GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA
112/2026 Foru Agindua, martxoaren 13koa, 2025eko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, ondarearen gaineko zerga eta fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zerga autolikidatzeko erabiliko diren ereduak onetsi, eta horiek aurkezteko eta diru-sarrera egiteko modu, epe eta tokiak ezartzen dituena.
I
2025. urtea amaitu izanak ekitaldi horri dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren sortzapena ekarri du berekin, zerga arautzen duen urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan ezarritakoarekin bat, eta, horren ondorioz, orain zerga autolikidatzeko kanpaina abian jartzea dagokio.
Era berean, aipatutako urtea amaitzean beste bi zergaren sortzapena ere gertatu da abenduaren 31n: batetik, ondarearen gaineko zergarena (Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauan araututako zerga) eta, bestetik, fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zergarena (Gipuzkoako Lurralde Historikoko Fortuna Handien gaineko Aldi Baterako Elkartasun Zergari buruzko abenduaren 28ko 3/2023 Foru Arauaren bidez onetsitako zerga).
Azken zerga horri dagokionez, zeinaren denbora eremua, lurralde historikoei erreparatuta, lotu-lotuta baitago zerga hori lurralde erkidean aplikatzeko aurreikusita dagoen denbora eremuarekin, hala baitago jasota zergaren foru arauaren azken xedapenetako bigarrenean, esan beharra dago ezen abenduaren 27ko 8/2023 Errege Lege Dekretuak, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko eta lehortearen ondorioak arintzeko neurriak onetsi zituenak, luzatu egin duela lurralde erkidean zerga aplikatzen jarraitzea, harik eta finantzaketa sistema autonomikoaren erreformaren testuinguruan ondarearen tributazioa berrikusi arte. Horren ondorioa da 2025ean zerga hori Gipuzkoako Lurralde Historikoan ere dela aplikatzekoa.
Aurrekoa aintzat hartuta, ondarearen gaineko zerga eta fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zerga ere autolikidatu behar dira.
Hortaz, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan, Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Fortuna Handien gaineko Aldi Baterako Elkartasun Zergari buruzko abenduaren 28ko 3/2023 Foru Arauan jasota dauden arau gaikuntzez baliatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak abian jartzen du esandako hiru zergak autolikidatzeko kanpaina, foru agindu honetan xedatutakoaren arabera arautuko dena. Horretarako, autolikidazio eredu hauek onesten dira: 109 eredua, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarena; 714 eredua, ondarearen gaineko zergarena; eta 718 eredua, fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zergarena.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko erak eta modalitateak ez dira modu esanguratsuan aldatzen aurreko kanpainan aplikatu zirenekin alderatuta. Ondarearen gaineko zerga eta fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zerga Internet bidez baino ezingo dira aurkeztu, eta bi kasuetan prozedura berberari jarraitu beharko zaio. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga autolikidatzeko, zergadunak aurreko urteetan izan diren hiru modalitateak jarraitu ahal izango du erabiltzen: autolikidazio proposamena, mekanizatua eta Internet.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren barruan, autolikidazioak aurkezteko datak aldatu egiten dira aurkezpen modalitatearen arabera. Horrela, autolikidazio proposamenak onartu edo aldatzeko epea eta internet bidezko aurkezpenarena apirilaren 7an hasiko dira, eta modalitate mekanizatuarena, berriz, apirilaren 14an abiatuko da. Modalitate guztietan, 2026ko uztailaren 2an amaituko da epea.
Ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa eta fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zergarena 2026ko apirilaren 7tik uztailaren 2ra bitartean aurkeztu beharko dira.
II.I
Nahiz eta 2025eko zergaldian pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak arautzen jarraitu duen, maiatzaren 9ko 1/2025 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistemaren erreforma eta zerga arloko beste aldaketa batzuk onesten dituenak, aldaketa esanguratsuak sartu ditu haren erregulazioan, eta aldaketa horietako batzuek 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera dituzte ondorioak. Erreforma fiskalak ekarritako aldaketen ondorioa da foru agindu honetan hainbat berrikuntza sartzen direla autolikidazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko artikuluan, aurreko kanpainako foru aginduarekin alderatuta.
Erreformak gai asko jorratzen ditu, eta, horien artean, nabarmentzekoak dira jarraian aipatzen diren aldaketak.
Familia, berdintasuna, kontziliazioa, emakumea, gazteria eta telelana hizpide hartuta, pizgarriak ezartzen dira ekintzaile edo inbertitzaile diren emakumeentzat; kenkariak gehitzen dira zainketa lanak egiteagatik, jarduera enpresarial edo profesionala eten edo murrizteagatik (helburua seme-alaba adingabeak zaintzea denean) eta alarguntasun egoerengatik; araubide berezi bat ezartzen da kenkari jakin batzuk aplikagarriak izan daitezen horiek sortu ez diren zergaldietan; eta, azkenik, familia unitatearen modalitateak beste era batera konfiguratzen dira.
Etxebizitza arloan, aldatzen dira bai errentamenduaren tratamendua bai ohiko etxebizitzaren eskurapenarena. Gainera, kenkari berri bat ezartzen da, birgaiketa babestuagatik aplikatzekoa, errentariaren bizileku iraunkorra izango den etxebizitza errentan ematen dutenentzat.
Etxebizitzaren errentamenduari dagokionez, aldaketek eragina dute bai errentatzaileak kapital higiezinaren etekin garbia zehazteko moduan eta bai errentariak ohiko etxebizitza alokatzeagatik aplika dezakeen kenkarian, zeinean kenkariaren portzentajeak ez ezik gehieneko zenbatekoak ere igotzen baitira, eta, gainera, handitutako portzentaje eta muga horiek kolektibo gehiagotara zabaltzen dira.
Ohiko etxebizitza eskuratzeagatik aplikatzen den kenkariari dagokionez, aldaketek bi gai ukitzen dituzte nagusiki: batetik, etxebizitza kontuaren erregulazioa, eta, bestetik, kolektibo jakin batzuek, 36 urtetik beherakoek bereziki, ohiko etxebizitza eskuratzeko garaian aplikatzen den tratamendua.
Gizarte aurreikuspenaren arloan, beste era batera konfiguratzen dira gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpen eta kontribuzioengatik zerga oinarrian aplika daitezkeen murriztapenen mugak, eta kenkari berriak ezartzen dira langileek gizarte aurreikuspeneko sistema jakin batzuei egindako ekarpenengatik.
Fiskalitate berdearen arloan, jarduera ekonomikoen etekinetan muga espezifiko handiagoak ezartzen dira ibilgailu elektrikoen errentamendu, lagapen edo balio-galeragatik izandako gasturako, eta gauzen bidezko lan etekinen balorazioan tratamendu onuragarriagoa aurreikusten da ibilgailu elektrikoak erabiltzeagatik jasotzen direnean, gasolina eta diesel ibilgailuen erabilerarekin alderatuta. Kenkari berri bat ezartzen da etxebizitzetan efizientzia energetikoa hobetzeko obrak egiteagatik eta energia berriztagarriak integratzeagatik, izan horiek zergadunen ohiko bizilekua, izan errentariak bizileku iraunkor gisa erabiltzeko errentan emandakoa. Horrez gain, kenkariak aplikatzen dira ibilgailu elektriko berriak erosteagatik eta ibilgailu horiek kargatzeko puntuak instalatzeagatik.
Aberastasunaren progresibitate eta birbanaketari dagokionez, aldaketak sartzen dira bai lan etekinen hobarian, bai etekin horiengatik autolikidatzeko obligazioan, bi muga izatetik 20.000 euroko muga bakarra izatera igarotzen baita.
Produkzio sarea babestu eta bultzatzeari dagokionez, eskema berri bat ezartzen da amortizazioagatik, narriadurak sortutako galeragatik, errentamendu, lagapen edo balio-galeraren gastuagatik eta gastu justifikagaitzengatik sortzen den forfaitaren zehaztapenean, etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren modalitate sinplifikatuan kalkulatzeko aplikatuko dena. Era berean, enpresa ondorengotza errazten da, zuzendaritza eginkizunak berehala uzteko beharkizuna malgutzen baita.
Erreforma alde batera utzita, 1/2025 Foru Arauak beste zerga aldaketa batzuk ere ezartzen ditu, eta horien artean, honako hauek aipa daitezke: bi salbuespen berri arautzen dira 65 urtetik gorakoek jasotako errenta jakin batzuen gainean, errenta horien sorburu direnak haien alde aseguratutako biziarteko errenta bat eratzera bideratzen direnean; 2025 eta 2029 bitarteko zergaldietarako, biak barne, aurreikusten da ohiko etxebizitza alokatzeagatik araututako kenkaria aplikatu ez duten zergadunei kenkari hori abonatzea autolikidazioa aurkezten dutenean horretara behartuta egon ez arren; gainera, Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientziarako neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoaren ondorioz, doikuntzak egiten diren zenbait errenta salbuetsitan eta ondorengo ahaideengatik eta urteko mantenuaren ordainketagatik aplikatzen diren kenkarietan.
II.II
Bestalde, nahiz eta azaroaren 24ko 2/2025 Foru Arauak, zeinaren bidez Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga araudia egokitzen baita apirilaren 29ko 3/2025 Legeak Euskadiko Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean sartu dituen aldaketetara eta beste zerga aldaketa batzuk onesten baitira, batik bat aldaketa teknikoak biltzen dituen, haren barruan badaude azpimarratzekoak diren zenbait aldaketa, besteak beste honako hauek: salbuetsita geratzen da ekainaren 17ko 483/2025 Errege Dekretuan amiantoaren biktimentzat aurreikusitako konpentsazio ekonomikoetatik eratorritako errenta; balorazio erregela espezifiko bat ezartzen da kriptoaktibo suntsikorren kostu bidezko eskualdaketan, eragiketa horietan lortutako ondare irabazia edo galera kalkulatzeko; eta kautela bat aurreikusten da aktibo horien eskualdaketekin lotuta.
II.III
Erregelamendu mailan, abenduaren 27ko 61/2024 Foru Dekretuaren bidez onetsita geratu ziren, besteak beste, ondare elementuen eskualdaketan lortutako ondare irabazi eta galerak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kalkulatzeko 2024an aplikatzekoak ziren eguneratze koefizienteak.
Bere aldetik, ekainaren 24ko 10/2025 Foru Dekretuak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duenak, erregela bereziak gehitu zizkion erregelamendu horri, jarduera artistikoen etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren modalitate sinplifikatuan zehazteko. Erregela berezi horiek arautzen dituen artikuluak definitzen du zer hartzen den jarduera artistikotzat aipatutako erregelak aplikatzearen ondorioetarako.
Aipatu den azken foru dekretu horrek xedapen iragankor bat dakar, eta bertan aparteko epe bat ezartzen da jarduera artistikoek zuzeneko zenbatespenaren modalitate sinplifikatua aukeratzeko eta aukera horretan atzera egiteko, 2025eko zergaldiari dagokionez. Aparteko epe horren ondorioz, ahalbidetzen da modalitate hori aukeratzea eta egindako aukeran atzera egitea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 2025eko autolikidazioa epe barruan aurkezten denean.
II.IV
Ondarearen gaineko zergan, maiatzaren 9ko 1/2025 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistemaren erreforma eta zerga arloko beste aldaketa batzuk onesten dituenak, ondare sozietateen kontzeptua aldatu du, jarduera ekonomikoei atxikitako ondasunak eta kasuan kasuko partaidetzak zerga horretan salbuetsita gera daitezen. Aldaketa hori sozietateen gaineko zergaren foru arauan araututako bide beretik gauzatu da, alegia, higiezinen errentamendu eta salerosketa jardueretan nahikoa dela enplegatu bakarra egotea, eta ez bost. Bada, baldintza horiek berak exijitzen dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako.
Horrez gain, Ondarearen gaineko Zergaren Foru Arauan txertatu egin da apirilaren 28ko 179/2023 Foru Aginduak sub-holding egituretan ondaretasun eratorriaren araua aplikatzeari buruz ezarri eta jada ezaguna den interpretazioa.
III
Autolikidazio kanpaina honen kudeaketari dagokionez, badira bi berrikuntza pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga autolikidazio proposamenaren bidez aitortzeko modalitateari eragiten diotenak.
Alde batetik, gailu mugikorretan instalatu daitekeen «Errenta+» (app) aplikazio informatikoan posible da autolikidazio proposamenak ikusi zein onartzea.
Bestetik, zergadunak jasotzen duen autolikidazio proposamenari beste bi apartatu gehitzen zaizkio, hain zuzen ere, zergadunak berak aldatu ditzakeenak proposamena bere zerga egoerarekin bat ez datorrenean: errentatzailearentzat birgaiketa babestuagatik ezarritako kenkaria da horietako bat, eta bestea besteren konturako langileen enpleguko gizarte aurreikuspeneko sistemetara ekarpenak egiteagatik aurreikusitako kenkarietako batzuei dagokie.
Horrenbestez, hau
XEDATZEN DUT
I. KAPITULUA
PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA
1. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 2025eko autolikidazioa aurkezteko 109 eredua onestea.
Onetsita geratzen da «Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa» izena duen 109 eredua, 2025eko zergaldiari dagokiona, Zergabidea plataforman zergaldi horretako 109 eredu gisa identifikatuko dena.
2. artikulua. 109 eredua aurkezteko modalitateak.
Bat. 2025eko zergaldiko «Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa» aurkezteko erabili behar den 109 ereduak hiru aurkezpen modalitate ditu: autolikidazio proposamena, mekanizatua eta internet.
A) Autolikidazio proposamena.
1. Zergadunek autolikidazio proposamen bat jasotzen badute Ogasun Zuzendaritza Nagusitik Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 103. artikuluan (aurrerantzean zergaren foru araua) eta urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onartutako zergaren Erregelamenduko 75. artikuluan (aurrerantzean zergaren erregelamendua) ezarritakoarekin bat, proposamen hori onartuz edo aldatuz aurkeztu ahal izango dute autolikidazioa.
Ogasun Zuzendaritza Nagusiak behar bezala beteta helaraziko die zergadun horiei autolikidazio proposamena. Nolanahi dela ere, zergadunek Ogasun eta Finantza Departamentuaren web atariaren bitartez (http://www.gipuzkoa.eus/ogasuna/proposamena helbidean) edo gailu mugikorretarako «Errenta+» app-a erabilita kontsulta ditzakete aipatutako autolikidazio proposamenak.
2. Proposamenari adostasuna emateko edo hura hurrengo 3. zenbakian zehaztutako eran aldatzeko, zergadunak bide telefonikoa erabil dezake (943.113.000 zenbakira deituz), edo bestela, telematikoki egitea aukera dezake.
Adostasuna telefonoz ematen bada, proposamenean agertuko den kontraste datua adierazi beharko da.
Aldiz, adostasuna bide telematikoz emateko, modu hauetako batean jokatu beharko da:
a) Proposamenean jasotako kontraste datuaren bitartez. Horretarako, beharrezkoa izango da Ogasun eta Finantza Departamentuaren webgunean propio prestatutako zerbitzura jotzea, dela http://www.gipuzkoa.eus/ogasuna/proposamena helbidean sartuta, dela gailu mugikorretarako «Errenta+» app-a erabilita. Proposamena berresteko edo aldatzeko prozesuan zehar, aplikazioak kontraste datua eskatuko dio erabiltzaileari.
b) Ekainaren 28ko 320/2017 Foru Aginduak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Administrazioarekiko harremanak bide elektronikoz izateko obligazioa arautzen duenak, 3. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz (aurrerantzean 320/2017 Foru Agindua).
Proposamena behin berretsita edo aldatuta, aurkeztutako autolikidaziotzat hartuko da.
3. Zergadunak erreparatzen badu proposamena ez datorrela bat bere zerga egoerarekin, proposameneko datu hauek aldatu ahal izango ditu:
a) Kapital higiezinaren etekinak, hala errenta orokorra eratzen dutenak nola aurrezpenaren errenta direnak.
b) Kenkari hauen datuak:
a’) Ohiko etxebizitzaren alokairua.
b’) Birgaitze babestua (zergaren foru arauaren 87 bis artikuluan aurreikusia).
c’) Mezenasgoa. 100eko 20ko kenkaria aplikagarri duten dohaintzak baino ezingo dira aldatu.
d’) Besteren konturako langileek gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpenak.
e’) Langileen sindikatuei ordaindutako kuotak.
Apartatu honetan apatzen diren aldaketak egiteko, ez da beharrezkoa egindako aldaketen frogagiririk aurkeztea, baina horrek ez du eragozten Zerga Administrazioak frogagiri horiek edozein unetan eskatzea zergadunari.
4. Zergadunak ez badu adierazten, ezarrita dagoen epean, proposamenarekin ados dagoela edo hura ez badu aldatzen epe horretan, jarduketa administratiboa ez dela egin joko da, eta zergadunak artikulu honetan ezartzen diren beste modalitateetako bat erabiliz aurkeztu beharko du autolikidazioa, betiere horretara behartuta badago.
B) Mekanizatua.
1. Zergadunek modalitate mekanizatuan aurkeztu ahal izango dute autolikidazioa baldin eta beren sarrerak zergaren foru arauko 6. artikuluan aipatzen diren errentetatik baldin badatoz, honako kasuotan izan ezik:
— Zergaren foru arauko 56 bis artikuluan pertsona lekualdatuentzat ezarritako araubide berezia aplikatzea aukeratzen dutenean.
— Zergaren foru arauaren 56 ter artikuluan sorrera berriko entitate berritzaileen bazkide fundatzaileentzat aurreikusitako araubide berezia aplikatzea aukeratzen dutenean.
— Jarduera ekonomikoen etekina zuzeneko zenbatespenaren modalitate arruntaren bidez kalkulatzen dutenean, eta, orobat, etekin hori modalitate erraztuan kalkulaturik, zergaren foru arauko 88. artikuluan jasotako kenkarietara bilduta daudenean.
— Zergaren foru arauko 89 ter artikuluan hazkunde ahalmen handiko entitateak finantzatzeagatik jasotako kenkaria aplikatzea aukeratzen dutenean.
— Zergaren foru arauko 6.2 artikuluaren e) letran aipatzen diren errentak lortzen dituztenean.
— Zergapetutako eragiketak egin dituztenean finantza produktu eratorriak erabilita (aukerak, gerokoak, bermeak, diferentzien araberako kontratuak, etab.).
— Herentziaz edo legatuz eskuratutako ondasun eta eskubideak eskualdatzeagatik ondare irabaziak edo galerak izan dituztenean, betiere haien zehaztapenak kalkulu konplexuak egitea edo ondasunak baloratzea eskatzen badu; adibidez: herentziak esku hartzaile asko edo ondasun ugari dituenean edo balorazioa behar duten higiezinak daudenean.
— Zergaldian zehar bost ondare eskualdaketa baino gehiago egin dituztenean. Konputu horren ondorioetarako, negoziatzeko onartutako baloreen eskualdaketak kanpoan utziko dira, baldin eta haien tributazio araubidea negoziaziora onartutako baloreetatik eratorritako ondare irabazien hautazko tributazio araubidea bada, hau da, zergaren foru arauak hogeigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.
— Balore merkatu arautuetako batean negoziatzeko onartu gabeko merkataritza sozietateen akzio edo partaidetzak eskualdatu dituztenean.
— Diru birtuala eskualdatu dutenean.
— Testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziak, hain zuzen ere azaroaren 14ko 4/2016 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilaren berezitasunetara egokitzen duenak, II. tituluan aurreikusitakoak.
Autolikidazioa modalitate mekanizatuan egiteko, zergadunek Ogasun eta Finantza Departamentuak hura aurkezteko dituen bulegoetako langileen laguntza izango dute. Foru agindu honen 5. artikuluan jasotzen da zeintzuk diren bulegoak.
2. Modalitate mekanizatua aukeratzen duten zergadunek, autolikidazioaren oinarri gisa erabiltzen diren frogagiriak bakarrik aurkeztu behar dituzte errenta mekanizatuko bulegoetan; 7. artikuluan zehazten da zeintzuk diren frogagiri horiek.
Aurrekoa eragotzi gabe, jarduera ekonomikoengatik errentak lortu eta haien etekin garbia modalitate sinplifikatuaren arabera kalkulatzen duten zergadunek 109 ereduaren 6. eranskina aurkeztu behar dute, dagokionaren arabera, behar bezala beteta. Eranskin hori foru agindu honetako I. eranskin gisa ageri da. Aipatutako 6. eranskina Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikotik inprimatu daiteke (https://egoitza.gipuzkoa.eus), Ogasun eta Finantza Departamentuaren webgune ofizialetik (http://www.gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta), bai eta Zergabidea plataformatik ere.
C) Internet.
1. Zergaren zergadun guztiek aurkez dezakete autolikidazioa internet bidez.
2. Autolikidazioa Internet bidez aurkezteko, Zergabidea plataforma erabili behar da, eta bertan bete behar diren fitxategi elektronikoak bide telematikoz transmititu.
Bat apartatu honetako A) letraren 4. zenbakian jasotako kasuetan, prestatutako proposamena Zergabidea plataformara jaitsi ondoren, zergadunaren egoerara egokitutako autolikidazioa egiteko erabili ahal izango da, eta C) letra honetan araututako internet modalitatean aurkeztu ahal izango da, modalitate horretarako jarritako erregelei jarraituz.
Aurkezpen hori Zergabidea plataformatik egingo da, foru agindu honetako III. kapituluan jasotako prozedurari jarraituz.
Bi. 320/2017 Foru Aginduaren 1.1 artikuluan jasotakoaren arabera, ordezkari «profesionalak» diren pertsona edo entitateek nahitaez internet bidez aurkeztu behar dituzte autolikidazio guztiak.
Hiru. Autolikidazioa modalitateetako batean aurkezteak gainerako aurkezpen moduak baztertzea dakar.
Bereziki, autolikidazioa internet bidez aurkezten bada, ezin izango da berriro aurkeztu beste ezein modalitatetan, autolikidazio proposamena izan edo mekanizatua izan.
3. artikulua. 109 eredua aurkeztera behartuak.
Bat. 2025. urtean zergaren foru arauaren 6. artikuluan aipatutako errentak lortu dituzten zergadunak daude behartuta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa aurkeztera, betiere aipatutako foru arauaren 101. artikuluan eta zergaren Erregelamenduko 73. eta 74. artikuluetan ezarritako muga eta baldintzekin.
Bi. Autolikidazioa aurkeztera behartuta dauden zergadunek, autolikidazioa aurkeztearekin batera, kuota diferentziala zehaztu behar dute, eta hala badagokio, baita zerga zorra kalkulatu eta ordaindu ere foru agindu honetan ezarritako tokian, moduan eta epeetan.
4. artikulua. Aurkezteko epeak.
Autolikidazioa aurkezteko epeak honako hauek izango dira, aukeratutako aurkezpen modalitatearen arabera:
— Autolikidazio proposamena: 2026ko apirilaren 7tik uztailaren 2ra bitartean, proposamena onartu edo aldatzeko.
— Internet: 2026ko apirilaren 7tik uztailaren 2ra bitarte.
— Mekanizatua: 20256ko apirilaren 14tik uztailaren 2ra bitarte.
5. artikulua. Autolikidazioa modalitate mekanizatuan aurkezteko tokia.
Autolikidazioak modalitate mekanizatuan aurkezteko, jarraian aipatzen diren Ogasun eta Finantza Departamentuaren bulegoetara jo beharko da. Ondorengo udalerri edo zonetan bizi diren zergadunek horietara joan beharko dute beren autolikidazioak aurkezteko:
— Azpeitiko bulegoa: Julian Elortza hiribidea, 3.
Herri hauetako zergadunak: Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bidania-Goiatz, Errezil, Zestoa eta Zumaia.
— Beasaingo bulegoa: Urbialde kalea, 1.
Herri hauetako zergadunak: Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zerain eta Zumarraga.
— Bergarako bulegoa: Toki Eder plaza, 5.
Herri hauetako zergadunak: Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Oñati.
— Eibarko bulegoa: Arragueta kalea, 2.
Herri hauetako zergadunak: Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluze.
— Hernaniko bulegoa: Latxunbe Berri, 8 eta 9.
Herri hauetako zergadunak: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Urnieta.
— Irungo bulegoa: Frantzisko Gaintza kalea, 1 atzealdea (Iparralde hiribidetik sartuta).
Herri hauetako zergadunak: Hondarribia eta Irun.
— Errenteriako bulegoa: Santa Klara plaza, 2.
Herri hauetako zergadunak: Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteria.
— Tolosako bulegoa: San Frantzisko kalea, 45.
Herri hauetako zergadunak: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Legorreta, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Villabona eta Zizurkil.
— Donostiako bulegoa: Antso Jakituna hiribidea, 9.
Herri hauetako zergadunak: Aia, Getaria, Orio, Usurbil eta Zarautzen bizi direnak eta Donostiako Amara Berri eta Amara Zaharra auzoetakoak.
— Donostiako bulegoa: Sekundino Esnaola kalea, 10-12.
Donostiako zergadun hauek: Altza, Egia, Gros, Intxaurrondo, Bidebieta eta Mirakontxakoak, Erdialdea, Alde Zaharra, Loiola eta Martutenekoak, eta Donostiako gainerako zonetakoak.
— Donostiako bulegoa: Errotaburu pasealekua, 2.
Donostiako zergadun hauek: Igeldo, Ibaeta, Añorga, Antigua eta Aiete auzoetakoak.
Autolikidazioa modalitate mekanizatuan aurkezteko hitzordua 2026ko apirilaren 13tik ekainaren 8ra bitartean eskatu ahal izango da. Epe hori amaituta, ez da hitzordu gehiagorik emango, non eta bulegoetan ez dauden oraindik hitzordu libreak. Horrelakoetan, agortu arte emango dira.
6. artikulua. Kuotak ordaindu eta itzultzeko era eta epeak.
Bat. Autolikidaziotik ateratzen den kuotaren ordainketa edo itzulketa egiteko, 320/2017 Foru Aginduaren 4. artikuluan eta hurrengo apartatuetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Bi. Aurkeztutako autolikidazioaren emaitza ordaintzekoa bada, zergadunek honela egin ahal izango dute diru-sarrera:
a) Bankutik helbideratuta. Kontuak baldintza hauek bete behar ditu:
— Zergaduna izatea titularra, batera aitortzen den kasuetan izan ezik, horrelakoetan nahikoa izango baita helbideratze kontuaren titularra sinatzaileetako edozein izatea.
Dena den, ordainketa zergapekoaren titulartasunekoa ez den kontu batean helbideratu ahal izango da, betiere kontuaren titularrak modu frogagarrian baimentzen badu helbideratze hori egitea.
— Irekita egotea Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerga-bilketaren kudeaketan laguntzen duten entitateetako batean edo SEPA eremuko beste edozein kreditu entitatetan, eta kontuaren IBAN kodea adieraztea.
— Helbideratzea onartzen duen kontu bat ematea. Izan daitezkeen gorabeherak zergadunaren erantzukizuna izango dira.
b) Ordainketa-pasabidea erabilita, Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzenbide publikoko diru-sarrerak ordainketa-pasabidearen bitartez ordaintzea arautzen duen abenduaren 11ko 1074/2008 Foru Aginduak ezarritakoari jarraituz. Diru-sarrera ordainketa-pasabidearen bidez egin ahal izateko, beharrezkoa izango da dagokion autolikidazioa behar bezala aurkeztea aldez aurretik.
c) Ordainketa gutunaren bidez, zeina honela eskuratu baitaiteke:
— Zergabidea plataformatik inprimatuta, bai autolikidazioa aurkezteko unean, bai geroago.
— Zergaduna edo haren ordezkaria Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuko herritarren arretarako bulegoetan agertuz, ordainketa gutuna han bertan eskatzeko.
— Autolikidazioa aurkezteko unean, modalitate mekanizatuan aitortzen duten zergadunak direnean.
Ordainketa gutun horien diru-sarrera Ogasun eta Finantza Departamentuko herritarren arretarako bulegoetan bertan egin ahal izango da, banku txartela erabilita, bai eta entitate laguntzaileetan ere, leihatilan, kutxazainetan edo banka elektronikoan.
Hiru. Autolikidazioetan emaitza ordaintzekoa denean, adierazi beharko da dena batera ordaindu nahi den edo, zergaren erregelamenduko 76.2 artikuluan jasotzen duen moduan, bi zatitan ordaintzea aukeratzen den.
Zor osoa edo, hala badagokio, lehen ordainketa zatikatua 2026ko uztailaren 3an kargatuko da helbideratze kontuan.
Zatikapenaren bigarren ordainketa 2026ko azaroaren 10ean kargatuko da helbideratze kontuan.
Lau. Ordainketa ez bada ezarrita dagoen epean egiten, bide exekutiboa hasiko da, hala xedatzen baitu martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 165.1.b) eta 165.3 artikuluetan.
Zergaren erregelamenduak 76. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoari jarraituz, lehenengo zatia ez bada epe barruan ordaintzen, epe exekuzioa hasiko da, eta autolikidatutako zenbateko osoa premiamenduzko prozeduraren bidez bilduko da.
Bost. Aurkeztutako autolikidazioak itzultzeko emaitza badu, itzulketa banku transferentzia bidez egingo da. Ondorio horietarako, zergadunak adierazi beharko du bere titulartasuneko zein kontutan jaso nahi duen transferentzia, eta kontuaren IBAN kodea zein den ere adierazi beharko du.
7. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Bat. Oro har, modalitate mekanizatuan eta internet bidezkoan, autolikidazioa aurkeztearekin batera, zergadunak hurrengo bigarren apartatuan zerrendatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko du, salbuespen hauekin:
A. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 2024ko autolikidazioa aurkezteko modalitate mekanizatua erabili zuten zergadunek modalitate hori bera aukeratzen badute 2025eko zergaldia autolikidatzeko, ez dituzte aurkeztu behar ondoren zerrendatzen diren agiriak:
a) Familia Liburuaren kopia edo Erregistro Zibileko erregistro elektroniko indibidualaren ziurtagiria, salbu eta haren osaerak aldaketaren bat izan badu edo familia 2025. urtean eratu bada.
b) Ohiko etxebizitzaren salerosketa jasotzen duen eskritura publikoaren kopia, ohiko etxebizitza erosteagatik araututako kenkaria aplikatzeko, salbu eta aurreko ekitaldiarekin alderatuta haren egoeran aldaketaren bat izan bada.
Era berean, hurrengo agirien kasuan, kopiak aurkeztu beharrean aski izango da jatorrizko agiriak aurkeztea:
a) Nortasun agiri nazionala.
b) Birgaitze lanak babestutzat jotzen dituen ebazpena eta obra amaitu izanaren ziurtagiria. Birgaitze lanek 2024ko zergaldian eman badute kenkarirako eskubidea ohiko etxebizitza erosteagatik eta 2025ean ere kengarriak izan behar badute, urte bakoitzari dagokion ziurtagiria.
B. Zergadunak internet bidez aurkezten badu autolikidazioa, ez du inolako frogagiririk aurkeztu behar, baldin eta datuak Zerga informazioa atalean erregistratuta badaude. Informazio hori Gipuzkoatarian eskuratu daiteke. Hortaz, horrelako kasuetan, atal horretan jasota ez dauden eta zerga autolikidatzeko beharrezkoak diren datuen frogagiriak baino ez dira aurkeztu beharko, eta kontzeptu horiek izan daitezke: erregistratu gabeko sarrerak, errentan emandako ondasun higiezinen gastuak, etxebizitzan inbertitzeagatik kengarriak diren konturako ordainketak, ondare irabazi eta galerak zehazteko aintzat hartu beharreko baloreak eta abar.
Internet bidez aurkeztu den autolikidazioa egiteko ez bada beharrezkoa izan Zerga informazioa atalean jasotakoaz besteko informaziorik erabiltzea, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar.
B letra honen aurreko paragrafoetan aurreikusitakoa gorabehera, ohiko etxebizitza 2025. urtean erosi duten zergadunek egindako inbertsioaren dokumentazioa aurkeztu beharko dute beti.
Bi. Aurreko lehen apartatuaren arabera aurkeztu behar den dokumentazioa honako hau da:
1. Nortasunaren dokumentazio orokorra:
a) Zergadun bakoitzaren eta hamalau urtetik gorako ondorengo ahaideen nortasun agiri nazionalaren kopia, edo, hala badagokio, atzerritarraren identifikazio zenbaki pertsonala edo identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzen dien agiri ofizialaren kopia.
b) Egonez gero, familia liburuaren orri guztien fotokopia edo Erregistro Zibileko erregistro elektroniko indibidualaren ziurtagiria.
Eusko Jaurlaritzako maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutako izatezko bikoteen kasuan, legearen 3. artikuluan aipatzen den erregistroaren ziurtagiria, izatezko bikotea bertan inskribatu dela edo, hala badagokio, desegin egin dela adierazteko. Izatezko bikotea modu analogoan eratu eta inskribatu bada beste autonomia erkidego batzuetako, Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako, Europako Esparru Ekonomikoko edo hirugarren herrialdeetako erregistro publikoetan, haren eraketa eta harremanaren eduki juridiko-patrimoniala frogatzeko, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztuko da.
Ezkontzako lotura hautsi bada ezkontideak banandu edo dibortziatzeagatik, ebazpen judizialaren kopia eta, halakorik bada, hitzarmen arautzailearena, edo, bestela, ebazpen horretatik eratorritako ondorio ekonomiko eta pertsonalen lekukotza judizialarena.
c) Harrera iraunkorrean edo adopzio helburuko zaintza kasuetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak emandako ziurtagiria.
d) Kode Zibilaren XI. kapituluan xedatutakoaren esparruan ordezkaritza ahalmenekin egiten den kuradoretza, edo gurasoek edo adoptatzaileek seme-alaba adindunei dagokienez bultzatutako ezgaitze judiziala, familia unitateko kide izatea dakarrena, kuradoretza edo ezgaitzea deklaratzen duen epaia aurkeztuz frogatuko dira.
e) Familia unitatea zergaren foru arauaren 97.1.A) artikuluko a), b) edo c) letretako pertsonekin osatzen bada haien zaintza etxeko edo genero indarkeriagatik izan delako esleitua foru arau horren 97.1 artikuluko C) letran xedatutakoarekin bat, biktima izaera honela frogatuko da:
* Etxeko indarkeriaren biktima izatea: dagokion ebazpen judizialaren kopia aurkeztuta.
* Genero indarkeriaren biktima izatea: hurrengo dokumentuetako baten kopia aurkeztuta:
— Genero indarkeriaren egoerari buruzko administrazio egiaztagiria, Eusko Jaurlaritzari elektronikoki eskatu dakiokeena.
— Aurreko egiaztagiririk izan ezean, dokumentu hauetako bat aurkeztu ahal izango da:
(i) Abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren arabera emakumeen aurkako indarkeriaren erakusgarri den edozein jokabide kondenatzen duen epaia.
(ii) Biktimaren alde emandako babes agindua edo kautelazko neurri bat erabaki duen beste edozein ebazpen judizial.
(iii) Fiskaltzaren txostena, demandatzailea genero indarkeriaren biktima izateari buruzko zantzuak daudela dioena.
(iv) Biktimak genero indarkeria jasateagatik, gizarte zerbitzuek, zerbitzu espezializatuek edo Administrazio Publiko eskudunaren harrera zerbitzuek emandako txostena.
(v) Zeinahi den beste edozein titulu, betiere dauden eskubide eta errekurtsoak baliatzeko modua arautzen duten xedapen sektorialetan aurreikusita badago.
Zergadunak zergaren foru arauaren 97.1.A) artikuluko a), b) edo c) letretan aipatzen diren pertsonen zaintza baldin badu esleitua etxeko zein genero indarkeriagatik, zaintzari eta haren arrazoi buruzko ebazpen judizialaren kopia.
f) Zergaren foru arauaren 97.1 artikuluko D) letran aurreikusitako zirkunstantziak gertatzen badira, pertsona horiek zergadunarekiko erabateko mendekotasun ekonomikoa dutela frogatzen duen dokumentazioa.
2. Errenta, gastu, murriztapen, atxikipen eta konturako sarreren honako frogagiriak:
a) Atxikitzaileen ziurtagiria (10-T eredua), lan pertsonalaren etekinengatik izandako etekinak, gastuak, atxikitako zenbatekoak edo konturako sarrerak adieraziko dituena. Horren ezean, soldaten ordainagiriak edo aski diren bestelako frogagiriak aurkeztuko dira.
b) Langile autonomoen erregimen berezian zergadunak kotizatutako kopuruen frogagiriak, lan etekinen gastu kengarri gisa konputatzen badira.
c) Kargu politiko hautetsiek eta izendapen librekoek euren erakunde politikoari nahitaez egindako ekarpenen ziurtagiria, erakundearen organo eskudunak luzatua.
d) Lanaren hobari gehitua aplikatzeko, dokumentu hauetako bat aurkeztu beharko da: zergaren erregelamenduko 63. artikuluan xedatutakoaren arabera egindako ziurtagiria, desgaitasun gradua eta mugikortasun murriztuaren balorazioa jaso behar dituena; desgaitasuna duen pertsona kuradoretzapean –ordezkaritza ahalmenekin– jartzea agintzen duen epai judizialaren kopia; edo, bestela, ezintasun iraunkorraren ondorioz Gizarte Segurantzak edo Klase Pasiboen Erregimen Bereziak aitortutako prestazioaren titular dela egiaztatzen duen frogagiria.
Dena den, desgaitasuna frogatzeko, Zuzenbidean onartzen den beste edozein frogabide erabili aha izango da.
e) Kapital higiezinaren etekinak lortu badira, diru-sarreren, gastuen eta, hala badagokio, hobarien frogagiriak.
Zehazki, etekinak Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluko etxebizitza errentamenduetatik badatoz, honako hauek aurkeztu beharko dira:
— Etxebizitzaren errentamendu kontratuaren kopia.
— Errentamendua «Bizigune» Etxebizitza Hutsen Programaren esparruan, «ASAP» Merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza programaren esparruan edo autonomia erkidegoko, foru lurraldeko edo udaletako antzeko etxebizitza planen esparruan egin dela frogatzen duten agiriak.
— Alokairuaren errenta erreferentziazko indizeetara mugatu izanaren justifikazioa. Alokairuaren erreferentziazko prezioen ziurtagiri informatiboaren bidez frogatu ahal izango da hori, Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioaren webgunean sartuta eta Etxebizitza Alokatzeko Erreferentziazko Prezioen Estatuko Sisteman klikatuta.
— Zergadunak jaso behar dituen errenten ordainketarik eza osorik edo partez estaltzeko, kreditu aseguruengatik ordaindutako primen frogagiriak.
Ondasun higiezinak errentan emateagatik lortutako etekinei atxikipena edo konturako sarrera aplikatu bazaie, 10-I eredua, behar bezala beteta.
f) Atxikipenari edo konturako sarrerari lotutako jarduera ekonomikoetan aritzen diren zergadunek izandako atxikipenen frogagiriak.
g) Jarduera ekonomikoak egiten badira eta haien etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren modalitate arruntaren arabera zehazten bada, jarduera ekonomikoari lotutako elementu bakoitzagatik ekitaldian aplikatu den amortizazio fiskalaren xehetasuna.
h) Errentak esleitzeko araubidean dagoen entitateak luzatutako frogagiria, datu hauek adierazita: entitatearen errenta osoa, eta zergadunari bazkide, oinordeko, komunero edo partaide gisa esleitutako errenta eta konturako ordainketak.
Hala badagokio, zergaren foru arauak 6.2.e) artikuluan jasotakoaren arabera zerga oinarrian sartu behar diren errenta egotzien frogagiria ere aurkeztuko da.
i) Ezkontideen artean edo zergaren foru arauaren lehen xedapen gehigarriaren arabera eratutako izatezko bikoteko kideen artean, eta legeak ezarritakoari jarraituta, pentsio konpentsagarriak ordaintzera eta urteko mantenurako ordainketak egitera behartzen duen erabaki judizialaren, hitzarmen arautzailearen edo eskritura publikoaren fotokopia, ordainketak benetan egin izanaren frogagiriak, eta ordaintzailearen eta jasotzailearen errolda agiriak. Urteko mantenurako ordainketa horietan ez dira sartzen zergadunaren seme-alaben alde finkatutakoak.
Erabaki judizialaren ordez, ebazpenetik eratorritako ondorio ekonomiko eta pertsonalak frogatzen dituen epaiaren lekukotza judiziala aurkeztu daiteke.
j) Honako hauek luzatutako ziurtagiria: pentsio planen entitate kudeatzaileak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 20ko 2019/1238 (EB) Erregelamenduan arautzen diren banakako pentsioen produktu paneuroparren kudeatzaileek, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003ko ekainaren 3ko 2003/41/EE Zuzentarauan aipatutako pentsio funtsek edo, halakorik bada, haien entitate kudeatzaileek, borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateak, gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, edo aurreikuspen plan aseguratuak, enpresen gizarte aurreikuspen planak edo mendekotasun larriaren edo handiaren arriskua bakarrik estaltzen duten aseguru pribatuak merkaturatzen dituen aseguru entitateak. Ziurtagiri horretan jaso behar dira partaide bakoitzak, bazkide oso edo arrunt bakoitzak, edo mutualista edo aseguratu bakoitzak indibidualki eman dituen zenbatekoak edo ordaindu dituen primak, eta, orobat, sustatzaileek, bazkide babesleek edo hartzaileek egotzitako zenbatekoak. Pentsio plan aseguratuak egin badira, horiek merkaturatzen dituen entitatearen ziurtagiria ere aurkeztuko da, ordaindutako primak bertan jasota.
Ekarpenak desgaituen alde eratutako gizarte aurreikuspeneko sistemei egin bazaizkie, eta ekarpen-egileak ahaidetasun edo tutoretza harreman batengatik badaude lotuta desgaituarekin, dokumentazio hau ere aurkeztu behar da, ahaidetasun harremana eta zerga oinarria murrizteko eskubidea ematen duen desgaitasun gradua frogatzen duten agiriekin batera:
— BGAEei egindako ekarpenen kasuan, atxikimendu kontratua eta entitateak luzatutako ziurtagiria. Ziurtagiri horretan, entitateak adierazi behar du zeintzuk diren onuradunak kontingentzia bakoitzaren kasuan, zer pertsonak egin dizkioten BGAEari ekarpenak, eta ekarpen horiek zenbatekoak izan diren.
— Gizarte aurreikuspeneko gainerako sistemetan egindako ekarpenen kasuan, entitate kudeatzailearen, mutualitatearen edo aseguru entitatearen ziurtagiri bat, zeinak frogatu behar baitu dena delako plana edo asegurua desgaituen alde eratuta dagoela, azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bateginak laugarren xedapen gehigarrian jasotakoari jarraituz.
k) Ondare irabazi eta galeren frogagiriak, besteak beste, honako datuok adierazita: eskuratze eta eskualdatze balioak, eskuratze eta eskualdatze datak eta, hala badagokio, jasandako atxikipenak.
l) Sorrera berriko entitate berritzaileak eratzen dituzten bazkide fundatzaileen araubide berezia aplikatzeko, honako hauek aurkeztuko dira:
— Entitate berritzailea eratzeko eskrituraren kopia.
— Zergaren erregelamenduaren 70. artikuluko 1. apartatuan zergaren foru arauaren 89 ter.1.a) artikuluko a’) letrarekin lotuta arautzen den txosten arrazoituaren kopia –foru arau horren 56 ter artikuluko 3. apartatuan aurreikusitakoaren arabera, txosten hori aurkeztea nahitaezkoa da araubide berezia aplikatzeko–, edo, hala badagokio, txosten hori eskatu izanaren frogagiria.
— Sorrera berriko entitate berritzaileak luzatutako ziurtagiria, zergaren foru arauaren 56 ter artikuluan entitateari eta bazkide fundatzaileari exijitzen zaizkien gainerako baldintzak betetzen direla frogatzeko.
3. Kuotako kenkariak aplikatzeko behar diren frogagiri hauek:
a) Bigarren gradura bitarteko aurreko ahaideak behartuta badaude gradu horretara arteko ondorengo ahaideei urteko mantenua ordaintzera erabaki judizial batean, hitzarmen arautzaile batean edo eskritura publiko batean hala ezarri delako (zergaren foru arauaren 79.5 eta 80. artikuluetan aipatzen dira horiek), ebazpenaren, hitzarmenaren edo eskrituraren kopia, eta ordainketa hori egin dela frogatzen duen dokumentua. Erabaki judizialaren ordez, bertatik eratorritako ondorio ekonomiko eta pertsonalak frogatzen dituen epaiaren lekukotza judiziala aurkeztu daiteke.
b) Adingabeak tutoretza arrazoiengatik baldin badaude lotuta zergadunarekin, tutoretza eratu duen erabaki judiziala aurkeztu beharko da, eta lotura hori adopzioagatik edo adopzio helburuko zaintzagatik ezarri bada, beharrezkoa izango da Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren ziurtagiria aurkeztea, harrera hori 2025ean egin dela frogatzeko.
c) Aurreko ahaideen kenkaria aplikatu ahal izateko, haien errolda-agiria eta izan dituzten diru-sarrerena aurkeztu behar dira. Aurreko ahaideak ez badu jasotzen Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak, Klase Pasiboen Erregimen Bereziak edo horien ordezko entitateek onartutako prestaziorik, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak luzatutako ziurtagiria aurkeztuko da pentsioduna ez dela frogatzeko.
Aurreko ahaidea egoitza batean bizi bada urte osoan, etengabe eta modu jarraituan, aurkeztu beharko da egoitzako gastuei aurre egiteko ordaindu beharreko kopuruen frogagiria (faktura), bai eta ondorengo ahaideak/ek horiek ordaindu izanaren agiria.
d) Desgaitasunaren edo mendekotasunaren kenkaria aplikatzeko, hauetako bat aurkeztu beharko da: pertsona desgaitua kuradoretzapean -ordezkaritza ahalmenekin- jartzea agintzen duen ebazpen judiziala, ezgaitasuna aitortzen duen epai judiziala, edo pertsona desgaitu edo mendekoa izatea frogatzen duen ziurtagiria, haren kalifikazioa zergaren erregelamenduko 63. artikuluan xedatutakoarekin bat zehaztu behar duena.
Desgaitua edo mendekoa aurreko ahaidea, zeharkako ahaidea, tutoretzapean edo harreran hartutakoa, edo 65 urte edo gehiago duen pertsona denean, desgaitasunaren edo mendekotasunaren kenkaria aplikatzeko, bizikidetza ziurtagiria aurkeztu behar da.
Desgaitasuna edo mendekotasuna duen pertsona egoitza batean bizi bada, pertsona horren egonaldi gastuei aurre egiteko ordaindu beharreko diru kopuruen ordainagiria (faktura) aurkeztu behar da, bai eta kenkaria aplikatzen duen/duten zergadunak/ek horiek ordaindu izanaren agiria ere.
Era berean, desgaitua edo mendeko pertsona zergadunarekin bizi denean, haren diru-sarreren ziurtagiria aurkeztu behar da. Pertsona horrek ez badu jasotzen Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak, Klase Pasiboen Erregimen Bereziak edo horien ordezko entitateek onartutako prestaziorik, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak luzatutako ziurtagiria aurkeztuko da pentsioduna ez dela frogatzeko.
e) Adingabeak eta mendekotasun edo desgaitasun maila jakin bat duten pertsonak zaintzeagatik araututako kenkariaren kasuan, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
— Zaintzailearekin edo zerbitzua ematen duen enpresarekin formalizatutako kontratuaren kopia.
— Zaintzen den pertsonaren mendekotasuna edo desgaitasuna frogatzen duen agiria, aurreko d) letran aurreikusitakoaren arabera.
— Bizikidetzaren frogagiria.
— Tutoretzaren edo harreraren frogagiria, hala badagokio.
— Mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonen zaintzaile profesionala izateari buruz frogagiria, zergaren erregelamenduko 63 bis artikuluan aurreikusitakoarekin bat.
f) Ondorengo ahaide edo adoptatu adingabeak zaintzeko asmoz lan, enpresa edo lanbide jarduera geldiarazi, eten edo murrizteagatik araututako kenkaria aplikatzeko (gizonentzat bakarrik):
— Lan, enpresa edo lanbide jarduera geldiarazi edo eten izanaren justifikazioa.
— Bere lanpostuaren lanaldi osoari dagokion iraupenaren eta lanaldia murriztu ondorengoaren justifikazioa.
— Jaiotzagatik ordaindu eta legez aitortutako baimenaren amaiera egunaren justifikazioa.
g) Adingabeak zaindu ondoren lan merkatura itzultzeagatik aplikatzen den kenkariaren kasuan (emakumeentzat bakarrik):
— Jaiotzagatik ordaindu eta legez aitortutako baimenaren amaiera egunaren justifikazioa.
— Lanera bueltatzea enplegu zerbitzu publiko batean egindako inskripzioaren bidez frogatzen denean, justifikatu behar da zein egunetan eman den izena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu zerbitzu publiko batzuetan lan, enpresa edo lanbide jarduera geldiarazi edo eten ondoren, eta, horrez gain, justifikatu behar da zerbitzu publiko horren edo haren entitate laguntzailearen enplegu eskaintzei ez zaiela ukorik egin, hori guztia zergaren erregelamenduko 63 ter artikuluan aurreikusitakoarekin bat.
— Bere lanpostuaren lanaldi osoari dagokion iraupenaren eta lanaldia murriztu ondorengoaren justifikazioa.
h) Desgaituaren ondare babestuaren alde egindako ekarpenen kenkaria aplikatzeko, ondare babestua eratu izana frogatzen duen agiri publikoaren edo ebazpen judizialaren kopia aurkeztu behar da, bai eta ekarpena frogatzen duen agiri publikoaren edo ebazpen judizialaren kopia ere.
Era berean, ondare babestuaren titularrarekin duen ahaidetasun harremanaren frogagiria ere aurkeztu behar da.
i) Ohiko etxebizitza errentan hartu bada, kenkaria aplikatzeko, errentamendu edo azpierrentamendu kontratuaren kopia eta alokairuagatik errentatzaileari edo azpierrentatzaileari egindako ordainketen frogagiriak aurkeztu behar dira.
Gainera, kenkari handitua aplikagarria bada, hurrengo kasuetan agiri hauek aurkeztu beharko dira:
— Familia ugaria izateagatik: familia ugaria izateari buruzko frogagiria.
— Etxeko indarkeriagatik edo genero indarkeriagatik: 7.Bi artikulu honen aurreko 1. apartatuko e) letran aurreikusitako justifikazioa.
— Zergaduna 100eko 65eko edo hortik gorako desgaitasuna duen edo mendekotasun graduren bat aitortu zaion pertsona batekin bizi bada urte natural osoan zehar, desgaituaren edo mendeko pertsonaren errolda agiria aurkeztu beharko da, bai eta desgaitasun edo mendekotasun gradua frogatu ere, zergaren erregelamenduko 63. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.
Behar den kasuetan, zergaduna familia etxebizitzaren alokairua ordaintzera behartzen duen ebazpen judiziala aurkeztuko da edo, bestela, ebazpenetik eratorritako ondorio ekonomiko eta pertsonalak frogatzen dituen epaiaren lekukotza judiziala.
j) Kenkaria aplikatu nahi bada ohiko etxebizitza erosteagatik, etxebizitzan inbertitutakoaren frogagiri hauek aurkeztuko dira:
* Eraikitzen ari diren etxebizitzak direnean, ordaindutako kopuruen frogagiria eta, hala badagokio, salerosketa kontratua.
* Eraikita dauden etxebizitzak direnean, salerosketa jasotzen duen eskritura publikoaren kopia.
* Etxebizitza birgaitu denean, birgaitze lanak babestutzat jotzen dituen ebazpenaren kopia, ordaindutako diru-kopuruen frogagiria eta obra amaitu izanaren ziurtagiriaren edo, urte bat baino gehiago hartzen duten obren kasuan, urteko ziurtagiriaren kopia.
* Egokitze lanen edo instalazioen kasuan (zergaren erregelamenduaren 66. artikuluko 1. apartatuaren c) letran aipatutako lan eta instalazioen kasuan), ziurtagiri bat aurkeztu behar da, bertan adierazita egokitze lan eta instalazioak beharrezkoak direla desgaituen edo mendeko pertsonen irisgarritasuna eta komunikazio sentsoriala errazteko eta duintasunez eta modu egokian moldatuko direla bermatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak, Autonomia Erkidegoko organo eskudunak edo Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak eman behar dute ziurtagiria.
* Etxebizitza-kontuan egindako diru ezarpenen kasuan, kontua ireki den entitateak luzatutako ziurtagiria aurkeztuko da, bertan honako datuak adierazita: kontua identifikatzen duen banku-kodea, irekitze eguna eta egun horretatik aurrera izandako mugimenduak.
Funtsak erabili badira kontua edo kreditu entitatea aldatu delako, aurreko paragrafoan aipatutako ziurtagiria itxi den kontuagatik nahiz entitate berean edo beste batean ireki denagatik aurkeztuko da.
* Mailegua eskatu bada, behar diren frogagiriak aurkeztuko dira.
* Kenkari handitua aplikatzen bada:
—Familia ugaria izateagatik: familia ugariaren frogagiria.
—Etxeko indarkeriagatik edo genero indarkeriagatik: 7.Bi artikulu honen aurreko 1. apartatuko e) letran aurreikusitako justifikazioa.
* Ebazpen judizial baten ondorioz zergaduna behartuta badago familia etxebizitzaren inbertsioak, interesak edo gastuak ordaintzera, ebazpenaren kopia bat edo, bestela, hartatik eratorritako ondorio ekonomiko eta pertsonalak frogatzen dituen epaiaren lekukotzat judiziala aurkeztuko da.
k) Errentan emandako etxebizitzaren jabeak zergaren foru arauaren 87 bis artikuluan birgaiketa babestuagatik aurreikusten den kenkaria aplikatu nahi badu: birgaitze lanak babestutzat jotzen dituen ebazpenaren kopia, ordaindutako diru-kopuruen frogagiria eta obra amaitu izanaren ziurtagiriaren edo, urte bat baino gehiago hartzen duten obren kasuan, urteko ziurtagiriaren kopia.
Dena den, egokitze lanen edo instalazioen kasuan, beharrezkoa izango da ziurtagiri bat aurkeztea, bertan adierazita egokitze lan eta instalazioak beharrezkoak direla desgaituen edo mendeko pertsonen irisgarritasuna eta komunikazio sentsoriala errazteko eta duintasunez eta modu egokian moldatuko direla bermatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak, Autonomia Erkidegoko organo eskudunak edo Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak eman behar dute ziurtagiria.
l) Sozietateen gaineko zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak V. tituluaren III. kapituluan eta hogeita seigarren, hogeita zazpigarren eta hogeita zortzigarren xedapen gehigarrietan inbertsio eta bestelako jarduerengatik jasotzen dituen kenkariak aplikatzeko, ondoko hauek aurkeztu beharko dira: inbertsio edo gastua frogatzen duten fakturak, inbertsioa deskribatzen duen txosten labur bat eta, hala behar denean, 2/2014 Foru Arauak horretarako exijitzen duen dokumentazioa.
m) Langileek entitate enplegatzailean parte hartzeagatik zergaren foru arauaren 89. artikuluan arautzen den kenkaria aplikatzeko, honako hauek frogatuko dira:
— Zergadunak zer kantitate ordaindu dituen berak lan egiten duen entitateko edo taldeko beste edozein enpresatako akzio edo partaidetzak eskuratu edo harpidetzeko, edo, hala badagokio, entitate horietako langileek bakarrik partaidetutako entitateen akzio edo partaidetzak eskuratu edo harpidetzeko, azken kasu horretan baldin eta entitate partaidetuaren aktiboaren gutxienez 100eko 90 enpresa enplegatzailearen edo taldeko entitatearen akzio edo partaidetzek eratzen badute.
— Entitate enplegatzailean edo taldeko entitateetan emandako antzinatasuna 89. artikuluaren 1. apartatuan aurreikusitakoa dela.
— Akzioen eta aktiboaren osaketari dagozkion beharkizunak betetzen direla, baldin eta inbertsioa 89.1 artikuluko c) letran aipatutako langileek bakarrik partaidetutako entitateetan egin bada.
— Akzioak edo partaidetzak ez direla negoziatzen merkatu arautuetan, eta entitatea ez dela hartzen ondare sozietatetzat, 89. artikuluaren 4. apartatuko a) eta b) letretan ezartzen den moduan.
— Langilearen partaidetza, 89. artikuluaren 4. apartatuko e) letran jasotako beharkizuna betetzearen ondorioetarako.
— Kooperatiben kapital sozialari egindako ekarpenen kasuan, ekarpen horiek nahitaezkoak direla.
n) Apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauak, irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzkoak, aipatzen dituen dohaintzen kenkaria aplikatu ahal izateko, honako frogagiri hau aurkeztu beharko da: aipatutako foru arauaren 25. artikuluan eta azaroaren 2ko 87/2004 Foru Dekretuak, Irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimena eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriak aplikatzeko Erregelamenduari buruzkoak, II. kapituluan aurreikusitakoa edo, bestela, 3/2004 Foru Arauaren 29.4 artikuluan aipatutakoa.
Otsailaren 11ko 2/2019 Foru Arauak, kultur mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzkoak, 15. artikuluan aipatzen dituen dohaintzen kenkaria aplikatzeko, kultur mezenasgoa jaso duen pertsona edo entitatearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, haren bidez frogatzeko dohaintzak, erabilera maileguak edo lankidetza hitzarmenen ondorioz egindako gastu kengarriak egiazkoak direla eta interes sozialeko kultur proiektu edo jardueretarako erabili direla.
ñ) Kenkaria aplikatu nahi bada langileen sindikatuei ordaindutako kuotengatik eta alderdi politikoen aldeko kuota eta ekarpenengatik, honako hau aurkeztu behar da:
— Erakunde sindikalari ordaindutako kuoten ziurtagiria, sindikatuko organo eskudunak luzatua.
— Afiliazio kuotengatik eta, zergaren foru arauak 22.b) artikuluan aipatzen dituen derrigorrezko ekarpenekin zer ikusirik izan gabe, alderdi politikoen aldeko ekarpenengatik ordaindutako kopuruen ziurtagiria, erakunde politikoaren organo eskudunak luzatua.
o) Enpresa berrietan edo sortu berrietan inbertitzeagatik zergaren foru arauaren 89 bis artikuluan arautzen den kenkaria aplikatzeko, artikulu horren 6. apartatuan xedatutakoarekin bat luzatutako ziurtagiria aurkeztuko da.
p) Zergaren foru arauko 89 ter artikuluan hazkunde ahalmen handiko entitateak finantzatzeagatik arautzen den kenkaria aplikatzeko, honako dokumentazioa:
— Eskuratutako akzio edo partaidetzak eskualdatu dituen entitatearen ziurtagiria, zergadunak zergaldian egin duen inbertsioa adierazi behar duena, eta 89 ter artikuluko baldintzak eta beharkizunak betetzen direla ziurtatu.
— 89 ter.1.a) artikuluaren a’) letran aipatzen den txosten arrazoituaren kopia, eta 89 ter.2 artikuluan administrazioa aurrez lotesteko prozedurari buruz aipatzen den aldeko ebazpenaren kopia.
q) Zergaren foru arauaren 89 quater artikuluan langileek entitateak eratzeagatik aurreikusten den kenkaria aplikatzeko, akzio edo partaidetzak zein entitatetatik eskuratu diren eta entitate horrek luzatutako ziurtagiria aurkeztu beharko da, zergadunak zergaldian egin duen inbertsioaren zenbatekoa eta aipatutako artikuluan ezarritako beharkizunak betetzen direla adieraziz.
r) Langileek gizarte aurreikuspeneko planetara egindako ekarpenen kenkaria aplikatzeko, enpresaren frogagiria aurkeztu beharko da, bertan adierazita zer portzentaje hartzen duten ekarpenek eta kontribuzio enpresarialek enpresa enplegatzailearen urteko soldata gordin osoarekiko.
s) Zergaren foru arauaren 90 quater artikuluan aipatzen den kenkaria aplikatu nahi bada (kenkaria etxebizitzetako efizientzia energetikoa hobetzeko eta energia berriztagarriak integratzeko obrengatik), artikulu horren 6. apartatuan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztuko da.
t) Ingurumena errespetatzen duten ibilgailu jakin batzuk eskuratzeagatik araututako kenkaria aplikatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko da:
— Ibilgailuaren erosketa frogatzen duten fakturen kopia edo, hala badagokio, ibilgailua alokatzeko formalizatutako kontratuarena, aldizkako kuotak ordaindu izanaren fakturen frogagiriekin batera.
— Ibilgailuaren fitxa teknikoaren kopia.
— Ibilgailuaren kategoria zergaren foru arauaren 90 quinquies artikuluan jasotakoetako bat dela frogatzen duen dokumentazioa.
— Ibilgailua erosteko jasotako dirulaguntzen justifikazioa.
— Aurretik zergadunaren titulartasuneko beste ibilgailu bat eraman bada txatarrera, frogatu behar da txatar bihurtu nahi den ibilgailuari behin betiko baja eman zaiola Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroan, eta ibilgailuaren suntsiketari edo ingurumen arloko tratamenduari buruzko ziurtagiriaren kopia eta trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergarengatik ordaindu den azken ordainagiriarena ere aurkeztu beharko dira.
u) Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzeagatik araututako kenkaria aplikatzeko, dokumentazio hau aurkeztuko da:
— Zergadunaren jabetzako finka batean edo garaje komunitario batean, Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzeko ordaindu diren zenbatekoei dagozkien fakturen kopia.
— Karga puntuak instalatu diren finka edo garajearen jabetzaren justifikazioa.
— Ibilgailu elektrikoaren jabetzaren justifikazioa.
— Ibilgailuaren identifikazioa eta hura helburu partikularretarako erabiltzen dela adierazten duen frogagiria.
4. Euskara edo gaztelania ez den beste hizkuntza batean idatzitako dokumentazioa aurkeztuz gero, harekin batera zinpeko itzulpen bat erantsi beharko da, kontuan hartuta, betiere, itzultzaileak Europar Batasuneko estatu kideetako Zuzenbidearen arabera gaituta egon behar duela. Dokumentazio hori aurkeztuko da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) 101.1 artikuluan jasotakoarekin bat, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko uztailaren 6ko 2016/1191 (EB) Erregelamendua aplikatuta (Erregelamendu horren bidez herritarren zirkulazio librea errazten da, dokumentu publiko jakin batzuk Europar Batasunean aurkezteko baldintzak sinplifikatuta, eta 1024/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen da).
5. Ezkontideek edo zergaren foru arauaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera eratutako izatezko bikoteko kideek banakako autolikidazioak aurkezten dituztenean, nahikoa izango da bion dokumentazioa aurkeztutako autolikidazioetako bakar bati eranstea.
6. Ohiko bizilekua Gipuzkoako Lurralde Historikora aldatzeagatik, zergadunek lurralde honetan aurkezten badute lehen autolikidazioa modalitate mekanizatua erabilita, aurreko lehen lau zergaldietan beste zerga administrazioetan aurkeztutako aitorpenen kopiak ere aurkeztu behar dituzte.
II. KAPITULUA
ONDAREAREN GAINEKO ZERGA
8. artikulua. Ondarearen gaineko zergaren 2025eko autolikidazioa aurkezteko 714 eredua onartzea.
Onetsita geratzen da «Ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa» izena duen 714 eredua, 2025eko zergaldiari dagokiona, Zergabidea plataforman urte horretako 714 eredu gisa identifikatuko dena.
9. artikulua. 714 eredua aurkezteko era.
Bat. «Ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa» egiteko 714 eredua Internet bidez aurkeztuko da, Zergabidea plataforma erabilita, plataforman bertan bete behar diren fitxategi elektronikoak bide telematikoz transmitituz.
Bi. 714 eredua aurkeztean ez da ezein dokumentaziorik erantsi behar.
Hiru. Autolikidazioak foru agindu honen IV. kapituluan jasotako prozeduren arabera aurkeztuko dira.
10. artikulua. 714 eredua aurkeztera behartuak.
Bat. Zergadunak behartuta daude ondarearen gaineko zergaren 2025eko autolikidazioa aurkeztera autolikidazioaren emaitza ordaintzekoa denean edo, zirkunstantzia hori bete gabe ere, haien ondasun edo eskubideen balioa, zergaren arauen arabera zehaztua, 3 milioi euro baino handiagoa denean.
Bi. Ez-egoiliar batek Gipuzkoan izan badu bere azken egoitza, Gipuzkoan aitortzea aukera dezake, obligazio pertsonalagatik. Obligazio pertsonalaren autolikidazioa Gipuzkoan egoiliar izateari utzi dion lehen ekitaldian aurkeztuz egin beharko du aukera hori.
11. artikulua. 714 eredua aurkezteko epea.
2026ko apirilaren 7tik uztailaren 2ra bitartean, biak barne, aurkeztu daiteke 714 ereduaren autolikidazioa.
12. artikulua. 714 ereduaren kuotak ordaintzeko era eta epea.
Bat. 714 ereduaren autolikidaziotik ateratzen den kuota ordaintzeko, 320/2017 Foru Aginduaren 4. artikuluan eta hurrengo apartatuetan jasotakoari jarraituko zaio.
Bi. Autolikidazioa aurkeztu ondoren, diru-sarrera honela egin ahal izango da:
a) Bankutik helbideratuta. Kontuak baldintza hauek bete behar ditu:
— Zergadunaren titulartasunekoa izatea. Dena den, ordainketa zergapekoaren titulartasunekoa ez den kontu batean helbideratu ahal izango da, betiere kontuaren titularrak modu frogagarrian baimentzen badu helbideratze hori egitea.
— Irekita egotea Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerga-bilketaren kudeaketan laguntzen duten entitateetako batean edo SEPA eremuko beste edozein kreditu entitatetan, eta kontuaren IBAN kodea adieraztea.
— Helbideratzea onartzen duen kontu bat ematea. Izan daitezkeen gorabeherak zergadunaren erantzukizuna izango dira.
b) Ordainketa-pasabidea erabilita, Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzenbide publikoko diru-sarrerak ordainketa-pasabidearen bitartez ordaintzea arautzen duen abenduaren 11ko 1074/2008 Foru Aginduak ezarritakoari jarraituz.
c) Ordainketa gutunaren bidez, zeina honela eskuratu baitaiteke:
— Zergabidea plataformatik inprimatuta, bai autolikidazioa aurkezteko unean, bai geroago.
— Zergaduna edo haren ordezkaria Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuko herritarren arretarako bulegoetan agertuz, ordainketa gutuna han bertan eskatzeko.
Ordainketa gutun horien diru-sarrera Ogasun eta Finantza Departamentuko herritarren arretarako bulegoetan bertan egin ahal izango da, banku txartela erabilita, bai eta entitate laguntzaileetan ere, leihatilan, kutxazainetan edo banka elektronikoan.
Hiru. Ordaintzera atera den autolikidazioaren diru-sarrera bankutik helbideratuta badago, ordainketa 2026ko uztailaren 3an kargatuko da kontuan.
Diru-sarrera egiteko ordainketa-pasabidea edo ordainketa gutuna aukeratzen bada, ordainketa egiteko azken eguna 2026ko uztailaren 3a izango da.
Lau. Ordainketa ez bada egiten ezarrita dagoen epean, diru-sarrera bide exekutibotik bilduko da, hala xedatzen baitu 165. artikuluko 1.b) eta 3 apartatuetan martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak.
III. KAPITULUA
FORTUNA HANDIEN GAINEKO ALDI BATERAKO
ELKARTASUN ZERGA
13. artikulua. Fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zergaren 2025eko autolikidazioa aurkezteko 718 eredua onestea.
Onetsita geratzen da «Fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zergaren autolikidazioa» izena duen 718 eredua, 2025. urteari dagokiona, Zergabidea plataforman urte horretako 718 eredu gisa identifikatuko dena.
14. artikulua. 718 eredua aurkezteko era.
Bat. «Fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zergaren autolikidazioa» egiteko 718 eredua internet bidez aurkeztuko da, Zergabidea plataforma erabilita, plataforman bertan bete behar diren fitxategi elektronikoak bide telematikoz transmitituz.
Bi. 718 eredua aurkezteko ez da ezein dokumentaziorik erantsi beharko.
Hiru. Autolikidazioak foru agindu honen IV. kapituluan jasotako prozedurari jarraituz aurkeztuko dira.
15. artikulua. 718 eredua aurkeztera behartuak.
Bat. Ondare garbia 3.000.000 eurokoa baino handiagoa duten zergadunak daude behartuta fortuna handien gaineko zergaren 2025eko autolikidazioa aurkeztera, betiere haren emaitza ordaintzekoa denean.
16. artikulua. 718 eredua aurkezteko epea.
718 ereduaren autolikidazioa aurkezteko epea 11. artikuluan aurreikusitako berbera izango da.
17. artikulua. 718 ereduaren kuotak ordaintzeko era eta epea.
Fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zergaren autolikidaziotik ateratzen diren kuotak ordaintzeko era eta epea 12. artikuluan aurreikusitako berberak izango dira.
IV. KAPITULUA
109, 714 ETA 718 EREDUAK ELEKTRONIKOKI
PRESTATU ETA AURKEZTEA
18. artikulua. 109, 714 eta 718 ereduak elektronikoki prestatu eta aurkeztea. Prozedurak eta identifikazioa.
Bat. Internet bidezko modalitatean, 109, 714 eta 718 ereduak fitxategi elektronikoen transferentzia telematiko bidez aurkeztuko dira, Zergabidea plataformatik, 320/2017 Foru Aginduan eta kapitulu honetan ezarritakoari jarraituz.
109, 714 eta 718 ereduei dagozkien fitxategi elektronikoak ere Zergabidea plataformaren bidez prestatu beharko dira.
Zergabidea plataforma https://zergabidea.gipuzkoa.eus atarian dago eskuragarri. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikotik ere sartu ahal izango da bertara, https://egoitza.gipuzkoa.eus helbidearen bitartez, edo, bestela, Ogasun eta Finantza Departamentuaren webgune ofizialetik http://www.gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta) helbidea erabiliz.
Bi. 109, 714 eta 718 ereduak elektronikoki aurkezteko, zergapekoek beren identitatea frogatu beharko dute sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortua edo kualifikatua erabiliz.
Dena den, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek gutxienez zergaren autolikidazio bat aurkeztu badute Gipuzkoan azken lau ekitaldietan, internet bidez ere aurkeztu ahal izango dute zerga horren autolikidazioa eta beren identitatea kontraste datu baten bitartez frogatu. Datu hori ezagutuko dute bai zergadunak eta bai Zerga Administrazioak.
Era berean, Ogasun eta Finantza Departamentuak foru agindu honetako 2.Bat artikuluaren A) letran jasotako autolikidazio proposamena bidali badie pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunei, zergadun horiek internet modalitatean aurkeztu ahal izango dute zerga horren autolikidazioa. Horretarako, beren identitatea frogatu beharko dute proposamenean jasotako kodea erabiliz.
Ordezkari profesionalek, beren aldetik, sinadura elektronikoa erabili beharko dute, 109, 714 eta 718 ereduak aurkezteko identifikazio sistema moduan, 320/2017 Foru Aginduak 1. artikuluaren 6. apartatuan ezarritakoarekin bat.
Hiru. Banakako bidalketez gain, ordezkari profesionalek hainbat autolikidazioren bidalketa kolektiboak egin ditzakete. Taldekako bidalketek zerga bereko autolikidazioak jaso behar dituzte.
Transmisio bakoitzean bidal daitekeen erregistro kopuru osoak ezingo du, batera hartuta, 10 megabyteko tamaina gainditu. Erregistro bakoitzak autolikidazio bakar bati buruzko informazioa jaso behar du, eta nahitaez betetzekoak diren eremu guztiak bildu beharko ditu.
19. artikulua. 109 ereduaren frogagirien aurkezpena.
Bat. Behin 109 eredua bide elektronikoz bidali ondoren, zergadunak, ezarrita dagoen epean, 7. artikuluan jasotakoaren arabera dagozkion frogagiriak aurkeztu behar ditu Ogasun eta Finantza Departamentuan.
Frogagiri horiek ez badira aurkezten, dagokion zehapena ezarriko da martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, xedatutakoarekin bat.
Bi. Zergadunek paperean aurkeztu ahal izango dituzte frogagiri horiek, ondorengo apartatuko erregelei jarraituz, baita modu telematikoan bidali ere, fitxategi elektronikoetan sartuta.
Ordezkari profesionalen kasuan, frogagiriak aurkezteko, bide telematikoz bidali beharko dituzte frogagirien fitxategi elektronikoak.
Dokumentazioa elektronikoki aurkeztu denean, Zerga Administrazioak jatorrizko agiri edo informazioa aurkezteko eskatu diezaioke edozein unetan zergadunari, aurkeztutako informazioaren edukia alderatzeko.
Hiru. Paperean aurkezten diren frogagiriak, autolikidazioaren laburpenaren bi kopiekin batera joan behar dutenak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuko herritarren arretarako edozein bulegotan aurkeztuko dira.
Bulegoko arduradunak zigilua jarri eta gero, zergadunak beretzat gordeko du autolikidazioaren laburpenaren interesdunaren alea, dokumentazioa aurkeztu izanaren frogagiri moduan erabiltzeko.
Autolikidazio bakoitzari dagokion dokumentazio guztia, hau da, Administrazioaren ale zigilatua eta bidezko frogagiriak, halakorik bada, DIN A4 tamainako gutun azal zuri batean sartuko dira. Bertan, autolikidazioari dagokion zergaduna identifikatuko da, eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta izen-abizenak jarriko dira.
Lehen xedapen gehigarria. Dokumentazioa kasu jakinetan aurkeztea.
7., 9.Bi eta 14.Bi artikuluetan xedatutakoaren arabera zergaren autolikidazioari erantsi behar ez zaion dokumentazioa edozein momentutan eska dezake Zerga Administrazioak.
Era berean, zergadunak aitorpena zuzentzea eskatzen badu martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 116.4 artikuluan dioenari jarraituta, edo errekurtsoa aurkezten badu Zerga Administrazioak egindako behin-behineko likidazio baten aurka, bere asmoa oinarritzeko baliatzen duen frogagiria erantsi beharko du, zergaren autolikidazioarekin batera aurkeztu ez duenean.
Bigarren xedapen gehigarria. Baimena emateko eredua.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa modalitate mekanizatuan egiten bada, autolikidazioa pertsona baimendu baten bitartez aurkeztu nahi duten zergadunek pertsona horren aldeko baimen idatzia erantsi behar diote autolikidazioa egiteko aurkezten duten dokumentazioari, eta baimen horrek bat etorri behar du foru agindu honen II. eranskinean jasotzen den ereduarekin. Behar bezala bete eta sinatu behar den agiri horren bitartez, zergadunak baimena emango dio hirugarrenari autolikidazioa bere izenean sinatu eta aurkezteko. Aipatutako agiriarekin batera, pertsona baimenduak, bere nortasun agiria erakusten duen momentuan, ordezten duen zergadunaren nortasun agiriaren kopia ere aurkeztu beharko du.
Hirugarren xedapen gehigarria. Datu pertsonalak eta harremanetarakoak lagatzeko baimena.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa (109 eredua) aurkezten dutenean, lehenago egin ez duten zergapekoek baimena eman dezakete beren nortasun eta harreman datu jakin batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiko datu baseei lagatzeko, dituen zeregin publikoak bete ditzan. Orobat, baimen hori errebokatu dezakete, hura lehenago eman badute.
Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.
Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Donostia, 2026ko martxoaren 13a.—Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua. (1821)
I. ERANSKINA
II. ERANSKINA