GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
EKONOMIA SUSTAPENEKO ETA
PROIEKTU ESTRATEGIKOETAKO DEPARTAMENTUA
Gipuzkoako industria-enpresen hurbileko hornidura-kateak sendotzeko Enpresak Errotzen laguntza programaren 2026ko deialdia.
Diputatuen Kontseiluak honako erabaki hau hartu du 2026ko irailaren 8ko bilkuran:
Pasa den urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak, 2024-2027 aldirako Plan Estrategikoa betez –bereziki, III. oinarria: «Lehiakortasuna eta Berrikuntza» eta 3.3 helburu estrategikoa: «Lehiakortasun-gaitasunak eta -aukerak sustatzea, sektore ekonomikoak finkatuz eta/edo eraldatuz eta berriak sustatuz»–, «Enpresak Errotzen» programa ezarri zuen, Gipuzkoako industria-enpresen eta tokiko hornitzaileen arteko hurbileko hornidura-kateak sendotzeko helburuarekin.
Helburu nagusia lurraldeko industria-ehuna indartzea da, haren erresilientzia eta lehiakortasuna bermatuz digitalizazioak, hornidura-kateen aldakortasunak eta kanpoko mendekotasunak murrizteko beharrak markatutako testuinguru global batean. Horretarako, lehentasuna ematen zaio hornidurak eskatzen dituzten industria-enpresak tokiko hornitzaileekin estrategikoki integratzeari, eraginkortasun operatiboa, horniduraren egonkortasuna eta disrupzioen aurrean egokitzeko gaitasuna ziurtatuko duten produkzio-sareak sustatuz.
Hurbiltasun-kate horiek sendotzearen helburua da tokiko hornitzaileen gaitasun teknikoa, logistikoa eta komertziala baliozkotzea, merkataritza-harremanak optimizatzea transakzio-kostuak murriztuko dituzten eta lankidetza teknologikoa sustatuko duten akordio egonkorren bidez, eta Gipuzkoako industria-sarearen autonomia estrategikoa indartzea. Ikuspegi horrek, tokiko sinergien bidez enpresen lehiakortasuna bultzatzeaz gain, eredu ekonomiko iraunkor bat lortzen laguntzen du, eragin logistiko txikiagoa, ekoizpen-arintasun handiagoa eta enplegu kualifikatuaren babesa dituena.
2024-2027 Plan Estrategikoaren ardatz gidariekin bat eginez, «Enpresak Errotzen» programak garapen industrial berritzailearekiko konpromiso instituzionala gauzatzen du, lurraldearen gaitasun endogenoetan errotuta eta erronka globalak tokiko aukera bihurtzera bideratuta, oparotasun kolektiboa eta erresilientzia ekonomikoa bermatzeko.
Iazko deialdian emaitzak espero zirenak izan ez ziren arren, tokiko hornitzaileen aldeko apustuak konpromiso estrategiko bat ezartzen du, Gipuzkoako ekonomia indartzen laguntzen duena, enpresa-sarearen autonomia eta erresilientzia handituz mundu mailako ezegonkortasun ekonomiko, geopolitiko edo logistikoaren aurrean, urruneko merkatuekiko eta hornidura-kate ahulenekiko mendekotasuna murriztuz. Horregatik, 2026an beste deialdi bat egitea planteatzen da.
Dirulaguntza lerro hau sartuta dago 2024-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (DLPE).
Horiek horrela, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko foru diputatuak proposatuta, eta eztabaidatu ondoren, Diputatuen Kontseiluak,
ERABAKITZEN DU
Lehenengo. Onestea Gipuzkoako industria-enpresen hurbileko hornidura-kateak sendotzeko Enpresak Errotzen programako dirulaguntzen 2026ko deialdia, erabaki honen eranskinean jasota dagoena.
Bigarren. Deialdi honi aurre egiteko 800.000 euroko gastua baimentzea, honako aurrekontu-partida hauen artean banatuta:
1.0510.100.470.00.24 2026: 448.000 €
1.0510.100.481.00.19 2026: 77.000 €
1.0510.100.770.00.06 2026: 35.000 €
5.0510.100.470.00.24 2027: 192.000 €
5.0510.100.481.00.19 2027: 33.000 €
5.0510.100.770.00.06 2027: 15.000 €
Aurkeztutako eskaerak ebatzi aurretik, aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena duen organoak onartutako gastuaren zenbatekoa handitu ahal izango du, deialdi berri bat egin gabe. Kopuru gehigarria eraginkorra izateko baldintza izango da dirulaguntzak ematea ebatzi aurretik kreditua erabilgarri deklaratzea.
Erabaki hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Interesdunek erabaki honen aurka zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete Donostiako Auzialdiko Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Atalean argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Hala ere, partikularrek aukera dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko Diputatuen Kontseiluari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke.
Donostia, 2026ko irailaren 14a.—Departamentuko idazkari teknikoa. (6001)
I. ERANSKINA
Gipuzkoako industria-enpresen hurbileko hornidura kateak sendotzeko Enpresak Errotzen Programaren 2026ko deialdia.
1. Xedea eta oinarri arautzaileak.
Gipuzkoako industria-enpresen eta hornitzaileen arteko lankidetza sustatzeko programaren 2026rako dirulaguntzen deialdia egitea.
Gipuzkoako industria-enpresen hurbileko hornidura-kateak finkatzeko Enpresak Errotzen programako dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak Foru Gobernu Kontseiluaren 2025eko apirilaren 29ko erabakiaren bidez onartu ziren, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren 2025eko maiatzaren 19ko 92 zenbakian argitaratu ziren.
2. Finantzaketa.
2.1. Guztira deialdi honetan emango diren laguntzen zenbatekoa 800.000 eurokoa da, ondorengo kontu sailen kargura:
1.0510.100.470.00.24 2026: 448.000 €
1.0510.100.481.00.19 2026: 77.000 €
1.0510.100.770.00.06 2026: 35.000 €
5.0510.100.470.00.24 2027: 192.000 €
5.0510.100.481.00.19 2027: 33.000 €
5.0510.100.770.00.06 2027: 15.000 €
2.2. Baimendutako gastua handitu ahal izango du aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena esleituta duen organoak, dirulaguntza ematea ebatzi baino lehen. Dena den, horrek ez du beste deialdi bat egitea ekarriko. Kopuru gehigarria eraginkorra izateko baldintza izango da dirulaguntzak ematea ebatzi aurretik kreditua erabilgarri deklaratzea.
3. Entitate onuradunen baldintzak.
Dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte 2. oinarri arautzaile orokorretan aipatzen diren erakundeak.
4. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasiko da. Epe hori amaituko da 2026ko urriaren 29an 13:00etan.
5. Jarduerak hasteko eta gauzatzeko epea.
Diruz lagundutako jarduerak eskaera aurkezten den egunetik aurrera hasiko dira.
Jarduerak 2027ko uztailaren 15a baino lehen bukatuko dira.
6. Eskaerarekin batera aurkeztu behar diren agiriak.
a) Erantzukizunpeko aitorpena, eranskinean edo bide telematikoz egindako eskaeran jasotako ereduari jarraituz, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 12. artikuluan ezarritako onuradun izateko debekuetako batean ere ez dagoela adierazteko; halaber, Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluaren 2. apartatuan adierazitako debeku-kasuetako batean ere ez dagoela adierazteko. Era berean, hala badagokio, aurreko hiru urteetan jasotako bestelako minimis laguntzei buruzko aitorpena.
b) Halakorik izanez gero, eskatzaileak edozein administraziori edo estatu zein nazioarte mailako entitate publiko nahiz pribaturi eskatutako edo haiengandik eskuratutako dirulaguntzen, sarreren edo baliabideen adierazpena, eskatutakoekin bateraezinak diren dirulaguntzak aipatuz.
c) Proiektuaren aurrekontu xehatua. Ez dira 300 eurotik beherako gastuak aurkeztuko.
Proiektuaren guztizko aurrekontuaz gain, lankidetza-proiektu baten kasuan, parte hartzen duen erakunde bakoitzari dagokiona zehaztuko da.
d) Proiektuaren memoria, proiektuaren helburuak eta horiek lortzeko beharrezko faseen, jardueren edo zereginen deskribapena jasoko dituena. Memoriak hasierako eta amaierako datak jasoko dituen plangintza bat izango du. Proiektuan lan egingo duten pertsonak eta haien profila eta esperientzia zehaztuko dira, baita proiektua gauzatzeko behar diren baliabideak ere. Finantzatu beharreko jarduera lortzean lortu beharreko emaitzak definituko dira. Lankidetza-proiektuen kasuan, erakunde bakoitzak bertan duen zeregina azalduko da.
Gainera, proiektuak tokiko hornitzaileen inbertsioak barne hartzen baditu, memoriak inbertsio horiek zehaztu beharko ditu, haien irismena deskribatuz eta gauzatzeko aurreikusitako epeak zehaztuz. Berariaz adieraziko dira inbertsio bakoitza eskatzeko eta ordaintzeko aurreikusitako datak.
e) Erakunde parte hartzailearen edo parte hartzaileen deskribapena. Erakundeak garatzen duen jarduera labur deskribatuko da, eta bertan lan egiten duten pertsonen kopurua eta dagozkion datu ekonomikoak jasoko dira.
7. Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko epea.
Dirulaguntza emateko ala ukatzeko ebazpena eta horren jakinarazpena egiteko gehienezko epea 6 hilabetekoa izango da, deialdia argitaratu eta biharamunetik aurrera hasita.
Erabakia eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eta, horrez gain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 17. artikuluari jarraiki.
Onuradunak 10 eguneko epea izango du, jakinarazpenaren datatik aurrera, dirulaguntza onartzeko. Kontrakoa berariaz jakinarazten ez bada, tazituki onartutzat joko da.