GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA
7/2026 Foru Agindua, urtarrilaren 16koa, zeinaren bidez onesten baitira Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskineko hamaikagarren apartatuan aipatzen diren betekizunak eta haren alderdi orokorrak, aduanaz bestelako gordailu araubidea uzten duten erregai jakin batzuen entregagatik exijitzen den zergaren ordainketa bermatzeko.
Aduanaz bestelako gordailu araubidea amaitu ondoren gasolinen, gasolioen eta bioerregaien entregengatik merkatuan gertatzen den iruzurra prebenitzeko eta, hala badagokio, hari aurre egiteko, apirilaren 8ko 1/2025 Foru Dekretu Arauemaileak, zeinaren bidez aldatzen baitira Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailea eta Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailea, aldaketa bat sartu zuen bere 1. artikuluko hirugarren apartatuaren bidez balio erantsiaren gaineko zergan; zehazki, hamaikagarren apartatu bat gehitu zion 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskinari, zeinean, besteak beste, esaten baita zenbait gordailugilek edo gordailu fiskalen zenbait titularrek berme bat eratu eta mantendu beharko dutela 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoan aipatutako erregaiek aduanaz bestelako gordailu araubidea utzi ondoren haien entrega lotuei eta ez-salbuetsiei dagokien balio erantsiaren gaineko zerga ordainduko dela bermatzeko.
Hamaikagarren apartatu berri horren 3. zenbakiak dio eratu beharreko bermeak hartu dezakeen formetako bat abalarena izango dela.
Era berean, puntu horretan bertan ezartzen da berme horiek kudeatzeko baldintzak eta prozesuak Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuaren foru agindu bidez ezarriko direla.
Orain arte adierazitakoa aintzat hartuta, foru agindu honen bidez onesten dira berme horiek aurkezteko jarraitu beharreko abal eredua, abalaren ezaugarriak eta betekizunak, bai eta haren kudeaketarekin zerikusia duten gainerako alderdi orokorrak ere (eraketa, zaintza, exekuzioa, itzulketa, etab.).
Agindu honek lau artikulu ditu, azken xedapen bat eta eranskin bat.
Lehen artikuluak xedea eta aplikazio eremua ezartzen ditu, eta zehazten du araua aplikatzekoa izango dela, soil-soilik, abalen gordailuzaina Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentua denean.
Bigarren artikuluak abalen betekizunak ezartzen ditu.
Hirugarren artikuluan abalak kudeatzeko arauak arautzen dira.
Laugarren artikuluak ukitutako operadoreek aurkeztu beharreko abal eredua onesten du, eta adierazten du eredu hori eranskinean jasotakoa dela.
Azken xedapen bakarrak agindua noiz jarriko den indarrean eta zein aplikagarritasun izango duen ezartzen du.
Eranskinean abal kontratuaren eredua ematen da argitara, Gipuzkoako Foru Aldundiko organoen aurrean aurkeztu beharko dena, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskineko hamaikagarren apartatuaren 3. zenbakian ezarritakoa betetzeko.
Horrenbestez, hau
XEDATZEN DUT
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
1. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskineko hamaikagarren apartatuan xedatutakoa betez eratzen diren abalen eredua onestea eta abal horiek kudeatzeko araubidea ezartzea da foru agindu honen xedea.
2. Foru Agindu hau Gipuzkoako Foru Aldundiak ikuskatzeko eskumena duen azken gordailugileek edo gordailu fiskalen titularrek eratutako abalei bakarrik aplikatuko zaie, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 167. artikuluaren arabera.
2. artikulua. Abalen betekizunak.
1. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoan aipatzen den aduanaz bestelako gordailu araubidea behin uzten denean erregai jakin batzuekin egiten diren entrega lotu eta ez-salbuetsiengatik exijitzen den BEZaren ordainketa modu globalean bermatzeko eratu behar da abala.
2. Europar Batasunean behar bezala akreditatuta dauden kreditu entitateek edo finantza erakundeek eman beharko dituzte abalak.
3. Abalak bermatu behar duen gutxieneko zenbatekoa honako hau izango da: abalatuak aurreko lehen bi hilabete naturaletan egindako eragiketengatik –3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoan aipatzen diren inportazioarekin parekatutako eragiketengatik– ordaindu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren kuotaren 100eko 110.
Aurreko bi hilabete naturaletan abalatuak ez badu eragiketarik egin, abalaren zenbatekoa jarduerari buruz egiten den aurreikuspenaren arabera ezarriko da, eta gutxienez hiru milioikoa izango da.
4. Bermatutako zerga ordainarazteko eskumena zein zerga administraziok duen, eta haren alde eratuko da abala. Ondorio horietarako, Gipuzkoako Foru Aldundia ez ezik, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako Foru Ogasunak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentzia ere izaten ahalko dira eskudunak.
Gordailu fiskalen operadoreek edo titularrek zergak Gipuzkoako Foru Aldundiari bakarrik ordaintzen dizkioten kasuetan, abalaren onuradun bakarra Gipuzkoako Foru Aldundia izango da.
Zerga ordainarazteko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak edo Foru Ogasunetako batek dutenean, administrazioak onuradun solidarioak izango dira, bermatutako zenbatekoaren mugaraino.
5. Gordailu fiskalaren operadoreak edo titularrak administrazio onuradunari aurkeztu beharko dio abala, aurreko apartatuan zehaztu bezala, eta administrazio hori arduratuko da abala erregistratzeaz eta zaintzeaz.
Abalaren onuradun administrazio bat baino gehiago dagoen kasuetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean aurkeztuko da, hark ikuskatzeko eskumena duenean, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 167. artikuluaren arabera, gordailu fiskalaren operadore edo titularrarena, hura arduratuko baita hura erregistratzeaz eta zaintzeaz.
6. Abala onartu aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiak egiaztatu beharko du kontratua entitate abal-emailearen izenean eta ordezkaritzan sinatzen duten pertsonek behar diren ahalordeak dituztela horretarako. Ondorio horietarako, abala aurkezten duenak ahalorde horiei buruzko notario agiriak ere aurkeztu beharko ditu.
3. artikulua. Abalak kudeatzeko arauak.
1. Gordailu fiskalaren operadoreak edo titularrak ez badu balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketarik egiten produktuek gordailu fiskala utzi baino lehen, administrazio eskudunak inportazioarekin parekatutako eragiketagatik sortutako balio erantsiaren gaineko zergaren kuotaren 100eko 110 atxiki beharko du bermetik. Ordainketa egin dela egiaztatzeko, abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketa Erregelamenduan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoari jarraituko zaio.
Balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa aldez aurretik egin dela gordailu fiskalaren operadoreak edo titularrak frogatu ezean, produktuak ezin izango dira gordailu fiskaletik atera harik eta eskudun den administrazio onuradunak bermea dagokion zenbatekoan atxiki eta hura erregistratu arte.
Bermatutako zenbatekoen atxikipenak egin eta erregistratu ahal izango dira, bakar-bakarrik, bermeari lotutako abalean atxikipenaren menpe ez dagoen zenbateko nahikoa dagoenean.
Gordailu fiskalaren operadoreak edo titularrak balio erantsiaren gaineko zergaren kuota ordaintzen duenean, eskudun den administrazio onuradunak, kasu bakoitzean egokiak diren egiaztapenak egin ondoren, aurrez egindako atxikipena kenduko du, bai eta hura erregistratu ere.
Ordainarazpen bati dagokion zenbatekoa atxiki eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak baimena eman ondoren, azkenean ordainarazpen hori ez bada egiten, atxikipena kendu egingo da gordailu fiskalak behin egoera horren berri espresua ematen duenean.
2. Bermeak osorik edo partez exekutatuko dira, baldin eta ondasunak gordailu fiskaletik atera eta aduanaz bestelako gordailu araubidea utzi ondorengo hiru hilabete igarotakoan, operadoreak ez badu justifikatu aduanaz bestelako gordailu araubidea utzi ondoren egindako entrega lotuaren eta ez-salbuetsiaren BEZa ordaindu denik edo subjektu pasibo horrek produktuak entrega hori ez den beste xede batzuetarako erabili duenik. Ordainketa egin dela egiaztatzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketa Erregelamenduan eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.
Bermearen exekuzioa haren zaintzaz arduratzen den administrazio onuradunak egingo du, abalaren kontratuaren klausuletan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2025 Foru Arau Orokorrean eta hura garatzen duten arauetan aurreikusitako terminoetan.
Abala exekutatzen bada Gipuzkoako Foru Aldundia ez den beste administrazio batek eskatuta, hura exekutatzen duen administrazioak bi zeregin hauek izango ditu: Administrazio eskatzaileari behar den zenbatekoa bidali –bermearen exekuzioaren ondorioz entitate abal-emaileak ingresatutakoa–, eta exekuzioan lortutako zenbatekoa erregistratu, gordailu fiskalen operadore edo titularrek abalak eguneratu ditzaten, hala badagokio.
3. Operadoreek hilero eguneratu beharko dute abalaren zenbatekoa, eta, nolanahi ere, behartuta egongo dira hura eguneratzera bermea ez denean nahikoa gertatzen egingo den inportazioarekin parekatutako eragiketaren zenbatekoaren 100eko 110era iristeko, bermetik atxikitako zenbatekoak behin kendu ondoren betiere.
4. Gipuzkoako Foru Aldundiak itzuliko dio abala abal-emaileari, baita itzulketa hori erregistratu ere, kontratuan ezarritako baldintzetan.
4. artikulua. Abal eredua onestea.
Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskineko hamaikagarren apartatuaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat etorriz, onetsita geratzen da foru agindu honetako eranskinean jasotzen den abal eredua, zeina azken gordailugileek edo gordailu fiskalen titularrek eratu beharko baitute aipatutako 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 19.5 artikuluan aipatzen diren produktuak gordailu horietatik ateratzen dituztenean, baldin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentua bada bermearen gordailuzaina.
Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea eta aplikatzea.
Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Dena den, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskineko hamaikagarren apartatuaren 5. zenbakian xedatutakoa eragotzi gabe, 2026ko otsailaren 1etik aurrera ateratzen diren produktuei aplikatuko zaie lehenengo aldiz.
Donostia, 2026ko urtarrilaren 16a.—Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua. (320)
Eranskina