2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA

Gipuzkoako herritarrei irekitako «Fiskalitatean ideia berritzaileak» sariaren oinarri arautzaileak eta 2022ko deialdia.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak, 2022ko irailaren 13an egindako batzarraldian, ondoko erabakia hartu zuen:

Lehena.    Onartzea erabaki honen I. eranskinean jasotako «Fiskalitatean ideia berritzaileak» izeneko saria, Gipuzkoako herritarrei irekia, arautzen dituen oinarriak.

Bigarrena.    Onartzea aipatutako sariaren 2022ko deialdia, II. eranskinean jasotakoaren arabera. 

Hirugarrena.    Baimentzea bost mila (5.000,00 €) euroko gastua, deialdi horri aurre egiteko, 1 0610.110. 480.01.01 2022 aurrekontu partidaren kargura.

Laugarrena.    Erabaki honen bidez onartzen diren oinarri arautzaileek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera izango dituzte ondorioak.

Erabaki hau behin betikoa da, eta administrazio bidea amaitzen du. Interesdunek erabaki honen aurka zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete Administrazioarekiko Auzietarako Donostiako epaitegietan, bi hilabeteko epean, argitalpenaren biharamunetik aurrera.       

Hala ere, horren aurretik, interesdunek aukera izango dute Diputatuen kontseiluari berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko, hilabeteko epean, argitalpenaren biharamunetik aurrera. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo presuntziozko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke.              

Donostia, 2022ko irailaren 15a.—Laura Gallastegui Amiama, idazkari teknikoa.  (5780)

I. ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILE OROKORRAK

1.    Xedea.

Oinarri hauen xedea da Gipuzkoako herritarrei irekita dagoen «Fiskalitatean ideia berritzaileak» izeneko saria arautzea, zerga betebeharrak borondatez betetzeari eta iruzur fiskalaren aurkako borrokari begira dauden ideiak, sormena eta talentua bultzatzeko.

Lehiatuko duten ideiek honetara egon behar dute bideratuta:

a)    Zerbitzu publikoak eta ongizatearen estatua herritar arduratsu gisa mantentzen laguntzeak duen garrantziaz ohartarazi eta sentsibilizatzera.

b)    Ogasun eta Finantza Departamentuaren webgunean dagoen informazioa zabaldu edo hobetzera, eta herritarrei betebehar fiskalak betetzen laguntzeko zerbitzuak sortu, zabaldu edo hobetzera.

c)    Iruzurrari aurre egitearekin lotuta dauden edo lan hori errazten duten ideia eta/edo tresna berriak proposatzera.

2.    Onuradunak.

2.1.    Deialdi hau argitaratu baino lehen Gipuzkoan erroldatuta dagoen edozein pertsona fisiko aurkeztu daiteke sariketara, banaka zein batera, talde bateko kide gisa.           

Ideia bat banaka aurkezten duenak ezingo du ezein ideiarik aurkeztu beste pertsona batzuekin batera, ezta pertsona talde batean baino gehiagotan agertu ere.

Pertsona bakoitzak –banaka edo taldeka– ideia bat baino gehiago aurkeztu ditzake. Hala ere, deialdi bakoitzean ezingo du sari bat baino gehiago eskuratu.

Ogasun eta Finantza Departamentuak ofizioz egiaztatuko du Gipuzkoan erroldatuta egoteko baldintza betetzen dela, eskatzailea berariaz horren aurka dagoenean izan ezik. Aurka eginez gero, sariketan parte hartzeko eskaerarekin batera, deialdia argitaratzen den egunean Gipuzkoan erroldatuta dagoela egiaztatzen duen errolda ziurtagiria aurkeztu beharko da.          

2.2.    Gainera, sariketan esku hartzeko, parte hartzaileek ez dute sartuta egon behar martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 12. artikuluan jasotako debeku kasuetan, eta oinarri hauetan adierazitako gainerako baldintzak ere bete behar dituzte.           

Era berean, konpromisoa hartu behar dute betetzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta foru sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko Jokabide Kodea eta Zuzentasun Instituzionaleko Esparrua, hain zuzen ere, Diputatuen Kontseiluak 2018ko urriaren 2ko Erabakiaren bidez onetsi zuena eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan (https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/dirulaguntzak) laguntzen, beken eta dirulaguntzen atarian eskura daitekeena.

2.3.    Aurreko apartatuan adierazitakoa egiaztatzeko, parte-hartzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.         

2.4.    Sariketan parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar.

3.    Sariak.

3.1.    Sari hauek izango dira:

1. saria:

— 1.500 €-ko diruzko saria.

— MacBook Pro (M2) motako ordenagailua edo antzekoa.

2. saria:

— 750 €-ko diruzko saria.

— Telefono adimendun bat, Iphone 13 motakoa edo antzekoa.

3.2.    Bi sari horiez gain, saritutakoek BIC Gipuzkoa Berrilan, SAren (www.bicgipuzkoa.eus) aholkularitza izango dute beren ideiak bizkortzeko, saridunek aurrez onartuta betiere, baldin eta ideia horiek berrikuntzaren aldeko prestakuntza programa eta ekintzen bidez bultzatu edo garatu badaitezke.        

Era berean, berrikuntzaren, enpresa kudeaketaren eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien (IKT) arloko prestakuntza jaso ahal izango dute, ekimenaren beharren arabera.

3.3.    Saritutako pertsonen izena eta ideia irabazleen laburpena hedabideetan eta Ogasun eta Finantza Departamentuaren webgunean zabalduko dira.    

3.4.    Sariak ematean indarrean dagoen zerga araudiari jarraituz, irabazleei PFEZaren atxikipenak edo konturako sarrerak egingo zaizkie.

4.    Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

4.1.    Partaide bakoitzak ideia bat baino gehiago aurkeztu ditzake. Hala ere, deialdi bakoitzean ezingo du sari bat baino gehiago eskuratu.

4.2.    Ideia bakoitzeko eskaera bat aurkeztu behar da, gainerako dokumentazioarekin batera, Internet bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan sartuz, laguntzen, beken eta dirulaguntzen atarian klikatuz (https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/dirulaguntzak) eta hor eskuragarri dagoen formulario betez. Eskaerak eta dokumentazio osagarria aurkezteko, Foru Administrazioaren eremuan bitarteko elektronikoen erabilera arautzen duen irailaren 28ko 23/2010 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraituko zaio.

Ideia bat batera aurkeztuz gero, parte hartzeko eskaeran parte-hartzaile guztiak identifikatuko dira, eta ordezkari gisa diharduenak bakarrik sinatuko du.          

4.3.    Deialdiari buruzko informazioa eta eskaera egiteko orri normalizatuak aipatutako egoitza elektronikoan kokatuta dagoen laguntzen, beken eta dirulaguntzen atarian eskuratu ahal izango dira (https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/dirulaguntzak).

Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:            

a)    Ideiaren laburpen exekutiboa, gehienez bi orrialdekoa, ideiaren puntu eta balio nagusiak azalduz eta nabarmenduz.          

b)    Memoria, 2. gehigarriaren ereduaren arabera. Dokumentuak 20 orrialde izan behar ditu gehienez, DIN A4 formatukoak, Arial letra mota arrunta erabiliko da eta 10 izango da gutxieneko tamaina (azalak, aurkibideak eta irudiak kontuan hartu gabe).

Nahi izanez gero, memoriarekin batera bideo bat aurkeztu ahal izango da, ideia berritzailea hedatzeko edo argitzeko. Arrazoi teknikoengatik, bideoa ezin izango da fitxategi erantsi gisa bidali inolako formatutan, baina posible da plataforma digital batera igotzea (adibidez, YouTube, Vimeo, Dropbox, Google Drive…). Kasu horretan, laburpen orrian adierazi beharko da zein den bideoa ostatatuta dagoen estekaren helbidea.

Ideiak originala izan behar du, eta ez ditu inola ere urratu behar jabetza intelektual eta industrialeko eskubideak, hirugarrenen datuak babestekoak edo bestelakoak.

c)    Behar den kasuetan, errolda ziurtagiria, deialdia argitaratzen den egunean eskatzailea Gipuzkoan erroldatuta dagoela frogatzeko.

d)    Erantzukizunpeko adierazpena, non adierazi behar baita eskatzailea ez dagoela sartuta Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 12. artikuluak onuradun ez izateko aurreikusten dituen debekuetan.

e)    Foru Administrazioak eta haren sektore publikoko entitateek emandako laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko Jokabide Kodea eta Zuzentasun Instituzionaleko Esparrua, Diputatuen Kontseiluak 2018ko urriaren 2ko Erabakiaren bidez onetsia, betetzeko konpromisoa.

Aurreko d) letran aipatutako erantzukizunpeko adierazpena egiteko, eskatzaileak deialdian parte hartzeko eskura jartzen den formulario elektronikoa bete beharko du, egoitza elektronikoaren helbide honetan:    

https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/dirulaguntzak.

Eta e) letra betetzeko konpromisoa 3. gehigarriaren ereduari jarraituz egingo da, laguntzen, beken eta dirulaguntzen atarian sartuta (https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/dirulaguntzak).          

4.4.    Eskaerak aurkezteko epea urteko deialdian zehaztuko da.

4.5.    Ogasun eta Finantza Departamentuak beharrezkoak diren dokumentuak kontsultatu edo eskatuko ditu, bitarteko elektronikoen bidez, parte-hartzaileek oinarri hauetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 28.2 eta 53.1.d artikuluetan aurreikusitakoarekin bat, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu. Aurka eginez gero, interesdunak eskaeraren formularioan propio gaitutako laukitxoa markatu beharko du aurka dagoela espresuki adierazteko, eta aurka egotera eraman duten dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

4.6.    Parte-hartzailea sariketara aurkeztutako ideien eduki, mezu eta/edo iruzkinen erantzulea izango da.  

5.    Saria emateko prozedura.

5.1.    Sariak emateko prozedura norgehiagoka izango da, deialdi eta hautaketa prozedura bakarraren bidez.              

5.2.    Prozedura ofizioz hasiko da, organo eskudunak onartuko duen deialdi publikoaren bidez. Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

6.    Eskaerak baloratzeko irizpideak.

Deialdian aurkezten diren eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

— Proposamenaren sormena eta originaltasuna, eta berrikuntza maila: % 30.

— Ideia gauzatzeko aukera (ekimenaren bideragarritasuna, gastuaren eta inpaktuaren arteko erlaziorik onena): % 30.

— Gizartearekiko inpaktua: % 25.

— Teknologia berrien erabilera eta proposamenen aurkezpenaren kalitatea: % 15.

7.    Prozedura antolatu eta bideratzeko eskumena duten organoak.

7.1.    Ogasun eta Finantza Departamentuko Herritarren Arretarako Zerbitzuaren ardura izango da saria emateko prozedura antolatzea eta bideratzea.

7.2.    Instrukzio fasea eskaeraren aurreebaluazioarekin hasiko da, hau da, parte hartzeko ezarri diren baldintzak betetzen direla egiaztatuko da lehen-lehenik.

7.3.    Eskaerak adituek osatutako batzorde tekniko batek aztertuko ditu, balorazio txosten bat egiteko. Txosten hori ebaluazio batzordeari igorriko zaio, ebaluazioaren emaitzari buruzko ebazpen proposamena egin dezan; eta, ondoren, proposamena eskumena duen organoari aurkeztuko zaio, hark onar dezan.     

7.4.    Ebaluazio Batzordeak kide hauek izango ditu: Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari bat (batzordeburua izango dena), Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuaren ordezkari bat, BIC Gipuzkoa entitatearen ordezkari bat eta unibertsitate bakoitzaren ordezkari bat (EHU, Mondragon, Deustu eta Nafarroako Unibertsitateko Tecnum), Kontu-hartzailetza eta Auditoretza Zerbitzuaren ordezkari bat eta Herritarren Arretarako Zerbitzuaren ordezkari bat –idazkari jardungo duena–.

Ebaluazio batzordearen osaketan gaitasun, eskumen eta prestakuntza egokidun gizon eta emakumeen presentzia orekatua bermatzeko, ahal den guztietan bermatuko da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza duela, hala jasotzen baitu 21. artikuluan martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoak. 

7.5.    Egoki iritziz gero, ebaluazio batzordeak erabaki ahal izango du finalistatzat hartzen dituen pertsonek beraien ideia azaltzea eta batzordearen galderei erantzutea, proposamenen azken ebaluazioa egin ahal izateko.

7.6.    Ebaluazio Batzordeak proposa dezake edozein sari hutsik deklaratzea.

8.    Sariak emateko ebazpena eta jakinarazpena.

8.1.    Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua izango da oinarri hauetan jasotako sariak ematea ebazteko organo eskuduna.

8.2.    Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 45.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraituz, deialdiaren ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, argitalpen horrek banakako jakinarazpena ordeztuko du, eta, argitalpen egunaren biharamunetik hasita, jakinarazpena egintzat joko da lege ondorio guztietarako.        

8.3.    Sariak emateko prozedura ebazteko eta argitaratzeko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, urteko deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta. Data horretan prozedura hasiko da ondorio guztietarako.          

8.4.    Aurreko apartatuan adierazitako gehieneko epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

9.    Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.  

9.1.    Onuradunek sariak jasotzeak berekin dakar nahitaez betetzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauan, apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuaren bidez onetsitako garapen Erregelamenduan eta dirulaguntzen arloan aplikagarri den gainerako araudian ezarrita dauden obligazioak, baita oinarri orokor hauetatik ondorioztatzen direnak ere.              

9.2.    Saria jasotzearen ondorioz egiten diren komunikazioetan, material edizioan eta hedapen jardueretan, Euskadiko Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen erabilera bermatu beharko da, hala jasotzen baitu Euskararen erabilera normalizatzeko plana Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bere organismo autonomoen jarduera esparruan 2018-2022 aldirako onartzen duen 2018ko ekainaren 26ko Diputatuen Kontseiluko erabakiak.

9.3.    Hizkera ez-sexista erabili beharko da sariketara aurkezten den edo saria hedatzean sortzen den dokumentazio, irudi edo material orotan. Halaber, emakumeen irudi baztertzaileak edo genero estereotipoak erreproduzitzea saihestuko da, eta berdintasunezko balioak sustatuko dira, emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren bidez, batzuk zein besteek modu berean posizio sozial desberdinak betez eta bai esparru publikoan bai pribatuan antzeko zereginak beren gain hartuz.          

10.    Emaitzen konfidentzialtasuna eta jabetza intelektuala. 

10.1.    Ogasun eta Finantza Departamentuak sariketara aurkezten diren agiriak, irudiak edo materialak erabili ahal izango ditu, baita horiek erreproduzitu, publikoki ezagutarazi eta banatu ere, sariketa honen ondorioetarako.

10.2.    Sariketara aurkezten diren pertsonek beren proposamenetan zehaztu beharko dute zer tratamendu planteatzen duten ideia etorkizunean garatzeko.

11.    Araubide juridikoa.

Oinarri hauen xede diren sariei, bertan ezarritakoaz gain, arau hauek aplikatuko zaizkie: martxoaren 27ko 3/2007 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoa, haren garapen Erregelamendua, apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuaren bidez onetsia, eta dirulaguntzen arloan aplikagarria den gainerako araudia.

II. ERANSKINA

«FISKALITATEAN IDEIA BERRITZAILEAK»
SARIAREN 2022KO DEIALDIA

1.    Oinarri arautzaileak.

«Fiskalitatean ideia berritzaileak» Gipuzkoako herritarrei irekia izeneko sariaren oinarri arautzaileak 2022ko irailaren 13ko Diputatuen Kontseiluren erabakiaz onetsitakoak dira, deialdi honekin batera Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnak.   

2.    Finantzaketa.

Deialdi honetarako gehieneko zenbatekoa bost mila eurokoa izango da (5.000,00 €), aurrekontu partida honen kargura:          

1 0610.110. 480.01.01 2022.

Partida horren kargura, diruzko sariak eta gauzazko sariak ordainduko dira.

3.    Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko azaroaren 4an, 14:30ean, amaituko da.              

4.    Eskaerak aurkezteko modua.

4.1.    Sariketan parte hartzeko eskaerak, gainerako dokumentazioarekin batera, internet bidez aurkeztu beharko dira, horretarako prestatutako formulario elektronikoa betez (ikus 1. gehigarria). Formulario hori laguntzen, beken eta dirulaguntzen atarian dago eskuragarri, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren barruan (https://egoitza.gipuzkoa.eus/berritzekoideiak).

Eskaerak eta dokumentazio osagarria aurkezteko, Foru Administrazioaren eremuan bitarteko elektronikoen erabilera arautzen duen irailaren 28ko 23/2010 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraituko zaio.         

5.    Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera egiteko formulario elektronikoarekin batera, eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

—Laburpen exekutiboa eta memoria, 2. gehigarri gisa ageri den ereduaren arabera. Eredu hori laguntzen, beken eta dirulaguntzen atarian eskura daiteke, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren barruan (https://egoitza.gipuzkoa.eus/berritzekoideiak).

—Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta foru sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko Jokabide Kodea eta Zuzentasun Instituzionaleko Esparrua betetzeko konpromisoa, 3. gehigarrian ageri den ereduaren arabera. Gehigarri hori laguntzen, beken eta dirulaguntzen atarian eskura daiteke (https://egoitza.gipuzkoa.eus/berritzekoideiak).

—Erantzukizunpeko adierazpenean jasotzen diren Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari eta Gipuzkoan erroldatzeari buruzko datuak egiaztatzeko, Ogasun eta Finantza Departamentuak ofizioz egiaztatzearen aurka agertuz gero, parte hartzaileek behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte alderdi horiek betetzen dituztela frogatzeko.