1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA

8/2026 Foru Agindua, urtarrilaren 16koa, zeinaren bidez onesten baita «Aduanaz bestelako gordailu araubidea azkendutakoan gasolina, gasolio eta bioerregaien entregengatik exijitzekoa den balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa» egiteko erabili beharreko 319 eredua, eta hura aurkezteko baldintzak eta prozedura ezartzen baitira.

Foru agindu honen xedea da 319 eredua onestea, «Aduanaz bestelako gordailu araubidea azkendutakoan gasolina, gasolio eta bioerregaien entregengatik exijitzekoa den balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa» egiteko erabiltzekoa.              

Apirilaren 8ko 1/2025 Foru Dekretu Arauemaileak, zeinaren bidez aldatzen baitira Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailea eta Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailea, bere 1. artikuluko lehen apartatuan 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 19.5 artikulua aldatu du. Zehazki, idazketa berrian dio ezen, erregai gisa erabiltzekoak diren gasolinen, gasolioen eta bioerregaien kasuan, bi izan daitezkeela aduanaz bestelako gordailu araubidea azkendu dezaketenak: gordailu fiskaletik ateratzen den produktuaren azken gordailugilea, eta kasu horretan, hari jasanaraziko zaio hidrokarburoaren gaineko zerga eta berak likidatu beharko du balio erantsiaren gaineko zerga inportazioarekin parekatutako eragiketarengatik, edo, bestela, gordailu fiskalaren titularra, produktuaren jabea izanez gero.       

Bere aldetik, apirilaren 8ko 1/2025 Foru Dekretu Arauemailearen 1. artikuluko hirugarren apartatuak hamaikagarren apartatu bat sartu zuen 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskinean, eta, haren arabera, erregai gisa erabiltzekoak diren gasolinak, gasolioak eta bioerregaiak gordailu fiskaletik ateratzen direnean, produktu horien azken gordailugileak edo, produktuen jabea izanez gero, gordailu fiskalaren titularrak, berme bat eratu eta mantendu behar dute, ondasun horien geroko entrega lotuen eta salbuetsi gabeen balio erantsiaren gaineko zerga ordainduko dela bermatzeko.

Berme hori bi motatakoa izan daiteke: kreditu entitate batek, finantza entitate batek edo aseguru etxe batek aurkeztutako abala edo, bestela, aduanaz bestelako gordailu araubidea azkendu ondorengo entrega lotuaren eta salbuetsi gabearen balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa bat, erabakiko den lekuan, moduan eta ereduan egin beharko dena. Dena den, azken gordailugileak edo, kasua bada, gordailu fiskalaren titularrak operadore ekonomiko baimenduaren edo operadore fidagarriaren izaera aitortua duenean, ez da exijituko berme hori aurkeztea.

Konturako ordainketa hori egin ahal izateko, foru agindu honen bitartez onesten da 319 eredua, «Aduanaz bestelako gordailu araubidea azkendutakoan gasolina, gasolio eta bioerregaien entregengatik exijitzekoa den balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa» izenekoa.

319 eredua aurkezteko obligazioak ez du ezertan ere eragozten, zergapekoak ikuskatzeko eskumenari dagokionez, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean lurralde erkideko Zerga Administrazioarentzat eta EAEko gainerako lurralde historikoentzat, eta, orobat, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan, abenduaren 26ko 28/1990 Legearen bidez onetsian, xedatutakoa.    

Foru agindu honek lau artikulu ditu, azken xedapen bat eta eranskin bat. 1. artikuluan 319 eredua onesten da, «Aduanaz bestelako gordailu araubidea azkendutakoan gasolina, gasolio eta bioerregaien entregengatik exijitzekoa den balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa» izenekoa.

2. artikuluak zehazten du zein kasutan aurkeztu behar den 319 eredua, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren 29. artikuluan eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 167. artikuluko zazpigarren apartatuan ezarritakoarekin bat.

3. artikuluak, bere aldetik, 319 eredua aurkezteko uneen inguruan jarduten du, eta 4. artikuluak hura aurkezteko modua, prozedura eta baldintza orokorrak ezartzen ditu.      

Azken xedapenak ezartzen du foru agindua argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dela indarrean.

Eranskinean, 319 eredua bera jasotzen da, «Aduanaz bestelako gordailu araubidea azkendutakoan gasolina, gasolio eta bioerregaien entregengatik exijitu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa» izenekoa.

Horrenbestez, hau

XEDATZEN DUT

1. artikulua.    Onestea 319 eredua, «Aduanaz bestelako gordailu araubidea azkendutakoan gasolina, gasolio eta bioerregaien entregengatik exijitu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa» izenekoa.

1.    Onetsita geratzen da 319 eredua, «Aduanaz bestelako gordailu araubidea azkendutakoan gasolina, gasolio eta bioerregaien entregengatik exijitu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa» izenekoa, foru agindu honetan eranskin gisa jasotzen dena.

2.    Eredua formatu elektronikoan baino ez da egongo eskuragarri, eta haren aurkezpena modu elektronikoan egingo da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez, foru agindu honen 4. artikuluan ezarritako baldintzen eta prozeduraren arabera.

2. artikulua.    319 eredua aurkeztera behartuak.

Foru agindu honen bidez onesten den 319 eredua Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskineko hamaikagarren apartatuaren 1. zenbakian aipatzen diren gordailugileek edo gordailu fiskalen titularrek aurkeztu beharko dute, betiere aldi berean baldintza hauek betetzen badira:

a)    Aipatu den 1. zenbakian esandako bermea Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskinaren hamaikagarren apartatuko 3. zenbakiaren b) letran aurreikusitako konturako ordainketa bat izatea.

b)    Balio erantsiaren gaineko zerga ikuskatzeko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena izatea, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren 29.Sei artikuluan eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 167. artikuluko zazpigarren apartatuan ezarritakoarekin bat.

3. artikulua.    319 ereduaren aurkezpena eta ordainketa.

Nolanahi ere, 319 eredua beti aurkeztu beharko da produktuak gordailu fiskaletik atera baino lehen, eta hura aurkeztean konturako ordainketa egin beharko da.              

4. artikulua.    319 eredua elektronikoki aurkezteko modua, baldintza orokorrak eta prozedura.

1.    «Aduanaz bestelako gordailu araubidea azkendutakoan gasolina, gasolio eta bioerregaien entregengatik exijitu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa» izena duen 319 eredua bide telematikoz aurkeztuko da nahitaez, Interneten dagoen «Zergabidea» plataformatik abiatuta, betiere ekainaren 28ko 320/2017 Foru Aginduak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Administrazioarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko obligazioa arautzen duenak, ezarritakoaren arabera.

«Zergabidea» plataforma https://zergabidea.gipuzkoa.eus atarian dago eskuragarri. Bertan sartzeko, beste bi bide hauek ere erabili daitezke: Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa (https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/) eta Ogasun eta Finantza Departamentuaren webgune ofiziala (https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ogasuna).

2.    Konturako ordainketa egiteko, ekainaren 28ko 320/2017 Foru Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio (320/2017 Foru Agindua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Administrazioarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko obligazioa arautzen duena).

Azken xedapena.  Indarrean jartzea.

Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Dena den, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskineko hamaikagarren apartatuaren 5. zenbakian xedatutakoa eragotzi gabe, 2026ko otsailaren 1etik aurrera ateratzen diren produktuei aplikatuko zaie lehenengo aldiz.

Donostia, 2026ko urtarrilaren 16a.—Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua.              (324)

ERANSKINA