IDIAZABALGO UDALA
Adinekoentzako udal ostatu zerbitzua arautzen duen erreglamentuaren behin betiko onespena.
Idiazabalgo Udalak, osoko bilkuran, onartu zuen adinekoentzako udal osatu zerbitzua arautzen duen erreglamentua.
Era berean, onartu zuen jendaurrean jartzea hogeita hamar eguneko epean, dagokion iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, erreklamazioak egin ahal izateko.
Jendaurrean jartzeko epea igaro da eta ez da erreklamaziorik aurkeztu. Beraz, dokumentu hori behin betiko onetsitzat jotzen da.
Idiazabal, 2023ko urtarrilaren 3a.—Alkatea. (20)
Adinekoentzako Udal Ostatu Zerbitzuaren Araudia.
Aurkibidea.
Hitzaurrea.
Lehenengo titulua.
1. artikulua. Xedea.
2. artikulua. Definizioa.
3. artikulua. Helburuak.
Bigarren titulua.
I. kapitulua. Zerbitzuaren ezaugarri, modalitate eta prestazioak.
4. artikulua. Zerbitzuaren ezaugarri eta modalitateak.
5. artikulua. Prestazioak.
II. kapitulua. Erabiltzaileak.
6. artikulua. Erabiltzaileentzako eskakizunak.
7. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.
8. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
III. kapitulua. Zerbitzuan sartzeko eta jarraitzeko prozedura.
1. sekzioa. Eskatzaileen zerrendan sartzea.
9. artikulua. Zerbitzuan sartzeko eskaera.
10. artikulua. Eskatzaileen zerrenda.
11. artikulua. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
12. artikulua. Tramitazioa.
13. artikulua. Ebazpena.
14. artikulua. Premiaz sartzea.
2. sekzioa. Zerbitzuan onartua izatea eta sartzea.
15. artikulua. Zerbitzuan onartua izatea.
16. artikulua. Baliabidea edo zerbitzua lekuz aldatzea.
17. artikulua. Aldi baterako egonaldiak.
3. sekzioa. Zerbitzuaren jarraipena.
18. artikulua. Jarraipena eta ebaluazioa.
19. artikulua. Egokitzaldia.
20. artikulua. Banakako Arreta Plana (BAP).
IV. kapitulua. Zerbitzua etetea eta azkentzea (amaitutzat ematea).
21. artikulua. Zerbitzua etetea, erreserbatzea, bertan behera uztea, hari uko egitea eta azkentzea.
V. kapitulua. Zerbitzuaren araubide ekonomikoa.
22. artikulua. Adinekoentzako udal ostatu-zerbitzuaren prezioak: kontratuaren prezioa eta prezio publikoa.
23. artikulua. Finantzaketa.
24. artikulua. Zerbitzuaren prezio publikoa.
VIII. kapitulua. Arau hausteei eta zehapenei buruzko araubidea.
25. artikulua. Arau-hausteak.
26. artikulua. Zehapenak.
Lehenengo xedapen gehigarria.
Bigarren xedapen gehigarria.
Hirugarren xedapen gehigarria.
Xedapen iragankorra.
Xedapen indargabetzailea.
Azken xedapenetatik lehena.
Azken xedapenetatik bigarrena.
I. eranskina. Zerbitzuak eta prestazioak.
II. eranskina. Gizarte babesik gabeko egoera.
III. eranskina. Sartzeko baremoa.
HITZAURREA
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea onartzeak eragin nabarmena izan du gizarte-zerbitzuen esparruan.
Zehazki, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuen sistema integratua antolatu eta egituratzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuak eskuratzeko herritar guztien eskubide subjektiboa bermatzeko, sistema horretan sartzeko baldintza orokorren eta prestazio edo zerbitzu bakoitzean sartzeko araututako eskakizun espezifikoen esparruan.
Hala, 22. artikuluan, prestazio edo zerbitzu bakoitzerako, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoa zehaztu du, besteak beste, adinekoentzako Ostatu Zerbitzua. Zerbitzu hura ematea udalen eskumena da.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea garatzeko, aipatutako eskubide subjektiboa mugatu du. Gainera, Gizarte Zerbitzuen Legearen katalogoan ezarritako prestazio eta zerbitzuak eskuratzeko baldintza, irizpide eta prozedurak arautu ditu.
Halaber, gizartearen egoera aldatu egin da; hala, adinekoen hazkunde demografiko progresiboa gertatu da, bizi-itxaropenak gora egitearekin batera, gure gizartean adin-piramidea aldatu delako. Aurrekoaz gain, babesa emateko eragilea izateari dagokionez, familia barruko harremanetan aldaketa eman da eta gizarte-zerbitzuak ere garatu egin dira.
Lehentasunezkoa da herritarrek bizilekuan ahal den beste geratu nahi izatea, bizitza osoan izan duten erreferentziazko gizarte-sareari eutsita, herritar horientzako laguntza-zerbitzuak kontuan hartzeko eta zehazteko, izan ere, haien mendekotasuna gero eta handiagoa da. Alde horretatik, ostatu-zerbitzuek egoitzetan eskaintzen direnen ordezko aukera osatzen dutela esan daiteke, etxebizitzen pareko izaerarekin.
Mendekotasun-egoeran edo horren arriskuan daudenei arreta emateko beharrizan horrekin batera, gizarte-babesik gabe dauden adineko batzuek ordezko bizilekua eduki behar dute oinarrizko arretaren premiei eta arreta integralagoaren beharrizan gero eta handiagoei erantzun ahal izateko.
Amaitzeko, aipatzekoa da araudiak errespetatu egin dituela Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen (aurrerantzean, 39/2015 Legearen) 129.1 artikuluan aipatutako printzipioak (premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia).
Araudia premiaren eta efikaziaren printzipioari egokituta egoteari dagokionez, lehen azaldu den bezala, haren onarpenak zerbitzua arau-esparru berrian kokatzeko beharrizanean oinarri duela adierazi behar dugu, egungo errealitate sozialari erantzuteko moduan. Halaber, arau hau tresnarik egokien eta efikazena da helburu horiek lortuko direla bermatzeko.
Arau hori proportzionaltasun-printzipioarekin ere koherentea da; hala, araudia bitarteko beharrezko eta nahikoa da zerbitzu bera eta haren helburuak zehazten dituen Adinekoentzako Udal Ostatu Zerbitzua arautzeko. Hala, bere funtsezko alderdiak arautu ditu, hala nola zerbitzutik kanpo dauden prestazioak, erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak, zerbitzua erabiltzeko baldintzak eta horretan sartzeko prozedura, zerbitzua etetea eta azkentzea eta haren araubide ekonomikoa.
Bestalde, araudiak zerbitzuaren erregulazioa hobetu du, aurreikusteko moduko ziurtasunezko arau-esparru koherente, egonkor, integratu eta argia ezarrita; beraz, ez dago aplikatu beharreko araubide juridikoarekiko inkoherentziarik edo kontraesanik eta, horrela, segurtasun juridikoaren printzipioa errespetatu da.
Gardentasun-printzipioari dagokionez, beharrezko jarduerak egin dira herritarren benetako parte-hartzea bermatzeko araudia egitean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Halaber, toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49. artikuluan jendaurreko informazioari eta entzunaldiari buruz araututako izapideak gauzatu ondoren onartu da araudia. Azkenik, araudia koherentea da eraginkortasun-printzipioarekin, izan ere, beharrezkoak ez diren administrazio-kargak murriztu ditu eta administrazio-prozedura ahal den beste sinplifikatu eta arindu.
LEHEN TITULUA
1. artikulua. Xedea.
Araudi honen xedea Adinekoentzako Udal Ostatu Zerbitzua arautzea da, Idiazabalgo udalerriak gizarte-zerbitzuetan dauzkan eskumenen esparruan.
2. artikulua. Definizioa.
Udal ostatua egonaldi luzerako edo erabilera iraunkorrerako zerbitzua da eta, salbuespen gisa, aldi baterakoa. Tutoretza, bitartekaritza-bitartekotza, gizarte-laguntza eta gainbegiratze lanak egiteko langileen laguntza eta, hala badagokio, etxez etxeko arreta pertsonala ere jasotzeko aukerarekin.
3. artikulua. Helburuak.
—Erabiltzaileak haien komunitatearen ingurunean gera daitezela erraztea.
—Autonomia-maila pertsonala hobetzea, hari eustea edota autonomiaz moldatzeko aukera ematen duten trebetasun eta gaitasunak galtzea prebenitzea.
—Bakarrik bizitzen ez uztea.
—Segurtasun-sentimendua hobetzea.
—Bizilekurik ez dutenei ostatu hartzeko aukerak ematea.
—Beste zerbitzu batzuen esku-hartzea eska dezaketen beste beharrizan batzuk antzematea.
BIGARREN TITULUA
I. KAPITULUA. ZERBITZUAREN EZAUGARRI, MODALITATE ETA PRESTAZIOAK
4. artikulua. Zerbitzuaren ezaugarri eta modalitateak.
Etxebizitza komunitarioak: ekipamendu kolektiboa da, antolatzeko hainbat aukerarekin: etxebizitza arruntak dituen eraikin batean txertatuta egotea, beste gizarte-ekipamendu batzuen ondoan dagoen eraikin batean kokatzea, edo helburu hori daukan eraikin berezian jartzea.
Idiazabalgo adinekoentzako etxebizitza komunitarioa ekipamendu kolektiboa da. Beste Gizarte-ekipamendu batzuekin batera, Pilarrenea gizarte-zerbitzuen landa-zentroan integratuta dagoena. Hiru gela ditu, bi bikoitz eta bakar bat; bainugela eta komuna; egongela, sukaldea eta jantokia.
5. artikulua. Prestazioak.
Adinekoentzako ostatu-zerbitzua honako manuetan ezarritakoaren arabera emango da: Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea; Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretua; eta ezarri beharreko gainerako araudia.
Adinekoentzako ostatu-Zerbitzuan honako prestazio hauek eman ahal izango dira:
Oinarrizko prestazioak:
—Ostatua.
—Tutoretza eta gainbegiratzea.
—Jarraipenaren balorazioa - Gizarte arloko laguntza-zerbitzua.
—Bitartekotza-bitartekaritza.
—Egoiliarrentzako informazio-zerbitzua.
—Komunikazio- eta segurtasun-zerbitzua.
—Prestazio osagarriak eta aukerakoak:
—Eguneroko zereginetarako banakako laguntza-zerbitzua.
—Mantenua, hala badagokio.
—Garbitegia, hala badagokio.
—Osasun-arreta.
Zerbitzu horiek araudi honen I. eranskinean garatzen dira.
II. KAPITULUA. ERABILTZAILEAK
6. artikulua. Erabiltzaileentzako eskakizunak.
1. Oro har, honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek eskatu ahal izango dute ostatu-zerbitzu hori:
—65 urtetik gorakoak izatea.
—I. graduko mendekotasuna edukitzea, betiere Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan.
—Ostatu hartzeko aukeraren beharra izatea, egonaldi luzekoa edo iraunkorra denean (salbuespenez, aldi baterakoa), bizileku egokirik ez izatearen ondorioz, bai irisgarritasunaren edota bizigarritasunaren baldintzei dagokienez, bai bizikidetzari edo bakarrik (gizartetik kanpo) bizitzeari lotutako arazoak dituztelako.
—Laguntzak behar izatea harremanari lotutako trebetasunak edukitzeko edo garatzeko, ingurune komunitarioan bizitza autonomoa izateko eta, hala badagokio, eguneroko bizimoduari lotutako jarduerak egiteko.
—Eskabidea aurkeztu baino 6 hilabete lehenago, Idiazabalgo udalerrian erroldatuta egotea.
—Udal gizarte-zerbitzuek zerbitzuaren egokitasunari buruz emandako aitorpen teknikoa izatea.
—Eskainitako zerbitzua jasotzearekin ados daudela adieraztea. Horren ordez, legezko tutoreak eman ahal izango baimen hori.
—Osasun-erakundeetan edo izaera sozio-sanitarioa dutenetan osasun-laguntza etengabe jasotzen aritzea eskatzen duen egoerarik ez izatea.
—Infektatzeko edo kutsatzeko arriskua duten gaixotasunik edota arazo mentalik izanez gero, jaso beharreko tratamenduari uko ez egitea.
Jokabideari lotutako nahasmenduak badituzte, horiek langileentzat eta ostatuan bizi diren gainerako erabiltzaileentzat arriskurik ez ekartzea.
2. Salbuespen gisa, 60 urte edo gehiagokoek ere ostatu-zerbitzu honen hartzaile izan ahalko dute, betiere artikulu honetako 1. zenbakiko b), c), d), f), g), h), i), j) letretan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badituzte eta aldeko aitorpen teknikoa badute. Erroldatuta egoteko betekizunari dagokionez, artikulu honetako 6. zenbakian aurreikusitakoa beteko da.
3. Era berean, salbuespen gisa, ostatu-zerbitzu honen hartzaile izan ahalko dute mendekotasun-arriskuan daudenek (MBB 23-24), baldin eta artikulu honetako 1. paragrafoko a), c), d), f), g), h), i) eta j) letretan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badituzte eta aldeko aitorpen teknikoa badute. Erroldatuta egoteko betekizunari dagokionez, artikulu honetako 6. zenbakian aurreikusitakoa beteko da.
4. Era berean, ostatu-zerbitzu hori eskatu ahal izango dute mendekotasun larriko egoeran (MBB 50-74) dauden pertsonek, baldin eta artikulu honen 1. apartatuaren a), c), d), f), g), h), i) eta j) letretan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badituzte eta aldeko preskripzio teknikoa badute.
Erroldatuta egoteko betekizunari dagokionez, artikulu honetako 6. zenbakian aurreikusitakoari erreparatuko diogu.
5. Era mugatuan, ostatu-zerbitzuaren hartzaile izan ahalko dute artikulu honetako 1-a) eta 1-b), 2, 3 eta 4, paragrafoetan aurreikusitako egoeren artean ez dauden 60 urtetik gorako beste batzuk, baldin eta artikulu honetako 1. paragrafoko c), d), f), g), h), i), j) letretan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badituzte eta aitorpen teknikopean arreta jaso dezaketen artean daudela iritziz gero, gizarte-babesik gabe daudelako, araudi honetako II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera. Erroldatuta egoteko betekizunari dagokionez, artikulu honetako 6. zenbakian aurreikusitakoari erreparatuko diogu.
6. Bizikidetza-unitateari eusteko, betiere aitorpen teknikoari lotuta, adinekoentzako ostatu-zerbitzua baliatu ahal izango dute, artikulu honetako 1. eta 2. zenbakietan aurreikusitako kasuetan, eskatzailearekin, ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin batera eta, salbuespen gisa, beren ardurapean dituzten seme-alabekin batera. Bi kasuetan logela partekatzera behartuta egongo dira.
Hala ere, aurreko paragrafoan aipatutakoek lekua izateko eskubidea galduko dute, baldin eta familia berriz elkartzeagatik eskubidea ematen ziona hiltzen bada edo beste edozein arrazoirengatik leku hori izateko eskubidea galtzen badu.
7. Artikulu honetako 2., 3., 4., 5., eta 6. ataletan aurreikusitako egoeretan daudenek mendekotasuna aitortuta ez badute, ostatu-zerbitzuaren hartzaile izateko, eskabidea egiten den egunean gutxienez Idiazabalgo udalerrian erroldatuta egon beharko dute, eskaera aurkeztu aurreko 6 hilabeteetan nahiz zerbitzua jasotzen duten bitartean ere.
7. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 9. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta betebeharren zorroa eta iradokizunen eta kexen araubidea onartzen dituen apirilaren 6ko 64/2004 Dekretuan ezarritakoaz gain, adinekoentzako ostatu-zerbitzuaren erabiltzaileek honako eskubide hauek izango dituzte:
—Ostatuan egoteko eskubidea.
—Sexu, arraza, erlijio, ideologia edo beste edozein egoera zein inguruabar pertsonal edo sozial dela-eta bereizkeriarik egin gabe laguntza jasotzekoa.
—Erraz ulertzeko moduan eman behar zaie informazioa beren eskubide eta betebeharren edukiari buruz; hau da, eskubideak benetan baliatzeko aukera ematen duten informazioa jasotzeko, parte hartzeko, iradokizunak emateko eta kexak jakinarazteko bideetara jotzeko eskubidea.
—Errespetu, zuzentasun eta ulermen osoz artatuak izatekoa, bai hitzezko harremanetan, bai, hala badagokionean, eguneroko zereginak egiteko beharrezko izan dezaketen laguntza fisikoan.
—Beren beharrizanen eta, ahal den guztietan, beren lehentasunen arabera erabateko errespetuz tratatuak izatekoa.
—Dagokien informazioaren pribatutasuna eta konfidentzialtasuna errespetatuta tratatuak izatekoa.
—Beren lehentasunaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan artatuak izatekoa.
—Zerbitzuaren baldintzetan aldaketarik egonez gero, aldez aurretik, horren berri jasotzea.
—Erreferentziazko profesionala esleitua izatekoe, beren beharrizanen aldizkako ebaluazioa edo diagnostikoa egiteko, banakako arreta-plana osatzeko eta esku hartzeko prozesuaren koherentzia, integraltasuna eta jarraitutasuna lortzeko.
—Lekua erreserbatzeko eskubidea, borondatez ez agertzeagatik, urtean 45 egunez gehienez, edo ospitaleratzeagatik, urtean 90 egunez gehienez, araudi honen 21. artikuluan jasotako baldintzetan.
—Zerbitzuaren erabiltzaileek, norbere borondatez, beren objektu pertsonalak bertan instalatu ahal izango dituzte, betiere esleitutako espazioaren baldintzekin eta neurriekin bateragarriak badira. Udala ez da inoiz bere ostatuan dituen baliozko objektuen erantzule izango.
—Zerbitzuaren erabiltzaileak espazioari bere ukitua eman ahal izango dio, betiere baldintza egokiak betetzen badira. Altzariak bertara eraman nahi izanez gero, bere kontura egin beharko du.
—Zerbitzuaren kalitatea, araudi honetan zehaztutakoarekin bat etorriz.
—Unean-unean funtzionamenduari buruzko barne-araudia izateko eskubidea, baita Udalarekin sinatutako akordioa jasotzen duen kontratua formalizatzea ere.
Epaitegian ezgaitutakoei legezko ordezkarien bidez bermatuko diete beren eskubideak gauzatzeko aukera, indarrean dagoen araudian aurreikusitako baldintzetan.
8. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 10. artikuluan ezarritakoaz gain, ostatu-zerbitzuaren erabiltzaileek honako betebehar hauek izango dituzte:
—Gizarte-zerbitzuetako erreferentziazko profesionalari erabiltzailearen egoera sozioekonomikoa baloratzeko beharrezko dokumentuak ematea.
—Adinekoentzako ostatu-zerbitzuaren barne-araubidearen arauak ezagutzea eta betetzea.
—Erabiltzen diren instalazioak eta zerbitzuak errespetatzea eta zaintzea, eta egoera onean edukitzeko laguntzea.
—Instalazioetan inolako obrarik ez egitea.
—Udal edo osasun-arloko zerbitzuei etxebizitzako/apartamentuko erabiltzailearen eremu pribatura sartzen uztea, larrialdietan edo horren premia dagoenean.
—Ostatuko giltzen kopia udal zerbitzuei ematea, larrialdietan erabili ahal izateko.
—Ahal den neurrian, eguneroko zereginetan laguntzea (instalazioak, arropa, tresnak eta ekipamendua garbitzea, otorduak egitea, etab.).
—Beren bizi-araubideaz eta arreta pertsonalaz, sanitarioaz eta elikaduraz arduratzea.
—Banakako arreta-plana egiten parte hartzea eta laguntzea.
—Arduradunei ikusitako irregulartasun edo anomalien berri ematea, zerbitzuaren funtzionamenduari, antolamenduari edo instalazioei dagokienez.
—Zerbitzuko profesionalak zuzentasunez eta errespetuz tratatzea eta beren jarduera erraztea eta laguntzea.
—Udal zerbitzu teknikoei, gehienez ere 10 eguneko epean, egoera sozioekonomikoaren edozein aldaketa esanguratsuren berri ematea, horrek zerbitzuaren prestazioari eragiteko aukera badago.
—Udal teknikariei zerbitzuaren prezio publikoa ordaintzeko banku-erakundea eta kontu-korrontearen zenbakia ematea.
—Prezio publikoa adierazitako epean ordaintzea.
—Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzea mendekotasuna baloratzeko edo berrikusteko edota, hala badagokio, aitorpen teknikoari lotutako desgaitasunaren balorazioa egiteko.
—Osasun-erakundeetara etengabe joatea, osasun-egoerak hala eskatzen badu.
—Zerbitzua eman bitartean infektatzeko edo kutsatzeko arriskua duten gaixotasunen berri udal teknikariei ematea, beharrezko babes-neurriak har ditzaten.
—Zerbitzua behar bezala emateko laguntza teknikoak erabiltzea gomendatzen duen aitorpen teknikorik badago (kasuaren arduradunak emandakoa), erabiltzaileak horretan azaldutakoa agindutako laguntzekin egiteko aukera ematea.
—Udal gizarte-zerbitzuek eskatzen dizkioten hitzorduetara joatea.
—Lekua erreserbatzeak eragin ditzakeen gorabeherak aldez aurretik jakinaraztea.
Betebehar horietako bat betetzen ez bada, zerbitzua eteteko edo azkentzeko prozedura hasiko da, araudi honetan araututako prozeduraren arabera.
III. KAPITULUA. ZERBITZUAN ONARTUA IZATEA ETA
SARTZEA
1. ATALA. Eskatzaileen zerrendan sartzea
9. artikulua. Zerbitzuan sartzeko eskaera.
Araudi honetako adinekoentzako ostatu-Zerbitzuan sartzeko interesdunak, edo, hala badagokio, haren legezko ordezkariak, organo eskudunari zuzendutako eskaera egingo du, Udalak horretarako gaituta duen edozein erregistrotan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitakoetan aurkeztuta.
10. artikulua. Eskatzaileen zerrenda.
Zerbitzu-eskatzaileen zerrenda zerbitzua erabiltzeko lekua esleitzeko lehentasuna antolatzeko tresna da. Horretarako, Zerbitzuan sartzeko baremoa aplikatuta lortutako puntuazioari erreparatuko zaio, III. eranskinean ezarritakoaren arabera.
Lekurik esleitu ez zaien interesdunek espedientea berrikusteko eskatu ahal izango dute, behar bezala egiaztatuta, baldin eta haien inguruabar pertsonaletan izandako aldaketak balorazio hori aldatzeko aukera badago.
Zerbitzu-eskatzaileen zerrendak publikoak dira, hargatik eragotzi gabe arlo horretan aplikatzekoa den arautegitik eratorritako mugak eta, bereziki, herritarren intimitaterako eskubideari dagokionez. Eskaera egin ondoren, edukiarekin zerikusia duten ziurtagiriak emango zaizkie interes legitimoa egiaztatzen dutenei.
Eskatzailearen mendekotasunaren balorazioa organo eskudunak erabilitako eskalaren arabera aldatzen bada eta horrek herritarra 2-3 graduko mendekotzat hartzea berekin badakar, Idiazabalgo Udalak eskatzaileen zerrendatik ofizioz kendu ahal izango du, udal organo eskudunaren ebazpenari jarraikiz. Halaber, beste balorazio bat egin ondoren, berriro autonomotzat edo 1. gradukotzat kalifikatzen badute, zerrendara itzultzeko aukera izango du.
11. artikulua. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
—NANaren fotokopia edo identifikazio-agiri baliokideren bat.
—Familia-liburua.
—Mendekotasunaren edota desgaitasunaren balorazioa, hura beste autonomia-erkidego batean egin bada eta espedientea Gipuzkoako Foru Aldundiari oraindik helarazi ez badiote.
—Medikuaren txostena, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen iritziz beharrezkoa denean.
—Egoera ekonomikoari buruzko datuak (dokumentazio hori zerbitzuaren onuradun guztiei buruzkoa izango da):
—Eskabidea egin aurreko lau urteetako ondasun higigarriei eta higiezinei buruzko zinpeko aitorpena.
—Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenaren fotokopia edo, halakorik ezean, aitorpena egitera behartuta ez dagoelako Ogasunaren ziurtagiria.
—Edozergatik izan dituen egungo diru-sarrerak egiaztatzea: gizarte-aurreikuspeneko pentsio eta prestazio publikoak, pribatuak eta atzerrikoak, nominak, enpresa-jardueren etekinak, etab.
—Kapital higiezinaren etekinengatiko diru-sarreren egiaztagiria, halakorik balego.
—Banku-posizio eguneratu guztien eta kapital higigarriaren errendimenduen ziurtagiria.
—Gipuzkoatik kanpo dituzten jabetzen katastro-balioa eta titulartasuna egiaztatzea.
—Ezarritako prezioaren hileko ekarpena ordaintzeko erabiliko den banku-erakundea eta kontu korrontearen zenbakia.
—Udalaren gizarte-zerbitzuen iritziz interesgarria den beste edozein agiri.
Eskatzaileak bere egoera ekonomikoa baloratua izatea nahi ez badu edo modu frogagarrian justifikatu ezean, bere egoera ekonomikoa kontuan hartzeari uko egiten diola ulertuko da; beraz, zerbitzua ordaintzeko ezarritako gehieneko prezio publikoa ordaindu beharko du, eta 0 puntu lortuko ditu bere egoera ekonomikoaren balorazioan, III. eranskineko 3. atalean (Sarbide-baremoa) aurreikusten dena.
Eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa osatugabea edo akastuna bada, 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari beharrezko dokumentazioa aurkezteko edo atzemandako akatsak zuzen ditzan eta, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko diote.
Eskatzaileak ez du administrazioaren esku dagoen dokumentazioa aurkeztu beharrik izango, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren arabera.
Udalak egiaztatu edo bilduko ditu eskatzailearen eta, hala badagokio, gainerako onuradunen datuak. Datu horiek araudi honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzera eta, hala badagokio, zerbitzua finantzatzeko betekizunak eta baliabide ekonomikoak egiaztatzera mugatuko dira soilik.
Eskatzaileak edo, hala badagokio, gainerako onuradunek aurreko atalean aurreikusitako datuak egiaztatzeko edo biltzeko egin beharreko kudeaketak egiteko Udalari baimena ematen ez badiote, idatziz jaso beharko dute ezezkoa eman izana eta horren arrazoia, behar bezala justifikatuta.
Datuak faltsutu eta ezkutatuz gero, zerbitzuaren eskatzaile-izaera galduko da, egon litezkeen erantzukizunak baztertu gabe.
12. artikulua. Izapidetzea.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean jasotako zehaztapenak kontuan hartuko dira erabiltzaileen beharrizanen ebaluazioa eta gizarte-proposamenaren txostena egiteko.
A) Beharrizanen ebaluazioa:
Eskaeraren balorazioa eta ebazpenaren proposamena Udalaren Gizarte Zerbitzuetako teknikariek egingo dituzte.
Teknikariek aurkeztutako dokumentazioa aztertuko dute eta elkarrizketak, etxez etxeko bisitak eta egoera bakoitzaren premiak baloratzeko egin beharreko gestio guztiak egingo dituzte.
B) Gizarte-txostena-proposamena:
Gizarte-langileek gizarte-txostena edota nahitaezko proposamena egingo dute, honako alderdi hauek zehaztuta:
—Zerbitzuan sartzeko baldintzak betetzen diren ala ez.
—Hala badagokio, betekizunak salbuesteari buruzko proposamen arrazoitua.
—Eskatzailearen eta, hala badagokio, haren bizikidetza-unitatearen inguruabar pertsonalak, familiarrak eta sozialak.
—III. eranskinean jasotako baremo-eskalaren puntuazioa, hala badagokio.
—Zerbitzuan egoteko eguneko prezioa.
—Hala badagokio, zerbitzua ukatzeko proposamen arrazoitua.
13. artikulua. Ebazpena.
Eskaera aztertu eta baloratu ondoren eta txosten soziala zein proposamena egindakoan, udal organo eskudunari helaraziko zaio, eta hark ebazpen arrazoitua emango du, eskatutako Zerbitzuan sartzeko eskaera baietsita edo ezetsita.
Eskaera udal erregistroren batean sartu eta gehienez ere bi hilabeteko epean eman beharko da ebazpena. Epe hori eten egingo da eskabideak zuzentzeko eskatzen denean, jakinarazpena egin denetik hura betetzen den arte edo, halakorik ezean, emandako epea igaro arte, edo Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatzailearen autonomiaren balorazioari buruz osatutako nahitaezko txostena eskatu behar denean, bai eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22. artikuluan aurreikusitako gainerako kasuetan ere.
Aurreko zenbakian aurreikusitako epea igaro eta berariaz ebazpenik eman ez bada, ebazteko betebeharra baztertu gabe, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, interesdunak berraztertzeko aukerako errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izateko.
Aldeko ebazpenak honako alderdi hauek jaso beharko ditu:
—Eskaria zerbitzuaren eskatzaileen zerrendan sartzea.
—Zerbitzua ematearen onarpena, honako alderdi hauek zehaztuta: zerbitzuaren iraupen, mota eta kostua, onuradunari dagokion prezio publikoarekin batera.
—Ebazpen hori zerbitzua ematen duen erakundeari ere jakinaraziko diote, hala badagokio, eta hark jakinarazpena jaso eta 15 egun naturaleko epean gauzatu beharko du, itxarote-zerrenda dagoenean izan ezik; kasu horretan, araudiaren 15. artikuluan xedatutakoaren arabera onartuko da zerbitzua.
Ezezko ebazpenak berorren arrazoiak jaso beharko ditu, eta bidezkoa izango da honako kasu hauetan:
—Araudi honetako 6. artikuluan jasotako sarbide-baldintzak ez betetzea.
—Beste herri-administrazio batzuen eskumena izatea, prestazioaren izaera dela eta.
—Zerbitzua eskatzailearen beharrizanei ez egokitzea.
—Behar bezala arrazoitutako beste arrazoi batzuk.
14. artikulua. Premiaz sartzea.
Salbuespenez, larrialdiko eta premia handiko egoerei erantzuteko, erreferentziazko gizarte-langileak, modu arrazoituan, ostatu emateko baliabide batean berehala sartzen hastea proposatuko du.
Premia handiaz sartzeko prozedura hasteko, interesdunak ostatuan sartzearekin ados dagoela berariaz adierazi beharko du, eskabidea sinatuta. Baimen horrekin batera, premiaren arrazoia egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira. Adinekoentzako ostatu-baliabidean lekua emateko, horretan sartzeko baldintzak betetzen direla berretsi beharko da. Nolanahi ere, ostatuan lekua premiaz esleitzeko prozedura hasteko gutxieneko dokumentazioa honako hau izango da: interesdunak sinatutako eskabidea; premia eragin duen gertakariaren egiaztagiria edota txosten soziala; eta ordaintzeko konpromisoa.
Adinekoentzako ostatu-Zerbitzuan lekua behin-behinean emango diote eta geroago espedientea osatzeko eta baliabidea berari behin betiko esleitu ahal izateko falta den dokumentazioa aurkeztuko da. Espedientea osatutakoan, behin-behinean lagatako baliabidea betiko emateko baldintzak betetzen ez dituela egiaztatzen bada, hura ez ematea aginduko da eta, hala badagokio, bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzeko prozedura hasiko da.
Ostatu hartzeko lekurik ez badago, premiazko egoera larrialdiko baliabide baten bidez kudeatuko da, eta onuraduna eskatzaileen zerrendan sartuko da, araudi honen III. eranskinean jasotzen den bezala.
2. ATALA. Zerbitzuan onartua izatea eta sartzea
15. artikulua. Zerbitzuan onartua izatea.
Zerbitzuan sartzeko aukera ematea III. eranskinean jasotako baremoaren arabera onartuko da.
Zerbitzua jasotzeko lekurik ez dagoelako eskaerei erantzutea ezinezkoa izango denean, itxarote-zerrenda sortuko da. Horretan, bi jende-multzo sortuko dira, zerbitzua eskuratzeko lehentasunaren arabera:
Lehenik eta behin, I. mailako mendekotasuna duten eskatzaileak.
Bigarrenik, mendekotasun-gradurik gabekoak edo mendekotasunean sartzeko arriskuan daudenak.
Aurreko bi taldeetako lagun bakoitza ordenaren arabera jartzeko, bere eskabidea III. eranskineko baremoaren arabera baloratu ondoren lortutako puntuazio orokorra kontuan hartuko da.
Lekuak zerrendaren arabera eta erabiltzaile bakoitzaren beharren arabera esleituko dira, eskatzailearen behar pertsonalei erantzuteko baliabide egokiena bilatuz. Horretarako, kontuan hartuko dira, batetik, eskabidea baloratu ondoren lortutako puntuazio orokorra, eta, bestetik, bete beharreko plazen ezaugarriak.
Puntuazio bera duten eskabideetan, sarbide-baremoan ehunekorik handiena duten ataletan puntu gehien dituztenak lehenetsiko dira. Hala eta guztiz ere, bi erabiltzailek baremoaren atal guztietan puntuazio bera lortzen badute, errekurtsoa bi horietatik zeini esleitzen zaion erabakitzeko, udal teknikarien iritzia beharko da.
Aurreko lerrokadaren arabera, hutsik dauden bizilekuak zerrendara sartzeko eskaera onesten duen organo eskudunaren ebazpen berean esleituko dira, edo hutsik dagoen bizileku bat sortzen bada, organo beraren ondorengo ebazpenaren bidez. Ebazpen horretan, nolanahi ere, baliabidea emateko aurretik adierazitako baldintzak jasoko dira, eta legerian eskatutako epeak eta formalitateak beteta jakinarazi beharko da.
Bizilekuan sartzea onartutakoan, haren esleipendunak adierazitako egunetik erabili beharko du edo, gehienez ere, 7 eguneko epean, bera sartzeko erabakitako egunetik zenbatzen hasita.
Interesdunari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik epe horretan sartzen ez bada, interesdunak 3 egun gehiago izango ditu ostatuan sartzeko. 3 egun horiek leku-erreserbako egun gisa zenbatuko dira, eta erabiltzaileak «leku-erreserba» egoerari dagokion zatia ordaindu beharko du. 10 egun igaro ondoren erabiltzailea arrazoi justifikaturik gabe ostatuan sartu ez bada, izapidetutako espedientetik eratorritako eskubideei uko egiten diela ulertuko da.
Ezarritako egunean edo epean ostatuan sartzea eragozten duten inguruabar bereziak daudenean, interesdunak ostatuan sartzeko data aldatzea edo epea luzatzea eskatu ahal izango du, eta organo eskudunaren bidez beste data edo epe bat ezarriko da. Hala ere, inguruabarrek hala eskatzen badute, leku hori eskatzaileen zerrendako beste bati esleitu ahal izango zaio eta eskatzailea lanpostu huts berri baten zain geratuko da.
Baliabidean edo Zerbitzuan sartu aurretik, edo, nolanahi ere, egun berean, Udalak zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko araudiaren berri emango dio etorkizuneko erabiltzaileari, hizkera ulergarrian eta erabiltzaileak ulertzeko moduan. Zerbitzuan sartzeak arau horiek onartzea ekarriko du eta prozedura hori dagokion dokumentua sinatzean formalizatuko da.
Programa edo baliabide jakin batean leku bat onartuz gero, interesdunak baja hartuko du zerbitzu-eskatzaileen gainerako zerrendetan. Era berean, esleitutako lekua onartzen ez bada, baliabide edo zerbitzu jakin horren eskatzaileen zerrendan baja emango diote interesdunari.
Erabiltzaileak ostatu-Zerbitzuan sartu ondoren, hiru hilabetez egongo da probaldian eta, epe horretan, bertan egoteko baldintzak baloratuko dira: haren egokitzapena, bizikidetza eta eskatutako arauak betetzea. Epe hori kontrako berariazko ebazpenik eman gabe igarotzen bada, interesdunak bizilekuan egoteko eskubidea finkatuko da.
Erabiltzailea Zerbitzuan geratzea komeni ez dela adierazten duten inguruabarrak gertatuz gero, zerbitzu teknikoek txostena egin ondoren, erabiltzailea bertan egoteko aukera amaituko da eta erabakia hartu duen organo eskudunak horrela egiteko ebazpen arrazoitua emango du.
Erabiltzaile izateak ez du eskubiderik ematen zerbitzu jakin baten gainean, ez eta apartamentu edo etxebizitza jakin baten gainean ere, baizik eta orokorrean ostatua hartzeko eta Udalak hainbat irizpideren arabera eskainitako ostatu zehatza erabiltzeko: erabiltzaile bakoitzaren lehentasun, ezaugarri eta beharrizanak; ostatuan sartzeko aukerak; eta lekuak banatzeko aukerak. Gainera, Udalak arrazoi berberengatik geroago bizilekua aldatzea proposatu eta erabaki ahal izango du. Gela bikoitz batean bi erabiltzaile batera bizi direnean, edozein arrazoirengatik bizikidetza amaitzen denean, erabiltzaile horri banakako gela batean sartzeko edo beste lagun batekin bizitzeko aukerak eskaini ahal zaizkio.
16. artikulua. Baliabidea edo zerbitzua lekuz aldatzea.
Interesdunak eskatuta lekuz aldatzea.
Araudi honetan xedatutakoaren arabera ostatu hartzeko baliabide edo zerbitzu batean sartzeko aukera ebatzi zaien erabiltzaile guztiek lekualdatzeko eskaera arrazoitua aurkezteko eskubidea izango dute.
Zerbitzuen arteko lekualdaketa eskatzeko arrazoiak izan daitezke:
a) Familientzako ekipamenduan edo familia-harreran senideak elkartzea.
b) Eskatzailea gizarte eta familia arloko ingurune berean uztea, bisitak eta harreman pertsonalak errazteko.
Baliabideen arteko lekualdaketa eskatzeko arrazoia izan daiteke honako hau:
—Eskatutako baliabidea egokiagoa izatea prestazioei eta erabiltzailearen beharrizanei dagokienez.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eskatzailea bizi den zerbitzuari edo baliabideari buruzko informazioa bilduko dute, bai eta lekualdaketaren arrazoiei buruzkoa ere, hura komenigarria eta egokia den baloratzeko. Ondoren, proposamena aurkeztuko diote organo eskudunari, eta organo horrek berariaz ebatziko du eskaera jaso eta gehienez ere bi hilabeteko epean. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik hartu ez bada, ebazteko betebeharra baztertu gabe, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, interesdunari berraztertzeko aukerako errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera emateko.
Ebatzitako eta dagozkion lekuak esleitutako lau eskaeratik bat lekualdaketei lotuta egotea lehenetsiko da esleipen berria egiteko irizpide gisa.
—Ofiziozko lekualdaketa.
Era berean, zerbitzua eskuratu ondoren pertsonaren egoera fisikoan eta funtzionalean aldaketaren bat gertatzen bada eta, horren ondorioz, mendekotasunaren beste balorazio bat egin behar bada, eta, balorazio berria egin ondoren, egiaztatzen bada haren osasun-egoera okertu egin dela eta pertsona hori mendekotzat jotzen dela, erabiltzaileari, haren familiari edo ordezkariari proposatu ahal izango zaio organo eskudunari eska diezaiola mendekoentzako arreta espezializatuko egoitza-zerbitzu batean plaza batera aldatzea.
Aurreko paragrafoan zehaztutako inguruabarrak gertatzen diren bitartean, erabiltzaile horrek jarduteko gaitasunik ez duela fiskaltzari jakinaraztea beharrezkoa bada, edo laguntza-neurriak hartzea eskatzen duen egoera batean erabakigarriak izan daitezkeen egitateak, inguruabar hori interesdunaren familiari jakinaraziko zaio, dagozkion izapideak has ditzan. Seniderik ez badago edo hark errekerimenduari erantzuten ez badio, ofizioz egingo dira.
Era berean, Udalak, ofizioz, onartutako prestazioa aldatu ahal izango du, baldin eta egoera berrikusteko egindako txosten teknikotik premia txikiagoa dela edo desagertu egin dela ondorioztatzen bada.
Erabiltzaileari dagokion Zerbitzuan baja ematea dakarren proposamen oro erabiltzaileari edo haren legezko ordezkariari jakinarazi beharko zaio, legean ezarritako epeen eta formalitateen arabera, eta alegazioak aurkezteko 15 eguneko epea emango zaio. Epe hori igarotakoan, organo eskudunak ebazpen arrazoitua emango du, eta behar bezala jakinaraziko da.
17. artikulua. Aldi baterako egonaldiak.
1. Adinekoentzako ostatu-leku batean aldez aurretik erabakitako tarte baterako sartzea aldi baterako egonalditzat hartuko da, adinekoengan aldi baterako eragina duten egoerak gertatzen direnean eta inguruabar horiek hala gomendatzen dutenean.
2. Ostatu-Zerbitzuan emandako denboran, erabiltzaileek egoiliar iraunkorren eskubide eta betebehar berberak izango dituzte.
3. Aldi baterako egonaldiak aitorpen teknikoaren bitartez arrazoitu behar dira. Gainera, aldi baterako egonaldiak ez du inolaz ere ekarriko adinekoentzako egonaldi iraunkorreko ostatu-zentro batean leku bat behin betiko eskuratzeko eskubiderik eta, hala badagokio, aldi baterako esleitutako lekua utzi beharko du.
4. Oro har, aldi baterako egonaldia gehienez 6 hilabetekoa izango da. Hala ere, hilabeteko luzapena eman ahal izango diote, hala egitea komeni dela egiaztatzen bada. Horretarako, interesdunak hasieran emandako aldia amaitu baino 10 egun baliodun lehenago gutxienez eskaera egin beharko du.
3. ATALA. Zerbitzuaren jarraipena
18. artikulua. Jarraipena eta ebaluazioa.
Gizarte-langileek, enpresa kudeatzaileak xede horretarako jartzen dituen langileekin batera, etengabeko jarraipena egingo dute, zerbitzuak erabiltzaileen beharretara egokitzen diren ikusteko asmoz. Horretarako, beharrezko aldaketak iradokiko dituzte eta proposatutako helburuak lortu ote diren erabiltzaileekin batera ebaluatuko dute. Egokitzat jotzen denean, zerbitzuetara bisitak egiteko aukera aurreikusiko da, bai eta zerbitzuetako langileekin aldizkako harremanak izatea ere.
Aldian-aldian ebaluazioak egin ahal izango dira, bai erabiltzaileak eskatuta, bai zerbitzua hornitzen duen erakundeak eskatuta, edo zerbitzuaren protokoloetan eta kontratuetan ezarritako moduan.
19. artikulua. Egokitzaldia.
Sartu ondorengo lehenengo hiru hilabeteetan, erabiltzaileak zerbitzuaren ezaugarriei eta funtzionamenduari egokitzeko aldian daudela ulertuko da. Erabiltzailearen erreferentziazko gizarte-langileek edota zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresetako langileek une oro aipatuko dituzte sortutako arazoak, eta egokitzapen egokia lortzeko beharrezko konponbideak bilatuko dira.
Erabiltzailearekin konponbide bateratuak lortzen saiatu ondoren, erabiltzailea zerbitzuari egokitzeko zailtasuna ikusten bada edo alderantziz, edo zerbitzuak erabiltzailearen beharrizanak behar bezala betetzen ez dituela baloratzen bada, udal gizarte-zerbitzuek egoera ebaluatu eta beste proposamen bat egingo dute, gizarte-zerbitzuek edota zerbitzua kudeatzen duen enpresak dagokion teknikariaren txostena egin ondoren.
Egindako proposamena erabiltzaileari helarazi beharko zaio eta hark 15 eguneko epea izango du alegazioak aurkezteko.
Udal gizarte-zerbitzuek, alegazioak aztertu ondoren, behin betiko proposamena egingo diote organo eskudunari eta horrek ebazpen arrazoitua emango du. Erabiltzailea zerbitzutik atera behar dela erabakitzen badute, beste aukera bat proposatuko da, halakorik balego.
20. artikulua. Banakako Arreta Plana (BAP).
Ostatuan erabiltzaile bakoitzaren beharrizanei egokitutako banakako arreta emango da. Arreta hori gauzatzeko Banakako Arreta Plana (BAP) prestatuko da. Plan horretan, modu integralean bermatuko da erabiltzaile bakoitzaren bizi-kalitateari eustea edota hobetzea.
Hasierako BAP erabiltzailea sartu eta lehenengo hilabetean prestatuko da. BAP hori sartu eta 3 hilabetera osatuko da, egokitzaldia igaro ondoren. BAP gutxienez urtean behin berrikusi behar da edo, erabiltzailearen egoera nabarmen aldatzen bada, azaldutako helburuak aldatu behar diren guztietan.
Era berean, zerbitzuak onuradunen beharrizanei egokituta dauden ikusteko etengabeko jarraipena egingo da. Horrela, erabiltzailea bisitatuko dute adinekoentzako ostatu-Zerbitzuan sartzen den lehenengo hiruhilekoan, bere egokitzapen-maila, baliabidearen egokitasuna eta onuradunak etxe berrian duen gogobetetasuna egiaztatzeko asmoz.
Udal gizarte-zerbitzuek beren egoeraren jarraipena bermatuko dute, baliabidea beren beharrizanei egokituta daudela etengabe egiaztatzeko.
V. KAPITULUA. ZERBITZUA ETETEA ETA AZKENTZEA
21. artikulua. Zerbitzua etetea, erreserbatzea, bertan behera uztea, hari uko egitea eta azkentzea.
21.1. Zerbitzua aldi baterako etetea.
Dagokion espedientea izapidetu ondoren, organo eskudunaren ebazpen bidez eta udal gizarte-zerbitzuek proposatuta, zerbitzua aldi baterako etetea erabakiko da, interesdunari entzun ondoren. Ebazpen hori erabiltzaileari eta, hala badagokio, zerbitzua ematen duen erakundeari jakinaraziko zaie, legeak ezarritako epe eta formalitateen arabera.
Ostatu-zerbitzua gehienez 90 egunez eten ahal izango da, arrazoi hauetakoren bat gertatzen bada:
—Erabiltzaileak 8. artikuluan ezarritako eginbeharren bat ez betetzea, hori azkentzeko arrazoia ez denean. Etetea ofizioz hasiko da.
—6. artikuluan ezarritako baldintzaren bat aldi baterako galtzea. Etetea ofizioz edo erabiltzaileak eskatuta hasiko da.
21.2. Zerbitzuaren erreserba:
Adinekoentzako udal ostatu-zerbitzua erreserbatu ahal izango da, erabiltzaileak hala eskatuta.
* Gehienez 45 egun urtean, arrazoi hauetakoren bat gertatzen bada:
—Oporraldiak hartzea.
* Gehienez ere 90 egun urtean, arrazoi hauetakoren bat gertatzen bada:
—Ostatu-zerbitzuko erabiltzailea bertan ez egotea, gerora sortutako arrazoiengatik, hala nola:
Erabiltzailea ospitale batean sartzea.
Erabiltzaileak baliabide sozio-sanitarioetan sartzea.
Behin lekua erreserbatzeko ezarritako epeak gaindituta, eta erabiltzailea ez bada bizilekura itzultzen, zerbitzua amaitu egingo da.
Zerbitzua azkentzeari buruzko ebazpen baten ondoren erabiltzaileak berriz ere Zerbitzuan berriro sartu nahi duela erakusten badu, beste eskaera bat egin beharko du.
Ostatu-zerbitzuaren prezio publikoa arautzen duen ordenantza fiskalak ezarriko du erabiltzaileak lekua erreserbatzeagatik egin beharreko ekarpena.
21.3. Bertan behera uztea.
Prozeduraren edozein unetan eta ebazpena eman aurretik, eskatzaileak, edo, hala badagokio, haren legezko ordezkariak, zerbitzuaren erabilera bertan behera utzi ahal izango du bere eskaeran; hala eginez gero, bere borondatea jasota uzteko aukera ematen duen edozein bide erabili beharko du. Horrek espedientea artxibatzea ekarriko du.
21.4. Zerbitzuari uko egitea.
Prozeduran lekuaren onuraduna dela aitortzeko ebazpena eman bada, erabiltzaileak edo, hala badagokio, haren legezko ordezkariak bere eskubideari uko egin ahal izango dio, bere borondatea jasota uzteko aukera ematen duen edozein bide erabiliz.
21.5. Zerbitzua azkentzea.
Dagokion espedientea izapidetu ondoren, organo eskudunaren ebazpenaren bidez, eta Gizarte Zerbitzuen Udal Zuzendaritzak proposatuta, zerbitzuaren bajak zehaztuko dira, interesdunari entzun ondoren. Ebazpen hori onuradunari eta zerbitzua ematen duen erakundeari jakinaraziko zaie.
Adinekoentzako ostatu-zerbitzua honako arrazoi hauengatik azkendu ahal izango da:
—Erabiltzaileak uko egitea.
—Haren heriotza.
—Erabiltzailea beste zerbitzu iraunkor batean sartzea.
—Zerbitzua emateko kontuan hartutako datuak ezkutatzea edo faltsutzea.
—Zerbitzua jasotzeko eskatutako baldintzaren bat galtzea.
—Zerbitzuaren jarraipena egiteko eska daitekeen dokumentazioa ez aurkeztea.
—30 eguneko epean egoera sozioekonomikoaren aldaketei buruzko informazioa ez ematea.
—Ez dela ostatura itzuli, kasu bakoitzean ezarritako aldi baterako etenaldia igaro ondoren.
—Araudi honetan aurreikusitako erabiltzaileen eginbeharrak behin eta berriz ez betetzea.
—Bizikidetza-unitatea osatzen dutenek gizarte-langileekin edo zerbitzua ematen duten langileekin lankidetzarik ez izatea, gizarte-zerbitzuek balorazioa egin ondoren.
—Onuradunarentzat eta zerbitzua ematen duten langileentzat arrisku fisikoak edota psikikoak egotea, gizarte-laneko zerbitzu profesionalak baloratu ondoren.
—Erakunde sanitarioetan edo sozio-sanitarioetan etengabeko laguntza behar duen osasun-egoera bat izatea.
—infektatzeko eta kutsatzeko arriskua dakarren gaixotasuna edota arazo mentala izanez gero, dagokion tratamenduari uko egitea.
—Jokabide-nahasmenduak izatea, langileentzat eta ostatuan bizi diren gainerako erabiltzaileentzat arriskutsuak izan daitezkeenak.
—Zerbitzua ematen duten langileei eraso fisikoa edo psikologikoa egiteagatik.
—Zehapenagatik, Gizarte Zerbitzuen Legean eta Araudi honetan aurreikusitako baldintzetan.
Azkentzeko ebazpen baten ondoren erabiltzaileak berriro Zerbitzuan hasi nahi duela erakusten badu, beste eskaera bat egin beharko du, eta araudi honetan zehaztutakoaren arabera izapidetuko da. Araudi honen 26. artikuluan eta Gizarte Zerbitzuen Legearen 93-5 artikuluan ezarritako kasuetan, interesdunak zerbitzuaren erabiltzailea izateko beste eskaera bat aurkeztu ahal izango du, azkentzeko ebazpena eman zenetik sei (6) hilabete igaro ondoren.
Kontratua iraungi ondoren erabiltzaileak zerbitzuaren ordainketarik egin gabe badauka, zerbitzua berriro eman aurretik hura ordaintzea eskatuko zaio.
V. KAPITULUA. ZERBITZUAREN ARAUBIDE EKONOMIKOA
22. artikulua. Adinekoentzako udal ostatu-zerbitzuaren prezioak: kontratuaren prezioa eta prezio publikoa.
1. Adinekoentzako ostatu-zerbitzuaren erabiltzaileen kuota kalkulatzeko eta finantzatzeko, bi prezio-mota hauek erabiltzen dira:
Kontratuaren prezioa: adinekoentzako ostatu-zerbitzuaren esleipenarena litzateke, hala badagokio.
Adinekoentzako udal ostatu-zerbitzuaren prezio publikoa, erabiltzaileak ordaindu beharrekoa. Organo eskudunak urtero eguneratuko du prezio publiko hori, ezarritako igoeren arabera, gainerako prezio eta tasa publikoekin batera.
2. Zerbitzua ematen duten langileek eta enpresa esleipendunak ez dute dohaintzarik edo ordainketa gehigarririk onartuko, aurreko paragrafoan ezarritakoa alde batera utzita. Enpresa esleipendunak betebehar hori betetzen dela zainduko du.
23. artikulua. Finantzaketa.
Zerbitzuak finantzatzeaz honako hauek arduratuko dira:
—Erabiltzailea: zerbitzuaren finantzaketan parte hartu beharko du. Horretarako, organo eskudunaren ebazpenean ezarritako prezio publikoa ordaintzeko izenpeko konpromiso sinatua onartuko, zerbitzua ematen hasteko baldintza gisa, bere esku dituen baliabide ekonomikoak kontuan hartuta.
—Idiazabalgo Udala: Horretarako, zerbitzuaren kostuari edo, hala badagokio, kontratuaren prezioari erabiltzaileak ordaindu beharreko prezio publikoa kenduta ateratzen den kopurua emango du, prezio publikoa arautzen duen udal araudiaren irizpideen arabera kalkulatuta.
24. artikulua. Zerbitzuaren prezio publikoa.
Araudi honetan araututako zerbitzuen erabiltzaileak ordaindu beharko duen prezio publikoa bere ahalmen ekonomikoa eta eskaini zaizkion zerbitzu-motak kontuan hartuta kalkulatuko da. Gaitasun hori finkatzeko, zerbitzuaren onuradun guztien errenta eta ondarea kontuan hartuko dira.
Prezio publikoak elementu horien arabera ezarriko dira, prezio publikoa arautzen duen udal araudian ezarritako irizpideen arabera.
Erabiltzaileen ordez Zerbitzuan sartzeko araudian aurreikusitako baldintzetan legezko ordezkariak edo izatezko zaintzaileak esku hartzen badute, azken horiek prezio publikoa ordaindu beharko dute; hala ere, kasu horietan, ordezkatutako ordainketa erabiltzailearen errentaren eta ondarearen kontura egingo da eta, gainera, zenbatutako gaitasun ekonomikoa ordezkatutako erabiltzailearena izango da.
Zerbitzuaren erabiltzaileak legokiokeen prezio publikoa ezin badu ordaindu, zerbitzua eskatu aurreko lau urteetan erabiltzaileak dohainik egindako ondare-eskualdaketa baten edo gehiagoren onuraduna den beste inor egonez gero, prezio publikoa ordaindu beharko du, Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legearen 57.6 artikuluan xedatu bezala.
Ahalmen ekonomikoari buruzko datuak faltsifikatu edo ezkutatuz gero, eskaera artxibatu egingo da edo, zerbitzua eman bada, zerbitzua azkendu egingo da, egitate horietatik erator daitezkeen erantzukizunei kalterik egin gabe.
Zerbitzuaren erabiltzaileek eta, hala badagokio, haien legezko ordezkariek, 30 eguneko epean, familiaren errentan, haren ondarean edo kide-kopuruan izandako edozein aldaketaren berri eman beharko diote Udalari, erabiltzaileak ordaindu beharreko prezio publikoan eragina izan dezaketen egoera guztiekin batera.
Erabiltzaileak ordaindu beharreko prezio publikoa ofizioz berrikusi beharko dute udal-teknikariek, edo erabiltzaileak edo haren ordezkariak eskatuta, baldin eta prezio publikoa aldatzea eragin dezaketen baldintza eta inguruabarretan aldaketarik badago.
VIII. KAPITULUA. ARAU HAUSTEEI ETA ZEHAPENEI BURUZKO ARAUBIDEA
25. artikulua. Arau-hausteak.
Arau-hauste administratiboak dira Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean jasotako lege- eta araudi-araudiaren aurkako ekintzak eta ez-egiteak, gainerako ordenamendu juridikoan aurreikusitakoei kalterik egin gabe.
26. artikulua. Zehapenak.
Aurreko artikuluan jasotako arau-hausteak eginez gero, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean aurreikusitako zehapenak aplikatuko dira.
Araudi honetan araututako ostatu-zerbitzuaren erabiltzaileei egotz dakizkiekeen arau-hauste oso larrietan, zehapen gisa metatu ahal izango da eskubidea sei hilabetez etetea, salbu eta etenaldi horrek babesik gabe geratzea sor badezake edo mendekotasuna duen erabiltzaile bat arretarik gabe gera badaiteke.
Lehenengo xedapen gehigarria.
Adinekoentzako ostatu-zerbitzuaren bidez, esperientzia / jarduera / prestazio desberdinak eta berritzaileak martxan jarri ahal izango dira, erabiltzailea bere auzoan bizitzen geratu ahal izateko.
Bigarren xedapen gehigarria.
Erabiltzaileei araudi honen laburpen bana eta ostatu-zerbitzuaren barne-funtzionamendurako araudiaren kopia bana emango zaizkie.
Hirugarren xedapen gehigarria.
Araudi hau Zerbitzuan sartzeko eskaera berri guztiei aplikatuko zaie.
Xedapen iragankorra.
Aurreko erregelamendurik ez dagoenez, hori indarrean jarri aurretik, zerbitzuaz baliatzen ari ziren pertsonei aplikatuko zaie, eta aplikatzen zaien araubide ekonomikoari eutsiko zaio.
Baina gehienez ere, sei hilabeteko epean eskatu ahal izango dute hura aplikatzea. Behin aldaketa onartuta, ezin izango da berriro eskatu aurreko araudia ezartzea. Zerbitzuan alta emateko –Baita aurreko sistema aplikatzen zitzaienei zerbitzua amaitu ondoren ere–, araudi honetan aurreikusitako xedapenak bete beharko dira.
Xedapen indargabetzailea.
Indargabetuta geratzen dira maila bereko edo beheragoko arau guztiak, araudi honetan xedatutakoaren aurkakoak diren heinean.
Azken xedapenetatik lehena.
Idiazabalgo Udalari ahalmena ematen zaio araudi hau aplikatu eta garatzeko beharrezkoak diren arau guztiak emateko.
Azken xedapenetatik bigarrena.
Araudi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hamabost egunera jarriko da indarrean.
I. ERANSKINA
ZERBITZUAK ETA PRESTAZIOAK
1. Oinarrizko zerbitzuak.
Ostalaritza-zerbitzuak:
* Ostatuaren espazio pribatua (etxebizitza komunitarioa) eta baliabidearen eremu komun erabilgarriak erabiltzea.
* Ostatua desinfektatzea, beharrezkoa denean.
* Ostatua prest jartzea libre geratzen denean.
* Egoiliarrek zuzenean erabiltzen dituzten elementu materialak konpontzea, egoiliarraren erabilera arduragabeari egotzi ezin bazaio; kasu horretan, gastua egoiliarrari egotziko zaio.
* Arropa zuria (maindireak, mantak, eskuoihalak, errezelak) garbitzea, bai eta hura ordeztea eta banatzea ere. Honako hauek barne hartzen ditu:
—Oheko arropa (maindireak eta burkoaren zorroa) astero aldatzea eta garbitzea, higiene-premia handiagorik ez badago, eta, halakorik balego, zehazten den aldian, baita egunero ere. Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren bidez egingo da.
—Eskuoihalak aldatzea, gutxienez, astero. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren bidez egingo da.
—Babes-izara gutxienez 6 hilean behin garbituko da, eta beharraren arabera aldatu ahal izango da.
—Mantak eta ohazalak urtean bitan garbituko dira gutxienez. Eta uda eta negu garaian aldatuko dira.
—Gortinak urtean bitan garbituko dira.
—Egoiliarrak erabiltzen duen arropa garbitzea Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren bidez garbituko da.
—Gosaria, bazkaria eta afaria emateko zerbitzua.
Tutoretza eta ikuskapena:
—Tutoretza- eta gainbegiratze-zerbitzua. Horrek erabiltzaile bakoitzari dagokion BAP egitea ekarriko du.
—Erreferentziazko langilearen figura sortuko da erabiltzailearen harrera, abegia, kontsulta, orientabidea eta jarraipena egiteko.
—Erabiltzaileen parte-hartzea bultzatzea.
—Zerbitzuaren barne-araudia betetzen dela zaintzea.
—Jarraipenaren balorazioa - Gizarte-laguntza:
Ostatuaren erabiltzaileen balorazioa eta jarraipena egitea, eta kasu bakoitzean behar den orientazio, jarraipen eta laguntza ematea.
Laguntza soziala eta profesionala emateko, erabiltzaileak zuzenean parte hartuko du zerbitzuko zuzeneko arretako langileekin laguntza jasotzeko dituen harremanean; hala, profesional horiek egunerokoan laguntza emango diote hainbat alderditan: instrumentala, emozionala, hezitzailea eta harremanei dagokiena.
Bitartekaritza-bitartekotza:
—Zerbitzuaren erreferentziazko langileak erabiltzaileen arteko bitartekaritza egingo du eta sortzen diren bizikidetza-gatazkak konpontzen lagunduko du.
—Aldian-aldian harremanetan jarriko da erabiltzaileen senideekin edo haien hurbilekoekin.
Egoiliarrarentzako informazio-zerbitzua:
—Erabiltzaileei honako alderdi hauen berri emango zaie: zerbitzu-kontratu bat izenpetzeko betebeharra;, zerbitzuen katalogoa; funtzionamendu-araudia eta barne-araubidea; egoiliarren eta familien gogobetetasuna ebaluatzeko sistema; kexen, iradokizunen eta erreklamazioen prozedura; parte hartzeko bideak; eta zerbitzuen prezioen informazioa eta tarifak aplikatzeko sistema.
—Erabiltzaile bakoitzarentzako banakako plana egongo da.
Komunikazio- eta segurtasun-zerbitzua:
—Egoiliarrak larrialdietan nola jokatu eta erreferentziazko langileengana nola iritsi jakiteko informazioa jasoko du.
—Ostatu guztiek telelaguntza-zerbitzua, telefonia irisgarriko zerbitzua edota barne-komunikazioko zerbitzua eduki ahal izango dute.
2. Zerbitzu osagarriak eta aukerakoak.
Eguneroko bizitzarako jardueretan banakako laguntza-zerbitzu pertsonalizatua:
Erabiltzaile bakoitzaren bizimoduan laguntzeko prestazioak dira. Une bakoitzean duen egoeraren eta beharrizan espezifikoen arabera ezarri eta garatuko dira. Banakako arreta planetan ezarriko dira.
Hauek dira:
* Banakako arreta edo laguntza, honako alderdi hauei dagokienez:
—Higiene pertsonala edo beste zaintza pertsonal batzuk.
—Janztea.
—Mugikortasuna eta lekualdaketa.
—Otorduetarako laguntza instrumentala.
—Etxeko arreta, hala badagokio: ostatua garbitzea eta mantentzea.
* Mantenu-zerbitzua:
—Norberaren gosari, bazkari edota afarirako aukera izango da.
—Dieta edo otordu espezifikoak behar dituztenei medikuak agindutakoaren arabera edo gaizki irenstearen sintoma nabariaren arabera zerbitzatuko zaie, aldez aurretik jakinarazita.
—Bisitariek bazkaltzeko edota afaltzeko zerbitzua erabili ahal izango dute, betiere ezarritako arauei egokituta badaude.
* Garbitegi-zerbitzua:
—Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren bidez egingo da.
* Osasunaren arreta:
—Erabiltzaileari dagozkion osasun-zerbitzuetara sartzea bermatuko da (jarraipena, laguntza behar denean, larrialdiak, eta abar).
—Medikazioaren kontrola eta jarraipena.
II. ERANSKINA
GIZARTE BABESIK GABE EGOTEA
Erabiltzailea gizarte-babesik gabe ote dagoen zehazteko, adinekoentzako ostatu-Zerbitzuan sartzeari dagokionez, hurrengo irizpide hauek hartuko dira kontuan:
(Ez dira sartzen adinaren eta mendekotasunaren dimentsioak; izan ere, egoera horiek salbuetsita daude araudiaren 6. artikuluan).
Egoera ekonomikoa HILEKO DIRUSARRERAK (biztanle bakoitzeko) LGSren >%61<%100 LGSren <%60 ONDAREA >3.001<6.000 euro <3.000 euro Etxebizitza ETXEBIZITZAREN ERABILGARRITASUNA Alokairuko etxebizitza, ohiko etxebizitza, pentsioa edo antzekoa galtzeko arriskuarekin. Ostaturik gabe/bertara itzultzeko aukerarik gabe/bazterketa sortzen duten bizitokiak (kalea, etxebizitza eskasa…) BIZIGARRITASUNA (markatu dagozkionak) Bizi ezin daitekeen etxebizitza (egiturazko arazoak) Tresnak eta muturreko zikinkeria metatzea Zikinkeria Pilaketa OZTOPO ARKITEKTONIKOAK Ohiko etxebizitzan sartzea mugatzen duten oztopo arkitektonikoak Familiaren egoera HARREMANAK Harremanak txarragotuta/inolako harremanik gabe/familiarik gabe Harreman gatazkatsua/Tratu desegokia BIZIKIDETZA EGOERA Bakarrik bizi da (nahi gabeko bakardadea) ZAINTZAILEAREN EGOERA Gainezka eginda egotea/Familiak amore eman du Isolamendua Sare sozialak eta familiarrak ahultzea Erreferentziazko talde homogeneoekin eta integrazio komunitario txikiko taldeekin soilik ditu harremanak Integrazio komunitario urria edo hutsa duten talde marjinalekin edo sektarioekin soilik ditu harremanak Gizartetik aldenduta bizi da Osasuna Gaixotasun fisikoa Gaixotasun mentala Alkoholaren/drogen abusua Desgaitasuna Tratamendurik gabe
III. ERANSKINA
SARBIDE BAREMOA
Sartzeko baremoak eskatzaileen zerrenda antolatzeko irizpideak eta Zerbitzuan sartzeko lehentasuna ezartzen ditu, diagnostiko sozialaren arabera.
Sartzeko lehentasunaren araberako taldeak:
1. I. mailako mendekotasuna duten erabiltzaileak.
2. Mendekotasun-gradurik ez duten eta mendeko egoteko arriskua duten erabiltzaileak.
Baremoaren egitura:
Neurriak Puntuazio tarteak
1. Adina 0-2
2. Mendekotasun-maila 0-8
3. Egoera ekonomikoa 0-10
4. Etxebizitza 0-25
5. Familia-egoera 0-20
6. Isolamendu soziala 0-25
7. Osasuna 0-10
Guztira 0-100