1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA

404/2023 Foru Agindua, irailaren 23koa, «Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga. Autolikidazioa» izena duen 490 eredua aldatzen duena.

Ekainaren 2ko 316/2022 Foru Aginduaren bidez 490 eredua onetsi zen, «Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga. Autolikidazioa» izenekoa, baita hura aurkeztu eta diru-sarrera egiteko moduak ezarri ere.

Eredua onetsi eta gero, indarrean jarri da Gipuzkoako Lurralde Historikoaren esparruan uztailaren 26ko 6/2023 Foru Dekretu Arauemailea, Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergarena, zeinak, Estatuak une bakoitzean ezartzen dituen arau substantibo eta formal berberen mende dagoen zeharkako zerga itundu bat izatean, ez baitu aldatzen aipatutako 316/2022 Foru Aginduaren edukia.

Hala eta guztiz ere, urriaren 26ko 28/1990 Legearen bidez onetsitako Hitzarmen Ekonomikoaren 40 ter artikulu berriak Nafarroako Foru Komunitatearekiko Hitzarmen Ekonomikoan sartu du zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga, eta ezarrita utzi du zer araudi aplikatu behar den eta zergaren ordainarazpena eta ikuskapena nolakoak izango diren. Horrek 490 eredua aldatzera behartzen du, Nafarroako Foru Komunitatearekiko zerga ituntzea barruan sartzeko.

Horrenbestez, hau

XEDATZEN DUT

Artikulu bakarra.  Aldatzea 316/2022 Foru Agindua, ekainaren 2koa, «Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga. Autolikidazioa» izena duen 490 eredua onetsi eta hura aurkezteko eta diru-sarrera egiteko moduak ezartzen dituena.

Ekainaren 2ko 316/2022 Foru Aginduak, «Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga. Autolikidazioa» izena duen 490 eredua onetsi eta hura aurkezteko eta diru-sarrera egiteko moduak ezartzen dituenak, dakarren eranskinaren ordez foru agindu honekin batera datorren eranskina erabiliko da.

Azken xedapena.  Indarrean jartzea.

Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2023ko irailaren 23a.—Ane Insausti Altuna, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren diputatua, Jokin Perona Lerchundi titularraren ordez jarduten, 0171/2023 FD-E-aren arabera.               (7065)