Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 FORU ARAUA.

Iraupen bertsioak

Gorde / Erakutsi iruzkinak    Imprimatu

Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 FORU ARAUA.

BOG 26 Urria 2006

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 Foru Araua», eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

GIPUZKOAKO MENDIEN FORU ARAUA

HITZAURREA

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak, 1979ko abenduaren 18ko 3/79 Lege Organikoak onartutakoak, 10.8 artikuluan xedatutakoaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du, besteak beste, mendi, baso ustiapen eta zerbitzu, abelbide eta larre gaietan; nolanahi ere, Estatuaren esku gelditzen da Konstituzioaren 149.1. 23. artikuluak ezartzen duen mendi, baso ustiapen eta abelbideei buruzko oinarrizko legedia.

Halaber, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 37.3 d) artikuluak lurralde historikoetako foru organoei eskumen osoa aitortzen eta esleitzen die, dagokien lurralde esparruaren barruan, probintzia eta udaletako ondasunen erregimenaren alorrean, ondasun horiek herri jabarikoak nahiz ondarezkoak, edo propioak, eta komunalak izan.

Aurrerago, 1983ko azaroren 25eko 27/83 Legeak, Autonomi Elkarte Osoko Erakundeen eta Herrialde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanei buruzkoak, 7a)7 eta 9 artikuluetan lurralde historikoetako foru organoei eskumen osoa aitortzen die, bakoitzak bere lege erregimenaren barruan gauzatuko duena, ondorengo alorretan: Probintzia eta udaletako ondasunen erregimenaren alorrean, ondasun horiek herri jabarikoak nahiz ondarezkoak, edo propioak, eta komunalak izan, baita mendi, baso ustiapen eta zerbitzu, abelbide eta larre alorretan eta basozaintza eta nekazaritza eta baso lurrak zaindu eta hobetzekoetan ere.

Gaur egungo eskumen banaketaren aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1937. urtera bitartean bere gain zituen mendien administrazio, plangintza eta ekonomia alorreko eskuduntzak eta araugintzarako ahalmen propioa zuelarik gauzatzen zituen lege eta ordenantza orokorrekiko kontraesanik sortu gabe.

Erregimen Zaharrean zehar Batzar Nagusiek onartutako hainbat ordenantzen bitartez Gipuzkoan bultzatu zen baso sustapena, 1876tik aurrera, Diputazioaren eskuetara pasako da eta honek 1901ean Basozaintza Zerbitzuaren oinarriak sortuko ditu, gero 1905etik aurrera sendotuko dena desamortizaziotik kanpo gelditutako mendi publikoen gaineko eginkizunak bere gain hartzeko.

Handik aurrera Zerbitzuaren ahaleginak izango dira dauden zuhaiztiak zaindu eta hobetzea eta basoberritze lanak bultzatzea, batez ere ibai arroen sorburuetan, baita egur ustiapena antolatzea eta mendia bezalako ondasun baten inguruan biltzen diren era askotako beharrak bateragarri egitea ere. Behar horiek, nagusiki, nekazaritza, abeltzaintza eta industria garapenaren, eta hiriko jendearen atseden eta aisialdi premiaren ondorio dira.

Araugintzaren alorrean, Gipuzkoako Diputazioak onartu eta separata modura argitaratuko ditu 1923ko «Herri Mendien Ordenantzak», 71 artikulu zituena, eta 1927ko «Mendien Ordenantzak», orokorragoak eta osatuagoak, 135 artikulurekin.

Ordenantza horiek indarrean egon ziren 1937ra arte, orduan Estatuko Gobernuaren lege-dekretu bidez erabaki baitzen Bizkaia eta Gipuzkoako diputazioekin hitzartutako erregimena indarrik gabe uztea eta haien esku zeuden basogintza zerbitzuak Estatuari eskualdatzea.

Gai horien inguruko foru erregimenaren eguneratzea Gipuzkoako Mendiei buruzko 1994ko uztailaren 8ko 6/94 Foru Arauaren bidez egin zen. Foru arau horretan Gipuzkoako Foru Aldundiari esleitzen zaio mendien plangintza eta kudeaketa iraunkorra egiteko eskumena, herri erakunde eta partikularrekin lankidetzan, betiere ingurumen, ekonomia eta gizarte alorrak kontuan hartuta, Helsinkin (Finlandia), 1993an, egindako Europako Basoen Babeserako Ministroen Biltzarraren H1 Ebazpenean zehaztu zen moduan. Hala, ebazpen horren ondorioetarako, baso kudeaketa iraunkorra izango da: Basoen eta baso lurren administrazio eta erabilera moduak eta intentsitateak aukera ematea mendiek beren biodibertsitateari, produktibitateari, birsortzeko gaitasunari, bizitasunari eta gaur egun eta etorkizunean maila lokal, nazional nahiz globalean funtsezko zeregin ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak betetzeko duten ahalmenari eusteko, beste ekosistema batzuei kalterik eragin gabe.

Hamabi urte igaro dira orain indarrean dagoen foru araua onartu zenetik, bestalde, lurraldearen antolaketan, naturaren zaintzan eta landa garapenean eragina duten xedapen ugari onartu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, besteak beste, akordio eta arteztarau paneuroparretan eta Europar Batasunaren baso estrategiako ebazpen, hitzarmen eta protokoloetan emandako gomendioak; horrez gain, Estatuak 2003ko azaroaren 21eko 43/03 Legea, Mendiena, onartu zuen; horrenbestez, horiek guztiak kontuan hartua, beharrezkoa ikusten da Gipuzkoako Lurralde Historikoko mendien foru arau berri bat egitea.

Lurralde historikoko foru organoei mendien gaineko eskumen osoa eskualdatu zitzaienetik, hogei urte hauetan Gipuzkoako mendien bilakaera oso positiboa izan da Foru Aldundiak egindako sustapen lanari esker. Hori lortzeko teknikari eta basozainen kopurua nabarmen handitu zuen, baita aurrekontu xedapena ere mendi publiko nahiz partikularretan areagotzen ari ziren inbertsio eta mantentze premiei aurre egiteko.

Horri guztiari esker lortu da zuhaizti azalerari eustea, zertxobait areagotuz, lurralde osoaren %62 hartzeraino heldu delarik, Estatuko handiena eta, alderdi kualitatiboari dagokionez, espezieen aniztasuna areagotzea eta gure mendietan duten banaketa orekatzea lortu da, horrela bada, 1986ko baso inbentarioan hostozabal espezieek 34.000 hektarea hartzen zituzten, 2005eko inbentarioan berriz, 54.000 hektarea.

Gaur egun, etekin ekonomiko handia ematen ari diren koniferoen 70.000 hektarea daude, gehienak mendi pribatuetan, kontuan izanda mendi partikularretan biltzen dela lurraldeko zuhaiztien %80.

Foru arau hau idazterakoan, aurrekoaren egiturari eustea erabaki da, beharrezkoak diren egokitzapenak eginda, horrela baso kudeaketa iraunkor aurreratuenaren oinarrian dauden printzipioak eta gomendioak jaso eta indartu baitaitezke, hala nola: Mendien zeregin soziala eta ekologikoa, eskaintzen dituzten ondasun eta zerbitzuen funtzionaltasun anitza, baso plangintza lurralde antolaketaren barruan sartzea, baso ustiapenen eta landa garapenaren sustapena, basoko biodibertsitatea zaintzea eta basogintzako baliabideen antolaketa eta kudeaketan eta baso ingurunearen gaineko erabakietan interesatutako gizarte eragile, udal eta partikularren partaidetza bideratzea.

Foru Arauak 134 artikulu ditu zazpi titulutan banatuta, horrez gain bost xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta amaierako bi xedapen ditu.

I. tituluan zehazten dira arauaren xedea, aplikazio eremua, eskumenen banaketa, mendiaren lege kontzeptua, mendien funtzio soziala eta ekologikoa titularitate edozein izanik ere, Basozaintza Zerbitzuaren eginkizuna eta espediente administratiboak tramitatzeko mendiaren titular izango direnak.

II. titulua mendi publiko nahiz pribatuen sailkapen eta araubideari buruzkoa da. Bertan biltzen dira mendiak herri onurakotzat jotzea eta Katalogoan sartzea eragiten duten sailkapen eta ezaugarriei buruzko kapituluak eta katalogoko mendien araubidea, basokoa ez den beste herri jabariko izaera eman diezaiokeen espediente batean sartuta dauden katalogoko mendien kasuan jarraitu beharreko prozedura eta ondareko mendien ezaugarri juridikoak lantzen dituztenak. Era berean, II. titulu horretan arautzen da mendi publikoen edukitza berreskuratzea eta mugaketa egitea, katalogoko mendien zortasunak, okupazioak eta erabilerak, mendi pribatuen erregimena, mendi babesgarrien deklarazioa eta kudeaketa eta Foru Aldundiak edo herri erakundeek lehentasunez eskuratzeko duten eskubidea.

III. titulua basoen kudeaketa iraunkorrari buruzkoa da eta baso ziurtapeneko sistemak garatzea bultzatzen du, lurraldeko basogintzako baliabideen antolamendu eta kudeaketa egokirako beharrezkoak diren plangintza agiriak adierazten ditu, eta mendi publiko nahiz partikularretako baso ustiapenen, auzolarreen ustiapenen, mendien aisialdiko erabileraren eta naturagune babestuetako mendien erregimena ezartzen du. Era berean, ehuneko hogeian finkatzen da katalogoko mendien erakunde titularrek, era guztietako ustiapenak besterendu ondoren, Hobekuntza Fondorako jarri beharko duten zenbatekoa.

Mendien artapena eta defentsari buruzko IV. tituluan mendien erabilera aldaketa arautzen da, baldintza murriztaileak ezarrita, azpiegiturek eragindako mendiak lehengoratzeko eta hobetzeko, ur-basoen defentsarako eta basoko izurrite eta gaitzen aurrean babesteko neurriak aurreikusten dira. Titulu honetan jasotzen da hirigintzako kalifikazioek mendietan duten eragina eta mendiei eragin diezaiokeen edozein hirigintza agiri behin-behineko onartu aurretik Baso Administrazioari kontsulta egiteko obligazioa. Era berean, arreta berezia jartzen du basoko suteen prebentzioan eta defentsan, horretarako arrisku guneak izendatzeko aukera ezartzen du, eta nekazaritza eta basogintza xedeko erreketak egiteko baimenak, txagozaleek sua egitea eta suteak itzaltzeko lanetako jarraibideak arautzen ditu. Erretako lur sailen baso izaerari eutsi eta basoberritzeko, titulu honetan berariaz debekatzen da mendiak edo baso sailak birkalifikatzeko edozein erabaki hartzea sutea gertatu eta 30 urteko epean, gutxienez.

Basoberritze eta hobekuntzei buruzko V. tituluak mendi partikularretan landaketak edo basoberritze lanak egiten hasi aurretik baimena eskatu behar dela ezartzen du, lan horiek egiteko basoen eta finka mugakideen arteko gutxieneko tarteei eta makineriaren erabilerari buruz kontuan hartu behar diren kautelazko neurriak zehaztuz. Halaber, titulu honetan arautzen dira herri onurako katalogoko mendietako basoberritze eta hobekuntza lanak, Baso Administrazioaren nahiz entitate titularren kontura egindakoak. Hemen ere aipatzen dira udaletako ondareko mendien eta partikularrenak diren mendi pribatuen zeregin ekonomikoak, ekologikoak eta sozialak mantendu eta garatzen lagunduko duten inbertsioak, azterketak eta proiektuak sustatzeko bideak. Laguntza horien bidez, gainera, landa eremuko ekonomia eta soziologia eta baso jabetza orekatu nahi dira, inbertsio gastu handiak eta gero eta murrizpen handiagoak baitituzte mendien ingurumen eta gizarte eginkizuna dela eta.

VI. titulua baso plangintzari buruzkoa da eta baso baliabideen antolaketa planak arautzen ditu, lurralde antolaketaren barruan txertatzen diren eskualde mailako baso plangintzako agiri direlarik; horrela, baso plangintza eta kudeaketa lurralde antolaketaren arlo erabakigarriarekin lotzen da. Basoko antolaketa proiektuak, nagusiki jabetza publikokoa den mendi bateko edo mendi multzo bateko kudeaketaren plangintza egiteko funtsezko oinarri dira. Ondareko mendietan eta mendi pribatuetan nahitaezkoak dira baso kudeaketa iraunkorreko plan teknikoak partzela bakarrean hogei hektareatik gorako azalera duten mendietan edozein jarduera egiteko eta, betiere baso ziurtapena eskuratu nahi duten mendien kasuan.

VII. tituluak, zigor arauei buruzkoak, mendietan gerta daitezkeen urraketak tipifikatzen ditu, eragin mailaren arabera sailkatuz, erantzukizun motak eta mendia lehengoratzeko betebeharra zehaztuz; era berean, zigorrak kuantifikatzen ditu, zigorra aldatzen duten inguruabarrak azaltzen ditu eta zigor prozedura zehazten du.

I TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru Arauaren xedea da Gipuzkoako mendiak hobetu eta zaintzea beren dibertsitatea eta ekoizpena bermatuz, eta horretarako nahitaezkoa da:

  • 1. Erabilerak antolatzea, mendiaren ustiapen iraunkorra bultzatzea eta ingurumenari dagozkion alderdiak ekonomia, gizarte eta kultura alorreko jarduerekin bateratzea.
  • 2. Oreka mantentzea mendiaren eginkizun ekonomikoaren eta, izadiaren ondarea, giroa, ur hezetasunak, airearen garbitasuna, lurzoruaren egonkortasuna eta emankortasuna, paisaia, nekazaritza egitura eta gainerako azpiegiturak zaintzeko duen herri eginkizunaren artean, bai eta herritarren astialdirako gune izateko duen eginkizunarekin ere.
  • 3. Basogintzako ekonomia, enplegua eta landa ingurunearen garapena sustatzea eta baso jabeei foru arau honetan zehaztutako eginbeharrak bete ditzaten laguntza ematea, interes orokor eta partikularrak modu orekatuan uztartuz.
  • 4. Baso jabetza publikoa sustatzea, sendotzea eta areagotzea.
  • 5. Mendiei buruzko usadiozko eta ohiturazko arauak zuzenbidearen antolamendura egokitzea, haien arabera jarduten duten erakundeak, ustiaketak eta ohiturak eguneratu ahal izateko.
  • 6. Mendia begirune handiagoz erabili eta ustiatu dadin jabearazteko eta informatzeko lanak bultzatzea beste herri administrazio batzuekin nahiz gizarte agenteekin batera, behar diren jarrerak aldatzea posible egiteko bai mendiak ematen dituen ondasun eta zerbitzuen erabiltzaile eta kontsumitzaileengan bai eta izadiaren baliabideetaz baliatzen diren komunitate, enpresa eta profesionalengan ere.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru arau hau Gipuzkoan dauden mendi guztietan bete behar da.

3. artikulua. Lurralde Historikoaren eskumenak.

1. Lurralde Historikoak eskumen osoa duenez mendi gaietan, Estatuko oinarrizko legediak autonomia erkidegoei egiten dizkien erreferentziak, Gipuzkoako Lurralde Historikoan bertako foru erakundeei egindakotzat hartuko dira.

Horrenbestez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ahalmena izango da Lurralde Historikoaren araudia garatu eta betearaztea ondorengo gaietan: Baso politika eta plangintza, mendien artapena, zaintza eta babesa, basoberritze lanak, ustiapenak, baso zerbitzuak, larreak, abelbideak eta basoko eraikuntzak eta azpiegiturak; basozaintzaren erregulazioa eta kudeaketa, nekazaritza eta basogintzako lurren zaintza eta hobekuntza, baita herri erabilerako mendien eta probintziako nahiz udal mailako gainerako herri jabariko mendien eta mendi pribatuen erregimena eta kudeaketa, eta zigor ahalmena.

2. Betearazte ahalmen hori gauzatzeko, aurreko puntuan zehaztutako gaietan eskumenak dituzten Foru Aldundiko organoek osatuko dute Gipuzkoako Baso Administrazioa.

3.bis artikulua. Gipuzkoako Baso Kontseilua.

1. Gipuzkoako Baso Kontseilua sortzen da, basoen gaineko gaien aholkularitzarako eta kontsultarako organoa izango dena. Kontseiluan, Foru Aldundiko ordezkariekin batera, Gipuzkoako udalek, nekazaritza erakundeek, basoen jabeen ordezkaritzek eta basoen alorrean kualifikazio onartua duten pertsonek osatuko dute. Foru dekretu baten bidez erabakiko da Kontseiluaren osaera eta jarduteko araubidea.

2. Gipuzkoako Baso Kontseiluaren egitekoak hauek izango dira:

  • a) Foru Arau honetako VI. tituluan basoen plangintza egiteko aurreikusi diren tresnak nola ari diren garatzen eta betetzen jakitea, eta horiei buruzko aholkuak eman eta txostena egitea.
  • b) Kontseiluaren iritzipean uzten diren basoen alorreko gaiei buruzko txostenak egitea.
  • c) Foru Arau hau garatzeko erabakitzen diren guztiak.
Ikusi, 2012ko ekainaren 26ko 33/2012 Foru Dekretua [GIPUZKOA], Gipuzkoako Baso Kontseiluarena («G.A.O.» uztailak 4).

4. artikulua. Mendi kontzeptua.

1. Foru arau honen ondorioetarako, mendia da zuhaitz, sastraka edo belar landareak hazten diren lur oro, baldin eta nekazaritza landaketaren ezaugarri edo horren gai ez badira eta hirietako espazio edo parkeetan eta lorategietan ez badaude.

2. Era berean, Foru Arauaren ondorioetarako menditzat joko dira mozketak eta entresakak egindako lursailak eta otalurrak, mendiko zerbitzuetarako eraikuntzak eta azpiegiturak, banaketa edo segurtasun zerrendak, basoko soilguneak, larre eta basoartzantzako lur sailak, egur pilaketarako lurrak, mendiko mintegiak, mendiarekin lotutako aparkalekuak eta aisialdiko instalazioak, baita ibai, urtegi, ubide eta zingira ertz eta ibarretako zuhaitz, sastraka edo belar espezieak hazten diren lurrak ere.

3. Halaber, mendi izendapenaren barruan sartzen dira, aurreko bi puntuetan zehaztutako baldintzak ez bete arren birlandatu edo basotuak izateko hautatu diren edo hautatuko diren nekazaritza lurrak, beti ere Batasuneko Nekazaritza Politikaren erreformaren ondorioz ezarriko diren neurriak aplikatuz, edota indarrean dagoen legediaren arabera emango den beste edozein ebazpen administratibo betez eta xedapen horietan zehaztuko den denboraz, inola ere landatutako espezie edo espezieen basoaldia baino laburragoa izango ez dena.

5. artikulua. Mendien zeregin soziala eta ekologikoa.

1. Mendiek, titularitatea edozein izanik ere, baliabide naturalen iturri izateaz gain, badute zeregin sozial eta ekologikoa ere, besteak beste: Ondare naturala, klima, ur baliabideak, aire garbitasuna, karbono maila, lurzoruaren egonkortasun eta lurraren emankortasuna zaintzea, paisaiari, nekazaritza egitura eta azpiegiturei bere horretan eustea, eta herritarren aisialdi funtzioa betetzea.

2. Baso Administrazioari dagokio mendien erabilera eta ustiaketa antolatzea, sustatzea, eta zaintzea, lehengai berriztagarrien sorburu izaki, mendien funtsa genetikoaren eta biodibertsitatearen zaintza bermatuz garapen iraunkorreko irizpideak erabilita eta betetzen duten zeregin soziala eta ekologikoa errespetatuta.

6. artikulua. Basozaintza eta jagoletza.

1. Baso Administrazioari dagokio lurralde historikoko mendietan foru arau honek ezarritako guztia behar bezala betetzen dela zaintzea eta kontrolatzea.

2. Hala, bere zeregina betetzeko behar beste eskurantza izango dituen Basozaintza Zerbitzua izango du. Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainak, beren zereginak betetzen ari direnean, agintaritzaren agentetzat hartuko dira ondorio guztietarako.

3. Basozaintzak bere zereginak betetzen ari dela egindako ikuskatzailetza eta salaketa aktak, dokumentu publikoak izaki, egiazkotzat joko dira bertan jasotako egintzei dagokienez, interesdunek beren eskubide eta interesen defentsan aurkez ditzaketen probak baztertu gabe.

7. artikulua. Mendiaren titularra.

Foru arau honen ondorioetarako, mendiaren titular izango da, izaera juridikoa kontuan hartuta, jabetza, administrazio, errentamendu edo usufruktu titulua duena, eta oro har, erabaki eskubidea duena. Titularitatearen itxura juridikoa aurkezten dutenak edo edukitza dutenak titulartzat hartuko ditu Baso Administrazioak espediente administratiboak tramitatzerakoan.

II TITULUA
MENDIEN SAILKAPENA ETA ARAUBIDEA

I KAPITULUA
MENDIEN SAILKAPENA

8. artikulua. Mendi publikoak eta mendi pribatuak.

1. Titularitatearen arabera mendiak publikoak edo pribatuak izan daitezke.

2. Mendi publikoak dira Estatu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio, Gipuzkoako Lurralde Historiko, tokiko erakunde eta zuzenbide publikoko beste entitateren batenak direnak.

3. Mendi pribatuak dira zuzenbide pribatuko pertsona fisiko edo juridikoenak direnak, banaka nahiz jabekidetzan izanik ere.

9. artikulua. Herri jabariko mendiak eta ondareko mendiak.

1. Honako hauek herri jabariko mendiak edo demanialak dira eta basoko herri jabaria osatzen dute:

  • a) Zerbitzu publikoko arrazoiengatik, Foru Araua indarrean sartzean Herri Onurako Mendien Katalogoan jasota dauden mendiak, eta jasoko direnak.
  • b) Toki erakundeen jabetzako herri mendiak, baldin eta herritarrek ustiatzen badituzte, usadio eta ohituren arabera eta dagokion toki erakundeak onartutako ordenantzen arabera. Herritarrek ustiapen berezi batzuk egiteak ez dio herri izaera ematen mendiari.
  • c) Aurreko ezaugarriak ez bete arren, herri erabilerakoak edo zerbitzukoak diren gainerako mendiak.

2. Ondareko edo erabilera libreko mendiak dira, herri jabarikoak ez diren herri jabetzako mendiak.

10. artikulua. Herri onurakotzat jotako mendiak.

Dituzten ezaugarri bereziak direla-eta, herri onurakotzat jo ahal izango dira egoera hauetakoren batean dauden mendi publikoak:

  • a) Higadura prozesuen aurrean lurra babesteko funtsezkoak direnak.
  • b) Ibai arroen sorburuetan daudenak eta erregimen hidrologikoa erregulatzeko ezinbestekoak direnak, elur-jausiak, uhaldiak eta uholdeak ekidinez edo gutxituz eta herriak, laboreak eta azpiegiturak babestuz.
  • c) Lur edo harri-jauziak eta urtegien lurreztatzea eragozten edo gutxitzen dituztenak eta laboreak eta azpiegiturak haizetik babesten dituztenak.
  • d) Orain duten egoeran a), b) edo c) puntuetako ezaugarriak guztiz ez bete arren basoberritu edo egokitu nahi direnak lehen aipatutako babes helburuak bete ditzaten.
  • e) Aniztasun biologikoa zaintzeko lagungarriak direnak, sistema ekologikoei eutsiz, flora eta fauna babestuz eta aniztasun genetikoa zainduz eta, bereziki, naturagune babestu, hegaztientzako babesgune berezi, kontserbazio gune berezi edo bestelako babes eremuetakoak direnak, edota paisaiaren elementu garrantzitsuak direnak.
  • f) Foru arau honetako 80. artikuluan xedatutakoaren arabera sute arriskuko eremuetan daudenak.

II KAPITULUA
MENDI PUBLIKOEN ARAUBIDEA

11. artikulua. Herri jabariko mendien araubidea.

Herri jabariko mendiak besterenezinak, preskribaezinak eta bahiezinak dira eta ez daude jabetza zergapetzen duen inongo zergari lotuta.

12. artikulua. Basoko herri jabariaren erabilerak. Baimenak.

Baso Administrazioaren aldez aurreko baimena beharko da herri jabariko mendien zeregin sozial eta ekologikoan eragina duten jardueretarako, mendiak arriskuan jar ditzaketenean edo mendien erabilera intentsibotzat edo basoko herri jabariaren erabilera pribatibotzat har daitezkeenean.

13. artikulua. Herri Onurako Mendien Katalogoa.

1. Herri onurakotzat jotako herri jabariko mendiak Gipuzkoako Herri Onurako Mendien Katalogoan sartuko dira.

2. Mendi bat herri onurakotzat jotzeko Diputatuen Kontseiluaren Foru Dekretua behar da, Baso Administrazioaren ardura duen Departamentuko diputatuak proposatuta edo mendiaren titularrak hala eskatuta.

Ikusi, Apirilaren 19ko 14/2011 Foru Dekretua [GIPUZKOA], herri onurakotzat jotzekoa Plazaolako bidearen zatia, 72,790 k.p. (Andoaingo Presaburu baserriaren ondoan) - 56,095 k.p. (Gipuzkoa eta Nafarroako muga) artekoa, zati hori Leitzarango Basoak herri onurako 1.031.2 zk. mendiaren mugen barruan sartzekoa eta Gipuzkoako Herri Onurako Mendien Katalogoan inskribatzekoa («G.A.O.» maiatzak 3).

14. artikulua. Herri jabariko mendien desatxikipena.

1. Katalogatutako mendiak basoko herri jabaritik desatxikitzeko aurrena katalogotik atera behar dira, 16 eta 17. artikuluetan aurreikusitakoa eragotzi gabe.

2. Katalogatutako mendi batean garrantzitsua ez den zati bat katalogotik ateratzeko edo trukatzeko baimena eman ahal izango da Baso Administrazioak edo mendiaren titularrak proposatuta, baldin eta mendiaren azalera hobeto zehazteko edo mendiaren zaintza eta kudeaketa hobetzeko balio badu.

3. Salbuespen gisa, Baso Administrazioaren eta, mendi jaberik izanez gero, haren txostena jaso ondoren, baimena eman ahal izango da katalogatutako mendiaren zati bat katalogotik atera edo trukatzeko, aurreko puntuan aurreikusi ez diren arrazoiak medio.

4. Gainerako herri jabariko mendien desatxikipena titularra den erakundeak tramitatuko du eta Baso Administrazioaren aldeko txostena beharko da.

5. Desatxikipen espedientean behar diren txosten tekniko guztiak bilduko dira, entzunaldi tramitea eskainiko zaie mendi jabeei beharrezkoa den epea emanez, hogeita hamar egun gutxienez, eta aurkeztutako alegazioen txostenekin batera jarduketa guztiak Baso Administrazioaren ardura duen Departamentuko diputatuari bidaliko zaizkio, ondoren diputatuak desatxikipena onar dezake zuzenean, baldin eta txostenak aldekoak badira eta mendiaren titularra aurka azaldu ez bada. Txostenak, mendiaren titularra edo biak aurka azaldu badira, espedientea Diputatuen Kontseiluari aurkeztuko zaio eta honek desatxikipenari buruzko erabakia hartuko du.

15. artikulua. Mendiak Herri Onurako Mendien Katalogoan sartzearen ondorio juridikoak.

1. Katalogoan mendi bati esleitzen zaion titularitatearen aurka jotzeko bide bakarra auzitegi zibilen aurrean egindako deklarazioko epaiketa arrunta da, eta ezingo dira Auziperatze Zibileko Legeak 250.1.7 artikuluan aurreikusten dituen ekintza errealak gauzatu.

2. Katalogatutako mendien jabetza auzitegi zibilera eraman aurretik administrazio bidean erreklamazioa aurkeztu beharko zaio erakunde titularrari eta Baso Administrazioari.

3. Aurreko puntuan aipatzen den aldez aurreko erreklamazio hori Baso Administrazioak ebatziko du, erakunde jabeari 30 laneguneko epean entzunaldia eskaini ondoren bidezko jotzen dituen alegazioak aurkezteko; halere, ohartarazten da tramite hori ez betetzea erreklamazioaren aurkako erabakitzat hartuko dela.

Erakunde jabea berariaz edo tazituki erreklamazioaren aurka azaltzen bada, bere aldeko ebazpena emango da eta auzibide zibila zabalik geldituko da.

Erakunde jabeak erreklamatzailearen asmoa onartzen badu, Baso Administrazioak egoki den ebazpena emango du onarpen horri lotu behar izan gabe.

4. Foru Aldundiaren epatzerik ez badago jarduketak baliogabetuta geldituko dira, prozedura zein tramitetan dagoen kontuan hartu gabe, baldin eta egoera hori lege prozesaletan aurreikusten diren kasu, baldintza eta modutan zuzentzerik ez badago.

5. Erakunde titularrak Jabetza Erroldan inskribatuko ditu katalogatutako mendiak eta horien gaineko eskubideak edo kargak, mendiaren plano topografikoarekin edota mugaketarako egindako planoarekin batera (eskala egokian) aurkeztutako ziurtagiriaren bidez. Inskripzioa egiteko prestatutako ziurtagirian katalogatutako mendia osatzen duten higiezinaren edo higiezinen katastroko erreferentzia jasoko da.

16. artikulua. Lehentasun espedienteak.

1. Herri onurako mendi jakin bat bestelako herri onura aitor diezaiokeen espediente batek afektatzen badu eta herri onurako mendia izatearekin bateraezina bada, lehentasunezko pieza banandua tramitatu beharko da, eskumena duten administrazioek mendi horren lehentasunezko herri onura zein den erabakitzeko lankidetza bideak ezar ditzaten.

Horrela bada, Katalogoko mendiak lehentasunezkotzat jotzen diren herri onurako obra, erabilera edo afekzioetarako bakarrik desjabetu ahal izango dira.

2. Lehentasun espedientea, hori aitortzea nahi duen administrazioaren organoak eskatuta hasiko dena, Baso Administrazioak tramitatuko du eta herri jabariko mendiak desatxikitzeko 14.3 artikuluan zehaztutako prozedura jarraituko du.

17. artikulua. Bateragarritasun espedienteak.

1. Herri onurako mendi jakin bat bestelako herri onura aitor diezaiokeen espediente batek afektatzen badu eta herri onurako mendia izatearekin bateragarria bada, bateragarritasunezko pieza banandua tramitatu beharko da, bi herri onura horiek egokitzeko.

2. Bateragarritasun espedientea, herri onurako aitorpen berria lortu nahi duen administrazioaren organoak eskatuta hasiko dena, Baso Administrazioak tramitatuko du eta herri jabariko mendiak desatxikitzeko 14.3 artikuluan zehaztutako prozedura jarraituko du.

18. artikulua. Intereseko baso azpiegiturak herri onurakotzat jotzea.

Baso Administrazioak, herri jabariko mendiak eta mendien ekoizpenak egoki kudeatzeko behar diren azpiegiturak, ekipamenduak eta instalazioak jarri edo egiteko herri onurakotzat jotzeko espedienteak tramitatuko ditu, ofizioz edo erakunde titularren ekimenez.

Espedientea Diputatuen Kontseiluaren erabakiz ebatziko da.

19. artikulua. Ondareko mendien ezaugarri juridikoak.

1. Ondareko mendien preskripzio eskuratzailea soilik gertatuko da jabe gisa mendiaren edukitza izanez modu publikoan, baketsuan eta 30 urtetan etenik gabe.

2. Preskripzioaren ondorioetarako, edukitza eten egingo da mendiaren titularra den erakundeak baso ustiaketak egitean, zigor espedienteak irekitzean edo bestelako edozein edukitza egintza gauzatzean.

III KAPITULUA
MENDI PUBLIKOEN EDUKITZA BERRESKURATZEA ETA MUGAKETA EGITEA

20. artikulua. Herri jabariko mendien edukitza ikertzea eta berreskuratzea.

1. Herri jabariko mendien entitate titularrek, eta katalogatutako mendien kasuan Baso Administrazioak, basoko herri jabarikoak izan daitezkeela uste diren lursailen egoera ikertuko dute, eta horretarako beharrezko irizten dituzten datu eta txosten guztiak bildu ahal izango dituzte.

2. Herri jabariko mendien entitate titularrek, eta katalogatutako mendien kasuan Baso Administrazioak, hirugarrengoek bidegabeki hartuta dituzten lurren edukitza berreskuratzeko ahalmena erabili ahal izango dute, inolako eperik gabe eta edukitza horri dagokionez ez da onartuko bestelako edukitza egintza ez eta prozedura berezirik ere.

21. artikulua. Herri jabetzako mendien mugaketa.

1. Foru Aldundiaren eskumena da administrazio bidean katalogoko mendien mugaketa egitea eta horrekin zerikusia duten gaiak erabakitzea.

2. Mendien herri erakunde titularrek eskatuz gero, Foru Aldundiak katalogoan ez daude herri mendien mugaketa egin ahal izango du. Horrek eragindako gastuak eskatu duenaren kargura izango dira.

3. Katalogoko mendi baten mugaketa lerroren bat udalerrien arteko muga bada, kontuan hartu beharko da Gipuzkoako Udal Barrutiak erregulatzeko araudia.

22. artikulua. Mendia mugaketa egoeran deklaratzea.

1. Mendi jakin bat mugaketa egoeran deklaratzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitekoa izango da eta Baso Administrazioaren ardura duen Departamentuak emandako foru aginduaren bidez egingo da, ofizioz nahiz erakunde titularrak eskatuta.

2. Mendia mugaketa egoeran jotzen duen foru aginduak zehaztuko ditu eragindako eremu mugakideak eta prozedurak irauten duen bitartean ustiapenei ezarriko zaizkien murrizpenak.

23. artikulua. Mugaketaren tramitazioa.

1. Herri mendien mugaketa honako urrats hauen arabera egingo da:

  • a) Mugaketa arrazoitzen duen txostena prestatuko da, mendiaren azalpen orokorra eginez eta muga, barruti, mugakin, perimetro eta azalerak zehaztuz, baita titularitateei eta gozamen eskubideei buruzko datuak ere.
  • b) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeetako iragarki tauletan mugaketari hasiera ematen dion foru aginduaren iragarkia argitaratuko da. Iragarki horretan, terreno mugakideen jabeei eta mugen neurketan parte hartzeko interesatuei aukeratutako lekura biltzeko deia egingo zaie, ezagunak badira pertsonalki ere deituko zaie. Bertara agertzen ez badira, mugaketa egiten segituko da, baina interesatuek nahi dutenean bertaratu ahal izango dute, nahiz eta horrek ez duen emandako urratsetan atzera egitea ekarriko.
  • c) Neurketa Baso Administrazioak izendatuko duen baso teknikari baten zuzendaritzapean egingo da. Horretarako perimetroaren lerroa urratuko da eta behar diren zuinak jarri, muga lerroak ezarri eta zalantza edo ezadostasuna sortzen duten auzien behin-behineko oharpenak hartuko dira. Baso teknikaria geroago erreklamazioa sor dezaketen diferentziak konpontzearren interesatuak bat etortzera edo elkar aditzera iritsi daitezen saiatuko da, eta mugei buruzko gorabehera guztiak eta terreno mugakideen jabeek eta interesatuek adierazten dituzten adostasunak eta ezadostasunak jasoko ditu neurketako aktan. Parte hartu duten guztiek sinatuko dituzte mugen neurketa aktak eta ekarritako edozein agiri erantsi ahal izango zaio.
  • d) Neurketarako bakarrik balio izango dute Jabetza Erroldan jasotako jabari agiriek edo nahi diren lur sailen edukitza publikoa eta baketsua jabe gisa gutxienez hogeita hamar urtetan izan dela egiaztatzen duten frogek.
  • e) Neurketa egin ondoren, espedientea jendaurrean jarriko da, hilabeteko epean erreklamazioak aurkeztu ahal izan daitezen.
  • f) Diputatuen Kontseiluak mugaketa espedienteak ebatziko ditu eta administrazio bideari amaiera emango zaio, kapitulu honetan aurreikusten diren edukitza ondorioekin.
  • g) Ebazpen horren aurka interesatuek nahiz lur sail mugakideen jabeek errekurtsoa aurkez dezakete administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioaren aurrean, administrazio bidea agortu ondoren, eskumen edo prozedura kontuak ebazteko; eta jurisdikzio zibilaren aurrean jabaria, edukitza edo beste eskubide errealen bat auzitan jartzen bada.
  • h) Mugaketa espedientearen behin betiko ebazpena nahikoa titulu izango da, kasuen arabera, mendia inmatrikulatzeko, eragindako finken deskribapenaren zuzenketa inskribatzeko eta mugatutako menditik kanpo utzitako finketan egindako mugaketetan jasotako oharpenak deuseztatzeko. Ebazpen hori, ordea, ez da nahikoa titulu izango Hipoteka Legearen 34. artikuluan aipatzen diren hirugarrengoen alde lehendik inskribatutako eskubideak zuzentzeko.

24. artikulua. Mugarriak jartzea.

1. Mendietako mugarriak neurketarekin batera eta horren datuen arabera jarri ahal izango dira. Mugarri jartze hori behin-behinekoa izango da, espedientea behin betiko ebaztean berretsi edo zuzendu arte.

2. Bestela, mugarriak mugaketa espedientea amaitutakoan jarri ahal izango dira. Horretarako, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeetako iragarki tauletan iragarriko dira mugarriak jartzeko lanen toki-egunak.

3. Baso Administrazioak zehaztuko ditu mugarrien ezaugarriak.

4. Mugarriak jarritakoan espedientea jendaurrean ikusgai ipiniko da, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeetako iragarki tauletan iragarkia jarrita, hilabeteko epean erreklamazioak aurkeztu ahal izan daitezen. Erreklamazioak mugarri jartzeari buruzkoak izango dira, eta inola ere ez mugaketari buruzkoak.

5. Gipuzkoako Foru Aldundiak erreklamazioak ebatziko ditu eta horrekin amaiera emango zaio administrazio bideari.

25. artikulua. Mugarriak aldian behin berrikustea.

Udalek, batasunek, partzuergoek eta herri mendien titular diren gainerako elkarteek aldian behin berrikusi beharko dituzte beren katalogoko mendi guztietako mugarriak, eta gorabehera guztien berri eman beharko diote Baso Administrazioari.

IV KAPITULUA
KATALOGOKO MENDIEN KARGAK

26. artikulua. Kargak.

Foru arau honen ondorioetarako kargatzat joko dira zortasunak eta gainerako eskubide errealak, okupazioak eta erabilerak.

27. artikulua. Zortasunak.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiak katalogoko mendiek dituzten zortasunen eta jabariaren gainerako eskubide murriztaileen edukia eta hedadura zehaztuko ditu, Katalogoan jasota gera daitezen.

2. Aurretik diren datuen arabera zortasuna edo eskubide erreala ez bada behar bezala zurituta gelditzen, Foru Aldundiak espediente bat irekiko du bere ekimenez edo titular den erakundearen eskariz, interesatuei entzunak izateko 30 laneguneko epea emanez, eta bidezko dena erabakiko du.

28. artikulua. Zortasunak iraungitzea.

Kode Zibilak 546. artikuluan aurreikusten dituen zortasunak iraungitzeko kasuez aparte, Foru Aldundiak ahalmena izango du katalogoko mendietan ezarritako edozein zortasun, behar bezala onetsitakoa edo jasoa bada ere, iraungitzat emateko edo aldi baterako etenik uzteko, iruditzen bazaio beste era batera erregulatuta ere bateraezina dela karga hori duen mendiaren funtsezko ezaugarriekin edo duen herri onurarekin. Halakoetan, derrigorrezko desjabetzeetarako ezarrita dagoen prozedura erabiliko da.

29. artikulua. Zortasunak onartzea.

Herri onurako mendietan zortasunen baten edo bestelako eskubide errealen baten titular dela uste izanda halaxe onartzea eta Katalogoan jasotzea nahi duenak foru arau honetako 15. artikuluan xedatutako moduan jokatu beharko du.

30. artikulua. Mendia hartzea eta erabiltzea.

1. Salbuespenez, Foru Aldundiak Katalogoko mendiak hartzeko edo erabiltzeko baimena eman ahal izango du argindarra edo komunikazioak sortu eta garraiatzeko instalazioak eta isurkien eroanbideak jartzeko nahiz herri eta gizarte intereseko bestelako erabileretarako, bai eta herrilan edo herri zerbitzuetarako, ur, mehatze edo bestelako kontzesio administratiboetarako, edota mendiari uztartutako interes pribatuko bestelako erabileretarako, esate baterako, erlauntzak, produktuak ateratzeko kableak eta horrelakoak jartzeko baldin bada.

2. Eskatzaileei baimena emateko, gauzatu nahi den mendiaren hartze edo erabilera hori mendiak duen herri onurarekin bateragarria dela egiaztatzeko espedientea irekiko da, eta eskatzaileei eta entitate titularrari entzunak izateko hamabost eguneko epeak emango zaizkie hurrenez hurren. Baimena emateko derrigorrezkoa izango da entitate titularrak ontzat ematea.

3. Eskaeran zehaztu eta arrazoitu beharko diren premiazko salbuespen egoerak gertatzen direnean, Baso Administrazioak, aldez aurretik ordaindu beharko den kalte-ordaina edo kanona, eta karga gauzatzeko baldintzak behin-behinean finkatuta, behin-behineko baimena eman ahal izango du mendiaren titular den erakundearen adostasunarekin, katalogoko mendiak hartu edo zortasunak jartzeko, baldin eta aurrez eskatzaileek onartzen badituzte behin betiko hartzea erabakitzen denean zehaztuko diren baldintza teknikoak eta ekonomikoak.

4. Mendia hartu eta erabiltzeko baimenetan, mendia harturik dagoen bitartean nola zaindu behar den eta amaieran nola lehengoratu behar den aipatuko da, eta hori bermatzeko sistemak jarri ahal izango dira.

31. artikulua. Mendia hartzeko baimena.

1. Mendia hartzeko edo erabiltzeko baimenak baimenaren epea eta baldintzak jarriko ditu, onuradun denak jabeari urtean ordaindu beharko dion kanona edo tasa zehaztuko du, eta emandako baimena gainditu eta urratuz gero izango diren erantzukizunak aipatuko ditu.

2. Mendia 30 urte baino gehiagorako hartu edo erabiltzekoa bada, urteko kanonaren ordez, balio justua ordainduko da, behin bakarrik eta kalte-ordain gisa.

3. Kalte-ordaina kobratzeak ez du ekarriko hartutako zatiaren jabetza galtzea ez eta aitortuta duen herri onura baliogabetzea. Mendiaren titularra ez da kobratutakoa itzultzera behartuta egongo, hartze-aldia hartzailearen borondatez iraungitzen bada, baimeneko baldintzak ez betetzeagatik indargabetzen bada edo eman zen epea igarotzen bada.

32. artikulua. Mendia herrilan eta herri zerbitzuetarako hartzea.

1. Mendia hartzeko edo erabiltzeko baimena herrilan, herri zerbitzu edo kontzesio administratibotik eratorritako jarduerarako eskatzen bada, baimena lan, zerbitzu edo kontzesio hori esleitzearen baldintzapean ematen dela ulertuko da beti.

2. Baso Administrazioak baimenik ez duten lanak geldiarazi eta erabilerak, hartutako lurrak eta ustiapenak eten egingo ditu; era berean, debekatu egingo du lanetan erabilitako makinak, materialak eta gaiak mendian uztea.

V KAPITULUA
MENDI PRIBATUEN ERREGIMENA

33. artikulua. Mendi pribatuen erroldako idazpenak.

1. Herri jabariko mendi baten mugakide den edo herri jabariko mendiak dauden udalerri batean dagoen mendi edo finka bat Jabetza Erroldan inmatrikulatu edo gehiegizko azalera inskribatzeko, aurrez Baso Administrazioaren eta mendi horien titularren aldeko txostena behar da.

2. Txostenak aldekotzat joko dira jabetzaren erregistratzaileak eskaera egiten duenetik hiru hilabete igarotzen badira inolako erantzunik jaso gabe. Aurkezpenaren albo-oharrak lau hilabeteko balioa izango du.

3. Katalogoko mendien kasuan, aldeko txostenak edo 2. puntuko administrazioaren isiltasun positiboa jaso arren, Baso Administrazioak beharrezko diren egintzak gauza ditzake erroldako idazpena zuzentzeko.

34. artikulua. Mendi pribatuen kudeaketa.

1. Mendi pribatuen kudeaketa haien titularrei dagokie.

2. Jabeek mendi horien kudeaketa kontratatu ahal izango dute zuzenbide publiko nahiz pribatuko pertsona fisiko edo juridikoekin.

3. Mendi horien kudeaketa, foru arau honetan aurreikusitako mendien kudeaketa edo plangintzako agiriak erabiliz egingo da. Baso Administrazioak gainbegiratuko du agiri horien erabilera.

35. artikulua. Mendi babesgarriak deklaratzea.

1. Foru arau honen 10. artikuluan azaldutako kasuen artean dauden mendi pribatuak mendi babesgarri izendatu ahal izango dira.

2. Mendiak babesgarritzat jotzeko Diputatuen Kontseiluaren foru dekretua behar da, Baso Administrazioak espedientea tramitatu ondoren, beti ere mendi jabeei eta mendia kokatuta dagoen toki erakundeei entzunaldia eskainita. Bide bera jarraituko da sailkapen horretatik ateratzeko, babesgarritzat jotzeko kontuan hartu ziren baldintzak desagertzen direnean.

36. artikulua. Mendi babesgarrien errolda.

1. Baso Administrazioak mendi babesgarrien errolda sortuko du, eta izaera administratiboko errolda publikoa izango da.

2. Mendi babesgarrien erroldan jasoko dira bertan zerrendatutako mendiek dituzten kargak, zergak eta gainerako eskubide errealak.

37. artikulua. Mendi babesgarrien kudeaketa.

1. Mendi babesgarrien kudeaketa haien titularrei dagokie, eta eremu horretan baliabide naturalak nahiz basokoak planifikatu eta antolatzeko agiririk ez badute, Mendien Antolaketa Proiektua edo Kudeaketako Plan Teknikoa aurkeztu beharko diote Baso Administrazioari, foru arau honetako VI. tituluan aurreikusitako moduan.

2. Mendi babesgarriek betetzen dituzten eginkizun ekologiko, sozial edo babesekoak direla-eta, horien kudeaketarako ezartzen diren mugapenen truke ordain ekonomikoak emango dira, gehienez ere basoak zaindu eta inbertsioak egiteko neurrien artean aurreikusitako zenbatekokoak.

VI KAPITULUA
LEHENTASUNEZ ESKURATZEKO ESKUBIDEA, GUTXIENEKO JARDUKETA UNITATEAK ETA BASO SAILEN ELKARKETA

38. artikulua. Lehentasunez eskuratzeko eskubidea. Tanteatzea eta atzera eskuratzea.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiak erosteko lehentasun eskubidea izango du, 2. puntuan xedatutako kasuan izan ezik, ordain trukeko ondorengo eskualdaketak direnean:

  • a) 150 hektareatik gorako mendiak.
  • b) 35. artikuluaren arabera babesgarritzat jotako mendiak.

2. Katalogoko mendi bateko finkak edo mendiak badira edo haien mugakideak, mugakide den mendiaren edo finka dagoen mendiaren titular den administrazioak izango du erosteko lehentasun eskubidea.

Herri administrazio ezberdinetakoak diren katalogatutako beste mendi batzuekin mugakide diren mendien kasuan, lehentasunez eskuratzeko eskubidea izango du aipatu mendiarekin muga zabalena duen mendiaren jabe den administrazioak.

3. Ez da lehentasunez eskuratzeko eskubiderik egongo elkarte bati espeziean egindako kapital ekarpena denean, non eskualdatzaileek bost urtez gutxienez gehiengo partaidetza izango baitute.

4. Tanteoa erabiliz lehentasunez erosteko eskubidea gauzatu ahal izateko, eskualdatzaileak agiri bidez jakinarazi beharko dio Baso Administrazioari eta eskubide horren titular den erakundeari, egonez gero, proiektatutako eskualdaketaren prezio eta ezaugarriei buruzko datuak. Administrazioak hiru hilabeteko epea izango du, jakinarazpena jasotzen duenetik, eskubidea gauzatzeko, adierazitako baldintzetan eskualdaketaren prezioa ordainduz edo dagokion diru izendapena eginez.

5. Notarioek eta erregistratzaileek ez dituzten baimenduko ez eta inskribatuko ere eskualdaketa eskriturak aipaturiko jakinarazpen hori egin dela agiri bidez egiaztatzen ez zaien bitartean.

6. Aldez aurreko jakinarazpen hori egin gabe, edo bertan jasotako baldintzak bete gabe, eskualdaketa gauzatzen bada, lehentasunez erosteko eskubidea duen administrazioak atzera eskuratzeko eginbideari ekin ahal izango dio eskualdaketa Jabetza Erroldan inskribatzen denetik edo, bestela, Administrazioak eskualdaketaren benetako baldintzen berri ofiziala jasotzen duenetik hasi eta urtebeteko epean.

7. artikulu honetan aipatzen den atzera eskuratzeko eskubideak lehentasuna du beste edozeinen aurrean.

39. artikulua. Mendi bereizketaren muga.

Hektarea bat baino azalera txikiagoko mendi sailak banaezinak izango dira, Nekazaritza Ustialekuak Modernizatzeko 1995eko uztailaren 4ko 19/95 Legeak aurreikusten dituen salbuespenak izan ezik.

40. artikulua. Baso sailen elkarketa.

Baso Administrazioak mendi edo baso sail pribatuak elkartzea bultzatuko du plangintzaren eta kudeaketaren antolaketa orokorra lortzearren, eraginkortasuna eta iraunkortasuna areagotuz.

41. artikulua. Lur sailak bateratzea.

1. Inguru jakin bateko mendi edo baso sailen ustiapenaren plangintza eta kudeaketa hobetu eta zentzuzkoago bihurtzeko jabetzaren erregimen juridikoan aldaketak egitea beharrezko ikusten bada, Baso Administrazioak lur sailak bateratzea sustatu dezake ofizioz, eta gaiari buruzko legediak xedatutakoaren arabera gauzatuko da.

2. Lur sailak bateratzeko proiektu guztietan zehaztuko dira gorde beharreko landaretza unitateak.

III TITULUA
BASOEN KUDEAKETA IRAUNKORRA

I KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

42. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Mendi publiko nahiz pribatuen ustiapena eta erabilera natura ondasun direla aintzat hartuz egingo da, iraunkortasun eta gehieneko erabilera printzipioen arabera, mendien arrazoizko erabilera natura ingurunea behar bezala zaintzearekin eta basoen egonkortasunik handiena lortzearekin bateragarri eginez, era horretan mantendu ahal izateko mendien biodibertsitatea, produktibitatea, birsortzeko gaitasuna, bizitasuna eta gaur egun eta etorkizunean Gipuzkoako toki, eskualde zein lurralde mailako funtsezko zeregin ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak betetzeko duten ahalmena, beste ekosistema batzuei kalterik eragin gabe.

2. Gipuzkoako baso baliabideak behar bezala antolatu eta kudeatzeko, foru arau honetan xedatutakoaren arabera, Baso Administrazioak baso plangintzako honako agiri hauek idatzi eta onartuko ditu:

  • - Gipuzkoako Agrologia Motetako Mapa.
  • - Baso antolaketako jarraibideak.
  • - Baso baliabideen antolaketa planak (BBAP).
  • - Katalogoko mendien ustiapen planak.
  • - Baso antolaketako proiektuak eta baso kudeaketa iraunkorrerako plan teknikoak (BKIPT).

3. Mendien ustiapena eta erabilera, edozein izaerakoa izanik ere, Baso Administrazioaren esku hartzeari lotuta egongo da, foru arau honetan eta garatuko duten xedapenetan jasotakoaren arabera.

4. Baso Administrazioak Ingurumen Eraginaren Azterketaren araudia betearaziko du, ustiapen, plan eta programen izaera eta ezaugarriek kontuan hartuta, beharrezkoa den kasuetan.

43. artikulua. Errolda administratiboak.

1. Baso kudeaketa iraunkorra gauzatzeko, Baso Administrazioak honako errolda administratibo hauek edukiko eta eguneratuko ditu:

  • a) Gipuzkoako Herri Onurako Mendien Katalogoa.
  • b) Mendi Babesgarrien Errolda.
  • c) Kudeaketa mugapenak dituzten ondareko mendien eta mendi pribatuen errolda.
  • d) Gipuzkoako Baso Inbentarioa, eskumena duten beste administrazio batzuekin lankidetzan.
  • e) Tasatzaileen Errolda.
  • f) Basoberritze lanetan lur saila prestatzeko makineria erabiltzen duten zerbitzu enpresen errolda.

2. Gipuzkoako Foru Aldundiak errolda administratibo horien edukia, tramitazioa eta berezitasunak erregelamendu bidez garatzeko ahalmena dauka.

44. artikulua. Baso ustiapenen erregimen orokorra.

1. Foru arau honen ondorioetarako baso ustiapenak dira mendian interes ekonomikoko produktuak sortzen dituztenak, hala nola: Zurak, egurrak, azalak, larreak, fruituak, landare usaintsuak eta sendabelarrak, perretxikoak eta erlezaintzako produktuak, meategi eta harrobietako erauzketak, etab., lehengai iturriak, gehienetan, ondasun pribatuen alorrean.

2. Baldin eta mendian bildu ohi diren fruitu, landare usaintsu eta sendabelar, perretxiko, erlezaintzako produktu eta gainerako produktu naturalen baso ustiapenek arriskuan jarriko balute ekosistemaren oreka edo espezieen iraupena, Baso Administrazioak ustiapen horiek arautu ahal izango ditu, aldez aurreko baimena eskatzerik izango duelarik, betiere, eragindako mendien titularrak kontuan izanda.

Ikusi, 2011ko apirilaren 19ko 13/2011 Foru Dekretua [GIPUZKOA], Gipuzkoako Parke Naturaletako mendietan perretxiko bilketa arautzekoa («G.A.O.» maiatzak 3).

3. Zuhaiztiak dituzten mendiak ustiatzerakoan erreka, ibai, urtegi, komunikazio bide eta intereseko beste gune batzuetako landaredia errespetatuko da, eta zuhaizti horiei eutsi eta hobetzeko mozketak bakarrik baimenduko dira, baita segurtasun arrazoiengatik egin behar direnak ere.

4. Egurra ateratzeko lehendik dauden bideak eta pistak erabiliko dira. Bide berriak irekitzeko Baso Administrazioak zehaztuko dituen eraikuntza baldintzak bete beharko dira. Garraiolariek egoera onean eduki beharko dituzte bideak eta pistak, eta Baso Administrazioak bideetan eta basoguneetan egon eta bertatik igarotzeko zehaztuko dituen arauak bete beharko dituzte.

5. Basogintzako produktuak atera eta garraiatzeko makineria Gipuzkoako mendi eta bideen ezaugarrietara egokituta egongo da eta, ahal izanez gero, baldintza atmosferikoak aldekoak direnean bakarrik erabiliko da, ondare historikoaren azpiegitura eta elementuei kalterik ez eragiteko.

6. Oro har, debekatuta daude baso soilketa edo matarrasako mozketak, baldin eta zuhaitz espezieen eta mendiko ezaugarrien arabera, berez birsortu badaitezke. Basoa bere kasa berritzea ezinezkoa delako erabat moztea komeni denean, teknika egokiak erabiliz egingo da lurzoruak irautea, ur kantitatea eta kalitatea, eta komunikabideen segurtasuna bermatzen den ustiaketa eremuetan.

7. Era berean, debekatuta dago ustiaketa lanetarako erabili diren materialak eta produktuak biltegiratzea eta uztea lanak bukatutakoan.

8. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta kontsortzioetako mendien baso ustiapenetako produktuak besterentzeko kontratazio espedienteak tramitatzeko eskumena Baso Administrazioaren ardura duen Departamentuarena izango da, horiek onartzeko eskumena izango duelarik zenbatekoaren arabera eskumena duen organoak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko 6/2005 Foru Arauak, uztailaren 12koak, xedapen gehigarrian jasotakoaren arabera.

45. artikulua. Planak eta proiektuak.

1. Mendien ustiapena egiteko, titularrek baso antolaketako proiektuak edo baso kudeaketa iraunkorrerako plan teknikoak aurkeztu ahal izango dituzte; beharkizun hori nahitaezkoa izango da katalogoko mendiak ustiatzeko.

2. Baso teknikari eskudunek idatzi beharko dituzten baso antolaketako proiektuak eta baso kudeaketa iraunkorrerako plan teknikoak prestatzerakoan kontuan hartuko dira Baso Administrazioak edo, bestela, baso baliabideen antolaketa planek (BBAP) emandako jarraibideak, baita naturagune babestuak izendatu eta kudeatzeko idazten diren baliabide naturalen antolaketa planek eta erabilera eta kudeaketa plan gidariek emandakoak ere, nekazaritza eta basogintza sektoreko elkarte eta erakunde adierazgarrienei entzun ondoren.

46. artikulua. Egur ustiapena egiteko baldintzak.

1. Gipuzkoako mendietan enborrak eta egurra ustiatzen aritzen diren enpresek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak emandako «Baso ustiaketak» edo «Enborren zerratzea» izeneko enpresa kalifikazioko agiria, bat ala beste, izan beharko dute, eta laneko arriskuen prebentziorako araudia bete beharko dute.

2. Egiaztagiri hori nahitaezkoa da Foru Aldundiaren edo udalen aurrean katalogoko mendietako ustiaketak enkantera ateratzen direnean lehiatu ahal izateko.

3. Halaber, katalogoko mendietan ustiaketak edo baso lanak egiteko enkanteetara aurkezten diren enpresek ingurumeneko erantzukizun zibileko aseguru nahikoa eduki beharko dute.

4. Mendien titularrek zuzenean egindako ustiapenen kasuan ez da beharrezkoa izango aipaturiko enpresa kalifikazioko agiria.

47. artikulua. Baso ziurtapena.

Baso Administrazioak baso ziurtapenen sistema bultzatuko du, baso ziurtapenak emateko prozedura borondatezkoa, gardena eta ez diskriminatzailea izatea bermatuz. Halaber administrazioaren ardura izango da baso ziurtapenen sistemak ingurumen, ekonomia eta gizarte alorreko irizpideak ezartzea, nazioarte mailan homologatuak izan daitezen.

48. artikulua. Planak eta proiektuak idatzi eta onartzea.

1. Proiektuak eta planak mendien titularren ekimenez edo Baso Administrazioaren beraren ekimenez idatziko dira, azken kasu horretan erakunde titularrei jakinaraziko zaie mendiak herri onurakoak badira.

2. Baso Administrazioari dagokio baso baliabideen antolaketa planak, baso antolaketako proiektuak eta baso kudeaketa iraunkorreko plan teknikoak onartzea.

3. Era berean, Baso Administrazioari dagokio toki erakundeek bere jabetzako mendiak, herri onurakoak izan ala ez, ustiatu, zaindu eta sustatzeko idatz ditzaten plan eta proiektuak onartzea.

LEHENENGO ATALA
Katalogoko mendietan

49. artikulua. Ustiapen planak katalogoko mendietan.

1. Katalogoko mendien titularrek antolaketa proiektu edo plan tekniko jakinik onarturik ez duten bitartean, beren eskumeneko mendietan egin nahi diren ustiaketa guztiak biltzen dituen baso espedientea aurkeztuko diote Baso Administrazioari, onar dezan. Mendien ezaugarriengatik edo ustiaketa motagatik hala komeni bada, planak urtebetetik gorako aldietarako idatzi ahal izango dira.

2. Onartutako antolaketa planetan, plan teknikoetan edo urteko planetan jasota ez dauden enbor edo egur ustiaketak baimendu ahal izango dira, halabeharrezko arrazoiak badaude.

50. artikulua. Ustiapen moduak katalogoko mendietan.

1. Katalogoko mendien ustiaketa foru arau honetan eta udalei buruzko legedian ezarritakoaren arabera egingo da, eta xehetasunetan udal ordenantzak edo usadioz gordetako ohiturazko arauak edo Baso Administrazioak ematen dituenak bete beharko dira.

2. Arboladiak dituzten katalogoko mendietan tarteko ustiaketak egiterakon, funtsean baso hazkuntzarako tratamendua direnez, inguruko landa komunitateetako biztanleak oso aintzat hartuko dira eta enplegu elkarteak sor ditzaten sustatuko da, mendiei ahalik eta gizarte eta ekonomi errentagarritasunik handiena ateratzeko. Halakoetan, Baso Administrazioari lankidetza eskatu ahal izango zaio langileak hautatzeko eta prestatzeko.

3. Udal ordenantzetan ohiturazko usadioak jaso ahal izango dira, hala nola, auzo egurketak, eta Baso Administrazioak egingo du horien seinaleztapena, basoberritzeko egokienak diren mozketa eta ateratze aldiak zehaztuta.

51. artikulua. Hobekuntza eta birsortze ehunekoak.

1. Katalogoko mendien titularrek, ustiaketetan eskuratzen dituzten era guztietako diru sarreren ehuneko hogei beren mendietako basoak hobetzeko erabiliko dituzte eta Hobekuntzako Fondoa izango da. Aurreko horretatik salbuespen izango dira egun Gipuzkoako Foru Aldundiarekin kontsortziatuta dauden mendietako egur ustiaketetatik lortutako diru sarrerak.

2. Enkantez esleitutako ustiaketak direnean, errematatzaileek ustiaketa baimena eskatu beharko diote aurrez Baso Administrazioari, eta horretarako, behin betiko esleitu eta hogei eguneko epean, honako hauek aurkeztu beharko dituzte: Esleipenaren zenbateko osoaren ehuneko hogei Hobekuntza Fondoan sartu izanaren eta dagozkion tasak ordaindu izanaren egiaztagiriak, baita udalak edo entitate titularrak ezarritako baldintza ekonomikoak bete izanarenak ere.

3. Azken mozketen ustiapen balioaren ehuneko hogei, lehentasunez, ustiatutako mendiaren berezko birsortzea edo basoberritzea bultzatzeko erabiliko da.

4. Hobekuntza Fondoan saldo positiboa duten udalek Katalogoko bere mendietan hobekuntzako baso inbertsioetarako erabili ahal izango dute, eta baita mendiak erosi edo trukatzeko ere barrendegiak ezabatu edo baso ondarea areagotzearren, nahitaezkoa den Baso Administrazioaren txostena eskuratu ondoren. Trukeen bidez gehitutako azalera herri onurakotzat jo beharko da.

BIGARREN ATALA
Gainerako mendietan

52. artikulua. Planak eta proiektuak katalogatu gabeko gainerako mendi publikoetarako eta mendi partikularretarako.

1. Garrantzi ekonomiko, ekologiko edo sozial berezia duten katalogatu gabeko mendi publikoetan eta mendi partikularretan Foru Administrazioak Antolaketa Proiektua edo Plan Teknikoa eska diezaieke titularrei ustiatzeko, foru arau honetako VI. tituluko II. kapituluan xedatutakoa eragotzi gabe.

2. Fauna eta florako espezien babeserako araudiaren arabera baso lur edo zuhaiztiei eragiten dieten edo, kokapen, espezie, tamaina, edo paisaiaren aldetik ezaugarri bereziren bat duten ustiaketetan, mozketa mugatzeko edo, are gehiago, debekatzeko erabakia hartu ahal izango du Baso Administrazioak zuhaiztiaren zaintza bermatu ahal izateko. Horrelakoetan, hitzarmen bidez, konpentsazioak ezarriko dira.

3. Konpentsazio horiek ez dira ezarriko, foru arau honen 44. artikuluak xedatu bezala, ustiapenetan oro har bete beharrekoak diren murrizketen kasuan.

53. artikulua. Ustiapen baimenak.

1. Baso Administrazioaren baimena beharko da herri ondareko mendietan edo partikularretan enbor eta egur ustiaketak egiteko, nahiz eta baso kudeaketa iraunkorrerako plan teknikoak edo baso antolaketako proiektuak onartuak izan. Baso Administrazioak bi hilabeteko epean erabakiko ditu egur ustiaketak egiteko eskaerak, baimendutako tasatzaile batek egindako neurketarekin batera aurkeztuko direnak, behar izanez gero.

2. Basoak ustiatzeko baimenetan mozketa egin eta egurra ateratzeko ezaugarri teknikoak eta baldintza administratiboak finkatuko dira, baimenek urtebeteko indarraldia izango dute ematen direnetik aurrera, beste eperen bat ezarri ezean.

3. Ustiaketa egingo den mendiaren titularrak, Ustialekuen Erroldan izena emanda egongo denak, erosle edo esleipendunaren izena eta identifikazio datuak emango dizkio Baso Administrazioari. Eroslea edo esleipenduna jakinarazpenaren edo baimenaren egiaztagiria erakustera behartuta egongo da ustiaketaren edozein unetan, eta ustiaketa mendiaren titularra ez den norbaitek egina bada, baita 46.1 artikuluan aipatzen den enpresa kalifikazioaren agiria ere.

4. Ustiaketa baimenek ez dute inolako jabetza eskubiderik aurreirizten. Auzi edo mugaketa kasuetatik erator daitezkeen erantzukizunak justizia auzitegi arrunten eta ustiaketaren eskatzaileen esku geldituko dira, beste batzuek izan ditzaketenak eragotzi gabe.

54. artikulua. Murrizketak eta zehaztapenak.

1. Baso Administrazioak, ebazpen arrazoituaren bitartez, mozketarako baimenetan aurreikusitako egur ustiaketak debekatu, errebokatu edo atzeratu ahal izango ditu konponezineko kalte fisikoak edo ekonomikoak ekar ditzaketela baderitzo.

Mozketarako baimena errebokatu edo eten izanak ekarritako galeraren kalte-ordaina, halakorik balegokio, Baso Administrazioaren aurrean tramitatutako espedientean zehaztuko da.

2. Baso Administrazioak erabakiko du, industri usadio eta erabilerak aintzat hartuta eta baso hazkuntzaren eskakizunekin bat etorrita, baso bateko zuhaitzek moztu ahal izateko eduki behar dituzten gutxieneko diametro arrunta, adina edo gainerako ezaugarri dendrometrikoak.

Horretarako, izaera orokorreko ebazpen administratiboak hartu eta argitaratuko ditu.

55. artikulua. Matarrasako mozketaren ondoren basoberritzea egin beharra.

1. Matarrasako mozketetan, mendiaren titularrak, edozein jabetza edo titularitate mota duela ere, soildutako terrenoak bi urteko epearen barruan basoberritu beharko ditu, eta galarazita egongo da behar den adina denboraz bertan abereak larratzea sortutako arboladiari kalterik ez egiteko.

2. Aurreko paragrafoan aipatzen den basoberritzeko betebehar horrek ez du eragotziko mendiaren antolamendu, artapen edo hobekuntzaren beharrez Baso Administrazioak bestelako erabakiak hartu ahal izatea, batik bat erabilera aldatzekoak, beti ere foru arau honetako 68. artikuluak xedatutakoa betez.

56. artikulua. Toki erakundeei jakinaraztea.

Baso Administrazioak aurreko artikuluetan aipatutako jakinarazpenen eta baimenen berri emango die toki administrazioei, udalek aldez aurretik ezagutu ditzaten beren udalerriko mendietan egingo diren jarduketak.

HIRUGARREN ATALA
Abereak larratzea herri onurako katalogoko mendietan

57. artikulua. Abereak larratzea katalogoko mendietan.

1. Ganadu larraketa, dauden larreak antolatzen eta aurrerako mantentzen saiatuta egingo da, baita basolarraketa intentsiboa ere, baina betiere arboladien artapen eta hobekuntzarekin bateragarria delarik.

2. Larratzea mendia birsortzeko edo basoberritzeko kaltegarria denean, arboladiaren eskakizunei emango zaie lehentasuna eta abereak mendian egotea mugatu edo, are, debekatu ahal izango da.

3. Modu berean jokatuko da terreno higagarrietan edo kutsa daitezkeen akuiferoen errekargako lekuetan, lurzorua eta ura artatzeko Baso Administrazioak mendiaren titularrari agin diezazkiokeen obrak edo lanak eragotzi gabe.

4. Mendian identifikatu gabe aurkitzen diren abereak jabe gabekotzat joko dira eta Foru Aldundiak edo mendiaren titularrak harrapatu eta eraman ahal izango ditu abere horien ardura bere gain hartuz edo gordailu hartzaile bat izendatuz hamabost eguneko epean zaindu ditzan, epe horretan jabeak berreskuratu ahal izango ditu, baldin eta abereen jabe dela egiaztatzen badu, betiere abereek eragindako gastu, kalte eta galerak ordaindu ondoren, eta ezar dakizkiokeen zigorrak eragotzi gabe. Aipatutako epe hori igaro ondoren, abereak enkante publikoan besterenduko dira. Antzeko prozedura jarraitu ahal izango da larratzeko eskubiderik ez duten identifikatutako abereen kasuan. Menditik eraman ezin diren abandonatutako abereak kentzeko 59.2 artikuluan aurreikusitako prozedura erabiliko da.

58. artikulua. Auzolarreak ustiatzea.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondareko mendietan eta herri jabarikoetan, beren ordenantzen arabera auzoz ustiatzen diren larreak baldin badaude, lehentasuna emango zaio jarduera nagusia nekazaritza duten edo tokiko nekazaritza elkarteko kide diren auzoen ganaduari, eta soberako larreak, halakorik bada, enkantean esleituko dira. Enkanteak aldez aurreko onarpen tramitea izango du, ezarritako Baldintzen Agiriaren arabera kudeaketa plan egokia duten proposamenak hautatzeko.

2. Auzolarreen ustiaketak Ustiaketa Planean sartu beharko dira, eta entitate titularra beharturik egongo da mendi bakoitzeko honako datuok ematera: Auzolarreen azalera osoa -larre hutsak eta basolarreak bereiztuta-, kanpaina horretan larrean egongo diren abelburuen kopurua -abere motak bereiztuta-, abereak larrera igotzeko eta jaisteko egutegia eta, bertako ordenantzen arabera, ustiaketei buruz eta bertan diren azpiegiturak -txabolak, bideak, edantokiak, eta abar- arrazoiz erabiltzeko dauden gainerako usadiozko arauak.

3. Katalogoko mendietako larre eta bideen Udal Ordenantzek nahitaezkoa den Baso Administrazioaren aldeko txostena eskuratu beharko dute.

4. Auzolarre eskubideak erabili ahal izateko, abeltzainek jabetzan nahiz frogatzeko modukoa den errentamenduan izan beharko dituzte teknikaren eta ingurumenaren aldetik abereentzat nahikoak eta egokiak diren lursailak eta/edo egonlekuak, bertan egon eta bazka baliabide propioekin elikatu ahal izateko abereak mendian larratu ezin diren urte sasoietan, larre ustiaketako espezieen hazkuntza geldituta dagoelako edota osasun arrazoiengatik berrogeialdia ezarri delako.

5. Larreak hobetu edo sortzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak egin ditzakeen inbertsioak erabilera ordenantzak onartu eta abeltzain elkarte bat sortzeko baldintzapean egingo dira.

6. Beren izaeragatik edo bestelako arrazoiengatik hamar urte jarraian erabili ez diren larreek auzoz ustiatzeko izaera galdu ahal izango dute. Larreak auzo ustiaketatik desatxikitzeko erabakia erakunde titularrak hartuko du, jendaurrean jarri eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren onarpena eskuratu ondoren.

59. artikulua. Ahuntzak eta txerriak larratzeko debekua eta abandonatutako azienda kentzea.

1. Erabat debekatua geratzen da ahuntz eta txerri azienda libre eta inolako kudeaketarik gabe larratzea Gipuzkoako Herri Onurako Katalogoko mendietan.

2. Mendi horietan abandonaturik dauden ahuntz aziendak kentzeko, entitate titularrak, erretiratu behar diren abereen jabeak identifikatu eta aurkitzeko modu guztiak agortu ondoren, ehiza legean aurreikusten dena erabiliko du eta, etxe animalien izaera galdu duen ehizatzat hartuko du. Hala, animaliok kentzeko ehizaldiak eskatuko ditu eta kasuan kasu Baso Administrazioak ezarritako baldintzen arabera gauzatuko ditu.

3. Antzeko prozedura erabili ahal izango da, salbuespen modura, herri onurakoak ez diren mendien kasuan, animali horiek sortutako alarma eta eragindako kalteak ikusita komenigarritzat jotzen bada. Horrelakoetan erakunde titularra dagokion udala izango da.

60. artikulua. Abereen errolda kontrolatzea eta nekazaritzako jarduera onak eskatzea.

1. Gipuzkoako Katalogoko mendietan larratzen den azienda guztia behar bezala identifikaturik eta Ustialekuen Erroldan sarturik egongo da, eta abereen osasunari eta mugimenduei buruz indarrean dagoen arautegia bete beharko du.

2. Abeltzain eta artzainek nekazaritzako jarduera onen erabilerari buruzko kudeaketarako baldintza eta beharkizunen araudia beteko dute larreen iraunkortasunari eutsi eta habitaten narriadura ekiditeko.

LAUGARREN ATALA
Herri onurako katalogoko mendien aisialdiko erabilera

61. artikulua. Herri onurako katalogoko mendien aisialdiko erabilera.

1. Mendiaren aisialdiko erabileratzat hartuko dira aisi eta astialdiko aktibitateak, sartzeko bidea eta zirkulazioa behar dutenak, eta ehiza eta arrantza aktibitateak, batzuetan aisiarako ez ezik ustiaketa ekonomikorako izan daitezkeenak eta herri ondasuntzat har daitezkeenak.

2. Baso Administrazioak, alor bakoitzaren eskumena duen herri administrazioarekin koordinatuta, herri mendien espazio jakin batzuk berorien artapenarekin bateragarriak diren aisia, heziketa, kultura, zientzia eta ikerketako jardueretarako kalifikatzea eta erabiltzeko egokitzea sustatuko du.

62. artikulua. Aisialdiko erabileretarako baldintzak.

Naturagune babestuetarako ezarritako araudi berezia eragotzi gabe, katalogoko mendietan gauzatuko diren aisialdiko jarduerek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:

  • a) Mendiak garbi eta gauza arrotzik gabe mantenduko dira eta bisitariak eta txangozaleak berak arduratuko dira sortzen dituzten hondakinak biltzeaz eta erretiratzeaz.
  • b) Debekatuta dago txangozaleek sua egitea berariaz egokitutako lekuetatik kanpo. Nolanahi ere, guztiz debekatuta dago sua piztea baldintza meteorologiko txarretan (haize handia eta lehorte luzea).
  • c) Debekatuta dago hots elementuak erabiltzea, soinua sortzen duten jarduerak egitea eta ohiko larre eremuetan zakurrak aske ibiltzea, erabiltzaileei enbarazurik ez sortzeko eta abereen nahiz basanimalien ohiturak ez eragozteko.
  • d) Mendian aisialdirako edozein ibilgailu, motoreduna nahiz bizikleta, erabiltzea edo aparkatzea baimendutako bideetan, askabideetan eta aparkaguneetan bakarrik egin ahal izango da, eta pertsonei eragozpenak sortuz gero erabiltzea mugatu edo debekatu ahal izango da zientzia, ekologia edo kulturako arrazoiengatik, sutea sortzeko arriskua dagoenean, abereei eragozpenak sor dakizkiekeenean edo, mendiak edozein tratamendu edo ustiaketa fasean daudela eta, segurtasunez edo kudeaketaren eraginkortasunez.

    Motordun ibilgailuak lautik gora karabanan zirkulatzea erabilera berezitzat joko da eta erakunde titularraren edo Baso Administrazioaren baimena beharko du.

  • e) Katalogoko mendietan kanpatzeko eskaera oro, dagokion araudi bereziaren arabera erregulatuko dena, Baso Administrazioari jakinarazi beharko zaio beharrezkoa den txostena egin dezan.
  • f) Astialdiko erabilerek beti libre eta oztoporik gabe utziko dituzte iturriak, urbegi eta errekak, arrantzan legez aritzen denean izan ezik, eta ezin izango da kanpaldirik egin iturri nahiz urbegietatik berrogeita hamar metrora baino gertuago, ez eta aipatu akuiferoen errekarga lekuetan ere.

II KAPITULUA
NATURAGUNE BABESTUETAKO MENDIAK

63. artikulua. Naturagune babestuetako mendien erregimena.

Naturagune babestuetan dauden mendiak foru arau honetan jasotako xedepenez arautuko dira ustiaketa baimenak tramitatu eta lortzeko, beren xede eta helburuetan naturaguneak babesteko espediente bereziek eraginda geratzea eragotzi gabe.

Naturaguneen babes eta kudeaketarako ezarritako ingurumen kalitateko mailak hartuko ditu Baso Administrazioak.

64. artikulua. Naturagune babestuetako mendiei buruzko neurriak.

1. Naturagune babestuen mugaketa, aitorpena, baliabideen antolamendu planak eta erabilera eta kudeaketa plan zuzendariak eta espezie mehatxatuei dagozkien kudeaketa planak egiteko espedienteetan, prozeduraren hasierako fasean, Baso Administrazioaren derrigorrezko txostena beharko da.

2. Erabilera eta kudeaketa plan zuzendarietan, foru arau honetan aurreikusitako baso plangintzako agiriak eta zehaztapenak jaso beharko dira, naturagune babestuetan dauden katalogoko mendiei dagokienez.

IV TITULUA
MENDIEN ARTAPENA ETA DEFENTSA

I KAPITULUA
PRINTZIPIO OROKORRA

65. artikulua. Printzipio orokorra.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Baso Administrazioak, Gipuzkoako mendien eta basolurren artapena eta defentsa bermatzea zainduko du, zoruaren higadurak, basogabetzeak, erabilera aldaketa arrazoitu gabeak, biodibertsitatearen galerak, ustiaketa desegokiak, izurrite eta gaitzek, baso suteek eta kutsadurak dakartzaten arriskuei aurre eginez.

II KAPITULUA
MENDIEN ARTAPENA ETA DEFENTSA

LEHENENGO ATALA
Mendien artapena

66. artikulua. Mendien artapena.

1. Gipuzkoako basoak beren luze-zabalera eta aniztasun osoan artatu behar dira, basoek dituzten babes, ekoizpen eta gizarte eginkizunak bete ditzaten.

2. Katalogoko mendien kasuan baso kudeaketak, aurreko puntuan adierazitako eginkizunak bermatzeaz gain, biodibertsitatea areagotu eta paisaia hobetzeko irizpideak hartuko ditu oinarri, Baso Administrazioaren eta mendien titularren arteko lankidetzaren bitartez.

67. artikulua. Basoberritze eta hobekuntza proiektuak azpiegiturek eragindako mendietan.

1. Azpiegiturak eta interes orokorreko lanak egiteko proiektuetan, katalogoko mendietako zuhaiztiei eragiten badiete, eragindako gunea basoberritzeko proiektua jaso beharko da, azpiegiturak sor dezakeen eragina gutxitu eta/edo konpentsatzearren.

2. Eragindako guneak basoberritzeko proiektuek Baso Administrazioaren onarpena beharko dute.

BIGARREN ATALA
Erabilera aldaketa

68. artikulua. Erabilera aldaketak.

1. Erabilera aldaketatzat hartuko da lurzoruaren egoera fisikoan edo dagoen landaretzan funtsezko aldaketa dakarren edozein jarduera, bai eta mendien edo baso lurren kalifikazioa aldatzen duen edozein erabaki ere. Edozein erabilera aldaketa egiteko, mendien titularrek baimena eskatu beharko diote Baso Administrazioari.

2. Katalogoko mendietan erabilera aldaketak egiteko 30.2 artikuluan mendiak hartu eta erabiltzeko aurreikusten den prozedura bera jarraituko da. Horrelakoetan, Baso Administrazioak epearen barruan erantzuten ez badu eskaera ezetsitzat hartuko da.

3. Katalogoan ez dauden mendietan, eskatzaileak dagokion baimena eskatu beharko du erabileraz aldatzeko arrazoiak behar adina zuritzen dituen memoria aurkeztuta, Baso Administrazioak irizpideak izan ditzan proposatzen den aldaketak mendian izan ditzakeen ondorio kaltegarriak eragozteko, leuntzeko edo kontrolatzeko.

4. Mendiaren lurzoruaren egoera fisikoa edo landaredia nabarmen aldatzen duten sute, ingurumenean eragindako kalte edo legez kanpo egindako mozketen kasuan, eragindako eremua lehengoratu egin beharko da. Horretarako, eragindako mendien titularrek proiektuak edo proposamenak idatziko dituzte, foru arau honetako V. tituluan aurreikusitakoaren arabera, Baso Administrazioak onar ditzan.

69. artikulua. Mendien zuzenbide arauak eta hirigintzako kalifikazioak.

1. Hirigintzako kalifikazioen ondorioz mendien erabilerak edo baso ustiaketak aldatzen badira, mendi izaera izaten segituko dute kalifikazio aldaketa irmoa egiten den arte.

2. Hirigintza plangintzako agirien arabera, herri jabariko mendiak eta mendi babesgarriak baso erabilerako lurzoru hiritarrezintzat hartuko dira eta hirigintza plangintzako txosten eta planoetan jaso beharko dira.

3. Hirigintzako agiri orokorretan edo horiek garatzeko, berrikusteko edo aldatzeko agirietan, plan berezietan, edota horiei dagokien aurrerapenetan, mendiei eta herri uraren zorguneetan dagoen landaretzari eragiten badiete, derrigorrezkoa izango da Baso Administrazioak irizpena ematea behin-behingoz onartu baino lehen.

Onartzeko jardunbidean behin-behineko onarpenik aurreikusten ez denean, informea behin betiko onarpenaren aurretik eskatu behar da, informea eskatu eta bi hilabete iragan aurretik ez delarik emango.

Baso Administrazioaren informe hori bete beharrekoa izango da herri jabariko mendiei edo mendi babesgarriei eragiten badie, baso lurren eremuari, kalifikazioari eta arauei dagokienez.

HIRUGARREN ATALA
Ur-basoen defentsa

70. artikulua. Ur-basoen defentsa.

1. Baso Administrazioari dagokio Gipuzkoako ur-basoen defentsa eta lehengoratzea. Hala, baso lurrak babesteko eta artatzeko, uharreak zuzentzeko eta zoru ezegonkorra finkarazteko behar diren proiektuak, plan teknikoak, lanak eta neurriak egin edo hartuko ditu, ur emariak erregularizatzearren eta urtegiak, komunikabideak edo antzeko xedeak babesten laguntzearren. Era berean, beste batzuekin batera jardungo du eskumen honetan, derrigorrezko irizpenaren sistemaren bitartez, beste herri administrazio batzuek alor honi eragiten dioten espedienteak sustatzen edo baimentzen badituzte.

2. Xede horiek betetzeko behar diren obrak edo lanak herri onurakotzat jotzen dira terrenoen derrigorrezko desjabetzerako, indarrean dagoen legeriaren arabera edota hori garatzeko Autonomia Erkidegoak ematen duenaren arabera, bai eta, foru arau honen 87. artikuluan aipatzen den nahitaezko basoberritzea, bidezko bada, terreno horiei ezarri ahal izateko.

3. Gipuzkoako Baso Administrazioak, mendi eta eremu jakin batzuk «ur-basoen babesgarritzat» jo ahal izango ditu, eragotzi gabe beste organo batzuk ere esku hartzea aitorpen horrek beren eskumenei eragiten badie.

4. Ur-basoak berritzeko proiektuak eta plan teknikoak onartzeko tramitazioan, kontutan hartu beharko dira alor horretan eskuduntza duen Ur-Administrazioa eta eragiten zaien mendi eta terrenoen titularrak. Behin onartu eta gero, haien zehaztapenak nahitaez bete beharrekoak izango dira, bai ustiaketen arauetan -larratzea barne dela- bai ur-basoak lehengoratzeko egiten diren obra eta lanetan.

5. Aurreko puntuan aipatutako plan eta proiektuen tramite, iragarpen, interesatuei entzute, onarpen eta gutxieneko edukiari buruzko guztia foru arau hau erregelamenduz garatzerakoan zehaztuko da.

71. artikulua. Ur-basoak zaintzeko laguntzak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, herri mendietan nahiz partikularretan lurzoruak artatzeko lanetarako bidezko deritzoten laguntzak eman ahal izango ditu. Laguntza horien erregulazioa, foru arau honen 86. artikuluan eta hurrengoetan basoberritzeari buruz eta 96. artikuluan baso lanen sustapenari buruz ezartzen denarekin bat etorriko da.

72. artikulua. Lur atxikipenak nahitaezkoak diren lanetarako.

Obra edo lan bereziak, hala nola, ur-hesiak, harri-lubetak, landaretzazko ainguraketak, kanalizazioak edo ur-basozaintzaren teknika eskatzen duen bestelako edozein egiteko terrenoak behar direnean desjabetu ahal izango dira, Katalogoko mendietan dauden terrenoak badira ere.

73. artikulua. Ur-basoei buruzko azterketak eta proiektuak.

Foru arau hau erregelamenduz garatzerakoan, atal honetan ur-basoei buruz ezarri diren xede orokorretarako behar diren azterketak nola egin eta proiektuak nola idatzi zehaztuko da.

III KAPITULUA
MENDIEN BABESA

LEHENENGO ATALA
Basoko izurriteak eta gaitzak eta airearen eta lurren kutsadura

74. artikulua. Baso Administrazioaren eginkizunak.

1. Baso Administrazioari dagokio Euskadi osorako erakundeek emandako arauak garatzea eta gauzatzea mendietako, enbor biltegietako eta bertatik ateratako produktuetako izurriteen eta gaitzen azterketa, zaintza, kokapen, eragin eremuaren mugaketa eta iraungipenari dagokionez, terrenoen eta bertako ekoizpenen jabetza eta ezaugarriak edozein direla ere.

2. Prebentzioaren alorrean, basoetako izurriteak eta gaitzak eragoztearren, tratamendu fitosanitario egokiak eta beharrezkoak diren basogintzako tratamenduak egiteko obligazioa dute mendi eta enbor biltegien titularrek, tratamendu fitosanitarioetan lehentasuna eman beharko diete produktu biodegradagarriei eta ekologikoei.

3. Aurreko zenbakian aipatutako betebehar hori titularrek egin ezean, Baso Administrazioak indarrean dagoen landare osasunari buruzko legeriak aurreikusten dituen nahitaez eginarazteko bitartekoak erabili ahal izango ditu.

75. artikulua. Jakinarazi beharra.

Mendien titularrek eta ustiatzaileek, mendi horietan diren izurrite eta gaitzen berri emateko obligazioa dute Baso Administrazioari.

76. artikulua. Hartutako neurriak gauzatzea.

1. Baso izurrite eta gaitzen aurka Baso Administrazioak hartzen dituen neurriak, eragindako terrenoen eta enbor biltegien titularrek gauzatuko dituzte.

2. Baso Administrazioak baso lurren jabeekin, herri erakundeak izan ala pribatuak izan, hitzarmenak sinatu ahal izango ditu baso izurriteak edo gaitzak aurrez zaintzeko edo iraungitzeko lanak egiteko; eta zuzenean gauzatu ahal izango ditu izurritearen edo gaitzaren kokapenak, eragin mailak edo hedadurak hala eskatzen badute.

77. artikulua. Laguntzak.

Izurrite edo gaitzaren larritasun edo zabalpenagatik Euskadi osorako erakundeen organo eskudunak tratamendua derrigorrez egin beharrekotzat jotzen duenean, eragindako guneen titularrek aurrez zaintzeko eta iraungiarazteko lanak behar bezala eta behar diren epeetan egin beharko dituzte eta horretarako foru arau honetan ezartzen diren laguntzak jaso ahal izango dituzte.

78. artikulua. Agente kaltegarrien jarraipena eta kontrola.

1. Baso Administrazioak, airearen kutsadurak basoetan sor ditzakeen ondorioen segimendua egin ahal izango du ezarritako arautegiaren arabera, basoetako kalteen azterketak eta basoen egoerari buruzko urteko balantzeak egiten laguntzearren.

2. Baso Administrazioari dagokio, baita ere, nekazaritza eta baso lurren kutsadura eragozteko ezarritako arautegia bete dadin begiratzea.

BIGARREN ATALA
Basoko suteak. Arrisku guneak

79. artikulua. Basoko suteak.

1. Baso Administrazioari dagokio, beste herri administrazioekin eta mendi titularrekin batera, mendia baso suteetatik babestea, aurrez zaintzeko, piztutako sua itzaltzeko eta su hartutako mendia lehengoratzeko egitekoetan.

2. Baso Administrazioari dagokio Foru Administraziotik nahiz Euskadi osorako erakundeetatik eratorritako babes neurriak gauzatzea; horien barruan egongo dira informazio eta heziketa jarduerak lantzea eta defentsarako neurriak ezartzeko erabakiak hartzea eta gauzatzea.

80. artikulua. Arrisku guneak.

1. Gipuzkoan basoko suteak izateko arrisku egoerak sortzen dituzten giro, geologia, urtaro eta leku ezaugarri bereziak aintzat hartuta, Diputatuen Kontseiluak «arrisku gunetzat» jo ahal izango ditu zenbait eremu, baldin eta baso suteen arriskuak eta mehatxatutako balioen garrantziak sute arriskutik babesteko babes neurri bereziak hartzea eskatzen badute.

2. Arrisku guneak izendatzeko foru dekretuan eta garapen arauetan, suteak aurrez eragozteko hartu beharreko neurriak, terrenoen titularrei emango zaizkien laguntza motak eta zenbatekoak eta neurri horiei eusteko bitartekoak zehaztuko dira.

81. artikulua. Suteak eragozteko neurriak.

1. Baso Administrazioak, landa inguruneko entitateei eta elkarteei entzun ondoren, ondorengo neurriak hartuko ditu basoko suteak aurrez eragozteko:

  • 1.1. Derrigorrez bete beharreko neurriak.
    • a) Nekazaritza, abeltzaintza eta baso ustialekuetan -enbor biltegiak barne direla- bete beharreko segurtasun arauak ezarriko ditu.
    • b) Suebakiak ireki eta artatzeko, arboladiak garbitzeko, sastrakadiak eta ustiaketa meharreko larreak kontrolatzeko, ur hartuneak, deposituak eta sarbideak eraikitzeko eta suteak aurrez eragoztearren mendia egokitzeko bestelako edozein bitarteko jartzeko oinarrizko arauak emango ditu.
  • 1.2. Izaera informatiboko neurriak.

    Basoko suteetarako arrisku mailak zehaztuko ditu, alde batetik mendien titularrek eta erabiltzaileek horien berri izan dezaten eta bidezkoak diren neurriak har daitezen, eta, bestetik, nekazaritzan eta basogintzan, txangozaletasunean edota bestelako jardueretan baso sutea sortzeko arriskua duten erabilerak mugatu ahal izan daitezen. Neurri horiek hedabideen bitartez zabalduko dira, jendeak ezagutu ditzan.

  • 1.3. Prestakuntza eta heziketa neurriak.
    • a) Zaintaldea hornitzea, prestatzea eta trebatzea sustatuko du landa inguruneko profesionalen erakundeekin elkarlanean, erakundeok lan hori bere kideen artean zabalduko dutelarik.
    • b) Beste herri administrazio, nekazaritza eta basogintzako profesional elkarte eta mendi federazio eta elkarte batzuekin batera, suteak aurrez eragozteko heziketa eta publizitate kanpainak bultzatzen eta zabaltzen lagunduko du, horretarako ahalik eta zabalkunderik handieneko bideak erabilita.

82. artikulua. Suteak eragozteko neurriak gauzatzea.

1. Ingurune naturalean eragina duten gaietan eskumena duten herri administrazioek sute arriskuak murrizteko neurriak hartuko dituzte, hala nola komunikabideetako areketan eta eragin guneetan, etxebizitza, fabrika eta bestelako eraikinen inguruko babesguneetan eta atsedenleku, zabortegi, zakartegi eta hondakindegietako mugetan landaredia eta sasiak garbitzea.

2. Garbiketa eta segurtasun neurri berak hartzera behartuak egongo dira titularrak, kontzesiodunak eta partikularrak sutea zabaldu dezaketen beren jabetzapeko edo mendeko hari elektrikoei, bideei, basoko pistei, enbor biltegiei, eraikinei, instalazioei eta terrenoei dagokienez.

3. Administrazioarenak nahiz kontratudun eta partikularrenak diren baso inguruetan ibili ohi diren ibilgailuak eta makinak su piztu berriak edo zabaldu gabeak itzaltzeko behar diren bitartekoez hornituta egongo dira.

83. artikulua. Erretako lur sailen baso izaerari eustea eta basoberritzea.

1. Erretako baso sailak berreskuratzea bermatzeko debekatuta gelditzen da mendiak edo baso sailak birkalifikatzeko erabakirik hartzea 30 urte gutxienez igaro arte.

2. Debeku horren salbuespena ezartzen da, baldin eta sutea izan aurretik, birkalifikatzeko aurreikuspena jasota bazegoen ondorengo agiriren batean:

  • a) Aldez aurretik onartutako planeamenduko agiri batean.
  • b) Onartzeko dagoen planeamenduko agiri batean, baldin eta ingurumen eraginaren azterketa aldekoa izan bada edo, hori nahitaezkoa ez den kasuan, jendaurreko informazio tramitea bete bada.

84. artikulua. Erreketak egiteko baimenak. Suaren aisialdiko erabilera ondareko mendietan eta mendi pribatuetan.

1. Jabetza publiko nahiz partikularreko finketan, nekazaritza eta basogintza lanen barruan sasiak, sastrakak edo zuhaitz mozketaren ondorengo zaborrak erretzeko, aldez aurretik Baso Administrazioaren baimena eduki beharko da, erreketak egiteko baldintzak eta badaezpada hartu beharreko neurriak zehazten dituena.

2. Ondareko mendietan eta mendi pribatuetan txangozaleek sua eginez gero katalogoko mendien aisialdiko erabilera arautzen duen 62 b) artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.

85. artikulua. Suteak itzaltzea.

1. Basoan sutea dagoela edo hasten dela ikusten duen pertsona orok ahalik eta azkarren itzaltzen saiatu behar du, sutaraino dagoen distantziak eta suaren indarrak uzten badiote; ezinezkoa badu, ahalik eta azkarren jakinaraziko dio eskumena duen Agintaritzari.

2. Basoko sutea itzaltzeko lana, Baso Administrazioko teknikarien eta basozainen zuzendaritzapean, inguruko zaintaldeen eta boluntarioen laguntzarekin eta Foru eta Udal Suhiltzaileen giza eta material baliabideen lankidetza estuarekin egingo da.

3. Baso suteak itzaltzeko lanetan, jardueraren ardura duen teknikariak agintaritzaren agente izaera izango du eta sua itzaltzeko baliabide publiko eta pribatuak mugiarazi ahal izango ditu jarduera plan baten arabera. Era berean, beharrezkoa izanez gero eta jabeen baimenik eskuratzerik ez izan arrean, erabaki dezake ekipoak eta baliabideak baso edo nekazaritzako finketan sartzea, bide pribatuetatik pasatzea, horma edo itxituretan zuloak egitea, ura erabiltzea, larrialdiko suebakiak egitea eta suebakien bidez aldez aurreko erreketak egitea, aurreikuspen normalen barruan suak harrapa ditzakeela irizten dion eremuetan.

4. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko du Aldundiko teknikari eta langileen defentsa juridikoa, suteak itzaltzeko lanetan emandako agindu eta gauzatutako jardueren ondorioz sortutako erantzukizunengatik jurisdikzio zibil nahiz penalean irekitako prozeduretan.

5. Zaintaldeak beren borondatez kide izan nahi duten eta homologaturik egongo diren lagunek osatuko dituzte eta tresneria eta jantzi egokiak izango dituzte. Prest egotea konpentsatzeko saria eta sortzen zaizkien gastuak ordainduko zaizkie, eta berariazko istripu aseguru bat ere izango dute. Zaintaldeak nola osatu eta saritzeko eta funtzionatzeko irizpideak foru dekretuz ezarriko dira.

6. Baso suteak eragoztearren, jagoletzan eta itzalketan laguntzeko zerbitzu egokiak itundu ahal izango ditu Foru Aldundiak Gipuzkoako Baso Jabeen Elkartearekin.

7. Foru Aldundiak mendian ari diren kontratudunei beren giza eta material baliabideekin sua itzaltzen laguntzea eskatu ahal izango die lanean ari diren lekutik gertu suteren bat pizten bada. Lagundu behar hori kontratu administratiboen baldintza berezietan aipatuko da, lan horri legozkiokeen tarifak xedatuz.

V TITULUA
MENDIAK BASOBERRITU ETA HOBETZEA ETA BASOLANAK SUSTATZEA

I KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

86. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Titulu honetan arautzen denaren bidez, herri mendiak nahiz partikularrenak sistema naturalez edo artifizialez basoberritzeko, berritzeko eta hobetzeko zereginetan esku hartuko du Baso Administrazioak, lurzoruaren, bertako animalia eta landareen aniztasunaren, ur baliabideen eta paisaiaren defentsa eta artapena zaintzearren.

2. Lurralde Historikoaren titularitateko mendietan, Baso Administrazioak sistema naturalez edo artifizialez basoberritzeko lanak eta hobekuntza tekniko, sozial eta ekonomikoak gauzatuko ditu.

3. Mendiak basoberritzeko lanetan Ingurumen Eraginaren Ebaluaketarako arautegia bete dadin zainduko du Baso Administrazioak.

4. Baso Administrazioak lankidetzarako neurriak hitzartu ahal izango ditu Gipuzkoako Basozaleen Elkartearekin, mendi partikularren antolamendua eta kudeaketa hobetzeko eta arrazoizkoago bihurtzeko.

87. artikulua. Nahitaezko basoberritzeak.

1. Herri onuraren eskakizunez Diputatuen Kontseiluak, bidezko txosten teknikoak egin ondoren, mendi edo alderdi jakin bat basoberritzeko proiektua herri onurakotzat jo ahal izango du; horrelakoak «nahitaezko basoberritzeak» izendatuko dira.

2. «Nahitaezko basoberritzea» onartzeak lan horiek egiteko behar diren lur sailak hartu beharrekotzat jotzea ekarriko du berarekin, indarrean dagoen Nahitaezko Desjabetzearen Legeak ezarritakoaren arabera.

3. Nahitaez basoberritu beharreko alderdian lehendik bestelako herri onuraren aitorpena duen zatirik balego, basoberritzeko proiektutik kanpo geratuko litzateke hori.

4. Edozein modutara ere, ebazpena hartu baino lehen, entzuteko tramitea eskainiko da bi hilabetez, eragindakoek alegazioak egin ahal izan ditzaten.

88. artikulua. Zerga onurak.

1. Basoberritzeko edo birsortzeko lanak egiten diren mendietan zerga onurak edukiko dira, indarrean dauden zerga arauetan xedatutakoaren arabera.

2. Horretarako, Baso Administrazioak ziurtagiri egokiak egingo dizkie interesatuei.

89. artikulua. Hobekuntza Planak.

1. Katalogoko mendien titularrak beharturik egongo dira beren mendietan ustiaketak baimentzerakoan Baso Administrazioak ezartzen dituen hobekuntza planak betetzera.

2. Hobekuntza planak gauzatzean, zenbait urtetako diru sarrerak metatu ahal izango dira hobekuntza jakin batzuk egitearren, urtero egitea komenigarritzat jotzen ez bada.

90. artikulua. Basoberritze baimenak eta kontrola.

1. Basoberritzerakoan titulu honetan aipatzen diren laguntzen artekoren bat eskuratu duten mendiak Baso Administrazioaren ikuskapenaren eta tutoretzaren mendean geratzen dira.

2. Basoko espezieak erabiliz basoberritze lanak egin nahi dituen mendi jabe orok Baso Administrazioaren baimena eskatu beharko du. Eskaera horretan Gipuzkoako Agrologia Motetako Mapari dagokion jarduera azalera adierazi beharko da, baita poligonoaren eta lurzatiaren katastroko erreferentzia ere, Nekazaritza Ustialekuen Erroldan jasota dagoen moduan; erabiliko den espeziea edo espezieak zehaztuz.

3. Bidezko iritzitako egiaztapen eta informeak egin eta hilabeteko epean, Baso Administrazioak baimena eman edo ukatu egingo du arrazoitutako ebazpenaren bidez.

4. Basoberritze lanetarako lur sailak prestatzeko erabiliko den makineria autopropultsatua lan horietarako baimendutako enpresen erroldan izena emanda dagoen enpresaren batek kudeatutakoa izango da eta Gipuzkoako mendien ezaugarrietara egokituta egongo da. Makineria baldintza atmosferikoak aldekoak direnean bakarrik erabiliko da mendiari, bideei eta komunikabideei kalterik ez eragiteko.

5. Tratamendu fitosanitarioetan erabiliko diren gai kimikoak legediak homologatu eta baimendutakoak izango dira eta baimendutako neurri eta moduan aplikatu beharko dira; tratamendu fitosanitarioetan lehentasuna eman beharko diete produktu biodegradagarriei eta ekologikoei.

91. artikulua. Basoen eta finka mugakideen arteko gutxieneko tarteak.

Basoberritze lanak egiten direnean, zuhaiztien eta finka mugakideen artean utzi beharreko tarteen arauak hartu beharko dira kontuan. Hala, bi aldeek ados jarrita bestelakorik erabaki ezean eta inguru horretan ohiturazko ordenantzak edo usadioak ez badaude, zuhaitzak ondoko finken mugatik gutxienez ondorengo tartea utzita aldatu beharko dira:

  • a) Basoen artean: 2 metro.
  • b) Muga baratza, larre edo fruitu arboladiekin denean:
    • 1. Eukaliptus motako zuhaitzak aldatzen direnean: 6 metro.
    • 2. Gainerako espezie hostozabaletakoak direnean: 4 metro.
    • 3. Koniferoak edo erretxinadunak direnean: 3 metro.
  • c) Muga landa etxe edo nekazaritza erabilerako beste eraikinekin denean: Gutxienez 40 m lineal eraikinetik.
  • d) Baso landaketak egin ondoren eraikitako etxebizitza edo nekazaritza eraikinen kasuan ezingo da aipaturiko tarte horiek gordetzeko eskatu, ezta egur mozketa egin ostean mendia basoberritzen denean ere.

II KAPITULUA
KATALOGOKO MENDIEN ETA MENDI BABESGARRIEN BASOBERRITZEA ETA HOBEKUNTZA

LEHENENGO ATALA
Baso Administrazioa partaide dela

92. artikulua. Basoberritze lanak Baso Administrazioa partaide denean.

1. Katalogoko mendietan eta mendi babesgarrietan, basoberritu eta hobetu daitezkeen terreno etzeak nahiz nekazaritzatik baztertuak diren edo aurreko hamar urteetan zuhaitz mozketaren bitartez ustiaketa ekonomikoa izan ez duten mendiak direnean, basoberritzeko lanak Baso Administrazioak berak egin ahal izango ditu bere kargura.

2. Era berean, katalogoko mendiak edo mendi babesgarriak naturagune babestuaren barruan edo berorren eragin gunean daudenean ere, Baso Administrazioak egin dezake basoberritzeko lana oso-osorik bere kargura.

3. Gainerako kasuetan, azkena egindako amaierako mozketan ustiatutakoaren izaera eta balioa eta terrenoa basoberritzeko lanen eta espezieen ezaugarriak kontuan hartuta, katalogoko mendien titular diren erakundeek, Baso Administrazioak egin beharreko basoberritze lanetarako, inbertsioaren %20tik %50era bitarteko zenbatekoa jarri beharko dute, dirua ordainduta edota, eskualdeko langileak erabiltzen baditu, lanaren zati bat beren gain hartuta.

4. Mendia basoberritzeko lanetarako eskualdeko landa ingurunean langilerik ez dagoelako enpresen beharra badago, kontratazioa Baso Administrazioak egingo du.

BIGARREN ATALA
Baso Administrazioa partaide ez dela

93. artikulua. Basoberritze eta hobekuntza lanetan Baso Administrazioa partaide ez denean.

Katalogoko mendien jabe diren herri erakundeek beren mendietako basoberritze edo hobekuntza lanak egin ditzakete bere kargura nahiz hirugarren baten lankidetzarekin, horretarako gauzatzen dituzten proiektu edo hitzarmenak Baso Administrazioaren onarpena jaso ondoren. Era berean, 96. artikuluan baso lanak sustatzeko aurreikusten diren laguntzak eskuratu ahal izango dituzte.

94. artikulua. Proiektuak edo hitzarmenak eta Baso Administrazioaren eginkizunak.

1. Basoberritzeko edo hobetzeko lanetarako proiektuak edo hitzarmenak onartu ondoren, bertan xedatutakoaren arabera gauzatuko dira lanak. Proiektu horiek gaian aditua den baso teknikari batek idatzi beharko ditu.

2. Baso Administrazioak basoberritzea edo hobekuntza baimentzen den terrenoen gainean bere eskumena mantenduko du eta egiten diren lanak eta ustiaketak zainduko ditu, hitzarmenen edukia eta baso araudian ezarritakoa bete daitezen.

95. artikulua. Proiektu edo hitzarmenen edukia.

1. Martxan jartzen diren proiektu edo hitzarmenek zuhaitz estalduraren iraunkortasuna bermatu beharko dute burutzen direnerako, bai basoberritze naturala eraginez bai basoberritze artifiziala -erabatekoa edo haren osagarria - eginez, kasu batean zein bestean irizpide tekniko egokien arabera. Xede hori betetzeko, proiektu edo hitzarmenetan bertan burutu behar diren jarduerak zehaztuko dira, eta, edozein modutara ere, espero diren amaierako ustiaketen zenbatekoekin helburu hori betetzeko asmoa jasoko da.

2. Aurreko paragrafoan ezarritakotik salbuetsita geratzen dira funtsezko oinarria duten arrazoi tekniko, ekologiko, sozial edo ekonomikoengatik bestelako neurriak hartzea komeni den kasuak, bai eta foru arau honetako 68. artikuluan xedatutakoaren arabera baimendutako erabilera aldaketa dutenak ere.

III KAPITULUA
BASO LANAK SUSTATZEA

96. artikulua. Baso lanak eta ekintzak sustatzea.

1. Foru Aldundiak laguntza teknikoa eta diru laguntzak eman ahal izango dizkie herri erakundeei, erakunde pribatuei edota partikularrei, bakarka edo elkartuta, beren jabetzapeko mendietan nahiz foru arau honen ondorioetarako menditzat hartutako nekazaritza lur baztertuetan, besteak beste, mendien zeregin ekonomiko, ekologiko eta sozialak zaindu eta ugaritzen lagun dezaketen ondorengo inbertsioak, ekintzak edo lanak egiteko asmoa badute:

  • a) Basoberritze lanak, lan horiei dagozkien gastu guztiak barne.
  • b) Basozaintzako tratamenduak, hala nola sasiak garbitzea, bakanketak eta soiluneak egitea, kimatzea, hazkundeko adar mozketak egitea, kimuak hautatzea, espezie hostozabalen basobera baso garai edo tantaidi bihurtzea eta basoak baso larratzerako prestatzea.
  • c) Baso suteak prebenitu eta egur mozketaren hondarren biomasa aprobetxatzeko lanak, zorua hobetzeko substratuak sortzeko, indarra sortzeko errekina egiteko edo bestelako xedeetarako, adar eta hondar horiek zuzenean erre daitezen eragozteko, horren bitartez energia berriztagarrien erabilera areagotuz eta eraginkortasun energetikoa hobetuz.
  • d) Tratamendu fitosanitarioak, basoetako gaitz eta izurriteen aurkakoak.
  • e) Espezie bakarreko zuhaiztietan, lehendik daudenetan nahiz aldatu berrietan, baso aniztasuna eta baso sistemen biodibertsitatea eta paisaia zaindu eta hobetzeko lanak.
  • f) Azpiegitura eta hobekuntzetarako inbertsioak, hala nola basoko pistak, baso ekoizkinetarako aterabideak, ur hartuneak eta su-bitarteak egitea.
  • g) Nekazaritza-basogintza ingurunean zuhaitzak zaindu eta hobetzea, zuhaitz ilarak edo arboladiak bideetan, erreketan, haizearen aurkako hesietan, finkak bereizteko heskaietan eta bestelakoetan berreskuratzeko denean eta, hala, landa ingurunean paisaia ontzen eta enplegua, ekologi aberastasuna eta aniztasuna handitzen badira.
  • h) Herri ondareko mendien edo mendi pribatuen kudeaketa eta ustiaketa moduei ezarritako mugapenengatiko konpentsazioak.
  • i) Herrien eta irabazirik gabeko erakundeen baso ondarea eratu edo areagotzeko mendi erosketak, baldin eta basoaren sustapena eta kudeaketa iraunkorra eta izadia zaintzea helburu badute.
  • j) Basoak antolatu eta hobetu eta ingurunea zaintzeko eta ziurtagiria duten basoetako gaien erabilera sustatu eta bertako produktuak ekoitzi eta merkaturatzeko azterlanak, proiektuak eta planak.

2. Laguntza izan dezakete, baita ere, egurra basotik ateratzeko, arrastaka eramateko, zuritzeko, xehatzeko eta mendian garraiatzeko makineria eta basoberritze lanak egin aurretik lurra prestatzeko makineria erosteak eta egokitzeak.

3. Erregelamenduz zehaztuko dira laguntzen onuradunek bete behar dituzten baldintzak, mendi, finka edo ustialekuen ezaugarriak, egin beharreko inbertsio edo lanen ezaugarri teknikoak eta laguntzen zenbatekoak, lehentasuna izango dutelarik mendi bat baino gehiago elkarturik taldean aurkezten diren proiektuek edo proposamenek.

Ikusi, 2008ko abenduaren 9ko 77/08 Foru Dekretua [GIPUZKOA], Gipuzkoako basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko laguntza arauak ezartzen dituena («G.A.O.» abenduak 17)

VI TITULUA
BASO PLANGINTZA

I KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

97. artikulua. Baso plangintzaren oinarri nagusiak.

Baso Administrazioak Gipuzkoako mendien ingurumen, ekonomia eta gizarte alderdia modu iraunkorrean bultzatzeko beharrari erantzungo dion plangintza egingo du, mendiaren fisonomia hobetzea, duen aniztasun biologikoa lurzoruen artapena eta ur-hezetasunen maila eta kalitatea ahalbidetzea eta landa enplegua eta atseden, heziketa eta zientzia zerbitzuen eskaintza bultzatzea xedetzat hartuta, betiere aintzat hartuta akordio eta arteztarau paneuroparretan eta Europar Batasunaren eta Euskal Autonomia Erkidego osorako erakundeen baso estrategiako ebazpen, hitzarmen eta protokoloetan emandako gomendioak.

98. artikulua. Baso antolaketarako jarraibideak.

Baso Administrazioak, bere eskumenaren eremuan eta ingurune naturalean eragina duten gaietan eskumena duten gainerako herri administrazioekin eta mendien titularrak diren erakunde eta partikularrekin lankidetzan, ondorengo xedeak betetzera zuzenduko ditu bere jarduerak:

  • 1. Arboladiak dituzten mendien aniztasuna eta iraupena bermatzea, baso lurraldea eta ekologi eta paisai ingurunea mugatuz, antolatuz eta egituratuz.
  • 2. Izadia errespetatuko duen eta ondasun eta zerbitzuen hornidura iraunkor eta igarrian eraginkorra izango den baso kudeaketa iraunkor baterako jarraibideak ezartzea.
  • 3. Baso lurraldea behar diren komunikazioko, aurrezaintzako eta defentsako azpiegiturez eta ikerketarako, informazio iraunkorrerako eta prestakuntza teknikorako egitura malguez hornitzea.
  • 4. Egurra erabiltzen duen sektorea trinkotzea, ahalbiderik handiena -lehen aipatutako helburuekin bat datorrena- izan dezan enpresaritzaren jarduna erraztuta.
  • 5. Basogintza landa eta hiriko gizartearekin uztartzea, ingurumenarekiko eta basoekiko kultura sortuta.

II KAPITULUA
BASO BALIABIDEEN ANTOLAKETA PLANAK (BBAP) ANTOLAKETA PROIEKTUAK ETA BASO KUDEAKETA IRAUNKORREKO PLAN TEKNIKOAK (BKIPT)

99. artikulua. Horrelako planen beharra.

1. Alde batetik baso inguruneak ezaugarri bereziak dituenez eta zuhaitzen hazkuntza zikloak konplexuak, hauskorrak eta luzeak direnez gero, eta, bestetik, inguratzen duen eta, neurri handi batean, beraren mendean dagoen eremu sozio-ekonomikoak dituen ezaugarriak dituenez, mendietan izan beharreko esku hartzea plangintza agiriak eta baso antolaketarako jarraibideak zehatz-mehatz beteta moldatu behar da, eta eragindako agente guztiak partaide direla eta mendietatik eratorritako ondasun eta zerbitzuen eskari/eskaintzak landa ekonomiara itsasten saiatuta antolatu behar da denboran eta espazioan zehar.

Horretarako, antolatu beharreko baso gunearen eta lurren ezaugarriak kontuan hartuta, baso baliabideen antolaketa planak (BBAP), baso antolaketako proiektuak edo baso kudeaketa iraunkorreko plan teknikoak beharko dira.

2. Baso antolaketako proiektuak nahiz kudeaketako plan teknikoak gai horietan adituak diren baso teknikariek idatzi beharko dituzte eta naturagune babestuen kasuan baliabide naturalen antolaketa planek eta erabilera eta kudeaketa plan gidariek xedatutakora egokitu beharko dute. Era berean babestutako flora eta fauna espezieak eta paisaia babesteko irizpideak eta arauak bete beharko dituzte.

100. artikulua. Baso Baliabideen Antolaketa Planak (BBAP).

1. Baso Administrazioak baso plangintzako tresna gisa baso baliabideen antolaketa planak (BBAP) prestatu ahal izango ditu, eta lurraldearen antolaketa eta kudeaketaren barruan kontuan hartu beharreko agiria izango da.

2. Plan horien edukia nahitaezkoa eta betearazlea izango da foru arau honetan araututako gaietan. Halaber, balio orientagarria izango dute lurralde plangintzako gainerako tresna, jarduera edo alorreko programei dagokienez.

3. BBAPen lurralde eremua ezaugarri geografiko, sozioekonomiko, ekologiko, kultural edo paisajistiko homogeneoak dituzten eskualde mailako edo baliokideko baso sailek osatzen dute.

4. BBAPen idazketa lanetan baso teknikari aditu batek parte hartu beharko du eta Diputatuen Kontseiluaren foru dekretu bidez onartu beharko dira. Planak, besteak beste, ondorengo xedapen eta elementuak jaso beharko ditu:

  • a) Lurralde eremuaren mugapena, ingurune fisiko eta biologikoaren ezaugarriak eta planaren helburuak.
  • b) Lurraldea erabilera eta gaitasunen arabera banatzea: Agrologia motak, planak hartzen duen eremuaren barruan dagoen baso ekosistema osoaren eta dauden paisaien deskribapena eta azterketa, egun dituen erabilera eta ustiaketak, auzo edo elkarte izaerakoak barne, baita babestekoak diren elementuak ere, herri erabilerako bide sarea eta abelbideak barne hartuta.
  • c) Zuzenbide eta administrazio alderdiak: Titularitatea, katalogoko mendiak, mankomunitateak, jabe eta erabiltzaile elkarteak, antolaketa proiektuak edo indarrean dauden bestelako plangintza eta kudeaketa tresnak.
  • d) Ezaugarri sozioekonomikoak: Demografia, espezializatutako eskulana, baso industriak eta baso zerbitzuetako enpresak.
  • e) Planean zehaztutako helburuak betetzeko beharrezkoak diren ekintzen plangintza, biodibertsitatearen zaintza kontuan hartuta eta egur nahiz larre ustiaketaren aurreikuspenak, basoberritze lanetarako aurreikuspenak eta baso sailak zaindu eta hobetzeko jarduerak jasoz, baita bide eta baso pista berriak irekitzeko, ur-basoak berritzeko, baso suteak prebenitu eta itzaltzeko, aisia erabilera arautzeko eta mendiak antolatzeko aurreikusitako obrak eta inbertsioak ere, beharrezkoa denean, ehiza, larre eta mikologia antolaketa ere barne hartuz.
  • f) Planaren jarraipena, kontrola, eta ebaluaketa egiteko oinarrizko irizpideak eta plana berrikusteko epeak.
  • g) Programatutako ekintzetarako aurreikusten diren kostuak.

5. Plan horiek prestatzerakoan kontsulta egin beharko zaie toki erakundeei, nekazaritza sindikatuei, baso jabe pribatuei, eraginda gerta daitezkeen bestelako erabiltzaileei eta interesdunak izan daitezkeen gainerako gizarte eta erakunde eragileei; era berean jendaurrean jartzeko tramiteak bete beharko dira.

6. Baso Baliabideen Antolaketa Planak (BBAP) hartzen duen lurralde eremu bera hartzen duen Natura Baliabideen Antolaketa Plana (NBAP) egonez gero, NBAPk BBAPren izaera eduki ahal izango du, baldin eta Baso Baliabideen Antolaketa Planaren helburuak eta xedapenak biltzen baditu eta Baso Administrazioaren aldeko irizpena jasotzen badu.

101. artikulua. Baso antolaketako proiektuak.

1. Baso antolaketako proiektuak kudeaketa antolatzeko sistema dira, mendi bakarra edo mendi multzo bat har dezakete eta baso kudeaketa iraunkorraren plangintzaren funtsezko oinarri dira; hala, egintza dasokratiko orokorrekoak edo mugatukoak izan daitezke, egoera bereziagatik bestelako epea komeni ezean hamar urteko iraupena izango dute eta hamarkada bakoitzaren buruan berrikusi egingo dira.

2. Egintza dasokratiko orokorrekoak, eremu zabal bateko beharrak ase behar dituzten ekoizkinak eta erabilerak, besteak beste egurrezkoak, abeltzaintzakoak eta astialdikoak, eskaintzen dituzten mendietan egingo dira.

3. Egintza dasokratiko mugatukoak, berriz, isolaturik daudelako, garrantzi murritza dutelako edo duten ohian egoeragatik antolaketa orokorra behar izateko adinakoak ez diren mendietan edo mendi multzoetan egingo dira.

4. Baso antolaketako proiektuak Baso Administrazioaren ardura duen Departamentuak emandako foru aginduaren bidez onartuko dira. Katalogoko mendien kasuan, Baso Administrazioaren onarpenaz gain, erakunde titularrarena ere beharko da.

102. artikulua. Baso antolaketako proiektuen edukia.

Baso antolaketako proiektuek, gutxienez, honako xedapen hauek izango dituzte:

  • a) Alde batetik, mendiak dituen ezaugarri eta ondasunak eta zerbitzuak sortzeko dituen ahalbide guztiak, eta, bestetik, ustiatzeko dituen murrizpenak, arriskuak eta mugak agertzen dituzten analisien eta zerrenden multzoa.
  • b) Basogintzarako politikak ematen dituen jarraibideak, mendiaren titularrak egiten dituen iradokizunak eta dituen beharrak eta lehendik mendian egin diren lanetan izandako esperientzia kontuan hartuta, epe luzerako helburua eta antolaketa aldirako jokabideak zehazteko eta programatzeko aukera emango duen sintesia.
  • c) Ekonomia eta finantza alderdien balantzea, behin-behinekoa, programatutako lan horiek ustiaketetan, erabileretan eta diru sarreretan izango dituzten emaitzak eta lanak egiteko behar diren bitartekoak, gastuak eta inbertsioak azalduko dituena.

103. artikulua. Baso Kudeaketa Iraunkorrerako Plan Teknikoak (BKIPT).

1. Baso Kudeaketa Iraunkorrerako plan teknikoek herri ondareko mendietan, babesgarrietan eta mendi partikularretan dauden ustiagaiak eta erabilgaiak eta horien banaketa zehaztuko dituzte, mendiak ustiatzeko, artatzeko eta hobetzeko sistema gisa. Era berean, basoak nola berrituko diren adieraziko dute; hala, teknika naturalen bitartez denean zuhaitz mozketak egingo diren lekuak eta kopuru edo intentsitate egokiak zehaztuko dira, eta teknika artifizialak erabiltzen direnean, berriz, basoberritzeko lanen ezaugarriak eta erritmoa.

Baso ziurtagiria eskuratu nahi duten herri ondareko mendietan, babesgarrietan nahiz mendi partikularretan nahitaezkoak izango diren baso kudeaketa iraunkorrerako plan teknikoen helburu nagusiak izango dira mendiaren iraunkortasuna eta behar bezalako berritzea, ustiaketen alderdi ekonomikoak eta kudeaketa iraunkorrak eskatzen dituen ingurumen eta gizarte alorreko irizpideak bateratuz.

2. Baso kudeaketa iraunkorreko plan teknikoak nahitaezkoak izango dira mendietan edozein jarduera egiteko, baldin eta partzela bakarrean 20 hektareatik gorako lur azalera, edo titular beraren hainbat partzelen artean 35 hektareatik gorako azalera hartzen badute. Plan horiek hamar urterako idatziko dira hazkuntza azkarreko espezieen kasuan eta 20 urterako hazkuntza ertain edo mantsokoen kasuan.

  • a) Baso Kudeaketa Iraunkorreko Plan Teknikoaren indarraldia amaitzen denean, luzatu ahal izango da, berrikuspena egin ondoren, 10 urteko beste aldi baterako hazkuntza azkarreko espezieak direnean, edota beste 20 urterako hazkuntza ertain edo mantsoko espeziek direnean.
  • b) Egiaztatutako arrazoiak daudenean, baso kudeaketa iraunkorreko plan teknikoak indarraldia amaitu aurretik berrikusi ahal izango dira, titularrek hala eskatuz gero.
  • c) Planean aurreikusitako jardueraren baten funtsezko aldaketa egin aurretik Baso Administrazioari jakinarazi beharko zaio.
  • d) Baso Administrazioak plana indargabetu dezake bertan jasotako jarduerei buruzko ez betetze larriak edo jakinarazi gabeak gertatu direla antzemanez gero.

3. Baso kudeaketa iraunkorreko plan teknikoek gutxienez ondoren zehazten diren puntu hauek jaso beharko dituzte: Planak hartzen dituen finka edo finken identifikazio datuak; finkaren eta ingurune fisiko eta naturalaren deskribapen legala eta administratiboa; katastroko lurzatien identifikazioa jasotzen duen kartografia; ustiaketa eta jardueren programa, eta ingurumen eraginaren azterketa, aplikagarria den araudiaren arabera beharrezkoa den neurrian.

4. Baso kudeaketa iraunkorreko plan teknikoak Baso Administrazioaren ardura duen Departamentuak emandako foru aginduaren bidez onartuko dira.

VII TITULUA
ZIGOR ARAUAK

I KAPITULUA
URRAKETAK

104. artikulua. Tipifikazioa.

Mendi alorreko urraketa administratibotzat hartuko dira ondorengo hauek:

  • 1. Katalogoko mendietan, zuhaiztietan eta bertako eraikuntza eta azpiegituretan aldaketak, kalteak eta isurketak egitea.
  • 2. Katalogoko mendietan 24 eta 25. artikuluetan aipatutako zedarri, seinale eta mugarriak aldatzea.
  • 3. Nahitaezkoa den baimenik gabe 30. artikulutik 32.era bitartean aurreikusitako okupazioak eta erabilerak egitea eta obretan erabilitako makinak, materialak eta gaiak mendian uztea.
  • 4. 44 eta 53. artikuluetan aurreikusitako ustiaketak egitea behar diren baimenak eskuratu gabe, beharrezkoak izanez gero, edo Baso Administrazioak zehaztutako baldintza tekniko eta administratiboak bete gabe, edo 44. artikuluko 3, 4, 5, 6 eta 7 puntuetan aurreikusitakoa aintzat hartu gabe.
  • 5. Baso pistak egitea Baso Administrazioak jarritako baldintzak bete gabe, 44.4 artikuluan xedatutako moduan.
  • 6. Katalogoko mendien ustiaketa lanak hastea horretarako Baso Administrazioak, 51. artikuluan xedatzen den moduan, eman beharreko baimena eduki gabe.
  • 7. Ondareko mendietan eta mendi partikularretan ustiapen lanak egiteko Baso Administrazioak, 52. artikuluan xedatzen den moduan, ezarritako betebeharrak eta mugapenak ez betetzea.
  • 8. 54. artikuluan xedatutakoaren arabera, ustiaketak egiteko Baso Administrazioak jarritako mugapenak eta zehaztapenak ez betetzea.
  • 9. 55. artikuluan ezarritako basoberritu beharra ez betetzea edo mendia basoberritzeko Baso Administrazioak emandako aginduak edo baldintzak bete gabe uztea.
  • 10. 57. artikuluan jasotakoa betez, Baso Administrazioak larraketarako ezarritako mugak ez betetzea.
  • 11. Katalogoko mendietan larre ustiapena eta esleipena egitea 57 eta 58. artikuluetan xedatutakoa bete gabe.
  • 12. Ahuntz eta txerri azienda libre eta inolako kudeaketarik gabe larratzea Herri Onurako Katalogoko mendietan, 59. artikuluan xedatzen den moduan.
  • 13. 60. artikuluan xedatzen den moduan, abereak kontrolatzeko arauak eta nekazaritzako jarduera onak urratzea.
  • 14. 62. artikuluan astialdirako ezarritako erabilera baldintzak ez betetzea (ibilgailuak erabili eta aparkatzea, sua egitea, hots elementuak erabiltzea, kanpatzea, iturri, urbegi eta errekak zaintzea, etab.).
  • 15. 67. artikuluan xedatutakoa ez betetzea, azpiegiturak eta interes orokorreko lanak egiteko proiektuek katalogoko mendiei eragin diezaieketenean.
  • 16. Mendietan erabilera aldaketak egitea 68. artikuluan jasotako baimenak izan gabe eta eragindako eremua lehengoratzeko proiektu edo proposamenik ez aurkeztea 68.4 artikuluan aurreikusitako kasuetan.
  • 17. Ur-basoen mendi edo eremu babesgarriak izendatzerakoan ezarritako eginbeharrak, 70 eta 73. artikuluetan aipatutakoak, ez betetzea.
  • 18. Basoetako izurriteak eta gaitzak eragozteko 74. artikuluan aurreikusten diren prebentzio neurriak hartzeko obligazioa ez betetzea.
  • 19. 76 eta 77. artikuluetan aurreikusitakoa betez basoetako izurriteen eta gaitzen aurka hartutako neurriak ez betetzea.
  • 20. Erreketak edo sua baimenik gabe egitea eta, oro har, basoan sutea piztea eragin dezakeen edozein egintza edo egintzarik eza. Hor barruan sartzen da Baso Administrazioak 81, 82 eta 84. artikuluetan ezarritakoa betez suteak aurrez eragozteko ezarritako neurriak ez hartzea, eta suterik egonez gero 85.1 artikuluan zehazten den moduan abisurik ez ematea, bai eta 85.7. artikuluaren arabera mendian ari diren kontratudunek laguntzeko duten obligazioa ez betetzea ere.
  • 21. Suak erretako mendiak edo lursailak birkalifikatzea 30 urte igaro aurretik, 83. artikuluan xedatutakoa urratuz.
  • 22. Baso espezieekin basoberritze lanak egitea eta makineria eta produktu fitosanitarioak erabiltzea behar den baimena eduki gabe edo 90. artikuluan xedatutakoa bete gabe.
  • 23. Baso baliabideen antolaketa planetan, baso antolaketako proiektuetan eta baso kudeaketa iraunkorreko plan teknikoetan aurreikusitako zehaztapenak ez betetzea.
  • 24. Mendiari eragindako kalteak lehengoratu eta konpontzeko emandako xedapenak eta hartutako neurriak ez betetzea, ez eta kautelazko neurriak ere.
  • 25. Baso lurretan baimendu gabeko hondakin isurketak egitea.
  • 26. Foru arau honetako xedapenei eta berau garatzen duten dekretuei dagokienez, basozaintzak egindako ikerketa, ikuskapen eta kontrol jarduerak egitez edo ez-egitez eragoztea, eta 85.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, sute itzalketaren teknikari arduradunak gauzatu behar dituen egintzak oztopatzea.
  • 27. Baso Administrazioari mendien salmenta ez jakinaraztea 38. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
  • 28. 75. artikuluan xedatutako moduan, basoetako izurrite eta gaitzen berri emateko obligazioa ez betetzea.
  • 29. 91. artikuluan zehazten diren basoen eta finka mugakideen arteko gutxieneko tarteak ez errespetatzea.
  • 30. Foru arau honetan zehaztutako betebeharrak edo debekuak guztiz edo zati batean ez betetzea.
  • 31. Publizitate estatikoa, Baso Administrazioak esanbidez baimendutakoa izan ezik.

105. artikulua. Sailkapena.

1. Urraketa oso larriak izango dira 104. artikuluan tipifikatutakoak eta mendien aldaketa eragiten dutenak, horiek konpondu edo lehengoratzeko hamar urtetik gora behar izanez gero eta kostua 200.000 €-tik gorakoa bada.

2. Urraketa larriak honako hauek dira:

  • a) 104. artikuluan tipifikatutakoak eta mendien aldaketa eragiten dutenak, horiek konpondu edo lehengoratzeko hamar urtetik gora behar izanez gero eta kostua 2.000 eta 200.000 € artekoa bada.
  • b) 104. artikuluan tipifikatutakoak eta mendien aldaketa eragiten dutenak, horiek konpondu edo lehengoratzeko sei hilabete baino gehiago baina hamar urte baino gutxiago behar izanez gero eta kostua 2.000 €-tik gorakoa bada.
  • c) Sutearen berri ez ematea, 104.20 artikuluan tipifikatutakoa.
  • d) Mendian ari diren kontratudunek laguntzeko duten obligazioa ez betetzea, 104.20 artikuluan tipifikatutakoa.
  • e) 104.26 artikuluan tipifikatutakoa.

3. Urraketa arinak honako hauek dira:

  • a) 104. artikuluan tipifikatutakoak eta mendien aldaketa eragiten dutenak, basoan inolako kalte edo galerik eragiten ez bada, edo lehengoratzeko kostua 2.000 €-tik beherakoa bada, edo kalteak konpontzeko sei hilabete baino gutxiago behar izanez gero.
  • b) 104.27 artikuluan tipifikatutakoa.
  • c) 104.28 artikuluan tipifikatutakoa.
  • d) 104.29 artikuluan tipifikatutakoa.
  • e) 104.30 artikuluan tipifikatutakoa.

106. artikulua. Urraketen erantzuleak.

1. Foru arau honetan aurreikusten diren urraketen erantzule izango dira tipifikatutako egintza hori bere kabuz, beste batzuekin batera edo bitarteko gisa baliatzen duten beste norbaiten bidez gauzatzen duten pertsona fisikoak edo juridikoak.

2. Bereziki, urraketen erantzule izango dira:

  • a) Urraketa gauzatzen duten pertsonak.
  • b) Urreketa agintzen duten pertsonak, gauzatzaileek haiekiko kontratu bidezko edo izatezko lotura dutenean, baldin eta agindua eman zuenarekiko mendekotasuna frogatzen bada.
  • c) Urraketa egiten laguntzen duten pertsonak, urraketa gertatzeko nahitaezkoa den ekintza bat eginez.

3. Urraketa gauzatu duten pertsona ezberdinen parte hartze maila zehaztea ezinezkoa bada, erantzukizuna solidarioa izango da, erantzukizunei aurre egin diotenek gainerako parte hartzaileen aurrean errepetitzeko duten eskubidea eragotzi gabe.

107. artikulua. Urraketen preskripzioa.

1. Urraketa oso larriak bost urteko epean preskribituko dira, larriak hiru urteko epean eta arinak urtebetean.

2. Preskripzio epea urraketa egiten den egunetik aurrera hasten da.

3. Preskripzio epea etenda geldituko da, interesatua jakinaren gainean jarrita, zigor prozedurari hasiera ematen zaionean.

Preskripzio epea berriz hasiko da ustez erantzulea den pertsonari egozterik ez dagoen arrazoiagatik prozedurak hilabeteko etenaldia betetzen duen biharamunetik aurrera, edo erantzukizun deklaraziorik gabe prozedura amaitutzat ematen den biharamunetik aurrera.

Prozeduraren xedea erdiesteko jardueraren bat egiten ari bada, xede horretara arrazoizko neurrian egokitzen dena, ezingo da prozedura eten, baldin eta jarduera hori organo eskudunak erabaki badu eta behar bezala dokumentatuta badago.

II KAPITULUA
ZIGORRAK

108. artikulua. Zigortzeko ahalmena.

Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio foru arau honetan aurreikusitako urraketak zigortzea, eta Baso Administrazioaren ardura duen Departamentuko organoak gauzatuko du ahalmen hori Departamentuko egitura organikoa eta funtzionala onartzen duen Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

109. artikulua. «Non bis in idem».

Auzibidean nahiz administrazio bidean zigorra jaso duten egintzak ezingo dira berriz zigortu, baldin eta subjektu, egintza eta oinarri berak badituzte.

110. artikulua. Sailkapena.

1. Titulu honetan tipifikatutako urraketei ondorengo isunak ezarriko zaizkie:

  • a) Urraketa arinengatik, 100 eta 1.000 euro arteko isuna.
  • b) Urraketa larriengatik, 1.001 eta 100.000 euro arteko isuna.
  • c) Urraketa oso larriengatik, 100.001 eta 1.000.000 euro arteko isuna.

2. Isuna ezartzearekin batera baliogabetu edo iraungi daiteke urraketa eragin duten jarduerak gauzatzeko gaikuntza agiria.

111. artikulua. Proportzionalitatea.

Aurreko artikuluan zehaztutako mugen barruan, zigorrak ezartzerakoan kontuan hartuko dira ondorengo baldintzak:

  • a) Zenbaterainoko kaltea eragin den.
  • b) Erru maila edo nahita egindakoa izan den.
  • c) Berrerortzea, urraketa izaera bereko aurreko urraketaren iraungipen epea amaitu aurretik egiten denean.
  • d) Urratzaileak lortutako irabazi ekonomikoa.
  • e) Urraketaren eragin soziala, mendi, lurzoru eta uraren baldintza ekologikoetan izandako ondorioak.

112. artikulua. Zigorren preskripzioa.

1. Hutsegite oso larriak egin ondoren jarritako zigorrak handik hiru urtera preskribituko dira, hutsegite larriak egin ondoren jarritakoak bi urtera eta hutsegite arinenak urtebetera.

2. Zigorren preskripzio epea, zigorra ezartzen duen ebazpena administrazio bidean irmo bihurtu eta biharamunetik aurrera hasiko da kontatzen.

3. Zigorraren preskripzio epea etenda geldituko da, interesatua jakinaren gainean jarrita, burutzeko prozedurari hasiera ematen zaionean. Preskripzio epe osoa berriz hasiko da, zigortutakoari egozterik ez dagoen arrazoiagatik prozedurak hilabete etenda betetzen duen egunaren biharamunetik aurrera.

Burutzeko prozeduraren xedea erdiesteko jardueraren bat egiten ari bada, xede horretara arrazoizko neurrian egokitzen dena, ezingo da prozedura eten, baldin eta jarduera hori organo eskudunak erabaki badu eta behar bezala dokumentatuta badago.

Era berean, zigorraren preskripzioa etenda geldituko da betearazpena etenarazteko auzitegiek emandako erabakien ondorioz, eta gelditzen den epea berriz kontatzen hasiko da etenarazteko erabakia bukatutzat jotzen den biharamunetik aurrera.

113. artikulua. Zigorra murriztea eta isuna aldatzea.

1. Zigorra edo isunaren zenbatekoa murriztu ahal izango da, baldin eta urratzaileak, dagokion errekerimenduan ezarritako epearen barruan, urraketak eragindako egoera konpondu edo zuzendu badu.

2. Zigor ebazpenean proposatu ahal izango da ezarritako isunaren ordez mendiaren aldeko jarduerak egitea, betiere urratzailearen egoera pertsonalak, egintzaren izaerak eta, bereziki, eragindako kaltea konpontzeko ahaleginak horrela egitea gomendatzen badute. Isunaren aldaketa eraginkorra izan dadin, zigortutakoak zigor ebazpena eta bertan proposatzen diren ordezko jarduerak onartu beharko ditu.

114. artikulua. Erantzukizuna iraungitzea.

1. Erantzukizuna iraungita gelditzen da:

  • a) Zigortutako pertsona fisikoa hiltzen denean.
  • b) Zigorra osorik betetzen denean.
  • c) Urraketa preskribitzen denean.
  • d) Zigorra preskribitzen denean.

2. Zigortutako pertsona juridikoa iraungitzen bada, ezarritako zigorra edo zigorrak betearazteko sektoreko arau administratiboei eta aplikagarri den zuzenbide pribatuko araudiari jarraituko zaie.

III KAPITULUA
Neurri osagarriak

115. artikulua. Kaltea konpontzea eta kalte-ordaina.

1. Kasu bakoitzean bidezko diren zigor penalak edo administratiboak eragotzi gabe, urratzaileak eragindako kaltea konpondu beharko du zigor organoak zehaztuko dituen modu eta baldintzetan. Kalteak basoko herri jabarian egin badira, betebehar hori ez da preskribitzen. Baso suteen kasuan, suhiltzaile zerbitzuaren gastuak ere ordaindu beharko ditu.

2. Konponketa lanen helburua izango da kaltetutako mendia edo baso ekosistema zigortutako urraketa eragin zuten egintzak gertatu aurreko egoerara itzultzea. Konponketa ezinezkoa bada, Administrazioak dagokion kalte-ordaina eskatu ahal izango du.

3. Era berean, kalte-ordaina eskatu ahal izango da urratzaileak lortutako irabazi ekonomikoa aurreikusitako gehieneko zigorra baino handiagoa denean. Kalte-ordain hori lortutako irabaziaren halako bi izango da, gehienez ere.

4. Mendiari eragindako kalteak eta horiek konpondu edo lehengoratzeko epeak behar bezala arrazoitutako irizpide teknikoaren arabera zehaztuko dira zigor ebazpenean.

116. artikulua. Behartzeko isunak eta subsidiarioki betearaztea.

1. 115. artikuluan xedatutakoaren arabera eta dagokion errekerimenduan zehaztutako epea amaitutakoan, urratzaileak ez badu eragindako kaltea konpondu edo kalte-ordaina jarri, zigortzeko eskumena duen organoak erabaki ahal izango du behartzeko isunak jartzea edo subsidiarioki betearaztea.

2. Behartzeko isunak agindutakoa betetzeko behar adinako denbora tartetan banatuta errepikatuko dira, eta isun bakoitzaren zenbatekoak ez du gaindituko egindako urraketaren ondorioz jarritako isunaren 100eko 20.

3. Urratzaileek agindu zaien konponketa lana egiten ez badute, Administrazioak egingo du haien kontura.

117. artikulua. Konfiskazioa.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiko organo eskudunak legez kontra eskuratutako baso produktuak konfiskatu ahal izango ditu eta, urraketa larriak edo oso larriak direnean, urraketa egiteko erabilitako bitartekoak eta baliabideak ere konfiskatu ahal izango ditu.

2. Behar ez bezalako larratzearen ondoriozko urraketetan 57.4 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Berariaz eta arrazoituta hartutako ebazpenaz urratzaileari kendutako produktuak, abereak, bitartekoak eta baliabideak enkante irekian besterendu ahal izango dira, eta eskuratutako zenbatekoa sortutako kalteak lehengo egoerara bihurtzeko eta zaintza gastuak estaltzeko erabiliko da.

LEHEN ATALA
Xedapen orokorrak

118. artikulua. Printzipioak.

1. Zigor prozedura 30/1992 Legeko IX. tituluko II. kapituluan edo aipatu kapitulua ordezten duen estatuko legedian xedatutako printzipioen arabera arautuko da, eta erreferentziatzat hartuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zehapen ahalmenari buruzko 1998ko otsailaren 20ko 2/98 Legearen III. kapituluan jasotakoak.

2. Betiere, III. kapitulu honetako artikuluetan aurreikusitakoa aplikatuko da.

119. artikulua. Bateratasuna auzibide penalarekin.

1. Prozeduraren edozein unetan, izapidatzaileak iritziz gero delitu edo faltatzat har daitezkeela izapidatzen dituen egintzak, ebazteko eskumena duen organoari jakinaraziko dio eta honek, arrazoizko irizten badio, Ministerio Fiskalari emango dio egintza horien berri, jakinarazitakoaren inguruan egindako jarduketei buruzko testigantza eskatuz.

Era berean, Ministerio Fiskalari eskatuko zaio gauzatu diren jardueren berri eman dezala, administrazio prozeduraren gai diren egintzei buruz auzibide penala jarraitzen ari dela jakinez gero. Jakinarazpen bera eskatuko da auzibide penala administrazio prozeduraren gai diren egintzen emaitza edo ondoriozko gertaeren inguruan jarraitzen denean.

2. Ministerio Fiskalaren jakinarazpena jaso ondoren, zigor prozedura ebazteko eskumena duen organoak etenda uztea erabakiko du epaileak ebazpen irmoa eman arte.

3. Administrazioaren zigor prozedura eteteak ez du galarazten hartutako kautelazko neurriak mententzea, baldin eta auzibide penalean erabakitakoekin bateragarri badira. Auzibide penaleko kautelazko neurriak nahikoak badira administrazioaren zigor prozeduran aintzat hartutako kautelazko helburuak lortzeko, orduan ez dira bateragarritzat joko. Kautelazko neurriak mentendu eta hartzeko egintza Ministerio Fiskalari jakinarazi beharko zaio.

4. Nolanahi ere, epailearen ebazpen penal irmoaren bidez frogatutzat jotzen diren egintzak lotesleak izango dira administrazioko organoentzat gauza daitezen zigor prozedurei dagokienez. Deliturik edo faltarik ez dagoela erabakiz gero, organo eskudunak, hala balegokio, aurrera jarraituko du zigor prozedurarekin, epaileak emandako ebazpen penal irmoan frogatutzat jotako egintzak kontuan hartuta.

5. Administrazioak ofizioz aztertuko ditu zigor ebazpenean frogatutzat emandakoekiko kontraesanekoak diren egintzetan oinarritutako ebazpen administratiboak, ofiziozko berrikuspen prozedurak erregulatzen dituzten arauak betez.

120. artikulua. Sarbide iraunkorraren printzipioa.

1. Prozedura sarbide iraunkorraren printzipioaren arabera gauzatuko da. Ondorio horietarako, prozeduraren edozein unetan interesatuek beren tramitazio egoera ezagutzeko eta prozeduran jasotako dokumentuak ikusi eta kopiak ateratzeko eskubidea dute.

2. Era berean, eta entzunaldi tramitearen aurretik, interesatuek alegazioak aurkeztu eta egoki irizten dituzten dokumentuak aurkezteko aukera izango dute.

3. Bukatutzat emandako zigor espedienteetako dokumentuetarako sarbidea 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 37. artikuluan xedatutakoaren arabera arautuko da.

121. artikulua. Organo eskudunak.

1. Organo eskudunak dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko foru dekretuetan zehazten direnak.

2. Prozedura ebazteko eskudunak diren organoak hasiera emateko ere eskudunak izango dira.

3. Baso Administrazioaren ardura duen Departamentuak zigor prozeduren instrukzioa egiteko administrazio unitate berezi bat izango balu, instrukzio hori unitateko funtzionarioek egingo lukete. Unitate berezirik ez badago, departamentuko idazkari teknikoak egingo du, edo, bestela, departamentuko Idazkaritza Teknikoko beste funtzionario batek.

4. Instruktoreak ez du inolako menpekotza funtzionalik izango bere instruzkio lana betetzeari dagokionez, instrukzioak dirauen denbora guztian.

5. Baso Administrazioaren ardura duen Departamentuaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko foru dekretuak sistema objektibo bat zehaztuko du kasu bakoitzean instrukzioaz arduratuko den pertsona hautatzeko, eta ezingo da, inola ere, ebazteko eskumena duen organoak hautatua izan.

122. artikulua. Interesdunak.

Prozeduran interesdunak dira, erruduntzat jotakoaz gain, banakako nahiz taldeko eskubide edo interes legitimoen titular gisa prozedura sustatzen dutenak.

123. artikulua. Kautelazko neurriak.

1. Gipuzkoako Foru Aldundiko Basozaintza Zerbitzuko langileek bere jardueran zehar, legez kontrakoak izan daitezkeen egintzen berri izatean, beharrezko irizten dituzten behin-behineko kautelazko neurriak hartu ahal izango dituzte, konfiskazioa barne, legez kontrakoak izan daitezkeen egintza horiek jarrai dezaten edo errepika daitezen eragoztearren edo ustez jarduera urratzailea den horrek eragindako kaltea gelditzearren.

Kautelazko neurriak hartuz gero, berehala ezarriko dira interesdunei entzunaldia eskaini gabe. Nolanahi ere, basozainek akta bat egingo dute eta bertan zehaztuko dituzte, batetik, hartutako kautelazko neurria edo neurriak eta, bestetik, neurri horiek hartzearen arrazoia eta helburua.

Behin-behineko kautelazko neurriak hartzen diren kasuetan dagokion zigor prozedura irekiko da lehenbailehen, eta neurri horiek hartu eta lau egunera ez bada inolako zigor prozedurarik ireki iraungita geldituko dira.

Zigor prozedura hasteko ekitaldian zigortzeko eskumena duen organoak, arrazoiak emanez, hartutako neurri horiek indargabetu, mantendu edo aldatzea erabakiko du eta gero, artikulu honetako 3. puntuan aurreikusten den ondorengo alegazio tramitea beteko du.

2. Zigor ahalmena gauzatzeko eskumena duen organoak, prozeduraren edozein unetan, interesatuei bost eguneko epean entzunaldia eskaini eta arrazoitutako akordioaren bitartez, kautelazko neurriak hartu ahal izango ditu eman daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko edo prozedura oztopatua izan dadin galarazteko, auzipeko egintzak edo antzeko beste batzuk jarraitu edo errepika daitezen ekiditeko eta egintza horiek sortu dituzten kalteak eteteko edo arintzeko.

3. Aurreko puntuan aipatzen den aldez aurreko entzunaldi horren ordez ondorengo alegazioak aurkezteko aukera eskaini daiteke epe berean, baldin eta kautelazko neurri horiek beren birtualtasuna galduko balute aldez aurreko entzunaldi tramitea egin arte atzeratuz gero.

4. Interesdunei konpontzen zaila edo ezinezkoa den galera eragin diezaieketen edo legeek babestutako eskubideak urratzen dituzten behin-behineko neurririk ezingo da hartu.

5. Kautelazko neurriak hartzerakoan proportzionaltasun irizpidea hartuko da kontuan, modu orekatuan baloratuz neurri horiek erruduntzat jotako pertsonari eragingo dioten galerak eta 2. puntuan finkatutako helburuetatik kasu bakoitzean biltzen direnak. Betiere, aukeratu beharko den neurria edo neurriak izango dira, batetik, aipaturiko helburuak arrazoizko maila batean lortzen dituztenak eta, bestetik, erruduntzat jotakoari kalte gutxien eragiten diotenak eta indarraldia amaitutakoan neurri horien eragina konponerraza dutenak.

6. Kautelazko neurriak kasu bakoitzean kautelazko helburuak betetzeko ezinbestekoa den denboran bakarrik mantendu ahal izango dira.

7. Kautelazko neurriak hartu dituen organoak berak indargabetuko ditu neurri horiek, ofizioz nahiz aldeetako batek eskatuta, kasu bakoitzean kautelazko helburuak betetzeko jada ezinbesteko ez direla egiaztatzen duenean.

8. Organo horrek egiaztatzen badu, ofizioz nahiz aldeetako batek eskatuta, kautelazko neurria hartu zuenean kontuan hartutako egoera aldatu egin dela, aipatu neurria aldatuko du, onartu zituen neurriak kanbiatuz edo haien lekuan beste batzuk hartuz, egoerak hala eskatzen badu eta, betiere, 5. puntuan ezarritako hautapen irizpideei jarraituta.

9. Kautelazko neurriak ondorengo kasuetan iraungiko dira:

  • a) Neurriak hartu zireneko prozedurari bukaera jartzen dion ebazpena ematean.

    Kasuan kasuko administrazio errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoak, arrazoiak emanda, erabakitako neurriak mantendu edo beste batzuk hartu ahal izango ditu errekurtsoa ebatzi arte.

  • b) Zigor prozedura iraungitzat jotzen denean.

124. artikulua. Egozpen akatsa.

Prozedura hasi eta egiaztatuko balitz urraketaren erantzuleak ez direla hasiera batean erruduntzat jotakoak, beste batzuk baizik, aurrenekoak absolbitzeko ebazpena emango da eta prozedura berria irekiko da bigarren horien aurka, baldin eta urraketa preskribituta ez badago. Lehenengo prozedura tramitatzen den bitartean preskripzio epea ez da etendakotzat joko, non eta egindako egozpen akats horretan bigarren prozeduran erruduntzat jotako pertsonek zerikusi nabarmena izan ez duten, beren erantzukizuna saihestu nahian.

BIGARREN ATALA
Tramitazioa

125. artikulua. Ofizioz hastea.

1. Zigor prozedurak ofizioz hasiko dira organo eskudunaren erabakiz, haren ekimenez nahiz beste organo batzuek egindako eskaera arrazoituaren edo salaketaren ondorioz.

2. Beste organo batzuek egindako eskaera arrazoituan adierazi beharko da urraketatzat jotako egintzen kontakizuna, tipifikazioa, gertatu zireneko eguna, egunak edo aldi jarraitua, eta, ahal izanez gero, ustez erantzule diren pertsonen identifikazioa.

Eskaera arrazoituarekin batera, gaiari buruz eskatzaileak izan ditzakeen agiriak eta frogak aurkeztu beharko dira.

3. Eskaera arrazoitua aurkezteak ez du inola ere lotzen zigor ahalmena duen organoa, alabaina, prozedura ireki edo ez irekitzeari buruzko erabakia jakinarazi beharko dio eskaera egin duenari.

4. Salaketak, berez, ez du zigor prozedurako interesdun bihurtzen salatzailea.

Salatzaileak prozeduran izango duen partaidetza bakarra izango da prozedura ireki edo ez irekitzeari buruz eta, legokiokeen kasuan, amaiera emango dion ebazpenari buruz organo eskudunaren aldetik jakinarazpena jasotzeko eskubidea izatea, non eta foru arau honetako 122. artikuluan xedatutakoaren arabera legitimaziorik ez duen eta prozedura irekitzeko eskaera egiten ez duen.

126. artikulua. Aldeetako batek eskatuta hastea.

1. Zigor prozedurak alde interesatuak eskatuta ere hasi ahal izango dira. Zigor prozedura irekitzeko eskaera arrazoitua izango da eta, 30/1992 Legearen 70.1 artikuluan adierazitakoaz gain, honako hauek jaso beharko ditu: Ustezko urraketaren egintzak, gertatu zireneko eguna, egunak edo aldi jarraitua, egintza horiek tipifikatzen dituzten aginduak, ustezko erantzuleak, dagokion zehapen edo zehapenak eta horiek jasotzen dituzten aginduak. Horrek ez du eragotziko prozeduran zehar alde interesatuak egin ditzakeen ondorengo alegazioetan datu horiek aldatu ahal izatea.

Eskaerarekin batera aurkeztu ahal izango dira eskatzaileak bere interesdun izaera eta asmoa oinarritzeko dituen agiri, tresna edo froga guztiak.

2. Aipaturiko eskaera eta horrekin batera aurkeztutako guztiaren berri emango zaie uztezko erantzule gisa ageri diren pertsonei, hamar eguneko epean eskubidez komeni zaiena alega dezaten. 30/1992 Legearen 71. artikuluan aurreikusten den zuzentzeko ahalmena gauzatuz, prozedura irekitzeko eskaeran egin daitezkeen aldaketei dagokienez, epe bera emango da alegazioak egiteko.

3. Aurreko puntuan aipatzen diren alegazioak jaso edo horretarako ezarritako epea amaitu ondoren, ebazteko eskumena duen organoak erabakiko du prozedura irekitzeko eskaera onar daitekeen edo ez.

4. Eskaera ez da onartuko:

  • a) Lehenengo puntuan eta 30/1992 Legearen 70. artikuluan aipatzen diren datuak argi eta garbi jasotzen ez baditu eta aipatu legeko 71. artikuluan ezarritako epean zuzenketarik egin ez bada.
  • b) Inolako oinarririk ez badu.

    Ez onartzeko arrazoi hori aintzat hartzeko kontuan izango dira, batez ere, eskaeran emandako arrazoibidea eta harekin batera aurkeztutako frogak.

    Ez onartzeko arrazoi horren kasuan ez da izango aurreko puntuan aurreikusten den zuzenketarako aukerarik.

  • c) Interesdun ez denak aurkezten badu.

    Alderdi horren arrazoibidean eskaerak izan ditzakeen akatsak edo gabeziak ezingo dira zuzendu.

5. Organo eskudunak onartezintzat joko balu prozedura irekitzeko eskaera, arrazoitutako ebazpen batean adieraziko du. Aldiz, eskaera onargarria dela iritziz gero, prozedura hasteko erabakia hartuko du.

127. artikulua. Hasteko erabakia.

1. Hasteko erabakiak, gutxienez, honako hauek jaso beharko ditu:

  • a) Ustezko erantzulearen edo erantzuleen identifikazioa.
  • b) Prozedurari ekitea eragin duten egintzak, izan dezaketen kalifikazio juridikoa eta legozkiekeen zigorrak.
  • c) Prozeduraren instrukzioa egingo duen pertsona, hura ezesteko erregimena berariaz aipatuz.
  • d) Prozedura ebazteko organo eskuduna eta eskumen hori ematen dion araua.

2. Prozeduraren instruktoreari hasteko erabakiaren berri emango zaio eta erruduntzat jotakoari eta gainerako interesdunei jakinaraziko zaie. Aldi berean adieraziko zaie hamabost eguneko epea dutela bidezko irizten dituzten alegazio, agiri edo informazioak aurkezteko eta frogaldi bat irekitzeko eskaera egin eta egoki jotzen dituzten frogabideak proposatzeko.

Hasteko erabakiarekin batera aurkeztuko dira prozedura irekitzeko eskaera, salaketa edo arrazoitutako eskaera, eta horiei erantsitako agiriak eta frogak edota prozedura irekitzeko zigor eskumenaren titularrak aintzat hartu dituenak.

128. artikulua. Froga.

1. Frogaldia irekiko da ondorengo kasuetan:

  • a) Aurreko artikuluan zehaztutako alegazio tramitean interesdunetako edonork hala eskatzen duenean frogabide zehatzak proposatuta, baldin eta instrukzioaren arduradunak egokitzat jotzen badu frogabide horietakoren bat. Instruktoreak frogaldia irekitzeko eskaera ez onartzeko eta frogabideak baztertzeko erabakiak arrazoitu egin beharko ditu, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak 80 eta 137.4 artikuluetan xedatutakoa betez.
  • b) Alde interesatuak eskaerarik egin ezean, instruktoreak beharrezko irizten duenean egintzak argitzeko eta erantzulea nor den erabakitzeko; horrelakoetan bost eguneko epea eman beharko zaie interesatuei bidezko irizten dituzten frogabideak proposa ditzaten.

2. Frogaldia hogeita hamar lanegunekoa izango da.

3. Frogaketa Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak 81. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da.

129. artikulua. Ebazpen proposamena.

Frogaldia amaitutakoan, halakorik egonez gero, instruktoreak ebazpen proposamena egingo du honako hauek adieraziz:

  • A) Urraketa eta erantzukizuna dagoela iritziz gero:
    • a) Frogatutzat ematen dituen egintzak eta erabaki hori oinarritzeko erabilitako frogaren balorazioa.
    • b) Erantzuletzat jotzen dituen pertsonak, aginduak eta erabaki hori oinarritzeko erabilitako frogaren balorazioa.
    • c) Egintza horiek jasota egon daitezkeen urraketen agindu tipifikatzaileak eta horiek erabakitzearen arrazoiak.
    • d) Bidezko irizten dituen zigor eta ondorio osagarriak, horiek zehazten dituzten aginduak, horretarako kontuan hartu dituen zirkunstantziak, aginduak eta erabaki horren oinarrian dagoen balorazio frogatzailea, eta, dagokion kasuan, isuna ordeztu edo zigorra murrizteko proposamena, eta horretarako arrazoiak.
    • e) Urraketak eragindakotzat jotzen duen aurreko egoeraren aldaketa eta egiaztatutzat ematen dituen urraketa horren ondoriozko kalteak eta galerak, guzti horren arrazoiak, proposatzen diren konponketa jarduerak edo kalte-ordainak eta proposamen hori egiteko arrazoiak.
  • B) Urraketa edo erantzukizunik ez dagoela iritziz gero:
    • a) Erabaki hori froga baten balorazioaren edo epailearen iritziaren ondorio den zehaztea eta bata zein bestearen arrazoibidea.
    • b) Absoluzio proposamena.

130. artikulua. Entzunaldia interesdunari.

1. Ebazpen proposamena interesdunei jakinaraziko zaie, alegazioak egiteko hamabost eguneko epea dutela adierazita. Jakinarazpenean interesdunei esango zaie aipaturiko epe horretan espedientea ikusi ahal izango dutela, behar dituzten kontsultak egin eta bertan dauden agirien kopiak eskura ditzaten.

2. Entzunaldi tramitea amaituta, instruktoreak dagokion ebazpen proposamena igorriko dio prozedura ebazteko eskumena duen organoari, espedientean jasota dauden agiri, alegazio eta informazioekin batera.

131. artikulua. Epeak murriztu eta luzatzea.

1. Instruktoreak, egin beharreko frogen kopurua eta izaera kontuan hartuta, frogaldiaren iraupena murriztu ahal izango du, betiere horretarako arrazoiak emanda eta aldeak ados badaude. Era berean, arrazoiak emanda, foru arau honetan alegazio tramiteak egiteko ezarritako epeak laburtu ahal izango ditu, baldin eta aztertutako egintzak ez badira larriak eta inplikatuta dauden alderdi juridikoak eta instruktoreak tramiteak egiteko interesdunen esku jarri dituen dokumentuak eta frogak ugariak eta oso konplexuak ez badira.

2. Instruktoreak, arrazoiak emanda, alegazio tramiteen eta frogaldiaren epeak luzatu ahal izango ditu behin bakarrik eta foru arau honetako dagokion artikuluan zehaztutako adina denboraz edo epe laburragoz, baldin eta egin beharreko froga kopurua eta horien izaera, benetako egoeren eta aztertutako alderdi juridikoen konplexutasuna eta aintzat hartzekoak diren bestelako arrazoiak kontuan hartuta, beharrezkoa bada egintzak eta erantzukizunak behar bezala zehazteko edo erruduntzat jotako pertsonen defentsa eraginkorra bermatzeko.

Luzapenak dirauen bitartean ez da kontatzen hasiko foru arau honetako 134.4 artikuluan finkatutako sei hilabeteko epea.

132. artikulua. Errekurtsoak.

Frogaldia irekitzeko edo aldeek proposatutako frogabideren bat egiteko eskaerei ezezkoa ematen dieten instruktorearen egintzen aurka, errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio prozedura ebazteko eskumena duen organoari, hiru eguneko epean, eta bestelako tramiterik gabe, hiru egunen barruan erabaki bat hartuko du, isiltasuna gaitzespentzat hartuko delarik.

133. artikulua. Jarduketa osagarriak.

1. Ebazpena eman aurretik eta arrazoitutako akordioaren bitartez, eskumena duen organoak erabaki ahal izango du prozedura ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa osagarriak egitea.

Jarduketa osagarri horiek hogei eguneko epean egingo dira, hala ere, epe hori moztu edo luzatu ahal izango da foru arau honetako 131. artikuluan zehaztutako eran eta arrazoiengatik.

2. Jarduketa osagarriak egin ondoren, interesdunei ezagutzera emango zaizkie emaitzak, bost eguneko epean bidezko iruditzen zaiena alegatu ahal izan dezaten.

3. Jarduketa osagarriak egitea erabakitzen duen ebazpena ematen denetik aurrera etenda geldituko da 134. artikuluko 4. puntuan aurreikusten den sei hilabeteko epea, artikulu honetako 2. puntuan zehaztutako tramitea amaitu arte.

4. Prozeduraren amaierako ebazpena eman aurreko nahitaezko txostenak ez dira jarduketa osagarritzat hartuko.

134. artikulua. Prozedura ebaztea.

1. Organo eskudunak arrazoitutako ebazpena emango du interesatuek proposatutako gai guztiei eta prozeduratik eratorritako beste batzuei buruzko erabakiak hartuz.

Prozedura erabakitzen duen ebazpenak foru arau honetako 129. artikuluan zehazten den edukia izan beharko du, aplikagarri den oinarrizko legediak finkatzen duenaz gain.

2. Ebazteko eskumena duen organoak ebazpen proposamenean adierazitako egintzen hurrenkera bakarrik aldatu ahal izango du, egintza horiek zehaztuz edo beste batzuk kontuan hartuz, baldin eta aldaketa hori aurreko artikuluan aipatzen diren jarduketa osagarrien edo instruktoreak egindako froga edo instrukzioen balorazio diferentearen ondorio bada. Bi kasuetan, organo eskudunak ebazpenean berariaz arrazoituko du benetan egindako aldaketa.

Aurreko paragrafoan aipatzen den aldaketa hori ez da izango, inola ere, prozedura ireki zenean zehaztutako xedearekin zerikusirik ez duten egintzak eranstekoa, non eta erruduntzat jotakoaren onerako ez bada.

3. Aurreko puntuan aipatzen den aldaketaren edo ebazpen proposamenean zehaztutako egintza eta zirkunstantzien kalifikazio juridiko diferentearen ondorioz, ebazteko eskumena duen organoak erabakiko balu ezin dela onartu instruktoreak proposatutako absoluzioa, ezarritakoa baino zigor gogorragoa jarri behar dela edo urraketak eragindako kalteengatik ebazpen proposamenak ezartzen ez duen konponketa zigor edo kalte-ordaina edota ezartzen duena baino handiagoa jarri behar dela, organo eskudun horrek berak, ebazpena eman aurretik, hamar eguneko epea eman beharko du interesdunek bidezko irizten dituzten alegazioak egin ditzaten edo, dagokion kasuan, egindako aldaketan kontuan hartu izan diren egintzen gainean frogak egin daitezela proposa dezaten. Tramite hori amaitu bezain laster, ebazpena emango da eta aldeei jakinaraziko zaie. Aurreko paragrafoan zehazten den alegazioetarako epea jakinarazteko diligentzian zehatz-mehatz adierazi eta arrazoituko da ebazpen proposamenari dagokionez egindako aldaketa, eta organo eskudunaren iritziz behin betiko ebazpenean sartu behar dena.

4. Prozedurari hasiera eman eta sei hilabeteko epean ez bada ebazpenik jakinarazi, prozedura iraungi egingo da 30/1992 Legeak ezartzen duen moduan eta bertan zehazten diren ondorioekin.

Sei hilabeteko epe hori etenda geldituko da foru arau honetan zehazten diren kasuetan eta interesatuei egoz dakizkien arrazoiengatik prozedura geldituta dagoen bitartean.

5. Ebazpena betearazlea izango da administrazio bidean irmo bihurtzen denean.

Ebazpenean, behar izanez gero, kautelazko neurriak hartuko dira ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko betearazlea ez den bitartean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena Araba eta Bizkaiko lurralde historikoekiko eta Nafarroako Foru Erkidegoarekiko mugak.

Gipuzkoako lurralde historikoko herri mendietan eta mendi babesgarrietan, Gipuzkoak Bizkaiko eta Arabako lurralde historikoekin eta Nafarroako Foru Erkidegoarekin dituen mugei eragiten dieten jarduketak horietako administrazio eskudunekin koordinatuko dira.

Bigarrena Bidasoako nazioarteko zatiko jarduketak.

Bidasoa ibaiaren nazioarteko zatian, foru arau honen arabera Gipuzkoako ibaiertz eta bazterretan Baso Administrazioak baimendu behar dituen jarduketak Lapurdiko ibar aldean eskumena duten administrazioekin koordinatuko dira, mugaz gaindiko lankidetzarako ezarrita dauden bitartekoen arabera.

Hirugarrena Mezenasgoa.

Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzko araudiaren ondorioetarako, interes orokorreko xedetzat hartuko dira basoaren sustapena eta kudeaketa iraunkorra eta izadia zaintzea helburu dutenak.

Laugarrena Ohiturazko erabilerak.

Mankomunitateek eta partzuergoek, eta egon litezkeen bestelako entitateek, foru arau honetan xedatutakoaren kontrakoa ez den guztian, beren arauak eta betidanik gordetako usadio eta ohiturak beteko dituzte.

Bosgarrena Kontratazio publikoetan ziurtagiridun egurraren erabilera bultzatzea.

Kontratazio publikoko prozeduretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek behar diren neurriak hartuko dituzte beste herrialde batzuetako legez kontrako egur mozketetako zura eta produktuak erostea ekiditeko eta ziurtagiria duten basoetako gaiak erostea ahalbidetzeko.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek egurraren eta egurretik eratorritako produktuen kontsumo arduratsua sustatuko dute herritarren artean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena Foru arau hau onartu aurretik herri onurakotzat jotako mendiak.

13. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Herri Onurako Mendien Katalogoan sartuta egongo dira foru arau hau indarrean sartu aurretik herri onurakotzat jotako mendi guztiak.

Bigarrena Jabari tituluen eraginkortasuna.

Katalogoko mendietan egon litezkeen terrenoen jabari tituluak eta preskripzio eskuratzailea egiaztatzen duten frogak mugaketa egina ez duten mendietan bakarrik izango dira eraginkorrak.

Mugaketa egina ez duten mendietan, preskripzio eskuratzaileak 1994ko uztailaren 8ko 6/94 Foru Araua, Gipuzkoako Mendiena, indarrean jarri baino lehen egon beharko du burutua.

Mugatzeko egoeran sartutzat jotako mendietan, preskripzioaren epeak mugen neurketako ekitaldia baino lehenago egon beharko du bukatua.

Hirugarrena Aurrez hasitako prozedurak.

Foru arau hau indarrean sartu baino lehen hasitako prozedurei ez zaie arau hau aplikatuko, eta aurreko araudiari jarraiki bideratuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra Xedapenak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da 1994ko uztailaren 8ko 6/94 Foru Araua, Gipuzkoako Mendiena, eta foru arau honetan xedatutakoaren kontra doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehena Erregelamenduak emateko ahalmeana.

Gipuzkoako Foru Aldundiari baimena ematen zaio foru arau honetan jasotakoa erabiltzeko eta garatzeko behar diren erregelamenduzko xedapenak eman ditzan.

Bigarrena Isunak eguneratzea.

Diputatuen Kontseiluak, foru dekretuz, Foru Arau honetan aurreikusitako isunen zenbatekoa eguneratu ahal izango du aldian-aldian, Kontsumoko Prezioen Indizeak izandako aldaketari jarraiki.

Hirugarrena Foru Araua indarrean sartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean jarriko da indarrean.