3
TOKI ADMINISTRAZIOA

USURBILGO UDALA

Iragarkia

Usurbilgo alkateak 2022ko uztailaren 15eko ebazpenaren bidez, honako hau erabaki du:

Lehenengoa: Usurbilgo Udaleko Kontuhartzailetza lanpostua (bigarren mailakoa) bitarteko izaeraz eta oposizio-lehiaketa sistemaren bidez betetzeko deialdia egitea.

Bigarrena: Deialdi hori arautuko duten oinarriak onartzea. Ebazpen honen eranskin gisa doaz oinarriak.

Hirugarrena: Deialdi hau eta oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena: Hautaketa prozesuetako Epaimahai kalifikatzaileetako kideak izendatzeko dagozkion izapideak abian jartzea.

Bosgarrena: Ebazpen honen berri langileen ordezkariei ematea.

Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

Erabaki hau finkoa da eta amaiera eman dio administrazio-bideari.

Honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daitezke.

a)    Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 123 eta 124 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

— Epea: Hilabete bat, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

— Non: Alkatetzara jo behar da.

b)    Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 25 eta 46. artikuluetan agintzen denaren ildotik.              

— Epea: Bi hilabete, erabaki honen argitaratu eta biharamunetik hasita.

— Non: Gipuzkoako Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegira jo behar da.

c)    Berraztertze errekurtsoaren erantzunaren aurka jotzeko:

— Epea: Bi hilabete, berraztertze errekurtsoaren erantzunaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.

Aldiz, administrazioak berraztertze errekurtsoa erantzun gabe utziko balu, interesdunak edozein momentutan aurkeztu ahal izango du administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, berariazko araudiaren arabera presuntziozko ekintza gertatu den biharamunetik aurrera.

— Non: Gipuzkoako Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegira jo behar da.

Usurbil, 2022ko uztailaren 15a.—Agurtzane Solaberrieta Mesa, alkatea.    (4814)

Usurbilgo Udaleko Kontuhartzailetza lanpostua (bigarren mailakoa), bitarteko izaeraz eta oposizio-lehiaketa sistemaren bidez betetzeko oinarriak.

Lehena.    Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua honako hau da: Usurbilgo Udalean hutsik dagoen Kontuhartzailetza lanpostua (bigarren mailakoa) bitarteko funtzionario batek betetzeko hautaketa prozesua egitea, oposizio-lehiaketa sistema bidezkoa, lanpostu hori gaikuntza nazionaleko Toki Administrazioko funtzionario batek bete arte.  

Plaza hori Usurbilgo Udaleko plantillan txertatuta dago; eta lanpostua honela definituta dago lanpostuen zerrendan:  

Lanpostua: Kontu-hartzailea.

Mota: Funtzionarioa.

Eskala: Izaera nazionaleko gaikuntza.

Azpieskala: Kontuhartzailetza-diruzaintza.

Maila: Bigarrena.

Sailkapen taldea: A1.

Hizkuntza-eskakizuna: 4.a, nahitaezkoa.

Derrigortasun data: 1992-06-30.

Osagarri berezia: 19.530,20.

Destino osagarria: 24.

Bigarrena.    Parte hartzeko baldintzak.

Hautaketa probetan parte hartu ahal izango dute eskaera orriak aurkezteko epearen azken egunean honako baldintza hauek betetzen dituzten izangaiek:

Espainiako nazionalitatea izatea.

16 urte beteak edukitzea eta derrigorrez erretiratzeko adina ez gainditzea.

Lanpostuko zereginak egiteko gaitasun funtzionala izatea (baldintza hori dagokionean egiaztatuko da mediku azterketaren bidez).

Diziplina espediente batez edozein administrazio publikoren edo organo konstituzional edo autonomia erkidegoetako organo estatutarioen zerbitzutik baztertuta ez egotea edo kaleratua ez izatea; eta, ebazpen judizial bidez, erabateko desgaikuntza edo gaikuntza nazionaleko Toki Administrazioko funtzionarioei gordetako eskalan sartzeko, desgaikuntza berezia ez izatea.

Beste estatu bateko herritarra izanez gero, desgaitua edo egoera baliokidean ez egotea, eta diziplina-zehapenik edo baliokiderik ez izatea, dagokion estatuan baldintza berberetan enplegu publikora iristea eragotziko duenik, hain zuzen.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginak (urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua onartutakoak) A1 azpitaldeko kidego eta eskaletara iritsi ahal izateko eskatzen duen unibertsitate titulua edukitzea; hau da, lizentziatura edo graduko titulua edukitzea, edo hori eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea.        

Atzerriko titulazioen kasuan, beren homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da. Horrelakorik ez dute beharko, araututako lanbideen eremuan, Europar Batasuneko Zuzenbideko xedapenen arabera aitortutako lanbide kualifikazioa dutenek.        


3. edo 4. hizkuntza eskakizuna (HE) egiaztatzen duen agiria edukitzea.

Bete nahi den lanpostuak derrigorrezko 4. hizkuntza-eskakizuna dauka esleituta; horrenbestez, 4. HE izatea ezinbestekoa da lanpostua betetzeko (Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 98. artikulua).

Hala eta guztiz ere, hornitu beharreko lanpostuari derrigorrezkotasun-data gainditua duen 4. HE badagokio, eta izangai batek berak ere ez badu HE hori egiaztatzen, lanpostuari 3. HE aplikatuko zaio, soil-soilik deialdi honetan betetzeko eta sortuko den lan poltsan sartzeko ondorioetarako (Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 43.2 artikulua).    

Hortaz, 3. HE daukatela egiaztatzen duten izangaiek ere parte hartu ahal izango dute hautaketa prozesu honetan.            

2.    Eskaera orriak aurkezteko epearen bukaeran, oinarri honetan aipatutako baldintza guztiak bete beharko dira; eta egoera horri eutsi egin beharko zaio lanpostuaz jabetu arte, bitarteko funtzionario izendatu ondoren. 

Hirugarrena.    Eskaera orriak.

Hautaketa prozesuan parte hartzeko eskaera orri normalizatuak baldintza hauek bete beharko ditu:

a)    Oinarri hauen II. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa izan behar da; behar bezala bete eta sinatuta aurkeztu behar da; eta bertan eskatzaileak adierazi behar du bigarren oinarrian jasotako baldintza guzti-guztiak betetzen dituela eskaera orriak aurkezteko epea amaitzen den egunean. Aipatu eredua eskuragarri jarriko da www.usurbil.eus webgunean.    

b)    Aurkezteko tokia edo bidea.

Eskabideak aurkeztu ahal izango dira, behar bezala beteta, elektronikoki Usurbilgo Udalaren egoitza elektronikoan: www.usurbil.eus.

Halaber, eskabideak aurkeztu ahal izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako administrazio publikoen erregistroetan, hargatik eragotzi gabe 39/2015 Legearen laugarren xedapen iragankorrean xedatutakoa. Udaleko Alkatetzara zuzenduko dira, eta dagokion funtzionarioak data eta zigilua jarri beharko dizkie, eskabideak aurkezteko epearen barruan.

c)    Aurkezteko epea.

Oinarri hauek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasi eta 15 egun naturalen barruan.

Laugarrena.    Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.  Eskaera orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

NANaren kopia.

Deialdian parte hartzeko eskatutako tituluaren kopia.

Hizkuntza-eskakizuna (HE) egiaztatzeko agiriaren kopia, deialdiaren zortzigarren oinarrian xedatutakoari jarraiki.     

Lehiaketaldia baloratu ahal izateko agirien kopia, bederatzigarren oinarrian aurreikusitakoari jarraiki.

2.  Hautaketa prozesua amaitutakoan aurkeztu beharreko dokumentazioa: hamaikagarren oinarrian aurreikusitakoa.

Bosgarrena.    Izangaiak onartzea.

Eskaera orriak aurkezteko epea amaituta, alkatearen ebazpenaren bidez onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsi eta argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, udaleko iragarki-taulan eta udal webgunean (www.usurbil.eus).      

Behin-behineko zerrenda argitaratu eta ondorengo egunetik hasita, izangaiek erreklamazioak aurkezteko edo eskabideak zuzentzeko 10 egun balioduneko epea izango dute.


Erreklamaziorik edo zuzenketarik ez balego, behin-behineko zerrenda hori, besterik gabe, behin betikotzat joko da. Erreklamaziorik edo zuzenketarik balego, onetsiak ala ezetsiak izango dira behin betiko zerrenda onartzeko hartu beharko den beste ebazpen batean. Aipatu ebazpena lehen adierazitako era berean argitaratuko da.

Halaber, epaimahaiaren osaketa eta lehenengo ariketaren eguna, lekua eta ordua onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko ebazpenean zehaztuko dira.

Seigarrena.    Epaimahai kalifikatzailea.

1.    Epaimahai kalifikatzailea honela osatuko da:    

Epaimahaiburua:

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza Departamentuko teknikari bat; eta haren ordezkoa.

Epaimahaikideak:

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza Departamentuko teknikari bat; eta haren ordezkoa.

Gaikuntza nazionaleko Toki Administrazioko funtzionarioen eskalako bi funtzionario; eta haien ordezkoak.

Idazkaria:

Usurbilgo Udaleko karrerako funtzionario bat eta haren ordezkoa.

Epaimahaia osatzeko garaian, inpartzialtasunaren, espezialitatearen eta profesionaltasunaren printzipioak bete daitezen zainduko da; eta, era berean, gizonezko eta emakumezkoen arteko parekotasuna bilatuko da.

Epaimahaiak aholkularien edo enpresa adituen laguntza eskatu ahal izango du egoki ikusten dituen ariketetarako; eta horiek beren espezialitate teknikoetan laguntza ematera mugatuko dira.         

2.    Epaimahaikideek ez dute jarduterik izango, eta hala jakinaraziko diote alkateari, eta gainera errekusatuak izan daitezke, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako zirkunstantziaren bat gertatzen bada.

3.    Epaimahaiak urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitarte ezarritako arauei jarraituz jardungo du. Edozein kasutan ere, epaimahaiburuaren aginduz idazkariak deialdia egin ondoren bilduko da epaimahaia, hautaketa probei ekin aurretik behar besteko aurrerapenarekin. Epaimahaia legez eratutzat jotzeko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak, edo horien ordezkoak, eta gutxienez mahaikideen erdiak.

Erabakiak hartzeko, bertaratutakoen botoen gehiengoa beharko da. Epaimahaikide guztiek hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango dute. Berdinketak epaimahaiburuaren kalitatezko botoak desegingo ditu.

Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren legezkotasuna zainduz eta haren objektibotasuna bermatzeaz arduratuz.

Epaimahaiak erabateko independentziarekin, diskrezionaltasun teknikoarekin eta objektibotasunarekin jardungo du; eta bere proposamenak bete beharrekoak izango dira izendapena egiteko eskumena duen organoarentzat.

Era berean, oinarri hauek aplikatzerakoan gerta daitezkeen zalantza guztiak antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera argituko ditu; eta deialdia egoki garatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuko ditu, oinarrietan aurreikusi ez diren balizkoetan jarraitu beharreko irizpideak ezarriz. 

Epaimahaiak idatzizko ariketen edukiaren konfidentzialtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu. Halaber, parte hartu duten izangaien nortasuna ezagutu gabe zuzenduko ditu ariketak.

4.    Jakinarazpenak egiteko eta gainerako gorabeheren berri emateko, epaimahai kalifikatzailearen helbidea honako hau izango da: Usurbilgo Udala.

Zazpigarrena.    Hautaketa prozesua.

1.    Oposizioaldia nola garatuko den:

Deialdi bakarra egingo da. Izangaiek, beren buruak identifikatze aldera, NAN eraman beharko dute ariketetara; edota epaimahairen iritziz izangaiaren nortasuna behar bezala egiaztatzeko balio duen beste edozein agiri ofizial (pasaportea, gidatzeko baimena, etab).

Epaimahaiak ezinbesteko kasutzat jotako arrazoiak gertatu direnean izan ezik, ezarritako egun eta orduan ariketak eta probak egitera azaldu ez diren izangaiak hautaketa prozesutik baztertu egingo dira, eta deialdi honetan izan zitzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Epaimahai kalifikatzaileak ariketak egiteko denbora eta bitartekoak egokitu egingo dizkie desgaitasunen bat izateagatik nolabaiteko egokitzapena behar duten eta eskaera orrian hala adierazi duten pertsonei, gainerako parte hartzaileen aukera berdinak izan ditzaten, betiere egokitzapen horrek probaren edukia aldatzen ez badu eta eskatutako gaitasun maila murriztu edo kaltetzen ez badu.

Probak egiteko eguna, ordua eta lekua udaletxeko iragarki taulan eta www.usurbil.eus webgunean argitaratuko dira. 

Probak oinarri honetan aurreikusitako hurrenkeran egin beharrean beste hurrenkera batean egitea erabaki dezake epaimahaiak; halaber, erabaki dezake egun berean proba bat baino gehiago egitea.

2.    Oposizioaldiko ariketak:

Lehenengo ariketa: proba teorikoa izango da. Izangai guztientzako derrigorrezkoa eta baztertzailea. Ariketa honen gehieneko puntuazioa 10 izango da; eta gainditzeko beharrezkoa izango da, gutxienez, 5 puntu lortzea.

I. eranskineko gai-zerrendan zehaztutako gaiei buruz aukeratzeko erantzun anitz dituen galdera-sorta bat edo epaimahaiak erabakitako galdera teorikoak erantzun beharko dira; galdera horiek ez dute zertan bat etorri I. eranskineko gai-zerrendako epigrafe zehatz batekin.

Bigarren ariketa: I. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaien inguruko kasu praktikoak edota galdera teoriko-praktikoak erantzun beharko dira. Derrigorrezkoa eta baztertzailea. Ariketa honetan gehienez 30 puntu lortu ahal izango dira, eta gainditzeko gutxieneko puntuazioa 15 izango da.

3.    Ariketa bakoitzaren ostean hiru egun balioduneko epea emango da emaitzen kontrako erreklamazioak jartzeko.  

Zortzigarrena.    Euskara.

Euskararen ezagutza maila egiaztatuko da kasuan-kasuko hizkuntza-eskakizuna (3. ala 4. HE) izatea egiaztatzen duen agiri hauetakoren bat aurkeztuta: IVAPek emandako ziurtagiria; edo azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak –euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko denak– ezarritakoaren arabera, baliokideak diren beste ziurtagiriak edo agiriak.              

Eskaerak aurkezteko epea bukatzerakoan 3. HE egiaztatuta zeukaten izangaiek gerora 4. HE egiaztatzen badute, dagokion egiaztagiria aurkeztu ahal izango dute oposizioaldia amaitzen den arte.

Bederatzigarrena.    Lehiaketaldia.

Baloratuko diren merezimenduak:

Oposizioaldiko ariketak gainditzen dituzten izangaiak lehiaketaldira igaroko dira; fase horretan, epaimahaiak merezimendu hauek baloratuko ditu:

1.    Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak:

a)  Toki Administrazio Publikoan emandako zerbitzuak, gaikuntza nazionaleko Toki Administrazioko funtzionarioentzako gordetako lanpostuak betetzen (azpieskala hauei gordetakoak: Kontuhartzailetza-Diruzaintza eta Idazkaritza-Kontuhartzailetza): 0,5 puntu hiruhileko bakoitzeko.

b)  Edozein Administrazio Publikotan emandako zerbitzuak, Administrazio Orokorreko teknikari, Administrazio Bereziko goi-mailako teknikari, Administrazioko goi-mailako kidegoko teknikari edo goi-mailako teknikarien kidegoko teknikari lanpostuetako zereginetan, betiere bete beharreko lanpostuaren antzeko eginkizunetan: 0,3 puntu hiruhileko bakoitzeko.

Hiruhilekora iristen ez diren zatiak dagokien proportzioan balioetsiko dira (hiru hilabete = egutegiko 90 egun). Eskaera orriak aurkezteko epea amaitu arte emandako zerbitzuak bakarrik baloratuko dira.

Baloragarria den lan eskarmentua egiaztatzeko ziurtagiriak aurkeztu beharko dira: lan egindako Administrazio Publiko bakoitzean eskumena duen funtzionarioak egindakoak. Ziurtagiri horretan honako hauek jaso behar dira: lan harreman mota; iraupena; lanpostuaren taldea (hala balegokio: eskala, azpieskala edo kategoria); eta betetako funtzioak.

2.    Prestakuntza.

Lanpostuaren zereginekin zuzeneko zerikusia duten ikastaroak egin izana, baldin eta Administrazio Publikoaren eskolek, unibertsitateek edo beste Administrazio Publiko batzuek antolatu edo homologatuak badira, iraupenaren arabera honako baremo hau aplikatuz:

10 eta 49 ordu artean: 1 puntu tituluko.

50 eta 89 ordu artean: 1,5 puntu tituluko.

90 ordu edo gehiago: 2 puntu tituluko.

3.  Merezimenduak baloratzea:

Lehiaketaldian gehienez ere 5 puntu lortu ahal izango dira.   

Deialdian parte hartzeko eskaera orriak aurkezteko epea amaitu aurretiko zirkunstantziei buruzko merezimenduak baloratuko ditu, ez besterik.

Hautaketa prozesu honen xede den lanpostua betetzeari begira, 4. HE egiaztatu duten izangaien merezimenduak bakarrik baloratuko dira. Eta oposizioaldiko ariketak gainditu dituztenen artean ez badago 4. HE duen izangairik, soilik kasu horretan baloratuko dira 3. HE egiaztatu duten izangaien merezimenduak.     

Merezimenduak baloratu ostean, hiru egun balioduneko epea emango da lortutako puntuazioaren kontrako erreklamazioak jartzeko.

Hamargarrena.    Hautaketa prozesua gainditu dutenen zerrenda.

1.  Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen guztizkoarekin osatuko da.

Berdinketa suertatuko balitz, modu honetan desegingo da hori: lehenik, oposizioaldian kalifikaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde; bigarrenik, oposizioaldiko bigarren ariketan kalifikaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde; eta, hirugarrenik, oposizioaldiko lehen ariketan kalifikaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde.

2.  Azken kalifikazioa zehaztu ostean, hautaketa prozesua gainditu dutenen artean puntuazio handiena lortu duen eta hamaikagarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aurkeztu duen izangaia izendatzeko proposamen arrazoitua egingo die epaimahai kalifikatzaileak alkateei; edo proposatuko dio hautaketa prozesua hutsik uzteko, baldin eta izangaietako inork ez badu lortu hautaketa prozesua gainditutzat jotzeko ezarritako gutxieneko puntu kopurua. Proposamena loteslea izango da alkatearentzat.

Hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda udaleko iragarki taulan eta www.usurbil.eus udal webgunean argitaratuko da.

Hamaikagarrena.    Dokumentuak aurkeztea.

1.    Izendatu aurretik, hautatuak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du 5 egun naturaleko epean, hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda ezagutarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita:

Deialdi honetan eskatutako titulu akademikoaren agiria.    

Dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko agiria.            

Erantzukizunpeko adierazpena: diziplina espediente batez edozein administrazio publikoren edo organo konstituzional edo autonomia erkidegoetako organo estatutarioen zerbitzutik baztertuta ez egotearena; eta, ebazpen judizial bidez, enplegu edo kargu publikoetarako erabateko desgaikuntza edo desgaikuntza berezia ez izatearena; eta abenduaren 26ko 53/1984 Legeak, Administrazio Publikoetako langileen bateraezintasunei buruzkoak, aurreikusitako bateraezintasun egoeretakoren batean ez egotearena.

Merezimenduak egiaztatzeko agiriak.

Medikuaren ziurtagiria: lanpostuaren zereginak eta eginkizunak behar bezala betetzen utziko ez lioken gaixotasunik, akats fisikokorik edo psikikorik ez izatearena.

2.    Ezinbesteko kasua tartean egon gabe ez baditu aipatu agiriak epe barruan aurkezten, aurkeztutako agirien arabera ez badu betetzen bigarren oinarrian ezarritako baldintzetakoren bat, edo ez badu lanpostuari dagozkion zereginak gauzatzeko behar den gaitasun fisikoa edo psikikoa, ezingo zaio bitarteko funtzionario izendatu; eta baliogabetuta geratuko dira egindako jardunbide guztiak. Gainera, eskaera orrian datu faltsuak jartzeagatik erantzukizuna eskatu ahal izango zaio. Hori gertatzen bada edo proposatutakoak izendatua izateari uko egiten badio, epaimahaiak azken kalifikazioaren arabera hurrengoa den izan- gaia izendatzeko proposamena egingo du.

Hamabigarrena.    Izendapen proposamena eta lanpostua hartzea.

Hamaikagarren oinarrian zerrendatutako agiriak epe barruan aurkeztuta, eta hautatutakoak ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren, alkatearen ebazpenaren bidez dagokion proposamena egingo zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari: Aldundiak bitarteko funtzionario izendatu dezan, hautaketa prozesu honen xede den lanpostua betetzeko.  

Proposatutako pertsona horrek izendatzeko foru aginduan ezarritako datan edo epean hartu behar du lanpostua; eta hala egiten ez badu, epaimahaiak azken kalifikazioaren arabera hurrengoa den izangaia izendatzeko proposamena egingo du.

Hamahirugarrena.    Deialdiak eta jakinarazpenak.

1.  Probak egiteko deiak, baita epaimahai kalifikatzaileak egin beharreko gainerako jakinarazpen eta komunikazioak ere, udaleko iragarki taulan eta www.usurbil.eus webgunean argitaratuz emango dira jakitera.

Halaber, modu berean argitaratuko dira honako hauek ere: oposizioaldiko ariketen emaitzak nahiz lehiaketaldiko merezimenduen balorazioa, azken kalifikazioa eta hautaketa prozesua gainditu dutenen zerrenda.

2.  Interesdunek deialdiari buruzko informazio orokorra aipatu webgunean izateaz gain, hemen ere aurkitu ahal izango dute: Usurbilgo Udala (Joxe Martin Sagardia plaza, z/g).           

Hamalaugarrena.    Lan poltsa eratzea.

1.  Bi lan poltsa osatuko dira, azkeneko puntuazioaren araberako hurrenkeran (puntu gehien lortu duenetik hasita) eta izangai bakoitzak egiaztatutako HE (4.a edo 3.a) adierazita:        

Lehenengo lan poltsa 4. HE egiaztatuta eduki eta hautaketa prozesua gainditu duten izangaiek osatuko dute, oposaketa eta merituen atala baturik osaturiko hurrenkeran. Lan poltsa horrek lehentasuna izango du betiere hornitu beharreko lanpostuari derrigorrezkotasun data gainditua duen 4. HE badagokio.       

Bigarren lan poltsa 3. HE egiaztatuta eduki eta hautaketa prozesuko oposaketa gainditu duten izangaiek osatuko dute.        

3. HE egiaztatuta daukatela ageri diren izangaiek, hautaketa prozesua burutu ostean 4. HE egiaztatzen badute, dagokion egiaztagiria aurkeztu ahal izango diote Usurbilgo Udalari. Hori eginda, 4. HE dutenen zerrendan azalduko dira, azkenekoaren atzetik.

2.  Lan poltsa horiek erabili ahal izango ditu udalak berak lanpostu berean edo antzeko funtzioak dituzten lanpostuetan sortzen diren aldi baterako beharrak betetzeko.

3.  Halaber, lan poltsa horiek erabili ahal izango dira Gipuzkoako toki entitateetan gaikuntza nazionaleko Toki Administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak bitarteko funtzionario baten izendapenaren bidez betetzeko. Edonola ere, aurretik egiaztatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak xede horrekin eratutako lan poltsetan ez dagoela izangairik lanpostua betetzeko prest.         

Horretarako, interesdunen baimena tarteko, lan poltsa hauek Gipuzkoako toki entitateei laga ahalko zaizkie, bitarteko funtzionarioaren dagokion izendapen proposamena egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Hamabosgarrena.    Datu pertsonalak.

Hautaketa prozesu honetan parte hartzeko emandako datu pertsonalen tratamenduak datu pertsonalak babesteko araubidea bete behar du: hain zuzen, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak (DBEO) eta Datu Pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak ezarritakoa.

Datu pertsonalak hautapen prozesuan parte hartzeko eskaerak eta prozesutik sortutako lan poltsak kudeatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik, interesdunak emandako baimenean eta datu tratamenduaren arduradunari aitortutako ahal publikoetan oinarrituta, hain zuzen ere DBEOak 6.1 artikuluaren a) eta e) letretan xedatutakoaren arabera, hurrenez hurren.

Izangaiek berariazko baimena eman beharko dute parte hartzeko eskaeran beren datuak beste administrazio publiko batzuei lagatzeko 14.3 oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Datu lagapen horren helburu bakar eta esklusiboa izango da administrazio publiko horiek enplegu eskaintzak egin ahal izatea, legez aurreikusi bezala; eta izangaiaren onarpena berariaz jasotzen ez bada, lagapenaren aurka dagoela joko da.   

Izangaiek emandako datu pertsonalak fitxategi batean gordeko dira. Fitxategi horren helburua hautaketa prozesu hau eta hortik sortuko diren lan poltsak kudeatzea izango da. Usurbilgo Udala da fitxategiaren arduraduna. Hortaz, datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu, tratamendua mugatu, aurkatu eta garraiatzeko eskubideez baliatu nahi izanez gero, Usurbilgo Udalera jo beharko dute izangaiek.

Hamaseigarrena.    Gorabeherak.

Epaimahai kalifikatzaileak sor daitezkeen zalantzak argitu eta hautaketa prozesua egoki burutzeko beharrezkoak diren erabakiak hartzeko ahalmena izango du, oinarriotan adierazi gabeko gaiei dagokienez.

Deialdi honen, bere oinarrien eta horien nahiz epaimahaiaren jardunaren ondorioz sortzen diren administrazio egintzen kontra dagozkion errekurtsoak jarri ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitako epeetan eta moduan.

I. ERANSKINA

GAI-ZERRENDA

 1. gaia.    Euskadiko toki erakundeak: toki-autonomia eta udalerrien eskumenak.  
Apirilaren 7ko 2/2016 Legea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa: I titulua; II. tituluko I. kapitulua; III. titulua; lehenengo xedapen gehigarria; eta lehenengo eta hirugarren xedapen iragankorrak.
Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: I. titulua; eta II. tituluko kapitulua.

 2. gaia.    Euskadiko toki erakundeak: udalerrien antolaketa eta funtzionamendua. Udal-ordezkarien estatutua.    

2/2016 Legea: IV. tituluko I eta II. kapituluak.         
7/1985 Legea: II. tituluko II. kapitulua; eta V. tituluko I eta V. kapituluak.            
Toki araubidearen arloan indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina (apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretua): II. tituluko II kapitulua; eta V. tituluko I eta III. kapituluak.        
Toki erakundeen antolamendu, funtzionamendu eta araubide juridikoari buruzko Erregelamendua (azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretua): atariko titulua; I. titulua; II. tituluko I. kapitulua; III. titulua; eta IV. Titulua.

 3. gaia.    Administrazio prozedura erkidea.   
Urriaren 1eko 39/2015 Legea, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

 4. gaia.    Sektore publikoaren araubide juridikoa.       
Urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: atariko tituluko I, II (3. ataleko 2. azpiatala izan ezik), V eta VI. kapituluak; II. tituluko I eta VI. kapituluak; III. titulua eta lehenengo eta zortzigarren xedapen gehigarriak.

 5. gaia.    Ondare erantzukizuna.    

Araubide juridikoa (40/2015 Legea: atariko tituluko IV. kapitulua).      
Prozedura espezialitateak (39/2015 Legea: 65, 67, 81, 91 eta 92 artikuluak).

 6. gaia.    Zigortze ahalmena.           
Printzipioak (40/2015 Legea: atariko tituluko III. kapitulua). 
Prozedura espezialitateak (39/2015 Legea: 63, 64, 85, 89 eta 90 artikuluak). 
7/1985 Legea: XI. titulua.

 7. gaia.    Emakumeen eta gizonen berdintasuna.       
Otsailaren 18ko 4/2005 Legea, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoa: atariko titulua; I eta II tituluak.

 8. gaia.    Datu pertsonalen babesa.
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datuak babesteko printzipioak. Pertsonen eskubideak. Eskubide digitalak.               

 9. gaia.    Sektore publikoko kontratuak.       
Azaroaren 8ko 9/2017 Legea, Sektore Publikoko Kontratuena: atariko titulua; I. liburua; II. liburuko I. tituluko I. kapitulua eta bigarren, hirugarren eta laugarren xedapen gehigarriak.

10. gaia.    Toki erakundeen ondasunak.         
Azaroaren 3ko 33/2003 Legea, Administrazio Publikoen ondareari buruzkoa (bere amaierako bigarren xedapenaren arabera, aplikazio orokorrekoa den edo oinarrizko legeria izaera duten zatiak).     

7/1985 Legea: VI tituluko I. kapitulua.      
Toki araubidearen arloan indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina: VI. tituluko I. kapitulua.        
Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua (ekainaren 13ko 1372/1986 Errege Dekretua).

11. gaia.    Diru laguntzak Toki Administrazioan.            
Azaroaren 17ko 38/2003 Legea, diru laguntzei buruzkoa (amaierako lehen xedapenaren 1. eta 2. atalek ezarritako moduan).
Usurbilgo diru-laguntzen udal ordenantza (Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2008/07/01).

12. gaia.    Sektore publikoaren aurrekontu egonkortasuna eta finantza iraunkortasuna.        
Apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa.           
Otsailaren 8ko 1/2013 Foru Araua, Gipuzkoako toki entitateen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorretan finantza tutoretzaren eskumena garatzen duena.

13. gaia.    Gipuzkoako toki ogasunen baliabide ekonomikoak.    
           
2/2016 Legea: IX. titulua.           
Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Araua, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzekoa (eguneratua).

14. gaia.    Udal zergak.       
Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (uztailaren 5eko 12/1989 Foru Araua): izaera eta zerga-egitatea; salbuespenak; subjektu pasiboa; zerga-oinarria; kuota, sortzapena eta zergaldia (eguneratua).    
Ekonomia jardueren gaineko Zerga (apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailea): izaera eta zerga-egitatea; salbuespenak; subjektu pasiboa; zerga-kuota; zergaldia eta sortzapena (eguneratua).         
Trakzio Mekanikozko Ibilgailuen gaineko Zerga (uztailaren 5eko 14/1989 Foru Araua): izaera eta zerga-egitatea; salbuespenak eta hobariak; subjektu pasiboa; kuota; zergaldia eta sortzapena (eguneratua).
           
Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga (uztailaren 5eko 15/1989 Foru Araua): izaera eta zerga-egitatea; subjektu pasiboak; zerga-oinarria, kuota eta sortzapena; hobariak. (eguneratua). 
Hiri lurren Balioaren Gehikuntzen gaineko Zerga (uztailaren 5eko 16/1989 Foru Araua): izaera eta zerga-egitatea; salbuespenak; subjektu pasiboa; zerga-oinarria eta kuota; sortzapena (eguneratua).           
           
7/2021 Foru Dekretu-Araua, azaroaren 16koa, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga egokitzen duena.

15. gaia.    Zerga bilketako jarduketak eta prozedura.    
Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua: III. tituluko V. kapitulua.          

16. gaia.    Gipuzkoako toki erakundeen aurrekontuak. 
Abenduaren 19ko 21/2003 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki entitateen aurrekontuei buruzkoa.

17. gaia.    Zorpetze-eragiketak.         
—Toki-Ogasunen Legearen Testu Bategina (48. artikulutik 55era).       
2013rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko17/2012 Legea (hogeita hamaikagarren azken xedapena).

18. gaia.    Gipuzkoako toki entitateen kontabilitatearen arau esparrua.     
Abenduaren 15eko 86/2015 Foru Dekretua, Gipuzkoako toki-entitateen kontabilitatearen arau-esparrua ezartzen duena: 1. eranskina (Gipuzkoako Toki Erakundeen Kontabilitateari buruzko jarraibidea), 2. eranskina (Toki entitateen aurrekontu egitura) eta 3. eranskina (Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra toki-administrazioari egokituta).

19. gaia.    Gipuzkoako Lurralde Historikoko Tokiko Sektore Publikoko entitateen barne kontrolaren araubide juridikoa.   
Abenduaren 27ko 32/2018 Foru Dekretua.