4
AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOA

EUSKO JAURLARITZA

EKONOMIA, LAN
ETA ENPLEGU SAILA

Lan eta Gizarte Segurantzako
Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza

EBAZPENA, Lan eta Gizarte Segurantzako Lurralde ordezkariarena, Garbitania Zero Zabor S.M. enpresaren Lan Hitzarmenaren erregistro, gordailu eta argitarapena agintzen duena (20104812012024 kodea).

AURREKARIAK

Lehenengoa.    2026ko urtarrilaren 13an, enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkaritzak sinatu zuten aipatutako hitzarmen kolektiboa.

Bigarrena.    2026ko urtarrilaren 16an, aurkeztu zen Lurralde Ordezkaritza honetan, adierazitako hitzarmenaren erregistro, gordailu eta argitalpen eskaera.

Hirugarrena.    Urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuaren 8. artikuluak aurreikusitako errekerimendua burutu (2011-02-15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) eta 2026ko urtarrilaren 29an bete da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.    Urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 90.2 artikuluan aurreikusitako eskuduntza, lan agintaritza honi dagokio, honako arautegiaren arabera: Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen, azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuaren 18.2.g artikulua (2024-11-21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria); urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretua (2011-2-15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) eta maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua (2010-6-12ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzkoak.

Bigarrena.    Sinatutako hitzarmen kolektiboak aurretik aipatutako Langileen Estatutuaren Legearen 85, 88, 89 eta 90 artikuluek xedatutako baldintzak betetzen ditu.

Honen ondorioz,

EBATZI DUT

Lehenengoa.    Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko eta gordailutzeko, eta aldeei jakinarazteko agindua ematea.

Bigarrena.    Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Donostia, 2026ko urtarrilaren 29a.—Victor Monreal de la Iglesia, lurralde ordezkaria.              (643)

Garbitania Zero Zabor S.M.ren Barne Hitzarmena

ATARIKO TITULUA

1. artikulua.    Xedea.

Garbitania Zero Zabor S.M.ren enpresako langileen lan-baldintzak arautzea da hitzarmen honen helburua.  

2. artikulua.    Parte-hartzaileak.

Hitzarmen honetan langileen ordezkariek eta enpresaren ordezkariek parte-hartzen dute; lehenengoek enplegatu gisa eta bigarrenek enplegatzaile gisa. 

3. artikulua.    Aplikazio eremua. Funtzioen eta langileen eremua.

Hitzarmen hau Garbitania Zero Zabor S.M.ren langile guztiei aplikatuko zaie, aldi baterakoak eta finkoak.     

4. artikulua.    Indarraldia.

Hitzarmen hau 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra indarrean egongo da, beste indarraldi edo epe bat ezarri zaien gaiei kalterik egin gabe.

Hitzarmen kolektibo hau automatikoki salatuta geratuko da iraungitzen denean eta hitzarmen berria sinatu arte bere eduki osoa indarrean egongo da.             

5. artikulua.    Hitzarmena interpretatzeko eta zaintzeko batzordea.

Garbitaniako administrazio-kontseiluari proposatu dion zuzendaritza teknikorako taldeak batzordea eratzea erabaki dute. Batzorde horrek hitzarmen honen ondorioz sor litezken arazoak interpretatuko, zainduko eta ebatziko ditu; eta, nola osaturik egongo den eta nola funtzionatuko duen erabakitzean, ondoko arauak bete beharko dira:

5.1.    Batzordeko kide izango dira: langileen ordezkari guztiak, ingurumen teknikariak, koordinatzaileak, zerbitzu juridikoetako teknikaria, finantza arduraduna, giza baliabideetako arduraduna eta gerentzia.           

5.2.    Funtzioak:

— Hitzarmena nola betetzen den zainduko du eta haren jarraipena egingo du.

— Hitzarmen honen agindu guztiak interpretatuko ditu.

— Hitzarmen honen arauak interpretatzean eta aplikatzean sor litezkeen gatazka kolektiboan, adiskidetzeko lana egingo ditu.        

— Hitzarmen hau eraginkorragoa izan dadin egin beharreko eginkizunak egingo ditu, bai eta hitzarmenaren testuan eta eranskinetan erabakitakoaren ondoriozko zereginak eta hitzarmenaren zati direnak ere.

6. artikulua.    Gatazkak ebazteko prozedura.

Batzordeko edozeinek deitu ahal izango du bilera, denbora nahikoarekin eta eztabaidatu nahi den gaia argi azalduz. Horrez gain, gaia behar den bezala aztertzeko beharrezkoa den dokumentazio osoa bidaliko du eta proposamen zehatza.             
               

Batzordearen akordioak botoen gehiengoz hartuko dira.        

I. TITULUA

LANGILEEN LANALDIAREN, ATSEDENALDI ETA JAI-EGUNEN, OPORREN, LIZENTZIEI ETA BAIMENEI BURUZKOA

I. KAPITULUA.    LANALDIA ETA LAN-EGUTEGIA

7. artikulua.    Lanaldia.

1.    Oro har, urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da gehienez.

2.    Toxizitatea aplikatzen zaien langileak, aldiz, 1.512ko lanaldia izango dute.

3.    Gauez aritzen diren biltzaileen lanaldia 1.468 ordukoa izango da, konpentsazio-plusaren %57,50ri dagokion kopurua lanordutan konpentsatzearen ondorioz.

4.    Hitzarmen kolektibo honek arautzen duen jarduera zerbitzu publikoa denez, zerbitzua urteko egun guztietan eskainiko da.

5.    Eginbeharren arabera ondorengo langile motak egongo dira:

a)    Lanaldi osoko edo lanaldi partzialeko langileak, astelehenetik ostiralera.

b)    Lanaldi osoko edo lanaldi partzialeko langileak, astelehenetik igandera txanda errotatibotan.

8. artikulua.    Lan-egutegia.

Abenduaren lehen hamabostaldiaren barruan enpresak langile guztien esku dagokien lan-egutegia jarriko du. Lan-egutegiaren proposamena batzorde teknikoan onartuko da, zerbitzua eman behar den udalekin zerbitzua bera adostuta dagoenean. 

9. artikulua.    Ordu soberakinak.

1.    Oro har egutegiz eta mediku azterketak edo formakuntzak direla-eta ordu soberakinak sortzen badira konpentsatzeko araua 1 = 1 izango da eta langileak aukeratuko du noiz disfrutatu. Ordu horiek egiturazko bilakatuz gero, enpresak erabakiko du noiz disfrutatu betiere langilearekin adostasuna bilatuz.      
               

2.    Zerbitzuaren ezaugarriak kontuan hartuta, gidari-biltzaileek mediku-azterketak lanorduetatik kanpo egingo dituzte eta hiru urtetik behin jai egun bat gehiago hartzeko eskubidea izango dute.

3.    GPZ ikastaroa dela eta egindako orduak, ikastaroa amaitu eta hurrengo zortzi hilabetetan disfrutatuko dira.

4.    Ordezkatuak izango ez diren lanpostuetan ordu soberakinak hurrengo 15 egunen barruan disfrutatuko dira.

10. artikulua.    Oporrak.

1.    Ordaindutako urteko oporrak 24 lanegun izango dira enpresan urtebeteko zerbitzua egin duten langileentzat; urtebete egin ez duten langileentzat, berriz, lan egindako egunen araberakoa izango da oporraldia.              

2.   Oporrak (egoera arrunt batean) gehienez hiru zatitan eta otsailaren amaierarako koordinatzaileen bidez (gidari-biltzaile eta peoi balioanitzen kasuan) zuzendaritzara jakinaraziko dira, horretarako diseinatutako eskaera orriak erabiliz.             

3.    Oporrak urte naturalaren barruan disfrutatuko dira eta salbuespenez, langileak gabon garaian ezin izan duenean opor egunik hartu, hurrengo urteko urtarrilaren 5era arte.             

4.    Oporrek lehentasuna izango dute norbere arazoetako baimen egunen aurrean.

5.    Zerbitzuaren kalitatea bermatze aldera, oporren onarpen garaian kontuan hartuko da une oro gutxienez titularren erdiak lanean egotea (herriko jaietan %75). Eskaerak aztertzerakoan aurreikusita dauden absentziak ordezkatzeko plangintza egingo da, urte osorako eskatzen diren baimenek oporren onarpenerako eragin zuzena izan ez dezaten. Titularren eskariek ez badute ahalbidetzen denek nahi duten egunetan oporrak hartzea, zozketa egingo da; eta zozketaren ondorioz opor eguna hartu gabe geratu denak edo bere borondatez aldatu duenak, hurrengo urtean lehentasuna izango du.           
               

6.    Ezgaitasun iragankorra dela eta langileak ezin izan baditu oporrak urtea amaitu baino lehen hartu, senda-agiria jaso eta jarraian hartu beharko ditu derrigorrez.          

11. artikulua.    Norberaren arazoetako egunak.

1.    Norberaren arazoetako egunak urtean 6 izango dira oro har, jaiegunen egutegia dela-eta besterik adosten ez denean.

2.    Norberaren arazoetako egunak 15 egun lehenago eta idatziz eskatu beharko dira, ez ohiko eskaera bati erantzuteko ez den kasuan, orduan ez da eperik egongo eskatzeko eta gerentzia eskumena izango da berauek ematea.

3.    Aldi baterako ezintasun egoeran ezingo da norberaren arazoetako egunik eskatu ezta oporrik ere.

4.    Lan-poltsako langileen kasuan honako irizpideak aplikatuko dira:

— Lanean 2 hilabete bete baino 15 egun lehenago eskatu daiteke norberaren eguna. Ordezkatzen duen lankidea lehenago bueltatzen bada, bertan behera geldituko da eskaera.

— Bi hilabete horiek urte berekoak izan behar dute. Tartean urte aldaketarik balego ez legokioke norbere egun hori.   

II. KAPITULUA.    LIZENTZIAK ETA BAIMENAK

12. artikulua.    Lizentziak eta baimenak.

Lizentzia eta baimenak, aplikagarri den legean jasotzen direnak izango dira eta idatziz eskatuko dira 15 egun lehenago aurreikus ez daitezken kasuak salbu.

13. artikulua.    Lizentziak.

Garbitaniako langileek lizentziak eskuratzeko aukera izango dute jarraian Udalhitzen jasotzen diren egoeratan, aldez aurretik jakinarazi eta arrazoituz gero. Lizentziak ondoren zerrendatzen dira:

a)    Gaixotasuna edo istripua.

b)    Gurasotasuna.

c)    Edoskitzea.

c)    Seme-alabak babesean hartzeagatik edo adoptatzeagatik.

d)    Familiarteko baten istripuagatik edo gaixotasun larriagatik.

e)    Ezkontzeagatik edo izatezko bikotea sortzeagatik edo familiarteko batek bietako bat sortzeagatik.

f)    Izaera publikoko edo norberaren izaerako nahitaezko betebeharrengatik.

g)    Funtzio sindikala, prestakuntza sindikala edo pertsonala ordezkatzeko egin ahal izateko.

h)    Ohiko etxebizitza aldatzeagatik.

i)    Zentro ofizialetako azken azterketetara aurkeztu ahal izateko.

j)    Adin txikikoak edo ezindu fisikoak edo psikikoak zaintzeko.                  

k)    Mediku-kontsultetara, -tratamenduetara eta -azterketetara joan ahal izateko.

l)    Norberaren gauzetarako.

14. artikulua.    Baimenak.

Arrazoi hauengatik baimenak eman ahal izango dira:

a)    Barruko lan-sustapeneko ikasketak eta probak egiteko.  

b)    Norberaren gauzetarako.

c)    Izaera zientifikoa, teknikoa, profesionala, kolegiatua, elkartekoa edo sindikala duten ekitaldietara joateko.

15. artikulua.    Baimenak eta Lizentziak eskatzea eta ematea.

1.    Behar bezala arrazoitutako salbuespenezko kasuak kenduta, lizentzia eta baimen guztiak eskuratzeko egindako eskaera guztiak idatziz egin beharko dira hamabost egun lehenago eskumena daukan organoari; lizentzia edo baimen hori bukatu baino gehienez ere bost egun lehenago arrazoitu beharko du onuradunak.

2.    Aurreko paragrafoak jasotzen duenak ez dauka eraginik izaera sindikala duten ekitaldi kolektiboetara joan ahal izateko baimenetan; Koordinatzaileari edo giza baliabideetako arduradunari 48 ordu lehenago idatzia bidaltzea nahikoa izango da.   

3.    Behar bezala arrazoitutako lizentziak hartu ahal izatea langile publikoek duten oinarrizko eskubidea da, nahitaez bete behar diren giza, gizarte eta sindikatu izaerako premiei erantzuten dietelako; horrenbestez, lizentziak ematea ez da Garbitaniak daukan diskrezio-ahalmenaren araberakoa, baizik eta Garbitaniak daukan betebeharra.

4.    Aurreko atalean jasotakoari gaineratuta, lizentziak emateko eskumena daukan arduradunak ezin izango ditu atzera bota behar bezala arrazoitutako eta epearen barruan aurkeztutako eskaerak. Era berean, ezin izango du bere erabakia atzeratu eta horrela eskatzailea lizentziaren asmoa bete gabe utzi; eta horrelako egoeratan zerbitzuaren beharrak terminoak ez du eraginik izango.          

5.    Lizentziak ematearekin gertatzen denaren kontrara, baimenak ematea zerbitzuaren beharren menpe egongo da, eta kasu guztietan bermatu beharko da baimena jasotzen duen langilearen zerbitzuak hirugarren pertsonei zein Garbitaniaren egitekoei ez diela kalterik eragingo.

16. artikulua.    Baimenen eta lizentzien arteko bateraezintasuna.

Edoskitzerako etenaldia eta adin txikikoak edo ezindu fisikoak zein psikikoak zaindu ahal izateko lanaldi murrizpena bateragarritasuna kenduta, hitzarmen honetan jasotzen diren baimen edo lizentzia bi ezin izango dira aldi berean hartu, eta beranduago hartzen denak aurretik gozatzen ari dena baliogabetzen du. 
               

18. artikulua.    Lanpostura itzultzea lizentziatan eta baimenetan.

Lizentzia eta baimen denbora igaro eta gero, langilea berehala itzuli beharko da bere lanpostura, eta etorri gabe egondako denbora arrazoitu beharko du, behar bezala arrazoitutako salbuespenezko kasuetan izan ezik.

19. artikulua.    Ordaindu gabeko baimenak.

1.    Norberaren arazoetarako ordaindu gabeko baimenak eman ahal izango dira. Baimen hauek udarako oporraldiak egiten diren hilabeteetarako eskatzen badira (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila), hauen onarpena oporraldiaren plangintzarekin batera egingo da.

2.    Oro har, baimen horren gutxieneko iraupena etenik gabeko 7 egun naturalekoa izango da eta baimen egun horien batuketa ezin izango da hiru hilabetekoa baino gehiagokoa izan bi urtean.

3.    Enpresak zazpi egunetik beherako baimena eman ahal izango du, betiere gutxienez 15 egun lehenago aurkeztutako eskaera arrazoitu bati erantzuna emateko.

4.    Enpresaren mailaketan gora egiteko asmoarekin egin beharreko hauta-ikastaroetan edo praktika-epeak bete ahal izateko, baimenak emango dira. Ikastaroen eta praktiken iraupen bera izango du baimenak, baina baimen horiek ez dute ordainsaria jasotzeko eskubiderik ematen.

III. KAPITULUA.    ABSENTZIEN KUDEAKETA ETA LANAREN ANTOLAKETA

20. artikulua.    Aldi baterako ezgaitasun egoera.

Medikuak langileari baja edo alta ematean honek enpresari jakinaraziko dio lehenbailehen telefonoz hots eginda.      

Baja beharrean medikuak deskantsua agintzen dionean langileari derrigorrezkoa izango da agiria aurkeztea.               

Medikuak emandako baja edo deskantsu agiririk gabe egindako lan-hutsegiteen orduan berreskuratu egin beharko dira edo bestela lansaritik ordu horiei dagokien zati proportzionala kendu beharko da. Hori, diziplina erantzukizunagatik etor dakiokeen zigorrari kalterik egin gabe.

21. artikulua.    Lan-istripuak.

Langileek lehenbailehen emango diote arduradun zuzenari lanaldian izandako edozein istripuren berri.        

Istripuren bat gertatuz gero unean bertan edo beranduenez lanaldia amaituta bertaratu beharko da langilea Mutuaren osasun-zerbitzuetara.

22. artikulua.    Lanaldi murrizketa.

Lanaldi murrizketak Udalhitzen arautzen duena jarraituz egingo dira, hau da lanaldiaren hasieran edo amaieran, baldin eta lanpostu motak ahalbidetzen badu. Edonola ere, eskaerak banan-banan aztertuko dira eta enpresak eta langileak adostu gisa egingo dira. Azterketan aplikatuko diren irizpideak enpresaren funtzionamendu egokia eta kontziliazioa laguntzea izango dira.
               

23. artikulua.    Ordezkapenak.

1.    Aldi baterako ezintasun egoeran langile guztiak ordezkatuko dira ondorengo arauak aplikatuz:

a)    Gidari-biltzaileak, peoi balioanitzak, koordinatzaileak eta administraria lehenbailehen.

b)    Gerentzia, giza baliabideen arduraduna, finantza arduraduna, ingurumen teknikaria eta zerbitzu juridikoetako teknikaria, ezintasun egoera 6 aste baino luzeagoa izango dela aurreikusten denean.

c)    Hezitzaileen kasuan, aldi baterako baja, oporrak edo bere ez egotea dakarren beste edozein aurrean ordezkapena beharrezkoa den erabakiko du Udalak Garbitaniarekin urtero adosten duen ekintza planean. Udalak ordezkoa beharrezkoa dela erabakitzen badu eta absentziaren iraupena 5 egunetik gorakoa izango dela, Garbitaniak ordezkapena lehenengo egunetik bideratuko du. Absentziaren iraupena aurreikustea ezinezkoa denean, Garbitaniak bere gain hartuko du ordezkatu beharreko hezitzailearen lanak lehen 5 egunetan; seigarren egunetik aurrera eta Udalak ordezkapenari buruz hartu duen erabakia kontuan hartuz, Garbitaniak aurreko puntuetan adierazitakoa burutuko du.               

24. artikulua.    Lanera joatea eta ez-joatea arrazoitzea.         

1.    Bere lanpostura joaterik ez duen langileak ahalik eta azkarren jakinarazi beharko du horren arrazoia zein den adieraziz.

2.    Gaixotasunagatik bada, aldi baterako baja eman beharko dio langileari sendagile batek; horren agiria ez da ekarri beharko, baina berehala jakinaraziko dio langileak Garbitaniari; gainera, baja hori luzatuz gero, luzapenen berri ere berehala emango dio Garbitaniari.         

3.    Alta jasota, berehala jakinarazi beharko dio langileak Garbitaniari eta bere hurrengo lanegunean aurkeztu beharko da.            

4.    Lizentzia barik edo gerora aurkeztu beharreko arrazoi barik egindako lan hutsegiteen orduak berreskuratu egin beharko dira edo bestela lansaritik ordu horiei dagokien zati proportzionala kendu beharko da; horri gaineratu behar zaio diziplina erantzukizunagatik etor daitekeen zigorra.

25. artikulua.    Txanda aldaketa.

1.    Plantillako langile batek, edozein arrazoi dela medio, esleituta duen lan-txanda aldatu nahiko balu, eskaria idatziz gerentzian aurkeztu beharko du horretarako arrazoiak emanez.

2.    Giza baliabideen arduradunak txanda aldaketen erregistro eguneratua izango du.

3.    Lanpostu finko bat bete behar denean, giza baliabideen arduradunak eta/edo gerentziak txanda aldaketa deialdia irekiko da eta ondorengo irizpideak aplikatuko dira:

*  Lehenik plantillakoen txanda aldaketak hartuko dira kontutan. Eskari hauek irizpide hauen arabera sailkatuko dira:   

—Sexuan oinarrituriko sexu-jazarpena pairatu edo eta biolentzia matxista sufritu duten emakumeek goizeko postuak eskuratzeko lehentasuna izango dute.

—Txanda aldaketa eskaeran arrazoitzen den zergatiaren arabera. Lehentasuna osasun zaintzak izango du. Eskaera guztiak osasun zerbitzuak ematen duen enpresara bidaliko dira adierazi dezaten mediku arazoengatik, kasu bakoitza aztertu ondoren, lehentasuna duten langileak zeintzuk diren eta beraien hurrenkera. Osasun zaintzaren irizpidea aplikatuz, hori alegatu duen langileari beste txanda postua eskainiz gero onartu beharko du. Osasun arazoak alegatu dituzten langileen artean berdinketa egonez gero, hurrengo irizpidea aplikatuko zaie berdinketa hori desegiteko.

—Ondoren bateragarritasun beharrak kontutan hartuko dira. Hau da, 12 urtetik beherako seme-alabak, behar bereziak dituzten 12 urtetik gorako seme-alabak, edo zaintzak behar dituzten senideak zaintzeko beharra duten langileek izango dute lehentasuna.

—Osasun arrazoiez edo bateragarritasun arrazoiez beste alegatzen dituztenak egonez gero, zerrenda egingo da adina (betetako urteak), antzinatasuna (betetako hilabeteak) eta gauez egindakoak (betetako hilabeteak) batuta ateratzen den puntuaketa kontuan hartuta.

*  Plantillako eskaerak estali ondoren kontratatu beharreko lan-poltsako pertsonari libre geratzen den pauta esleituko zaio.

*  Puntuaketa honen ondorioetarako soilik, antzinatasuna eta gauez egindakoak kalkulatzeko kontuan hartuko dira langileak lan-poltsako hautagai gisa egindako denbora plantillako langile gisa egindakoarekin batera.

26. artikulua.    Telelana eta lan ez-presentziala.

1.    Definizioak:

— Lan ez-presentziala: lana antolatzeko edo lana egiteko modu bat, zeinaren arabera jarduera hori langilearen etxean edo hark aukeratutako tokian egiten baita, lanaldi osoan eta modu erregularrean.

— Telelana: zerbitzuak urrutitik emateko modalitate bat, zeinaren bitartez, zerbitzuaren beharrizanek horretarako aukera ematen badute, lanpostuaren eduki funtzionalaren zati bat edo dena egiten baita Garbitaniaren egoitzetatik at, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz.

2.    Telelana arautzeko langileen eta enpresaren artean onartutako akordioa aplikatuko da.

3.    Telelan modalitatea onartuta duen langileak konpromiso dokumentua sinatuko du.  

IV. KAPITULUA.    ESZEDENTZIA ETA SOLDATARIK
GABEKO BAIMENAK

27. artikulua.    Eszedentziak.

Garbitanian emango diren eszedentzia motak ondorengoak dira:

1.    Borondatezko eszedentzia.

— Interes partikularrengatik: Eszedentzia mota hau eskatu ahal izateko gutxienez urtebete eraman behar du langile indefinituak lanean enpresan, eta gainera aurreko lau urteetan ez du eszedentziarik disfrutaturik izango. Atsedenaldiaren iraupena gutxienez lau hilabete eta gehienez 5 urtekoa izan daiteke. Hala, eszedentziaren epealdian ez da antzinatasuna konputatuko, ez eta kotizazio zein prestazio sozialetan kontutan hartuko. Itzuleran, lehen urtean postura itzultzeko eskubidea du eta hortik aurrera kategoria bereko edo antzeko lanpostuaren kasuan, langileak postua okupatzeko lehentasunezko eskubidea du. Eszedentzia honen luzapenak, gutxienez 4 hilabeteko iraupena izango du.              

Diziplina espediente bat irekita edo zigor bat betetzen dagoenean langileak ezingo du eszedentzia hau eskatu.           

— Haurren zaintzarako eszedentzia: Eszedentzia mota hau seme-alabak zaintzeko jaiotza, adopzioa edo ume bat jasotzen den kasuetan ematen da. Eszedentzia honen gehienezko iraupena hiru urtekoa da, jaiotze datatik edo ebazpen judizial edo administratiboaren datatik zenbatzen hasita. Eszedentzia bakarra izango da eskubide-sortzaile bakoitzeko. Guraso biek lan egiten dutenean, batek bakarrik eskatu ahal izango du. Kasu honetan antzinatasuna, ekarpenak eta prestakuntza-ikastaroetan asistentzia ataletan konputagarria da epealdia. Gehienezko epea bukatzean 30 eguneko epean langileak berrartzea eskatu behar du bestela, interes partikularrengatiko eszedentzia egoerara pasatuko da. Eszedentzia honek irauten duen bitartean langileak bere postura itzultzeko eskubidea izango du.             

— Familiakoen zaintzarako eszedentzia. Eszedentzia hau bigarren maila bitarteko senitartekoen (gurasoak, seme-alabak, aitagin/amagin-arrebak, suhiak/errainak, aitona-amonak, bilobak, anai-arrebak, koinatuak) ezintasun edo senideen gaixotasun larria (adina, istripu, gaixotasun, ezgaitasun kasuan eta ordainduriko jardueraren bat ez duenean egiten) artatzeko kasuetarako ematen da. Eszedentzia bakarra izango da eskubide-sortzaile bakoitzeko. Gehienezko iraupena bi urte eta antzinatasuna eta asistentzia prestakuntza ikastaroetarako konputatzen du epealdiak. Eszedentzia honek irauten duen bitartean langileak bere postura itzultzeko eskubidea izango du.

Eszedentziak idatziz eta gutxienez hamabost egun lehenago eskatu beharko dira eta enpresak 7 eguneko epea izango du erantzuteko. Luzapenak ere, adostutako data baino 15 egun lehenago eskatu beharko dira idatziz eta enpresak, kasu horretan ere, 7 eguneko epea izango du idatziz erantzuteko. Langileak hasiera batean adostutako datan itzuli behar badu ere hilabete 15 egun lehenago jakinarazi beharko du. 

2.    Behartutako eszedentzia.

Derrigorrezko eszedentziak lan-kontratuaren eteteak dira. Langileen Estatutuaren 45.1 artikuluko k) paragrafoan jasota datorrena, eta 46.1 eta 4 eta 48. artikuluetan garatua.          

Behartutako eszedentzia mota desberdinak ditugu:

— Kargu publiko izateko eszedentzia. Langile bat kargu publiko baterako izendatu edo hautatua izanik, lana egiteko eragozpenak dituenean aplikatzen da eta lan-kontratua etetea dakar. Iraupena langilea izendatu duten karguaren luzapenaren baitakoa izango da. Kargua uzteak kontratuaren etetearen amaiera esan nahi du. Langileak enpresari berriro lanean hastea eskatu beharko dio kargu uztea edo amaiera amaitu eta 30 eguneko epean. Epealdian antzinatasunak konputatzen du, baina ez, bestela adostu ezean, zerbitzu garai bidegabeko kaleratze baten aurrean kalte-ordainak zehazterakoan.           
               

— Funtzio sindikala burutzeko eszedentzia. Behartutako eszedentzia izango da soilik honako ezaugarriak betetzen dituena:      

— Probintzia mailako edo maila gorenagoko funtzio sindikalak betetzeko behar du izan, autonomiko edo estatalak kasu. Postuaren erreserba bermatua eta antzinatasunerako konputua dakar berarekin, itzulera ordezkaritza amaitu eta hilabeteko epean burutu behar duelarik. Aldiz enpresa mailan edo probintzia azpitik burututako funtzio sindikalean, interes partikularrengatiko eszedentzia suposatuko luke, beraz, eszedentzia mota horren araudia aplikatuko litzateke.       

— Hautazko kargu sindikal bat izatea, barne hauteskundez hautatua eta politika sindikalean erabakimena duena. Ez profesionalen posturik ez eta enpresaren barruko kudeaketa postuetan daudenak.

Erakunde sindikal errepesentatiboetakoa izatea.

3.    Hitzartutako eszedentziak.

Enpresa buruak eta langileak kontratua sinatzerakoan edo ondoren kontratuaren etete tenporal bat hitzartu dezakete eurek adostutako denboraldi eta baldintzetan. Eszedentziaren luzapen bi parteen adostasunaren baitakoa izango da. Eszedentziaren epeak ez du kotizazioen gaian ez eta aniztasunean konputatzen.              
               

III. TITULUA

LAN-KATEGORIAK ETA SARBIDEA

28. artikulua.    Lan-kategoriak.

Garbitaniako administrazio-kontseiluak 2023ko abenduaren 7an egindako bilkuran Garbitaniako lanpostuen zerrenda onartu egin zen. Horrekin batera, lanpostu bakoitzaren monografiak onartuak izan ziren. Bertan, lanpostuen funtzio eta egiteko nagusiak zehaztu ziren. Aipatu administrazio-kontseiluko aktan jaso ziren ondoren zerrendatzen diren talde eta lan-kategoriak:           

28.1.    A1 taldean honako lan-kategoria hauek barne biltzen dira:

— Kudeatzailea - Garbitaniako zuzendaritza bere gain hartu eta honen funtzionamendu egokiaz arduratu, ezarritako helburuei erantzuna emanez eta horretarako giza baliabide eta baliabide material eta ekonomikoak antolatu, koordinatu eta gainbegiratuko ditu.

— Giza baliabideen arduraduna - giza baliabideen arloari dagokion kudeaketaz arduratuko da.

— Finantza arduraduna - enpresaren finantza kontrola eta jarraipena egitea dagokio.

— Teknikari juridikoa - Garbitaniari hainbat alorretan lege aholkua ematearekin batera, kontratazio espedienteak antolatu, gainbegiratu eta izapidetu, eta enpresaren barne prozeduren normalizazioan parte hartu.

28.2.    A2 taldean honako lan-kategoriak barne biltzen dira: 

— Ingurumen teknikaria - Hondakinen gaikako bilketaren ardura teknikoaren dinamizazioa dagokio, zerbitzuaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko lanak aurrera eramanez. Horrekin batera, udal eta gainontzeko erakundeen aurrean interlokuzio teknikoa eta enpresan ingurumenari buruz formazioaren ardura du.

28.3.    C1 taldean honako lan-kategoriak barne biltzen dira: 

— Administraria - bestelako lan administratiboekin batera, giza baliabideen zein finantza arloetan izapide errepikakorrak egingo ditu.

— Hezitzailea - Gaikako hondakin bilketa sistema bidez eskaintzen den zerbitzuaren gainean edozein udalerrietako herritar, komertzio zein enpresei arreta zerbitzua eskaintzea eta ikuskaritza egitea dagokio.                

28.4.    C2 taldean honako lan-kategoriak barne biltzen dira: 

— Koordinatzailea - Garbitaniak atez ateko bilketa zein kale garbiketako zerbitzua eskaintzen duen udalerrietako koordinazio pertsonal eta logistikoa burutu du urteko 365 egunetan.

28.5.    LT taldean honako lan-kategoriak barne biltzen dira:  

— Gidari-biltzailea - Garbitaniak zerbitzua eskaintzen duen udalerrietan hondakin bilketan zein kale garbiketan, gidari-lanak eta bilketa-lanak egitea dagokio.

— Peoi balioanitza - Garbitaniak zerbitzua eskaintzen duen udalerrietan hondakin bilketan zein kale garbiketan hainbat lan aurrera eramatea, C gida-baimena behar duten ibilgailuak gidatzea izan ezik.

29. artikulua.    Hautaketa sistema - Lan-poltsak.

1.    Garbitaniak, sortu dakiokeen behin-behineko zein aldi baterako beharrak asetzeko lan-poltsak eratuko ditu. Aldi berean, lanpostuak behin betiko kontratazioak egitea eskatuko balu hautagaia lan-poltsan une horretan lehenengo postua duenari eskainiko zaio eta honek onartuko ez balu, lan-poltsako zerrendaren hurrenkera jarraituko da.

2.    Oro har, lan-poltsek gehienez 5 urteko indarraldia izango dute eta epe horren barruan zabaldu ahal izango dira. Halere, epe hori amaituta, lan-poltsa berririk onartu ez bada, dagoenak indarrean jarraituko du berria onartu arte.         

3.    Lan-poltsen kudeaketa arauak enpresaren eta langileen ordezkarien artean onartutako dokumentuan jasotzen dira. Arau hauek hautagai guztien eskura jarriko dira. 

IV. TITULUA

ORDAINSARIEI BURUZKOA

30. artikulua.    Ordainsariak eta plusak.

Enpresako langileek ordainsarien honako kontzeptu hauek jaso ditzakete:

a)    Oinarrizko soldata.

b)    Antzinatasuna.

c)    Aparteko ordainsariak.

e)    Baliagarritasun-osagarria.

d)    Konpentsazio-osagarria.

f)    Jai egunetako zerbitzuengatiko haborokinak.

g)    Gabon egunetako zerbitzuengatiko haborokinak.

h)    Kale garbiketan asteburuko koordinazio lanak egiteagatik haborokina.

i)    Ohiko lanalditik kanpo egindako zerbitzu bereziengatiko haborokina.

j)    Noizbehinkako egoerak eragindako zerbitzu berezien haborokinak.

31. artikulua.    Oinarrizko soldata.

Garbitaniako langileen oinarrizko soldata kontzeptua eta kopurua I. gehigarrian zehazten den soldata tauletan jasoko da. Langileak hitzarmen honen 25. artikuluan zehazten diren lan-kategorietan sailkatuko dira, eta sailkapen horren arabera dagokion soldata maila ezarriko zaio.       

32. artikulua.    Antzinatasuna.

Garbitaniako langileek hiru urteko zerbitzua modu iraunkorrean betez gero antzinatasun haborokina jasotzeko eskubidea izango dute. Haborokina hirurteko kontzeptuan likidatuko da eta langileari dagokion lan-kategoriaren araberako oinarrizko soldataren arabera kalkulatuko da. I. gehigarrian zehazten den soldata tauletan jasoko da urtez urteko kopuru zehatza.         

33. artikulua.    Aparteko ordainsariak.

Garbitaniako langileek aparteko bi ordainsari jasotzeko eskubidea izango dute, bata ekainean eta bestea abenduan. Ordainsari hauen zenbatekoa hileko ordainsari finko guztiek osatuko dute.

34. artikulua.    Baliagarritasun osagarria.

Garbitaniako lanpostuen zerrendan zehaztuko da zein lanpostuei dagokio baliagarritasun osagarria.             

2023ko abenduan administrazio-kontseiluak onartutako lanpostuen zerrendaren arabera, Koordinatzaile lan-kategoriak urtero 6 hilabeteko baliagarritasuna eskakizuna du. Horren arabera, lan-kategoria honetan sailkatzen diren langileak %15ko osagarria jasoko dute, aparteko haborokinak barne.             

35. artikulua.    Konpentsazio-osagarria.

Gidari-biltzaile lan-kategorian sailkatuta diren langileek konpentsazio osagarri bat jasoko dute. Osagarri honen kopurua I. gehigarrian zehazten den soldata tauletan jasoko da eta aparteko haborokinetan ere ordainduko da.       

Hernaniko bilketa zerbitzuan aritzen diren gidari-biltzaileek osagarri honen %57,5a atseden orduetan jasoko dute, lan hitzarmen honen 7. artikuluan jasota dagoen irizpidearen arabera.            

36. artikulua.    Jai egunetako zerbitzuarengatiko haborokinak.

Jaiegunetan lan egiten duen langileak, lan egindako ordu bakoitzeko ohiko ordua baino %50 gehiagoko konpentsazioa izango du.

37. artikulua.    Gabon egunetako zerbitzuengatiko haborokinak.

Abenduaren 24an eta abenduaren 31n gauez lan egiteagatik lan egindako orduak ohiko ordua baino %100 handituko dira. Era berean, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean goizez lan egindako orduak ere %100 handituko dira.

38. artikulua.    Kale garbiketan asteburuko koordinazio lanak egiteagatik osagarria.

Kale garbiketako zerbitzuan asteburutan lanean aritzen diren langileetako batek koordinazio funtzioak egitea beharrezkoa da. Hori dela eta, lan egindako egun bakoizteko osagarri bat ordainduko zaio funtzio horiek egiten dituen pertsonari. Osagarri horren kopurua I. gehigarrian zehazten diren soldata tauletan jasoko da.

39. artikulua.    Ohiko lanalditik kanpo egindako zerbitzu bereziengatiko haborokina.

Zerbitzu publikoen kontingentziatik ohiko lanalditik kanpo egiten diren ezohiko zerbitzuak konpentsatuko dira. Konpentsaziorako irizpideak hauxek izango dira:

1.    Lanegunean egindako aparteko ordu bakoitza ohiko lanaldia baino %75 handiagoa izango da.

2.    Gauez edo jaiegunean egindako aparteko ordu bakoitza ohiko lanordua baina %100 handiagoa izango da.

40. artikulua.    Gaueko lanengatiko haborokina.     

Gaueko ordutegian lan egindako orduak eguneko orduak baino %25 handiagoak izango da. Gaueko lana gaueko 22:00etatik gaueko 6:00ak bitarte lan egindako orduak izango dira. 

41. artikulua.    Nekagarritasuna, toxikotasuna eta lan-arriskutsuengatiko haborokina.

Hondakin bilketa eta kale garbiketako zerbitzuetan lanean aritzen diren gidari-biltzaile eta peoi balioanitz lan-kategorietan sailkatuta dauden langileek %5eko konpentsazio bat jasoko dute. Konpentsazio hau urteko lanaldia murrizten gauzatuko da, lan hitzarmen honen 7. artikuluan jasotzen den moduan.

42. artikulua.    Kilometroen ordainketa.

Garbitaniako langileek enpresaren beharretarako ibilgailu propioa erabili behar badute, egiten duten kilometro bakoitzeko 0,40 € jasotzeko eskubidea izango dute. Nolanahi ere, enpresak dituen ibilgailuak erabiltzea lehenetsiko da, baita bestelako garraiobideak ere.

43. artikulua.    Ordainsariak igotzea.

Soldata taulak urtero berrikusteko konpromisoa hartzen dute bi aldeek. Horretarako, Garbitania osatzen duten udalek aintzat hartzen duten negoziazio markoa kontutan hartuko da, baita sor daitekeen lege-markoa ere.

V. TITULUA

LAN-ARRISKUEN PREBENTZIOA, BERDINTASUNA ETA
HIZKUNTZA ESKUBIDEEI BURUZKOA

I. KAPITULUA.    LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOA

44. artikulua.    Batzordeak.

1.    2024an Garbitanian dauden batzordeak ondorengoak dira:

— Berdintasun-batzordea.

— Segurtasun- eta osasun-batzordeak.

— Euskara-batzordea.

2.    Batzorde guztiek izango dute osaketa parekatua.

45. artikulua.    Laneko segurtasuna eta osasuna.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko arau-esparrua aplikatzeari dagokionez, enpresak honako hauen bitartez egingo du laneko arriskuen prebentzioa: enpresaren eginkizunetan prebentzio-jarduera integratuz eta enpresako langileen segurtasuna eta osasuna babesteko behar diren neurri guztiak hartuz.  

46. artikulua.    Laneko arriskuak prebenitzeko plana.

1.    Laneko arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketa-sistema orokorrean txertatuko da eta jarduera eta esparru guztietan. Horretarako lan-arriskuen prebentziorako plan bat ezarri eta aplikatuko da.

2.    Lan-arriskuan prebenitzeko planak ondorengoak jasoko ditu: enpresan arriskuak prebenitzeko ekintza gauzatu dadin beharrezko antolaketa-egitura, erantzukizunak, eginkizunak, praktikak, prozedurak, prozesuak eta baliabideak.     

3.    Prebentzio-planak Laneko Arriskuen Ebaluazioa eta Prebentzio Jardueren Plangintza izango ditu plana kudeatu eta aplikatzeko tresna, baldintza hauetan:  

a)    Laneko Arriskuen Ebaluazioak, oro har, jardueraren eta lanpostuen ezaugarriak eta lanpostuotan jardun behar duten langile publikoen ezaugarriak aztertuko ditu, baita arrisku espezifikoen eta arrisku bereziko jardueren araudia aintzat hartuta egin behar den beste edozein jarduera ere.           

b)    Prebentzio Jardueraren Plangintzaren xedea eta Laneko Arriskuen Ebaluazioak agerian utzitako arriskuak desagerraraztea, txikitzea edo kontrolatzea. Prebentzio-jardueretan, jarduteko epea, arduradunen izendapena eta jarduerak gauzatzeko giza baliabideak eta baliabide materialak zehaztu beharko dira, eta enpresak prebentzio-jardueron jarraipen etengabea egingo du.        

47. artikulua.    Segurtasun- eta Osasun-Batzordea.

1.    Segurtasun- eta osasun-batzordea kide-anitzeko organo parte-hartzaile eta parekatua da, eta honako eginkizun hau dauka: proposamenak egitea eta enpresak laneko arriskuen prebentziorako ze egiten duen aztertzea aldian-aldian.

2.    Segurtasun- eta osasun-batzorde hori, alde batetik, enpresako prebentzio ordezkariek osatuko dute, eta bestetik, enpresaren ordezkariek; bietan ere pertsona kopuru bera egongo da. Pertsona kopurua guztira, enpresaren langile kopuruan oinarrituta egongo da legeak agindu gisa.          

3.    Sindikatuko ordezkariek eta enpresako prebentzioaren arduradun teknikoek, lehen aipatutako eraketan sartuta ez badaude, batzordearen bileretan parte hartu ahal izango dute eta hitza izango dute, baina botorik ez. Halaber, baldintza beretan parte hartu ahal izango dute organo honetan eztabaidatzen diren gain zehatzen inguruko prestakuntza berezia edo informazioa duten enpresako langileek, baita enpresakoak ez diren prebentzio teknikariek ere.     

4.    Segurtasun- eta osasun-batzordea hiru hilean behin bilduko da eta baita batzordeko edozein kidek eskatzen duenean ere.

5.    Segurtasun eta Osasun Batzordeko kideek beren zereginak burutzen ematen duten denbora ohiko lanaldiaren barrukotzat joko da ondorio guztietarako eta horren berri eman beharko dio lehenbailehen bere arduradunari.

48. artikulua.    Segurtasun eta Osasun Batzordekideen eskumenak eta ahalmenak.

1.    Segurtasun eta Osasun Batzorde kideek ondorengo eskumenak izango dituzte:

a)    Enpresako arriskuen prebentziorako planak eta programak egitea, abian jartzea eta ebaluazio-prozesuan parte hartzea. Horretarako batzordearen barruan, abian jarri aurretik eztabaidatuko dira, arriskuen prebentzioan duten eraginari dagokionez, honako hauek: plangintzari, lanaren antolakuntzari eta teknologia berrien ezarpenari buruzko proiektuak, indarrean dagoen legediak aipatzen dituen babes- eta prebentzio-jardueren antolaketa eta garapena eta prebentzioaren arloko prestakuntzaren proiektua eta antolaketa.

b)    Arriskuak behar bezala prebenitzeko metodoei eta prozedurei buruzko ekimenak sustatzea, enpresari baldintzak hobetzeko edo lehendik zeuden gabeziak zuzentzeko proposamenak eginez.

c)    Indarrean dagoen «Muturreko tenperatura altuen aurrean langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko protokoloa»-ren (III. gehigarria) garapena, aplikazioa eta jarraipena.

2.    Euren eskumenen artean honako ahalmen hauek izango dituzte Osasun eta Segurtasun Batzordekideek:

a)    Lantokiko arriskuen prebentzioaren egoera zuzenean ezagutzea eta horretarako behar diren bisitak egitea.          

b)    Bere egitekoak betetzeko, lan-baldintzei buruzko dokumentu eta txosten guztiak ezagutzea eta prebentzio-zerbitzuak egiten dituenak ere bai, halakorik izanez gero.            

c)    Langileen osasun edo segurtasun fisikoa kaltetzen duten faktoreak ezagutzea eta aztertzea, arrazoiak baloratu eta prebentzio-neurri egokiak proposatzeko.

d)    Prebentzio-zerbitzuen urteko memoria eta programazioa ezagutzea eta horren berri ematea.

e)    Istripua izateko edo osasuna kaltetzeko berehalako arriskuan dauden langileen jarduera etetea. Halakorik erabakiz gero, enpresari eta lan-agintaritzari horren berri emango zaie berehala, eta horiek, 24 orduko epean, etenaldia ezeztatu edo berretsiko dute.

49. artikulua.    Lan-ekipamenduak eta babes-tresnak.

1.    Enpresak behar diren neurriak hartuko ditu lan-ekipamenduak egin beharreko lanerako egokiak izan daitezen eta horretarako behar bezala egokituta egon daitezen, enplegatuen segurtasuna eta osasuna bermatzeko ekipamenduok erabiltzen dituztenean.

2.    Enpresak beren eginkizunak betetzeko egokiak diren norberaren babeserako ekipamendua eman beharko die langileei, eta benetan eta ondo erabiltzen direla zaindu beharko du, egiten diren lanen zer-nolakoak direla-eta premiazkoak direnean.

3.    Enpresak urtero ekipamendu osoa berritu ahal izango da. Langileak maiztasun handiagoarekin ekipamendua jaso beharko balu, justifikatua ez den kasuan, bere gain hartu beharko du kostua.       

4.    Enpresak emandako norberaren babes-ekipamenduak nahitaez erabil behar dituzte langileek; hala ez bada, diziplina-espedientea irekiko zaie. Hori bermatze aldera, gerentziak eta/edo segurtasun- eta osasun-batzordeak ikuskaritzak agindu ditzake. Ikuskaritza horietatik eratorri daitezkeen espedienteak zilegiak izango dira. Ikuskaritza horiek ausaz (zein zerbitzutan egiten diren gerentziak eta/edo segurtasun- eta osasun-batzordeak erabakiko du) eta maiztasun jakinik gabe egingo dira, gerentziak egoki deritzonean. 

5.    Langilearen ardura izango da une oro NBE egoera egokian mantentzea segurtasuna bermatzeko; aldi berean, langileak txukun eta garbi mantendu beharko du NBE enpresak horretarako jarritako baliabideak erabiliz.              

50. artikulua.    Osasunaren zaintza.

1.    Lanean prebentziorako osasunaren eremuan eraginkorra izango den eredua ezartzeko, honako hauek egin beharko dira:  

a)    Arriskuen ebaluazioan identifikatutako lan-baldintzak eta langileen osasun-egoera aztertzea, lanarekin zerikusia duten osasun-arazoak detektatzeko.          

b)    Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzearen ondorio diren arriskuak kontrolatzea, kaltegarriak izan badaitezke lanean ari direnen osasunarentzat.   

c)    Prebentzio-jarduna planifikatzea, artikulu honetan a) eta b) ataletan ezarritakoan oinarrituta.

2.    Langileak urtean behin mediku-azterketa egiteko eskubidea izango du. Azterketa hori lanpostuari lotutako arriskuen arabera egingo da, berariazko protokoloak erabiliz.   

3.    Mediku-azterketen lanpostuaren berezko eginkizunak egiteko osasun-arriskuren bat dagoela hautematen bada, pertsona horren lanpostua egokituko da; hala egitea ezinezkoa bada, lanpostuaren berezko eginkizunak egiteagatik osasunerako sortu diren arriskuak murriztu edo desagerrarazteko neurri egokiak hartuko dira.         

4.    Osasunaren zaintzak langileen intimitatea eta duintasuna errespetatuko ditu, baita langileen osasun-egoerari lotutako informazioen konfidentzialtasuna ere.

II. KAPITULUA.    AUKERA-BERDINTASUNA ETA JAZARPENAREN AURKAKO NEURRIAK

51. artikulua.    Berdintasun-plana eta aukera berdintasuna sustatzeko beste neurriak.

1.    Enpresak berdintasunerako eskubidea bermatuko du bere jardunean, eta, horretarako, elkarlanean arituko da erakunde publiko zein pribatuekin.

2.    Berdintasun-batzordeak onartuta eta legearen aplikazioan enpresak beti izango du berdintasun plana indarrean. Bertan jasoko dira enpresak berdintasunaren alorrean dituen helburuak eta berauek lortzeko bultzatuko dituen ekintzak.

3.    Berdintasun aukerak bermatzeko, maskulinizatuak dauden lanpostuen lan-eskaintzen oinarriek emakumeen aldeko xedapena jasoko dute berdintasuna desegiteko.              

52. artikulua.    Berdintasun-batzordearen osaketa eta eginkizunak.

1.    Berdintasun-batzordearen osaketak emakumeen eta gizonen arteko parekotasuna errespetatuko du une oro.

2.    Berdintasun-batzordearen eginkizunak ondorengoak izango dira:

a)    Berdintasunaren esparruko araudia betetzen dela zaindu eta behar den kasuan, aukera berdintasunaren printzipioa ziurtatzeko beharrezko diren prebentzio- eta zuzentze- neurriak proposatu.

b)    Berdintasun esparruan egin beharreko diagnosian eta balorazioan parte hartu.

c)    Berdintasun-planaren eratzean, ezarpenean, jarraipenean eta ebaluazioan parte hartu.

d)    Berdintasunaren esparruan eta zehazki, berdintasun-planaren gainean egin beharreko txostenak burutu.

e)    Enpresaren administrazio-kontseiluak eskatzen duen eta eremuaren arabera dagokion beste edozein eginkizun burutu.           

3.    Berdintasun-batzordeak bere funtzionamendu arauak eta eskumenak jazotzen dituen erregelamendua onartuko du.

53. artikulua.    Lan arloko jazarpenaren aurkako neurriak.

1.    Enpresak «Lan arloko jazarpen orori aurre egiteko» protokoloa izango du beti indarrean non bereziki kontuan hartuko diren sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena.

2.    Bertan, besteen artean, kontzeptuen definizioak, aplikagarri den legedia, berme-prozedurak zehaztasunez eta biktimarekiko babes-neurriak ezarriko dira.           

54. artikulua.    Inklusioa.

1.    Enpresak tratu-berdintasuna eta langileen diskriminaziorik eza zainduko ditu, edozein dela ere langileen sexu-orientazioa eta -identitatea, genero-adierazpena edo sexu-ezaugarriak, eta aniztasunaren aldeko testuingurua sortzen lagunduko du.

2.    Sexu-askatasunaren, orientazio- edo identitate- sexualaren eta genero-adierazpenen kontrako jarrerak arau-haustetzat hartuko dira.

III. KAPITULUA.    HIZKUNTZA ESKUBIDEEN BERMEA

55. artikulua.    Barne erabilerarako hizkuntza irizpideak.

Enpresaren hizkuntza lehenetsia euskara izango da eta hortaz, enpresaren jarduna osotasunean euskaraz izatea bultzatuko da.

56. artikulua.    Euskara-plana eta euskara sustatzeko beste neurriak.

1.    Enpresak hizkuntza eskubideak bermatuko ditu eta euskararen erabilera sustatu bere jardunean, eta, horretarako, elkarlanean arituko da erakunde publiko zein pribatuekin.

2.    Euskara-batzordeak euskara-plana garatuko du eta bere ezarpenaren jarraipena egingo du. Bertan jasoko dira enpresak euskararen alorrean dituen helburuak eta berauek lortzeko bultzatuko dituen ekintzak.

VI. TITULUA

ZEHAPEN ARAUBIDEARI BURUZKOA

57. artikulua.    Diziplina araubidea.

Udalhitzeko IX. tituluko 177. artikuluan jasotzen den gisan lan-kontratudun pertsonalaren diziplina erregimena funtzio publikoaren araudiak jasotzen duenaren araberakoa izango da bere sailkapenean, faltak eta zigorrak ezartzean eta bere prozeduran, pertsonalak izan dezakeen erantzukizun zibilak eta penalak kaltetu gabe. Hauek guztiak Euskal Enplegu Publikoaren 11/2022 Legearen XII. tituluak arautzen ditu.

Prozedurari dagokionez honako fasek izango ditu:

— Hastapen eta irekiera fasea: idatzizkok eskaera eta txosten baten bidez eta arrazoitua izango da hasiera. Idatzi hau kudeatzaileari zuzenduko zaio. Kudeatzaileak espedientea irekiko du eta alderdi guztiekin hitz egingo du.

— Garapen fasea: fase honetan lantaldea osatuko da administrazio-kontseiluak horretarako izendatutako kontseilariekin eta gerentziarekin. Lantalde honek, langileen delegatuen pare hartzearekin, faltaren larritasuna aztertuko dute eta mota ebatziko dute, dagokion ordaina ere erabakiz.         

— Amaiera fasea: Lantaldeak administrazio-kontseiluari jakinaraziko dio proposamena eta azken erabakia hartuko du eta kudeatzaileak berau exekutatzearen ardura izango du.          

58. artikulua.    Zerbitzuari dagozkion oinarrizko betebeharren gaineko bestelako arau hausteak.

Langileen segurtasunari eta baliabideen mantenuari buruzko ondorengo arau hausteak diziplina ondorioak izango dituzte:       

a)    Norberaren babes-ekipamendua egoki ez erabiltzea.       

b)    Ibilgailuek izandako kolpe, arazo eta matxuren berri ez ematea.

c)    Ibilgailuen erabilera koadroa ez errespetatzea.

d)    Zerbitzuarekin lotutako jarraipen dokumentuak egoki ez betetzea.

e)    Organo eta postu erabakitzaileei beharrezko den informazio osoa eta garaiz ez bidaltzea.

f)    Arduradunek emandako gogorarazpenak ez jarraitzea.

59. artikulua.    Zigor-espedientearen bestelako ondorioak.    

Zigor-espediente baten bidez behin-behinean edo behin betiko kaleratuak izan diren langileak ezingo dute lan-poltsa berrien deialdietan parte hartu.

VII. TITULUA

BERME SINDIKALEI BURUZKOA

60. artikulua.    Ekintza sindikalaren eskubidearen egitura.

1.    Enpresa barruan edo enpresatik kanpo ekintza sindikalean jarduteko eskubidea dute langile publikoek, era librean eta sindikatu bateko kide izateko eskubidea era praktikoan garatuta, abuztuaren 2ko Askatasun Sindikalaren 11/1985 Legeak jasotzen duena erabat errespetatuta.

2.    Aurreko paragrafoak esaten duena betetze aldera, enpresa barruan ekintza sindikala egiteko eremu material bezala lanlekua ulertuko da; enpresaren egoitza zein bere menpe dagoen bestelako bulego, establezimendu, lokal edo lanleku ekintza sindikala egiteko leku dela ulertuko da, nahiz eta fisikoki beste egoitza batean egon.    

3.    Aurreko paragrafoak esaten duena betetze aldera, enpresa mailan ordezkaritza handiena duten sindikatuen Atal Sindikalek osatzen dutena izango da ekintza sindikala egiteko beharrezko antolakuntza markoa.

I. KAPITULUA.    ATAL SINDIKALAK ETA ORDEZKARI
SINDIKALAK

61. artikulua.    Atal sindikalen osaketa.

1.    Legez onartutako sindikatuetako pertsona afiliatuek Atal Sindikalak eratu ahal izango dute.

2.    Atal Sindikalek Hitzarmen honen kapitulu honetan jasotako berme, ahalmen, funtzio eta eskumenak aurrera eraman ahal izateko, kide diren sindikatuak Administrazio Lokaleko Sektorean egindako hauteskunde sindikaletan ordezkaritza organoetan gutxienez %10eko ordezkaritza lortu dutela era zehatzean eta zalantzarik gabekoan egiaztatu beharko dute.          

                                                                                                                                 Atal sindikalari -
                                                                                                                                     afiliatutakoen-
Enpresaren zerbitzura                                                                                               gutxieneko
dagoen langile kopurua                                                                                  portzentajea (%)

6 baino gutxiago ..........................................................               75

6tik 30era .....................................................................               50

31tik 100era ................................................................               20

101 baino gehiago .......................................................               15

62. artikulua.    Atal sindikalen bermeak, ahalmenak, funtzioak eta eskumenak.

Atal sindikalek honako ahalmenak, bermeak, funtzioak eta eskumenak izango dituzte:

a)    Kide diren sindikatuaren eta bertako kideen interesak ordezkatzea eta defendatzea.

b)    Ordezkari sindikalen bitartez, bere afiliatu guztien gizarte eta lan arazoetarako ordezkaritza legala edukitzea eta praktikan jartzea.

c)    Atal Sindikalei horrelako ordezkaritza emateak honelako ahalmenak ematen dizkie: gizarte eta lan gaien inguruan edozelako esku-hartzeak, eskaerak, aldarrikapenak edo erreklamazioak; Idatziz zein ahoz egindakoa adierazpenen bidez egin ditzakete, eta edozein afiliaturen izenean eta hura ordezkatuz, nahiz eta langile bakoitzak bere kabuz hori egiteko eskubidea izan.               

d)    Enpresako pertsonalaren gaiei buruzko legeak ezartzen duen informazio osoa jasotzeko eskubidea dute, legeak jasotzen dituen bideetatik.

e)    Enpresari zerbitzua eskaintzen dion pertsonalaren gizarte eta lan gaietarako aldarrikapenak jasotzea, eta bertako agintariei, eskumena duten organoei eta hautetsiak ordezkatzeko organoei horiek aurkeztea, hitzarmen honek jasotzen dituen bideak erabilita.

f)    Enpresa honetako pertsonalari eragiten dioten gaiak bere ekimenetik aztertzea eta horri buruzko informazioa jasotzea; horretarako, Legeak ezartzen dituen baldintzetan gai horiei buruzko dokumentazioa kontsultatzeko eta kopiak egiteko ez dute ordaindu beharko Ataletako Batzordeek eta Ordezkari Sindikalek.   

g)    Izaera sindikala edo lan arloko interesa duten informazioa, prentsa artikuluak, propaganda eta argitalpenak lanorduetan eta lanlekuan prestatzea, erakustea eta zabaltzea.

h)    Horretarako, enpresak iragarki-oholak jarriko ditu Atal Sindikalek bakarrik erabili ahal izateko. Aurretik deskribatutako dokumentazioa jarri ahal izango da iragarki-ohol horietan; enpresa barruko egoitza guztietan egon beharko dute, leku aproposetan eta agerian. Iragarki-oholen kopurua, tamaina eta banaketa zentroaren tamainaren eta egituraren araberakoak izango dira, ahalik eta publizitate eta irisgarritasun handiena ziurtatze aldera.  

i)    Era berean, enpresako buruek edo eskumena daukan organoak Atal Sindikalak eskatzen duena eman beharko dio: aipatutako argitalpenak egin ahal izateko laneko materialak eta baliabideak erabili ahal izatea, beti ere, era arrazional eta moderatuan erabiltzen badira eta zerbitzuen material baliabideetan eragiten ez bada.

j)    Enpresak utzitako lokalak ekintza sindikalerako erabili ahal izatea. Lokalak egokiak izango dira eta hornikuntza, material eta kokapen beharrizanak ase beharko dituzte. Baliabide materialak horretarako aukera eskaintzen dutenean, lokala lan sindikalak soilik egiteko erabili ahal izango da. Atal Sindikalak 57 artikuluan jasotzen den eskalako mugak gainditzen baditu egin ahal izango du lokala erabiltzeko eskaera. Dena dela, enpresak 500 langile publiko baino gehiago baditu, %20ko ordezkaritza lortzen ez duten atal sindikalek ere egin ahal izango dute lokala erabiltzeko eskaera.

k)    Lanaldi barruan edo kanpo enpresaren batzarrak deitu ahal izango dituzte. Batzar horiek deitu ahal izateko hitzarmen honetan jasotakoa kontuan hartu beharko da.

l)    Bere eskumenen barruan dauden jardueretan aholkulariak erabili ahal izatea.

m)    Pertsonala, Lan segurtasuna eta osasuna, Laneko higienea eta gizarteko laguntza, segurtasuna eta prebentzioa alorretako gaiak enpresako ebazpen organoetan proposatzea eta negoziatzea, pertsonaleko arduradunaren bitartez.          

n)    Bere jarduera-eremuko gaien inguruan daukan iritzia era librean azaltzea.

o)    Beren afiliatuei zabaldutako diziplina prozedurek aurrera jarraituz gero, laguntza eta defentsa eskaintzea eta audientzia lortzea, langile bakoitzak bere kabuz gauza bera egiteko daukan eskubidean eragin barik.   

63. artikulua.    Atal sindikalen afiliatuak.

Atal Sindikaletako afiliatuak izango dira Sindikatuetan izena emanda dauden eta ordainketak eginak dituzten enpresako langileak. Egiaztatze prozedurak ezarri ahalko dira, beti ere askatasun sindikalerako eskubidea eta datu pertsonalen babeserako arauak errespetatuz.               

Atal sindikaletako afiliatuek honako eskubideak izango dituzte:

a)    Bere afiliazio sindikalarengatik lanean jasan ditzaketen gehiegizko eta minezko jarreretatik zein jarrera baztertzaileetatik babestu behar ditu enpresak.

b)    Hitzarmen honen barruan jasotzen diren funtzio sindikalak praktikan jartzeko, bere Erakunde Sindikalarekin lotu duen akordioaren arabera liberatuta geratzea.

c)    Izaera sindikaleko laguntza, defentsa eta audientzia jasotzea dagokion enpresaren aurrean eta diziplina erregimenak jasotzen duen fase guztietan, eta hori interesdunak daukan defentsa eta audientzia eskubidean eragin barik.             

d)    Bere sindikatuak emandako aginduari jarraituz, edozein ordezkaritza edo agindu sindikal egitea dagokion enpresan, lanlekuan zein hortik kanpo, eta hori Hitzarmen honetan jasotzen diren terminoetan egitea.

e)    Afiliatuek bost laneguneko lizentzia izango dute lanorduetan prestakuntza sindikaleko ikastaroetara eta bere sindikatuaren kongresuetara edo antzeko jardunaldietara joan ahal izateko; enpresari horren berri eman beharko dio, gutxienez 48 ordu lehenago. 57 artikuluan jasotzen diren Atal Sindikaletako afiliatuek izango dute lizentzia eskubide hori.      

f)    Hitzarmen honek jasotzen duenaren arabera, lanorduetan zein lanorduetatik kanpo eta lanlekuan zein hortik kanpo biltzeko aukera izango dute.

g)    Bitartekotza, Interpretazio eta Adiskidetze eta Bitariko Batzordean eta horren babesean sortutako Protokolo-Markoaren Negoziazio Mahaian batzordekide edo aholkulari sindikal bezala parte hartu behar duenean, bere lanpostuan ordezkatua izatea, bere ordainsarietan eraginik izan barik. Funtzio horiek betetzeko behar haina denboran izango da ordezkatua bere lanpostuan, Hitzarmen honetan jasotzen diren baldintzak beteta.

64. artikulua.    Ordezkari sindikalak.

Egiaztatutako atal sindikaletan, 57 artikuluak jasotzen duenarekin bat eginez, sindikatuak Ordezkari Sindikal bat edo hainbat izendatu ahal izango ditu, funtzio eta eskubide hauek izango dituenak:

a)    Enpresako hautetsien ordezkaritzarako organoen eskura enpresak jartzen duen informazio eta dokumentazio bera eskuratu ahal izatea; legeak hala agintzen duen alorretako informazioari buruz isiltasun profesionala gorde beharko du.          

b)    Ordezkaritza organoen batzarretara eta enpresak laneko segurtasuna eta osasunari buruz dituen barne-organoen batzarretara joan ahal izatea, ahotsarekin bai, baina boto eskubiderik gabe.

c)    Langileei eta bere afiliatuei eragingo dizkien neurriak indarrean jarri aurretik, enpresak haien iritzia entzuteko eskubideak, batez ere bere afiliatuei buruzko kaleratzeak eta zigor ezartzeak aztertzen direnean.

d)    Atal Sindikalari dagozkion eskumenak indarrean jartzea. 

e)    Bere Atal Sindikalak iragarki-oholetan jartzen duena bere sinadurarekin egiaztatzea.

f)    Atal Sindikalaren Batzordea eta bere afiliatuak bileretara deitzea.

g)    Bere jarduna bete ahal izateko eta bere Atal Sindikalaren izenean eta hura ordezkatuz, jarduera judizialak edo administrazioko jarduerak abiatzea.

h)    Atal Sindikalak 100 afiliatu edo gehiago hartzen baditu, hilabetean 20 ordu sindikal erabiltzeko aukera izango du, bere ordainsarietan eragin gabe; Beste 100 afiliatu bakoitzeko, beste 20 ordu sindikal izateko eskubidea izango du. Hori guztia Atal Sindikaleko Batzordeko kide izateagatik edo hautetsien ordezkaritza organoko kide izateagatik izan ditzakeen orduetan eragin barik.   
               

II. KAPITULUA.    ORDEZKARITZA ORGANOAK ETA LANGILEEN ORDEZKARIAK

65. artikulua.    Ordezkarien berme eta ahalmenak.

Ordezkaritza kolektiboa hautatutako ordezkaritza organoen bidez egingo da, hala nola pertsonal Batzordeen edo pertsonal ordezkarien bitartez. Ordezkari horiek berme eta ahalmen hauek izango dituzte:

a)    Organoan audientziarako eskubidea izatea, bertako kide baten kontrako diziplina prozedura batek aurrera jarraitzen badu, prozedura horren barruan dagoenak daukan eskubidean eragin barik.

b)    Bere ordezkaritza eremuari dagozkion gaiei buruzko bere iritzia edo taldearena askatasunarekin eman ahal izatea; interes profesionala, lanerakoa edo.

c)    gizarterakoa duten informazioak prestatzeko, argitaratzeko eta zabaltzeko aukera izango du.

d)    Horretarako, enpresak iragarki-oholak jarriko ditu Atal Sindikalek bakarrik erabili ahal izateko. Aurretik deskribatutako dokumentazioa jarri ahal izango da iragarki-ohol horietan; enpresa barruko egoitza guztietan egon beharko dute, leku aproposetan eta agerian. Iragarki-oholen kopurua, tamaina eta banaketa zentroaren tamainaren eta egituraren araberakoak izango dira, ahalik eta publizitate eta irisgarritasun handiena ziurtatze aldera.  

e)    Beren jarduera sindikalarengatik, beren lanean ezin izango dute diziplina zigorrik jaso eta ezingo dira baztertuak izan ezta garapen profesionala eragotzi ere. Ildo beretik, beraien borondatez kontrako lanpostu aldaketarik edota lekualdatzerik ez dute jasan behar izango. Paragrafo honetan aipatutakoak hautatuak izan diren denboran eta hori amaitu eta bi urtera arte iraungo du.

f)    Zigor oso larrien berri izan beharko dute.

g)    Absentismo-indizeari buruzko estatistikak eta horren arrazoiak, izandako lan istripuak eta lan-gaixotasunak edo horien ondorioak, istripu-indizeak, lan-baldintzen inguruko aldizkako azterketen edo azterketa berezien emaitzak eta erabiltzen diren prebentzio neurriak ezagutzea.       

h)    Zerbitzu Publikoak hobetzera bideratutako neurrien ezarpenean laguntzea.

i)    Bere eskumenekoak diren gai guztien berri ematea ordezkatzen dituen pertsonei.

j)    Gai hauen berri izatea eta horien inguruan duten iritzia entzutea:

1.    Lanaldia eta lan ordutegia ezartzea.

2.    Baimenen, oporraldien eta lizentzien erregimenak.

3.    Produktibitate-osagarriagatik langile bakoitzak jasotzen duen kopurua.

k)    Ordezkaritza funtzioak bete ahal izateko, hilabetean ordu kopuru jakin bat izatea, bere ordainsarietan eragin barik; ordu kopurua eskala honen arabera kalkulatuko da:              

100 lanpostura arte: 30 ordu hilean.

101 lanpostutik 250 lanpostura arte: 35 ordu hilean.

251 lanpostutik gora: 40 ordu hilean.

l)    Era berean, lehendakari edo idazkari lana hartzen duen hautetsien ordezkaritza organoko kideak hilabetean beste ordu batzuk edukiko ditu, bere kargua bete ahal izateko; ordu horiek eskala hau beteta zehaztuko dira.

100 lanpostura arteko enpresak: 5 ordu.

101 eta 250 lanpostu arteko enpresak: 7 ordu.

251 eta 500 lanpostu arteko enpresak: 9 ordu.

501 eta 750 lanpostu arteko enpresak: 12 ordu.

751 lanpostu baino gehiagokoak: 15 ordu.

s)    Aipatutako bi ordu-asignazio motak zenbatzerako orduan, enpresako Informazio Batzordeetan, horrek sustatutako batzarretan eta enpresarekin negoziazio kolektiborako bileretan parte hartzeko denbora ez da kontuan hartuko.          

t)    Bere jarduerarako enpresak utzitako lokal egokiak erabili ahal izatea.

66. artikulua.    Ordezkaritza organoen eskumenak.

a)    Legez ezarritako informaziorik osatuena jasotzea legez ezarritako bideetatik, enpresako langileei dagokien gai guztietan.         

b)    Enpresako langileei dagozkien gai guztiak ikertzea eta horiei buruz informatzea, norberaren ekimenez. Horretarako, gaiari buruzko dokumentazioa eskuratzeko, kontsultatzeko eta doan erreproduzitzeko aukera izango dute Atal Sindikaleko Batzordeek zein Ordezkari Sindikalek, Legearekin bat etorrita.      

c)    Enpresako eskudun organo ebazleei, langileen arduradunaren bitartez, langile eta laneko segurtasun-, osasun- eta higiene-egoerei buruz jazotzen diren arazoak azaldu eta negoziatzea, lanaren garapenari buruz, eta laguntza, segurtasun eta gizarte aurreikuspenari buruz, beti ere enpresaren eskumenekoa denean.

III. KAPITULUA.    ELKARTZEKO ESKUBIDEA

67. artikulua.    Lanaldian batzeko eskubidea.

1.    Langileek batzartzeko eskubidea erabili ahal izango dute kapitulu honetan zehazten diren betekizunekin eta baldintzekin.

2.    Enpresako pertsonalak bere lanaldiaren barruan batzartzeko eskubidea izango du bere ordainsarietan eraginik izan barik; gehienez ere, urtean hamabi ordu erabili ahal izango ditu horretarako.

3.    Atal Sindikaleko kide diren langileak beren lanaldiaren barruan batzeko aukera izango dute, jarraian datorren taulan jasotakoarekin bat eginez:

Enpresako langile kopurua                                                                                Urteko orduak

30 arte ..........................................................................                 5

31tik 100era ................................................................                 8

101etik 250era ...........................................................               11

250 baino gehiago .......................................................               14

I. gehigarria

—Soldata taula.

Lan-kategoria                                                                Maila          Urteko soldata                         Hirurteko

Kudeatzailea ....................................... 23      60.543,27                75,59

Finantza arduraduna .......................... 18      50.041,25                75,59

Teknikari juridikoa .............................. 18      50.041,25                75,59

Ingurumen teknikaria ......................... 17      47.940,37                75,59

Hezitzailea ........................................... 13      39.538,27                54,50

Administraria ....................................... 13      39.538,27                54.50

Koordinatzailea ................................... 13      39.538,27                42,92

Gidari-biltzailea ...................................... 8      30.550,68                37,86

Peoi balioanitza ..................................... 8      30.550,68                37,86

— Konpentsazio-osagarria.

Gidari-biltzaile: 117,51 (14 haborokin).

— Baliagarritasun-osagarria.

Koordinatzailea: 283,81 (14 haborokin).

— Kale garbiketako asteburuko koordinazio lanak egiteagatik osagarria.

Lan egindako egun bakoitzeko: 24,5 €.

— Lanaldiz kanpoko zerbitzuak.

                                                                                              Egunez ord.                 Gauez orduko
Lan-kategoria                                                                     ordainketa                      ordainketa

Gidari-biltzailea ............................ ..... 33,58                        38,38

Peoi balioanitza ............................ ..... 33,58                        38,38

— Igande eta jai egunetan lan egitegatik haborokina.

                                                                                                       Orduko
Lan-kategoria                                                                     ordainketa
                  Jai egunetan

Gidari-biltzailea ............................ ..... 11,99                        38,38

Peoi balioanitza ............................ ..... 11,99                        38,38