2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

GOBERNANTZA DEPARTAMENTUA

753/2023 Foru Agindua, apirilaren 19koa, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako 2023ko hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdi politiko, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteei dirulaguntzak emateari buruzkoa.   

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietarako hauteskundeei buruzko Eusko Legebiltzarraren martxoaren 27ko 1/1987 Legeak hauteskunde-jarduerek eragindako gastuetarako lurralde historiko bakoitzeko aurrekontuen kontura emango diren dirulaguntzak arautzen ditu 11. artikuluan. Finantzaketa publiko horretan bi kontzeptu sartzen dira:

a)    Hautatutako batzarkide bakoitzeko kopuru finko bat: Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan jarlekuko ezarri den dirulaguntzaren %40 adinakoa.

b)    Kopuru finko bat, udal hauteskundeetan hautagai-zerrenda bakoitzak lortutako boto bakoitzeko ezarri den dirulaguntzaren adinakoa, baldin eta, hautagai-zerrendako kide bat gutxienez batzarkide hautatua izan bada.

11. artikuluaren a) letran xedatutakoa betetzeko, kontuan hartu beharko da Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2020ko maiatzaren 20ko Agindua, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legean jasotako zenbatekoak eguneratzekoa (2020ko maiatzaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 101. zk.). Agindu horrek hogeita zazpi mila bederatziehun eta hogeita hemeretzi euro eta berrogeita bat zentimoko (27.939,41 euro) dirulaguntza ezartzen du 2020ko uztailaren 12an egin ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lortutako eserleku bakoitzeko. Beraz, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, kontzeptu honi dagokionez, dirulaguntza hamaika mila ehun eta hirurogeita hamabost euro eta hirurogeita hamasei zentimokoa (11.175,76 euro) izango da hautatutako batzarkide bakoitzeko.

Bestalde, 11. artikuluaren b) letran xedatutako ondorioetarako, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 193. artikuluak udal hauteskundeetako gastuetarako dirulaguntzak kalkulatzeko arauak ezartzen ditu; eta kopuru bat finkatzen du hautagai-zerrenda bakoitzak lortutako boto bakoitzeko, baldin eta zerrendako kide bat, gutxienez, zinegotzi hautatu badute. 193. artikuluaren 4. zenbakian aurreikusten denez, bertan ezarritako kopuruak Ogasun Ministerioaren agindu bidez eguneratuko dira, dagozkion hauteskundeen deialdia egin eta ondorengo 5 egunen barruan. Aurreikuspen hori betetze aldera, apirilaren 4ko HFP/329/2023 Aginduak (2023ko apirilaren 5eko 81. zk. Estatuko Aldizkari Ofiziala) 0,54 eurotan finkatu du kontzeptu hau dela eta aplikatu beharreko zenbatekoa.

Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren 127. eta hurrengo artikuluetan arautzen da hauteskunde-gastuen finantzaketa publikoa nola gauzatuko den. Hiru fase bereizten dira.

Lehenengoa, hauteskundeak izan aurrekoa, azken hauteskunde baliokideetan lortutako emaitzen eta hauteskunde horiek direla eta eskuratutako dirulaguntzaren zenbatekoaren araberako aurrerakina; aipatu zenbatekoaren %30 gainditu gabe.            

Bigarren fasea, hauteskundeen ondorengoa, lortutako emaitzen araberako aurrerakin berri bat, beti ere aurretik Kontuen Auzitegiari sarrera eta gastuen kontabilitate xehatua eta dokumentatua aurkeztu badiote. Dirulaguntzaren %90 artekoa izan daiteke aurrerakin hau.

Hirugarren fasea dirulaguntzaren behin betiko likidazioarena da: Kontuen Auzitegiaren fiskalizazioaren ondoren egiten dena.   

Halaber, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legeak 151. artikuluan ezartzen dituen dirulaguntzen aurrerakinak ematera behartzen du Eusko Jaurlaritza (lege beraren 144. artikulua), Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoak aurreikusitako portzentaje muga berdinekin.

Aitzitik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietarako hauteskundeei buruzko martxoaren 27ko 1/1987 Legeak ez ditu hauteskunde-gastuetarako dirulaguntzen aurrerakinak aipatzen; eta, beraz, ez dio Gipuzkoako Foru Aldundiari inolako eginbeharrik ezartzen hauteskundeen dei-egile den aldetik.

Hala ere, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren araubide orokorraren mende dauden zuzeneko sufragio unibertsaleko hauteskunde guztietan dirulaguntzak aurreratzea arau orokorra denez, bidezkoa iruditu zaio irizpide bera aplikatzeari; Araba eta Bizkaiko foru aldundiek bakoitzak bere lurralde historikoan deitutako hauteskunde prozesuetarako ezarritako irizpide bera baita, gainera.

Horiek horrela, Diputatu Nagusiaren apirilaren 3ko 2/2023 Foru Dekretuaren bidez deitutako Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetara (datorren maiatzaren 28an egingo direnetara) aurkeztuko diren alderdi politiko, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteei hauteskunde-gastuengatik dagozkien dirulaguntzen aurrerakinen zenbatekoak eta horiek emateko prozedura ezartzen ditu foru agindu honek.   

Hori dela eta, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 40.2.f) artikuluan eta Gobernantza Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko urriaren 20ko 17/2020 Foru Dekretuak 1.1.f) artikuluan emandako ahalmenez baliatuz, foru diputatu honek

EBAZTEN DU

Lehenengo.    Hauteskunde-gastuetarako dirulaguntzak.

1.    Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietarako hauteskundeei buruzko martxoaren 27ko 1/1987 Legeak 11. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Diputatu Nagusiaren apirilaren 3ko 2/2023 Foru Dekretuak deitutako Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetara (datorren maiatzaren 28an egingo direnetara) aurkezten diren alderdi politiko, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteei hauteskunde-gastuetarako dirulaguntza hauek emango dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiak:

a)    Hamaika mila ehun eta hirurogeita hamabost euro eta hirurogeita hamasei zentimo (11.175,76 euro), hautatutako batzarkide bakoitzeko.

b)    Berrogeita hamalau zentimo (0,54 euro) hautagai-zerrendak lortutako boto bakoitzeko, baldin eta zerrendako kide bat, gutxienez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko batzarkide hautatu badute.

2.    Hauteskunde-gastuen finantzaketa publikoa hiru fase hauetan egingo da: hauteskundeen aurreko aurrerakinak; hauteskundeen ondorengo aurrerakinak; eta emandako dirulaguntzen likidazioa.

3.    Foru agindu honek aipatzen dituen aurrerakinak emango dira, ematekotan, bertan ezarritakoari jarraikiz eskatzen badira.

4.    Dirulaguntza hauek aurrekontuko partida hauen kontura ordainduko dira:

1.0210.100.481.00.01.2023: 700.000 €.

5.0210.100.481.00.01.2024: 74.000 €.

Bigarren.    Dirulaguntzen hauteskunde-aurreko aurrerakinak.

1.    Gipuzkoako Foru Aldundiak hauteskunde-gastuetarako dirulaguntzen aurrerakinak emango dizkie Gipuzkoako Batzar Nagusietarako azken hauteskundeetan (2019ko maiatzaren 26an egindakoetan) dirulaguntzak eskuratu zituzten alderdi, federazio eta koalizioei, betiere gerora dirulaguntza horietarako eskubidea galdu ez badute.

2.    Aurreratutako zenbatekoak ez du gaindituko aipatu azken hauteskunde haietan alderdi politiko, federazio edo koalizio horiek beraiek jasotako dirulaguntzaren %30a.

Hirugarren.    Hauteskundeen aurreko aurrerakinak emateko prozedura.

1.    Aurrerakin hauek 2023ko apirilaren 25etik 27ra bitartean eskatu ahal izango dira.

2.    Eskaerak hautagai-zerrenden administratzaileek aurkeztu behar dituzte, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordean aurkeztu ere.

3.    Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeak jasotako eskaerak jakinarazi ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak hauteskunde-administratzaileen eskura jarriko ditu dagozkien aurrerakinak 2023ko maiatzaren 3tik aurrera.            

4.    Alderdi politiko, federazio edo koalizio bakoitzari hauteskunde-gastuengatik dagokion behin betiko dirulaguntzaren zenbatekoari emandako aurrerakina kenduko zaio.

Laugarren.    Dirulaguntzen hauteskunde-ondorengo aurrerakinak.

1.    Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietarako hauteskundeei buruzko martxoaren 27ko 1/1987 Legearen 11. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten alderdi, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteei hauteskunde-gastuetarako dirulaguntzen aurrerakinak emango dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiak.     

2.    Eskualdeko hauteskunde-batzordeek egindako aldarrikatze-aktetan jasotako datuen arabera dagokion hautagai-zerrendak lortu dituen hauteskunde-emaitzak hartuko dira kontuan zenbatekoa kalkulatzeko; eta zenbateko horren %90 artekoa izango da aurreratutako kopurua, foru agindu honen bigarren atalean aipatutako aurrerakina kenduta, horrelakorik balego.            

Bosgarren.    Hauteskundeen ondorengo aurrerakinak emateko prozedura.

1.    Hauteskundeen ondorengo aurrerakinen eskaerak hautagai-zerrenden administratzaileek aurkeztu beharko dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari: bitarteko elektronikoen bidez, Foru Aldundiaren erregistro elektronikoan (https://egoitza.gipuzkoa.eus). Hala xedatzen du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak, 14.2 artikuluan.       

Horretarako, eranskin gisa onesten den inprimaki elektronikoa erabili beharko da. Inprimakia https://hauteskundeak.gipuzkoa.eus orrialdean egongo da eskuragarri, «hauteskunde-prozedura: erakunde politikoentzako dirulaguntzak» atalean.

2.    Aurreko zenbakian aipatu eskaerarekin batera ondorengo agiriak aurkeztu behar dira:

a)    Herri Kontuen Euskal Epaitegian hauteskunde-sarrerei eta -gastuei buruzko kontabilitate zehaztua eta dokumentatua aurkeztu izana frogatzeko agiria. Herri Kontuen Euskal Epaitegian aurkeztu beharrekoa aurkezteko epea 2023ko irailaren 5etik 30era izango da.

b)    Gipuzkoako Batzar Nagusien ziurtagiria, talde politiko horietako hautetsiek batzarkide izaera osoa bereganatu dutela eta karguan benetan ari direla zalantzarik gabe egiaztatzen duena.      


c)    Aurreratutako dirulaguntzaren %10ari dagokion banku-abala. Aurkezten ez bada, eskaera izapidetu egingo da, baina ehuneko hori atxikiko da ordaindu beharrekotik.

3.    Eskaera aurkeztu eta hurrengo hogeita hamar (30) egunen barruan, dagozkien aurrerakinak hauteskunde-administratzaileen eskura jarriko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Edonola ere, administratzaileek jakinarazi badiote Gipuzkoako Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeari dirulaguntzak (osorik edo zati bat) aurretiaz zehaztutako banku-erakundeei ordaintzeko (bankuek emandako aurrerakinak edo kredituak konpentsatze aldera), jakinarazpen horretan ezarritakoaren arabera egingo du ordainketa; eta jakinarazpen hori ezin izango da baliogabetu kreditu-erakunde onuradunaren baimenik gabe.       

4.    Dagokion talde politikoko kideren bat Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren 6.2.b) artikuluan aurreikusi egoeran baldin badago, ezingo da aurrerakin hau eman.

Seigarren.    Hauteskunde-gastuetarako dirulaguntzen likidazioa eta banku-abalaren itzulketa.

1.    Herri Kontuen Euskal Epaitegiak txosten arrazoitu baten bidez hauteskunde-kontabilitateen erregulartasunari buruzko iritzia eman ondoren likidatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak dirulaguntzen zenbatekoa; eta, hala balegokio, aurkeztutako banku-abala itzuliko du.

2.    Edonola ere, talde politiko bakoitzari hauteskunde-gastuengatik dagokion behin betiko dirulaguntzari emandako aurrerakinak kenduko zaizkio.

3.    Emandako aurrerakinen zati bat itzuli beharko da, haien zenbatekoak talde politiko bakoitzari hauteskunde-gastuengatik dagokion behin betiko dirulaguntzaren zenbatekoa gainditzen duenean.

Zazpigarren.    Gastua baimentzea.

Foru agindu honen bigarren eta hirugarren ataletan aipatzen diren hauteskundeen aurreko aurrerakinei aurre egiteko, 205.274,64 euroko gastua baimentzen da, aurrekontuko 1.0210.
100.481.00.01.2023 partidaren kargura.

Foru agindu hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Interesdunek foru agindu honen aurka zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete Administrazioarekiko Auzietako Donostiako Epaitegietan, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.       

Hala ere, partikularrek aukera dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko foru diputatu honi, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke.     

Donostia, 2023ko apirilaren 19a.—Eider Mendoza Larrañaga, Gobernantza Departamentuko foru diputatua.
                (2830)