2004ko irailaren 14ko 79/04 FORU DEKRETUA, Foru Aldundiko Departamentu arteko Ezgaitasun Batzordea sortzekoa.

Iraupen bertsioak

   Imprimatu

2004ko irailaren 14ko 79/04 FORU DEKRETUA, Foru Aldundiko Departamentu arteko Ezgaitasun Batzordea sortzekoa.

BOG 24 Iraila 2004

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Ezgaitasun Plan Estrategikoak mugapen indibidualak konpentsatzeko neurriak jasotzen ditu, laguntza teknikoak, pertsonalak eta sozialak baliatuz, eta, orobat, gizarte ingurunea hobetu nahi ditu, oztopoak ezabatuz eta ezgaituak gizarteratzea erraztuko duten baliabideak eta programak eskainiz.

Plan honen esparrua definitzerakoan bada beste baldintzamendu bat ere, plana Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatua baita eta, beraz, Aldundiak pertsona ezgaituen atentzioan eta gizarte zerbitzuen gaian dituen eskumenak hartu behar baitira kontuan. Ildo honetatik, Plan honek izaera instituzionala du eta kolektiboaren beharrizanei atentzio integrala eskaintzeko bokazioa du.

Pertsona ezgaituei laguntza osoa emateko ekintzak sektore askotakoak dira eta, horren ondorio logiko gisa, foru departamentuetako zuzendaritza nagusien inplikazioa eskatzen du haren garapenak. Hori dela eta, egoki dela uste dugu Plan Estrategikoko zortzigarren esku hartze eremuaren arabera, organo administratibo desberdinak ordezkaturik egongo diren elkarren arteko foro bat eratzea, egin beharreko jardueren aholkularitza eman, koordinazioa egin, kontrola eraman eta jarduera horiek sustatzeko, beti ere zentzuzko irizpideekin, ezgaitasuna duten pertsonen mesedetan.

Horregatik guztiarengatik, 1984ko maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Gobernuari eta Administrazioari buruzkoak 36. artikuluko 3. atalean xedatutakoaren arabera eta Gizarte Politikarako Foru Diputatuak proposatuta, Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren,

XEDATU DUT

1. artikulua. Foru Aldundiko Ezgaitasunaren Departamentu arteko Batzordea sortzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ezgaitasunaren Departamentu arteko Batzordea sortzen da. Batzordearen zeregina izango da, pertsona ezgaituei laguntzeko Gipuzkoako Foru Aldundiari dagozkion eskumenen alorrean aholku ematea, koordinatzea, sustatzea eta kontrolatzea.

2. artikulua. Atxikipena.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ezgaitasunaren Departamentu arteko Batzordea, bere eskumeneko eginkizunen artean pertsona ezgaituena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Departamentuari atxikita egongo da.

3. artikulua. Funtzioak.

Foru Aldundiko Ezgaitasunaren Departamentu arteko Batzordearen zereginak ondorengoak izango dira:

  • a) Pertsona ezgaituen gaiei buruz Gipuzkoako Foru Aldunditik bertatik, nahiz beste edozein erakunde publiko edo pribatutik, egindako kontsultei erantzutea eta horien inguruko aholkularitza eskaintzea.
  • b) Pertsona ezgaituen aldeko atentzio integrala errazteko beharrezko ekintzak sustatzea, beti ere Gipuzkoako Foru Aldundiak dituen eskumenen barnean eta ikuspegi zabal batekin.
  • c) Ezgaitasun Plan Estrategikoak aurreikusitako ekintza horiek nola gauzatzen ari diren kontrolatu eta ebaluatzea.
  • d) Gai horri buruzko jarduerak izaera publiko edo pribatuko beste erakunde eta entitateekin batera egitea, horretarako, epeak, bitartekoak, baliabideak eta beharrezko gainerako baldintzak ezarriz, gaiak garapen orekatua izan dezan.

4. artikulua. Osaketa.

1. Foru Aldundiko Ezgaitasunaren Departamentu arteko Batzordea honela eratuko da:

  • Lehendakaria: Gizarte Politikarako Departamentuko foru diputatua.
  • Lehendakariordea: Ezinduen eta Babesgabeen Laguntzako zuzendari nagusia.
  • Mahaikideak:

    • - Enplegurako eta Gizarteratzeko zuzendari nagusia.
    • - Gizarte Baliabideen Plangintza eta Kudeaketako zuzendari nagusia.
    • - Gazteriako eta Komunitate Ekintzako zuzendaria.
    • - Kulturako zuzendari nagusia.
    • - Komunikazio eta Prospekzioko zuzendari nagusia.
    • - Berrikuntzaren eta Jakintzaren Sustapenerako zuzendari nagusia.
    • - Zerbitzu Publikoen Kalitaterako zuzendari nagusia.
    • - Lurralde Antolaketako zuzendari nagusia.
    • - Ogasuneko zuzendari nagusia.
    • - Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusia.
    • - Kiroletako zuzendari nagusia.
    • - Euskararen Normalkuntzako zuzendari nagusia.
    • - Kanpo Harremanetako zuzendari nagusia.
  • Idazkaria: Gizarte Politikarako Departamentuko idazkari teknikoa edo haren ordezkoa.

2. Lehendakariak bileretan mahaiburu izateko eskumena lehendakariordearen esku utz dezake; bestalde, mahaikideek beste kide baten edo departamentu bereko beste zuzendari nagusi baten esku utz dezakete.

3. Foru Aldundiko Ezgaitasunaren Departamentu arteko Batzordeak bileretako gaietan adituak diren pertsonen laguntza eska dezake. Aditu horiek hitza izango dute baina ez botoa.

5. artikulua. Bilerak.

1. Foru Aldundiko Ezgaitasunaren Departamentu arteko Batzordeak urtean hiru ohiko bilera egingo ditu gutxienez, lau hilero bat.

2. Batzordeak ohizkanpoko bilerak egingo ditu lehendakariak edo, haren ordez, lehendakariordeak hala erabakitzen badu, edo kideetako edozeinen ekimenez eskatuta, beti ere atzeratu ezineko gaiak aztertzeko.

6. artikulua. Laguntza mahaia.

Foru Aldundiaren Ezgaitasunaren Departamentu arteko Batzordeak landu beharreko gaiak aztertzeko eta lantzeko lan mahaia eratuko da, bertan parte hartzen duten zuzendaritza nagusietako teknikari banaz osatuta. Mahai hori behar den maiztasunarekin bilduko da eta Ezinduen eta Babesgabeen Laguntzako zuzendari nagusiak edo ordezkoak koordinatuko du.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Amaierako lehen xedapena

Gizarte Politikarako foru diputatuari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatu eta gauzatzeko beharrezko xedapenak eman ditzan.

Amaierako bigarren xedapena

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguneko biharamunean sartuko da indarrean.