1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

MUGIKORTASUNEKO ETA LURRALDE ANTOLAKETAKO DEPARTAMENTUA

11/2022 Foru Dekretua, uztailaren 5ekoa, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren egitura organiko eta funtzional berriari buruzkoa.

Urriaren 20ko 19/2020 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren egitura organiko eta funtzionala, eta bertan ezarri ziren departamentu horren jardun esparrua eta eginkizunak, eta horretarako beharrezkoa zuen antolaketa. Foru dekretu hori martxoaren 15eko 6/2022 Foru Dekretuak aldatu zuen: Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondarearen gaineko funtzioen banaketa berriari egokitzeko. Banaketa horren arabera, enpresa-ondarearen kudeaketa bere gain hartu du Ogasun eta Finantza Departamentuak; eta gainerako ondarearen kudeaketa gelditu da Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren eskuetan.

Bestalde, urtarrilaren 11ko 1/2022 Foru Dekretuaren bidez, Transferentzien Bitariko Batzordearen 2021eko abenduaren 29ko Akordioa onetsi zen: Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Lurralde Historikoari eskualdatzeko uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoaren xedapen gehigarriak aipatzen duen hitzarmenean aurreikusitako ahalmenak baliatzeari atxikitako giza baliabideak, aurrekontukoak eta ondarekoak.

Horren ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak garraioaren arloan ondorengo ahalmen edo funtzio hauek bereganatu ditu:          

a)    Garraio pribatuak.

b)    Garraioaren jarduera lagungarriak eta osagarriak.

c)    Arbitrajea.

d)    Garraiorako eta garraioaren jarduera lagungarri eta osagarrietarako konpetentzia profesionala.

Gaiarengatik, aipatu funtzio edo ahalmen horiek Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari esleitu behar zaizkio eta horrek dakar berriro aldatzea bere egitura organikoari eta funtzionalari buruzko dekretua.

Hori horrela, segurtasun juridikoa indartzearren, komeni da foru dekretu berri bat onartzea, aipatutako aldaketa guztiak batera jasotzeko eta, horrenbestez, urriaren 20ko 19/2020 Foru Dekretua ordezteko.

Horregatik, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 31.4.c), 40.2.a) eta 65. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko foru diputatuak eta Gobernantza Departamentuko foru diputatuak batera proposatuta eta Diputatuen Kontseiluak eztabaidatu eta onetsi ondoren,

XEDATZEN DUT

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.    Departamentuaren eginkizunak eta eskumenak.

1.    Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari ondorengo jardun esparru eta eginkizunak dagozkio:

a)    Garraioak eta plangintza.

b)    Gipuzkoarako mugikortasun jasangarriko plan bat egitea, Espainian, autonomia erkidegoan eta Europan daudenen osagarri, lurraldearen diagnostiko bat eta jardunbide egokien kode bat barne hartzen dituen kudeaketa tresna gisa.

c)    Mugikortasunaren eta garraio publikoaren eredu integrala sustatzea. Garraio azpiegiturek ahalbidetzen duten mugikortasun sistema integrala eta multimodala garatu eta sustatzea, Gipuzkoako garraio publikoaren eredua osatuko duena.             

d)    Bizikleta bideen azpiegituren arloan: plangintza; Gipuzkoako Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoaren eguneratzea; inbertsioen programazioa eta bizikleta bideen obra guztien finantzazioa; errepideak eraikitzeko proiektuetan sartuta ez dauden bizikleta bideen azpiegiturak eraikitzea; ohiz kanpoko artatze lanak; foru bizikleta bideen mugaketa eta mugarriak jartzea; titulartasunen eskualdaketa; eta bizikletaren eta bizikleta bideen erabileraren sustapena.              

e)    Lurralde antolaketa eta kohesioa.

f)    Hirigintza planak sustatu eta gainbegiratzea.

g)    Lurraldea sustatu eta lurzorua kudeatzea.

h)    Foru Aldundiak bere erabilera administratiboetarako dituen eraikinak eraiki eta birgaitzea.

i)    Enpresa-ondarea ez den ondare higiezin eta higigarriaren politika definitzea eta haren kudeaketa teknikoa.

j)    Lurralde informazioa.

k)    Indarrean diren arauetan esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.

2.    Horiez gain, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, bere zuzendaritza nagusien eta zerbitzuen bidez, lankidetza estuan jardungo du Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritza Nagusiarekin, azken horren lidergopean dauden zeharkako proiektuak garatu, kudeatu eta gauzatzerakoan.

Xede horrekin, lanean zeharkakotasuna eta barruko zein departamentuen arteko kooperazioa nahiz koordinazioa errazteko eta bermatzeko egokiak diren bitartekoak jarriko dira.

2. artikulua.    Oinarrizko egitura organikoa.

1.    Bere eskumenak betetzeko eta foru diputatuaren goi gidaritzapean, departamentuak unitate organiko hauek ditu:             

a)    Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Zuzendaritza Nagusia:

Mugikortasun eta Garraio Zerbitzua.

b)    Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusia:

Lurralde Plangintzako Zerbitzua.

Arkitektura Zerbitzua.

Lurzoruaren eta Ondarearen Kudeaketako Zerbitzua.

c)    Idazkaritza Teknikoa.

2.    Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari atxikitzen zaizkio entitate hauekiko harremanak: Ortzibia SL, Irungo Aduana Guneko Elkarte Sustatzailea SA (Zaisa) eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza (GGLA).

3.    Halaber, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari atxikitzen zaio Gipuzkoako Garraioko Arbitraje Batzordea.

3. artikulua.    Foru diputatuaren eginkizunak eta eskumenak.

1.    Diputatuen Kontseiluko kide gisa dituen eginkizunez gain, departamentuko foru diputatuari dagokio, bertako titularra eta hierarkikoki goi organoa denez, unitate organiko guztiak zuzendu eta kontrolatzea.       

2.    Bere eginkizunak betetzeko, foru diputatuak ditu, printzipioz eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 40. artikuluan aurreikusitako eran, departamentuak kudeatzen dituen gaiak ebazteko eskumen guztiak, salbu foru arau hark, foru dekretu honek edo ondorengo beste arau batek berariaz departamentuko beste organo batzuei esleitutakoak.            

3.    Foru diputatuak bereganatu ahal izango du bere mendeko administrazio organoei, berez edo eskuordetzaz, ebaztea dagokien gairen baten ardura.

4. artikulua.    Zuzendari nagusiak.

1.    Zuzendari nagusiak dagokien zuzendaritza organoko titularrak dira, eta beren gain hartzen dituzte haren buruzagitza eta erantzukizuna. Hortaz, oro har, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 46. artikuluan biltzen dituenaz gain, ondoko eginkizun hauek betetzea dagokie beren zuzendaritza nagusian:

a)    Gobernu programa eta Plan Estrategikoa inplementatzea, ikuspegi estrategikoa eta zeharkakotasuna txertatuz Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika publikoetan.      

b)    Foru Aldundiaren politiken aplikazioa bultzatzea ondorengo alor hauetan: Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketa, prozeduren hobekuntza, giza baliabideen garapena eta herritarrekiko harremanak.

c)    Zuzendaritza nagusiko zerbitzuen jarduna programatu, koordinatu eta kontrolatzea.

d)    Departamentuaren ordezkaritza protokolarioa betetzea, foru diputatua ez dagoenean eta beren eskumenen esparruaren baitan.

e)    Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 48.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz foru diputatuak eskuordetze bidez ematen dizkien eginkizunak betetzea.

2.    Eginkizun horiek betetzeko, zuzendari nagusiek, deskontzentrazioko arauei jarraikiz, ondoko ahalmen eta eskumen hauek izan eta erabiliko dituzte:

2.1.    Laguntza, dirulaguntza eta bestelako transferentzietan:              

a)    Horrela arautzen duten oinarrietan eta dagozkien aurrekontu programetan aurreikusitako laguntzak eta dirulaguntzak ematea, 75.000,00 euro gainditzen ez badituzte.         

b)    Hitzarmen, akordio edo egintza administratiboen bidez baimendutako gastuak ordaintzea, zenbatekoa edozein dela ere. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa onuradunak benetan egindako gastuari egokitu ahal izango dute.             

2.2.    Kontratazio arloan:

a)    Proiektuak onestea; eta obra, hornikuntza eta zerbitzu kontratuetarako 75.000,00 euro arteko gastua baimentzea.            

b)    75.000,00 euro arteko kontratuak esleitzea.    

c)    Esleipendunek aurkezten dituzten segurtasun eta osasun planak eta hondakinak kudeatzeko planak onestea.     

d)    Kontratistek aurkeztutako lan egitarauak onartzea, sektore publikoko kontratuei buruzko legerian xedatutakoaren arabera.

e)    Berak esleitutako eraikuntza obretan, segurtasun eta osasun arloko koordinatzailea izendatzea.

f)    Obra ziurtapenak eta bestelako konturako ordainketak onartu eta ordaintzea, zenbatekoa edozein dela ere.

g)    Kontratuko epeak betetzen ez badira, baldintza administratibo berezien agirietan aurreikusitako atzerapen zehapenak jartzea.

h)    Harrera egitea obra, hornikuntza, zerbitzu eta bestelako prestazioetan.

i)    Bermeak kitatu eta itzultzea.

2.3.    Nahitaezko desjabetze gaietan, departamentuaren eskumeneko proiektuen kudeaketari dagokionez: balio justuak ordaintzea, 75.000,00 euro edo gutxiagokoak badira.

2.4.    Bestelako gaietan:

a)    75.000,00 euro arteko beste edozein gastu egiteko baimena ematea.

b)    Lehendik baimenduta dauden gastuei dagozkien edonolako ordainketak egitea, zenbatekoa edozein dela ere.

c)    Zerbitzu publikoen funtzionamenduak hirugarrenei eragindako kalteengatik irekitako ondare erantzukizuneko espedienteak ebaztea, erreklamazio administratiboa 75.000,00 euro baino gehiagokoa ez denean.            

d)    Oro har, partikularren eta herri administrazioen eskariei erantzutea, baldin eta 75.000,00 euro baino gehiagoko gastu konpromisoa ez badakarte.

3.    Ondare erantzukizuneko gaietan izan ezik, zuzendari nagusiek deskontzentrazio araubidean esleitu zaizkien eskumenak erabiliz hartutako ebazpenek ez diote amaiera emango bide administratiboari; eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio departamentuko foru diputatuari.     

5. artikulua.    Zerbitzuburuak.

1.    Zerbitzuburuen eginkizuna da, zuzendaritzarekin partekatutako hausnarketaren esparruan, erakundearen helburu programatikoak eta estrategikoak aurrera ateratzeko ekintza nagusiak aztertzea eta proposatzea, haiek emandako jarraibideak aintzat harturik.

2.    Zehazki, zerbitzuburuei dagokie:

a)    Foru gobernuak beren eremurako proposatutako erronkei ekitea eta zerbitzuko kudeaketa planak proposatzea, helburuak, ekintzak, baliabideak eta ebaluatzeko adierazleak zehaztuta.

b)    Zerbitzuaren egiturako beste mailetako langileei helburuen berri ematea eta horiek eragimenez lortzeko lan sistema egokiak antolatzea.

c)    Beren ardurapean dauden langileen zuzendaritza eta horiei aplikatzen zaizkien arauak betetzen direnaren zuzeneko kontrola bere gain hartzea.

d)    Beren ardurapeko langileen taldeko eta banakako lana planifikatu, antolatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

e)    Zerbitzuko barne erregimena betetzen den kontrolatzea; eta gorabeheren berri ematea.

f)    Beren ardurapeko giza nahiz ekonomia baliabideak modu eraginkorrean eta organo eskudunek emandako arauen arabera kudeatzea; eta arrazionalizazioko eta etengabeko hobekuntzako estrategiak aurrera eramatea herritarrari zerbitzu hobeagoa eskaintzeko xedez.

g)    Esleitu edo eskuordetzen zaizkion eskumenez baliatzea. 

II. KAPITULUA

EGITURA ORGANIKOA ETA FUNTZIONALA

1. ATALA.    Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Zuzendaritza Nagusia

6. artikulua.    Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren funtzioak.

1.    Zuzendari nagusiaren mende, Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren zereginak izango dira:      

a)    Gipuzkoarako mugikortasun jasangarriaren plan bat egitea, estatuan, autonomia erkidegoan eta Europan daudenen osagarri, lurraldearen diagnostiko bat eta jardunbide egokien kode bat barne hartzen dituen kudeaketa tresna gisa.

b)    Garraio azpiegiturek ahalbidetzen duten mugikortasun sistema integrala eta multimodala garatu eta sustatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren mugikortasun eta garraio politika definitzea eta inplementatzea.

c)    Lurraldebus markarekin eskaintzen den errepide bidezko bidaiarien herriarteko garraioko zerbitzu publikoa antolatzea.      

d)    Bidaiarien eta salgaien garraioa eta garraiorako jarduera lagungarriak eta osagarriak antolatzea, kudeatzea eta ikuskatzea.

e)    Lurralde osoan mugikortasun jasangarria sustatzea, bereziki, mugikortasun eta intermodalitate proiektu estrategikoak bultzatzea.

f)    Bizikleta bideen azpiegituren arloan: plangintza; Gipuzkoako Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoaren eguneratzea; inbertsioen programazioa eta bizikleta bideen obra guztien finantzazioa; errepideak eraikitzeko proiektuetan sartuta ez dauden bizikleta bideen azpiegiturak eraikitzea; ohiz kanpoko artatze lanak; foru bizikleta bideen mugaketa eta mugarriak jartzea; titulartasunen eskualdaketa; eta bizikletaren eta bizikleta bideen erabileraren sustapena.              

g)    Donostialdeko Metroa garatzea, Gipuzkoako ekialdeko korridorearen trenbide lotura gisa, proiektuaren kofinantzaketan eta kudeaketan parte hartuta; halaber, bultzatzea Loiolako Erriberako aldageltokia; hori guztia Eusko Jaurlaritzarekin batera.           

2.    Bere eginkizunak betetzeko, foru dekretu honen 4.2 artikuluan deskontzentrazioz eman zaizkion ebazteko eskumenez gainera, errepideko garraioaren antolatze eta diziplina arloko gai hauetan ere ebazteko eskumena izango du Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko zuzendari nagusiak deskontzentrazioko arauei jarraituz:

a)    Bidaiarien garraio publiko erregularraren arloan:

Zerbitzu erregularrei lotutako baimenak eta zerbitzu horien baldintzak aldi baterako ezartzeko edo aldatzeko aginduak ematea, erabilera orokorreko nahiz erabilera bereziko zerbitzuak izan.

Erabilera orokorreko zerbitzuei lotutako baimenak eta zerbitzu horien baldintzak aldatzeko aginduak ematea, baldin emakidan funtsezkotzat jotako klausuletan eraginik ez badute, edo emakidaren baldintzak nabarmen aldatzen ez baditu.

Prezio edo tarifen taulen fiskalizazioa, indarrean dagoen araudia aplikatuz.

b)    Bidaiarien eta salgaien lineaz kanpoko garraioaren arloan:

Mota horretako zerbitzuak modalitate guztietan emateko behar diren oinarrizko baimenak edo osagarriak ematea. 

Garraioari laguntzeko jardueretako eta garraioko jarduera osagarrietarako baimenak ematea.

c)    Arau-hausteen arloan:

Lehorreko garraioa antolatzeko araudia ez betetzearen inguruko administrazio arau-hauste eta zigorrei buruzko espedienteak ebaztea, edozein kopurutakoa izanda ere, eta zigorra diruzkoa izan edo ez.               

Garraio arloko zehapenetatik sortutako zorrak borondatezko epean zatikatzea eta geroratzea onartzea.    

d)    Errepideko garraioko ibilgailu astunak gidatzeko lanbide prestakuntza:

Ikastaroak eta zentroak homologatzea, errepide bidezko garraiorako gaitasun profesionalaren ziurtagiria lortzeko.  

Azterketak antolatzea eta gaitasun profesionala egiaztatzen duten txartelak ematea eta berritzea.

e)    Salgaiak eta bidaiariak garraiatzeko lanbide gaitasuna:  

Salgaien eta bidaiarien garraiorako lanbide gaitasunaren ziurtagiriak eskuratzeari, egiaztatzeari eta kontrolatzeari buruzko administrazio kudeaketak, bai eta garraiorako jarduera lagungarriei eta osagarriei buruzkoak ere.

Azterketak egiteko, berrikusteko, interpretatzeko eta horiei buruz sor litezkeen zalantzak ebazteko epaimahaia izendatzea.   

f)    Takografo digitalari dagokionez:

Takografo digitalaren txartelak ematea eta berritzea.           

g)    Orokorrean:

Garraio gaietako eskumen eta eginkizunekin lotuta dauden era guztietako tasak likidatzea.

Bermeak eskatzea eta itzultzea, hala dagokionean.             

7. artikulua.    Mugikortasun eta Garraio Zerbitzua.

Zerbitzuburuaren erantzukizunaren pean, Mugikortasun eta Garraio Zerbitzuak eginkizun hauek ditu, zuzendaritza nagusiari esleitutako funtzio orokorren baitan:     

a)    Foru Aldundiaren mendeko garraioak antolatzeko, ikuskatzeko eta zigortzeko eskumenen eta garraiorako jarduera lagungarrien eta osagarrien barne kudeaketa eraginkortasunez eta eragingarritasunez egitea, erabiltzaileen Zerbitzuan.

b)    Lurraldeko garraio politika zehaztea eta ezartzea.             

c)    Bidaiarien zerbitzu publikoa sustatzea eta hobetzea.

d)    Mugikortasun jasangarria sustatzea lurralde osoan.        

e)    Lurraldebus markarekin eskaintzen den errepide bidezko bidaiarien herriarteko garraioko zerbitzu publikoa kudeatzea.      

f)    Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana kudeatzea eta ezartzea.

g)    Gipuzkoako Garraioen Arbitraje Batzordea beharrezkoak dituen baliabideez hornitzea, dagozkion eginkizunak behar bezala bete ditzan.

2. ATALA.    Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusia

8. artikulua.    Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusiaren funtzioak.

1.    Zuzendari nagusiaren mende, Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusiaren zereginak izango dira:    

a)    Lurralde antolaketa eta kohesioa.

b)    Lurralde informazioa.

c)    Lurraldearen gaineko hausnarketa estrategikoa.

d)    Hirigintza planak sustatu eta gainbegiratzea.

e)    Pasaialdearen biziberritze integraleko proiektua sustatzea eta Irungo biziberritze prozesuan laguntzea.

f)    Pasaia-Irun plataforma bultzatzea eta garatzea, trenbideko eta portuko trafikoa sustatzeko elementu gisa.

g)    Lurraldea sustatu eta lurzorua kudeatzea.

h)    Foru Aldundiak bere erabilera administratiborako behar dituen eraikinak eraikitzea, zaintzea eta zaharberritzea.

i)    Enpresa-ondarea ez den ondare higiezin eta higigarriaren politika definitzea eta haren kudeaketa teknikoa.           

j)    Indarrean diren arauen arabera gai horietan dagozkion gainerako eskumenak.

2.    Bere eginkizunak betetzeko foru dekretu honen 4.2 artikuluan deskontzentrazioz eman zaizkion ebazteko eskumenez gainera, ebazteko beste eskumen hauek izango ditu Lurralde Antolaketako zuzendari nagusiak, hauek ere deskontzentrazioz:      

2.1.    Nahitaezko desjabetze gaietan:

a)    Gordailuak egitea eta lurrak hartu aurreko aktak sinatzea.

b)    Administrazioaren izenean lurrak hartzea.         

c)    Balio justuak finkatu eta ordaintzea, gehienez 75.000,00 eurokoak direnean.

d)    Nahitaezko desjabetzearen legerian aurreikusita dauden beste jarduketa administratiboetan Administrazioaren ordezkari izatea.

2.2.    Hirigintza gaietan:

a)    Plangintzen behin betiko onarpenaren tramitazioan edo beste Hirigintza espediente batzuenean, tramitazioa bera geldiarazi eta epea eteteko eskumena, edukia osatu gabe edo tramiteren bat egin gabe egonez gero, eta, behar denean, udalari espedientea itzultzea.

b)    Hirigintza Intereseko Elkarteen Erregistroaren kudeaketa egitea.

c)    Lur hiritarrezinean erabilerak eta jarduerak interes publikotzat jotzea.

9. artikulua.    Lurralde Plangintzako Zerbitzua.

Zerbitzuburuaren erantzukizunaren pean, Lurralde Plangintzako Zerbitzuak eginkizun hauek ditu, zuzendaritza nagusiari esleitutako funtzio orokorren baitan:          

a)    Foru Aldundiaren Hirigintza irizpideak zehaztea.

b)    Foru Aldundiaren Hirigintza eskumenak kudeatzea, Aldundiaren izenean.

c)    Gipuzkoako Hirigintzako Erregistroa kudeatu eta mantentzea.

d)    Hirigintza ikuskapenak egitea, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legetik eratorritako eskumenen arabera.

e)    Gipuzkoako Foru Aldundiko beste departamentu edo zerbitzu batzuekin baterako hausnarketa bultzatzea, Gipuzkoako Lurralde Eredua definitu eta aplikatzean, eta lurralde oreka lortzeko proiektuak bultzatzea.

f)    Lurralde antolaketarako eta horri buruzko hausnarketarako mekanismoak bultzatzea, sustatzea eta horietan parte hartzea.

g)    Lurraldea ondo erabiltzea ahalbidetuko duten estrategien inguruan hausnarketa sistematikoa egitea Foru Aldundiaren beste departamentu edo zerbitzu batzuekin batera.

h)    Gipuzkoako Azpiegitura Geodesikoa, Gipuzkoako Udal Mapa, Gipuzkoako Datu Espazialen Azpiegitura eta Inspire Direktiba garatzea eta mantentzea, eta Foru Aldundi osoarentzat, erakunde publiko eta pribatuentzat eta, oro har, hiritarrentzat eskuragarri jartzea.   

i)    Departamentuko beste zerbitzuekin eta Foru Aldundiko beste departamentuekin batera lan egitea lurraldearen antolaketari zuzenean eragiten dioten departamentu politikak, bereziki Hirigintzakoa, garraioetakoa eta lurrarena, zehazterakoan.        

10. artikulua.    Arkitektura Zerbitzua.

Zerbitzuburuaren erantzukizunaren pean, Arkitektura Zerbitzuak eginkizun hauek ditu, zuzendaritza nagusiari esleitutako funtzio orokorren baitan:

a)    Foru Aldundiaren egoitza eta eraikinen politika finkatzeko eta kudeatzeko irizpideak eta prozedurak zehaztea Gobernantza Departamentuarekin batera.

b)    Foru Aldundiaren egoitza eta eraikinen politika kudeatzea, prozeduran ezarri bezala.

c)    Foru Aldundiaren erabilera administratiborako eraikinak eraiki, birgaitu eta mantentzea, eta laguntza teknikoa ematea arkitektura arloan, obra hauetarako ulertuta: lehen ezarpenekoak, eraberritze, zaharberritze, birgaitze edo konpontze handikoak, kontserbaziokoak eta eraispenekoak, baita urbanizaziokoak ere. Laguntza teknikoa emango da, bai obra kontratua prestatzeko jarduketetan, bai kontratua egikaritzerakoan, bai, hala badagokio, obren zuzendaritza fakultatiboan.              

d)    Departamentuak sustatutako eraikuntza proiektuak gainbegiratzea eta, behar denean, proiektuetako erredakzioa eta zerbitzu kontratuen eta eraikuntza eta urbanizazio lanen zuzendaritza teknikoa egitea.

e)    Foru Aldundiak bere erabilera administratiborako dituen eraikinen eta departamentu anitzetarako eraikinen mantentze lanak kudeatzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea, hauek salbuetsita: segurtasuneko, suteen aurkako babeseko, eta ahots eta datuetarako instalazioak. Halaber, legez mantentze lan prebentiboa egin beharra duten instalazio termikoen mantentze lanak kudeatzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea.

f)    Foru Aldundiaren irisgarritasun politika zehaztea eta koordinatzea.

g)    Departamentuak diruz lagundutako eraikuntza eta hiritartze proiektuen eta lanen jarraipena egitea.

11. artikulua.    Lurzoruaren eta Ondarearen Kudeaketako Zerbitzua.

Zerbitzuburuaren erantzukizunaren pean, Lurzoruaren eta Ondarearen Kudeaketako Zerbitzuak eginkizun hauek ditu, zuzendaritza nagusiari esleitutako funtzio orokorren baitan:

a)    Lurren desjabetzearekin lotura duten politikak kudeatzea, bai bere ekimenekoak, bai Foru Aldundiko beste departamentu batzuen eta foru sektore publikoko entitateen konturakoak, eta, halaber, Foru Aldundiaren lurrak mugatzeko, mugarriak jartzeko eta Erregistroan idazteko eginkizunez arduratzea.      

b)    Ondare politika ezartzea, eragiketa hauetan: eskuratze eta besterentzeetan, lagapenetan, ondasunak zerbitzu publikora lotzeetan eta atxikipenetan, higiezinen administrazioan, eta jabetza industrial eta intelektualeko eskubideen kudeaketan. Kanpoan gelditzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoaren enpresa ondareari dagozkionak.

c)    Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorra egitea eta eguneratzea; eta departamentuak kudeatzen duen ondareko ondasunak edo eskubideak ordezkatzen edo gauzatzen dituzten agiriak eta eskriturak edukitzea eta zaintzea.

d)    Foru Aldundiaren lur eta ondare politikak definitzen parte hartzea, Lurralde Plangintzako eta Arkitekturako zerbitzuekin batera.

e)    Lurralde Plangintzako eta Arkitekturako zerbitzuekin batera lan egitea, lurralde antolaketako eta sustapeneko Hirigintza politiketan.

3. ATALA.    Idazkaritza Teknikoa

12. artikulua.    Idazkaritza Teknikoaren funtzioak.

Departamentuko Idazkaritza Teknikoa foru diputatuaren menpean dago hierarkikoki eta zuzendari nagusienean funtzionalki, eta eginkizun hauek beteko ditu departamentuak dituen eskumenen baitan:

a)    Departamentuko organoek nahiz Diputatuen Kontseiluak onartu beharreko xedapen, egintza eta ebazpen guztien legezkotasun kontrola egitea.

b)    Kontratazio espedienteak bideratu eta kudeatzea, eta horien legezkotasun kontrola egitea.

c)    Xedapen orokorren proiektuak aztertu, prestatu eta horien jarraipena egitea; eta beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuekin lankidetzan aritzeko hitzarmen eta protokoloak aztertu, prestatu eta horien jarraipena egitea.

d)    Departamentuko organoei lege aholkularitza eskaintzea: eskatzen dizkioten txostenak egin eta kontsultei erantzutea.

e)    Departamentuko fede publikoa erabiltzea.

f)    Departamentuko erregistro orokorra eta artxiboa eramatea.

g)    Departamentuko aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea, zerbitzu eta zuzendaritzak koordinatuta.

h)    Departamentuko organoen gastuen kontrola egitea.

i)    Departamentuko jarduera ekonomikoaren kudeaketa, tramitazioa eta kontabilitate kontrola egitea.

j)    Departamentuko sistema informatikoa zerbitzuekin koordinatzea; eta, halaber, departamentu barruan, identifikazio eta jakinarazpen sistemak kudeatzea eta, oro har, administrazio elektronikoa ezarri eta garatzeko beharrezko neurriak hartzea.  

k)    Gobernantza Departamentuak langileen alorrean dituen eginkizunak gauzatzerakoan elkarlanean aritzea.

l)    Martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, emakumeen eta gizonen berdintasunerako departamentu unitateei egozten dizkien eginkizunak, hala balegokio.

m)    Foru Aldundiaren eskumen esparru ezberdinetan emandako foru araudiak egozten dizkion eginkizunak gauzatzea, bereziki, gardentasunaren eta informazio publikoa eskuratzearen alorrean eta agirien kudeaketaren eta espediente elektronikoaren alorrean.

n)    Administrazioaren berrikuntza eta eraldaketarako politiken aplikazioan laguntzea departamentuko organoei.       

ñ)  Bere jardun esparruan egozten edo eskuordetzan ematen zaizkion gainerako eginkizunak gauzatzea.

Lehen xedapen gehigarria.  Zuzendari nagusien ordezkoak.    

Zuzendari nagusien karguak bete gabe daudenean, edota haiek kanpoan edo gaixorik daudenean, bata bestearen ordez arituko dira egotzita dauzkaten eginkizun eta eskumen guztietan, departamentuko foru diputatuak funtzio eta eskumen horiek bere gain espresuki hartzea erabakitzen duenean izan ezik.

Bigarren xedapen gehigarria.  Garraio arloko funtzioak.       

Garraio jarduerak aurrera eramateko behar diren baimenak eta batzuek behar duten aldian aldiko ikus-onespena eskumenaren organo titularraren baimena duten langileek eman ahal izango dituzte.  

Ikuskaritza lanak horretarako ahalmena duten langileek egingo dituzte, Eusko Jaurlaritzaren urtarrilaren 25eko 9/1982 Dekretuak, Errepideko Garraioa Ikuskatzeko Zerbitzua Antolatzekoak, aurreikusi bezala.

Ikuskaritza Agenteek egingo dute zigor espedienteen instrukzioa, baina ebazpena departamentuko foru diputatuak edo Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko zuzendari nagusiak emango dute beti, nork bere eskumenen esparruan.             

Xedapen indargabetzailea.

Indargabetuta gelditzen dira Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko urriaren 20ko 19/2020 Foru Dekretua, eta foru dekretu honetan aurreikusitakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapena.  Indarrean jartzea.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2022ko uztailaren 5a.

                                                           Diputatu Nagusia,       
                                                       Markel Olano Arrese.

          Mugikortasuneko eta Lurralde   
          Antolaketako Departamentuko    
                      Foru Diputatua,
               Rafaela Romero Pozo.          (4710)