2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

GOBERNANTZA DEPARTAMENTUA

793/2023 Foru Agindua, maiatzaren 2koa, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan parte hartuko duten hauteskunde-batzordeetako kide eta laguntzaileentzako ordainsariei buruzkoa.

Diputatu nagusiaren apirilaren 3ko 2/2023 Foru Dekretuaren bidez (2023ko apirilaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 65. zk.), Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeen deialdia egin zen: maiatzaren 28an izango direnak, toki-hauteskundeekin batera.

Hauteskunde horiei dagokienez, eta Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 22.1 artikuluak xedatutakoa betez, hauteskunde-prozesuen arauketa osagarriari buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuak parte hartzen dutenentzako ordainsariak eta kalte-ordainak ezartzen ditu 6. artikuluan: horien artean, probintziako eta eskualdeko hauteskunde-batzordeetako kide eta horien zerbitzupeko langileentzakoak, nahiz Lehen Auzialdiko epaile eta bake-epaileentzakoak.

Hala, toki-hauteskundeak deitzen dituen Estatuko Administrazioak 605/1999 Errege Dekretuaren 6.1.2 artikuluan jasotako kopuruak ordaintzen dizkie probintziako eta eskualdeko hauteskunde-batzordeetako kideei: artikulu horren beraren 10. zenbakian aurreikusi igoera, administrazio publikoetako langileen ordainsarietarako urteko aurrekontuen legean onesten dena, aplikatuta (6. artikuluan bertan zehaztu gainerako zenbatekoei bezala).          

Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeek lana areagotzea dakarte Gipuzkoako Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordearentzat, eta hark esleituta (2023ko apirilaren 4ko erabakia, apirilaren 5eko 66. zk. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoa) hauteskunde horien ondorioetarako, hurrenez hurren, «Deba-Urola», «Bidasoa-Oiartzun» eta «Donostialdea», eta «Oria» barrutiak beren gain dituzten Bergarako, Donostiako eta Tolosako eskualdeko hauteskunde-batzordeentzat.

Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ordain osagarri bat ordaindu behar die, Batzar Nagusietarako hauteskundeak deitzen dituen administrazioa den aldetik. Ordain horren zenbatekoa Estatuko Administrazioak toki-hauteskundeengatik ordaindu behar dituen kopuruen ehuneko berrogeita hamarra (%50) izango da.

Halaber, 605/1999 Errege Dekretuaren 6. artikuluaren 5. eta 6. zenbakietan ezarritako eran, Estatuko Administrazioak probintziako eta eskualdeko hauteskunde-batzordeen laguntzaileek emandako aparteko zerbitzuak ordaintzen ditu, probintzia bakoitzean benetan eratzen diren mahai bakoitzeko kopuru bat oinarritzat hartuz. Arrazoi berarengatik, hain zuzen, langile horiei ere sari osagarri bat ordaindu behar zaie: benetan eratutako mahai bakoitzari dagokion kopuruaren erdia (%50), kasu honetan ere; eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordea arduratuko da zenbateko hori irizpide objektiboen arabera banatzeaz.

Bukatzeko, 605/1999 Errege Dekretuaren 6.2. artikuluan aurreikusten denaren osagarri, honako ordaina ere onartu behar da: Lehen Auzialdiko epaileei eta bake-epaileei eman beharrekoa, mahaietatik datozen hauteskunde-dokumentazioaren gutun-azalak jasotzeagatik eta boto-kontaketa egin behar duten eskualdeko hauteskunde-batzordeetara (Bergara, Donostia eta Tolosakora) eramateagatik; hori guztia Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren 101. artikuluaren 3. eta 5. zenbakietan xedatutakoari jarraikiz. Horrenbestez, epaile bakoitzak jaso beharreko ordaina 605/1999 Errege Dekretuaren 6.2. artikuluan finkatutako kopuruaren erdia (%50) izango da, irizpide berari jarraikiz.

Horri dagokionez, kontuan hartu behar da ezein hogeita lau udalerri eskualdeko bi hauteskunde-batzorde ezberdinei dagozkiela: toki-hauteskundeetarako bata; eta Batzar Nagusietarako hauteskundeetarako bestea. Beraz, lan hori egingo duten epaileen garraio-gastu handiagoak ordaindu behar dira.       

Horrenbestez, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 40.2.f) artikuluan, eta Gobernantza Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko urriaren 20ko 17/2020 Foru Dekretuak 1.1.f) artikuluan emandako ahalmenez baliatuz, foru diputatu honek

EBAZTEN DU

Lehenengo.    Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan egingo dituzten lanak direla eta, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeko kideei ondorengo sariak ordainduko zaizkie, toki-hauteskundeengatik Estatuko Administrazioak ordainduko dizkienen osagarri gisa:      

—Lehendakaria: 1.386,52 euro.

—Idazkaria: 1.270,97 euro.

—Bokal judizialak: 462,17 euro.

—Hautesle Errolda Bulegoaren Gipuzkoako ordezkaria: 462,17 euro.

—Bokal ez judizialak: 323,52 euro.

Bigarren.    Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan egingo dituzten lanak direla eta, Bergarako, Donostiako eta Tolosako eskualdeko hauteskunde-batzordeetako kideei ondorengo sariak ordainduko zaizkie, toki-hauteskundeengatik Estatuko Administrazioak ordainduko dizkienen osagarri gisa:          

—Lehendakaria: 1.617,60 euro.

—Idazkaria: 1.502,06 euro.

—Bokal judizialak: 693,26 euro.

—Bokal ez judizialak: 415,95 euro.

Hirugarren.    Aurreko ataletan aipatzen diren ordainsariak jasotzeko eskubidea kargua hartzen den unean sortuko da; eta hauteskunde-batzordeek beren eginkizunak betetzen dituzten denbora guztirako izango da, hau da, eratzen direnetik legezko epea igaro delako beren agintaldia amaitzen den arte.             


Kide horietakoren bat bere batzordearen legezko agintaldiak irauten duena baino denbora gutxiago egoten bada bere karguan, benetan egon den denborari proportzioz dagokion zenbatekoa bakarrik jasotzeko eskubidea izango du. Hauteskunde-batzorderen bateko kide bat batzorde berean ordainsari desberdineko kargu batean baino gehiagotan aritzen bada, kargu bakoitzean egondako denborari dagozkion proportziozko zatiak kobratuko ditu.

Laugarren.    Lurraldean eratzen den hauteskunde-mahai bakoitzeko 27,73 euroko zenbatekoa ezartzen da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeko, eta Bergara, Donostia eta Tolosako eskualdeko hauteskunde-batzordeetako pertsonal laguntzaileek Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan egingo duten aparteko lana ordaintzeko; zenbateko hori Estatuko Administrazioak toki-hauteskundeengatik ordainduko dizkien ordainsarien osagarria izango da.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeak kontzeptu honi dagokion zenbatekoa aipatutako hauteskunde-batzordeen artean banatuko du, irizpide objektiboen arabera.

Bosgarren.    Batzar Nagusietarako hauteskundeetan eskualdeko hauteskunde-batzorderen baten egoitza izango ez diren Gipuzkoako udalerrietako bake-epaileek eta lehen auzialdikoek 34,45 eurona jasoko dituzte: mahaietan hauteskundeei buruzko dokumentazioaren gutun-azalak jaso eta boto-kontaketa egin behar duten eskualdeko hauteskunde-batzordeetara eramateagatik.

Seigarren.    1.500,00 euroko zenbateko bat ezartzen da, joan-etorri gastu handiagoak ordaintzeko: eskualdeko bi hauteskunde-batzorde ezberdinei –bat toki-hauteskundeetarako eta bestea Batzar Nagusietarako– dagozkien 24 udalerrietako epaileei.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeak banatuko du zenbateko hori irizpide objektiboen arabera.

Zazpigarren.    Aurreko ataletan adierazitako diru kopuruen bidez ordainduta geratuko dira bai hauteskunde-prozesuaren garapen arrunta; baita, kasua balitz, hauteskundeen errepikapena edo hauteskunde-prozesuaren ondorioz gerta litekeen beste edozein bozketa-ekintza ere. Beraz, kasu horietan ez da ordainketa berririk egingo.

Zortzigarren.    Foru agindu honetan aipatzen diren zenbatekoak aurrekontuko 1.0210.100.227.19.00 2023 partidaren kargura ordainduko dira, hauteskunde-batzordeen agintaldia amaitu ondoren.

Foru agindu hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Interesdunek foru agindu honen aurka zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete Administrazioarekiko Auzietako Donostiako Epaitegietan, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.       

Hala ere, partikularrek aukera dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko foru diputatu honi, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke. 

Donostia, 2023ko maiatzaren 2a.—Eider Mendoza Larrañaga, Gobernantza Departamentuko foru diputatua.               
                (3191)