USURBILGO UDALA
2023-2024 ikasturtean euskara ikasi dutenek dirulaguntza eskatzeko deialdia.
Alkatetzak, 2024ko maiatzaren 28ko dekretuz, 2023-2024an euskara ikastaroren bat egin dutenentzako dirulaguntza oinarriak onartu ditu.
Ondorioz oinarrien testu osoa argitaratuko da, eta 2024ko ekainaren 17tik ekainaren 28ra bitarteko (biak barne) epea emango da interesatuek dirulaguntzak jasotzeko eskaerak aurkez ditzaten, dagokien dokumentazio guztiarekin.
Inprimakien inguruko oharra: Inprimakiak interesatuen eskura egongo dira udaleko web orrian, dirulaguntzen atalean:
Euskaraz: https://www.usurbil.eus/eu/diru-laguntzak.
— Erabakiaren aurkako errekurtsoak:
Erabaki hau finkoa da eta amaiera eman dio administrazio-bideari.
Honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daitezke.
a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 123 eta 124 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Epea: Hilabete bat, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.
Non: Alkatetzara jo behar da.
b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 25 eta 46. artikuluetan agintzen denaren ildotik.
Epea: Bi hilabete, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
Non: Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegira jo behar da.
c) Berraztertze errekurtsoaren erantzunaren aurka jotzeko:
Epea: Bi hilabete, berraztertze errekurtsoaren erantzunaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.
Aldiz, administrazioak berraztertze errekurtsoa erantzun gabe utziko balu, interesdunak edozein momentutan aurkeztu ahal izango du administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, berariazko araudiaren arabera presuntziozko ekintza gertatu den biharamunetik aurrera.
Non: Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegira jo behar da.
Usurbil, 2024ko maiatzaren 29a.—Agurtzane Solaberrieta Mesa, alkatea. (3975)
Euskara ikasleentzako dirulaguntza oinarriak
Usurbilgo Udaleko Euskararen Ordenantzak bere 39. artikuluan dio Udalak neurri egokiak hartuko dituela euskara gizarte esparru guztietan erabil dadin eta, oro har, gizarte bizitzan euskararen presentzia gehi dadin. Horretarako, ordenantzaren arabera, bitartekoetako bat euskararen zabalpen funtzionala da, alegia, euskaldunen kopurua handitzea eta hobeagotzea, euskara ez dakitenek ikasi dezaten bideak jarri, eta dakitenak alfabetatu daitezen bitarteko egokiak bideratzea.
Usurbilgo Udalak oso garrantzitsu irizten dio helduen euskalduntzean eta alfabetatzean eragiteari. Horregatik hain zuzen ere, aurrekontu partida bat ezarri du 2023-2024 ikasturtean zehar euskalduntze ikastaroetara joan diren Usurbilgo biztanleei bekak emateko.
1. artikulua. Xedea.
Ebazpen honen xedea da Usurbilgo Udalaren dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea, norgehiagoka erregimenean, 2023-2024 ikasturtean helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten usurbildarrei dirulaguntzak emateko. Eta hau guztia kontuan izanik Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzaren III. Kapituluaren I. Atalak ezartzen duena.
2. artikulua. Onuradunak.
Dirulaguntza hauen onuradun izango dira: Usurbilen erroldatuta dauden 16 urtetik gorako euskara ikasleak.
Herritar batek ikastaroak irauten duen bitartean ematen badu erroldan alta edo baja, ikastaroak irauten duen bitartean erroldatuta egon den denboraren proportzioan izendatuko zaio dirulaguntza.
Onuradunek dirulaguntza jasotzeko, baldintza hauek bete behar dituzte:
— Usurbilen erroldatua egotea.
— Gutxienez, ikastaro osoan zehar, %80ko asistentzia izatea (autoikaskuntzaren kasuan aprobetxamendua ziurtatzea).
— Gutxieneko aprobetxamendua gainditzea (euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharrekoa).
Onuradunek Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak ezartzen dituen betebehar guztiak bete beharko dituzte, betiere.
3. artikulua. Diruz lagun daitezkeen ikastaroak.
Deialdi honen bidez 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31 bitartean egindako lagunduko dira diruz. Nolanahi ere, udako ikastaroen kasuan, ikastaroa egin deneko urtean dirulaguntza eskatzeko aukerarik ez badago, posible izango da hurrengo urtean eskatzea.
Hauek dira diruz lagunduko diren ikastaroak:
a) Habek homologatutako ikastaroak (2005eko uztailaren 27ko ebazpena eta 2013ko irailaren 12ko ebazpena).
— Modulazio ezberdinetako ikastaroak.
— Autoikaskuntza: sistema multimedien bidez bideratutako autoikaskuntzako ikastaroak.
— EGA, alfabetatze ikastaroak, eta C2 mailakoak.
— Udako ikastaroak eta Barnetegiak; ez da laguntzarik emango egoitza gastuetarako. Famili barnetegien kasuan, gurasoaren egoitza gastuen erdia lagunduko du diruz Udalak.
— Xede berezietako ikastaroak (merkatari taldeak eta guraso taldeak).
b) Ikastaro ez homologatuak: Modulazio txikikoak, baina beti ere ikasturtean zehar urrats bat gainditzen bada.
4. artikulua. Eskariak aurkezteko lekua eta dokumentazioa.
Eskariak aurkeztu ahal izango dira:
— Aurrez aurre Udaleko Erregistro Nagusian (Joxe Martin Sagardia plaza, z/g).
— Telematikoki Udalaren zerbitzu telematikoetako dirulaguntzak atalean (www.usurbil.eus).
Halaber, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen lekuetan ere aurkeztu ahal izango dira.
Dirulaguntza eskaera egiteko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Dirulaguntza eskari normalizatua (I. eranskina).
b) Matrikularen ordainagiria.
c) Euskaltegiko ikastaroetan, Euskaltegiaren egiaztagiria, ikasleak, gutxienez, %80ko asistentzia izan duela egiaztatzen duena eta gainditutako urratsa adierazten duena.
d) Dirulaguntza autoikaskuntzarako eskatzen denean, autoikaskuntza egin den zentroaren ziurtagiria, aprobetxamendua erakusten duena.
e) Xede bererako eskatutako edo jasotako bestelako dirulaguntzei buruzko aitorpena (II. eranskina).
f) III. eranskina: ikastaroaren ezaugarriak adierazten dituena.
h) IV. eranskina: autoikaskuntza ikastaroari buruzko informazioa jasotzen duena (autoikaskuntzarako eskatzen denean).
Dirulaguntza Udako ikastaroren baterako eskatzen denean, Euskaltegiaren asistentzia ziurtagiria ikastaroa bukatutakoan ekarriko da Udalera.
Aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago edo oinarrietako baldintzaren bat betetzen ez badu, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzendu ditzan edo dagokion dokumentazioa gehitu dezan. Eta jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoetako Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, horretarako ebazpena 21. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.
Usurbilgo Udalak, Nisaeren Nodoaren bidez, beharrezkoak diren egiaztapenak eta kontsultak egingo ditu interesdunek administrazioaren esku jarri dituzten datuei buruz. Horregatik, elkarreragingarriak izan daitezkeen datuak eskatzeari utziko zaio, baldin eta interesduna datu horiek erabiltzearen aurka agertzen ez bada berariaz; kasu horretan, dagozkion datuak edo dokumentuak aurkeztu beharko ditu.
Administrazio publikoen arteko datu bitartekaritzarako oinarria urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan zehazten da, non aitortzen baita herritarrek eskubidea dutela ez aurkezteko edozein administraziok egindako dokumentuak, jatorrizko dokumentuak, ezarri beharrekoa den araudiak eskatzen ez dituen datuak edo dokumentuak, edo interesdunok aurretik edozein administraziori emandakoak.
Era berean, 40/2015 Legearen 155. artikuluak adierazten duena gogora ekarriz, administrazioek elkarri lagundu behar diote datu-trukean, eta herritarrei buruzko datuak haien esku daudenak, eman behar dituzte.
Horren ildotik, Usurbilgo Udalak honako baldintza hauek egiaztatuko ditu deialdi honetako dirulaguntza eskuratu ahaI izateko, Nisaeren, datuen eta beste administrazio batzuen bitartekaritzarako plataformaren zerbitzuen bidez:
— Eskatzailearen NANa edo agiri baliokidea.
— Zerga betebeharrak beteak dituela.
— Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharrak egunean dituela.
Ezin bada datuen artekaritza plataformen bidez edo hartarako gaitutako bestelako sistema elektronikoen bidez kontsulta egin, salbuespen moduan eskatu ahal izango zaio eskatzaileari dokumentazio hori aurkezteko.
Deialdira aurkezteko unean eskatzaileak ez du zorrik izango Usurbilgo Udalarekin, nahiz eta honi dagokionez, ez den egiaztagiririk aurkeztu behar. Bestalde, dirulaguntza ordaintzeko unean Udalarekin zorra izanez gero, ez da dirulaguntzarik emango.
Udalak berak egiaztatuko du Udal Erroldaren bidez eskatzailea usurbildarra den ala ez.
Nolanahi ere, eskatzaileei behar besteko informazio osagarria eskatu ahal izango zaie eskatutako dirulaguntza behar bezala baloratu ahal izateko.
Bestalde, Udalak eskaerei buruzko informazio elkartrukea izan lezake Haberekin.
5. artikulua. Epeak.
Dirulaguntza deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren epe honen barruan egin beharko du eskaera interesdunak: 2024ko ekainaren 17tik ekainaren 28ra bitartean (biak barne).
6. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzaren zenbateko osoak ez du gaindituko ondoko dagoen partidan azaltzen den diru izendapena.
Gastua aurrekontu-partida honen kargura joango da: 1.4200.480.335.00.01 2024. 27.000 €.
Araudi honetako dirulaguntzak bateragarriak izango dira dena delako erakunde publiko edo pribatuek xede bererako eman ditzaketen bestelako dirulaguntzekin. Edozein modutan, ez da gainfinantzaketarik egongo, eta hala gertatuko balitz, dirulaguntza murriztu egingo litzateke. Gainfinantzaketa gerora emango balitz, eta dirua itzultzeko beharrizanen bat baino gehiago izanez gero, dena delako pertsona edo erakunde onuradunak dagokion parte proportzionala itzuli beharko du Usurbilgo Udalak egin dion ekarpena aintzat hartuta.
7. artikulua. Prozedura.
1. Kultura, Euskara eta Gazteria Saileko teknikariak dirulaguntza eskariak ebaluatu ondoren, txostena egin eta dagokion batzordera eramango du, honek txostena kontuan hartuta, bere iritzia eman dezan.
2. Ondoren, Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak ebazpen proposamena egingo du.
3. Jarraian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da ebazpen proposamenaren inguruko iragarkia eta interesatuak 10 eguneko epea izango du alegazioak aurkezteko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratzen den biharamunetik kontatzen hasita.
4. Alegaziorik balego, Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak ebazpena emango du. Bestela, proposamena behin betiko proposamentzat hartuko da.
5. Azkenik, alkatetzako dekretu bidez emango da dirulaguntzei buruzko behin betiko ebazpena. Behin betiko ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Aipatutako epea igaro ondoren ebazpenik ez emateak eskaria gaitzetsi egin dela esan nahiko du, gerora egin daitekeen ebazpenaren kaltetan izan gabe.
Udaleko iragarki taulan eta www.usurbil.eus webgunean ere behin-behineko proposamenaren eta behin betiko ebazpenaren berri emango da.
8. artikulua. Dirulaguntzen Batzorde Orokorra.
Dirulaguntzen Batzorde Orokorra honakoek osatuko dute:
— Alkatea.
— Dirulaguntzak banatzen dituen batzordeko lehendakaria eta teknikaria.
— Udal idazkaria.
— Udal kontu-hartzailea.
Dirulaguntza Batzorde Orokorraren funtzioak, besteak beste, hauek izango dira:
— Udal dirulaguntzak banatzeko irizpideak bateratzea.
— Dirulaguntzen legezkotasuna bermatzea.
— Dirulaguntza bikoizketak ekiditea.
9. artikulua. Baloratzeko irizpideak.
Herritar guztiek matrikula kostuaren %100 jasoko dute (600 euroko muga), baldintza hauek betetzen badituzte:
—%80ko asistentzia.
— Gutxieneko aprobetxamendua.
Herritar bakoitzak gehienera jota 600 euroko dirulaguntza jasoko du Udaletik. Aipatutako ehunekoak gutxitu egin daitezke aurkeztutako eskaeraren arabera. Hau da, dirulaguntzetarako dagoen dirua baino handiagoa bada eskaera, proportzionaltasunaren irizpidea aplikatuko da.
Nolanahi ere, aurreko irizpideetan baloratu ez diren bestelako herri intereseko irizpideak kontuan hartzeko aukera izango da.
10. artikulua. Dirulaguntza ordaintzea.
Behin betiko dirulaguntzaren jakinarazpena eman dela jakinarazi ondoren, ordainketa tramitatuko da. Eta kontuan izango dira, halaber, Ordenantzaren 12. artikuluan aipatzen diren aspektu guztiak.
Udako ikastaroen kasuan, dirulaguntzaren ordaintzeko dagozkion agiriak aurkeztu beharko dira (ordainagiria eta asistentzia datuak).
11. artikulua. Betebeharrak.
Deialdi honetako dirulaguntzak jaso dituztenek, Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen Ordenantzaren 6. artikuluak ezartzen dituen betebeharrak bete beharko dituzte. Besteak beste, ondorengo hauek:
a) Dirulaguntza eskaini duen Usurbilgo Udalak egin beharreko egiaztatze-jarduketei trabarik ez jartzea, ez eta Esku-hartzailetzari dagozkion finantza-kontroleko jarduketei, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren jarduketei edota eskumen hori duten bestelako organoen jarduketei ere.
b) Beste administrazio edo erakunde batzuetatik –publiko nahiz pribatuetatik, estatuko nahiz nazioartekoetatik– helburu berbererako beste dirulaguntzarik jasotzen bada, dirulaguntza eskaini duen organoari horren berri ematea.
c) Dirulaguntza eskaintzeko garaian kontuan hartutako atalen batean aldaketarik gertatuz gero –objektiboa nahiz subjektiboa izan–, dirulaguntza eskaini duen organoari aldaketa horren jakinaren gainean jartzea.
d) Indarrean dauden xedapenen arabera Gizarte Segurantzaren eta Ogasun Publikoaren aurrean dituzten betebeharrak ezagutzea, Usurbilgo Udalak ezarritakoak barne.
Usurbilgo Udalak baldintzen datuak zuzenean egiaztatuko ditu datuen arloko bitartekotzako plataformatik (Nisae) eta beste administrazioetatik. Hala ere, egiaztatze horri uko egiteko aukera izango du eskatzaileak. Kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Bestalde, udal betebeharrei dagokienez, udalak berak ofizioz, dagozkion ziurtagiriak eskura ditzake.
12. artikulua. Araudi osagarria.
Deialdi honek ezartzen ez duenari dagokionez, aintzat hartuko da Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen Ordenantzak ezartzen duena eta Herri Administrazioetako Dirulaguntzak arautzen dituen 38/2003 Legearen xedapenak.