3
TOKI ADMINISTRAZIOA

ZUMAIAKO UDALA

Euskara ikasteko dirulaguntzak emateko oinarri bereziei behin betiko onarpena.

1.    Udalbatzak, 2022ko ekainaren 22ko ezohiko osoko bilkuran, hasierako onarpena eman dio euskara ikasteko diru laguntzak emateko oinarri bereziei.   

Oinarri horiek 2022ko uztailaren 1eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (125 zk.) iragarri ziren interesdunek nahi izanez gero 30 lanegunez alegazioak aurkez zitzaten. Jendaurreko epealdia agortuta ez da alegaziorik aurkeztu, eta, hortaz, aipatu oinarriak behin betiko onartutzat ematen dira.

Beraz, Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, iragarki honetan eranskin gisa argitaratzen da oinarrien testu osoa.

Administrazio bidean behin betikoa den akordio honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, iragarkia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Zumaia, 2022ko abuztuaren 22a.—Iñaki Ostolaza Esnal, alkatea.  (5466)

ERANSKINA

Euskara ikasteko dirulaguntzak emateko oinarri bereziak.

1.    Xedea.

Oinarri hauen helburua da ikasturtean zehar helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiar orori dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea. Eta hori guztia Zumaiako Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzak ezartzen duena kontuan izanik.    

2.    Onuradunak.

Helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiarrak izango dira dirulaguntza hauen onuradun, betiere araudi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.             

Ikasturte hasieran, euskara ikasi nahi duten herritar guztiek aukera izan dezaten, babesgabetasun egoeran dauden herritarrei matrikula kopuruaren zati bat Udalak ordain diezaieke, betiere egoera horri buruz arloko teknikariak aurrez egindako balorazioan oinarrituz.

Dirulaguntza horiek ezin eskuratuko dituzte, indarrean den araudiari jarraikiz, eskubide hori mugatuta edo ezabatuta duten pertsonek. Halaber, ezingo dituzte dirulaguntzak lortu behin betiko ebazpen bidez eskubide hori ebazpenak erabakitako epean galtzera zigortutakoek ere, edo Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrak 13. artikuluan adierazitako beste edozein kasutan daudenek.

Zigor edo administrazio arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege debeku baten eraginpean dauden pertsonak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu diskriminazioan erori izanagatiko lege debekuak barne, ezin izango dute agindu honetan araututako dirulaguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.           

3.    Laguntzak emateko prozedura.

Laguntza hauek norgehiagoka bidez emango dira, eta emateko prozedura Zumaiako Udalaren Ordenantza Orokorrean ezarritakoa izango da.

Dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako urteko deialdiaren bitartez.              

4.    Eskaerak.

Eskaerak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den deialdian zehaztuko den eskabide ereduaren arabera eta epean aurkeztu beharko dira Udalaren Erregistro Orokorrean edo telematikoki www.zumaia.eus egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez.               

Eskabideak aurkezteak dagokion deialdian jasotako baldintza guztiak berariaz eta oso-osorik onartzen direla esan nahi du. 

5.    Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak dagokion deialdiaren I. eranskinean agertuko den eredu normalizatuaren bidez egingo dira. Horrekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a)    Ikastaroa ordaindu izanaren egiaztagiria.           

b)    Egindako ikastaroaren maila eta asistentzia % 80tik gorakoa izan dela ziurtatzen duen agiria, euskaltegiak edo ikasketa zentroak berak emana.

Zumaiako Udalak, Nisaeren Nodoaren bidez, beharrezkoak diren egiaztapenak eta kontsultak egingo ditu interesdunek administrazioaren esku jarri dituzten datuei buruz. Horregatik, elkarreragingarriak izan daitezkeen datuak eskatzeari utziko zaio, baldin eta interesduna datu horiek erabiltzearen aurka agertzen ez bada berariaz; kasu horretan, dagozkion datuak edo dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

Administrazio publikoen arteko datu bitartekaritzarako oinarria urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan zehazten da, non aitortzen baita herritarrek eskubidea dutela ez aurkezteko edozein administraziok egindako dokumentuak, jatorrizko dokumentuak, ezarri beharrekoa den araudiak eskatzen ez dituen datuak edo dokumentuak, edo interesdunok aurretik edozein administraziori emandakoak.     

Era berean, 40/2015 Legearen 155. artikuluak adierazten duena gogora ekarriz, administrazioek elkarri lagundu behar diote datu trukean, eta herritarrei buruzko datuak haien esku daudenak, eman behar dituzte.

Horren ildotik, Zumaiako Udalak honako baldintza hauek egiaztatuko ditu dirulaguntza hauek eskuratu ahaI izateko, Nisaeren, datuen eta beste administrazio batzuen bitartekaritzarako plataformaren zerbitzuen bidez:

— NANa edo agiri baliokidea.

— Zerga betebeharrak beteak dituela.        

— Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharrak egunean dituela.

— Lan bizitzaren txostena (lanik gabe egon direnean bakarrik).

Zumaiako Udalak ofizioz egiaztatuko du harekiko betebeharrak betetzen direla.

Ezin bada datuen artekaritza plataformen bidez edo hartarako gaitutako bestelako sistema elektronikoen bidez kontsulta egin, salbuespen moduan eskatu ahal izango zaio eskatzaileari dokumentazio hori aurkezteko.      

6.    Akatsak zuzentzea.

Eskabideak edo harekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioak akatsen bat baldin badu edo osatu gabe baldin badago, interesatuei hamar laneguneko epea emango zaie, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, antzemandako hutsak konpon ditzaten (urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikulua).

        
Emandako epea amaitu eta aurkitutako akatsak konpondu ezean, eskaera bertan behera utzi dutela iritziko da eta prozedura artxibatuko da, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 94. artikuluan xedatutakoarekin bat ebazpena eman eta gero.  

7.    Zuzkidura eta aurrekontuko partida.

Dirulaguntzen zuzkidura eta aurrekontuko partidak urteko deialdietan ezarriko dira.

8.    Eskaerak balioztatu eta laguntzak emateko baldintzak.   

Euskara Zerbitzuko teknikariek egiaztatuko dute eskatzaileek baldintza guztiak betetzen dituztela. Hau da:       

Egindako ikastaroan % 80ko asistentzia.

Egindako ikastaroa ordaindu izana.

Zumaian erroldatuta egotea ikastaroak irauten duen bitartean.

Eskatzaileak betebeharrak eguneratuak dituela.

9.    Diruz lagun daitezkeen gastuak.

Diruz lagun daitezkeen gastuak dira diruz laguntzen diren jarduerak egiteko egin behar direnak, baldin eta dagokion deialdian ezarritako epean egiten badira. Alderdi horri dagokionez, beti bete beharko da Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikulua (azaroaren 17ko 38/2003 Legea).   


Euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak lagunduko dira diruz: Aurrez aurrekoak, autoikaskuntzakoak nahiz barnetegikoak.

10.    Ebazpena.

Euskara zerbitzuburua izango da instrukzioaren arduraduna eta, aurrez Euskara Batzordean txosten teknikoa aurkeztu eta gero, alkate dekretuz ebatziko da.

Guztia gehienez 6 hilabeteko epean egin beharko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.          

Aipatutako epea igaro eta gero, Udalak eskabideren bati buruzko erabaki zehatzik hartu gabe izango balu, erantzuna ezezkoa dela esan nahiko du horrek.

11.    Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko irizpideak.

Eman beharreko dirulaguntzak kalkulatzeko, honako irizpideok hartuko dira kontuan:

1.    Ikastaroak irauten duen bitartean lanik gabe egon den ikaslearentzat ordaindutako matrikularen % 100 izango da laguntzaren zenbatekoa.

2.    Gainerakoentzat ordaindutako matrikularen % 75 izango da laguntzaren zenbatekoa.

Bi epealditako ikastaroak bereiziko dira:

a)    Euskalduntze eta alfabetatzeko ikastaroak (urritik ekainera): Eskatzaile bakoitzari gehienez 600 euroko laguntza emango zaio.     

b)    Udan egindako euskara ikastaroak (uztailetik irailera): Eskatzaile bakoitzari gehienez 200 euroko laguntza emango zaio.                

Barnetegien kasuan, diruz lagundu daitekeen gastua eskola orduen matrikularen zenbatekoari egokituko zaio; ez da laguntzarik emango mantenu eta ostatu gastuetarako.

Udalak dirulaguntzetan ordaindu beharreko kantitatea handiagoa bada aurrekontuan horretarako izendatutako kopurua baino, orduan banaketa proportzionala egingo da eskatzaile guztien artean.

Baimendutako gastua handitu edo murriztu ahal izango du aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena esleituta duen organoak, dirulaguntza ematea ebatzi baino lehen. Dena den, horrek ez du beste deialdi bat egitea ekarriko.        

12.    Bateragarritasuna.

Emango den dirulaguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. Horrelakoetan dagozkion kenketak egingo dira, aldea ez ordainduz edo dagokion kopurua itzultzeko eskatuz.   

Zumaiako Udalak eskubidea izango du eskatzaile bakoitzak emandako edozein datu beste administrazio publikoekin erkatzeko, betiere oinarri hauen xede den gaiari atxikita. Era berean, emandako dirulaguntzen, onuradunen eta zenbatekoen zerrenda HABEra (Helduen Euskalduntze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) bidaliko da, dagokion datu basean dirulaguntza hauen berri jaso ahal izateko.

Ikasturtean zehar HABEren mailaren bat edo baliokideren bat egiaztatzen duten ikasleek, baldin eta oinarrien arabera dirulaguntza hori jasotzeko eskubidea badute, HABEk ikasturte horretan egingo duen deialdian parte hartu beharko dute. Zumaiako Udalaren dirulaguntza HABEk emandakoaren osagarria izango da.

13.    Dirulaguntzak ordaintzea.

Banku transferentzia bidez egingo da dirulaguntzen ordainketa, onuradunaren titulartasuneko kontu batean.

Dirulaguntza emango dela jakinarazi eta gero, onartutako zenbatekoaren % 100 ordainduko da.

14.    Dirulaguntza itzultzea.

Oinarri hauetan edo dirulaguntza ematean ezarritako betebeharrekoren bat bete ezean, dirulaguntza osoa edo zati bat eta dagokion berandutze interesa itzuli beharko da, Zumaiako Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzaren 25. artikuluak arautzen duen prozedurari jarraituz.  

15.    Araubidea.

Oinarri hauek aurreikusi gabeko alderdi guztietan betetzekoak izango dira azaroaren 17ko 38/2003 Legea, dirulaguntzei buruzko lege orokorra (azaroaren 18an argitaratua Estatuko Aldizkari Ofizialean); lege horren garapeneko erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 errege dekretuaren bidez onartua (uztailaren 25ean argitaratua Estatuko Aldizkari Ofizialean); Zumaiako Udalaren dirulaguntzak emateko Ordenantza Arautzaile Orokorra (2020ko abuztuaren 11ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 151. zk.); eta Zumaiako Udalaren eta Kirol Patronatuaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa (2021eko martxoaren 30eko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 59 zk.).

Azken xedapena.

Oinarri hauek indarrean jarriko dira Tokiko Erregimenaren Oinarriak Arautzeko 7/85 Legearen, apirilaren 2koaren, 70.2 artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta, eta indarrean jarraituko dute udalbatzak aldatu edo indargabetu arte.