuek edo zuzendaritzek proposatuak.
  • c) Udalerrien ordezkariak: Udalerrien Euskal Federazioak (EUDEL) proposatuak.
  • d) Donostiako Bizikleta Behatokiaren ordezkaria: Donostiako Udalak proposatua.
  • e) Eskualdeen ordezkariak: Izendatutako eskualde erakundeek proposatuak.
  • f) Erakundeen, elkarteen eta gainerako entitateen ordezkariak: Beraiek proposatuak.
  • g) Ordezkaritza pertsonalak Lehendakaritzaren eta Batzarraren erabakimenera jarriko dira, organo horietan erabakiko baita proposamena onartu edo ez onartzea.
  • h) Adituak organo eskumendunak izendatuko ditu zuzenean, nahiz eta izaera bereko beste pertsona batzuk ere onartuak izan daitezkeen Kontseiluko Batzarraren proposamenez.

2. Bokalak kargugabetuak izan daitezke arrazoi hauengatik:

  • a) Bokalak espresuki bere karguari uko egin diolako.
  • b) Bere eginkizunak betetzeko bokala ezgaiturik dagoelako.
  • c) Bokal beren karguaren arrazoibidez denak, dagokion kargua galdu duelako.
  • d) Bokalak ordezkatzen duen erakundeak kargugabetzea proposatu duelako.

3. Izendapenak egiteko erabili den prozeduraren arabera beteko dira bokal-postu hutsak ere.

8. artikulua. Bokal kopurua gehitzea.

1. Kontseiluko bokalen kopurua gehitu ahal da, baldin eta Bizikletaren Estrategiaren garapenarentzat kopurua gehitzea beharrezkoa baldin bada edo Kontseiluak berak gehitzea erabakitzen badu.

2. Kontseiluko kide izateko, irizpide hauetatik bateren bat betetzen den hartuko da kontuan:

  • a) Bere dedikazioa, inplikazioa edo jarduera dela eta, bizikletako mugikortasunarekin lotura zuzena duela frogatu duen pertsona fisikoa edo juridikoa izatea.
  • b) Bizikletaren ingurumarian esperientzia aitortua duen pertsona fisikoa edo juridikoa izatea.
  • c) Bizikletako mugikortasunaren gaian interes berezia erakutsi duen pertsona fisikoa edo juridikoa izatea.

3. Proposamen berriak lehendakariari igorriko zaizkio, eta hark erabaki du bokal berrien izendapena onartu edo ez onartu.

9. artikulua. Ordainsariak.

Bizikletaren Kontseiluko kide izateak ez du kide-lanengatik ordainsaririk jasotzeko eskubiderik sortzen.

III KAPITULUA
KONTSEILUA OSATZEN DUTEN ORGANOEN ETA PERTSONEN EGINKIZUNAK, ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

10. artikulua. Organoak.

Hauek dira Kontseiluko organoak:

  • - Lehendakaritza.
  • - Batzarra.

11. artikulua. Lehendakaritzaren eginkizunak.

Kontseiluko lehendakariaren eginkizunak dira:

  • a) Kontseilua ordezkatzea.
  • b) Bilerara deitzea eta bilerako gai zerrenda erabakitzea.
  • c) Bilerak zuzentzea, eztabaidak moderatzea, deliberazioak bideratzea eta bilerak etetea, horretarako arrazoi nahikoa dagoenean.
  • d) Kontseiluaren helburuak betetzen direla zaintzea.
  • e) Batzarrean hartutako erabakiak beteko direla bermatzea.
  • f) Bere eskumen esparruari dagozkion legeria eta iraunkortasunaren printzipioak betetzen direla zaintzea.
  • g) Kontseiluko kide guztien informazio eta partaidetza eskubideak bermatzea.
  • h) Kontseiluaren Batzarrak onartutako erabakiak, gomendioak, eskaerak eta jarduketak igortzea bizikleta bideen gaineko eskumenak dituen organoari eta, bereziki, bizikleta bideen alorreko zerbitzu teknikoen arduradunari.
  • i) Bermatzea Kontseiluaren batzar guztietan parte hartuko duela, bere kabuz edo bere eginkizunak lehendakariordeari eskuordetuz.
  • j) Kalitateko botoa bereganatzea, eta berdinketa kasuetan boto horretaz baliatuz erabakitzea.
  • k) Egoki deritzon kanpoko laguntza teknikoa eskatzea.

12. artikulua. Kontseiluaren Batzarraren eginkizunak.

Batzarra da Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluaren organo erabakitzaile gorena eta, horregatik bada, eginkizun hauek izango ditu:

  • a) Kontseiluaren lan programa ezartzea eta lehentasunez zer landu erabakitzea.
  • b) Bizikleta bideen gaian eskumena duen foru departamentuarekiko informazioa arina izango dela bermatzea eta foru organo horri aholkatzea bere eskumenen barruan.
  • c) Ezagutzea eta aztertzea bere eginkizunekin zerikusia duten dokumentuak, txostenak, azterketak, irizpideak eta jarduketa ildoak.
  • d) Bere eginkizunak betetzeko egoki deritzon informazioa eskatzea.
  • e) Informazio ahalik eta onena jasotzeko, adituei eta izen handiko pertsonei eskatzea parte har dezaten bai Batzarrean bai lan batzordeetan.
  • f) Azaltzen dizkioten gai guztiei buruz bere iritzia ematea.
  • g) Gai bereziak aztertu behar direnean, lan edo informazio batzordeak sortzea, batzorde horien osaera egoki deritzon bezala erabakiz eta bere eskumenen esparrutik atera gabe, eta, orobat, aukera ematea batzorde horietan sar daitezen beren ibilbide bereziarengatik eta aztertu beharreko gaiekin duten loturarengatik lanaren kalitatea areagotzen lagundu dezaketen taldeak, elkarteak eta pertsonak.

13. artikulua. Idazkariaren eginkizunak.

1. Lehendakariaren zuzendaritzapean, idazkariak eginkizun hauek izango ditu:

  • a) Kontseilua aholkatzea eta laguntzea.
  • b) Batzartzeko deiak egitea, eta deiarekin batera gaien zerrenda eta behar den dokumentazio guztia ematea.
  • c) Batzarraren bileretan parte hartzea, bilera bakoitzaren akta idatzi eta erregistratzea eta harturiko erabakien fede ematea.
  • d) Idazkari izateak berez dakarzkion gainerako eginkizun guztiak.

2. Idazkariak hitza izango du, bana ez botorik.

14. artikulua. Kontseiluko kideen eskubideak eta betebeharak.

1. Kontseiluko kideen eskubideak dira:

  • a) Kontseiluko Batzarrak harturiko erabakietatik ondorioztatzen diren jarduketei buruzko informazioa eskuratzea.
  • b) Aktak eta Kontseiluak sortu edo eskatutako dokumentazioa eskuratzea.
  • c) Kontseiluaren bileretan parte hartzea, hitza eta botoa izanik.
  • d) Foru erakundeko departamentuek eta beste administrazioek daukaten informazioa eskatzea Kontseiluaren bidez, baldin eta informazio hori beharrezkoa bada txostenak eta proposamenak egiteko.
  • e) Kontseiluaren ekimenak eta interesak aurkeztu, proposatu eta defendatzea.
  • f) Gai zerrendan sartu behar direla deritzon gaiak proposatzea.
  • g) Bi hizkuntza ofizialez baliatzea, bai idatziz bai hitzez.

2. Kontseiluko kideen betebeharrak dira:

  • b) Arautegi honetako xedapen guztiak betetzea.
  • c) Kontseiluak bultzatutako jardueretan parte hartu eta laguntzea, eta Kontseiluak harturiko konpromisoak bere egitea.
  • d) Kontseilua ordezkatzea, Kontseiluak berak berariaz ordezkari izendatzen badu, eta ez ordezkatzea, Kontseiluak ez badu ordezkari izendatu.
  • e) Kontseiluaren funtzionamendu egokirako garrantzitsua izan daitekeen edozein aldaketa jakinaraztea bizikleta bideen alorreko organo eskumendunari eta alor horretako zerbitzu teknikoei.
  • f) Kontseiluaren irudia eta lana indartu, bultzatu eta sustatzea Gipuzkoako gizartean.

IV KAPITULUA
FUNTZIONAMENDU ARAUAK

15. artikulua. Quoruma.

Kontseilua eratutzat joko da, lehendakaria eta idazkaria (edo dagozkien ordezkoak) eta bokalen erdiak gehi bat bertaratzen direnean.

16. artikulua. Bilerak.

1. Bizikletaren Kontseiluak gutxienez bi bilera arrunt egingo ditu urtean, lehendakariak erabakitako egunetan. Bilera horiez gain, bere eginkizunak egoki betetzeko behar besteko bilera egin ditzake.

2. Bilera arrunta egiteko deia, bilera eguna baino lau egun lehenago bidaliko zaie kideei, eta 48 ordu lehenago, berriz, aparteko bilera egiteko deia.

17. artikulua. Barne arauak.

Arautegi honetako xedapenen aurka jo gabe, Kontseiluaren Batzarrak ahalko du bere funtzionamendu arauak erabaki, bere lan eta informazio batzordeak eratu eta batzorde horien funtzionamendu arauak ezarri.

18. artikulua. Lan batzordeak.

1. Aurreko artikuluan xedatutakoa betez, Kontseiluak bere lan batzordeak eratu ditzake, Batzarrak hori egitea erabakitzen badu, ezarrita dauden helburuak lortzen lagundu dezaketen gai jakinak lantzeko. Batzordeek egiten duten lanaren berri izango du une oro Kontseiluaren Batzarrak.

2. Batzordeek zer funtzionamendu eta zer osaera izango duten Kontseiluaren Batzarrak erabakiko du.

3. Lan batzordeek, informazio beharra asetzeko, laguntza eska diezaiekete kasuan kasuko gaiaren inguruan ibilbide eta lotura berezia erakutsi duten eta eginbeharraren kalitatea hobetzen lagundu dezaketen taldeei, elkarteei eta pertsonei.

19. artikulua. Informazio batzordeak.

Informazio batzordeak ere eratu ditzake Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluak, Kontseilukoak ez diren administrazio publiko, erakunde eta taldeekin Kontseiluaren eskumeneko gaiei buruz aritzeko. Horretarako, lehendakariari eskaera egin behar zaio astebete lehenago, eskatutakoa gai zerrendan sartzea haren erabakia baita.

20. artikulua. Botazioa.

1. Erabakiak, bileran dauden kideen gehiengo soilaz hartuko dira.

2. Botazioaren emaitza berdinketa denean, bigarren botazioa egingo da, eta bigarren botazioan berdinketak jarraitzen badu, lehendakariaren kalitateko botoak erabakiko du.

3. Botazio arrunta egingo da beti, Kontseiluaren Batzarrak gaiaren berezitasunarengatik edo testuinguruarengatik isilpekoa edo izenduna izatea erabakitzen duenean izan ezik.

4. Botoa ezin da ez besterendu ez eskuordetu, eta aldeko botoa, kontrakoa eta abstentzioa dira bilerakoek dauzkaten boto aukerak.

5. Boto kontaketa egin eta emaitza jakinarazteaz arduratuko da idazkaria, eta botazioaren emaitza aldarrikatzeaz, berriz, lehendakaria.

Amaierako xedapena

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.