2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

GOBERNANTZA DEPARTAMENTUA

792/2023 Foru Agindua, maiatzaren 2koa, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan parte hartuko duten udaletako idazkari eta langileentzako ordainsariei buruzkoa.

Diputatu nagusiaren apirilaren 3ko 2/2023 Foru Dekretuaren bidez (2023ko apirilaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 65. zk.), Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeen deialdia egin zen: maiatzaren 28an izango direnak, toki-hauteskundeekin batera.

Hauteskunde horiek direla eta, hauteskunde-prozesuen arauketa osagarriari buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuak parte hartzen dutenentzako ordainsariak eta kalte-ordainak ezartzen ditu 6. artikuluan.

Hala, toki-hauteskundeak deitzen dituen Estatuko Administrazioak 605/1999 Errege Dekretuaren 6. artikuluaren 3.a) atalean jasotako kopuruak ordaintzen dizkie udal idazkariei, eskualdeko hauteskunde-batzordeen ordezkari lanak egiteagatik (Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 11.4 artikulua); era berean, idazkariak ez diren udaletako langileek emandako aparteko zerbitzuak ere ordaintzen ditu, aipatutako artikuluaren 7. zenbakian aurreikusitako moduan. Bi kasuetan, ezarritako kopuru horiei aplikatu behar zaie artikulu horren beraren 10. zenbakian aurreikusitako igoera: administrazio publikoetako langileen ordainsarietarako urteko aurrekontuen legean onartzen dena.    
               

Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeek lana areagotzea dakarte udaletako idazkari eta gainerako langileentzat; eta horrek behartzen du Foru Aldundia, hauteskunde horiek deitzen dituen administrazioa den aldetik, konpentsazio osagarria ematera. Konpentsazio osagarri hori aipatu 6. artikuluaren 3.a) eta 7. zenbakietan aurreikusitakoen erdia (%50) izango da.

Idazkariei dagozkien ordainsariak zehazteko, idazkari diren udalerrian edo udalerrietan benetan eratutako hauteskunde-mahaien kopurua hartzen da kontuan, Idazkaritzari dagokionez udalerri horiek elkartu edo metatu izaera duten alde batera utzita. Halaber, udaletako gainerako langileek emandako aparteko zerbitzuak ordaintzeko, udalerrian benetan eratzen den mahai bakoitzeko zenbateko bat ezartzen da.         
               

Beraz, 2023ko maiatzaren 28an deitutako hauteskundeetarako hauteskunde-atal, mahai eta hauteslekuen behin-behineko zerrenda argitaratu ostean (2023ko apirilaren 10eko 67. zk. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean), aipatu udaletako langileei ordainsari osagarri gisa Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko dizkien zenbatekoak onetsi behar dira.

Horrenbestez, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 40.2.f) artikuluan, eta Gobernantza Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko urriaren 20ko 17/2020 Foru Dekretuak 1.1.f) artikuluan emandako ahalmenez baliatuz, foru diputatu honek

EBAZTEN DU

Lehenengo.    Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan eskualdeko hauteskunde-batzordeetako ordezkari lanak egin behar dituztenez gero, Foru Aldundiak udal idazkariei ondorengo sariak ordainduko dizkie, toki-hauteskundeengatik Estatuko Administrazioak ordainduko dizkienen osagarri gisa:  

508,41 euro, beren kargu 50 mahai baino gehiago dituzten idazkariei.

462,17 euro, beren kargu 11 mahaitik 50era dituzten idazkariei.

415,95 euro, beren kargu 10 mahai edo gutxiago dituzten idazkariei.

Bigarren.    Aurreko atalean ezarritako ordainsari horiek jasotzeko eskubidea hauteskunde-prozesu osoagatik dela ulertuko da. Idazkariak karguan denbora gutxiago iraunez gero, kopuru proportzionala jasotzeko eskubidea izango du.             

Hirugarren.    Batzar Nagusietarako hauteskundeetan udaletako gainerako langileek emandako aparteko zerbitzuak ordaintzeko, 23,11 euro jarriko ditu Foru Aldundiak udalerri bakoitzean benetan eratutako mahai bakoitzeko, Estatuko Administrazioak langile horiei toki-hauteskundeekin lotutako zerbitzuengatik ordainduko dienaren osagarri gisa.          

Laugarren.    Aurreko lehenengo eta hirugarren ataletan ezarritako diru kopuruen bidez ordainduta geratuko dira bai hauteskunde- prozesuaren garapen arrunta; baita, kasua balitz, hauteskundeen errepikapena edo hauteskunde-prozesuaren ondorioz gerta litekeen beste edozein bozketa-ekintza ere. Beraz, kasu horietan ez da ordainketa berririk egingo.

Bosgarren.    Foru agindu honetan aipatzen diren zenbatekoak aurrekontuko 1.0210.100.227.19.00.2023 partidaren kargura ordainduko dira, hauteskunde-batzordeen agintaldia amaitu ondoren.

Zenbateko horiek udalei ordainduko zaizkie; eta, ondoren, udal bakoitzak interesdunei ordainduko die, idazkariek erabakitako banaketaren arabera.

Foru agindu hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Interesdunek foru agindu honen aurka zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete Administrazioarekiko Auzietako Donostiako Epaitegietan, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Hala ere, partikularrek aukera dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko foru diputatu honi, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke. 

Donostia, 2023ko maiatzaren 2a.—Eider Mendoza Larrañaga, Gobernantza Departamentuko foru diputatua.     
                (3190)