2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

EKONOMIA SUSTAPENEKO ETA
PROIEKTU ESTRATEGIKOETAKO DEPARTAMENTUA

Gipuzkoako industria-enpresen hurbileko hornidura kateak sendotzeko Enpresak Errotzen programaren oinarri arautzaileak eta 2025eko deialdia.              
             

Diputatuen Kontseiluak honako erabaki hau hartu du 2025eko apirilaren 29ko bilkuran eta oinarri arautzaileak aldatu ditu 2025eko maiatzaren 13ko bilkuran.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenaren eta Proiektu Estrategikoen Departamentuak, 2024-2027 aldirako Plan Estrategikoa betez –bereziki, III. oinarria: «Lehiakortasuna eta Berrikuntza» eta 3.3 helburu estrategikoa: «Lehiakortasun-gaitasunak eta -aukerak sustatzea, sektore ekonomikoak finkatuz eta/edo eraldatuz eta berriak sustatuz»–, «Enpresak Errotzen» programa ezarri du, Gipuzkoako industria-enpresen eta tokiko hornitzaileen arteko hurbileko hornidura-kateak sendotzeko helburuarekin.

Helburu nagusia lurraldeko industria-ehuna indartzea da, haren erresilientzia eta lehiakortasuna bermatuz digitalizazioak, hornidura-kateen aldakortasunak eta kanpoko mendekotasunak murrizteko beharrak markatutako testuinguru global batean. Horretarako, lehentasuna ematen zaio hornidurak eskatzen dituzten industria-enpresak tokiko hornitzaileekin estrategikoki integratzeari, eraginkortasun operatiboa, horniduraren egonkortasuna eta disrupzioen aurrean egokitzeko gaitasuna ziurtatuko duten produkzio-sareak sustatuz.

Hurbiltasun-kate horiek sendotzearen helburua da tokiko hornitzaileen gaitasun teknikoa, logistikoa eta komertziala baliozkotzea, merkataritza-harremanak optimizatzea transakzio-kostuak murriztuko dituzten eta lankidetza teknologikoa sustatuko duten akordio egonkorren bidez, eta Gipuzkoako industria-sarearen autonomia estrategikoa indartzea. Ikuspegi horrek, tokiko sinergien bidez enpresen lehiakortasuna bultzatzeaz gain, eredu ekonomiko iraunkor bat lortzen laguntzen du, eragin logistiko txikiagoa, ekoizpen-arintasun handiagoa eta enplegu kualifikatuaren babesa dituena.

2024-2027 Plan Estrategikoaren ardatz gidariekin bat eginez, «Enpresak Errotzen» enpresak garapen industrial berritzailearekiko konpromiso instituzionala gauzatzen du, lurraldearen gaitasun endogenoetan errotuta eta erronka globalak tokiko aukera bihurtzera bideratuta, oparotasun kolektiboa eta erresilientzia ekonomikoa bermatzeko.

Dirulaguntza lerro hau ez dago sartuta 2024-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (DLPE). Beraz, onartu aurretik, sartu egin behar da.

Horiek horrela, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko foru diputatuak proposatuta, Diputatuen Kontseiluak, eztabaidatu ondoren,

ERABAKITZEN DU

Lehenengo.    Gipuzkoako industria-enpresen hurbileko hornidura kateak sendotzeko Enpresak Errotzen programa Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2024-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartzea.

Bigarren.    Gipuzkoako industria-enpresen hurbileko hornidura kateak sendotzeko Enpresak Errotzen programa izeneko dirulaguntzaren oinarri arautzaile orokorrak onestea (erabaki honen I. eranskinean jasota daudenak).  
               

Hirugarren.    Onestea dirulaguntza hauen 2025eko deialdia, erabaki honen II. eranskinean jasota dagoena.
               

Laugarren.    Baimentzea 800.000 euroko gastua, deialdi hau gauzatzeko. Zenbateko hori Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2025eko aurrekontu orokorreko honako kontu sailetan eta ildo nagusietan banatuko da.

1.0510.100.470.00.16 2025: 448.000 €.

1.0510.100.481.00.21 2025: 77.000 €.

1.0510.100.770.00.08 2025: 35.000 €.

5.0510.100.470.00.16 2026: 192.000 €.

5.0510.100.481.00.21 2026: 33.000 €.

5.0510.100.770.00.08 2026: 15.000 €.

Aurkeztutako eskaerak ebatzi aurretik, aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena duen organoak onartutako gastuaren zenbatekoa handitu ahal izango du, deialdi berri bat egin gabe. Kopuru gehigarria eraginkorra izateko baldintza izango da diru laguntzak ematea ebatzi aurretik kreditua erabilgarri deklaratzea.             
               

Bosgarren.    Erabaki honen bidez onetsitako oinarri arautzaileek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren hurrengo egunetik aurrera izango dute eragina.

Erabaki hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Interesdunek erabaki honen aurka zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete Administrazioarekiko Auzietako Donostiako Epaitegietan, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Hala ere, partikularrek aukera dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko Diputatuen Kontseiluari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke.               
               

Donostia, 2025eko maiatzaren 14a.—Idazkari teknikoa, ez dagoenez, Iñaki Egizurain Nebreda, Lege Aholkularitza eta Koordinazioko atalburua.              (3690)

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaile orokorrak, Gipuzkoako industria-enpresen hurbileko hornidura kateak sendotzeko enpresak errotzen programaren dirulaguntzak emateko.             
             

1. oinarria.    Dirulaguntzaren xedea.

Dirulaguntza-lerro honen helburua da Gipuzkoako industria-enpresen eta Gipuzkoako hornitzaileen arteko lankidetza sustatzea, hurbileko hornidura-kateak sendotuz; Gipuzkoako industria-enpresek Gipuzkoako tokiko hornitzaileak identifika ditzaten nahi da, eta horiek, aukera berriak aurki ditzaten proba pilotuen bidez eta merkataritza-harremanak optimizatuz, industria-ehuna indartuz, lehiakortasuna hobetuz eta kanpoko hornitzaileekiko mendekotasuna murriztuz.    
               

2. oinarria.    Entitate onuradunen baldintzak.

2.1.    Jarduera Gipuzkoan garatzen duten enpresak hartuko dira onuraduntzat, eta honako hauek bereiziko dira:

a)    Gaur egun Gipuzkoakoak ez diren hornitzaileekin lan egiten duten industria-eremuko enpresak, eta

b)    Gipuzkoakoak ez diren hornitzaileak ordezten dituzten enpresa hornitzaileak, Gipuzkoako industria-sektoreko enpresekin dituzten merkataritza-harremanetan.

2.2.    2.1 b) motako enpresa bat onuradun izan ahal izateko, 2.1 a) motako enpresa batekin lankidetzan egindako proiektuak aurkeztu beharko ditu, Gipuzkoakoak ez diren hornitzaileak Gipuzkoako hornitzaileekin ordezkatzeko.

2.3.    Oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun izan daitezke aurreko apartatuan aipatzen diren entitateak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

— Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 12. artikuluan ezarritako debekuen eraginpean ez egotea.

— Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluaren 2. apartatuak adierazietako debeku kasuetako baten mende ez egotea.       
               

Baldintza horiek betetzen direla egiaztatzeko, eskatzaileak erantzukizunpeko aitorpen bat aurkeztuko du.

— Zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzako betebeharretan egunean egotea.

Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak egiaztatuko du eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horretarako, zuzenean eskatuko ditu datu horiek dagozkion organismo igorleetatik; hori posible izango ez balitz, eskatzaileari eskatu ahal izango zaio dagokion dokumentazioa aurkeztea.

Eskaeran berariaz adierazi ahal izango dute egiaztapen automatikoaren aurka daudela; kasu horretan, Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako organo administratiboek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.

3. oinarria.    Diruz lagundutako jarduerak eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.

3.1.    Diruz lagundu ahal izango dira Gipuzkoako enpresa industrialek kanpoko hornitzaileen menpekotasuna murrizteko helburua duten proiektuak, Gipuzkoako hornitzaileekin lankidetza sustatuz. Honako hauek barne:

—Tokiko hornitzaileak identifikatzea eta aztertzea, hornitzaile potentzialen bilaketa, merkatu-azterketak eta estrategikoki egokitzearen ebaluazioa barne hartuta.

—Gipuzkoako hornitzaileekiko lankidetzaren bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta logistikoari buruzko azterlanak.

—Proba pilotuak egitea tokiko hornitzaileekin, haien hornidura-gaitasuna, produktuen edo zerbitzuen kalitatea eta enpresa onuradunaren ekoizpen-prozesuekiko bateragarritasuna baliozkotzeko.

—Tokiko hornitzaileak hornidura-katean integratzeko estrategiak eta ezarpen-planak garatzea.

—Tokiko hornitzaileak industria-enpresaren betekizun tekniko espezifikoetara egokitzeko azterlanak, sektoreko estandarrak eta premia bereziak betetzen direla bermatzeko.
               

3.2.    Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauek izango dira, betiere 8.2 oinarrian ezarritako mugak gainditu gabe:

—Aholkularitza eta laguntza teknikoko gastuak.

—Barneko langileen gastuak, ez dira proiektuaren gastu guztien %50 baino gehiago izango.

—Tokiko hornitzaileekin proba pilotuak egiteko gastu suntsikorrak.

—2.1.b) eta 2.2 oinarriak betetzen dituzten tokiko hornitzaileen inbertsioak, betekizun tekniko espezifikoetara egokitzeari dagokionez.

3.3.    Dirulaguntzaren xede den proiektuarekin zalantzarik gabe identifika daitezkeen gastuak bakarrik hartuko dira kontuan.

Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da diruz lagundu daitekeen gastutzat joko.

Ez dira diruz lagunduko 300 eurotik beherako gastuak.          
               

4. oinarria.    Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

4.1.    Entitate eskatzaileak proiektu bat baino gehiago aurkez badezake, eskabide bat egin beharko du proiektu bakoitzeko.    
               

Lankidetza-proiektuen kasuan, erakunde parte-hartzaile bakoitzak bere eskabidea aurkeztuko du.

4.2.    Eskaerak eta erantsitako dokumentazioa bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bitartez (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarian sartuz eta horretarako eskuragarri dagoen eskabidea betez. Eskaera orria eta hari erantsitako dokumentazioa aurkezterako orduan kontuan hartuko dira, alde batetik, foru administrazioaren esparruan bitarteko elektronikoen erabilera arautzen duen irailaren 28ko 23/2010 Foru Dekretua, eta, bestetik, foru administrazioaren aurrean egin beharreko jarduketetan nortasuna eta ordezkaritza egiaztatzea arautzen duen irailaren 12ko 40/2006 Foru Dekretua.    
               

4.3.    Deialdiari buruzko informazioa eskuragarri egongo da Gipuzkoako Foru Aldundiko «dirulaguntzen atarian»: https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/dirulaguntzak.

4.4.    Eskaerak aurkezteko epea deialdian ezarriko da.          
               

4.5.    Eskaera egiten duten erakundeak ez daude behartuta aurretik Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztutako dokumentuak aurkeztera. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluak zehazten duenari jarraituz. Kasu horietan, eskaera orrian zehaztu beharko du noiz eta zer organo edo dependentziatan aurkeztu edo igorri ziren aipatutako dokumentuak. Dokumentazioa lortzea ezinezkoa den kasuetan, organo eskumendunak eskatu ahal izango dio eskaera egin duen erakundeari, edo aurkez dezala, edo, ezin badu, beste nolabait egiazta ditzala dokumentuan egiaztatu beharreko eskakizunak.

4.6.    Eskaera orriak, edo harekin batera aurkeztutako agiriek, identifikazio daturik jasoko ez balute, akatsen bat izango balute edo daturen bat faltako balute, urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hamar eguneko epea emango litzaioke eskatzaileari hutsegite horiek konpontzeko, eta ohartaraziko litzaioke, horrela egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, aipatutako legeak 21.1 artikuluan aurreikusitako eran. 
               

4.7.    Aurkeztutako eskaera behar bezala ebaluatu eta ebazteko behar adina dokumentu eta informazio eska ditzake Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak.

5. oinarria.    Dirulaguntzak emateko prozedura.

5.1.    Dirulaguntzak emateko prozedura elkarrekiko norgehiagoka izango da, deialdi eta hautaketa prozedura bakarraren bidez.

5.3.    Laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, deialdi publikoaren bidez. Deialdia organo eskumendunak onartuko du eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

6. oinarria.    Balorazio irizpideak.

6.1.    Proiektuen arteko hautaketa honako balorazio irizpide hauen arabera egingo da:

a)    Proposamena deialdiaren helburuetara zenbateraino egokitzen den: 10 puntu, gehienez.

b)    Proiektuaren kalitatea: 40 puntu, gehienez.

—Metodologia: erabiliko den metodologiaren kalitatea baloratuko da: 10 puntu, gehienez.

—Lan plana: honako hauek baloratuko dira: helburua eta hura lortzeko definitutako zereginak argi definitzea, lan plana proposatutako helburuetara egokitzea, eta proposamenaren izaera errealista: 20 puntu, gehienez.

—Erabili beharreko baliabideak: proiektuan parte hartuko duten enpresak eta aholkularitzak baloratuko dira, bai eta proiektuan lan egingo duten pertsonen profila eta entitateak proiektua gauzatzeko behar dituen baliabideak ere: 10 puntu, gehienez.    
               

c)    Entitatearen profila: Balorazio handiagoa emango zaie langile gutxiago dituzten enpresei eta proiektua gauzatzeko ahalegin ekonomiko handiagoa egin behar duten enpresei. Hau da, proiektuaren aurrekontuaren eta enpresaren aurreko urteko fakturazioaren arteko erlazioa: 20 puntu, gehienez.

d)    Aurreikusitako emaitzak: Proiektuak Gipuzkoako industria-enpresen hornidura-katean tokiko hornitzaileak integratzean benetako inpaktua sortzeko duen gaitasuna baloratuko da. Kontuan hartuko dira lehiakortasuna hobetzea, kanpo-hornitzaileekiko mendekotasuna murriztea, ekoizpen-sinergiak sortzea eta tokiko hornitzaileen sarea finkatzea: 20 puntu, gehienez.     
               

e)    Beste irizpide batzuk: 10 puntu gehienez.

—Jardueran euskararen erabilera sustatuko duten ekintza positiboak sartzea: ekintzak 5 puntura arte baloratuko dira.          
               

—Emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna: baloratuko da enpresek gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen duten ekintza positiboak egitea, bai eta enpresan azken bost urteetan emakumeen ehunekoak izan duen bilakaera ere: 5 puntura arte.

6.2.    50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuei ez zaie laguntzarik emango.

6.3.    Programara ahalik eta erakunde gehienek sarbidea izan dezaten, eta betiere 50 puntu baino gehiago lortzen duten proiektuak badaude, ez da enpresa edo elkarte berak aurkeztutako bigarren proiektu bat lagunduko.

7. oinarria.    Finantzazioa.

Emango diren dirulaguntzak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko dira. Deialdian ezarriko da zein aurrekontu kredituren kargura finantzatuko diren dirulaguntzak.
               

8. oinarria.    Dirulaguntzen zenbatekoa.

8.1.    Dirulaguntza zenbatekoa izango den erabakitzeko, kontuan hartuko da entitate eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa, batetik, eta aurrekontu bitartekoak eta oinarri hauetan dauden balorazio irizpideak, bestetik.

8.2.    Emango diren dirulaguntzek honako muga hauek izango dituzte:

—Aholkularitza gastuei dagozkien diruz lagun daitezkeen kostuen %75 gehienez.

—Barne langileen gastuei dagozkien diruz lagun daitezkeen kostuen %50 gehienez.

—Proba pilotuetako gastu suntsikorrei dagozkien diruz lagundu daitezkeen kostuen %50 gehienez.

—Egokitze-inbertsioei dagozkien diruz lagundu daitezkeen kostuen %50 gehienez.

Enpresa bakoitzak ezin izango ditu bi proiektu baino gehiago aurkeztu, eta gehienez ere 40.000 euroko dirulaguntza emango zaio enpresa bakoitzeko. Hala ere, 2.1 b) eta 2.2 oinarriak betetzen dituzten tokiko hornitzaileen inbertsioak dituzten proiektuetan, gehieneko zenbatekoa 60.000 € izango da.

8.3.    Entitate eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua edo ondoren egindako aldaketak dirulaguntza kopurua zehazteko erreferentziatzat hartuko dira. Dirulaguntza jarduera kostuaren portzentaje bat izango da eta dirulaguntzaren kopurua guztira ezingo da izan hasieran emandakoa baino handiagoa.           
               

8.4.    Dirulaguntza inoiz ez da diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa izango.

9. oinarria.    Prozedura antolatu eta izapidetzeko eskumena duen organoa.

9.1.    Ekonomia Sustapeneko Zerbitzua izango da prozedura abian jarriko duen organoa.

9.2.    Aurkeztutako eskaerak aztertu eta baloratzeko, ondorengo kideek osatuko duten Balorazio Batzordea eratuko da:           
               

— Ekonomia Sustapeneko zerbitzuburua.

— Ekonomia Sustapeneko Zerbitzuko teknikari bat.

— Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko idazkari teknikaria edo haren ordezkoa.

9.3.    Aurkezten diren eskaerak egoki baloratzeko, aholkularitzako zerbitzuak eta txosten teknikoak eska ditzake batzordeak.  

10. oinarria.    Eskaerak ebaztea.

10.1.    Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko foru diputatuak ebatziko du dirulaguntzak ematea edo ez.

10.2.    Dirulaguntza emateko edo, hala badagokio, ukatzeko ebazpena banan-banan jakinaraziko zaio eskatzaile bakoitzari. Hala ere, dirulaguntzak ematen dituen organoak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko ditu emandako dirulaguntzak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 17. artikuluan ezarritako baldintzetan.

10.3.    Onuradunak 10 eguneko epea izango du, jakinarazpenaren datatik aurrera, dirulaguntza onartzeko. Kontrakoa berariaz jakinarazten ez bada, tazituki onartutzat joko da. Gerora uko eginez gero, garaiz eta argi justifikatu gabe, ez-betetzetzat hartuko da, eta zigorra ezarri ahal izango da.          
               

10.4.    Deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita sei hilabeteko epean ez bada berariazko ebazpenik jakinarazi, eskaera administrazioaren isiltasunez ezetsi dela ulertuko da.   
               

11. oinarria.    Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.

11.1.    Erakunde onuradunek dirulaguntza onartzeak berekin dakar oinarri hauetan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauan, hura garatzeko erregelamenduan (apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuaren bidez onartua) eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko gainerako araudian oro har ezarritako betebeharrak betetzea, baita honako konpromiso hauek hartzea ere:          
               

—Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legean ezarritako irizpide nagusiak betetzea diruz lagundutako jardueretan, bereziki alderdi hauei dagokienez: hizkera eta irudiak modu ez sexistan erabiltzea eta diruz lagundutako jardueran genero adierazleak sartzea.

—Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen erabilera bermatzea diruz lagundutako proiektuaren ondorioz egiten diren komunikazioetan, materialen edizioan eta dibulgazio jardueretan.

—Departamentuak dirulaguntzaren xederako ematen duen finantzaketari beharrezko publizitatea ematea. Horretarako, haren irudi instituzionala sartuko da, finantzaketa publikoari eta esku-hartze publikoko programaren xedeari buruzko aipamenekin batera, karteletan, material inprimatuetan, baliabide elektroniko edo ikus-entzunezkoetan eta abarretan, hedabideetan egiten diren aipamenekin batera.

11.2.    Diruz lagungarri izateak berekin dakar erakundeek Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari proiektuari buruzko informazioa ematea eta baimena ematea komunikaziorako erabil dezaten, betiere baliabide publikoen erabileraren gardentasuna sustatze aldera.          
               

11.3.    Laguntza onartzearekin, onuradunak baimena ematen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari legez dagozkion edo programaren kofinantzazioagatik aplikatu dakizkiokeen datu baseetan sartzeko dirulaguntzari buruzko informazioa.            
               

11.4.    Oinarri hauetan araututako dirulaguntzen bitartez osorik edo zati batean erositako ondasun inbentariagarriak edo bestelako aktiboak dirulaguntza eman zen helbururako erabiliko dira, gutxienez bost urteko epean.       
               

Aurreko paragrafoan aipatutako baldintza hori ez betetzeak dirulaguntzaren itzulketa eragingo du, eta 16. oinarrian ezarrita dagoena bete beharko da.

12. oinarria.    Beste dirulaguntza batzuekin duten bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

12.1.    Oinarri arautzaile hauetan araututako dirulaguntzak bateraezinak izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiak helburu bererako ematen dituen beste laguntza batzuekin, eta bateragarriak izango dira helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuekin, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik datozenak, Estatukoak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko erakundeetakoak, betiere 8. oinarrian aurreikusitako intentsitateak gainditzen ez badituzte.

12.2.    Entitate onuradunak oinarri arautzaile hauen babesean emandako dirulaguntzekin bateragarri den beste dirulaguntzaren bat lortzen badu, modu frogagarrian jakinarazi beharko dio dirulaguntza ematen duen organoari.

13. oinarria.    Dirulaguntzen ordainketa.

13.1.    Ordainketa dirulaguntza jaso duen jarduerak gauzatzeko justifikazioa aurkeztu eta gero egingo da.   
               

Hala ere, diruz lagundutako proiektuak hasi eta garatu ahal izateko funtsak eman behar direnez, eta kontuan hartuta egungo finantza zailtasunak oztopo handia direla berehalako emaitzarik ez duten eta inbertsio handia dakarten epe ertain-luzerako proiektuak gauzatzeko, ordainketa aurreratuak egin ahal izango dira, bermerik gabe, betiere aurrekontu baliabiderik badago, proiektu bakoitzean proiektuaren hasiera eta aurrerakinaren beharra justifikatu ondoren. Ordainketa horiek emandako dirulaguntzaren %85 artekoak izan daitezke.           
               

Gainerako kopurua proiektuaren amaieran eta 14. oinarrian ezarritako kontu zuritzailea aurkeztean ordainduko da.   
               

Hala ere, zenbateko hori osorik ordaindu daiteke proiektua amaitu aurretik, dirulaguntzari dagozkion jarduketak gauzatu ahal izateko finantzazio gisa (aurretik aurrerakinaren beharra egiaztatzen bada); horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiren iritziz nahikoa izango den banku abala aurkeztu beharko da, aurreratutako dirulaguntzaren zenbatekoari eta aurrerakina ematen denetik proiektua bukatu bitarteko berandutze interesei dagokiena. 20 langiletik beherako enpresen kasuan, duten tamaina dela eta premia egoera horren aurrean kalteberagoak direnez, ez da beharrezkoa izango abala aurkeztea.

Abala kitatzeko lagundutako proiektua amaitu dela egiaztatu beharko da. Horretarako, lanen deskargu tekniko, ekonomiko eta finantzarioa eta 14. oinarrian aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu behar dira.

13.2.    Ez dira ordainketak egingo zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzakoetan egunean egon arte, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 32 artikuluan ezarritakoari jarraituz.   
               

13.3.    Dirulaguntzen onuradunek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zorra zatikatzeko espedienteren bat indarrean badute, dirulaguntza horiek zor horrekin konpentsatuko dira, eta, ondorioz, zor horren zenbatekoa zorra osorik edo zati batean iraungitzen denean aplikatuko da.
               

14. oinarria.    Dirulaguntzaren justifikazioa.

14.1.    Entitate onuradunak hilabeteko epean zuritu beharko du, deialdian ezarri den proiektua bukatzeko azken egunetik hasita, diruz lagundutako jarduera egin duela eta, halaber, jarduera horrek eragindako gastuak zuritu beharko ditu.

14.2.    Diruz lagundutako proiektua amaitutakoan, entitate onuradunek kontu zurigarri bat aurkeztuko dute ondorengo dokumentazioarekin:

— Proiektuaren memoria, non diruz lagundutako jarduera zurituko den.

— Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua zurituko duena. Ondorengo agiriak jasoko ditu:

a)    Jardueraren gastu eta inbertsioak sailkatzen dituen zerrenda, hartzekoduna eta dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen data eta, hala badagokio, ordainketa data bilduko dituena.

b)    Fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan pareko froga-balioa duten edo eraginkortasun administratiboa duten agiriak, aurreko paragrafoan adierazitako zerrendari atxikita. Dagokionean, ordainketari dagozkion egiaztagiriak ere aurkeztuko dira.

c)    Tasazio ziurtagiria –pertsona independente batek egindakoa, behar bezala ziurtatuta eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta dagoena– ondasun higiezinak erosten badira, eta obra berriaren inskripzioa obra eraiki edo gauzatzen bada.     
               

d)    Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste sarrera edo laguntzen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria bilduko dituena.

e)    Entitate onuradunak 15.000 euro edo hortik gora ordaindu baditu diruz lagundu daitezkeen gastuetan, zehazki, ekipo ondasunen horniduretan edo aholkularitza nahiz laguntza teknikoa ematen duten enpresetatik jasotako zerbitzuetan, eskatutako hiru eskaintzen artean egindako hautaketaren egiaztagiria aurkeztuko da, merkatuan hori hornitzen edo ematen duen nahikoa erakunde ez dagoenean izan ezik edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egin bada. Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidearekin batera.

14.3.    Dirulaguntza zuritzeko epean, onuradunak aurreko puntuan adierazten den dokumentazioa aurkezten ez badu, beste 15 eguneko epean aurkez dezala eskatuko dio entitate onuradunari organo eskudunak. Beste epe horretan ez badu eskatutako dokumentazioa aurkezten, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du eta hasiera emango zaio jasotakoa itzultzeko 16. oinarrian aurreikusitako prozedurari.          
               

14.4.    Dirulaguntzaren erakunde onuradunak, laguntza ematea bultzatu zuen jarduera burutu izanaren eta jasotako funtsak aplikatu izanaren egiaztagiriak 4 urtez gorde beharko ditu nahitaez. Epe hori kontatzen hasiko da enpresa onuradunak aipatu ziurtagiriak aurkezteko ezarrita dagoen denbora amaitzen denetik aurrera.       
               

14.5.    Dirulaguntza eman zenetik bost urteko epean, Gipuzkoako Lurralde Historikotik kanpo helbide soziala, fiskala edo produkzio zentroetako zati nabarmen bat beste toki batera eramanez gero, dirulaguntza itzuli beharko da eta 16. oinarrian ezarritakoa aplikatuko da.

14.6.    Oinarri honetako 2. puntuan adierazten den dokumentazioa aurkezten denean, dagozkion egiaztapenak egingo ditu espedientea izapidetzen duen organoak.

Egiaztapen horren ondorioz ateratzen bada kostu subentzionagarriak ez duela justifikatzen onartu zen dirulaguntza, edo dirulaguntza zuritzeko baldintzak ez direla osorik edo neurri batean bete, edo ez direla dirulaguntzaren helburuak bete, dagokion organoak interesatuari gorabehera horren berri emango dio eta egindako egiaztapenaren emaitzak jakinaraziko dizkio, eta, aldi berean, hasiera emango dio dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela ebazteko prozedurari eta, hala badagokio, 16. oinarriaren arabera dirulaguntza osorik edo neurri batean itzularazteko prozedurari.

15. oinarria.    Ebazpena aldatzea.

15.1.    Diruz lagundutako jarduera burutzeko epea amaitu baino hilabete aurretik, onuradunek eskatu ahal izango diote organo emaileari aldaketak egin ditzala ebazpenean: Hain zuzen ere, zehaztutako epeak zabaltzea, emandako diru kopurua murriztea edo jardueran jasotako ekintzak aldatzea dakarten aldaketak. Aldaketa horiek onartuko dira aurreikusi gabeko gorabeherek eragindakoak badira edo jarduera ondo amaitzeko beharrezkoak badira, baldin eta dirulaguntzaren xedea edo helburua aldatzen ez bada eta hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez badira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluak zehazten duenari jarraituz. Ez da eskaerarik aurkeztu beharko jardueraren aurrekontuko balioespen izaera duten kontzeptuetan aldaketak egiteko.

15.2.    Dirulaguntza ematen duen organoak ofizioz emateko ebazpena aldatu ahal izango du, aldez aurretik erakunde interesatuari entzunaldia emanda eta funtsak aplikatu aurretik, subentzioa emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketak lortu nahi den interes publikoa lortzea eragotzi edo zailtzen dutenean eta erakunde onuradunari kalte ekonomikorik sortzen ez zaizkionean.

15.3.    Dirulaguntzaren onuradunak justifikazioan dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketak izan direla adierazten duenean, hain zuzen ere, adierazitakoari jarraituz, ebazpenaren aldaketa eragin ahal izanik, onartu baino lehen, aldez aurretiko administrazio baimenik gabe, dirulaguntza ematen duen organoak aurkeztutako justifikazioa onartu ahal izango du, betiere, onarpen hori hirugarrenen batzuen eskubideen kalterako ez bada.           
               

16. oinarria.    Ez-betetzeak eta itzulketak.

16.1.    Onuradunak ez badu betetzen oinarri arautzaile hauetan, martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauan eta gainerako araudi aplikagarrian ezarrita dauden baldintzetakoren bat, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du erabat edo neurri batean, eta jasotakoa itzuli beharko du osorik edo neurri batean, aipatutako foru arauaren 35. artikuluan xedatutakoaren arabera legozkiokeen berandutza interesekin batera, eta, erantzukizunak eskatuko zaizkio, aipatutako foru arauaren 49. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.          
               

16.2.    Martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauari jarraituz, aurreikusitakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua ez bada egiten edo zati batean bakarrik egiten bada, eta departamentuari ez bazaio hori zuritzeko jakinarazpenik egiten, zigor prozedura hasi ahal izango da proportzionaltasun irizpideak erabiliz, kontuan hartuta proiektu osotik egindako lanak eta jasotako zenbatekoak.   

16.3.    Bete gabe utzi dena mailakatzeko, proportzionaltasun irizpideak erabiliko dira, eta irizpide horiek organo instruktoreak balioetsiko ditu, egindako lanen arabera onuradunak proiektua zer neurritan burutu duen eta zenbateko dirulaguntza jaso duen kontuan hartuta.

16.4.    Borondatezko itzulketatzat jotzen da onuradunak dirulaguntza ematen duen organoak eskatu gabe egiten duena.        
               

Itzultzeko prozedura hasteko, idatzi bat bidali behar dio Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuari, eta bertan, datu hauek sartu behar ditu:             
               

— Entitatearen izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

— Ordezkariaren izen-abizenak eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

— Borondatezko itzulketa egiteko arrazoien azalpena.             
               

— Tokia eta data.

— Sinadura.

Eskaera hori jaso ondoren, Ekonomia Sustapeneko Zerbitzuak ordainketa gutuna bidaliko dio, itzultzeko zenbatekoa eta dagozkion berandutza interesak adieraziz.

17. oinarria.    Araubidea.

17.1.    Oinarri hauetan ezarritakoaz gain, dirulaguntza hauei aplikatuko zaizkie: Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Araua; hori garatzeko Erregelamendua, 2008ko apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuak onartu zuena; eta dirulaguntzen arloan aplikagarria den gainerako araudia.

17.2.    Oinarri hauetan jasotako dirulaguntzak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren mende daude. Erregelamendu horretan ezarritakoaren arabera, enpresa bati eman beharreko minimis laguntzen zenbatekoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izango hiru urteko edozein alditan.

Laguntza eskatzen duen erakundeak aurreko hiru urteetan emandako beste minimis laguntzak aitortu beharko ditu, minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela frogatzeko.

II. ERANSKINA

Gipuzkoako industria-enpresen hurbileko hornidura kateak sendotzeko Enpresak Errotzen programaren 2025eko deialdia.           
             

1.    Xedea eta oinarri arautzaileak.

Gipuzkoako industria-enpresen eta hornitzaileen arteko lankidetza sustatzeko programaren 2025erako dirulaguntzen deialdia egitea.

Gipuzkoako industria-enpresen hurbileko hornidura-kateak finkatzeko Enpresak Errotzen programako dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak Foru Gobernu Kontseiluaren 2025eko apirilaren 15eko erabakiaren bidez onartutakoak dira, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira deialdi honekin batera.              
               

2.    Finantzaketa.

2.1.    Guztira deialdi honetan emango diren laguntzen zenbatekoa 800.000 eurokoa da, ondorengo kontu sailen kargura:       
               

1.0510.100.470.00.16 2025: 448.000 €.

1.0510.100.481.00.21 2025: 77.000 €.

1.0510.100.770.00.08 2025: 35.000 €.

5.0510.100.470.00.16 2026: 192.000 €.

5.0510.100.481.00.21 2026: 33.000 €.

5.0510.100.770.00.08 2026: 15.000 €.

2.2.    Baimendutako gastua handitu edo murriztu ahal izango du aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena esleituta duen organoak, dirulaguntza ematea ebatzi baino lehen. Dena den, horrek ez du beste deialdi bat egitea ekarriko. Kopuru gehigarria eraginkorra izateko baldintza izango da dirulaguntzak ematea ebatzi aurretik kreditua erabilgarri deklaratzea.        
               
               

3.    Entitate onuradunen baldintzak.

Dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte 2. oinarri arautzaile orokorretan aipatzen diren erakundeak.

4.    Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasiko da. Epe hori amaituko da 2025eko uztailaren 15ean 13:00etan.              

5.    Jarduerak hasteko eta gauzatzeko epea.

Diruz lagundutako jarduerak eskaera aurkezten den egunetik aurrera hasiko dira.

Jarduerak 2026ko maiatzaren 31a baino lehen bukatuko dira.

6.    Eskaerarekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

a)    Erantzukizun aitorpena, eranskinean edo bide telematikoz egindako eskaeran dagoen ereduari jarraituz, martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 12. artikuluan ezarritako onuradun izaera lortzeko ezein debekurik ez izatearena. Ez eta 1/2023 Legegintzako Dekretuaren, martxoaren 16koaren, Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Lagearen testu bategina onartzen duenaren 23. artikuluaren 2. zenbakiak adierazietako debeku-kasuetako baten mende ez egotearena ere. Eta, hala badagokio, aurreko hiru urteetan jasotako bestelako minimis dirulaguntzei buruzkoa.            
               

b)    Halakorik izanez gero, eskatzaileak edozein administraziori edo estatu zein nazioarte mailako entitate publiko nahiz pribaturi eskatutako edo haiengandik eskuratutako dirulaguntzen, sarreren edo baliabideen adierazpena, estatutakoekin bateraezinak diren dirulaguntzak aipatuz.   
               

c)    Proiektuaren aurrekontu xehatua. Ez dira 300 eurotik beherako gastuak aurkeztuko.

Proiektuaren guztizko aurrekontuaz gain, lankidetza-proiektu baten kasuan, parte hartzen duen erakunde bakoitzari dagokiona zehaztuko da.

d)    Proiektuaren memoria, proiektuaren helburuak eta horiek lortzeko beharrezkoak diren faseen, jardueren edo zereginen deskribapena jasoko dituena. Memoriak planing bat izango du, eta bertan, hasiera eta amaiera datak jasoko dira. Proiektuan lan egingo duten pertsonak eta haien profila eta esperientzia zehaztuko dira. Lankidetza-proiektuen kasuan, erakunde bakoitzak proiektu horretan duen zeregina azalduko da.         
               
               

Gainera, proiektuak tokiko hornitzaileen inbertsioak barne hartzen baditu, memoriak inbertsio horiek zehaztu beharko ditu, haien irismena deskribatuz eta gauzatzeko aurreikusitako epeak zehaztuz. Berariaz adieraziko dira inbertsio bakoitza eskatzeko eta ordaintzeko aurreikusitako datak.

e)    Erakunde parte hartzailearen edo parte hartzaileen deskribapena. Lankidetza proiektuen kasuan, labur-labur deskribatuko da enpresa parte-hartzaileen jarduera, eta bertan lan egiten duten pertsonen kopurua eta dagozkion datu ekonomikoak jasoko dira.

7.    Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko epea.

Dirulaguntza emateko ala ukatzeko ebazpena eta horren jakinarazpena egiteko gehienezko epea 6 hilabetekoa izango da, deialdia argitaratu eta biharamunetik aurrera hasita.

Erabakia eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eta, horrez gain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 17. artikuluari jarraiki.       
               

Onuradunak 10 egun naturaleko epea izango du, jakinarazpenaren datatik aurrera, dirulaguntza onartzeko. Kontrakoa berariaz jakinarazten ez bada, tazituki onartutzat joko da.           
               

Onuradun izateko baldintza administratibo eta teknikoak bete arren, aurrekontu kreditua agortu delako dirulaguntza jasoko ez duten entitateak itxarote zerrendan geldituko dira, emandako dirulaguntzetakoren bati uko egingo balitzaio.