1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

DIPUTATU NAGUSIA

17/2022 Foru Dekretua, azaroaren 8koa, urriaren 20ko 14/2020 Foru Dekretua, Diputatu Nagusiaren Alorraren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa, aldatzekoa.

Urriaren 20ko 14/2020 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Diputatu Nagusiaren Alorraren egitura organiko eta funtzionala, eta bertan ezarri ziren departamentu horren jardun esparrua eta eginkizunak, eta horretarako beharrezkoa zuen antolaketa. Antolaketa horretan Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusia jasotzen da, eta zuzendaritza nagusiaren menpe dago hierarkikoki Euskararen Normalizazio eta Sustapen Zerbitzua.

Zerbitzu hori 2001ean sortu zenez geroztik aurrerapen handiak gertatu dira Gipuzkoako Foru Aldundian euskara ohiko komunikazioko, zerbitzuko eta laneko hizkuntza izan dadin. Dena den, sortu eta hogei urtera, zenbait egokitzapen egin behar dira, zerbitzuak datozen urteetan eraginkortasunez egin dezan lana, hizkuntzak aurre egin beharko dien erronken aurrean.      

Beraz, beharrezkoa da hainbat aldaketa egitea zerbitzu honetan, zerbitzuaren egitura eta eginkizunak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Plan Estrategikoan, Hizkuntza Berdintasunerako Gogoeta Estrategikoan eta indarrean dagoen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planean ezarritakora egokitzeko. Aldaketa horien artean, beharrezkotzat jotzen da izena eguneratzea, eta, beraz, beharrezkoa da aldaketa horiek departamentuari buruzko Dekretuan islatzea. 

Azaldutakoaren arabera, foru dekretu honen xedea da Diputatu Nagusiaren Alorraren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko urriaren 20ko 14/2020 Foru Dekretua aldatzea, Euskararen Normalizazio eta Sustapen Zerbitzuaren izena aldatzeko, aurrerantzean Hizkuntza Estrategiako Zerbitzua izango baita, baita haren eginkizunak ere.

Hori guztia dela eta, 6/2005 Foru Arauak, uztailaren 12koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 31.4.c) artikuluan xedatzen duena betez, nik proposatuta, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren,

XEDATZEN DUT

Artikulu bakarra.  Urriaren 20ko 14/2020 Foru Dekretua, Diputatu Nagusiaren Alorraren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa, aldatzea.

Modu honetan aldatzen da urriaren 20ko 14/2020 Foru Dekretua, Diputatu Nagusiaren Alorraren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa:

Bat.    Egitura organikoari buruzko 2. artikuluaren 2. zenbakiaren d) letra honela idatzita gelditzen da:

«d)  Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusia.

Hizkuntza Estrategiako Zerbitzua.»

Bi.    Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiari buruzko 12. artikuluaren 1. zenbakia honela idatzita gelditzen da:

«1.  Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren menpe dago hierarkikoki Hizkuntza Estrategiako Zerbitzua.»

Hiru.    13. artikulua honela idatzita gelditzen da:

«13. artikulua.  Hizkuntza Estrategiako Zerbitzua.

Zerbitzuburuaren erantzukizunaren mende, Hizkuntza Estrategiako Zerbitzuaren eginkizunak izango dira:

a)    Hizkuntza Politikan eskumenak dituzten erakundeekin batera hizkuntza estrategia bat planifikatzea, exekutatzea eta ebaluatzea, euskara lehen aukera izan dadin Gipuzkoako Foru Aldundian eta Gipuzkoako lurraldean.             

b)    Informazioaren eta jakintzaren teknologien eremuan euskararen erabilera hedatzen laguntzea.

c)    Berrikuntzaren ikuspegia lantzea hizkuntza berdintasunaren esparruan, eragile sozial eta akademikoekin elkarlanean.       

d)    Euskal kulturaren eta hizkuntzaren esparruan estrategikotzat jotzen diren kultura industriak sustatzea eta inbertsioak suspertzea, batez ere ahozkotasunaren transmisioari, aisiari, arlo sozioekonomikoari, ikus-entzunezkoei eta euskarazko literatura sorkuntzari dagokienez.

e)    Kulturaren, sozioekonomiaren, aisiaren eta kirolaren esparruetan euskararen erabilera soziala hedatzeko programak antolatu eta laguntzea.

f)    Gipuzkoako udalerriekin koordinazio eta lankidetza egonkorreko programak ezartzea, Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera soziala sustatzeko onartuak dituen irizpideen eta plan orokorren arabera.

g)    Euskararen udal arduradunen eta normalizazioko teknikarien lana laguntzea.

h)    Gipuzkoako Lurralde Historikoaz kanpoko eremuetan euskararen erabilera sustatzen duten administrazio publikoekin eta bestelako erakundeekin elkarlana bultzatzea.

i)    Gipuzkoako Foru Aldundian euskararen erabilera normalizatzeko plana zehaztea departamentu eta zerbitzuekin lankidetzan, eta haiei laguntzea plana ezartzen, betetzen eta ebaluatzen.           

j)    Gipuzkoako Foru Aldundiaren barne zerbitzuetan euskararen erabilera garatu, sustatu eta arrazionalizatzeko urteko planak egiten laguntzea departamentuei eta zerbitzuei.        

k)    Gipuzkoako Foru Aldundiaren mende dauden erakunde publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko planak egiteko lankidetza eskaintzea.

l)    Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu eta zerbitzuei nahiz Gipuzkoako Aldizkari Ofizialari eskaintzen zaien agirien itzulpen eta zuzenketa lana, eta hizkuntza aholkularitzakoa nahiz interpretaziokoa, planifikatzea.

m)    Itzulpen eta interpretazio lanak kanpoko enpresekin kontratatzeko urratsak definitu eta kudeatzea Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu guztientzat.

n)    Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuek hedabideen aurrean egiten dituzten aurkezpenetan eta gisakoetan hizkuntza irizpideak txertatzea.

o)    Hizkuntza indarberritzeko ikerketa lerro berriak eta praktika aurreratuak proposatzea zuzendariari, lan horretan diharduten foru sektore publikoko gainerako eragileekin eta, eginkizun horietan Gipuzkoan diharduten gainerako eragileekin elkarlanean.   

p)    Euskararen erabilera sozialaren normalizazioarekin zerikusia duten epaimahai, batzorde eta lan taldeetan parte hartzea.»

Amaierako xedapena.  Indarrean jartzea.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2022ko azaroaren 8a.

                    Diputatu Nagusia,              
                 Markel Olano Arrese.           (7047)