1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA

307/2026 Foru Agindua, uztailaren 27koa, hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitutako gasolioaren kostua ordaintzeko aldi baterako laguntza berezia estatu laguntzen araubidera egokitzeko behar diren egokitzapenak eta zehaztapenak ezartzen dituena, Ekialde Ertaineko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duen martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Apirilaren 17ko 160/2026 Foru Aginduak arautzen du zer prozedura aplikatuko diren nekazaritzako ekoizleek eta hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintze aldera martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuan ezartzen diren aldi baterako laguntza bereziak kudeatu eta ordaintzeko. Foru agindu horren helburua da, bereziki, behar den prozedura arautzea, ibilgailuen titularrek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa ordaintzeko ematen den aldi baterako laguntza berezia –Ekialde Ertaineko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duen martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluan ezarritakoa– kudeatu eta ordaintzeko, betiere hura kudeatu eta itzultzeko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokionean.

Foru agindu horren xedapen gehigarri bakarrean etete klausula bat ezarri zen, hala, foru aginduan aurreikusitako laguntzak guztiz eraginkorrak izan daitezen, ezinbesteko baldintza izango da bateragarritasun araubide jakin bati lotuta ematea, estatu laguntzei buruzko aldi baterako esparru bat ezarrita egotea, edo Europako Batzordearen erabaki batek edo tresna baliokide batek barne merkatuarekin bateragarriak direla adieraztea.

Testuinguru horretan, Europako Batzordeak «Ekialde Hurbileko krisiari erantzuteko aldi baterako laguntza esparruari buruzko Komunikazioa» eman du (C(2026) 2947 amaierakoa), ingelesezko siglen arabera, METSAF. Komunikazio horretan, Batzordeak Ekialde Ertaineko krisiari lotutako laguntza bereziak ebaluatzeko baldintzak eta irizpideak ezartzen dira, eta, dagokion erabakiaren bidez, laguntza horiek barne merkatuarekin bateragarriak direla deklaratu ahal izango du, hala xedatzen baitute Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuak (EBFT) 107. artikuluaren 3. apartatuko c) letran, eta aldi baterako esparruak berak.

2026ko maiatzaren 21ean, Espainiak Europako Batzordeari jakinarazi zion prezioak babesteko aldi baterako araubide bat zegoela errepideko garraioaren sektoreko enpresentzat, erregaien prezioen igoeraren eragina arintzeko, dagokion bateragarritasun erabakia lortze aldera. Ondoren, 2026ko ekainaren 29an, Europako Batzordeak estatu laguntza hau baimentzeko erabakia hartu zuen: SA 122730 (2026/N) - Espainia, METSAF: Errepideko garraioaren sektorerako aldi baterako laguntza bereziari buruzko neurriak.

Baimenaren ondorio nagusia da laguntza Ekialde Hurbileko krisiari erantzuteko aldi baterako laguntza esparruan ezarritako baldintzen mende geratzen dela, eta, beraz, beharrezkoa dela foru agindu honen bidez barne eremuan ezartzea. 

Beraz, bidezkoa da foru agindu hau ematea, martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluan jasotako laguntza behar bezala aplikatzeko behar diren egokitzapenak eta zehaztapenak onesteko, betiere ziurtatuz behar bezala txertatzen dela Batzordeak Ekialde Hurbileko krisiari erantzuteko aldi baterako laguntza esparruari buruz egindako Komunikazioan ezartzen den esparruan.

Horrenbestez, hau

XEDATZEN DUT

Lehena.    Estatu laguntzen araubidea.

1.    Apirilaren 17ko 160/2026 Foru Aginduak arautzen du zer prozedura aplikatuko diren nekazaritzako ekoizleek eta hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintze aldera martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuan ezartzen diren aldi baterako laguntza bereziak kudeatu eta ordaintzeko. Foru agindu horren helburua da, bereziki, behar den prozedura arautzea, ibilgailuen titularrek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa ordaintzeko ematen den aldi baterako laguntza berezia –Ekialde Ertaineko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duen martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluan jasotakoa– kudeatu eta ordaintzeko, betiere hura kudeatu eta itzultzeko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokionean.

2.    Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluan araututako laguntzak bete behar ditu Ekialde Hurbileko krisiari aurre egiteko aldi baterako laguntza esparruari buruzko Batzordearen Komunikazioan (C(2026) 2947 amaierakoa) (aurrerantzean METSAF) jasotako irizpideak, haren 2.2 sekzioan ezarritakoaren arabera.

3.    METSAFeko 66.d) puntuaren arabera, kostu gehigarriak kalkulatzeko erreferentzia aldia 2026ko martxoaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra bitartekoa izango da, hargatik eragotzi gabe martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluan ezarritako laguntza aukeratzeko aldi espezifikoak.           

Bigarrena.    Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluan ezarritako laguntza jasotzea bidezkoa ez duten egoerak.

1.    Ezin izango dute jaso martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluan ezarritako laguntza Europako Batzordearen erabaki batek bateraezintzat jotako legez kanpoko aurreko laguntza baten onuradunek, harik eta dena delako enpresak legez kanpoko laguntza bateraezinaren zenbateko osoa eta hari dagozkion berreskuratze interesak kontu blokeatu batean itzuli edo sartu arte, METSAFeko 56. puntuaren arabera.              

2.    Era berean, ezingo dituzte laguntza hauek jaso krisi egoeran dauden enpresa handi eta ertainek, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. puntuaren zentzuan. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, 2026ko otsailaren 28a baino lehenagoko kontabilitate aldian.

3.    Mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera, erregelamendu horren 2. artikuluaren 18. apartatuaren zentzuan krisi egoeran dauden enpresak izanez gero, 2026ko otsailaren 28an, laguntzen onuradun izan daitezke, baldin eta data horretan ez badaude sartuta maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Konkurtso Legearen testu bateginaren arabera auto judizial bidez deklaratutako konkurtso prozedura batean eta ez badute salbamenduko laguntzarik edo berregituratzeko laguntzarik jaso, honako kasu hauetan izan ezik:

a)    Salbamendu laguntza jaso dute, baina laguntza emateko unean mailegua itzulia badute edo bermeari amaiera eman diote; edo

b)    Berregituratze laguntza jasota ere, ez badaude laguntza emateko unean berregituratze plan bati lotuta.

4.    Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluan ezarritako laguntzaren onuradunek, baldin eta aurreko apartatuetan ezarritako egoeraren batean badaude, Gipuzkoako Foru Aldundiari hala jakinarazi beharko diote, foru agindu honen hirugarren apartatuan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.    Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluan ezarritako laguntza jasotzen duten onuradunei exijitzekoak zaizkien baldintzak.

1.    Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluan ezarritako laguntza METSAFeko 66.d) puntuan xedatutako araubideari lotuta dago, benetan jasandako erregaiaren kostu gehigarrietan oinarrituta, betiere erregaiaren prezioen igoeraren ondorioz onuradun batek jasandako kostu gehigarrien 100eko 70eko mugarekin. Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. eta 58. artikuluetan ezarritako laguntzen onuradunen kasuan, muga hori bete izanaren kalkulua modu agregatuan egingo da, betiere bi laguntzak eta apirilaren 14ko 9/2026 Errege Lege Dekretuko 3. artikuluan jasotakoa kontuan hartuta, foru agindu honen eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Laguntza honen onuradunek erregai kontsumoa eta jasandako gainkostua egiaztatzen dituen dokumentazioa gorde beharko dute, baita laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla zehazteko behar den informazioa jasotzen duen dokumentazioa ere, laguntza ematen denetik hamar urteko epean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku jarriko dute hala eskatzen denean.   

2.    Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluan ezarritako laguntzaren onuradunak, baldin eta foru agindu honen bigarren apartatuan adierazitako egoeraren batean badago, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, Gipuzkoako Foru Aldundiari zer egoeratan dagoen jakinarazteko. 

Erantzukizunpeko adierazpena bitarteko elektronikoz egingo da, Internet bidez, hala xedatzen baitu ekainaren 28ko 320/2017 Foru Aginduak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zergen foru Administrazioarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko obligazioa arautzen duenak, «Zergabidea» plataforman horretarako gaitutako formularioaren erabilita.

«Zergabidea» plataforma https://zergabidea.gipuzkoa.eus atarian dago eskuragarri. Bertan sartzeko, beste bi bide hauek ere erabili daitezke: Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa (https://egoitza.gipuzkoa.eus) eta Ogasun eta Finantza Departamentuaren webgune ofiziala (https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ogasuna).

Onuraduna agindu honen bigarren apartatuko egoeraren batean dagoenean erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak berekin ekarriko du laguntza ukatzea, edo, hura jada ordainduta badago, bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzea, aplikaziozkoa araudiari jarraituz exijitu daitezkeen interesekin batera, behin Gipuzkoako Foru Aldundiak dagokion berreskuratze prozedura izapidetu ondoren.             

Foru agindu honek ondorioak dituen egunetik aurrera hamar egun naturaleko epea igaro ondoren erantzukizunpeko adierazpena ez aurkezteak berekin ekarrriko du onuradunak adierazten duela ez dagoela laguntza hori jasotzea eragozten dion foru agindu honen bigarren apartatuan adierazitako egoeretako batean.

Onuraduna agindu honen bigarren apartatuko egoeraren batean dagoenean erantzukizunpeko adierazpena ez aurkezteak berekin laguntza ukatzea ekarriko du, edo, hura jada ordainduta badago, bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzea, aplikaziozkoa araudiari jarraituz exijitu daitezkeen interesekin batera, behin Gipuzkoako Foru Aldundiak dagokion berreskuratze prozedura izapidetu ondoren.   

Laugarrena.    Bateragarria izatea eta metatzea.

1.    Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluan ezarritako laguntza METSAFen sartutako beste laguntza batzuekin metatu ahal izango da, METSAFeko 59. puntuan eta 2.2 sekzioan jarritako beharkizunen arabera, betiere laguntzaren intentsitatearen gehieneko mugak eta laguntza metatzeari buruz jasotako xedapenak errespetatzen badira.

2.    Era berean, metatu ahal izango dira minimis erregelamenduetan araututako laguntzekin eta kategorien araberako salbuespen erregelamenduen arabera emandako laguntzekin, betiere erregelamendu horien xedapenak eta metatze arauak errespetatzen badira.

3.    Metatze arauak betetzen direla egiaztatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak balizko onuradunek jasotako laguntzak egiaztatuko ditu.

Bosgarrena.    Jarraipena egitea, jakinaraztea eta erregistroak gordetzea.

1.    Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluaren babesean emandako laguntzei buruzko informazioa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko da, Dirulaguntzen Datu Base Nazionala eta dirulaguntzen eta gainerako laguntza publikoen publizitatea arautzen dituen martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, betiere laguntza eman eta sei hilabeteko epean. Argitalpen hori oinarritzat hartuko da, METSAFeko 76. puntuan jasota dagoen Europako Batzordearentzako laguntzei buruzko urteko txostenak egiteko.      

2.    Gipuzkoako Foru Aldundiak foru agindu honen arabera emandako laguntzen erregistro zehatzak gordeko ditu hamar urtez, laguntza ematen den egunetik aurrera, METSAFeko 77. puntua betez. Erregistro horietan, ezarritako baldintzak betetzen direla zehazteko behar den informazio osoa jasoko da, eta Europako Batzordeari emango zaizkio hark eskatzen duenean.    

Seigarrena.    Eraginkortasuna.

Foru agindu honek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean izango ditu ondorioak.

ERANSKINA

100eko 70eko muga betetzat jotzeko irizpideak.          

*  Gainkostuaren definizioa.

Gainkostutzat hartuko da krisiaren ondoriozko erregaiaren prezioaren igoera, honako hauen arteko diferentzia kalkulatuta:

— Gasolioaren prezioa, kostu gehigarriak METSAFeko 66.d) puntuaren arabera kalkulatzeko erreferentzia aldian, hau da, 2026ko martxoaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra, eta   

— Erreferentzia prezio historikoa, onuradunaren kontsumoarekin biderkatuta.

Ondorio horietarako:

— Erreferentziazko prezio historikoa 2026ko urtarril eta otsaileko batez bestekoa izango da, eta ondorengo taulan ezarritako balioetan ezarriko da, aldi baterako esparruarekin bat datorren irizpide objektibo baten arabera.

                                                                                                                          Erreferentzia balioa
Erregai mota                                                                                                             (PSP-BEZ) (€)

Gasolioa, litroko ................................................. 1,1549

Gasolioa (Kanariak), litroko ............................... 1,1445

PGL, litroko ......................................................... 0,7738

PGL (Kanariak), litroko ...................................... 0,7451

GNK, kg-ko .......................................................... 1,0084

GNK (Kanariak), kg-ko ....................................... 1,2825

GNL, kg-ko .......................................................... 0,9238

Gasolina, litroko ................................................. 1,1964

Gasolina (Kanariak), litroko .............................. 1,1520

Gasolioa (trenak), litroko ................................... 0,7759

— Zuzeneko laguntzei lotutako ibilgailuen kasuan, diruz lagundu daitekeen aldian gasolioaren prezioa kalkulatzeko, BEZa aplikatu aurreko publikoarentzako salmenta prezioa (PSP) hartuko da erreferentziatzat, betiere hornidura diruz lagundu daitekeen aldian egin bada.

— Gasolio profesionala itzul dezaketen ibilgailuen kasuan, gasolioaren erreferentzia balioa 1,1059 €/litro-koa izango da. Kasu horretan, diruz lagundu daitekeen aldiko gasolioaren prezioa kalkulatzeko, PSPa-BEZa-gasolio profesionalaren itzulketa hartuko da erreferentziatzat, betiere erregaia METSAFeko 66.d) puntuaren arabera kostu gehigarriak kalkulatzeko erreferentziazko aldian hartu bada, hau da, 2026ko martxoaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra bitartean.            

Gainkostua osorik kalkulatzeko, 2026ko martxoaren 1etik erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu arte egindako erregai hornidura guztiak hartu beharko dira kontuan. Adierazpen horrek egiaztatuko du enpresak jasotako laguntza laguntzaren xede izan diren ibilgailu edota lokomotor guztiek benetan kontsumitutako erregaiaren gainkostu osoaren 100eko 70 baino txikiagoa dela.              
               

Nolanahi ere, erantzukizunpeko adierazpen hori METSAFeko 66.d) puntuaren arabera kostu gehigarriak kalkulatzeko erreferentziazko aldian aurkeztu beharko da, hau da, 2026ko abenduaren 31aren aurretik.

Aplikatzeko formula:

Muga betetzea, baldin eta enpresak martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. artikuluan ezarritako laguntzak eta, gainera, martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 58. artikuluan ezarritako zuzeneko laguntzak edota apirilaren 14ko 9/2026 Errege Lege Dekretuko 3. artikuluan ezarritako laguntzak jasotzen baditu.

100eko 70eko muga egiaztatzeko, baldintza betetzen dela ulertuko da enpresak jasotako laguntza guztien batura laguntza jaso duten ibilgailu edota lokomotor guztiek benetan kontsumitutako erregaiaren gainkostu osoaren 100eko 70 baino txikiagoa denean, eranskin honetan ezarritakoaren arabera kalkulatuta, honako berezitasun hauekin:

— Zuzeneko laguntzei lotutako ibilgailuen kasuan, horniduraren uneko prezioa BEZ ofiziala aplikatu aurreko publikoarentzako salmenta prezio gisa ezarriko da. Laguntzaren xede den erregairako prezio hori Erregaien Prezioen Informazio Sistemaren webgunean argitaratzen da (https://sedeaplicaciones.minetur.gob.es/shpcarburantes/).

— Gasolio profesionala itzul dezaketen ibilgailuen kasuan, horniduraren uneko prezioa BEZ ofiziala aplikatu aurreko publikoarentzako salmenta prezio gisa ezarriko da, gasolio profesionalaren itzulketa kontuan hartu gabe. Gasoliorako prezio hori Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren webgunean argitaratzen da (https://www.transportes.gob.es/transporte-terrestre/servicios-al-transportista/indice-de-variacion-los-precios-del-gasoleo-en-espana).

— Hornidura behar bezala egiaztatu beharko da, noiz egin den behar adinako zehaztasunez identifikatzeko moduan. Gutxienez, hornidura egin den aste zehatza zehaztu ahal izan beharko da.

Ondorio horietarako, fakturak edo hornidura egiaztagiriak ez ezik, enpresaren kontrolerako beste barne dokumentu batzuk edo dokumentu baliokideak ere erabili ahal izango dira (hala nola kontsumo erregistroak, zerbitzu parteak, flotak kudeatzeko sistemak edo hornidura data edo aldi jakin batekin lotzea ahalbidetzen duen beste edozein euskarri), baldin eta dokumentu horiek aukera ematen badute horniduraren data eta diruz lagundu daitekeen aldiarekin bat datorrela modu arrazoizkoan eta trazagarrian egiaztatzeko. Egiaztapen hori egiteko, enpresa bakoitzeko laguntzaren zenbateko osoa hartuko da kontuan, martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. eta 58. artikuluetan eta apirilaren 14ko 9/2026 Errege Lege Dekretuko 3. artikuluan ezarritako neurriak aplikatuz jasotako laguntza guztiak kontuan hartuta.

Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 58. artikuluaren esparruan gasez propultsatutako ibilgailuei aplikatu beharreko metodologia espezifikoa.

1.    Aplikazio eremua.

Metodologia hau aplikatuko zaie martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 58. artikuluan ezarritako laguntzen onuradunei, baldin eta gas natural konprimatuaren (GNK) edo gas natural likidotuaren (GNL) bidez propultsatutako ibilgailuak erabiltzen badituzte, bereziki erregai hornidura instalazio propioen bidez egiten denean.

2.    Hornidura ereduak.

Erregaiaren gainkostua kalkulatzeko, honako hornidura eredu hauek bereiziko dira:

a)    Erregaia hartzeko estazio publikoetako hornidura; kasu horretan, prezio garrantzitsua energiaren arloan eskumena duen ministerioak argitaratutako publikoarentzako salmenta prezioa izango da, eranskin honen aurreko puntuan jasotako metodologia orokorraren arabera.

b)    Hornidura instalazio propioetan; kasu horretan, operadoreak zuzenean eskuratzen du gasa hornitzaile batengandik, eta erregaiaren kostua handizkako merkatuaren baldintzei lotuta dago.

3.    Instalazio propioetako kostuaren adierazlea zehaztea.    

Instalazio propioetako horniduraren kasuan, osagai energetikoa erregaiaren kostuaren zati nagusia da. Beraz, gainkostua kalkulatzeko prezio garrantzitsua gasaren handizkako merkatuaren adierazle adierazgarrietan oinarrituta zehaztuko da.        

Ondorio horietarako, gasaren kostua kalkulatzeko, honako hauek hartuko dira erreferentziatzat:

— Gasaren batez besteko prezioa MIBGAS merkatu antolatuan, bereziki eguneko produktua (GDAES D+1),

— Aplikatu beharreko sarbide bidesariak, eta

— Hidrokarburoen gaineko zerga berezia, BEZaren termino garbietan adierazita.

4.    Gainkostua zehaztea.

Eremu honetan sartutako onuradunentzako erregaiaren gainkostua honela kalkulatuko da:

— Horniduretarako gasaren prezioa, kostu gehigarriak METSAFeko 66.d) puntuaren arabera kalkulatzeko erreferentzia aldian (hau da, 2026ko martxoaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra), aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera zehaztuta, eta  

— Erreferentzia prezio historikoa, onuradunaren erregai kontsumoarekin biderkatuta.

Erreferentziako prezio historikoa MIBGAS handizkako merkatuan (GDAES D+1 produktua) 2026ko urtarril eta otsailean izandako prezioen batez besteko balioa izango da.

5.    Koherentzia metodologia orokorrarekin.

Apartatu honetan ezarritako metodologia eranskin honetan jasotako gainkostua kalkulatzeko irizpide orokorraren aplikazio espezifikoa da, erreferentziako aldiko merkatu prezio baten eta krisiaren aurreko prezio historiko baten arteko konparazioan oinarritua.

Horren helburua da gainkostuaren kalkuluak onuradunek benetan jasandako kostu gehigarriak zehatz-mehatz islatzen dituela bermatzea, instalazio propioetako gas horniduraren kostuen egitura espezifikoa kontuan hartuta.

6.    Justifikazioa eta kontrola.

Hornidura egiaztatu beharko da noiz egin zen behar bezain zehatz identifikatu ahal izateko moduan, eta, gutxienez, hornidura zer aste konkretutan egin zen zehaztu ahal izateko moduan.          

Ondorio horietarako, fakturak edo hornidura egiaztagiriak ez ezik, enpresaren kontrolerako beste barne dokumentu batzuk edo dokumentu baliokideak ere erabili ahal izango dira (hala nola kontsumo erregistroak, zerbitzu parteak, flotak kudeatzeko sistemak edo hornidura data edo aldi jakin batekin lotzea ahalbidetzen duen beste edozein euskarri), baldin eta dokumentu horiek aukera ematen badute horniduraren data eta diruz lagundu daitekeen aldiarekin bat datorrela modu arrazoizkoan eta trazagarrian egiaztatzeko. Egiaztapen hori egiteko, enpresa bakoitzeko laguntzaren zenbateko osoa hartuko da kontuan, martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuko 55. eta 58. artikuluetan eta apirilaren 14ko 9/2026 Errege Lege Dekretuko 3. artikuluan ezarritako neurriak aplikatuz jasotako laguntza guztiak kontuan hartuta.

Donostia, 2026ko uztailaren 27a.—Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua. (5173)