1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA

8/2023 Foru Dekretu Arauemailea, uztailaren 26koa, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko Zergari buruzkoa.

Apirilaren 21eko 7/2014 Legeak, zeinaren bidez aldaketak sartu baitziren Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga ituntzea ekarri zuen berekin. Zehazki, 23 quater artikuluan dio zerga hori itundutako tributu bat dela eta hura arautzeko Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen arau substantibo eta formal berberak aplikatu beharko direla. Lurralde historikoetako erakunde eskudunek, hala ere, aitorpen eta ordainketa ereduak onesteko eta likidazio aldi bakoitzeko ordainketa epeak ezartzeko ahalmena izango dute. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan beharko dira; eta epe horiek, berriz, ezingo dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak.

Abenduaren 27ko 15/2021 Legeak, jasangarritasun energetikorako neurri fiskalei buruzkoak, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga ezarri zuen estatu mailan.

Zerga honen bidez energia elektrikoa ekoizten dutenen gaitasun ekonomikoa zergapetzen da. Izan ere, haien instalazioek inbertsio handiak eragiten dituzte garraio eta banaketa sareetan, isurtzen duten energia sare haietara bideratzeko, eta, dela beren kabuz, dela sare horien existentzia eta garapen hutsaren ondorioz, oso inpaktu nabarmenak dituzte ingurumenean, hornidura une orotan bermatzeko beharrezkoak diren kostu esanguratsuak sortzeaz gain. Energia sortzen duten instalazio guztietako ekoizpenari aplikatuko zaio zerga.             

Ekonomia Itunaren 23 quater artikuluan ezarritako gaikuntzaz baliatuta, maiatzaren 14ko 308/2014 Foru Aginduaren bidez onetsita geratu zen, besteak beste, 587 ereduaz gain 583 eredua, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga autolikidatu eta ordainketa zatikatuak egiteko erabili beharrekoa.

Foru dekretu arauemaile honen xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga antolamendura ekartzea energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren erregulazioa, zergaren ordainarazpenari begira Ekonomia Itunean finkaturik dauden konexio puntuak haren barruan jasoz.

Horri dagokionez, zerga honen zergadunek Gipuzkoako Foru Aldundian tributatuko dute energia elektrikoa ekoizteko instalazioak Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.          

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 13. artikuluko 5. apartatuak xedatzen du Foru Aldundiak foru dekretu arauemaileak eman ditzakeela, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira. Bestalde, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 8. artikuluak xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga arloko xedapen arauemaileak eman ahal izango dituela, foru arau baten mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira.             



Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT

1. artikulua.    Izaera.

Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga zuzeneko tributu bat, izaera errealekoa, zeinaren xedea baita zentraleko barretan neurtutako energia elektrikoa ekoizteko eta hura sistema elektrikora eramateko jarduerak zergapetzea, foru dekretu arauemaile 4. artikuluan adierazitako instalazioen bitartez gauzatuak direnean.

2. artikulua.    Araudi aplikagarria.

1.    Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 23 quater artikuluan xedatutakoaren esparruan, zerga exijituko da foru dekretu arauemaile honetan eta berau garatzen duten xedapenetan xedatutakoaren arabera.

2.    Foru dekretu arauemaile honetan ezarritakoak ez du galaraziko barne ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoa aplikatzea.      

3. artikulua.    Zergaren ordainarazpena.

Zergaren ordainarazpena Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du energia elektrikoa ekoizteko instalazioak Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.

4. artikulua.    Zerga egitatea.

1.    Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen IV. tituluan aipatzen diren instalazioetako edozeinetan energia elektrikoa ekoiztea, zentraleko barretan neurtua, eta hura sistema elektrikora eramatea izango dira zerga egitatea tributu honetan.

2.    Foru dekretu arauemaile honen ondorioetarako, zentraleko barretan neurtutako energiaren ekoizpena alternadore bornetan neurtutako energia izango da, azken horri sortze prozesuetan izandako kontsumo osagarriak eta sarera konektatzeko punturainoko galerak gutxituta.

3.    Foru dekretu arauemaile honetan jasotzen diren eta berezko substantibitatea duten kontzeptu eta terminoei dagokienez, sektore elektrikoaren Estatuko araudian xedatutakoa beteko da, foru dekretu arauemailean bertan definitutakoenen kasuan izan ezik.

5. artikulua.    Zergadunak.

Foru dekretu arauemaile honen 4. artikuluan zehazten diren jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35.3 artikuluan aipatzen diren entitateak dira zerga honen zergadunak.

6. artikulua.    Zergaldia eta sortzapena.

1.    Zergaldia urte naturala izango da, salbu eta zergadunak instalazioan jarduteari uzten dionean, horrelakoetan, jarduera egiteari uzten zaion egunean amaituko baita zergaldia.         

2.    Zergaldiko azken egunean sortuko da zerga.     

7. artikulua.    Zerga oinarria.

1.    Zentraleko barretan neurtutako energia elektrikoa instalazio bakoitzean ekoizteagatik edo hura sistema elektrikora eramateagatik zergadunak zergaldian jaso beharreko zenbateko osoa izango da zergaren oinarria.

Ondorio horietarako, zenbateko osoa kalkulatzeko, aintzat hartuko dira Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean xedatutakotik deribatutako erregimen ekonomiko guztietan zergaldian izandako ordainsariak, baita uharteetako lurraldeetan eta Penintsulaz kanpoko lurraldeetan energia elektrikoa sortzeko eta sistema elektrikora eramateko jardueren kasurako aurreikusitako berariazko erregimen ekonomikokoak ere.

Eragiketak egiten badira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan xedatutako eran lotuta dauden pertsonen edo entitateen artean, ordainsaria ezin izango da merkatuko balioa baino txikiagoa izan. Pertsona edo entitate independenteek lehia librean adostutakoa hartuko da merkatuko baliotzat. Ondorio horietarako, merkatuko balioa zehazteko, urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan jasotako metodoetako edozein aplikatuko da.             


2.    Foru dekretu arauemaile honen 4. artikuluan adierazitako jarduerak gauzatzen dituzten instalazio guztietarako kalkulatuko da aurreko apartatuan definitutako zerga oinarria.

8. artikulua.    Karga tasa.

Karga tasa 100eko 7 izango da.

9. artikulua.    Kuota osoa.

Kuota osoa aterako da zerga oinarriari karga tasa aplikatuta.       

10. artikulua.    Autolikidazioa eta ordainketa.

1.    Zergadunek, zerga sortu eta hurrengo azaroan, zergaren autolikidazioa egin beharko dute eta dagokion kuota ordaindu, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko duen eran eta ereduaren arabera. Ondorio horietarako, ekoizpen elektrikoari buruzko behin betiko neurriak hartu beharko dira kontuan.      

2.    Maiatzaren, irailaren, azaroaren eta hurrengo urteko otsailaren 1etik 25era bitartean, zerga egitatea gauzatzen duten zergadunek urte natural bakoitzeko hiru, sei, bederatzi edo hamabi hilabeteko aldiari dagokion ordainketa zatikatua egin beharko dute, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko duen eran eta ereduaren arabera.              

3.    Ordainketa zatikatuak kalkulatzeko, aintzat hartuko da zergaldiaren hasieratik aurreko apartatuan aipatutako hiru, sei, bederatzi edo hamabi hilabeteak amaitu arte ekoiztutako energia elektrikoaren balioa, zentraleko barretan neurtua, foru dekretu arauemaile honen 8. artikuluan aurreikusitako zerga tasa aplikatuta eta aurretik egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoa kenduta.

Ondorio horietarako, ekoizpenaren baliotzat hartuko da zergadunak, kasuan kasuko zergaldian, zentraleko barretan neurtutako energia elektrikoa instalazio bakoitzean ekoizteagatik edo hura sistema elektrikora eramateagatik jaso beharreko zenbateko osoa.

Dena dela, instalazio guztietako ekoizpenaren balioa ez bada izan aurreko urte naturalean 500.000 eurotik gorakoa, zergadunek azaroaren 1etik 25era bitarteko likidazio epeari dagokion ordainketa zatikatua baino ez dute egin beharko.   

Zergadunen batek aurreko urtean gauzatutako jarduerak urte naturala baino gutxiago iraun badu, ekoizpenaren balioa urtebetera eramango da.

4.    Jarduera urtarrilaren 1etik aurrerako data batean hasi bada, abian dagoen zergaldiko likidazioaren ordainketa zatikatuak instalazio guztietako ekoizpenaren balioa (zergaldiaren hasieratik kalkulatua) 500.000 eurotik gorakoa den hiruhilekoari dagokion likidazio aldian egingo dira.          


5.    Zergadunak jasotzekoa duen zenbateko osoa ez bada ezagutzen ordainketa zatikatuak egiteko momentuan, zergadunak behin-behinik finkatu beharko du hura, sistemaren operadoreak eta, hala badagokio, Energiaren Batzorde Nazionalak egindako behin-behineko azken likidazioaren arabera, betiere ordainketa egiteko epea hasi aurretik.

11. artikulua.    Arau-hausteak eta zehapenak.

Zerga honi dagozkion arau-hausteak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean aurreikusitakoaren arabera zehatuko dira.      

Xedapen gehigarri bakarra.  Araudira egiten diren igorpenak.

Jasangarritasun energetikorako neurri fiskalei buruzko abenduaren 27ko 15/2012 Legearen I. tituluari eta haren edukiari foru ordenamendu juridikoan egiten zaizkien aipamenak foru dekretu arauemaile honetako manuei buruzkoak direla ulertuko da.            

Azken xedapenetako lehena.  Beste xedapen batzuen indarraldia.

Foru dekretu arauemaile hau indarrean jartzen denetik aurrera, indarra izaten segituko dute Gipuzkoako Lurralde Historikoan energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga garatu eta aplikatzeko eman diren xedapen guztiek, eta, bereziki, maiatzaren 14ko 308/2014 Foru Agindua, 583 eredua, «Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak», eta 587 eredua, «Berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zerga. Autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak» onartu, eta 583 eredua dagokionez aurkezteko era eta prozedurak ezartzen dira.     

Azken xedapenetako bigarrena.  Arauak emateko ahalmena.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru dekretu arauemaile hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.

Azken xedapenetako hirugarrena.  Indarrean jartzea.

Foru dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2023ko uztailaren 26a.

                                                           Diputatu Nagusia,       
                                                  Eider Mendoza Larrañaga.

                  Ogasun eta Finantza            
                     Departamentuko               
                      Foru Diputatua,
             Jokin Perona Lerchundi.        (5830)