USURBILGO UDALA
2026. urterako Usurbilgo tokiko zerbitzu txikien belaunaldi-erreleboa sustatzeko dirulaguntza oinarriak.
Alkateak 2026ko irailaren 1ean, 2026/1284 dekretu bidez 2026. urterako Usurbilgo tokiko zerbitzu txikien belaunaldi-erreleboa sustatzeko dirulaguntza oinarriak onartu zituen.
Ondorioz, oinarri arautzaileen testu osoa argitaratzen da eta iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasi eta 2027ko urriaren 31 arteko epea ematen da interesatuek dirulaguntzak jasotzeko eskaerak aurkez ditzaten, dagokion dokumentazio guztiarekin.
Inprimakien inguruko oharra: Inprimakiak interesatuen eskura egongo dira udaleko web orrian, dirulaguntzen atalean.
Euskaraz: https://www.usurbil.eus/eu/diru-laguntzak.
Gazteleraz: https://www.usurbil.eus/es/subvenciones.
—Erabakiaren aurkako errekurtsoak:
Erabaki hau finkoa da eta amaiera eman dio administrazio-bideari.
Honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daitezke.
a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 123 eta 124 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Epea: Hilabete bat, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.
Non: Alkatetzara jo behar da.
b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 25 eta 46. artikuluetan agintzen denaren ildotik.
Epea: Bi hilabete, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
Non: Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegira jo behar da.
c) Berraztertze errekurtsoaren erantzunaren aurka jotzeko:
Epea: Bi hilabete, berraztertze errekurtsoaren erantzunaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.
Aldiz, administrazioak berraztertze errekurtsoa erantzun gabe utziko balu, interesdunak edozein momentutan aurkeztu ahal izango du administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, berariazko araudiaren arabera presuntziozko ekintza gertatu den biharamunetik aurrera.
Non: Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegira jo behar da.
Usurbil, 2026ko irailaren 1a.—Agurtzane Solaberrieta Mesa, alkatea. (5817)
Usurbilgo tokiko zerbitzu txikien belaunaldi-erreleboa sustatzeko dirulaguntza.
1. artikulua. Xedea.
Oinarri hauen xedea da Usurbilgo Udalak tokiko ohiko zerbitzuen ondorengoetaratzea eta belaunaldi-erreleboa sustatzeko emango dituen 2026ko dirulaguntzak arautzea, lehiarik gabeko norgehiagoka-erregimenean, lehendik dauden jardueren jarraipena bermatzen duten titular berriei laguntzeko. Dirulaguntza hauen bidez, lehendik Usurbilen ezarriak dauden eta bideragarriak diren tokiko merkataritza, ostalaritza eta bestelako ohiko zerbitzuen itxiera saihestu nahi da, herritarrentzat oinarrizkoak diren zerbitzu horien jarraipena bermatzeko.
Helburua, negozioen titulartasuna hartzen duten pertsona fisiko edo juridikoei laguntzea da, bideragarritasun ekonomikoko eta egonkortasuneko baldintzetan jarraituko dutela bermatuz.
2. artikulua. Araubide juridikoa.
Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen guztian honako hauek aplikatuko dira: Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza, 2026-2028rako dirulaguntzen plan estrategikoa eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta gai honi aplikatu dakizkiokeen indarreko arauak.
3. artikulua. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen kontra Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina.
Halaber, kontuan izango da 1/2023 Legegintzako Dekretuak, martxoaren 16koak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bateginak jasotzen duena. Honen arabera, 3. artikuluan eta 17 eta 19.4 artikuluetan jasotzen diren printzipio orokorrak betetzeko eskatuko zaie EAEko botere publikoren batekin kontratuak edo lankidetza-hitzarmenak sinatzen dituzten entitate pribatuei, EAEko botere publikoen partaidetza dutenei edo botere publikoen laguntzen edo dirulaguntzen onuradun direnei, haien arteko erlazioari dagokion denboran eta gaian. Artikulu horietan hau jasotzen da:
a) EAEko botere publikoek, beren azterlan, ikerketa, estatistika edo datu bilketa guztietan sexuaren aldagaia sistematikoki sartzea.
b) EAEko botere publikoek hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabili behar dute irudi eta hizkera mota guztietan, zuzenean eta beste pertsona edo entitate batzuen bitartez sortzen dituzten dokumentuetan eta euskarrietan.
4. artikulua. Helburua.
Oinarri hauetan araututako laguntzen helburua tokiko zerbitzu txikien iraunkortasuna sustatzea da, jarduera ekonomiko finkatuen transmisio ordenatuko prozesuak erraztuz.
Bereziki, dauden negozioen jarraikortasuna bermatu nahi da, transmisioaren ondorengo hasierako fasean egonkortzen lagundu, eta jarduerari atxikitako enpresa-ezagutza behar bezala transferitzen lagundu.
5. artikulua. Baliabide ekonomikoak.
Aurtengo ekitaldiko baliabide ekonomikoak 35.800 € dira. Gastua aurrekontu-partida honen kargura joango da 1.5000.471.431.00.01.2026. Dirulaguntza hau hiru dirulaguntza lerroen artean banatuko da. 11.000 € eskualdaketari lotutako gastuei aurre egiteko eta beste 16.800 € bi urtetako lokalaren alokairu edo erosketa gastuak diruz laguntzeko lerrorako. Azken lerro honetarako gehienez ere 9.600 € erabiliko dira 1. urtean eta 7.200 € bigarren urtean. Gainera beste 8.000 € ezarri dira ezagutza edo know-how-aren transmisiorako.
Alabaina, jasotako eskabideen kopuruak eta zenbatekoak ezarritako baliabide ekonomikoak gaindituko balitu, Usurbilgo Udalak zenbateko hori handitu ahal izango du, bere finantza-aukeren arabera.
6. artikulua. Onuradunak.
Dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira Usurbilgo tokiko zerbitzu jarduera baten jarraipena ziurtatzen duten pertsona fisikoak (norbere kontura aritzen diren langileak edo autonomoak), pertsona juridikoak (edozein dutela ere izaera juridikoa) eta ondasun-erkidegoak, baldin eta oinarri hauetan eta dagokien deialdian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Edozein kasuan, ez zaie dirulaguntzarik emango kideak aukeratzeko prozesuan edo jardunean sexu-bereizkeria eragiten duten elkarte edo erakundeei. Udalak atzematen badu elkarte edo erakundeak sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duela, dirulaguntza berdintasun legedia betetzearen arabera baldintzatua geratuko da, hau da, elkarte edo erakundeen estatutu edo funtzionamendu arauetan jaso beharko da kideak aukeratzeko prozesuan eta jardunean ez dela inor deusengatik baztertzen, bereziki ez dela sexuarengatik baztertzen.
Beraz elkarte edo erakundeak sexuaren ziozko bereizkeria ezaren konpromiso aktiboa bere estatutu edo funtzionamendu arauetan jaso beharko du dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko momenturako.
Onuradunek beti ere, dirulaguntzen 38/2003 Lege orokorraren 14. artikuluak ezartzen dituen betebehar guztiak bete beharko dituzte.
7. artikulua. Baldintzak.
Dirulaguntza hau jaso ahal izateko, jarduera hartzen duen pertsonak edo entitateak ondoko baldintza guztiak bete beharko ditu:
— Jarduera kontsolidatu baten jarraipena: jarduera ekonomikoa kontsolidatutzat joko da, jardueraren amaieraren, gutxienez 10 urteko antzinatasuna duen negozioa bada. Eta eskualdatu beharreko negozioak, funtzionamenduan egon beharko du titular berriak hartu aurretik, eskualdatzea gertatu bitartean jarduera funtzionamendurik gabe egondako denbora tartea, gehienez 12 hilabetekoa izanik, titular berriaren altaren aurretik.
— Jarduera motari dagokionean: eskualdatutako jarduera ekonomikoak ondoko jarduera motetako bat izan beharko du:
≡Ohiko tokiko merkataritza eta ostalaritza jarduerak, azken bezeroarekin edo herritarrarekin harreman zuzena dutenak.
≡ Pertsonentzako zerbitzuak, eguneroko bizitzari lotutakoak.
≡ Kale edo eremu jakin batean biziberritze ekonomiko eta sozialerako lagungarria izaten jarraituko duela justifikatzen den bestelako edozein jarduera, balorazio tekniko arrazoitu baten bidez.
— Eskualdaketaren arrazoia: jardueraren eskualdaketa edo titular-aldaketa honako arrazoi hauetako baten ondorioz gertatu beharko da:
≡ Jarduera uzten duen pertsonaren erretiroa.
≡ Jarduera uzten duen pertsonaren erretiro-adinera hurbiltzea, gutxienez 60 urte beteta izanik.
≡ Kausazko egoerak, hala nola ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.
≡ Jarduera uzten duen pertsonaren heriotza.
≡ Behar bezala egiaztatutako antzeko beste edozein egoera inguruabar.
— Eskualdaketa erreala eta egiaztatua: jarduera ekonomikoaren eskualdaketak, erreala eta egiaztatua izan beharko du, kontratu formalaren bidez.
— Eskualdaketak jardueraren jarraipena bermatu beharko du: beharrezko egokitzapen edo modernizazioak egin arren, titular berriak, aurreko jarduera-mota berdinarekin jarraituko du.
— Kokapena: jardueraren jarraipena, lehendik jarduera gauzatzen zen establezimendu berean egin beharko da. Hala ere, salbuespenez, jarduera beste establezimendu batera lekualdatu ahal izango da, baldin eta lekualdaketa hori behar bezala arrazoituta badago eta jardueraren jarraipena, bideragarritasuna edo interes orokorra bermatzeko beharrezkotzat jotzen bada. Kasu horietan, lekualdaketa txosten tekniko arrazoitu baten bidez baloratuko da, eta txosten horrek jardueraren jarraipena bermatzen dela eta dirulaguntzaren xedearekin bat datorrela egiaztatu beharko du.
— Jarduerari eusteko konpromisoa: onuradunak eskualdaketaren xede den jarduerari eutsi beharko dio, titular berriak jardueran alta eman duen egunetik zenbatzen hasita, gutxienez hamabi hilabetez. Betebehar hori betetzen ez bada, emandako dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli beharko da, aplikagarria den araudian aurreikusitakoaren arabera.
— Dirulaguntza eskatzeko orduan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) alta emanda egotea eta baita ere Gizarte Segurantzan.
— Zerga eta gizarte-segurantzako betebeharrak: onuradunek, dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik eta ordainketa egin arte, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte, indarrean dagoen araudiaren arabera. Era berean, ezingo dute Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako debekuren batean egon, dirulaguntzen onuradun izateko.
— Pertsona edo erakunde eskatzaileak nahitaez parte hartu beharko du Beterri-Buruntzako Mankomunitateak garatutako belaunaldi-erreleborako programan, tutoretza teknikoko prozesua barne. Prozesu horretan, gutxienez, negozioaren bideragarritasun ekonomikoaren azterketa, transmisio-baldintzen baliozkotzea eta jardueraren jarraitutasuna bermatzeko ekintza-plan baten definizioa sartuko dira.
— Prozesu horren ondorioz, Beterri-Buruntzako Mankomunitateak aldeko txosten teknikoa egin beharko du, belaunaldi-erreleboa oinarri hauen helburuetara egokitzen dela bermatzeko.
8. artikulua. Diruz lagundu daitezkeen transmisio motak.
Oinarri hauetan araututako laguntzak jaso ahal izango dituzte honako hauen bidez gauzatzen diren transmisio-prozesuek:
—Unitate ekonomikoaren salerosketa.
—Negozioaren salerosketa, lokalaren errentamenduarekin.
—Industriaren edo negozioaren errentamendua.
—Kontrol-aldaketa efektiboa dakarten sozietate-partaidetzak eskuratzea.
Kasu guztietan behar bezala egiaztatu beharko da negozioaren benetako transmisioa edo haren kontrol eraginkorra dagoela.
9. artikulua. Transmisioa errealtzat hartzea.
Oinarri hauen ondorioetarako, benetako eskualdaketa dagoela ulertuko da honako hauek batera gertatzen direnean:
—Alderdien arteko kontratu bat formalizatzea.
—Behar bezala egiaztatutako kontraprestazio ekonomiko edo baliokide bat dagoela.
—Negozioaren funtsezko elementuak materialak –zein inmaterialak– transmititzea.
—Titulartasun berriak bere gain hartzea jardueraren kudeaketa.
Udalak laguntza ukatu ahal izango du, jardueraren simulazioaren edo jarraipen formal hutsaren zantzuak hautematen baditu.
10. artikulua. Diruz lagun daitezkeen jarduketak eta gastuak.
Deialdi honen xedearekin bat etorriz, diruz lagun daitezkeen jarduketak, jarduera ekonomikoaren ondorengoetaratze eta eskualdaketa-prozesuarekin zuzenean lotutakoak izango dira, baldin eta jardueraren jarraipena, egonkortzea eta negozio-ezagutzaren transmisiora bideratuta badaude.
* 1. lerroa: Negozioa eskualdatzeari dagozkionak, gehienez ere 5.500 euroko dirulaguntza.
— Eskualdaketa-prozesuarekin lotutako gastuak: eskualdaketa-prozesuarekin lotutako aholkularitza juridikoaren, ekonomikoaren edo fiskalaren gastuak, prozesua behar bezala gauzatzeko ezinbestekoak direnean.
— Eskualdatzearen formalizazioari lotutako gastuak: notaritza-gastuak, eskualdaketa edo traspaso-kontratuen formalizazioari dagozkionak. Eta, jarduera ekonomikoaren edo haren atalen balorazio-gastuak, eskualdaketa-prezioa edo merkataritza-funtsaren balioa zehazteko egindakoak.
— Jarduera ekonomikoaren ondasun eta eskubideen eskualdaketari lotutako gastuak (merkataritza-funtsa, ekipamendua eta antzekoak): jarduera ekonomikoaren eskualdaketari lotutako gastutzat joko dira negozioaren ondasun material eta ukiezinen transmisioarekin zuzenean lotutako gastuak, bereziki merkataritza-funtsaren ordainketari, ekipamenduaren eskualdaketari edo jardueraren jarraipenerako ezinbestekoak diren bestelako elementuei dagozkienak. Gastu horiek eskualdaketa- edo salerosketa-kontratu batean behar bezala formalizatuta egon beharko dira. Merkataritza-funtsaren ordainketa diruz lagungarri izango da, balio ukiezinen multzo gisa ulertuta, hala nola, jarduerari lotutako bezero-zorroa eta merkatu-posizionamendua, jardueraren ibilbidea, ospea eta izen komertziala eta jardueraren know-how operatiboa. Udalak, beharrezkotzat jotzen badu, balorazio-txosten tekniko osagarria eskatu ahal izango du, merkataritza-funtsaren edo eskualdatutako elementuen balioa, egokia eta proportzionatua dela egiaztatzeko.
— Jardueraren jarraipena bermatzeko hasierako egokitzapenak: jardueraren jarraipena eta egonkortzea ahalbidetzeko hasierako egokitzapen tekniko edo operatibo ez-materialak ere diruz lagungarriak izango dira, hala nola, kudeaketa-softwareak, marka komertziala eta irudi korporatiboaren egokitzapenak, baldin eta egokitzapen horiek eskualdaketa gauzatzeko ezinbestekoak badira. Dirulaguntza honi dagokionez, ez dira diruz lagungarriak izango Usurbilgo Udalaren Usurbil Zabalik dirulaguntzaren bitartez.
— Jarduera ekonomikoa egonkortzeko gastuak, ondorengoetaratze-kasuetan: jardueraren jarraipena eta bideragarritasuna bermatzeko beharrezkoak direnean, diruz lagungarri izango dira, halaber, jarduera martxan mantentzeko beharrezkoak diren hasierako inbertsioak edo egokitzapenak, baldin eta jardueraren funtsezko izaera aldatzen ez badute.
Gastu horiek proportzionalak izan beharko dira dirulaguntzaren xedearekin eta jardueraren ezaugarriekin, eta behar bezala justifikatuta egon beharko dira aurkeztutako dokumentazioaren bidez. Udalak, beharrezkotzat jotzen badu, txosten tekniko arrazoitu bat eskatu ahal izango du gastu horien egokitasuna, beharrezkotasuna eta proportzionaltasuna baloratzeko. Gastu mota horiek soilik diruz lagunduko dira jarduera ekonomiko baten ondorengoetaratze-prozesuaren barruan, eta ezingo dira aplikatu jarduera ekonomiko berriak abiarazteko; ondorioz, ez dira diruz lagungarriak izango Usurbilgo Udalaren «Usurbil Zabalik» dirulaguntza-lerroaren xede diren kasuetan.
* 2. lerroa: Eskuordetzea ematen den lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzeko laguntza.
Jarduera ekonomikoa egonkortzeko lokalaren alokairuaren gastua, bi urtez lagunduko da:
— Lehenengo urtean 6 €/m²/hilean, gehienez ere 400 €/hilean.
— Bigarren urtean 5 €/m²/hilean, gehienez ere 300 €/hilean.
Hala ere, laguntzaren gehieneko zenbatekoak ez du inolaz ere gaindituko zor den errenta.
Lokalaren erosketa: Lokalak erosteko laguntza ekonomikoa honela kuantifikatuko da: lokal horrek dirulaguntza hori jasotzeko gehieneko epean, hau da, 2 urtean, alokairuan hartzeagatik jasoko lukeen laguntzaren pareko zenbatekoa izango da.
Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko oinarria, alokairu gastuei bakarrik dagokiona izango da (BEZa eta bestelako zerga eta tasen ordainketa eta atxikipenak kanpo utzita) eta ez dira lokalaren erabilerari lotuak egon daitezkeen bestelako gastuak kontuan hartuko (komunitate gastuak, ura eta argindarraren gastuak, eta abar).
Bigarren urtean dirulaguntza jasotzen jarraitu ahal izateko, dagokion urteko deialdian dirulaguntzaren luzapena eskatu beharko da, deialdi ezberdinetan guztira lortutako dirulaguntza gehienez ere 24 hilabeteko alokairu gastuei dagokiona izanik.
* 3. lerroa: Ezagutza edo know-how-aren transmititzearekin lotutako gastuak, gehienez ere 4.000 €.
Era berean, diruz lagunduko dira negozioaren ezagutza edo know- how-a transmititzearekin lotutako gastuak eta berau gauzatzeko bi aukera hauetatik bat baliatu daiteke:
— Jarduera ekonomikoa hartzen duen pertsona edo entitateak, aurreko titularra kontratatzea.
Kontratazio honekin lotutako gastuak diruz lagungarri izango dira, kontratazio horren xede nagusia jardueraren ezagutza, esperientzia eta know-how operatiboaren transmisioa bada. Diruz lagungarri izango dira, aurreko titularraren kontratazioari lotutako soldata gastuak eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuotak. Kontratua, gutxienez lanaldi erdiz hilabetekoa izango da eta gehienez ere hiru hilabetetakoa.
— Negozioa utziko duen titularrak ezagutzaren transmisiorako aholkularitzako edo laguntzako merkataritza kontratua formalizatzea. Kasu honetan, ezagutza eskualdatzeko, gutxienez 80 ordu eta gehienez 135 ordu emango dira. Orduko gehienez ere 30 euroko dirulaguntza emango da eta kontratu osorako gehienez ere 4.000 €.
Enpresa bakoitzeko laguntzak guztira gehienez ere lehendabiziko urtean 14.300 € (5.500 € + 4.800 € + 4.000 €) izango dira eta bigarrengoan 3.600 €.
Enpresa bakoitzak bi urtetan gehienez jasoko duen diru-laguntza 17.900 € izango dira.
11. artikulua. Ezagutzaren transmisioa egiaztatzea.
Jarduerari atxikitako ezagutzaren transmisioa ebidentzia nahikoak aurkeztuta egiaztatu beharko da, negozioaren know-how-aren transferentzia erreala eta eraginkorra gertatu dela egiaztatzeko.
Horretarako, ezagutza transferitzeko plan bat aurkeztu beharko da, transferitu beharreko helburuak, egutegia eta edukiak jasoko dituena, bai eta horiek gauzatu direla egiaztatzen duen dokumentazioa ere, hala nola formalizatutako kontratuak, jarraipen-txostenak edo prozesuaren garapena egiaztatzeko aukera ematen duen beste edozein ebidentzia.
Udalak zenbait ebidentzia osagarri eskatu ahal izango ditu baldintza hori behar bezala egiaztatutzat jotzeko.
12. artikulua. Eskariak aurkezteko lekua eta aurkeztu beharreko agiriak.
Eskariak aurkeztu daitezke, pertsona fisikoek presentzialki edo telematikoki, eta pertsona juridikoek soilik telematikoki.
—Presentzialki Udaleko Erregistro Nagusian (Joxe Martin Sagardia plaza, z.g.).
—Telematikoki, udalaren zerbitzu telematikoetako dirulaguntzak atalean (www.usurbil.eus).
Halaber, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen lekuetan ere aurkeztu ahal izango dira.
Usurbilgo Udalak, Nisaeren Nodoaren bidez, beharrezkoak diren egiaztapenak eta kontsultak egingo ditu interesdunek administrazioaren esku jarri dituzten datuei buruz. Horregatik, elkarreragingarriak izan daitezkeen datuak eskatzeari utziko zaio, baldin eta interesduna datu horiek erabiltzearen aurka agertzen ez bada berariaz; kasu horretan, dagozkion datuak edo dokumentuak aurkeztu beharko ditu.
Administrazio publikoen arteko datu bitartekaritzarako oinarria urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan zehazten da, non aitortzen baita herritarrek eskubidea dutela ez aurkezteko edozein administraziok egindako dokumentuak, jatorrizko dokumentuak, ezarri beharrekoa den araudiak eskatzen ez dituen datuak edo dokumentuak, edo interesdunok aurretik edozein administraziori emandakoak.
Era berean, 40/2015 Legearen 155. artikuluak adierazten duena gogora ekarriz, administrazioek elkarri lagundu behar diote datu-trukean, eta herritarrei buruzko datuak haien esku daudenak, eman behar dituzte.
Horren ildotik, Usurbilgo Udalak honako baldintza hauek egiaztatuko ditu deialdi honetako dirulaguntza eskuratu ahaI izateko, Nisaeren, datuen eta beste administrazio batzuen bitartekaritzarako plataformaren zerbitzuen bidez:
—Enpresa eskatzailearen egoera Ekonomia Jardueraren gaineko Zergan (EJZ) altari dagokiona.
—Zerga betebeharrak beteak dituela.
—Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharrak egunean dituela.
—Gizarte Segurantzan altan egotea.
Usurbilgo Udalak ofizioz egiaztatuko du udalarekiko betebeharrak betetzen direla.
Ezin bada datuen artekaritza plataformen bidez edo hartarako gaitutako bestelako sistema elektronikoen bidez kontsulta egin, salbuespen moduan eskatu ahal izango zaio eskatzaileari dokumentazio hori aurkezteko.
Era berean, Usurbilgo Udalak beste agiri batzuk aurkeztea eska dezake, eskaera ebaluatzeko eta erabaki bat hartzeko beharrezkotzat jotzen badu.
Dirulaguntza eskaera egiteko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
* Dirulaguntzaren lehenengo urtean:
— Dirulaguntzaren eskaera orria eta zinpeko aitorpena (I. eranskina).
— Pertsona fisikoek: nortasun agiriaren kopia.
— Pertsona juridikoek: IFZren kopia, enpresa eraketa eskrituren fotokopia edo eskritura edo estatutuen arabera ordezkatze ahalmena duen pertsonaren NANa.
— Transmisio kontratua, eskualdatzearen guztizko prezioa adierazita eta eskualdaketa osatzen duten elementuen deskribapen xehatua eginda.
— Jardueraren titulartasun aldaketa egiaztatzen duen dokumentazioa (alta zentsala).
— Hala badagokio, alokairuan hartzen den lokalaren kontratuaren kopia, hauek zehaztuz: lokalaren kokapena, azalera eta alokairu prezioa.
— Hala badagokio, erosi den lokalaren sal-erosketa kontratua.
— Lokalaren jabetza eskuratuz gero, banku-transferentziaren egiaztagiria, eskuratze-prezioa osorik edo zati batean ordaindu dela egiaztatzen duena.
— Jardueraren bideragarritasun plana, honako hauek barne: jardueraren oinarrizko datuak azaltzen dituen txostena, sustatzaile edo sustatzaile taldearen ezaugarriak eta ekonomi eta merkataritza bideragarritasunaren azterlana (II. eranskina).
— Banketxe edo aurrezki erakunde batek emandako agiria, non eskaera egin duen erakundea kontu korronte baten titularra dela ziurtatzen den.
— Enpresaren eskuordetzearekin zerikusia duten gastuen eta ordainketen aitorpen eranskina (III. eranskina).
— Jarduera ekonomikoaren eskualdaketa gastuei dagozkien fakturen kopia eta horiek ordaindu izanaren frogagiriak (agiri horiek eskaera egiteko unean edo justifikatzeko unean aurkeztu ahal izango dira).
— Ezagutza transferitzeko plana (transferitu beharreko helburuak, egutegia, edukiak eta orduak jasoko dituena) (IV. eranskina).
— Transferentzia gauzatu dela egiaztatzen duen tutoretzaren eta ezagutzaren transmisioaren eguneroko partea honako hauek jasoko dituena: transferentziaren data, ordutegia, ordu-kopurua, edukia/egindako zereginak, lagatzailearen sinadura eta eskuratzailearen sinadura (V. eranskina).
— Ezagutza- eta know-how-aren transmisiorako kontratazioari lotutako gastuen kasuan: jarduera hartzen duen pertsona edo entitatearen eta aurreko titularraren arteko lan-kontratua, non berariaz jasotzen den kontratazioaren xede nagusia jarduerari lotutako ezagutza, esperientzia eta know-how operatiboaren transmisioa dela. Kontratua bukatu bada, Nomina-agiriak eta Gizarte Segurantzako kotizazioen ziurtagiriak (RLC eta RNT), diruz lagundu nahi den epeari dagozkionak.
— Aholkularitzako edo laguntzako merkataritza kontratua formalizatzen bada, negozioa lagatzen duenak emandako faktura eta ordaindu denaren froga agiria.
— Beterri-Buruntzako Mankomunitateak egindako txostena.
— Beste dirulaguntza eskabideen aitorpena (VI. eranskina).
* Lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzeko dirulaguntzaren bigarren urtean:
— Dirulaguntzaren eskaera orria eta zinpeko aitorpena (I. eranskina).
— Alokairuan hartzen den lokalaren kontratuaren kopia. Deialdira aurkezteko unean eskatzaileak ez du zorrik izango Usurbilgo udalarekin, nahiz eta honi dagokionez, ez den egiaztagiririk aurkeztu behar.
Bestalde, dirulaguntza ordaintzeko unean Udalarekin zorra izanez gero, ez da dirulaguntzarik emango.
Aurreko urteko dirulaguntzaren bat zuritu gabe dagoen kasuetan, ez da dirulaguntza eskaera berririk onartuko.
Edozein kasutan, aurreikusitako ekimenari dagokion dokumentazioaz gain, entitate eskatzaileei behar besteko informazio osagarria eskatu ahal zaie aurkeztutako ekimena behar bezala baloratu ahal izateko.
13. artikulua. Eskaerak aurkezteko eta ebazteko epeak.
Eskaerak aurkezteko epea iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2027ko urriaren 31n amaituko da.
Deialdi honen baitan emango diren dirulaguntzak, norgehiagoka ez lehiakorrean emango dira, eskabideen hurrenkera kronologikoaren arabera, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideen artean eta aurrekontu kreditua agortu arte.
Aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago edo oinarrietako baldintzaren bat betetzen ez badu, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzendu ditzan edo dagokion dokumentazioa gehitu dezan. Eta jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoetako Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, horretarako ebazpena 21. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.
14. artikulua. Ebazpen prozedura.
Espedientea osatu ondoren, Beterri Buruntza Mankomunitateak belaunaldi erreleboaren prozesuari buruzko txosten teknikoa egingo du.
Batzorde bat eratuko da dirulaguntza eskaerak baloratzeko, Garapen eta Hezkuntza Saileko arduradun politikoa, Siadeco merkataritza alorreko Udalaren kanpo-aholkularitza, Hurbilago elkarteko ordezkaria, Beterri-Buruntza eskualdeko ekintzaile zerbitzuko teknikaria, eta Garapen eta Hezkuntza Saileko teknikariaren artean eta arloko Udal teknikariak txostena egingo du.
Ondoren, Diru-laguntzen Batzorde Orokorrak ebazpen proposamena egingo du.
Jarraian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da ebazpen proposamenaren inguruko iragarkia eta interesatuak 10 eguneko epea izango du alegazioak aurkezteko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratzen den biharamunetik kontatzen hasita.
Alegaziorik balego, Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak ebazpena emango du. Bestela, proposamena behin betiko proposamentzat hartuko da.
Azkenik, Alkateak emango du dirulaguntzei buruzko behin betiko ebazpena. Behin betiko ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Aipaturiko epea igaro ondoren ebazpenik eman ezean, ulertu behar da eskaria gaitzetsi egin dela, gerora egin daitekeen ebazpenaren kaltetan izan gabe.
Udaleko iragarki taulan eta www.usurbil.eus web orrian ere behin-behineko proposamenaren eta behin betiko ebazpenaren berri emango da.
15. artikulua. Dirulaguntzen Batzorde Orokorra.
Dirulaguntzen Batzorde orokorra modu honetara osatuko da:
— Udalean dirulaguntzak banatzen dituen Batzorde bakoitzeko lehendakaria eta teknikaria.
— Alkatea.
— Udal idazkaria.
— Udal kontuhartzailea.
Batzordeko kideren batek berdintasun printzipioa betetzen dela bermatu beharko du.
Dirulaguntza Batzorde orokorraren funtzioak, besteak beste, hauek izango dira:
— Udal dirulaguntzak banatzeko irizpideak bateratzea.
— Dirulaguntzen legezkotasuna bermatzea.
— Dirulaguntza bikoizketak ekiditea.
16. artikulua. dirulaguntza ordaintzea.
* 1. lerroa: Negozioa eskualdatzeari lotutatako dirulaguntza.
Dirulaguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da:
—Dirulaguntza ebaztearekin batera, eta eskaera-unean justifikatutako gastuen zenbatekoa ordainduko da, emandako laguntzaren %70 bitarte.
—Gainerakoa: Diru-laguntza honen bitartez lagundutako lokalean, jarduera hasi eta 12 hilabete igaro ondoren egingo da, behin azken justifikazioa aurkeztuta.
Horretarako, ezinbestekoa izango da dirulaguntza zuritzeko honako agiriak aurkeztea:
—Gastuen fakturak eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiriak, 10. artikuluaren arabera lagun daitezkeen gastuak bakarrik onartuko dira.
* 2. lerroa: Eskuordetzea ematen den lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzeko laguntza.
Lokalaren alokairuagatik Udalaren dirulaguntza lortu duten negozioen titular berriek, dirulaguntza kobratzeko, hilero ordainagiria aurkeztu beharko dute, Udal erregistro Nagusian.
Hilero justifikatutako ordainketa bakoitzari dagokion laguntza ekonomikoa gainditutako hilabetera jasoko du negozioaren titular berriak eta beti ere higiezinaren okupazioa eragin zuen jarduerari eusten badiote.
Eskaera egitekoan aurkeztu zuen alokairuaren gastua hartuko da kontuan eta gutxienez hori justifikatu beharko du hilero aurkezten duen ordainagiriaren bitartez.
Lokala erosteagatik laguntza ere hilero ordainduko da, aldi horiek lokalean jarduerari benetan ekin zaionetik kontatzen hasita, eta beti ere bi urte horietan jarduerari eusten bazaio.
* 3. lerroa: Ezagutza edo know-how-aren transmisiorako kontratazioarekin lotutako gastuak.
Dirulaguntza ebatsi ondoren, ordainketa bakar batean egingo da, beti ere kontratua amaitu eta justifikazioak aurkeztu badira, hala nola, lagatzailea kontratatu bada, nomina-agiriak eta Gizarte Segurantzako kotizazioen ziurtagiriak (RLC eta RNT), diruz lagundu nahi den epeari dagozkionak, eta aldiz, aholkularitzako edo laguntzako merkataritza kontratua formalizatu bada, negozioa lagatzen duenak emandako faktura eta ordaindu denaren froga agiria aurkeztu badu.
Gainera bi kasutan Ezagutza transferitzeko plana eta tutoretzaren eta ezagutzaren transmisioaren eguneroko partea aurkeztuta egon beharko du.
17. artikulua. Betebeharrak.
Jarduera ekonomikoari eusteko konpromisoa: onuradunak eskualdaketaren xede den jarduerari eutsi beharko dio, titular berriak jardueran alta eman duen egunetik zenbatzen hasita, gutxienez hamabi hilabetez.
Ezarritako tutorizazioa teknikoaren epealdia beteko du, horrela agindu bada.
Dirulaguntza eskaini duen Usurbilgo Udalak egin beharreko egiaztatze-jarduketei trabarik ez jartzea, ez eta esku-hartzailetzari dagozkion finantza-kontroleko jarduketei, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren jarduketei edota eskumen hori duten bestelako organoen jarduketei ere.
Beste administrazio edo erakunde batzuetatik (publiko nahiz pribatuetatik, estatuko nahiz nazioartekoetatik) helburu berbererako beste dirulaguntzarik jasotzen bada, dirulaguntza eskaini duen organoari horren berri ematea.
Dirulaguntza eskaintzeko garaian kontuan hartutako atalen batean aldaketarik gertatuz gero (objektiboa nahiz subjektiboa izan), dirulaguntza eskaini duen organoa aldaketa horren jakinaren gainean jartzea eta beronen onespena izatea Indarrean dauden xedapenen arabera Gizarte Segurantzaren eta Ogasun Publikoaren aurrean dituzten betebeharrak ezagutzea, Usurbilgo Udalak ezarritakoak barne.
Era berean, jarduera burutzerakoan aintzakotzat hartuko ditu Euskararen Udal Ordenantza, Usurbilgo Udalaren Euskararen Erabilera Plana, Uemaren hizkuntza irizpideak, gainerako araudia eta Usurbilgo herriaren errealitate soziolinguistikoa.
Euskara eta hizkuntza paisaia:
Programa honen bitartez dirulaguntzak jaso ahal izateko, establezimenduaren kanpoko nahiz barruko, finko eta iraunkorrak diren, errotuluak, oharrak, seinaleak, kartelak eta gisa bereko komunikazio orokorrak euskaraz egingo dira. Horrela eginez gero, Usurbilgo enpresa zein merkataritza establezimenduentzat irudia eta errotulaziorako dirulaguntzak jasotzeko aukera izango du, Usurbilgo Udal euskara zerbitzuaren eskutik.
Jarduera burutzeko iragarpenetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da, Pertsonen irudiak erabiltzekotan, emakumeen eta gizonen presentzia modu orekatuan eta ez estereotipatuan islatu behar da, 1/2023 Legegintzako Dekretuak, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak jasotzen duen modura… Berdintasun betebehar hori betetzen duela frogatu beharko du onuradunak argitaratutako iragarki, ohar, jakinarazpen eta abarretan.
Datu bilketetan sistematikoki sexu aldagaia txertatua behar du.
Jarduera bideratzerakoan, hondakinei dagokienez Usurbilgo Udalean Hiri Hondakinak bildu eta tratatzeko Udal Ordenantzak eta Udalak zehaztutako protokoloak jasotakoak beteko dira.
Udalaren deialdi honetarako aurkeztutako gastu bererako beste laguntzarik edo dirulaguntzarik jasoz gero, Udalari jakinarazi beharra dago.
Laguntza-eskaera aztertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen den informazio edota dokumentazio osagarri guztia ematea Usurbilgo Udalari.
18. artikulua. Dirua itzultzea.
Jasotako kopuruak itzuli egin beharko dira, baita dirulaguntza ordaintzen denetik sortutako interes legalak ere, laguntzen onuradun diren pertsona edo enpresek oinarri hauetan, emate ebazpenean nahiz aplikagarri suertatzen diren gainerako arauetan ezarritako baldintzak urratzen badituzte.
Dagozkien ondorio legaletarako, itzuli beharreko kopuruak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira. Kudeaketa, kontrol edo ikuskatze lanetan dirulaguntza modu ezegokian eskuratu dela atzematen bada, edo oker erabiltzen ari dela, hala jasoko da dosierrean eta, horrenbestez, beharrezko diren kautelazko neurriak hartu ahal izango dira.
Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen Ordenantzaren bereko 15. artikuluak eta, beti ere, Ordenantza bereko 16. artikuluak arautzen duen prozedura jarraituz.
19. artikulua. Bateragarritasuna.
Araudi honetako dirulaguntzak bateragarriak izango dira bestelako erakunde publiko eta pribatuek xede bererako eman ditzaketen bestelako dirulaguntzekin. Edozein moduan, ez da gain finantzaketarik egongo, eta hala gertatuko balitz, dirulaguntza murriztu egingo litzateke. Gain finantzaketa gerora emango balitz, eta dirua itzultzeko beharrizanen bat baino gehiago izanez gero, dena delako pertsona edo erakunde onuradunak dagokion parte proportzionala itzuli beharko du Usurbilgo Udalak egin dion ekarpena aintzat hartuta.