GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA
160/2026 Foru Agindua, apirilaren 17koa, zeinaren bidez arautzen baita zein prozedura aplikatuko diren nekazaritzako ekoizleek eta hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintzen laguntze aldera martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuan ezarritako aldi baterako laguntza bereziak kudeatu eta ordaintzeko.
Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuak, Ekialde Ertaineko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duenak, besteak beste aldi baterako laguntza bereziak onetsi ditu nekazaritzako ekoizleek eta hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintzeko.
Nekazaritzako sektorearen kasuan, 20 zentimoko laguntza ezarri da 2026ko martxoaren 22tik 2026ko ekainaren 30era bitartean erositako eta nekazaritzarako bakarrik erabilitako gasolio litro bakoitzeko. Laguntza hori nekazariei emateko, nekazaritza lanetarako bakarrik erabilitako gasolioagatik ordaindutako hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialaren mekanismoak eta prozedurak aprobetxatuko dira, 2025ean egindako kontsumoa erreferentziatzat hartuta, datu itxiak eta egiazkoak dituen azken ekitaldia baita hori.
Era berean, errepide bidezko garraioko ibilgailuen zenbait titularrentzat erregaien prezioan gerrak eragin duen igoera arintzeko, beharrezkoa da aldi baterako laguntza berezi bat mantentzea kolektibo partikular horrek kontsumitzen duen gasolioaren prezioan.
Energia iturri horiekiko mendekotasun handia duen sektore bateko ibilgailuen titularrek osatzen dute kolektibo hori, eta laguntza horrekin ahalbidetuko zaie berehala egitea aurre prezioen igoerak beren egoera ekonomikoan duen eraginari.
Laguntza 20 zentimokoa izango da, eta Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 52 bis artikuluko 2. apartatuan aipatutako ibilgailuen motorretan erregai gisa erabili den erabilera orokorreko gasolio litro bakoitzeko emango da, 2026ko martxoaren 22tik 2026ko ekainaren 30era bitartean egindako horniduretan.
Laguntzaren bideragarritasuna errazteko eta haren inplementazioan zama gehigarriak izatea saihesteko, erabilera profesionaleko gasolioagatik zergaren itzulketa partzialaren onuradunentzat aurreikusita dauden mekanismoak eta prozedurak aprobetxatuko dira.
Ondorio horietarako, aipatutako 7/2026 Errege Lege Dekretuak ezartzen du laguntzak izapidetu eta ordaintzeko administrazio eskuduna Zerga Administrazioa izango dela, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, eskumen hori foru administrazioek izango dutela, onuradunen zerga egoitza administrazio horien lurraldean kokatuta dagoenean.
Prozedurari dagokionez, laguntza kudeatzeko eta ordaintzeko, Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailean eta hura garatzeko araudian aurreikusitako prozedurak aplikatuko dira, eta hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialarekin batera eta aldi berean tramitatuko da.
Hortaz, foru agindu honen bidez prozedurak arautzen dira hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea dutenek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintze aldera emango diren aldi baterako laguntza bereziak kudeatu eta ordaintzeko.
Horrenbestez, hau
XEDATZEN DUT
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen xedea da behar den prozedura arautzea nekazaritzako ekoizleek eta hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa ordaintze aldera ematen diren aldi baterako laguntza bereziak kudeatu eta ordaintzeko, haien kudeaketa eta itzulketa Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokionean. Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuak, Ekialde Ertaineko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duenak, 46. eta 55. artikuluetan ezarri ditu laguntza horiek.
2. artikulua. Nekazaritzako ekoizleek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintze aldera ematen den aldi baterako laguntza bereziaren onuradunak eta hura kudeatu eta ordaintzeko prozedura.
1. Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuak, Ekialde Ertaineko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duenak, 46. artikuluan jasotakoaren arabera, honako hauek izango dira nekazaritzako ekoizleek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintzeko ematen den aldi baterako laguntza bereziaren onuradunak: hidrokarburoen gaineko zergan ordaindu edo jasandako kuoten itzulketa partzialerako eskubidea aitortua duten pertsona fisikoak edo juridikoak, edo nortasunik gabeko entitateak, baldin eta nekazaritza lanak egiteko –barazkigintza, abeltzaintza eta basogintza barne– Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 50.1 artikuluko 1.4 epigrafean ezarritako tasan tributatzen duen gasolioa erabiltzen badute.
Laguntza honen onuradunek Zerga Bereziei buruzko Foru Dekretu Arauemailearen 52 ter artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritako beharkizun guztiak bete beharko dituzte.
2. Laguntza eskatutzat joko da nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako gasolioagatik jasandako hidrokarburoen gaineko zerga itzultzeko eskaera aurkezten denean martxoaren 26ko 130/2024 Foru Aginduak, nekazariek eta abeltzainek gasolio erosketengatik jasandako hidrokarburoen gaineko zerga itzultzeko prozedura ezartzen duenak, xedatutakoarekin bat.
3. Laguntza kudeatzeko prozedura nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako gasolioagatik jasandako hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako izapidetzen den prozedurarekin batera eta aldi berean tramitatuko da, «Zergabidea» plataforman itzulketa eskatzeko eskura dagoen SGA eredua erabilita (Zerga Bereziei buruzko Foru Dekretu Arauemailearen 52ter artikuluan eta hura garatzeko araudian aurreikusten da prozedura hori). Aurkezpena paperean zein bitarteko elektroniko bidez egin ahal izango da, Zerga Administrazioarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzera behartuta dauden zergadunen kasuan izan ezik; izan ere, kasu horretan, bide elektronikoz soilik aurkeztu ahal izango dute eredua, «Zergabidea» plataformatik abiatuta, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Administrazioarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko obligazioa arautzen duen ekainaren 28ko 320/2017 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera.
4. Laguntza banku transferentzia bidez ordainduko da, hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa egiteko adierazten den kontuan.
Eskaera aurkezteko epea amaitu eta sei hilabeteko epea igarotzen bada laguntza oraindik onartu eta ordaindu gabe, eskaera ezetsitzat jo ahal izango da. Presuntziozko ezespen horren aurka berraztertze errekurtsoa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkeztu ahal izango dira, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean aurreikusitako terminoetan.
5. Artikulu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak dira Zerga Bereziei buruzko Foru Dekretu Arauemailearen 52ter artikuluak nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako gasolioagatik hidrokarburoen gaineko zergari dagokionez aurreikusten duen itzulketa partzialarekin.
3. artikulua. Erabilera profesionaleko gasolioagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintze aldera ematen den aldi baterako laguntza bereziaren onuradunak eta laguntza kudeatu eta ordaintzeko prozedura.
1. Erabilera profesionaleko gasolioagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitutako prezioa ordaintzeko emango den aldi baterako laguntza bereziaren kasuan, honako hauek izango dira onuradunak: Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko Foru Dekretu Arauemailearen 52 bis artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren ibilgailuen titularrak, baldin eta Espainian matrikulatuta dauzkaten beren titulartasuneko ibilgailuen motorrean erregai gisa erabilitako gasolio arruntagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubide badute, apirilaren 5eko 154/2023 Foru Aginduak 1. artikuluan ezarritako terminoetan (154/2023 Foru Agindua, gasolio profesionalaren kontsumoagatik jasandako hidrokarburoen gaineko zerga zati batean itzultzeko prozedura ezartzen duena, eta nekazaritzan eta abeltzaintzan gasolio erosketak direla-eta jasandako hidrokarburoen gaineko zerga itzultzeko prozedura ezartzen duen martxoaren 25eko 274/2010 Foru Agindua aldatzen duena).
2. Laguntza jasotzeko, ezinbesteko baldintza izango da txikizkako salmenta instalazioetan erositako gasolioa ordaintzea aurreko apartatuan aipatutako apirilaren 5eko 154/2023 Foru Aginduan arautzen diren gasolio profesionaleko txartelak erabilita.
Gasolio profesionaleko txartelak gasolioa erosteko ordainbide espezifiko gisa erabiltzea laguntzaren eskaeratzat hartuko da.
Gasolioaren hornidura apirilaren 5eko 154/2023 Foru Aginduaren 8. artikuluan aipatzen diren norbere kontsumorako instalazioetan egiten bada, laguntza jasotzeko ezinbestekoa izango da instalazioaren titularrak nahitaez betetzea aipatutako foru aginduak Zerga Bereziei buruzko Foru Dekretu Arauemailearen 52 bis artikuluan hidrokarburoen gaineko zergari dagokionez aurreikusten den itzulketa kudeatzeari begira ezarritako baldintzak eta beharkizunak.
3. Laguntza kudeatu eta ordaintzeko, Zerga Bereziei buruzko Foru Dekretu Arauemailearen 52 bis artikuluan eta hura garatzeko araudian aurreikusitako prozedura aplikatuko da. Ondorio horietarako, laguntza kudeatzeko prozedura erabilera profesionaleko gasolioagatik ordaindutako hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako izapidetutako prozedurarekin batera eta aldi berean tramitatuko da.
Hilabete natural bakoitza amaitzean, Administrazioak laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko du, eta, hala badagokio, hura ordaintzea erabakiko du.
Ordainketa banku transferentzia bidez egingo da, onuradunak «Gasolio profesionalagatik egin beharreko itzulketen eta haren titulartasuneko ibilgailuen erroldan» izena emateko eskaeran adierazitako kontuan.
4. Gasolioa erosi den hilabete naturala amaitu eta sei hilabeteko epea igarotzen bada laguntza oraindik onartu eta ordaindu gabe, eskaera ezetsitzat jo ahal izango da. Presuntziozko ezespen horren aurka berraztertze errekurtsoa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkeztu ahal izango dira, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean aurreikusitako terminoetan.
5. Artikulu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten ibilgailuek ezin izango dute eskuratu erabilera profesionaleko gasolioagatik ordaindutako hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialaren onuradun ez diren errepide bidezko enpresei zenbait produktu energetikoren prezioa ordaintzeko ematen zaien aldi baterako laguntza berezi eta zuzena.
6. Artikulu honetan aurreikusitako laguntzei ez zaie aplikatuko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoa.
4. artikulua. Laguntzak izapidetzeko eta ordaintzeko eskumena.
Nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako gasolioagatik edo erabilera profesionaleko gasolioagatik ordaindutako hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partziala kudeatzeko eskumena zein Zerga Administraziori dagokion, eta hura izango da foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
Ondorio horietarako, Zerga Administrazio eskuduna Gipuzkoako Foru Aldundia izango da onuradunek Gipuzkoako Lurralde Historikoan dutenean zerga helbidea; horrelakoetan, laguntzak izapidetzeko behar diren kudeaketa, kontrol eta bilketa jarduketak egitea hari egokituko zaio, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean eta hura garatzeko erregelamenduetan xedatutakoaren arabera, foru agindu honetan berariaz xedatuta ez dagoen guztian.
Xedapen gehigarri bakarra. Europar Batasunaren ordenamendua, Estatuko laguntzen arloan.
Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak guztiz eraginkorrak izan daitezen, ezinbesteko baldintza izango da bateragarritasun araubide jakin bati lotuta ematea, estatu laguntzei buruzko aldi baterako esparru bat ezarrita egotea, edo Europako Batzordearen erabaki batek edo tresna baliokide batek barne merkatuarekin bateragarriak direla adieraztea.
Azken xedapena. Indarrean jartzea.
Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.
Donostia, 2026ko apirilaren 17a.—Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua. (2557)