BERGARAKO UDALA
Iragarkia
Alkateak 2026ko urriaren 15ean emandako dekretu baten bitartez Aroztegi aretoaren 2027rako erabilera eta programazioa arautzeko baldintzen plegua onartu da eta honen bidez argitaratzen da:
Aroztegi aretoaren 2027rako erabilera eta programazioa arautzeko baldintzen plegua.
1. 2027an Aroztegi aretoan beren lanak erakutsi nahi dituzten artistek eskaera Bergarako Udal Erregistro Elektronikoan edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aurreikusten dituen gainerako bideen bitartez aurkeztu beharko dute.
Eskaerak aurkezteko epea deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean zabalduko da eta 2026ko azaroaren 25eko 13:00etan bukatuko da.
2. Eskatzaileak derrigorrez udalak prestatutako ereduari jarraituz egin beharko du eskaera. Eskaera egiteak ez du esan nahi erakusketa-eskaintza hori urteko programaziorako onartua izango denik, eta ezta ere onartua izan arren berak proposatutako datetan egingo denik ere erakusketa, Udalak erabakiko baitu, programazioa erabakitzen duen batzordeak proposatutakoari jarraituz.
3. Eskaera-eredua (F0124 inprimakia) interesa duten guztiek eskuragarri izango dute BAZean eta baita udalaren webgunean ere (www.bergara.eus).
4. Interesatuek derrigorrez eskaera F0124 inprimakia erabilita egin beharko dute. Inprimaki hori behar den bezala beteta eta sinatuta aurkeztu beharko da.
Eskaerarekin batera honako dokumentuak aurkeztu beharko dira:
— Artistaren ibilbide artistikoari buruzko dosierra.
— Erakusgai jarri nahi diren zenbait artelan edo objekturen argazkiak.
— Erakusgai jarri nahi diren artelan edo objektuen behin-behineko zerrenda eta bakoitzaren neurriak eta pisua.
Eskabideak edo harekin batera aurkeztu beharreko nahitaezko dokumentazioak akatsen bat duenean edo osatu barik dagoenean, 10 eguneko epea izango dute interesdunek antzemandako akatsak zuzentzeko, udalak egindako errekerimendua jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Emandako epea akatsak zuzendu barik igarotzen bada, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta beste izapiderik gabe artxibatu egingo da.
5. Batzorde mistoak interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentu aurkeztea eskatu ahal izango du Udalak. Halaber, eskatu ahal izango dio artistari artelanen behin betiko zerrenda erakusketaren data baino bi (2) hilabete lehenago. Behin betiko zerrenda hori ikusita, udalak, batzorde mistoaren proposamenari jarraituz, baimena ukatu edo erakusketaren baldintzak aldatu ahal izango dizkio artistari.
6. Batzorde mistoak, aurkeztutako eskaera guztiak aztertu ondoren, aukeraketa egin eta urteko programazioa egingo du. Programazioa ez da osatuko derrigorrez aurkeztutako eskaera guztiekin; izan ere eskaera aurkezteak ez dakar berarekin programazioan onartua izateko eskubidea. Aurkeztutako eskaeretatik kanpo interesgarriak izan daitezkeen beste erakusketa batzuk ere antolatu ahal izango ditu batzorde mistoak. Kasu horretan baldintza-plegu honen 22 eta 23 puntuetan jaso den erara jokatuko da. Halaber, batzordeak erabaki ahal izango du erakusketarik ez programatzea, ustez gutxieneko kalitatea bermatzen ez delako, nahiz eta aretoa libre egon.
7. Batzorde mistoak urteko egutegia osatzerakoan bi artisten erakusketa proposamenak erreserban utzi ahal izango ditu, urteko egutegian bajarik egonez gero baja horiek betetzeko. Bajarik egon ezean, erreserban utzitako erakusketak zuzenean pasatuko dira hurrengo urteko egutegira.
8. «Batzorde Mistoa» Bergarako Udaleko Kultura Zerbitzuaren barnean sortutako batzordea da eta berau arduratuko da Aroztegi aretoaren programazioaz. Batzorde honetako partaideak ondorengoak izango dira: Beart Bergarako Artisten elkarteko kideak, Bergarako Arizondo argazkilari elkarteko kideak, Bergarako Buztinzale zeramika elkarteko kideak, Kultura teknikaria eta Bergarako Udaleko herritarren arloko batzordeko zinegotzia. Dena dela, batzorde misto honek adituen kolaborazioa ere eskatu ahal izango du, batzordeko kideek egoki edo premiazko ikusten badute.
9. Batzorde Mistoak egindako proposamena alkateari helaraziko dio eta honek hartuko du erabakia. Hartutako erabakia webgunean argitaratuko da eta argitalpen horrek jakinarazpenaren balioa izango du 39/2015 Legeko 45. artikuluari jarraituz.
10. Eskaera aurkeztu eta hiru hilabeteko epean erabakirik hartuko ez balitz, interesatuak bere eskaera baztertuta geratu dela ulertu ahal izango du.
11. Eskaera aurkeztu duten guztiek onartutakoen zerrenda kontsultatu ahal izango dute abenduaren 12tik aurrera.
12. Erakusketaren arabera, udalak fidantza eskatu ahal izango dio artistari. Eskatzaileari fidantza eskatzen zaion kasuetan, erakusketaren muntaia hasi baino hamabost egun lehenago gutxienez jarri beharko du eskatzaileak fidantza. Eta fidantza jarri arte Udalak emandako baimena behin-behinekoa izango da.
13. Artista bakoitza edo interesduna arduratuko da erakusketa muntatu eta desmuntatzeaz. Udalak adierazitako epean ez bada erakusketa jartzen edo epea amaitu ondoren erretiratu gabe badago, jarri duen fidantza galduko du eskatzaileak. Horrez gain, zehaztutako epeak gainditzen duen egun bakoitzarengatik 30 euroko diru-zigorra ezarriko zaio eskatzaileari.
14. Erakusketa bukatutakoan, lagatako instalazioak hartu diren baldintza berberetan utzi beharko dira. Erakusketaren muntaia dela-eta aretoa kaltetua gertatuko balitz, kalte horren ordainketa egiteko erabiliko da fidantza. Fidantzarekin kalte-ordainak estali ezin diren kasuetan, Udalak artistari erreklamatu ahal izango dizkio.
15. Udalak une oro eskubidea izango du jardueraren garapenerako beharrezkoak diren instalazio osagarrien muntai lan guztiak eta bakoitza ikuskatzeko. Artistak edo erakusketaren jartzaileak onartu egin beharko ditu horri buruzko irizpide eta oharrak.
16. Udalak, pisuzko arrazoi batek hala eskatzen duenean, hitzartutako erakusketaren datak eta baldintzak aldatu ahal izango ditu.
17. Udalak erabakiko du erakusketak publikoari irekitzeko ordutegia.
18. Oro har erakusketarako sarrera dohainekoa izango da, eta publiko osoari irekia.
19. Aroztegi aretoan erakusgai jarritako artelanen edo objektuen salmenta ezingo da Aroztegi aretoan bertan egin.
20. Udalak ez du erakusten diren objektuen kalte, urraketa edo lapurreten erantzukizunik hartuko. Era berean, Udalak ez du asegururik kontratatuko. Erakusketa aseguratu nahi den kasuetan, artista arduratu beharko da berau kontratatzeaz.
21. Udalak dohainik utziko dio eskatzaileari Aroztegi aretoa, eta honek dohainik egingo du bertan erakusketa.
22. Aroztegi aretoa programazio aretoa da, eta batzorde mistoa da, baldintza plegu honetan zehaztutakoa jarraituz, urteroko programazioa egiteaz arduratuko dena. Aroztegi aretoa ohiko erakusketak eta Bergarako Kultur taldeen erakusketak antolatzeko ere erabiliko da, eta ondoren aipatzen diren garaitan lehentasuna izango dute:
1) San Martin jaiak pasatu ondoren, 10 egunez, Aire libreko Simon Arrieta pintura lehiaketako lanen erakusketa.
2) Azaroko bigarren hamabostaldi inguruan, 10 egunez, Bergara Argazki lehiaketaren erakusketak.
3) ZTB jardunaldiak.
4) Bergarako kultur taldeen ohiko erakusketek, azaroaren bukaeratik edo abendu hasieratik urtarrilaren amaierara bitartean. Halere, erakusketa horien antolatzaileek erakusketa jartzeko eskaera idatziz egin beharko diote Bergarako Udalari. Eskaera egiteak esan nahiko du erakusketaren antolatzaileek eta elkarteek baldintzen plegu hau onartzen dutela. Aretoa bi kultur taldek aldi berean konpartitu ahal izango dute beren lanak erakusteko, batzorde mistoak egoki irizten badio.
Aipatu erakusketa hauen data zehatzak eta gainontzeko xehetasunak batzorde mistoak finkatuko ditu.
23. Udalak, Batzorde Mistoaren bitartez, artistak gonbidatzeko edo erakusketak kontratatzeko aukera ere izango du. Kasu horretan, onartutako erakusketen baldintzen pleguan aldaketak egin ahal izango dira, interesatuari gutxienez 15 egun aurretik jakinarazita.
24. Bergarako Udalak indarkeria matxistaren aurka lan egiteko daukan konpromiso irmoari jarraituz, eta zehazki, 2018ko azaroaren 26ko eta 2019ko azaroaren 25eko Osoko Bilkuratan onartutako Adierazpen Instituzionalei helduta, ez dira onartuko indarkeria matxista bultzatzen duten, edo biktimen erreparazio eskubidea urratzen duten lanen edo egileen erakusketak.
Aurrekoaren harira, Aroztegiko Batzorde Mistoak edo Bergarako Udalak eskubidea izango dute artistaren bat edo erakusketa oso bat bertan behera uzteko, aurretik aipatutako Adierazpen Instituzionaletan onartutako neurri hauekin bat egiten ez badute:
— Biktimen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jarri, euren beharrizan eta eskariei entzunez eta arreta emanez.
— Tartean sartutako erakunde guztiekin koordinatuz, arreta eta erreparaziorako baliabideak egituratu, indarkeria matxistaren biktimen egoera erabat lehengoratuko dela eta urratutako eskubideak berrezarriko direla bermatzeko.
— Bizirauleei entzun, horrela prebentzio eta segurtasun neurriak diseinatu ahal izateko; emakumeek bizirauteko, babesteko eta ahalduntzeko behar dituzten aurrez aurreko estrategiak balioan jarriz.
— Biktimen salaketa- eta erreklamazio-prozesuetan laguntza eman, emakumeek adierazitako testigantza eta beharrak legitimatuz.
Erakusketa bat bertan behera uzteko erabakian batzorde mistoa edota batzordea eta Udala ados jarriko ez balira, Udalak izango du azken hitza.
25. Erabilera anitzeko aretoa da Aroztegi, nahiz eta erakusketek izango duten lehentasuna. Halere, ondorengo ekitaldiak ere egin ahal izango dira bertan, besteak beste, kamera musikaren formatu txikiko kontzertuak, hitzaldiak, argazki edo diapositiba proiekzioak eta liburu aurkezpenak. Dena dela, ekitaldi horiek erakusketarik ez dagoenean egin ahal izango dira, edo kasu bakoitzean erakusketa duen artistarekin adostasun batera iritsitakoan, beti ere Aroztegiko Batzorde Mistoak horretarako eragozpenik ikusten ez badu. Hemen jasotako ekitaldiez gain besteren bat egiteko eskaria jasoz gero, batzorde misto honek izango du erabaki-ahalmena. Dena dela, batzorde mistoak hartutako erabakia Alkateak berretsi beharko du gero.
26. 2027. urtean ezinbesteko beste arrazoiren batengatik aretoa itxi beharko balitz, programatuta egongo diren baina gauzatu ezinik geldituko diren erakusketek lehentasuna izango dute hurrengo urteko programazioan.
27. Baldintzen plegu honen interpretazioaren inguruan sor litezkeen gorabeherak batzorde mistoak erabakiko ditu, eta Alkateak berretsi.
28. Aroztegi aretoan erakusketa jartzeko interesa izan eta eskaera egiteak baldintzen plegu hau onartzea dakar ezinbestean.
Bergara, 2026ko urriaren 16a.—Gorka Artola Alberdi, alkatea. (6884)