ORIOKO UDALA
Sormen Beka 2026: Oinarri arautzaileak
Orioko Udalak 2024an aurkeztu zuen Orioko Kulturaren Egoeraren Plan Estrategikoa. 2024-2028 epealdirako osatu den dokumentuan zehazten denez, herritarrei sorkuntzarako baliabideak eta espazioak bermatzea da planaren helburu estrategikoetako bat. Hori lortzeko bidean, ekintza zehatz bezala jasota dago sorkuntza sustatzeko Sormen Beka bat garatzea.
Udalak 2026an ikusi du egitasmo hori garatzeko aukera. Deialdi honen helburua da Sormen Bekaren prozedura administratiboa zehaztea, lehiaketa erregimenean, oinarri arautzaile hauen bitartez.
Helburuak.
Sormen Bekaren helburu nagusia da artista onuradunaren sormen-prozesua diruz laguntzea; hau da, dirulaguntza honen bitartez, artistak sorkuntzara dedikatzeko denbora izatea nahi da. Diruz laguntzen dena ez da bukaerako sorkuntza-lana edo produktua, sorkuntza-prozesua bera baizik.
Beste xede hauek ere baditu bekak:
—Euskal Herriko eta, batez ere, Orioko sortzaileen sorkuntza prozesuak babestea eta haien lanei ikusgarritasuna ematea.
—Euskarazko kultur sorkuntza eta kontsumoa sustatzea.
—Sortzaileen lanerako baldintzak duintzen laguntzea.
—Orioko ondare inmaterialaren dokumentazioan eta zabalkundean laguntzea.
Orioko Udalak gaur egun eskuartean dituen lan-ildoekin uztartuz garatuko dira aletutako helburu horiek. Bekaren bitartez, Udalak bidea erraztu nahi die Orioko eta Euskal Herriko sortzaileei.
Kultur sorkuntzaren barruan diziplina guztiak izango dira kontuan: literatura, musika, antzerkigintza, argazkilaritza, bertsolaritza, poesia, sorkuntza digitala, arte plastikoak etabar. Aurkez daitezkeen lanek diziplina bat baino gehiago izan ditzakete beren baitan.
Sorkuntza Beka bi urtez behin emango du Orioko Udalak. Urte batean beka emango da, eta hurrengoan, Udalak hala nahi izanez gero, diruz-lagundutako proiektua egikaritzera bideratuko da partidako dirua.
Araudi aplikagarria.
Sorkuntza Beka diru-laguntza formatuan emango da. Onuradunaren eta erakunde emailearen arteko harreman juridikoa, deialdi honek eta dirulaguntza ematen denean indarrean den araudiak aginduko ditu.
Deialdi honetan ezarritakoaz gain, honako hauek arautuko dituzte dirulaguntzak:
—Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa.
—Dirulaguntzen Araudi Orokorra, 887/2006 Errege Dekretuak onartua, uztailaren 21ekoa.
—Berdintasun Legea 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak jasotzen duena.
2026ko Sormen Beka: Benito Lertxundi
Sormen Bekaren lehen edizioan Benito Lertxundiren inguruko proposamenak jasoko ditu Orioko Udalak. Euskal musika eta kulturgintzaren azken 60 urteko ibilbideari erreparatuta, Benito Lertxundi erreferentzia handienetako bat da. Ez Dok Amairu taldeko kide izan zen, eta bere diskografia oparoko zenbait abesti herrikoi bihurtu dira, bere egin dituzte euskaldunek.
Gainera, oriotarrentzat, hori baino askoz ere gehiago da Benito: Orioren eta herriko izaeraren enbaxadore bat. Abeslariak behin baino gehiagotan adierazi duen modura, Orioko txoko desberdinetan abestiak sortzeko inspirazioa bilatu izan du, herriko eta itsas giroko erreferentziak sartu izan ditu kantuetan. Emandako elkarrizketetan ere maiz aldarrikatu du bere bizitokia.
Sei hamarkadako ibilbidearen ondoren, Benitok 2024an laga zion kontzertuak emateari. Horiek horrela, euskal kulturari egindako ekarpena aitortu eta balioan jartzeko, Orioko Udalak erabaki du Sormen Bekaren lehen edizioan Benito Lertxundiri jartzea oinarrian; aldi berean, Orioko kultur ondarearen kontserbazioaren eta zabalkundearen alde beste urrats bat ere badelako.
Horrenbestez, Sormen Bekara aurkeztuko diren proposamenek Benito Lertxundirekin, artista beraren biografiarekin, edota bere abesti, letra edota doinuekin lotura zuzena izan beharko dute.
Onuradunen baldintzak.
Dirulaguntza hau kultur-eremuren batean diharduten edo hasi nahi duten pertsona fisiko edo taldeek eska dezakete. Taldeetan aurkeztuz gero, pertsona bakarra izendatu beharko da taldeko ordezkari bezala. Horrez gain, eskatzaileak nahitaez egiaztatu beharko du dirulaguntzak eskatzeko datan 18 urteko adina betea izatea.
Berdintasuna bermatuko da Berdintasun Legea 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak jasotzen duenari jarraituta, zehazki, 28. artikuluan oinarrituta, kultura jarduerei buruzkoa.
Baztertuak.
Ez dira dirulaguntzaren onuradun izango honako egoera hauetan aurkitzen diren eskaerak:
—Indarrean den araudiari jarraikiz, eskubide hori mugatuta edo ezabatuta duten pertsonak edo erakundeak. Halaber, ezingo dituzte dirulaguntzak lortu behin betiko ebazpen bidez eskubide hori ebazpenak erabakitako epean galtzera zigortutakoek ere, edo Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrak 13. artikuluan adierazitako beste edozein kasutan daudenek.
—Zigor edo administrazio arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege debeku baten eraginpean dauden pertsonak, 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bat-eginak jasotzen duenaren arabera sexu diskriminazioan erori izanagatiko lege debekuak barne, ezin izango dute agindu honetan araututako dirulaguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.
—Ez da dirulaguntzarik, ezta inolako baliabiderik ez funts publikorik emango, zuzenean zein zeharka, LGTBIfobia gauzatzen, bultzatzen edo sustatzen duen inongo pertsona juridikori, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun benetako eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82.artikuluak xedatutakoaren arabera.
—Beren izaera edo helburua kontuan izanik, beste Udalaren sail edo erakunde autonomoren baten programetan lagundu beharrekoak. Nolanahi ere, horrelakoetan, dagokion sail edo erakundeari helaraziko zaizkio eskaera horiek, eta horren berri emango zaio interesdunari.
Zuzkidura eta aurrekontuko partida.
Bekarekin emango den dirulaguntza 7.000 eurokoa izango da, eta Udalaren aurrekontuko partida hauetatik emango da: 1 0605.481.01.334.40 2026 (3115) eta 1 0605.481.01.334.40 2025 (5209).
Aurkeztutako proiektuen artean nahikoa kalitate ez dagoela ikusiz gero, epaimahaiak beka ez ematea erabaki dezake.
Beste dirulaguntzekin bateragarritasuna.
Orioko Udalak ematen duen beka helburu berarekin ematen diren beste dirulaguntzekin bateragarria izango da. Onuraduna behartuta egongo da proiektuak dituen beste finantzaketen berri ematera, hala izanez gero.
Eskaerak aurkezteko moduak.
Eskabideak aurkeztu daitezke, pertsona fisikoek aurrez aurre edo telematikoki, eta pertsona juridikoek soilik telematikoki.
Aurrez aurre, Orioko Udaleko Erregistroan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako beste edozein modutan aurkeztuko beharko dira. Telematikoki, Udalaren egoitza elektronikoan sartuta, haren webgunearen bidez (www.orio.eus). Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Eskabideak aurkezteko epea.
Sormen Bekara proposamenak aurkezteko epea deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da, eta hurrengo 30 egun naturaletan egongo da irekita. Interesatuek Orio.eus webguneko egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko dituzte proposamenak, erregistro orokorretik.
Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira:
—Eskaera-orria.
—Eskatzailearen NANaren fotokopia.
—Proiektua originala dela ziurtatzen duen zinpeko aitorpena. Beste dirulaguntzaren bat jaso edo eskatu bada, horren ziurtagiria.
—Sortzailearen curriculum vitae edota portfolioa.
—Proiektuaren azalpena (gehienez 5 orrialde): sinopsia, gidoia, ideia nagusiak, material grafikoa…
—Proiektuaren aurrekontu xehetua, aurreikusten diren diru-sarrerak eta gastuak.
—Proiektuaren kronograma.
—Sormen lana egiteko motibazio gutuna.
—Proiektua baloratzeko balio dezaketen bestelako dokumentuak: argazkiak, kartelak, euskarri digitalak.
—Epaimahaiak beharrezkoa ikusten badu, proiektuaren inguruko informazio osagarria eskatuko die eskatzaileei.
Eskaeran akatsen bat egonez gero, horiek zuzentzeko 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari, jakinarazpena bidaltzen denetik.
Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo ez baditu ezarritako baldintzak betetzen, instrukzio organoak errekerimendua egingo dio eskatzaileari, gehienez ere hamar egun baliodun luzaezineko epean gabezia konpontzeko, eta azalduko du, horrela egiten ez badu, ulertuko dela atzera egiten duela bere eskabidean, eta besterik gabe artxibatuko da, lehendik Ebazpena emanda, APELen 21. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
Organo izapidegileak edozein unetan beharrezkoa ikusten duen jatorrizko dokumentazioa edo dokumentazio osagarria jaso ahal izango du, dirulaguntza hauek arautzen dituzten arauetan eskatutako baldintzak betetzen direla hobeto egiaztatzeko.
Orioko Udalak, Nisaeren Nodoaren bidez, beharrezkoak diren egiaztapenak eta kontsultak egingo ditu interesdunek administrazioaren esku jarri dituzten datuei buruz. Horretaz gain, dirulaguntzaren tramitazio administratiboa egiteko beharrezkoak diren egiaztapen guztiak ere egingo ditu. Horregatik, elkar-eragingarriak izan daitezkeen datuak eskatzeari utziko zaio, baldin eta interesduna datu horiek erabiltzearen aurka agertzen ez bada berariaz; kasu horretan, dagozkion datuak edo dokumentuak aurkeztu beharko ditu.
Administrazio publikoen arteko datu bitartekaritzarako oinarria urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan zehazten da, non aitortzen baita herritarrek eskubidea dutela ez aurkezteko edozein administraziok egindako dokumentuak, jatorrizko dokumentuak, ezarri beharrekoa den araudiak eskatzen ez dituen datuak edo dokumentuak, edo interesdunok aurretik edozein administraziori emandakoak.
Era berean, 40/2015 Legearen 155. artikuluak adierazten duena gogora ekarriz, administrazioek elkarri lagundu behar diote datu trukean, eta herritarrei buruzko datuak haien esku daudenak, eman behar dituzte.
Horren ildotik, Orioko Udalak honako baldintza hauek egiaztatuko ditu deialdi honetako dirulaguntza eskuratu ahaI izateko, Nisaeren, datuen eta beste administrazio batzuen bitartekaritzarako plataformaren zerbitzuen bidez:
—Interesdunaren edo interesdunen NANa edo agiri baliokidea.
—Zerga betebeharrak beteak dituela.
—Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharrak egunean dituela.
Orioko Udalak ofizioz egiaztatuko du Udalarekiko betebeharrak betetzen direla.
Ezin bada datuen artekaritza plataformen bidez edo hartarako gaitutako bestelako sistema elektronikoen bidez kontsulta egin, salbuespen moduan eskatu ahal izango zaio eskatzaileari dokumentazio hori aurkezteko.
Interesdunek erabili ahal izango dute haien datu pertsonalak kontsultatzeari uko egiteko eskubidea, berariaz adierazita. Interesatuak erabiltzen badu bere datu pertsonalak kontsultatzeari uko egiteko eskubidea, beharrezko dokumentazioa erantsi beharko du, eta aurkezten ez badu, ulertu ahal izango da eskabidean atzera egiten duela.
Proposatutako sormen lanen baldintzak.
Sormen Bekan parte hartuko duten lanek baldintza hauek beteko dituzte:
—Jatorrizko sormen lana izango da, originala.
—Proiektuak sormenaren hasierako fasean egon behar du. Sormen lan batek hiru fase dituela ulertzen da: proiektua (1. fasea), proiektuaren garapena (2. fasea) eta egikaritze fasea (3. fasea). Bada, diruz lagunduko den proiektuak lehen fasean egon behar du.
—Onartuko diren proposamenak euskara hutsean egindakoak izango dira.
—Zuzenean edo zeharka giza eskubideak urratzen dituzten proposamenak lehiaketatik kanpo geratuko dira.
Proiektuak baloratzeko irizpideak.
Eskaerak baloratzeko orduan, atalka egingo da puntu banaketa:
* 1. atala: 10 puntu.
—Proiektuak Sormen Bekan proposatzen den gaiarekin duen lotura. Kasu honetan, proiektuak Benito Lertxundirekin edota bere obrarekin duen lotura. Atal honetan 10 puntuak lortzen ez dituzten eskaerak deialditik kanpo geratuko dira.
* 2. atala: 80 puntu.
—Proiektuaren kalitate artistikoa (40 puntu).
—Aurrekontua, finantzazio plana eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (10 puntu).
—Euskara: sorkuntza-lanak euskarari egiten dion ekarpena (10 puntu).
—Proiektuak sor dezakeen interesa eta eduki dezakeen hedatze ahalmena (10 puntu).
—Bekaz lagundutako hilabeteetan landutakoa/aztertutakoa/sortutakoa herritarrei aurkezteko proposatzen den ekimena: aurkezpena, hitzaldia, tailerra, erakusketa… (10 puntu).
* 3. atala: 10 puntu.
—Sortzailearen CVa (10 puntu).
Epeak eta kronograma.
—Eskaerak aurkezteko epea: Sormen Bekara proposamenak aurkezteko epea deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da, eta hurrengo 30 egun naturaletan egongo da zabalik.
—Sorkuntza-fasea: onuradunak 2026ko abenduaren 31a baino lehen entregatu beharko du Udalean sorkuntza-fasean egindako lana. Udalak eta onuradunak egoki ikusiz gero, aukera izango da sorkuntza-fasea luzatzeko, betiere bi aldeen erabateko adostasunarekin.
—Jendaurreko aurkezpena: Udalak eta onuradunaren artean adostuko da sorkuntza-fasean landutakoa jendaurrean aurkezteko ekitaldiaren (hitzaldiaren, erakusketaren, errezitaldiaren…) data, proiektuaren garapenaren arabera. Aurreikusten da jendaurreko aurkezpena 2026ko abenduan edota 2027ko urtarrilean izatea beranduenez.
—Proiektuaren egikaritzea: Orioko Udalak bi urtez behin egingo du Sormen Bekaren deialdia. Urte batean deialdia egingo da, eta hurrengoan, Udalak aukera izango du beka jaso duen proiektua egikaritzeko. Proiektua egikaritzera 7.000 euro bideratuko dira gehienez.
Epaimahaia.
Dirulaguntza emateko prozedura izapidetzea Orioko Udaleko Euskara, Kultura eta Festak Sailaren eginkizuna da, eta hari dagokio behar diren ekintza guztiak egitea, ofizioz, ebazpen proposamena gauza dadin beharrezkoak diren datuak zehaztu, eskuratu eta egiaztatzeko.
Epaimahaia bost kidez osatua egongo da:
—Orioko Udaleko Herritarrentzako zerbitzuak batzordeko bi ordezkari politiko.
—Orioko alkatea.
—Orioko Udaleko Euskara, Kultura eta Festa teknikaria.
—Orion kulturgintzan aritzen den aditu bat.
Epaimahaiak, hala behar izanez gero, kultur munduko aditu baten iritzia edo txostena eska dezake, ebazpenean laguntzeko.
Orioko Udaleko kultura teknikariak deialdira aurkeztutako eskaeren balorazio txostena egingo du aipatu balorazio irizpideen arabera. Ondoren, Herritarrentzako zerbitzuak batzordean emango du horren berri.
Prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unetik aurrera.
Sormen Beka esleitu ondoren, epaimahaiaren ardura izango da proiektua behar bezala garatzen ari dela jarraitzea eta bermatzea. Egokitzapenen bat egongo balitz, batzorde horri dagokio proposamenak baimentzea.
Epaimahaiak argituko du oinarri arautzaileen interpretazioan sor liteken zalantza oro.
Ebazpena eta jakinarazpena.
Jasotako eskaerak aztertu ondoren, epaimahaik beka jasoko duen proiektua aukeratuko du. 10 eguneko tartea izango da alegazioak aurkezteko. Eskatzaileei telefonoz edota e-mail bidez jakinaraziko zaie erabakiaren berri. Bekaren onuradunak prest egon beharko du bekaren aurkezpen ekitaldi edota prentsaurrekoren batean parte hartzeko, Orioko Udalak hala eskatuz gero. Kasu horietan, euskarazko ahozko komunikazioa bermatu beharko du.
Ordainketa.
Beka bi alditan ordainduko da: %50 ebazpena jakinarazten denean eta %50 azken emaitza entregatzean.
Onuradunaren betebeharrak.
—Proiektua esandako eran eta epeetan gauzatzea.
—Sormen-prozesua amaitutakoan, aurkezpena edota jendaurreko ekitaldia (hitzaldia, erakusketa, tailerra…) Orion egitea.
—Aurretik aipatu den modura, Udalak eta onuradunak egoki ikusiz gero, aukera izango dute sormen-prozesuaren epealdia luzatzeko.
Sorkuntza Bekaren likidazioa.
Onuradunak eta Orioko Udalak kontratu pribatua sinatuko dute, eta bertan bermatuko da lanak oinarri arautzaileetan zehaztutako baldintzetan beteko direla. Likidazioari dagokionez, lanak amaitzean onuradunak beharrezko materiala aurkeztuko du proiektua gauzatu dela ziurtatzeko. Horrez gain, proiektuaren garapenean izandako gastu eta diru-sarreren balantzea aurkeztu du. Beste dirulaguntzak jaso badira, horien zehaztapenak ere emango dira. Kontratu pribatuan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, onuradunak jasotako dirulaguntza itzuli beharko du, eta ez zaio ordainduko bigarren zatia.
Sorkuntza lanaren zabalkundea.
Sorkuntza Bekaren eskatzaileek baldintza hauek onartuko dituzte:
—Orioko Udalak beharrezkoa ikusten duen euskarri orotan emango du proiektu irabazlearen berri.
—Orioko Udalak sormen lan irabazlearen materiala erabil dezake promozio eta zabalkunderako www.orio.eus webgunean edota Udalaren sare sozialetan, beti ere, egiletza aitortuz.
—Proiektu irabazlearen jabego intelektualari buruzko erreklamaziorik balego, proiektua aurkeztu duen pertsona izango da erantzule zuzena, eta Udalak ez du horretan ardurarik izango.
Sorkuntza lanaren jabetza.
Bekari esker egindako lan edo obren jabetza egileei dagokie. Hala ere, lan horien edozein erakustaldi edo argitalpenetan, Orioko Udalak proiektua diruz lagundu duela aipatu beharko da. Horrez gain, Udalak eskubidea izango du bekatutako proiektua egikaritzeko.
Datuen babesa.
Europako Legebiltzarreko eta 2016-ko apirilaren 7-an Kontseiluko UE 2016/679 araudian jasotakoarekin bat Orioko Udalak jakinarazten du, Pribatutasun Politika onartuz, Sormen Bekara proposamena aurkeztuta, baimen informatua, berariazkoa, librea eta agerikoa ematen zaiola Orioko Udalari emandako datuak tratatzeko. Datu hauei indarrean dagoen legearen segurtasun neurriak, neurri teknikoak eta antolakuntza neurriak aplikatzen zaizkie.
Ez zaie daturik utziko hirugarrenei, legeak agindu ezean. Datuen tratamendu arduraduna, Orioko Udala da. NIF zenbakia P2006600G, egoitza soziala Herriko Plaza 1, 20810 eta kontaktuko posta elektronikoa: kultura@orio.eus.
Oinarrien onarpena.
Sormen Bekara aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdiaren oinarri arautzaileetan zehaztutako baldintzak.
Orio, 2026ko maiatzaren 5a.—Anuska Esnal Oliden, alkatea. (3061)