Apirilaren 30ko 20/2002 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako adineko pertsona ezinduentzako lekuak eskatu eta emateko arauak ematen dituena.

Gorde / Erakutsi iruzkinak    Imprimatu

Apirilaren 30ko 20/2002 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako adineko pertsona ezinduentzako lekuak eskatu eta emateko arauak ematen dituena.

BOG 8 Maiatza 2002

1.

Gizarte zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen helburua da, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek gizarte zerbitzuen arloan duten erantzukizuna zehaztea. Helburu hori dagoeneko lortu da 2001eko uztailaren 30eko 155/2001 Dekretuaren bitartez, gizarte zerbitzuen alorreko egitekoak zehazten baititu, alegia, zehatz-mehatz aipatzen baititu gizarte zerbitzuen sisteman ardura duten administrazio bakoitzari dagozkion erantzukizunak.

Hala, foru dekretu horrek 3. artikuluan dioenez foru aldundien egitekoa da laguntza behar duten 60 urtetik gorako pertsonentzako zentro eta zerbitzuak bermatzea. Ildo berean, Foru Aldundiko Gizartekintza Departamentuak eta EUDEL Euskal Udalen Elkarteko Gipuzkoako Batzordeak gizarte zerbitzuen arloko lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten, non garbi adierazi zuten beren borondatea koordinaturik eta lankidetzan aritzeko bakoitzari dagozkion eskumenak argitzen, eta hitzarmena sinatu zuten administrazioen artean garbi gelditu zen Foru Aldundiaren eskumenekoak direla ezinduentzako berariazko laguntza programak.

Beraz, behin zehaztuta gelditu denean Foru Aldundiaren erantzukizunekoa dela adineko pertsona ezinduak berariazko baliabideen bitartez zaintzea, Gizartekintza Departamentuak beharrezkotzat jotzen du Gipuzkoako lurralde historikoan dauden ekipamenduetara joateko bidea arautzea, baita erabakitzea ere zein beharkizun bete behar dituzten ekipamenduetara joateko eskaera egiten dutenek, eta zenbateko diru ekarpena egin behar duten bereganatutako plazaren mantenimenduan laguntzeko.

Horren indarrez, Gizartekintza Departamentuko Foru Diputatuaren proposamenez eta Diputatuen Kontseiluak aldez aurretik eztabaidatu ondoren,

XEDATU DUT

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen gaia da Gipuzkoako lurralde historikoan dauden ekipamenduetara, nahiz egoitzetara nahiz etxebizitzaren alternatiba diren eguneko zentroetara, adineko pertsona ezinduak joateko bidea arautzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru dekretu hau ekipamendu horiek behar dituzten adineko pertsonentzat da, beren ohiko etxebizitzaren ordezko batean iraunkorki bizi edo eguneko zentro batean zainduta egon behar dutenentzat, hor ezarrita dauden betekizunak betetzen badituzte.

Horrela, egoitzetako gizarte zerbitzuei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuko 2. artikuluko c) paragrafoan eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautuz martxoaren 10ean emandako 40/1998 Dekretuan egoitza gisa definitu eta homologatuta daudenetara joateko arauak ematen ditu foru dekretuak, zentro horiek hitzartuta edo kontzertatuta badaude Gizartekintza Departamentuarekin, edota Foru Diputatuarenak badira.

Era berean, pertsona ezinduentzako eguneko zentroei buruz urriaren 17an emandako 202/2000 Dekretuko 1. artikuluan halakotzat hartzen diren zentroetara joateko bidea arautzen da, zentro horiek hitzartuta edo kontzertatuta badaude Gizartekintza Departamentuarekin, edota Foru Diputatuarenak badira.

2. Ez dira foru dekretu honen xede izango aldi bateko egonaldiak edo atsedenekoak.

3. artikulua. Zentroen definizioa eta sailkapena.

1. Etxebizitzaren ordezko diren egoitzak 65 urte baino gehiagoko bost adineko pertsonari edo gehiagori, edota, beren gorabehera pertsonal eta sozialak direla eta, talde horrekin berdindu daitezkeen beste pertsona batzuei, diru ordainketa baten truke, logela, otorduak eta zaintza ematen dieten establezimenduak dira.

Foru dekretu honen ondorioetarako, egoitzak ondoko era honetan sailkatuko dira:

  • a) Etxebizitza komunitarioak: Gehienez ere 14 plaza dituzten elkarbizitzako unitateak dira, berek bakarrik maila batean baliatzeko gai direnentzakoak, eta familia giroaren antzeko bizimodua eskaintzen dutenak. Horrelako ekipamenduetan sartzen dira Gizarte elkarbizitzako unitateak eta Bizileku balioanizdunak.
  • b) Zaharren Egoitzak: 14 plaza baino gehiagoko elkarbizitza zentroak, bizileku iraunkor eta erkidea izateko prestatu direnak, non adineko pertsonei zaintza osoa eta etengabea ematen zaien. Ezintasun handia dutenak zaintzeko beharrezko bitarteko materialak eduki behar dituzte.
  • c) Adineko pertsona ezinduak zaintza helburu izanik, aurrerantzean jar daitekeen bestelako edozein zentro.

2. Eguneko zentroak 65 urte baino gehiagoko 5 pertsona edo gehiago, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko beste batzuen laguntza behar dutenak, eta baita beren gorabehera pertsonal eta sozialak direla-eta talde horretakoekin berdindu daitezkeenak ere, horretarako izango diren leku eta instalazioetan, lanerako langileak eta programa jakin batzuekin, banaka eta egunez zaintzeko programa eskaintzen duten establezimenduak dira

4. artikulua. Baliabidearen egokitasuna.

Baliabidea egokia den edo ez erabakitzeko, honako osagaiak izango dira kontuan:

  • 1. Autonomia / menpekotasun maila.
  • 2. Gizarte eta famili balorazioa.
  • 3. Oinarrizko gizarte zerbitzuek emango dioten norabidea.

5. artikulua. Egoitzetara eta eguneko zentroetara joateko beharkizunak.

1. Egoitzetara eta eguneko zentroetara joateko eskaera egin nahi duten adineko pertsonek ondoko beharkizunak bete behar dituzte:

  • a) 60 urte beteta edukitzea.
  • b) Gipuzkoako edozein udalerritan erroldatuta egotea, gutxienez, eskaera eguna aurreko azken 24 hilabeteetan.

    Baldintza hori ez da beharrezko izango Gipuzkoan jaio edo eskaera egin aurreko 10 urtean gutxienez 24 hilabete bizi izan direlarik, familia elkarbiltzeko edo izaera sozialeko arrazoiak zuritzen dituzten pertsonentzat.

  • c) Gizarte sarerako pertsona gaitzat hartua izatea, Gizarte Politikarako Departamentuak ezarritako irizpideen arabera.
  • d) Adineko pertsona ezindutzat hartua izatea, Gizarte Politikarako Departamentuko autonomia/ezintasun maila baloratzeko eskalaren arabera.
5.1 artikulua, Urriaren 10eko 43/2006 Foru Dekretuak [GIPUZKOA] idatzia, 2002ko apirilaren 30eko 20/02 Foru Dekretua aldatzen duena, Gipuzkoako adineko pertsona ezinduentzako lekuak eskatu eta emateko arauak ematen dituena («G.A.O.» urriak 23). Indarreangotasuna: 2006/10/24

2. Salbuespenez eta famili unitatea gorde dadin, eska dezakete biek batera egoitzaren batera joatea, eskatzaileetako batek aurreko ataleko beharkizunak betetzen baditu eta bestea ondoko egoera hauetako batean badago:

  • a) ezkontidea bada edo izatezko bikotea osatzen badute, ohiki elkarrekin bizi direla,
  • b) bigarren mailarainoko ahaidea izatea eta baliabide horren beharrean egotea.

Egoitzara joan ondoren, aurreko artikuluan azaldutako beharkizunak betetzen dituen pertsonak egoiliar izaera galdu egiten badu, Gizartekintza Departamentuak eta pertsona hori bizi den herriko udalak haren laguntzailearen egoera aztertu eta dituen beharrei egoki erantzuteko dauden gizarte baliabideak eskainiko dizkiote.

6. artikulua. Jardunbidearen hasiera.

1. Egoitzaren edo eguneko zentroren batera joateko lehendabizi interesatuak edo bere legezko ordezkariak eskaera egin behar du horretarako dauden inprimakietan eta behar bezala izenpetu.

2. Eskaerak eskatzailea bizi den herriko Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan aurkeztu behar dira.

Foru dekretu honetako 5.1.c) artikuluak bigarren atalean aipatzen dituen eskatzaileek beren eskaerak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizartekintza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dituzte.

3. Interesatuak ezin dionean legezko ordezkariak aurkeztutako eskaerari bere adostasuna eman balio juridikoa izateko moduan, Kode Zibileko 211. artikuluak aipatzen duen baimen judiziala erantsi behar da edota, berehala erabaki beharreko egoera batean egonez gero, epaitegi eskudunean hura eskatu dela egiaztatzen duen agiria.

7. artikulua. Espedientearen tramitazioa.

1. Espedientea tramitatzeko, eskatzaileek udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuetan aurkeztuko dute eskaera.

Ondoko agiriak erantsi behar zaizkio eskaerari:

  • a) Famili unitateko kide guztien nortasun agiriaren fotokopia.
  • b) Eskatzailearen eta elkarbizitzako unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenaren fotokopia eta, horrela denean, Ondarearen gaineko Zergarena. Errenta Aitorpena aurkeztera behartuta ez dauden eskatzaileek honako egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte: Pentsio, prestazio, pentsio plan edo bestelako edozein irabazi iturriren zurigarriak ematen dituen erakundeak eginda, eta ondasun higikor eta higiezinen aitorpena.

    Bere egoera ekonomikoa aztertua izatea nahi ez badu edo ez badu behar den bezala egiaztatzen, eskatzaileak gehieneko zenbatekoa ordaindu beharko du, Gizarte Politikarako Departamentuak ondoren aipatzen diren pausoak jarraitzeari uko egiten diola pentsatuko baitu:

    • 1. Bere egoera ekonomikoa sartzeko baremoan kontuan hartua izatea.
    • 2. Ezarritako hobariak
  • c) 5.1. c) artikuluak aipatzen dituen eskatzaileak, aipatu eskaeraren frogagiri bat aurkeztu beharko dute.

    Udalerrietako oinarrizko gizarte zerbitzuek eta Gizarte Politikarako Departamentuak beharkizunak betetzeari buruzko informazioa ofizioz eska dezakete, behar bezala egiaztatuta ez direnean geratu.

2. Dena dela, eskatzaileak baimena emango die oinarrizko gizarte zerbitzuei eta Gizarte Politikarako Departamentuari berari buruzko datuak egiaztatu edo eskatzeko egin behar dituzten kudeaketak egiteko. Eskatzaileak foru dekretu honetan ezarritako beharkizunak betetzen dituela egiaztatzeko bakarrik izan behar dute datu horiek eta, horrela bada, beharkizunak eta egoitzako gastua ordaintzeko baliabide ekonomikoak dituela egiaztatzeko.

Gezurrezko datuak eman edo ezkutatu egiten badira, egoitzako edo eguneko zentro bateko eskatzaile izaera galdu egingo du, horrek ekar diezazkiokeen erantzukizunak alde batera utzi gabe.

3. oinarrizko gizarte zerbitzuek ondoko agiriak bidali behar dituzte Gizarte Politikarako Departamentura, espedientea aztertu eta erabakia har dezan:

  • a) Eskaera orria beteta.
  • b) Gizarte eta famili balorazioa.
  • c) Egoera ekonomikoari buruzko datuak eta eskatzaileak jarri behar duen kuotaren behin-behineko kalkulua.
7. artikulua, Urriaren 10eko 43/2006 Foru Dekretuak [GIPUZKOA] idatzia, 2002ko apirilaren 30eko 20/02 Foru Dekretua aldatzen duena, Gipuzkoako adineko pertsona ezinduentzako lekuak eskatu eta emateko arauak ematen dituena («G.A.O.» urriak 23). Indarreangotasuna: 2006/10/24

8. artikulua. Erabiltzailearen diru ekarpena.

Foru dekretu honen ondorioetarako, erabiltzailearen ahalmen ekonomikoa kalkulatzeko orduan, balorazioko osagai hauek hartuko dira kontuan: Errenta, ondarea eta famili unitateko kide kopurua.

Errentatzat jotzen da famili unitatearen diru sarrera guztiek osatzen dutena, diru iturriak honako hauek izanik:

  • - Lan etekinak, horren barne egonik pentsioak eta gizarte aurreikuspeneko prestazioak, edozein erregimen dutela ere.
  • - Kapital higikor zein higiezinaren etekinak.
  • - Enpresa edo lanbide jardueren etekinak.

Balio horien zenbatespena egiteko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak ezarritako arauei jarraituko zaie.

Ondaretzat jotzen da erabiltzaileek daukaten kapital higikor nahiz higiezin osoa, prestazioa hasi aurreko lau urteez geroztik baloratua. Ondarearen zenbatespena egiteko, Ondarearen gaineko Zergak ezarritako arauei jarraituko zaie.

Kapital higikortzat honako hauek jotzen dira: Kontu korronteetako nahiz epekako kontuetako gordailuak, inbertsio fondoak eta pentsio fondoak, balore higikorrak, bizitza aseguruak eta aldi baterako edo biziarteko errentak, artelanak, antzinateko gaiak. Bitxiak eta bestelako gauza baliotsuak.

Kapital higiezintzat jotzen da landa eta hiri izaerako ondasunek osatzen dutena.

Ohiko etxebizitzatzat jotzen da erabiltzaileak ohiko bizileku daukan bere titularitateko etxea.

Famili unitatetzat jotzen da honako hauek osatzen dutena: Ezkontideek eta beren kargupeko adingabeek eta judizialki ezinduak diren adin nagusikoek, guraso-aginte luzatu edo birgaitupean daudenek.

Diru ahalmenari buruzko datuei buruz gezurrak esateak edo haiek ezkutatzeak zerbitzuaren prestazioa aldi baterako edo behin betiko etetea ekar dezakete.

Ikusi, 2013ko urtarrilaren 23ko 105/2013 Foru Agindua, egoitza zerbitzu eta adineko pertsonentzako zentroen erabiltzaileek eguneko egin beharreko gehieneko ekarpenak zehazten dituena («G.A.O.» urtarrilak 30).

9. artikulua. Gehieneko ekarpena.

1. Foru dekretu honetako 10. eta 11. artikuluetan ezarritako irizpideen arabera erabiltzaileak ordainduko duena da gehieneko ekarpena. Ekarpen horren zenbatekoa eskumendun organoak zehaztuko du urtero.

2. Erabiltzaileek ordaindu beharreko gehieneko prezioa zehazteko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: Bai zuzeneko kostuak bai egozgarri zaien kostu orokorren portzentajea, hala nola, langileena, material eta artapenarena, finantza kargena, zuzenean erasandako instalazioen amortizazioarena, eta administrazioarena.

9. artikulua, Urriaren 10eko 43/2006 Foru Dekretuak [GIPUZKOA] idatzia, 2002ko apirilaren 30eko 20/02 Foru Dekretua aldatzen duena, Gipuzkoako adineko pertsona ezinduentzako lekuak eskatu eta emateko arauak ematen dituena («G.A.O.» urriak 23). Indarreangotasuna: 2006/10/24

10. artikulua. Egoitza zerbitzuak.

1. Plazaren kostua Gizarte Politikarako Departamentuaren eta erabiltzailearen artean finantzatuko da, horren baliabide ekonomikoak kontuan hartuta.

Erabiltzailearen azkeneko per capita ondarea 24.000 eurokoa baldin bada, onartutako gehienekoa ordaindu beharko du, 3.000 euro gordez berak libreki erabiltzeko. Behin baliabide ekonomiko horiek bukatzen direnean egingo den ekarpena artikulu honetako 2. atalean ezarritakoari jarraituz izango da.

Ondare higiezinaren ondorioetarako, ez da kontuan hartuko ohiko etxebizitza, baldin eta bertan famili unitateko beste kideak gelditzen badira, edota haren balioa Oinarrizko Errenta jasotzeko ezarritako gehieneko zenbatekoak baino txikiagoa bada.

2. artikulu honetako lehenengo atalean aipatzen diren baliabideak agortu dituzten erabiltzaileen ekarpena per capita-ko diru sarrera garbien %85a izango da, horren barne aparteko soldata egongo delarik, eta 8. artikuluan definitutako famili unitatea oinarritzat hartuta.

3. Nolanahi ere, egoitzan sartutako erabiltzaileak libreki erabil dezan, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren % 20 eduki beharko du gutxienez.

4. Urtero berrikusiko da erabiltzaileen ekarpena, haien errenta eguneratuak doitzearren.

5. Gizarte Politikarako Departamentuaren ekarpena tarifatik erabiltzailearen ekarpena kenduta ateratzen dena izango da

10. artikulua, Urriaren 10eko 43/2006 Foru Dekretuak [GIPUZKOA] idatzia, 2002ko apirilaren 30eko 20/02 Foru Dekretua aldatzen duena, Gipuzkoako adineko pertsona ezinduentzako lekuak eskatu eta emateko arauak ematen dituena («G.A.O.» urriak 23). Indarreangotasuna: 2006/10/24

11. artikulua. Eguneko zentroak.

Eguneko zentroetako plazei aurreko artikuluetan ikusitako diru ekarpen eta progresibitateko printzipio berak aplikatuko zaizkie, baina kontuan hartu gabe erabiltzailearen ondare higiezina eta libreki erabiltzeko diru kopurua.

Gizartekintza Departamentuko diputatuak urtero onartuko du erabiltzaileak libreki erabiltzeko izango duen diru kopurua.

12. artikulua. Erabiltzaileen diru ekarpena zehaztea.

Gizartekintza Departamentuaren ebazpen administratiboaren bitartez, erabiltzailea egoitzan sartu aurretik ezarriko da haren diru ekarpena, honako hauek kontuan hartuta: Errenta, kapital higikorra nahiz higiezina, baldin eta urtero etekinak sortzen badituzte, eta famili unitatea osatzen duten kide kopurua, 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Diru ekarpen hori inoiz ere ez da izango erabiltzailearen errentaren %100 adinakoa.

13. artikulua. Zerbitzua jasotzen duten pertsonen betebeharrak.

Zentroetako erabiltzaileak, eta hala dagokionean, haien legezko ordezkariak, behartuta daude errentan, ondarean edo famili unitateko kide kopuruan izandako edozein aldaketa kudeaketa organoari jakinaraztera, 30 eguneko epean, gertatzen denetik aurrera, baita banakoen ekarpena ezartzean eragina izan dezakeen edozein gertaera ere.

14. artikulua. Ordainketak eta prestazioak berrikustea.

Erabiltzaile bakoitzaren ekarpena ofizioz berrikusi beharko du kudeaketa organoak, edota erabiltzaileak nahiz haren ordezkariak hala eskatuta, baldin eta betebeharretan eta egoeretan izandako edozein aldaketak ekarpenari ere aldaketarik ekartzen badiote.

15. artikulua. Ordaindu beharra.

Erabiltzailea egoitzako ekipamenduan sartzen den unean sortuko da aipatutako bi aldeek plazaren kostua ordaindu beharra, edota, dagoeneko egoitzan sartuta badago, ebazpenean esandako egunean sortuko da.

Ordainketa dagokion egoitzako gizarte zerbitzuari egingo zaio zuzenean, baina horrek hilero, eskatutako agiriak eta frogagiriak Gizartekintza Departamentuari bidali ondoren.

Erabiltzaileak zuzenean ordainduko dio bera sartuta dagoen egoitzako gizarte zerbitzuari foru dekretu honek dioenaren arabera dagokion diru kopurua.

16. artikulua. Espedientearen tramitazioa.

1. Gizartekintza Departamentuak arrazoiak emanez ebazpena egingo du, eskaera onartuz edo ukatuz. Eman diezaioke, era berean, eskatu duena ez den beste gizarte baliabide bat, eskatzailearen beharrei erantzuteko egokiagoa dela baderitzo. Ebazpen horren aurka Gora Jotzeko Errekurtsoa jar dezake Departamentuko foru diputatuak erabaki dezan.

2. Programakuntza eta Kudeaketako zuzendari nagusiari dagokio foru dekretu honetan aipatzen diren ekipamenduetara joateko baimena eman edo ukatzea.

17. artikulua. Zerbitzuaren eskatzaileen zerrendak.

1. Ekipamendu eskatzaileen zerrendaren bidez antolatuko da ekipamendua ematerakoan eskatzaileak duen lehentasuna eta zein zentro mota ematen zaion, gizarte eta familia baremoan eta autonomia/menpekotasun gradua baloratzeko eskalan lortutako puntuaketari jarraituz.

2. Eskatzaileen zerrendan egongo dira zentroren batera joateko baimena izan eta ebazpenaren egunean lekurik ez zegoelako zentroan plazarik eman ez zitzaien eskatzaileak.

3. Gizartekintza Departamentuak udalerrietan tramitatu eta ebatzi ez diren eskaeren egoeraren berri emango die herrietako oinarrizko gizarte zerbitzuei.

4. Lekurik eman ez zaien eskatzaileek eska dezakete, behar bezala egiaztatu ondoren, espedientea berrikustea, beren zertzelada pertsonaletan izandako aldaketek alda badezakete egindako balorazioa. Egoitza edo eguneko zentroren batean leudekeen pertsonen kasuan, zentroa bera izango da espedientea berrikustea eskatu behar duena.

5. Zerbitzuaren eskatzaileen zerrenda publikoa da, gai horretan ezar daitekeen arautegiak, batez ere pertsonen intimitate eskubideari dagokionez, jartzen dituen mugak kontuan edukiz. Eskatu ondoren, interes legitimoa dutela egiaztatzen dutenei zerrenden edukiari buruzko ziurtagiriak emango zaizkie.

18. artikulua. Plazak esleitzea.

1. Egoitzetako eta eguneko zentroetako plazak pertsona bakoitzaren beharren arabera esleituko dira, eskatzailearen beharrei erantzuteko baliabiderik egokiena aurkituz. Horretarako kontuan hartuko dira: Puntuazio globala, betetzen den plazaren ezaugarriak, eta gizarte eta osasuneko egoitza zentro bateko egoiliarra den ala ez.

18.1 artikulua, Urriaren 10eko 43/2006 Foru Dekretuak [GIPUZKOA] idatzia, 2002ko apirilaren 30eko 20/02 Foru Dekretua aldatzen duena, Gipuzkoako adineko pertsona ezinduentzako lekuak eskatu eta emateko arauak ematen dituena («G.A.O.» urriak 23). Indarreangotasuna: 2006/10/24

2. Egoitzetako eta eguneko zentroetako plazak aurreko paragrafoan esandakoaren arabera esleituko dira, Ezinduen eta Babesgabeen Laguntzako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez, dagokion sarrera onartuz, eta bertan aipatuz zentroaren izena, aurreikusitako sarrera eguna, eta erabiltzaileak ordaindu beharko duen zenbatekoa.

18.2 artikulua, Urriaren 10eko 43/2006 Foru Dekretuak [GIPUZKOA] idatzia, 2002ko apirilaren 30eko 20/02 Foru Dekretua aldatzen duena, Gipuzkoako adineko pertsona ezinduentzako lekuak eskatu eta emateko arauak ematen dituena («G.A.O.» urriak 23). Indarreangotasuna: 2006/10/24

3. Hartu dutela egiaztatzeko moduko bitartekoren baten bidez jakinarazi behar zaizkie ebazpenak interesatuei.

Eskaera jaso duen oinarrizko gizarte zerbitzuari ere jakinarazi behar zaio, eta egoitzari edo eguneko zentroari hara joan behar badu.

19. artikulua. Ekipamendura joatea.

1. Sarrera onartu ondoren, eskatzaileak egoitzara edo eguneko zentrora adierazitako egunean joan behar du, edota erabakitako sarrera egunetik hasi eta gehienez bi egunen barruan.

2. Ez bada epe horretan joaten eskatzaileak izan duen arrazoiren bat dela eta, beste 3 egun izango ditu joateko, baina hiru egun horiek gordetako plazatzat hartuko dira eta eskatzaileak gordetako plaza horri dagokion zenbatekoaren zatia ordaindu behar du. Bost egun iragan direnean interesatua ez bada joan arrazoirik eman gabe, ulertuko dugu tramitatutako espedientetik datozkion eskubideei uko egiten diela.

3. Gorabehera berezi batzuk izan dituelako, jarritako egun edo epean ezin badu joan, interesatuak eguna aldatzea eska dezake, edota joateko epea luzatzea, joan behar duen zentroarekin adostu ondoren beste egunen bat edo epea jarriz, Gizartekintza Departamentuak horrela erabakiz gero. Hori horrela bada ere, inguruabarrak halakoak direlako, eman dakioke plaza eskatzaileen zerrendako beste pertsona bati, lehen eskatzailea horrela beste plaza huts baten zain geratuko delarik.

4. Egoitzan sartu aurretik, edota dena dela egun berean, zentroak bertako bizitza zuzentzen duten arauen berri emango dio eskatzaileari, ulertzeko moduko hizkuntza eta era batean. Zentrora joateak esan nahi du arau horiek onartu egiten direla.

20. artikulua. Egokitzeko aldia.

1. Egoitzan sartu eta lehen bi hilabeteetan zentroaren ezaugarrietara eta funtzionamendura egokitzeko aldia izango dute eta, era berean, elkarbizitzako gutxieneko ohiturak hartzeko ere, han bizi diren guztiak ongi zainduta egon eta ongi bizi daitezen. Zentroko zuzendariak edo, haren esku ordez, egoiliarrari jarritako pertsonak, sortuko diren arazoez hitz egingo dute egoiliarrarekin eta ongi ohitzeko beharrezko irtenbideak aurkituko dituzte elkarrekin.

2. Egoiliarrarekin batera irtenbideak aurkitzen saiatu ondoren, hura ez dela zentroan ohitzen ikusiz gero, edota zentroak ez diela haren beharrei erantzuten, zentroko zuzendariak egoiliarrari lehendabizi jakinarazi ondoren, Gizartekintza Departamentuari emango dio horren berri, egoera aztertu ondoren informea egin dezan.

3. Gizartekintza Departamentuak egindako txostenaren berri egoiliarrari emango dio, edo bere legezko ordezkariei, eta 10 eguneko epea izango dute egoki deritzoten alegazioak egiteko.

4. Gizartekintza Departamentuak, alegazioak aztertu ondoren, eman beharreko ebazpena emango du. Egoiliarrak zentroa uztea erabakiz gero, beste hautabide bat proposatuko zaio.

21. artikulua. Zentrora joan ondorengo gaitasungabetzea.

Zentro batera joan ondoren bere kasa erabakitzeko gaitasuna galtzen badu egoiliarrak, zentroko zuzendariak zertzelada horren berri eman behar dio egoiliarraren familiari, gaitasungabetze tramite egokiak has ditzaten. Familiakorik ez badu edo familiak ez badio eskakizunari erantzuten, zentroko zuzendariak Gizartekintza Departamentuari emango dio gertaeraren berri.

22. artikulua. Egoitzez edo eguneko zentroz aldatzea.

1. Sarrera foru dekretu honetan erabakitakoaren arabera egin duten egoiliarrek eskubidea edukiko dute beste zentro batera aldatzeko eskaera arrazoitua aurkezteko.

Era berean, eskaera aurkeztu ahal izango dute, behar bezala arrazoituta, bai zentro batean dauden pertsona autonomoak izan arren geroago pertsona ezindu gertatu direnek, bai Gipuzkoatik kanpoko zentroetako egoiliarrak izan arren foru dekretu honetan zehazten diren sartzeko baldintzak betetzen dituztenek.22.1 artikuluaren bigarren paragrafoa, Urriaren 10eko 43/2006 Foru Dekretuak [GIPUZKOA] idatzia, 2002ko apirilaren 30eko 20/02 Foru Dekretua aldatzen duena, Gipuzkoako adineko pertsona ezinduentzako lekuak eskatu eta emateko arauak ematen dituena («G.A.O.» urriak 23). Indarreangotasuna: 2006/10/24

2. Artikuluan aipatzen diren zentroetara aldatzea eskatzeko arrazoiak ondoko hauek dira:

  • a) Familia batzea zentroan.
  • b) Jatorrizko etxebizitzara hurbiltzea.
  • c) Eskatutako zentroa egokiagoa izatea ematen dituen zerbitzuei eta pertsonaren beharrei begiratuta.

23. artikulua. Lekuz aldatzeko eskaerak.

Lekuz aldatzeko eskaerak eskatzailea dagoen zentroan bertan egin behar dituzte egoiliarrek edo beren legezko ordezkariek, edo Gizartekintza Departamentuan, ondoren departamentu horrek eskatzailearen jatorriko herriko oinarrizko gizarte zerbitzuei emango dielarik horren berri.

24. artikulua. Lekuz aldatzeko espedientearen izapideak.

Administrazio eskudunak informazioa eskatuko die eskatzailea bizi den zentroko arduradunei, eta lekuz aldatzearen arrazoiez galdetuko, lekuz aldatzea komeni den eta onar daitekeen baloratzeko.

25. artikulua. Leku aldaketaren tramitazioa.

1. Programakuntza eta Kudeaketako zuzendari nagusiari dagokio lekuz aldatzea onartu edo ukatzea.

2. Eskaera hartu eta gehienez ondorengo bi hilabeteen barruan hartu behar da ebazpena.

3. Aurreko paragrafoan aurreikusitako epea berariaz ebazpenik eman gabe iragan denean eta ebaztea alde batera utzi gabe, onartutzat jo daiteke eskaera -plaza esleitzen ez bada ere-, zentroko egoiliarra izateko baldintzak eta beharkizunak betetzen baditu eskatzaileak.

26. artikulua. Lekuz aldatzea eskatu dutenen zerrenda.

Gizartekintza Departamentuak egoitzez aldatu nahi dutenen zerrenda egingo du eta doakien zentroei bidaliko.

27. artikulua. Plazak esleitzea.

Egoitzez aldatu nahi dutelako sarrera eskatzaileen zerrenda dagoenean, egoitzak zerrenda orokorreko hiru hartu ondoren, lekuz aldatu nahi dutenen zerrendako bat tartekatuz egingo ditu esleipenak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo

Gizartekintza Departamentuko diputatuari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau zuzen garatu eta gauzatzeko behar diren xedapen, ekintza eta jarraibide guztiak eman ditzan.

Bigarren

Sei hilabeteko epean, foru dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera, dauzkan administrazio jardunbideen normaltze administratibo eta dokumentalari ekingo dio Gizartekintza Departamentuak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

A. Foru dekretu hau indarrean sartu aurretik egoitzako ekipamenduetan sartutako erabiltzaileei ez zaie aplikatuko foru dekretu hau, aurreko arauak baizik, nahiz eta 6 hilabeteko epean, gehienez ere, hau aplikatzeko eskaera egin dezaketen. Behin aldaketa onartuz gero, ezingo da berriz eskatu aurreko arauak aplikatzeko.

B. Foru dekretu hau indarrean sartu ondoren egoitzako ekipamenduetan sartzen direnei, berriz, foru dekretu honek dioen bezala aplikatuko zaizkie plaza eta prezioa zehazteko arauak.

C. Era berean, alde batek eskatutako leku aldaketa eskaerei foru dekretu hau aplikatuko zaie.

D. Foru dekretu hau indarrean sartzen denean egoitzako ekipamenduen erabiltzaile direnek, bertako diru baremazioa aplikatzeko eskaera egin dezakete.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratu dira foru dekretu honek jasotakoaren aurka doazen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AMAIERAKO XEDAPEN BAKARRA

Foru dekretu hau 2002ko uztailaren 1ean sartuko da indarrean.