1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

GOBERNANTZA DEPARTAMENTUA

673/2023 Foru Agindua, apirilaren 3koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoan Ereñotzu eta Itziar toki-erakunde txikietako auzo-alkateak aukeratzeko hauteskundeak deitzekoa.

Hauteskunde-araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 199. artikuluak xedatzen duenez, udalerriarena baino lurralde-eremu txikiagoko toki-erakundeetako organoen hauteskunde-araubidea horiek aitortzen edo sortzen dituzten autonomia-erkidegoetako legeek ezarritakoa izango da; eta halakorik ezean, aipatu artikuluan jasotakoa.

Horri buruz, Hauteskunde Batzorde Zentralak 2019ko urtarrilaren 23ko Erabakian esana duenez, hauteskunde bidez aukeratu beharreko organoak dituzten lurralde-erakundeak sortzeko eskumena bereganatu duten heinean, autonomia-erkidegoei dagokie hauteskunde horiek deitu eta kudeatzea.            


Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak eta Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bere Lurralde Historikoetako foru erakundeen arteko harremanak arautzeko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak ezarritako eskumenen banaketaren ondorioz, beren lurralde-eremuko udal mugapeen inguruko eskumen osoa daukate foru erakundeek.  


Eskumen hori baliatuz eman zen Gipuzkoako Udal Barrutiak erregulatzeko martxoaren 17ko 2/2003 Foru Araua; eta bere III. tituluan jaso zen udalerriarena baino lurralde-eremu txikiagoko toki-erakundeei buruzko arauketa, zehazki, horiek sortzeko baldintzak eta prozedura. Aitzitik, erakundeon gobernu-organoei nahiz hauteskunde-araubideari buruzko xedapenik ez dago aipatu foru arauan.

Araudi horren babesean, nortasun juridikodun bi toki-erakunde txiki dauzka Gipuzkoako Lurralde Historikoak: Hernanin Ereñotzu eta Deban Itziar; eta bi kasuetan, eratzeko foru dekretuek ondorengo gobernu-organo hauek ezartzen dituzte:         

a)    Auzo-alkatetza, kide bakarreko organo gisa.

b)    Auzo-batzordea, kide anitzeko organo gisa: auzo-alkateak eta lau kidek osatua.

Gobernu-organo horiek hautatzerakoan, 5/1985 Lege Organikoaren 199. artikulua aplikatu behar da. Horren arabera, auzo-alkatea toki-erakunde txikiko auzotarrek hautatzen dute zuzenean, gehiengoko hauteskunde-sistema erabiliz aurkeztutako hautagaien artean; Auzo-batzordeko kideak izendatzeko, berriz, kontuan hartzen dira toki-erakunde txiki horrek barne hartzen dituen hauteskunde-atal edo ataletan udal hauteskundeetarako izandako emaitzak.

Horiek horrela, Gobernantza Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko urriaren 20ko 17/2020 Foru Dekretuak 1.1.g) artikuluan, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 40.1.d) artikuluan foru diputatu honi emandako ahalmenez baliatuz,    

XEDATZEN DUT

Artikulu bakarra.  Hauteskundeen deialdia eta data.             

Gipuzkoako Lurralde Historikoan, Ereñotzu (Hernanin) eta Itziar (Deban) toki-erakunde txikietako auzo-alkateak aukeratzeko hauteskundeak deitzen dira: 2023ko maiatzaren 28an egingo direnak, Hauteskunde-araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 199. artikuluan xedatutako baldintzetan.            

Amaierako xedapen bakarra.  Indarrean jartzea.

Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2023ko apirilaren 3a.—Eider Mendoza Larrañaga, Gobernantza Departamentuko foru diputatua.  
                (2526)