FORU DEKRETUA 121/1999, abenduaren 21ekoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoan Adinekoen Kontseilua sortzeko araudia onartzen duena.

Gorde / Erakutsi iruzkinak    Imprimatu

FORU DEKRETUA 121/1999, abenduaren 21ekoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoan Adinekoen Kontseilua sortzeko araudia onartzen duena.

BOG 29 Abendua 1999

Autonomia Erkidego Osoko Erakundeen eta horren Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, 7. artikuluaren 1. eta 2. ataletan ezartzen duenez, azken erakunde hauei, beren lurraldearen barruan, Autonomia Erkidego Osoko Erakundeen legebideak betearaztea dagokie, gizarte laguntzari, komunitate hazkuntzari, emakume gaiei, eta, haurrekiko, gazteekiko, zahartzaroarekiko, atseden eta aisiarekiko politikari dagokienez, Erkidego Osoko Erakundeen arteko ekintzaren kaltetan gabe.

Eusko Legebiltzarreko urriaren 18ko 5/96 Legeak, gizarte zerbitzuenak, ezartzen du gizarte zerbitzuen sistema arautu behar duten printzipio orokorren artean, gizarteak parte hartzearena, botere publikoen esku utziz, herritarrek gizarte zerbitzuetan demokratikoki parte har dezaten egin beharreko ahalegina, Legearen 20. artikuluan espreski ezarritako parte hartze eta kontsulta organoen bidez.

Botere publikoak derrigortuta daude pertsona horien gizarte ongizatea sustatzeko, beren arazo bereziez arduratzen den gizarte zerbitzu sistema baten bitartez. Sistema horren alderdi bat irtenbideak bilatzeko eragindakoen parte hartze arduratsua bermatuko duten egiturak mantentzea izango da. Xede horretarako erabiliko da, hain zuzen, Adinekoen Kontseilua.

Bestalde, azpimarratu behar da gizarte zerbitzuek lortu duten hedapen handiak, eta, bereziki, adinekoei dagokien hainbat ekintzak hartutakoak, Gipuzkoako Adinekoen Kontseilua, organo parte hartzaile eta aholku emaile gisa, sortu eta abian jartzeko bidea ematen dutela.

Kontseiluak adinekoek bildutako esperientzia aberasgarriak bideratu eta hedatzeko bide izan behar du, beren parte hartzea bultzatzen duen bitartean.

Azken finean, Kontseiluaren helburua gizarte ekintza publikoa zuzentzen duten printzipioetako bat eraginkor bihurtzea da, gizarte ekintzan adinekoek parte hartzea, hain zuzen ere.

Adinekoen Kontseilua sortzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak duen eskumenari dagokionez, gizarte zerbitzuen legeak 11.7 artikuluan espreski azpimarratzen du foru erakundeei dagokien zeregina, adinekoen eta haien antolakuntza organoen parte hartzea bultzatzekoa, hain zuzen.

Hori betez, Gizartekintza Departamentuko foru diputatuak proposatuta, eta gaurko egunez Diputatuen Kontseiluak eztabaidatu ondoren, ondorengo hauxe,

XEDATU DUT:

1. artikulua. Izaera.

1. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Adinekoen Kontseilua, adinekoek eta, beraiekin lotutako entitate, elkarte eta erakundeek parte hartzeko foro berezi gisa sortua izan da, herritarren sektore horren ongizatea lortzera zuzendutako politika eta jarduketen planifikazio eta jarraipenean elkarlanean jarduteko asmoz.

2. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Adinekoen Kontseilua organo kolejiatua da, aholku emailea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizartekintza Departamentuari atxikia, eta adinekoekin lotutako gizarte politikaren diseinu, abian jartze eta jarraipenean parte hartu beharko du.

Ikusi, 2. artikuluaren 2. zenbakiko b) hizkia, 2012ko apirilaren 2ko 13/2012 Foru Dekretuarena [GIPUZKOA], Gizarte Politikako Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa («B.O.G.» apirilak 16), Gipuzkoako Lurralde Historikoko Adinekoen Kontseilua, aipatu departamenduari atxiketzekoa.

2. artikulua. Xedea, helburua eta eginkizunak.

  • a) Adinekoekin horren baztertzaile izango ez den gizarte integratzaileago bat lortzen laguntzea.
  • b) Gizartea adin ezberdinetako pertsonek osatzen dutelako aitorpen eta onarpena bultzatzea, belaunaldien arteko elkarlana sustatuz.
  • c) Adinekoen irudi errealago bat eta estereotipo gutxiagoduna zabaltzea, bere arlo onak eta solidarioak nabarmenduz.
  • d) Gizarte esterotipoen aurkako kanpaina bereziak bultzatzea.
  • e) Menpekotasun edota bazterkeria egoerei aurre egiteko politikak bultzatzea.
  • f) Adinekoen giza baliabideak hobeto aprobetxa daitezen laguntza ematea, beren autoestima nahiz parte hartze maila eta integrazioa hobetuz.
  • g) Gizartekintza Departamentuarekin lankidetzan jardutea, gizarte zerbitzuetako Legearen esparruan, eta adinekoen taldearen jarduketa arloan.
  • h) Gizarte arlo horrekin zuzenean lotutako politikarekiko Lurralde Historikoaren egokitzapena ezagutzea eta haren berri ematea.

3. artikulua. Egitura, osaketa eta izendapena.

1. Hona hemen Adinekoen Kontseiluko kide izango direnak:

  • - Lehendakaria:

    Gizarte Politikako Departamentuko foru diputatua izango da Kontseiluko lehendakaria eta ordezkaria, eta honako egitekoak izango ditu, gainera:

    • a) Bileretarako deia egitea.
    • b) Bileretarako gai zerrenda erabakitzea.
    • c) Bilerei hasiera eta amaiera ematea.
    • d) Eztabaida zuzendu eta etetea, eta hitza eskatzen duenari ematea edo ukatzea.
    • e) Berdinketa dagoenean bere botoaz erabakitzea.
    • f) Foru dekretu honek edo indarrean dagoen arautegiak ematen dioen beste edozein.

    Egiteko horiek lehendakariordeari eskuordetu ahal izango dizkio.

  • - Lehendakariordea:

    Lehendakariak izendatzen duen kontseilukidea izango da lehendakariorde.

    Lehendakariordeari dagokio:

    • a) Lehendakaria ordeztea lehendakaririk ez denean, kanpoan dagoenean edo gaixo dagoenean.
    • b) Batzorde iraunkorraren bileren deialdia egin eta buru izatea.
    • c) Lehendakariak eskuordetutako egitekoak betetzea.
  • - Kontseilukideak:
    • a) 7 kide, Gipuzkoako eskualdeetako adinekoen kontseiluetako ordezkari bana.
    • b) 3 kide, adinekoei arreta orokorra ematen jarduten duten erakundeen ordezkaritzan.
    • c) 3 kide, adinekoen mendekotasunean jarduten duten erakundeen ordezkaritzan.
    • d) 3 kide, EUDEL-Euskal Herriko Udalerrien Elkartearen ordezkaritzan.
    • e) 3 kide, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritzan.

    Gizarte Politikako Departamentuko idazkari teknikoak jardungo du idazkari lanetan.

2. Lehendakariaren kasuan salbu, Kontseiluko gainerako kideei dagokienez, titularraz gain, titularra egon ezean bere ordez jardungo duen ordezkoa ere izendatuko da.

3. Gizarte Politikako Departamentuko foru diputatuak egingo du Kontseiluko kideen izendapena. a), b), c) eta d) kasuetan, dagokien erakundeek egindako izendapen proposamenei jarraikiz egingo du

3. artikulua Urriaren 19ko 27/2010 Foru Dekretuaren [GIPUZKOA] astikulu bakarrak idatzia, zeinaren bidez aldatzen baita 121/1999 Foru Dekretua, abenduaren 21ekoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoan Adinekoen Kontseilua sortzeko araudia onartzen duena («G.A.O.» urriak 25). Indarreangotasuna: 2010/10/26

4. artikulua. Iraupena.

Adinekoekin lotutako erakunde eta elkarteko ordezkariek lau urtez jardungo dute ordezkaritza lanetan.

5. artikulua. Antolakuntza.

1. Kontseiluko antolakuntza eta funtzionamendua 30/1992 Legeko, Herri Administrazio guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazioaren Jardunbidearen Legeko II Tituluaren II kapituluan Herri Administrazioetako organo kolejiatuentzat xedatutakoari jarraiki egingo da.

2. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Adinekoen Kontseiluak bere antolaketa araudia onartu ahal izango du, funtzionatzeko behar dituen arauak dituena, eta Araudi orokorrari eta foru dekretu honetan ezarritakoari jarraiki.

6. artikulua. Funtzionamendua.

1. Kontseilua hiru hilabetetan behin, gutxienez, bilduko da ohiko bileran; aparteko bileran, berriz, eztabaidatu beharreko gaien premiak hala eskatzen duenean, aldez aurretik, lehendakaritzak bere kabuz deituta, edota Kontseiluko kideen heren batek eskatuta.

2. Kontseiluko Lehendakariak zazpi egun natural aurretik deituko ditu bileretara, eta deialdiarekin batera, gai zerrenda ere bidaliko du, Lehendakariak berak emandako jarraibideen arabera Idazkari lanetan diharduenak egindakoa.

3. Kontseiluko bilerak egin ahal izateko, Lehendakariaz edota legez ordezkatzen duenaz gain, kideen erdia, gutxienez, ere behar-beharrezkoa izango da.

4. Arrazoiak adieraziz emango da erabakien berri, eta bertan diren kideen gehiengo soilez hartuko dira erabaki horiek. Lehendakariak, edota legez ordezkatzen duenak bere kalitate botoaz erabakiko du berdinketa gertatuz gero. Erabakian, gehiengoaren erabakiaren aurkako botu partikularrak ere kontuan hartu ahal izango dira.

5. Kontseiluko erabakiak Idazkariak idatzitako aktan jasoko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lehenengo

Foru Dekretu hau indarrean jarri eta hilabeteko epean, Gizartekintza Departamentuko foru diputatuak Adinekoen Kontseiluko kideak izendatuko ditu.

Bigarrena

Kontseilua Foru Dekretua argitaratzen denetik hilabeteko gehieneko epean eratuko da.

AZKEN XEDAPENA

Lehenengo

Gizartekintza Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena

Adinekoen Kontseilua sortzeko emandako foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.