2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

GOBERNANTZA DEPARTAMENTUA

791/2023 Foru Agindua, maiatzaren 2koa, hauteskunde-mahaietan Gipuzkoako Foru Aldundiak izango dituen ordezkarientzako ordainsariei buruzkoa.

Diputatu nagusiaren apirilaren 3ko 2/2023 Foru Dekretuaren bidez (2023ko apirilaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 65. zk.), Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeen deialdia egin zen: maiatzaren 28an izango direnak, toki-hauteskundeekin batera.

Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeak deitzen dituen administrazioa den Foru Aldundiak bi hauteskunde horietan hauteskunde-mahaietako behin-behineko boto-kontaketari dagozkion datuak bildu eta ezagutzera emateko zerbitzua eskainiko du bozketa-egunean bertan.

Horretarako, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 91.3 eta 98.2 artikuluetan xedatutako ondorioetarako hauteskunde-mahaien aurrean Foru Aldundiaren ordezkari gisa arituko direnak izendatzeko, egoki jo da udal idazkariei laguntza eskatzea, aurrekoetan bezala. Donostiako kasuan, edonola ere, beste modu batera jokatuko da hauteskunde-emaitzak jasotzeko.             


Horri dagokionez, pertsona horiek eskainiko dituzten zerbitzuak ordaintzeko, ontzat jo da mahaiko 74,70 euroko zenbatekoa ezartzea.

Horrenbestez, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 40.2.f) artikuluan, eta Gobernantza Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko urriaren 20ko 17/2020 Foru Dekretuak 1.1.f) artikuluan emandako ahalmenez baliatuz, foru diputatu honek

EBAZTEN DU

Lehenengo.    Maiatzaren 28ko toki-hauteskundeetan eta Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerri guztietan –Donostiakoan salbu– hauteskunde-mahaiek egiten duten behin-behineko boto-kontaketaren datuak Foru Aldundiaren izenean bildu eta bidaliko dituztenen zerbitzuak ordaintzea.    

Ordainduko den zenbatekoa 74,70 euro izango da, udalerrian eratzen den mahai bakoitzeko.         

Bigarren.    Aurreko atalean ezarritakoaren arabera udalerri bakoitzarentzat ateratzen den zenbatekoa aurrekontuko 1.0210.
100.227.19.00.2023 partidaren kargura ordainduko zaio dagokion udalari; eta udalak interesdunei ordainduko die, aldez aurretik idazkariak jakinarazitako zerrendaren arabera.

Foru agindu hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Interesdunek foru agindu honen aurka zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete Administrazioarekiko Auzietako Donostiako Epaitegietan, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.       

Hala ere, partikularrek aukera dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko foru diputatu honi, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke. 

Donostia, 2023ko maiatzaren 2a.—Eider Mendoza Larrañaga, Gobernantza Departamentuko foru diputatua.
                (3189)