GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA
6/2026 Foru Agindua, urtarrilaren 16koa, operadore fidagarriaren izaera aitortzeko prozedura onetsi eta operadore fidagarrien erregistroaren sorrera eta mantenimendua arautzen dituena.
Apirilaren 8ko 1/2025 Foru Dekretu Arauemaileak, zeinaren bidez aldatzen baitira Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailea eta Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailea, hamaikagarren apartatu bat gehitu zion Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskinari, eta bertan xedatzen du ezen, aduanaz bestelako gordailu araubidea uzten duten erregai jakin batzuen kasuan, berme bat eratu beharko dela balio erantsiaren gaineko zergaren ordainketa ziurtatzeko, salbu eta produktu horien azken gordailugilea edo, kasua bada, gordailu fiskalaren titularra, operadore ekonomiko baimendutzat hartuta badago Europar Batasuneko aduana kodea ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko 952/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, edo, bestela, operadore fidagarriaren izaera aitortu bazaio.
Arau aldaketa horren helburu nagusia da ez dadila izan iruzur fiskalik BEZean hidrokarburo jakin batzuk gordailu fiskaletik ateratzen direnean, hau da, etendura araubidea behin amaituta haien geroko ondasun entregari dagokion BEZa ordaindu behar denean. Araubidea amaitu aurretik BEZaren ordainketa bermatzeko obligazioa ezartzeak galarazi egingo du dagokion unean zerga ordaindu gabe geratzea, eta, gainera, lagungarri gertatuko da iruzur horrek kalterik eragin ez diezaion ez Ogasun Publikoari ez sektoreko lehiari; izan ere, eskuarki, ordaindu gabeko zenbatekoak ohikoak ez diren prezio oso baxuak eskaintzeko aprobetxatu dira, merkatuan distortsio handiak eragiten dituzten prezioak hain zuzen.
Foru agindu honen xedea da 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskineko hamaikagarren apartatuan operadore fidagarriei buruz aipatzen den erregistroaren sorrera eta mantenimendua arautzea. Erregistro hori apartatu horren 2. zenbakiko b) letran ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitateek osatuko dute. Erregistro horretan sartzeko, interesdunak eskaera aurkeztu beharko du aldez aurretik.
Era berean, foru agindu honen bitartez arautzen da zer prozedura aplikatuko duen Zerga Administrazioak beharrezko baldintzak betetzen dituzten entitateak operadore fidagarriak direla aitortzeko.
Agindu honek 4 artikulu ditu, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat.
1. artikuluan foru aginduaren xedea jasotzen da.
2. artikuluan operadore fidagarrien erregistroa sortzea eta mantentzea arautzen da.
3. artikuluan ezartzen da zer baldintza bete behar dituzten operadoreek operadore fidagarrien izaera lortzeko, eta ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko erantsi beharreko dokumentazioa ere zehazten da.
4. artikuluan, bere aldetik, ezartzen da nola eskatu behar den alta eta baja operadore fidagarri izateko eta halakoa izateari uzteko, eta kasu bakoitzean Administrazio eskuduna zein izango den ere zehazten da.
Xedapen iragankor bakarrak araubide iragankor bat ezartzen du, hilabeteko iraupena izango duena gehienez; izan ere, hura aplikatzeari utziko zaio operadore fidagarriaren izaera aitortzeko eskaera ebazten denean, eta, nolanahi ere, foru agindu hau indarrean jarri eta hurrengo hilabetea igaro ondoren. Azken xedapen bakarrak ezartzen du foru agindua 2026ko urtarrilaren 1ean jarriko dela indarrean.
Gorago aipatutako 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskinaren hamaikagarren apartatuak, lehen ere aipatu dugun apirilaren 8ko 1/2025 Foru Dekretu Arauemailearen bidez sartu zenak, ahalmena ematen dio Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari erabakitzeko zer prozedurari jarraituko zaion operadore fidagarriaren izaera aitortzeko, eta operadore fidagarrien erregistro baten sorrera eta mantenimendua ere arautzeko.
Horrenbestez, hau
XEDATZEN DUT
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen xedea da Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen (aurrerantzean, 3/2023 Foru Dekretu Arauemailea) eranskineko hamaikagarren apartatuan aipatzen diren alderdiak garatzea operadore fidagarriaren izaera aitortzeko prozedurari dagokionez, operadore fidagarrien erregistroaren sorrera eta mantenimenduarekin lotutakoak ere barne.
2. artikulua. Operadore fidagarrien erregistroa.
1. Operadore fidagarrien erregistroa sortzen da. Erregistro hori alkoholaren eta edari deribatuen gaineko zergaren edo hidrokarburoen gaineko zergaren eremu objektiboetan sartutako produktuak gordailu fiskaletatik ateratzen dituztenen erregistroaren barruan integratzen da eta haren parte osatzen du (azken hori Zerga betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen Erregelamenduak, abenduaren 17ko 47/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, 8 bis artikuluan jasotakoa da). Bi erregistroak independenteak dira, eta bereizita kontsultatu ahal izango dira. Operadore fidagarrien erregistroan sartzeak ezinbestean dakar berekin operadorea produktuak gordailu fiskaletatik ateratzen dituztenen erregistroan egotea, operadore fidagarri izateko exijitzen diren baldintzetako bat baita hura; aldiz, produktuak gordailu fiskaletatik ateratzen dituztenen erregistroan sartutako operadore batek ez ditu zertan bete exijitzen diren gainerako baldintzak, eta, beraz, gerta daiteke ez egotea sartuta operadore fidagarrien erregistroan.
2. Operadore fidagarriaren izaera foru agindu honetan xedatutakoaren arabera lortzen duten entitateek osatuko dute erregistroa.
3. Edozein entitate operadore fidagarrien erregistroan sartu edo bertatik kanpo uzteko erabakia organo eskudunak entitatea erregistroan sartzeko edo bertatik kanpo uzteko erabaki arrazoitua hartu eta hurrengo egunetik aurrera izango da eraginkorra. Erabaki hori entitate interesdunari jakinarazi beharko zaio.
4. Hidrokarburoen gaineko zergaren eremu objektiboan sartzen diren produktuen gordailu fiskalen titularrek edozein unetan kontsultatu ahal izango dute, bide elektronikoz, dena delako entitatea operadore fidagarrien erregistroko kide den edo ez. Zerga Administrazioak beharrezkoak diren sistema teknikoak jarriko ditu eskura, erregistro horretan operadoreen egoera zein den kontsultatzeko.
3. artikulua. Operadore fidagarriaren izaera lortzeko beharkizunak.
1. Operadore fidagarri izateko, 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskineko hamaikagarren apartatuak 2. zenbakiko b) letran ezartzen dituen baldintzak bete beharko dira. Hona hemen:
a) Produktuak ateratzen dituztenen erregistroan inskribatuta egotea.
b) Aurreko urte naturalean, gutxienez 1.000 milioi litro gasolina, gasolio eta bioerregai ateratzea foru dekretu arauemailearen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoan aipatzen den erregai gisa erabiltzeko.
c) Aurreko hiru urteetan handizkako operadore gisa jardun izana, eta
d) 952/2013 (EB) Erregelamenduaren 39. artikuluan eta Batzordearen 2015eko azaroaren 24ko 2015/2447 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 26. artikuluan kaudimen finantzarioari buruz ezarrita dauden baldintzak betetzea.
2. 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskineko hamaikagarren apartatuaren 2. zenbakiko b) letran aurreikusitako baldintzak betetzen direla frogatzeko dokumentazioari dagokionez, honako hau ezartzen da:
a) Produktuak ateratzen dituztenen erregistroan inskribatuta egoteari dagokionez (3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskineko hamaikagarren apartatuaren 2. zenbakiko b) letraren a’) letran aipatzen da erregistro hori), ez da ezein dokumentaziorik aurkeztu beharko inskripzio hori frogatzeko, Zerga Administrazioak zuzenean egiaztatuko baitu hori izaera aitortzeko unean.
b) Artikulu honetako 1. puntuko b) letran aurreikusitako baldintza betetzen dela egiaztatzeko, Zerga Administrazioak zilegi izango du eskatzaileei eskatzea aurkez dezatela aurreko urte naturalean egindako inportazioarekin parekatutako eragiketen litro bolumenaren xehetasuna, 15 ºC-tan neurtua, 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoan aipatutako produktu bakoitzerako.
c) Artikulu honetako 1. puntuko c) letrako baldintzari dagokionez, Zerga Administrazioak hiru datu hauek egiaztatuko ditu: batetik, eskatzailea inskribatuta dagoela Petrolio Produktuen Handizkako Operadoreei buruz Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak argitaratzen duen zerrendan, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearekin bat; bestetik, inskripzio horrek 3 urtetik gorako antzinatasuna duela; eta, azkenik, Zerga Administrazioaren erregistro fiskaletan dauden datuek epealdi horretan handizkako operadore modura jardun izana frogatzen dutela.
d) Artikulu honetako 1. puntuko d) letrako baldintza betetzen dela frogatzeko, eskatzaileek behar den dokumentazioa aurkeztu beharko dute Zerga Administrazioak bidezkoak diren egiaztapenak egin ahal izan ditzan (auditutako egoera-orri finantzarioak, saldoen banku ziurtagiriak edo fakturazio datuak, kasu).
4. artikulua. Operadore fidagarri izatea. Alta eta baja.
1. Operadore fidagarri izateko eskaera Gipuzkoako Foru Ogasunean aurkeztu beharko da, maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Itunaren 29. artikuluaren eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 167. artikuluaren zazpigarren paragrafoaren arabera Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokionean zergapekoaren balio erantsiaren gaineko zerga ikuskatzea.
2. Eskaera Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu behar denean, zergapekoek Foru Aldundi honen egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dituzte alta eta baja eskaerak, beharrezko dokumentazioa ere erantsita. Aurkezpen hori bitarteko elektronikoen bidez egingo da beti, ekainaren 28ko 320/2017 Foru Aginduak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Administrazioarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko obligazioa arautzen duenak, xedatutakoari jarraituz.
3. Zerga Administrazioak modu arrazoituan ebatziko du eskaera, eta erabakia entitate interesdunari jakinaraziko zaio. Eskaera aurkeztu eta 3 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, ezetsitzat jo ahal izango da administrazio isiltasunez.
Prozedurari amaiera ematen dion erabakiaren edo presuntziozko egintza ezeslearen aurka berraztertze errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa jarri ahal izango da.
4. 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskineko hamaikagarren apartatuaren 2. zenbakiko b) letran aipatzen diren baldintzetako edozein betetzen ez bada, operadore fidagarrien erregistroan kautelazko baja ematea erabaki ahal izango da, organo eskudunaren erabaki arrazoitu bidez.
Kautelazko baja behin betiko bihurtuko da zergapekoaren zuzenketa zentsala egiten denean Zerga betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen Erregelamenduak, abenduaren 17ko 47/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, 77. eta 78. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
5. Nolanahi ere, operadore fidagarriaren izaera aitortua duen entitateak 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen eranskineko hamaikagarren apartatuaren 2. zenbakiko b) letran aipatzen diren baldintzetako bat betetzeari uzten badio, behartuta egongo da operadore fidagarrien erregistroan baja emateko eskatzera, ez-betetzea gertatu eta 30 eguneko epean.
Xedapen iragankor bakarra. Araubide iragankorra.
Behin-behineko izaeraz, foru agindu hau indarrean jarri eta hurrengo hilabetean zehar, produktuen azken gordailugilea, edo, produktuen jabea izanez gero, gordailuaren titularra, ez da egongo behartuta ondasun horiekin berak gero egiten duen entrega lotuaren eta salbuetsi gabearen BEZaren ordainketa bermatzera. Hilabete horretan ere, gordailugileak edo, hala badagokio, gordailu fiskalaren titularrak, operadore fidagarriaren izaera aitortzeko eskatu ahal izango du foru agindu honetan ezarritako terminoetan. Araubide iragankor hau aplikatzeari utziko zaio behin operadore fidagarriaren izaera aitortzeko eskaera ebazten denean eta, nolanahi ere, foru agindu hau indarrean jarri eta hurrengo hilabetea igarotakoan. Aurreko epea igaro eta operadore fidagarriaren izaera aitortzeko eskaera ebatzi gabe badago, produktuen azken gordailugilea, edo produktuen jabea izanez gero, gordailuaren titularra, behartuta egongo dira bermea aurkeztera ondasun horiekin geroago egiten duten entrega lotuaren eta salbuetsi gabearen balio erantsiaren gaineko zergaren ordainketa ziurtatzeko.
Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.
Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Donostia, 2026ko urtarrilaren 16a.—Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua. (319)