1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA

4/2024 Foru Agindua, urtarrilaren 10ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita 240/2019 Foru Agindua, maiatzaren 22koa, bategiteak, zatiketak, aktibo ekarpenak, balore trukeak eta aktibo eta pasibo osoaren lagapenak egitean, nahiz europar sozietate baten edo europar sozietate kooperatibo baten helbide soziala Europar Batasuneko estatu batetik beste batera aldatzean sozietateen gaineko zergan ezarritako araubide berezia aplikatzearen aldeko aukera komunikatzeko erabili beharreko 20R eredua onesten duena.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 114.3 artikuluak xedatzen du ezen bategiteak, zatiketak, aktibo ekarpenak, balore trukeak, edo aktibo eta pasibo osoaren lagapenak egiteko nahiz europar sozietate baten edo europar sozietate kooperatibo baten helbide soziala Europar Batasuneko estatu batetik bestera aldatzeko, nahitaezkoa dela Zerga Administrazioari adieraztea, erregelamenduz ezarritako moduan eta epean, araubide berezia aplikatzea aukeratzen dela.

Zehazki, ekainaren 16ko 17/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduak 42. artikuluan ezartzen du non eta zein epetan komunikatu behar den araubide berezia aplikatzea aukeratzen dela. Orobat, obligazio hori zeinek duten eta komunikazioaren edukia zein den ere ezartzen du.

Xedapen horiek garatzeko, maiatzaren 22ko 240/2019 Foru Agindua onetsi zen. Agindu horrek 20R eredua onetsi zuen, hain zuzen ere, bategiteak, zatiketak, aktibo ekarpenak, balore trukeak eta aktibo eta pasibo osoaren lagapenak egitean, nahiz europar sozietate baten edo europar sozietate kooperatibo baten helbide soziala Europar Batasuneko estatu batetik beste batera aldatzean sozietateen gaineko zergan ezarritako araubide berezia aplikatzearen aldeko aukera komunikatzeko erabili beharrekoa.

Orain, zerga informazio ahalik eta zehatzena eta momentu bakoitzeko araubidera ahalik eta egokituena lortzeko, beharrezkoa da 20R eredua eguneratzea haren barruan honako hauek sartuz: kuota likidoan %50eko muga duten kenkarien taldea, urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 67. artikuluan arautua, eta TicketBai ezartzeko kenkaria, aipatutako foru arauaren hogeita bigarren xedapen gehigarrian arautua. Horrekin bi helburu lortu nahi dira: kontrasterako informazio ahalik eta osatuena izatea eta errekerimendu kopurua gutxitzea.

Adierazitakoagatik, jarraian aldatzen da maiatzaren 22ko 240/2019 Foru Aginduaren 20R ereduaren eranskina, aipatutako informazioa jaso dezan.

Horiek horrela, hau

XEDATZEN DUT

Artikulu bakarra.  Aldatzea maiatzaren 22ko 240/2019 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baita 20R eredua, bategiteak, zatiketak, aktibo ekarpenak, balore trukeak eta aktibo eta pasibo osoaren lagapenak egitean, nahiz europar sozietate baten edo europar sozietate kooperatibo baten helbide soziala Europar Batasuneko estatu batetik beste batera aldatzean sozietateen gaineko zergan ezarritako araubide berezia aplikatzearen aldeko aukera komunikatzeko erabili beharrekoa.

Maiatzaren 22ko 240/2019 Foru Aginduaren eranskina foru agindu honetako eranskinarekin ordezten da (agindu horren bidez onesten da 20R eredua, bategiteak, zatiketak, aktibo ekarpenak, balore trukeak eta aktibo eta pasibo osoaren lagapenak egitean, nahiz europar sozietate baten edo europar sozietate kooperatibo baten helbide soziala Europar Batasuneko estatu batetik beste batera aldatzean sozietateen gaineko zergan ezarritako araubide berezia aplikatzearen aldeko aukera komunikatzeko erabili beharrekoa).

Azken xedapena.

Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2024ko urtarrilaren 10a.—Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua.    (171)