3
TOKI ADMINISTRAZIOA

ESKORIATZAKO UDALA

Merkataritza edo zerbitzu arloko establezimendu berriak irekitzeko edo negozio bat eskualdatzeko diru laguntzak. BDNS (Identif.): 650633.

Diru-laguntza orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Horren testu osoa datu base nazionalean aurki daiteke. Diru-laguntzak (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/es/convocatoria/650633).         

2022ko irailaren 15eko Alkate erabakiz, deialdia egin da «Eskoriatzan merkatal establezimendu berriak irekitzeko edo negozio bat eskualdatzeko 2022ko ekitaldiko diru laguntza emateko», eta, era berean, 5.560,00 €-ko gastua onartu da indarrean dagoen aurrekontuko 0500.471.431.00.01 aurrekontu aplikazioaren kargura.              

Eskoriatza, 2022ko irailaren 19a.—Alkatea.              
                (6014)

ERANSKINA

Merkataritza edo zerbitzu arloko establezimendu berriak irekitzeko edo negozio bat eskualdatzeko diru laguntzak arautzeko oinarriak.

2016an, Ikertalderen laguntza teknikoarekin, Eskoriatzako Merkataritza Indarberritzeko Plan Berezia (aurrerantzean Perco) egin zen, bere izenak argi eta garbi adierazten duenez, Eskoriatzan merkataritza eta kontsumoa indarberritzeko jarduera lerroak markatzeko helburua duena.

Percoak, Ekintza Planean, 4 lan ardatz nagusi aurreikusten ditu lehen esandako helburu estrategikoa lortzeko:           

1. ardatza.  Merkataritza hirigintza.

2. ardatza.  Animazioa, dinamizazioa, fidelizazioa.

3. ardatza.  Lehiakortasuna.

4. ardatza.  Perco-aren kudeaketa.

Udaleko hirigune osoaren beheko solairuetan etxebizitzak, garajeak eta merkataritza lokalak batera egoteak denden sakabanaketa dakar, eta horrek sektorea garatzen lagunduko lukeen merkataritza dentsitate handiagoko ardatz edo gune bat izatea zailtzen du. Egoera hori are larriagoa da lokal hutsak daudelako, horietako asko inolako erabilerarik gabe denbora askotik.           

Testuinguru horretan, Percoak, 1. ardatza. Merkataritza hirigintzaren barruko ardatz bezala etxabe hutsak merkataritza jarduerarako berreskuratzea jasotzen du, eta etxabe horietan establezimendu berriak irekitzeko laguntza programa bat martxan jartzea aurreikusten du.

Bestalde, negozio berriak irekitzeak bezain besteko garrantzia dauka daudenak mantentzeak. Udaletik daudenak itxi ez daitezen eragin nahi da, negozioen eskualdaketa ere lagunduz. Beraz, dirulaguntza lerro honekin bi jarduerak lagundu nahi dira, batetik merkataritza edo zerbitzu alorreko establezimendu berriak irekitzea eta bestetik, dauden negozioak martxan mantentzeko eskualdaketak.

IZAERA OROKORREKO XEDAPENAK

1.    Helburua.

Oinarri hauen helburua da merkatal edo zerbitzu establezimendu berri bat irekitzeko edo negozio bat eskualdatzeko lokalak alokatzeko edo erosteko diru laguntzak ebaluazio bakoiztu erregimenean emateko prozedura arautzea.  


Ondorengo arauak jarraituko dira diru laguntzak emateko:

Diru laguntzak borondatezkoak eta aldi baterakoak izango dira.

Ezingo dira aipatu aurrekari bezala.

Ezingo da eskatu diru laguntza handitzerik edo berraztertzerik.

2.    Organo eskuduna.

Oinarri hauek onartzeko organo eskuduna Udalbatzarra da (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilak 2ko 7/1985 Legearen 22.2.e artikuluan aurreikusitakoaren arabera).

3.    Araudi aplikagarria.

Diru laguntza hauek eta onuradunaren eta erakunde emailearen arteko harreman juridikoa oinarri hauek eta diru laguntzak ematerakoan indarrean dauden gainerako arauek arautuko dituzte.

Oinarri hauetan aurreikusi gabekoetarako honako hauek aplikatuko dira:

Eskoriatzako Udalak dirulaguntzak emateko erregimena arautzeko ordenantza orokorra (Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 85. zenbakia, 2021eko maiatzaren 10a).

39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak (Estatuko Aldizkari Ofiziala: 2003-11-18) eta lege hori garatzeko uztailaren 21eko 887/2006 Errege dekretuz onartutako Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak, eta, zehazki, 17.25 artikuluak, honako hau jasotzen duena udalerrien eskumen propiotzat: «Tokiko ekonomia- eta gizarte-garapena eta tokiko enplegu-politikak edo -planak».

4.    Onuradunak.

Oinarri hauetan aurreikusitako diru laguntzak jaso ahal izango dituzte ondorengo baldintza guztiak eta bakoitza betetzen dituzten pertsonek:

1.  Pertsona fisikoa izatea, adinez nagusia eta jarduteko gaitasun osoarekin, edo pertsona juridiko pribatua izatea, eratua eta behar bezala inskribatuta dagokion erregistroan eskaera aurkezteko eguna baino lehen, eta egoitza soziala Eskoriatzan izatea.        

2.    2021eko urtarrilaren 1etik aurrera merkataritza edo zerbitzu proiektu baten sustatzaile berria izatea (bai proiektu berrietan, baita eskualdatzeetan ere) Eskoriatzako hirigunean.

3.    Proiektu hori lokal pribatu batean garatzea.

4.    Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

5.    Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea proiektuari dagokion epigrafean.

6.    Diru laguntzak jasotzeko debekuetatik bat bera ere ez izatea, azaroaren 17ko 38/2008 Legeko 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan ezarritakoaren arabera.       

Era berean, merkataritza edo zerbitzu proiektuak –berria denean– ondorengo baldintzak bete beharko ditu:

1.    Debagoieneko Garapen Ekonomikorako Eskualde Agentziak onartutako bideragarritasun plana izatea.

2.    Ondorengo balorazio irizpideetako puntuen %50 lortzea gutxienez:

— Sustatzailearen egokitasuna/bateragarritasuna garatu beharreko ekimenarekin (3 puntura arte).

— Proiektuaren diseinua eta originaltasuna (1 puntura arte).

— Proiektuaren garrantzia merkataritza eta gizarte aldetik herriko merkataritza eta kontsumoa bultzatzeko (1 puntura arte).

— Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa (5 puntura arte).

Bestalde, lokalek eta jarduerek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:

a)    Alokatutako lokalak zein bertan egingo den jarduerak indarrean dagoen legedia bete beharko dute eta martxan jartzeko beharrezko diren tramiteak eginda izan beharko dituzte udalean (udal lizentzia lortzea edo aurretiazko jakinarazpena eginda izatea). Katastroan ere lokalaren erabilera eguneratuta egon beharko da, hau da, lokal komertziala izan behar da.         

b)    Merkataritza edo zerbitzu jarduera bat egin beharko da lokalean.

c)    Lokala pribatua izan eta Eskoriatzako hirigunean kokatuta egon beharko da.

d)    Jarduerak sustatzaile berri bat izan beharko du.

e)    Laguntza honen onuradunak jarduera iragartzeko lokalaren kanpoaldean jarriko duen errotulua gutxienez euskaraz egon beharko da. Gainera, eskarazko errotulazioa edota irudi korporatiboa jartzen duenak Eskoriatzako Udalak urtero eman ohi duen diru laguntza jasotzeko aukera izango du, beti ere dagokion diru laguntza deialdian zehaztutako prozedura betez. Horrez gain, 6/2003 Legeak, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarenak, VII. kapituluan xedatutako «Hizkuntza eskubideak» bete beharko ditu eta herritar bakoitzak zerbitzua euskaraz nahiz gazteleraz jasotzeko duen eskubidea bermatu beharko du. Hori betetzeko Eskoriatzako Udal euskara zerbitzuak eskaintzen duen itzulpen/zuzenketa zerbitzua erabili ahal izango du.

5.    Laguntza motak.

Ondoren ezartzen dira emango diren gehieneko diru-laguntzak:

—Lokala alokatzeko:

Lehenengo urtean: Alokairu-kostuaren %50 onartuko du udalak eta gehienez 150 € hileko.

Bigarren urtean: Alokairu-kostuaren %40 onartuko du Udalak eta gehienez 100 € hileko.

BEZa ez da diruz lagunduko.

Udalak emango duen diru-laguntza alokairua ordaintzeko izango da, gehienez ere, 24 hilabetetan.

—Lokala erosteko:

Katastro-balioaren %4a, eta gehienez, 2.000 €.   

6.    Erregimena.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 22.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdi honetako laguntzak ebaluazio bakoiztu erregimenean emango dira.              


Diru laguntza hauek minimis bezala sailkatuta daude, pertsona fisiko edo juridiko bati emandako laguntza osoa ez delako 200.000 eurotik gorakoa izango hiru zerga ekitaldiko edozein alditan.

Diru laguntzetarako deialdia egitea Alkate-Udalburuari dagokio, eta berak hartutako erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.    Finantziazioa.

Aurrekontu esleipena bost mila bostehun eta hirurogei eurokoa (5.560,00 euro) izango da eta 2022ko honako aurrekontu-aplikazioaren kargura finantzatuko da: 0500.471.431.00.01.

8.    Eskaerak aurkezteko epea eta lekua. Indarraldia.

Eskaerak sinatutako eskaera-orri bidez egin beharko dira, eta udaletxean eta webgunean eskura dauden eskaera ereduari egokitu beharko dira.        

Eskaera aurkezteak esan nahi du eskatzaileak oinarri hauetan ezarritako baldintzak bete-betean onartzen dituela.    

Eskaerak aurkezteko epea diru laguntzetarako deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egun baliodunean hasiko da.

Eskaerak diru laguntza indarrean dagoen edozein momentutan egin ahal izango dira deialdiaren urteko azaroaren 15a baino lehen.

Eskaerak aurrekontu kontsignazioa dagoen bitartean erabakiko dira.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian jasotako baldintzak, horiek zuzentzeko eskatuko zaio eskatzaileari, eta horretarako, gehienez ere hamar egun balioduneko epe luzaezina izango du. Era berean, ohartaraziko zaio eskatutakoa beteko ez balu eskaerari uko egintzat joko dela Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 71. artikuluan aurreikusitako moduan eman beharko den erabakia hartu ondoren.

Eskaera egiteak Eskoriatzako Udalari egoki izan daitezkeen jarduerak egiteko baimena ematea dakar. Jarduera horiek honakoak egiaztatzeko egingo dira: eskatzaileak emandako informazioa, eskatutako baldintzak betetzen diren eta diru laguntza emanda erakunde onuradunak hartutako betebeharrak betetzen diren.

Eskaerak Eskoriatzako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo, telematikoki, herritarren atarian.  

9.    Agiriak.

Eskaerarekin batera honako agiriak aurkeztu beharko dira:

—Dirulaguntza eskaera orria. Orrian bertan aitortu beharko ditu honako hauek (onartu ezean, horiei buruzko dokumentazio espezifikoa aurkeztu beharko du):

—Ez duela hasita edo tramitean administrazioari dirua itzultzeko inolako prozedurarik.

—Ez duela jarduera bererako beste dirulaguntzarik eskatu.

—Ez duela sexu-diskriminazioagatik administrazio-zigorrik, ez zigor penalik.

—Bere xede edo helburuak ez direla emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuneko printzipioaren kontrakoak.

—Ez duela azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 ataletan jasotako debekurik.               

Eskoriatzako udalak zuzenean eskatuko dizkie beste administrazio batzuei eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituela egiaztatzeko behar diren datuak. Eskatzailea aurka agertzen bada, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoakegunean dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

Enpresa pertsona juridikoa baldin bada: eratze edo aldaketa eskritura (merkataritza-erregistroko inskripzioaren araberakoa) eta identifikazio fiskaleko zenbakiaren kopia. Horiekin batera, enpresaren izenean eskaera egiten duen pertsona fisikoaren aldeko notario-ahalordearen kopia.

—Proiektua azaltzeko txostena.

—Proiektua berria badin bada, ideiaren bideragarritasun plana, Debagoieneko Garapen Ekonomikorako Agentziak onartua.

—Jarduera egin nahi den lokalaren alokairu kontratuaren edo salerosketa kontratuaren kopia. Kontratu horien ordez lokalaren jabearen zinpeko aitorpena aurkeztu ahal izango da. Bertan, eskatzaileak diru laguntza lortuz gero lokala alokatzeko edo saltzeko konpromisoa jaso beharko da, eta adierazi beharko da lokala non dagoen, alokairuaren prezioa (edo, hala badagokio, salerosketarena) eta kontratuaren indarraldia.           

Eskoriatzako udalak zuzenean ziurtatuko du lokalak zein bertan egin beharreko jarduerak udal lizentzia duela edo bere kasuan, aurretiazko jakinarazpena eginda dagoela eta bat datorrela indarrean dagoen legediarekin.

10.    Eskaerak tramitatzeko ardura duen administrazio unitatea.

Eskaerak Garapen Ekonomikorako arloak tramitatuko ditu.   

11.    Eskaerak ebaluatzeko irizpideak.

Lortu nahi den helburua oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei diru laguntza ematea denez, beraien artean, denborarena eta aurrekontu kontsignazioa egotea ez bada, ezin da beste harreman elementurik ezarri. Hau da, eskaerak aurkeztu ahala erabakitzen joango dira horretarako dagoen aurrekontu kontsignazioa agortu arte.       

12.    Prozedura eta erabakia.

Eskaerak sarrera hurrenkeraren arabera tramitatu eta erabakiko dira horretarako aurrekontu kreditua dagoen artean.              

Eskaera aurkeztuta, Garapen Ekonomikorako arloko teknikariak aztertuko du; eta dokumenturen bat falta izanez gero, 10 eguneko epea emango da hori aurkezteko.  

Epe hori amaituta eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe, diru laguntza eskaerari uko egiten zaiola ulertuko da.    

Eskatutako dokumentazio guztia aurkeztutakoan, jasotako eskaerak aztertuko ditu Garapen Ekonomikorako batzorde informatzaileak 4. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, eta diru laguntza emateko proposamena egingo du.

Diru laguntza emateko proposamena jakinarazita pertsona fisiko edo juridikoari, horrek ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko du 2 hilabeteko epean diru laguntza emateko proposamena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita:

— Alokairu kontratuaren edo salerosketa eskritura publikoaren kopia konpultsatua.

— Sustatzailea eta langileak Gizarte Segurantzan alta emanda egotearen agiria.

Ezarritako epean ez bada eskatutako dokumentazio guztia aurkeztu, ez zaio diru laguntza emateko proposamenik aurkeztuko organo eskudunari dagokion erabakia har dezan.       

Dokumentazio hori jasota, garapen ekonomikorako arloko teknikariak aztertuko du, eta derrigorrezko txostena egingo du.        

Txosten hori organo eskudunari emango zaio dagokion erabakia har dezan.

Erabakia gehienez ere sei hilabeteko epean hartuko da Udal Erregistroan eskaerari emandako sarrera egunetik kontatzen hasita.

Epe hori amaituta, eta udalak ez badu inolako erabakirik hartu eskaeraren baten gainean, eskaera ez dela onartu ulertu beharko da.

Erabaki proposamena egin aurretik, udalak, batzorde informatzailearen bidez, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatu ahal izango du.

13.    Diru laguntza ordaintzeko modua.

—Alokatzeko diru laguntzak:

Diru laguntza onartuta, jabeari alokairua ordaindu zaiola egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu ondoren ordainduko da lehen hiru hilabeteko diru laguntza. Ondorengo diru laguntzak hiru hilero ordainduko dira, hiruhileko bakoitzari dagokion alokairua ordaindu dela egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu eta gero, eta zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta Eskoriatzako udalarekikoak egunean dituela egiaztatu ondoren.               


Eskatzaileak emandako kontu korrontean egingo da ordainketa, gehienez ere hilabeteko epean dokumentazio osoa aurkezten denetik kontatzen hasita.

—Lokala erosteko diru laguntzak:

Jabeari salerosketa prezioa ordaindu zaiola egiaztatzeko dokumentua aurkeztu ondoren ordainduko da diru laguntza.

Eskatzaileak emandako kontu korrontean egingo da ordainketa, gehienez ere hilabeteko epean dokumentazio osoa aurkezten denetik kontatzen hasita.

14.    Onuradunen betebeharrak.

Pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek dituzte:

—Jarduera egitea edota diru laguntza emateko arrazoi izan diren helburuak betetzea.

—Eskoriatzako Udalaren aurrean justifikatzea diru-laguntza ematearen edo erabiltzearen helburua eta ekintzak betetzen direla, bai eta ekintza horiek burutzeko baldintzak eta betekizunak betetzen direla ere.

—Diru-laguntzak emateko baldintzak betetzen ari direla egiaztatzeko udalak egin ditzakeen jarduketak onartzea.    

Diruz lagundutako jarduera berengatik beste diru-laguntzaren bat jasoko balitz, horren berri ematea Eskoriatzako udalari.        

Beste diru-laguntza hori jasoko dela jakin bezain laster jakinarazi beharko zaio udalari eta, edozein kasutan, udaletik jasotako diruaren erabilera justifikatu aurretik.             

Zerga betebeharretan, Gizarte Segurantzarekikoetan eta Eskoriatzako Udalarekikoetan egunean egotea.

Jasotako diruaren erabilerari buruzko egiaztagiriak gutxienez bost urtez gordetzea.

Diruz lagundu beharreko jarduera garatzeko beharrezko diren baimen guztiak lortzea, eta baimenon xedapenak betetzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera aldatuz gero, diru-laguntza eman duen organoari jakinaraztea.

Lokala alokatzeko diru laguntzen kasuan, jabeari egindako ordainketen agiriak hiru hilero aurkeztea. Agiriak aurkeztu ondoren, udalak diru-laguntza ordainduko du enpresak zehaztutako kontu korrontean.        

15.    Diru laguntzak pilatzea.

Udalak emandako diru laguntza bateragarria izango da helburu bererako emandako beste edozeinekin.

Hala ere, diru laguntzaren kopurua ezin izango da izan, bera bakarrik edo beste laguntza batzuekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

16.    Diru laguntzak argitaratzea.

Diru laguntza, banaka hartuta, 3.000 eurotik gorakoa baldin bada, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira onuradunaren izena eta emandako diru laguntza.             

Ez da diru laguntzen daturik argitaratuko, diru laguntzaren xedeagatik, pertsona onuradunaren datuak argitaratzeak pertsona fisikoen ohorea eta intimitate pertsonal zein familiarra ez errespetatzea edo ez babestea ekar dezakeenean.

17.    Diru laguntza bertan behera uztea edo baliogabetzea.

Diru laguntza berraztertzeko eta, hala bada, bertan behera uzteko arrazoia izango da diru laguntza jasotzea eskatutako baldintzak bete gabe.

18.    Emandako diru laguntza noiz itzuli beharko den.

1.    Diru laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan aurreikusitako arrazoiez gain, eta diru laguntza emateko erabakia deuseza edo deuseztagarri izateagatik, bidezkoa izango da jaso diren kopuruak itzultzea eta berandutza interesa eskatzea -diru laguntza edo laguntza ordaindu den unetik aurrerakoa- hauetakoren bat gertatuz gero:  

a)    Jasotzen den dirua zertan erabiltzen den ez egiaztatzea edo xedaturiko moduan eta epean egiaztatzeko eginbeharra ez betetzea.

b)    Eskatutako baldintzak faltsutuz edo diru-laguntza eskuratzea galaraziko zuketenak ezkutatuz eskuratu bada diru-laguntza.

c)    Diru-laguntza ematerakoan onuradunei ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

d)    Diru-laguntza ematea ekarri duen helburua –osorik nahiz zati batean– bete ez bada.

Horren harira, eta Udalak beste akordiorik hartu ezean, ulertuko da xedea ez dela bete baldin eta diru-laguntzaren xede diren jarduera edo egitarauen %50etik beherakoa bakarrik egin bada.

e)    Organo eskudunen kontrol jarduerei uko egitea edo horiek oztopatzea.

f)    Laguntza edo diru laguntza bakoitzaren oinarri berezietan aurreikusitako gainerako kasuetan.

2.    Itzuli beharreko kopuruak premiamendu-bidez ere exijitu ahal izango dira, baldin eta udalak horretarako zehaztutako epeetan itzuli ez badira.

19.    Dirua itzultzeko prozedura.

1.    Diru-laguntza eman zuen organoak berak izango du eskumena jaso den zenbatekoaren itzulketa –osorik edo zati batean– exijitzeko erabakia hartzeko.

2.    Diru-laguntza itzultzeko prozedurari ofizioz ekingo zaio organo eskudunak horrela erabakita, hura izapidetzeko administrazio-atal arduradunak txostena egin eta gero, edota alderdiren batek eskatuta edo salatuta.

3.    Nolanahi ere, prozedura izapidetzerakoan pertsona edo erakunde interesdunen entzunaldi-eskubidea bermatu beharko da.

4.    Emandako diru-laguntza guztiz edo aldez ez dela behar bezala erabiltzen egiaztatutakoan, organo eskudunak ziodun ebazpena emango du, argiro adierazita onuradunak zergatik itzuli behar duen dirua nahitaez, itzuli beharreko zenbatekoa eta horretarako epea eta modua. Era berean, ohartaraziko zaio dirua xedaturiko epean itzuli ezean premiamenduzko bidez kobratzeari ekingo diola Udalak. 

5.    Itzultzeko prozedurari administrazio-arauren bat urra dezakeen zerbaitengatik ekiten bazaio, horren jakitun jarriko da organo eskuduna dagokion zigor-prozedurari ekiteko.      


6.    Itzultzeko prozedura pertsona fisikoen edo juridikoen kontra zuzenduko da, edo nortasun juridikoa ez daukaten pertsona fisiko edo juridikoen taldeetako kideen (diru-laguntzaren eskatzaile edo onuradun agertzen direnen) kontra.       

7.    Diru laguntza –gehi dagozkion berandutze interesak–itzultzeko obligazioaren erantzukizun solidarioa, edo hala badagokio, subsidiarioa, erabakitzeko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 40. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

20.    Oinarriak interpretatzea.

Oinarri hauek interpretatzerakoan, aplikatzerakoan edo horien ondorioetarako zalantzarik izanez gero, Garapen Ekonomikorako Batzorde Informatzaileak erabakiko du.

21.    Garapena eta exekuzioa.

Oinarri hauek exekutatu ahal izateko behar beste erabaki hartzeko ahalmena ematen zaio Alkate-Udalburuari.

22.    Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka berraztertzeko errekurtsoa jarri dakioke oinarriak onartu dituen organo eskudunari. Horretarako hilabeteko epea izango da. Bestela, zuzenean inpugnatu daitezke Administrazioarekiko Auzitegian, eta horretarako bi hilabeteko epea izango da. Epe biak oinarri hauek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren biharamunean hasiko dira kontatzen.