USURBILGO UDALA
2023-2024 ikasturtean aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenek dirulaguntzak eskatzeko deialdia.
Alkatetzak, maiatzaren 28ko dekretuz, 2023-2024an aisialdi begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenentzat dirulaguntza oinarriak onartu ditu.
Ondorioz oinarrien testu osoa argitaratzen da eta 2024ko ekainaren 17tik 28ra (biak barne) arteko epea ematen da interesatuek dirulaguntzak jasotzeko eskaerak aurkez ditzaten, dagokion dokumentazio guztiarekin.
Inprimakien inguruko oharra: Inprimakiak interesatuen eskura egongo dira udaleko web orrian, dirulaguntzen atalean:
Euskaraz: https://www.usurbil.eus/eu/diru-laguntzak.
—Erabakiaren aurkako errekurtsoak:
Erabaki hau finkoa da eta amaiera eman dio administrazio-bideari.
Honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daitezke.
a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 123 eta 124 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Epea: Hilabete bat, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.
Non: Alkatetzara jo behar da.
b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 25 eta 46. artikuluetan agintzen denaren ildotik.
Epea: Bi hilabete, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
Non: Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegira jo behar da.
c) Berraztertze errekurtsoaren erantzunaren aurka jotzeko:
Epea: Bi hilabete, berraztertze errekurtsoaren erantzunaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.
Aldiz, administrazioak berraztertze errekurtsoa erantzun gabe utziko balu, interesdunak edozein momentutan aurkeztu ahal izango du administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, berariazko araudiaren arabera presuntziozko ekintza gertatu den biharamunetik aurrera.
Non: Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegira jo behar da.
Usurbil, 2024ko maiatzaren 29a.—Agurtzane Solaberrieta Mesa, alkatea. (3974)
2023-2024 ikasturtean aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak euskaraz egin dituztenentzako dirulaguntzen oinarriak.
Usurbilgo Udaleko Euskararen Ordenantzak bere 39. artikuluan dio Udalak neurri egokiak hartuko dituela euskara gizarte esparru guztietan erabil dadin eta, oro har, gizarte bizitzan euskararen presentzia gehi dadin.
Aisialdia gizarte bizitza horretako zati bat da eta gure gizartean gero eta garrantzia handiagoa duena gainera.
Aisialdiko begirale eta zuzendariak berariaz eta era egokian prestatua egotea garrantzitsua ikusten du udalak. Are gehiago, prestakuntza hori euskaraz jasotzea garrantzitsua iruditzen zaio udalari.
Horrexegatik hain zuzen ere, aurrekontu partida bat ezarri du 2023-2024 ikasturtean zehar aisialdiko begirale edo zuzendari ikasketak egin dituzten biztanleei bekak emateko.
1. artikulua. Xedea.
Ebazpen honen xedea da Usurbilgo Udalaren dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea, norgehiagoka erregimenean, 2023-2024 ikasturtean zehar Aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroa euskaraz egin duen usurbildar orori dirulaguntzak emateko. Eta hau guztia kontuan izanik Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzaren III. kapituluaren I. atalak ezartzen duena.
2. artikulua. Onuradunak.
Dirulaguntza hauen onuradun izango dira: 2023-2024 ikasturtean Aisialdiko begirale edo aisialdiko zuzendari ikastaroak egin dituzten 16 urtez gorako usurbildarrak.
Onuradun izateko baldintza hauek bete behar dira:
— Usurbilen erroldatua egotea.
— Ikastaroa euskaraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea.
— Ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea.
Araututako epearen barnean titulua lortu ezean, itzuli egin beharko zaio udalari jasotako dirulaguntza.
Herritar batek ikastaroak irauten duen bitartean ematen badu erroldan alta edo baja, ikastaroak irauten duen bitartean erroldatuta egon den denboraren proportzio berean izendatuko zaio dirulaguntza.
Onuradunek beti ere, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak ezartzen dituen betebehar guztiak bete beharko dituzte.
3. artikulua. Diruz lagun daitezkeen ikastaroak.
Deialdi honen bidez 2023ko uztailetik 2024ko ekaina bitartean egindako ikastaroak lagunduko dira diruz. Ikastaroek Eusko Jaurlaritzaren homologazioa behar dute. Diruz laguntzen diren ikastaroak dira: Aisialdiko Begirale ikastaroa edo Aisialdiko Zuzendari ikastaroa.
4. artikulua. Eskariak aurkezteko lekua eta dokumentazioa.
Eskariak aurkeztu daitezke:
— Aurrez aurre Udaleko Erregistro Nagusian (Joxe Martin Sagardia plaza, z.g.).
— Telematikoki, udalaren zerbitzu telematikoetako «Dirulaguntzak» atalean (www.usurbil.eus).
Halaber, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen lekuetan ere aurkeztu ahal izango dira.
Dirulaguntza eskaera egiteko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Dirulaguntza-eskaera normalizatua (I. eranskina).
b) Matrikularen ordainagiria.
d) Atal teorikoa euskaraz egin eta gainditu izanaren agiria (Aisialdi Eskolak egina).
e) Xede bererako eskatutako edo jasotako bestelako dirulaguntzei buruzko aitorpena (II. eranskina).
f) Ikastaroaren ezaugarriak adierazten dituen agiria (III. eranskina).
Aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago edo oinarrietako baldintzaren bat betetzen ez badu, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzendu ditzan edo dagokion dokumentazioa gehitu dezan. Eta jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoetako Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, horretarako ebazpena 21. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.
Usurbilgo Udalak, Nisaeren Nodoaren bidez, beharrezkoak diren egiaztapenak eta kontsultak egingo ditu interesdunek administrazioaren esku jarri dituzten datuei buruz. Horregatik, elkarreragingarriak izan daitezkeen datuak eskatzeari utziko zaio, baldin eta interesduna datu horiek erabiltzearen aurka agertzen ez bada berariaz; kasu horretan, dagozkion datuak edo dokumentuak aurkeztu beharko ditu.
Administrazio publikoen arteko datu bitartekaritzarako oinarria urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan zehazten da, non aitortzen baita herritarrek eskubidea dutela ez aurkezteko edozein administraziok egindako dokumentuak, jatorrizko dokumentuak, ezarri beharrekoa den araudiak eskatzen ez dituen datuak edo dokumentuak, edo interesdunok aurretik edozein administraziori emandakoak.
Era berean, 40/2015 Legearen 155. artikuluak adierazten duena gogora ekarriz, administrazioek elkarri lagundu behar diote datu-trukean, eta herritarrei buruzko datuak haien esku daudenak, eman behar dituzte.
Horren ildotik, Usurbilgo Udalak honako baldintza hauek egiaztatuko ditu deialdi honetako dirulaguntza eskuratu ahal izateko, Nisaeren, datuen eta beste administrazio batzuen bitartekaritzarako plataformaren zerbitzuen bidez:
— Eskatzailearen Nortasun Agiria edo agiri baliokidea.
— Zerga betebeharrak beteak dituela.
— Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharrak egunean dituela.
Ezin bada datuen artekaritza plataformen bidez edo hartarako gaitutako bestelako sistema elektronikoen bidez kontsulta egin, salbuespen moduan eskatu ahal izango zaio eskatzaileari dokumentazio hori aurkezteko.
Deialdira aurkezteko unean eskatzaileak ez du zorrik izango Usurbilgo udalarekin, nahiz eta honi dagokionez, ez den egiaztagiririk aurkeztu behar. Bestalde, dirulaguntza ordaintzeko unean Udalarekin zorra izanez gero, ez da dirulaguntzarik emango.
Udal Erroldaren bidez egiaztatuko du Udalak eskatzailea usurbildarra ote den. Nolanahi ere, eskatzaileei behar besteko informazio osagarria eskatu ahal zaie eskatutako dirulaguntza behar bezala baloratu ahal izateko.
Titulua eskuratzen denean begirale edo zuzendari titulua eskuratu izanaren agiriren kopia Udalari helarazi behar zaio.
5. artikulua. Epeak.
Eskaria dirulaguntza deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren epe honen barruan egingo da: 2024ko ekainaren 17tik 28ra bitartean (biak barne).
Interesdunak titulua eskuratu izanaren agiria aurkeztu beharko du Udalean 2026ko uztailaren 31 baino lehen.
6. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzaren zenbateko osoak ez du gaindituko ondorengo partidan azaltzen den diru izendapena.
Gastua aurrekontu-partida honen kargura joango da: 1 4400 481 326 00 01 2024. 3.500 €.
Araudi honetako dirulaguntzak bateragarriak izango dira dena delako erakunde publiko edo pribatuek xede bererako eman ditzaketen bestelako dirulaguntzekin. Edozein modutan, ez da gainfinantzaketarik egongo, eta hala gertatuko balitz, dirulaguntza murriztu egingo litzateke. Gainfinantzaketa gerora emango balitz, eta dirua itzultzeko beharrizanen bat baino gehiago izanez gero, dena delako pertsona edo erakunde onuradunak dagokion parte proportzionala itzuli beharko du Usurbilgo Udalak egin dion ekarpena aintzat hartuta.
7. artikulua. Prozedura.
1. Kultura, Euskara eta Gazteria Saileko teknikariak dirulaguntza eskariak ebaluatu, txostena egin eta dagokion batzordera eramango du, honek txostena kontuan hartuta, bere iritzia eman dezan.
2. Ondoren, Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak ebazpen proposamena egingo du.
3. Jarraian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da ebazpen proposamenaren inguruko iragarkia eta interesatuak 10 eguneko epea izango du alegazioak aurkezteko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratzen den biharamunetik kontatzen hasita.
4. Alegaziorik balego, Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak ebazpena emango du. Bestela, proposamena behin betiko proposamentzat hartuko da.
5. Azkenik, alkatetzako dekretu bidez emango da dirulaguntzei buruzko behin betiko ebazpena. Behin betiko ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Aipatutako epea igaro ondoren ebazpenik ez emateak eskaria gaitzetsi egin dela esan nahiko du, gerora egin daitekeen ebazpenaren kaltetan izan gabe.
Udaleko iragarki taulan eta www.usurbil.eus webgunean ere behin-behineko proposamenaren eta behin betiko ebazpenaren berri emango da.
8. artikulua. Dirulaguntzen Batzorde Orokorra.
Dirulaguntzen Batzorde Orokorra honakoek osatuko dute:
— Alkatea.
— Dirulaguntzak banatzen dituen batzordeko lehendakaria eta teknikaria.
— Udal idazkaria.
— Udal kontu-hartzailea.
Dirulaguntza Batzorde Orokorraren funtzioak, besteak beste, hauek izango dira:
— Udal dirulaguntzak banatzeko irizpideak bateratzea.
— Dirulaguntzen legezkotasuna bermatzea.
— Dirulaguntza bikoizketak ekiditea.
9. artikulua. Baloratzeko irizpideak.
Hauek izango dira:
— Begirale ikastaroa: matrikularen %50 (gehienez ere 250 €).
— Aisialdiko zuzendari ikastaroa: matrikularen %50 (gehienez ere 250 €).
Aipatutako portzentaje hau gutxitu egin daiteke aurkezten diren eskarien arabera.
Beti ere, oinarri hauen 2. artikuluak ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Nolanahi ere, aurreko irizpideetan baloratu ez diren bestelako herri intereseko irizpideak kontuan hartzeko aukera izango da.
10. artikulua. Dirulaguntza ordaintzea.
Dirulaguntza eman dela jakinarazi ondoren, ordainketa tramitatuko da. Eta kontuan izango dira, halaber, Ordenantzaren 12. artikuluan aipatzen diren aspektu guztiak.
Interesdunak 2026ko uztailaren 31 baino lehenago titulua eskuratu izanaren agiria ekarri behar du udalera. Titulua udalera ekartzen ez bada, udalari jasotako dirulaguntza itzuli egin beharko zaio.
11. artikulua. Betebeharrak.
Deialdi honetako dirulaguntzak jaso dituztenek, Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen Ordenantzaren 6. artikuluak ezartzen dituen betebeharrak bete beharko dituzte. Besteak beste, ondorengo hauek:
a) Dirulaguntza eskaini duen Usurbilgo Udalak egin beharreko egiaztatze-jarduketei trabarik ez jartzea, ez eta Esku-hartzailetzari dagozkion finantza-kontroleko jarduketei, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren jarduketei edota eskumen hori duten bestelako organoen jarduketei ere.
b) Beste administrazio edo erakunde batzuetatik –publiko nahiz pribatuetatik, estatuko nahiz nazioartekoetatik– helburu berbererako beste dirulaguntzarik jasotzen bada, dirulaguntza eskaini duen organoari horren berri ematea.
c) Dirulaguntza eskaintzeko garaian kontuan hartutako atalen batean aldaketarik gertatuz gero –objektiboa nahiz subjektiboa izan–, dirulaguntza eskaini duen organoari aldaketa horren jakinaren gainean jartzea.
d) Indarrean dauden xedapenen arabera Gizarte Segurantzaren eta Ogasun Publikoaren aurrean dituzten betebeharrak ezagutzea, Usurbilgo Udalak ezarritakoak barne.
Usurbilgo Udalak baldintzen datuak zuzenean egiaztatuko ditu datuen arloko bitartekotzako plataformatik (Nisae) eta beste administrazioetatik. Hala ere, egiaztatze horri uko egiteko aukera izango du eskatzaileak. Kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Bestalde, udal betebeharrei dagokienez, udalak berak ofizioz, dagozkion ziurtagiriak eskura ditzake.
12. artikulua. Araudi osagarria.
Deialdi honek ezartzen ez duenari dagokionez, aintzat hartuko da Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen Ordenantzak ezartzen duena eta Herri Administrazioetako Dirulaguntzak arautzen dituen 38/2003 Legearen xedapenak.