3
TOKI ADMINISTRAZIOA

DEBAKO UDALA

Iragarkia

Udal honetako Udalbatzak onartutako etxebizitzaren alokairurako dirulaguntzen oinarriekin bat etorriz, dirulaguntza horien 2022ko deialdia onartu da.               

Etxebizitza hutsak mobilizatzeko xedea alde batera utzi gabe, kolektibo ahulago jakin batzuek alokairuko etxebizitzak eskura ditzaten sustatu nahi da, pertsonen ordainketa-ahalmenera egokitutako errentekin.

Ebazpen hau behin betikoa da, eta amaiera ematen dio administrazio-bideari. Horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke alkatetzari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean inpugnatu ahal izango da Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, bi hilabeteko epean.

Bi kasuetan, iragarki hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira epeak.           

Deba, 2022ko ekainaren 16a.—Gilen Garcia Boyra, alkatea.  
                (4534)

I. ERANSKINA

Debako herrian etxebizitzak alokatzeko laguntzak emateko oinarriak.

1. artikulua.    Xedea.

Laguntza hauen xedea, oinarri hauen 3. artikuluan aipatzen diren biztanleriaren kolektibo desberdinen ohiko bizilekurako etxebizitzaren alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzea da.

Etxebizitza partekatzen duten guztiak izan ahalko dira onuradun, baldin eta bizikidetza-unitate beraren kideak ez badira eta errentamendu kontratua guztiek sinatzen badute. Kasu horretan, eskatzaile bakoitza bizikidetza-unitate independentetzat hartuko da eta kontratua sinatu duten guztien artean hainbanatuta konputatuko da errenta.

Diru-laguntza oinarri hauetan ezarritako baldintzen arabera emango da, onuradunak gehienez 12 hilabetetan izandako alokairu gastua kontuan hartuta, eta betiere, baldintza horiek denbora-tarte horretan mantentzen badira.      

Araudi honetan jasotakoari jarraiki, alokairu edo diruz lagundu daitekeen kontzeptutik kanpo geldituko dira, garajeari dagozkionak bai eta kontribuzio edo zerga kontzeptupean sor daitezkeenak ere, dagokion kontratuan berariaz jasota egonda ere.              

Alokairuko hileko kuotatik 30 euroko balio finko bat kenduko da, aurreko paragrafoan deskribatutako garaje edo kontribuzio edo zerga kontzeptuengatik, alokairu kontratuan sartuta badaude eta horietako bakoitzaren hileko kostuaren berariazko justifikaziorik aurkezten ez bada.

Alokairuaren gehieneko zenbatekoa seiehun eta hirurogeita hamabost euro (675 €) izango da, eta horren baitan eskaria balioesterakoan kontuan hartu beharreko kontzeptu guztiak sartuak daudela jotzen da (komunitateko gastuak, …).

Beste erakunde batzuen programak.

Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza alokatzeko Gaztelagun programaren diru-laguntzak udal laguntza hauek baino lehentasun handiagoa izango dute. Eskatzaileak derrigorrez eta lehentasun izaerarekin (udal laguntzaren ebazpena aurretik) tramitatu izan beharko du Eusko Jaurlaritzaren laguntza, eta hura ez badu lortzen bakarrik izango du udal laguntza hauek jasotzeko eskubidea. Eusko Jaurlaritzaren laguntza derrigorrez tramitatu behar horretatik salbuetsita egongo da, hain zuzen ere udal laguntzen organo kudeatzaileak izaera objektiboz zehazten baldin badu eskatzaileak ez lituzkeela beteko inolaz ere, Eusko Jaurlaritzaren laguntzen oinarriak.

Irizpide berari eutsiko zaio Gizarte-Larrialdietarako Laguntzaren kasuan, etxebizitzarako laguntza osagarrien kasuan (Lanbide), eta etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboko etxebizitzako prestazio ekonomikoaren kasuan.

2. artikulua.    Aurrekontua.

Oinarri hauen arabera deituko diren diru-laguntzak Debako Udalaren aurrekontuaren kontura finantzatuko dira. Deialdi bakoitzean zehaztuko da deialdiaren xede diren diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa, baita diru-laguntza horiek ordaintzeko erabiliko diren aurrekontu-partida edo -partida zehatzak.            

3. artikulua.    Onuradunak.

Oinarri hauei jarraituz emango diren diru-laguntzen onuradunak izango dira, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean dagokion deialdia argitaratzen den egunean, eta diruz lagungarri den epealdian, jarraian aipatzen diren baldintza zehatzaren bat betetzen dituzten pertsona edo bizikidetza unitateak:             

A)    18 eta 35 urte bitarteko adina izatea, bizikidetza unitatea osatzen duten menpeko adin txikikoak salbuetsita.      

Diru-laguntza 36 urte betetzen diren hilaren aurreko hilabetera arte onartuko da.

Hala ere, bizikidetza-unitateko kideren batek 36 urte baino gehiago izatea onartuko da, baldin eta adin-eskakizuna betetzen duen pertsona errentamendu-kontratuaren titularra edo titularkidea bada, eta adin-muga gainditzen dutenek pertsona horrekin ezkontza-harremana edo antzekoa badute, edo 1. edo 2. mailako odol-ahaidetasuna edo 1. mailako ezkontza-ahaidetasuna badute. Kasu horietan, adinaren baldintza betetzen duen pertsonak aurkeztuko du eskabidea.      

B)    Mugikortasun urria duten pertsonak (7 eta 10 bitarteko puntuak), bai eta ezgaitasun absolutua duten pertsonak ere. Mugikortasun urria edo ezgaitasun absolutua egiaztatzeko beharrezkoa den txosten teknikoa kudeatze prozesuan duten eskatzaileen eskaera onartua izango da, betiere diru-laguntza eman aurretik aipatu dokumentazioa aurkezten badute.

C)    Bananduta edo dibortziatuta dauden pertsonak (sententzia judizial irmoa izan behar dute).

D)    70 urtetik gorako pertsonak.

E)    Alargunak.

Halaber, laguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte, Udalaren Gizarte Zerbitzuek behar bezala justifikatutako egoeretan, etxebizitza tutelatu bat eskuratzeko eskubidea duten pertsonak, beti ere, Debako Udalak egoera hori konpontzeko behar diren baliabideak ez dituen neurrian.

Eskatzaileen betekizunak:

a)    Eskatzaile edo bizikidetza unitateko kideetatik inork ez izatea beren jabetzan etxebizitzarik, herentzia edo dohaintza bidez eskuratutako etxebizitza bat edo batzuen titularkide diren kasuetan izan ezik, baldin eta titularkidetasun horren portzentaiak %50 ez badu gainditzen eta etxebizitzetako partaidetzen balioak 75.000,00 euro ez baditu gainditzen.

Aurretik aipatu diren B) C) eta D) kasuetan, salbuetsita egongo dira etxebizitza izatearen baldintza betetzeaz honako kasuetan:

1.    Bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzak.

2.    Banantze, dibortziatze edota izatezko bikote lotura amaitzeko prozesu baten ostean, etxebizitza judizialki beste ezkontide edo bikotekidearen familia-helbide gisa esleitzen bada.

3.    Etxebizitzak indarreko araudian xedatutako irisgarritasun baldintzak ez betetzea, titularrak 70 urte edo gehiagokoak diren kasuetan.

4.    Apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuan, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun baldintzei buruzko arau teknikoak onartzerakoan, jasotako sarbideei eta igogailuei buruzko xedapenak betetzen ez dituen eraikin baten parte izatea, betiere bizikidetza unitateko kideetako bat mugikortasun mugatu iraunkorra duen desgaitua bada.        

Udalaren txosten teknikoa beharrezkoa izango da, aipatu etxebizitzak bizigarritasun nahiz irisgarritasun baldintzak betetzen ez dituztela egiaztatzeko.

5.    Jabetzan duten etxebizitza hori Bizigune programaren esku uztea.

b)    Eskatzailearen bizikidetza unitatea osatzen duten pertsona guztiak, diru-laguntza jasoko duen etxebizitzan erroldatu beharko dira alokairu kontratua sinatu ostean (organo kudeatzailea arduratuko da baldintza hori instrukzio fasean egiaztatzeaz).

Kontratuaren titular ez diren pertsonak baleude etxe bizitzan erroldatuta, kontratuaren titularrek pertsona horien erroldako baja-eskaera egin beharko dute, diruz lagun daitekeen epearen barruan.

c)    Gutxienez bizikidetza unitateko pertsona bat Debako udalerrian erroldatua egotea, gutxienez, aurreko bi (2) urtetan eskaera aurkezteko unean.

d)    Bizikidetza unitateko diru-sarrera honakoa baino txikiagoa izatea:

—22.000,00 euro urtean (pertsona bakarreko bizikidetza-unitateak badira).

—32.000,00 euro urtean (bi pertsona edo gehiagoko bizikidetza-unitateak badira).

Diru-laguntza kalkulatzeko, bizikidetza-unitatearen diru-sarrera haztatuak hartuko dira kontuan, hau da, bizikidetza-unitateko pertsona guztien diru-sarrerak, bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonen kopurua eta diru-sarrerak ematen dituzten bizikidetza-unitateko pertsonen kopurua. Diru-sarreren simulazioa: https://apps.euskadi.eus/x39-appcont/eu/x91aEtxebideWar/etxebide/calculopon?locale=eu

Banandu edo dibortziatuen kasuan, diru-sarreren zenbatekoa kalkulatzerakoan seme-alabengatiko mantenu pentsioa bai eta hipoteka kargei dagozkien hileroko kuoten zenbatekoak kenduko zaizkie.

Diru-sarrera konputagarriak zerga oinarri orokorrak eta aurrezpenaren zerga oinarriak izango dira, baita lan etekinei aplikatutako hobariak ere.

Deialdia argitaratzen den eguna baino hamabi (12) hilabete lehenagoko diru-sarrerak hartuko dira kontuan (organo kudeatzailea arduratuko da baldintza hori instrukzio fasean egiaztatzeaz).

e)    Diru-sarreren osaketari dagokionez, ezin izango da zerga-ekitaldiko kapitalaren errentak ezin izango dira Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) tauletakoa baino handiagoak izan.

f)    Bizikidetza unitateko kide guztiek Debako Udaleko zerga, tasa eta zehapenen ordainketak egunean izan behar dituzte.      

g)    Onuradunaren eta errentatzailearen artean ezin izango da inolako familia-loturarik izan odolkidetasun edo ahaidetasuneko bigarren mailaraino.

h)    Eskatzaileek Etxebiden izena emanda edo inskripzio-eskaera aurkeztu dutela egiaztatu beharko dute. Obligazio hau ez dute bete beharko Etxebiden inskribatzeko baldintzak betetzen ez dituztenek, aldez aurretik justifikatuta.

i)    Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako ezein eragozpen-egoeratan ez egotea, eta 887/2006 Errege Dekretuaren 18. artikulutik 29. artikulura bitartean ezarritako baldintzak betetzea.

j)    Gizarte Segurantzako betebeharrak eta zerga obligazioak egunean izatea.

k)    Eskatzaileari, edo bere bizikidetza unitateko edozein kideri, legokiokeen eskubide edo prestazio ekonomiko oro baliatzea, eskaera egin aurretik (ikus beste erakunde batzuen diru-laguntzei buruzko atala 1. artikuluan).           

l)    Bizikidetza unitatea osatzen duten pertsona guztiek, seme-alaba adingabeak izan ezik, atal honetan zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte.

4. artikulua.    Etxebizitzek bete beharreko baldintzak.

1.    Diruz lagunduko den etxebizitza Debako udalerrian kokatuta egon beharko da eta dagokion bizigarritasun-zedula izan beharko du.

2.    Edonola ere, etxebizitzak, gutxienez, ondorengo bizigarritasun baldintzak bete beharko ditu:

a)    Erabiltzeko moduan dagoen sukaldea, elikatze-iturri elektriko edo gasezkoa duena, eta behar bezala hornitua.

b)    Dutxa edo bainuontzia duen bainugela.

c)    Erabiltzeko egoeran dagoen ur bero sistema, bainugelara eta sukaldera zerbitzuarekin.

d)    Erabiltzeko egoeran dagoen 220 volteko instalazio elektrikoa, dagokion buletinarekin.

e)    Iturriko ura izatea.

f)    Sare orokorrera isurketa duen saneamendua.

g)    Kalerako aireztatzea.

h)    Bizikidetza unitateko bi pertsonako (gehienez) logela bat.   

5. artikulua.    Baztertzeak.

1.    Ezin izango dira diru-laguntzaren onuradun izan honako kasu hauetakoren batean dauden eskaera, etxebizitza edo alokairu kontratuak:

a)    Sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak.

b)    Berrakurak.

c)    Logelen alokairuak (logela eskubidea).

d)    Etxebizitza gisa erabilitako lokalak.

e)    Bizigune programaren barruan dauden alokairuko etxebizitzak.

f)    Gaztelagun programako laguntza ekonomikoa, etxebizitzarako laguntza osagarria (Lanbide), alokairu ordaintzeko Gizarteratzeko Larrietarako laguntza (GLL), edo etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboko etxebizitzako prestazio ekonomikoa jasotzen duten etxebizitzak.

g)    Euren izaera edo helburua kontutan izanik, beste udal departamendu edo erakunde autonomoren baten programei zuzendu beharrekoak.

Kasu horietan, dagokion departamendu edo erakunderi helaraziko zaizkio eskaera hauek, interesatuari egoera horren berri emanaz.

2.    Alokairu errentak gehienez 700,00 eurokoak izango dira (eranskinak barne).

3.    Ez da onartuko urte bete baino iraupen txikiagoa duen kontraturik.

6. artikulua.    Onuradunaren betebeharrak.

Diru-laguntzetarako Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotzen direnez gain, onuradunak honakoak ere bete beharko ditu:

a)    Diru-laguntza eman den helbururako erabiltzea.

b)    Eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztea Debako Udalari.

c)    Diru-laguntza ematerakoan kontutan izandako edozein gorabehera –hala objektiboa, nola subjektiboa– aldatzen bada, horren berri ematea.

7. artikulua.    Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak horretarako onartutako eredua erabilita aurkeztuko dira, Udalaren HAZ gunean edo udal web orrian.

Eskaerarekin batera, jarraian zerrendatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira (orohar, eskaera guztientzat):

a)    Eskabide-orria, behar bezala beteta eta sinatuta.             

b)    Laguntza eskatzen duen pertsona bakoitzaren Nortasun Agiriaren edo egoitza-txartelaren fotokopia.

c)    Adin txikikorik balego, familia liburuaren fotokopia ere aurkeztu beharko da. Azken agiri hau kasu guztietan aurkeztu beharko da senidetasuna egiaztatzeko, baldin eta ondorengo ahaidetasuna alegatu bada. Familia libururik ez balego, adin txikikoen jaiotza ziurtagiri literala (Erregistro Zibila) aurkeztu beharko da.

d)    Etxebizitzaren alokairu-kontratuaren kopia, indarrean dagoena eta diruz lagungarri den epealdiari dagokiona.

e)    Banku kontu baten zenbakia, eta kontu horren titularitatea egiaztatzen duen banku agiria.

f)    Estatu mailan etxebizitza jabe ez izatearen ziurtagiria, laguntza eskatzen duten 18 urtetik gorako kide guztiena, jabetza erregistroak, Foru Ogasunak edota Estatuko Ogasunak igorria eta, gehienez, laguntza eskaera aurkeztu baino 15 egun lehenagokoa.

g)    Etxebiden izena eman izanaren egiaztagiria, edo izena emateko eskabidea aurkeztu izanarena.

h)    Etxebizitza baten titular-kide izanez gero, honako agiriak ere aurkeztu beharko dira:

—Herentzia kasuan, herentziaren onarpen-agiria eta partizioaren eskritura.

—Dohaintza-kasuan, dohaintza eskritura.

—Bi kasuetan, partaidetza saldu izanaren kasuan: eskualdatze eskritura.

i)    Banandu edo dibortziatuta dauden pertsonen kasuan:

—Epai irmoaren fotokopia bat, non zehazten den hitzartutako seme-alabengatiko mantenu pentsioa. Mantenu pentsioaren ordainketen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

—Hipoteka kargei dagozkien hileroko ordainketen ziurtagiriak.               

j)    Dagokion kasuan:

—Lanbidek igorritako ebazpena, EPO kobratzea dagokion edo ez adierazten duena.

—Eusko Jaurlaritzak igorritako ebazpena, Gaztelagun alokairu laguntza kobratzea dagokion edo ez adierazten duena.

—Eusko Jaurlaritzak igorritako ebazpena, Eskubide Subjektiboaren Prestazioa kobratzea dagokion edo ez adierazten duena.

—Udalak igorritako ebazpena, GLL kobratzea dagokion edo ez adierazten duena.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluak ezartzen du interesdunek eskubidea dutela administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak ez aurkezteko.           

Debako Udalari dagokio oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzea, administrazio publiko ugarietatik bitarteko telematikoen bidez jasotako informazioa aintzat hartuta.

Interesdunak beste administrazio batzuei bere datuak kontsultatzearen aurka egiteko aukera izanez gero, aurkakotasun horrek arrazoituta egon beharko du. Aurka egiteko eskubidea baliatuz gero, dokumentazioa interesdunak aurkeztu beharko du.         

8. artikulua.    Eskaerak aurkezteko epea.

Eskariak aurkezteko epea deialdi bakoitzean adieraziko da eta epea hasiko da kontatzen deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.        

9. artikulua.    Akatsak zuzentzea.

Eskabideak edo harekin batera aurkeztutako nahitaezko dokumentazioak akatsen bat baldin badu edo osatu gabe baldin badago, interesatuei hamar laneguneko epea emango zaie, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, atzemandako hutsak konpon ditzaten.

Emandako epea amaitu eta aurkitutako akatsak konpondu ezean, eskaera bertan behera utzi dutela iritziko da, prozedura artxibatuz, 39/2015 Legeak xedatutakoarekin bat ebazpena eman eta ondoren.

10. artikulua.    Izapidetzeaz arduratzen den administrazio unitatea.

Udal Idazkaritza.

11. artikulua.    Diru-laguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa, eskatzaileen diru-sarreren arabera ezarritako atal sistema baten oinarritzen da, atal bakoitzari portzentai bat esleituz.

Atal sistema:

a)    Kide bakarreko bizikidetza unitateak:

Diru-sarrerak                                                                                   Laguntza (alokairuaren %)

< 18.000,00 €                                                                             25

18.000,01 € - 22.000,00 €                                                        20

b)    Bi edo gehiagoko bizikidetza unitateak:

Diru-sarrerak                                                                                   Laguntza (alokairuaren %)

< 18.000,00 €                                                                             25

18.000,01 € - 22.000,00 €                                                        20

22.000,01 € - 32.000,00 €                                                        15

Diru laguntza, gehienez, hilean 175,00 euro izango da eskaera bakoitzeko; eta, gehienez, 12 hilabete epealdi baterako.

Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa kuantifikatzeko, kontutan hartuko da oinarri hauetako 1. artikuluan bazterketei buruz ezarritakoa.

Dagokien aurrekontu-partidatan jasotako zenbatekoa nahikoa izango ez balitz, Udalak zenbateko hori onartuak izan diren eskaera guztien artean hainbanatu ahal izango du.

12. artikulua.    Diru-laguntzaren ordainketa eta egiaztagiriak aurkezteko epea.

Diru-laguntza bizikidetza-unitate bakoitzeko ematen da, berau pertsona bakarrak edo gehiagok osatua egon daiteke.

Diru-laguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da:     

Lehen ordainketa deialdiaren ebazpena egin ondoren izango da. Ebazpen hori eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru (3) hilabete baino lehen egingo da.        

Lehen ordainketaren zenbatekoa, data horretara arte egiaztatutako alokairu gastuen araberako proportzioan egingo da.

Bigarren ordainketa, diru-laguntzaren gainerako zatiari dagokiona, egiaztagiri guztiak aurkeztu ostean egingo da.

Dagokion kasuan, gainerako egiaztagiri guztiak lagungarri den hamabi hilabeteko epealdia amaitu ondoren aurkeztu beharko dira, eta nolanahi ere, diru-laguntza onartzen duen ebazpenean adierazitako eguna baino lehen.

Alokairu partekatua den kasuan, bizikidetza-unitate bakoitzari dagokion laguntza kalkulatzeko, etxebizitzaren hileko errenta osoa kontratuko titular kopuruaren artean zatituko da, eta ordainketa eskatzaile bakoitzaren bankuko kontuan egingo da.

13. artikulua.    Agiri justifikagarriak.

Behin diru-laguntza onartuta, oinarri hauen xede diren diru-laguntzak egiaztatzeko eta egindako ordainketak justifikatu ahal izateko, ondorengo agiri justifikagarriak aurkeztu beharko dira:     

Alokairu-kontratuaren baitan egindako hileko ordainketen egiaztagiriak. Ordainketak banketxe bidez egin beharko dira, eta honako kontzeptu hauek jaso beharko dira: gastua eta dagokion epealdia zenbatekoa zehaztuz, eta pertsona fisiko edo juridiko igorlearen identifikazioari eta kokapenari buruzko oinarrizko datuak, identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) edo nortasun-agiri nazionalaren zenbakia (NAN).

Deialdian diru-laguntza egiaztatzeko ezarritako epea igarota, onuradunak ez baldin badu aurreko atalean aipatutako dokumentazioa aurkeztu, Debako Udalak diru laguntze bertan behera utzi eta jasotako diru laguntzaren itzulera eskatuko ditu. 

14. artikulua.    Beste diru-laguntzekin bateragarritasuna.

Oinarri hauen arabera emandako diru-laguntzak helburu berarekin ematen diren beste diru-laguntzekin bateragarri ezinak izango dira.

Laguntza horien eskatzaile gisa berariaz baztertuak izango dira, Bizigune programaren bitartez etxebizitza alokatuta duten eskatzaileak.

Aurreko ataletan jasotakoaren kalterik gabe, laguntza hauen onuradun izan ahalko dira gizarte bazterketa eta muturreko beharrak leuntzeko Debako Udalak emandako bakarkako diru-laguntzen onuradun izan daitezkeen eskatzaileak, Etxebizitzako Prestazio Osagarria, eta GLL alokairurako jasotzen dutenak, Gaztelagun, etxebizitzako laguntza osagarria (Lanbide) eta eskubide subjektiboko prestazioak jasotzen dituztenak, diru-laguntza oinarri hauen bidez eman daitekeen gehieneko diru laguntzara iristen ez direnean. Kasu horietan, alokairurako diru-laguntza hauek 11. artikuluaren arabera lagun daitezkeen gehieneko zenbatekora iritsi arteko izaera osagarria izango dute.           

Edonola ere, euren eskubideak baliarazi egin beharko dituzte, dagozkien laguntzak eskatuz. Bestela, ezingo dute oinarri hauetan jasotako alokairurako laguntza osagarria jaso.  

15. artikulua.    Balorazio irizpideak.

Diru-laguntzak emateko oinarrizko irizpideak, oinarri hauen 11. artikuluan zehaztuta daude.

Baldintzak eta betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, dagozkion diru-laguntzak oinarri hauetan ezarritako baldintzetan emango dira.

16. artikulua.    Prozedura.

1.    Instrukzioa eta ebazpen proposamena.

a)    Udal Idazkaritzari dagokio, oinarri hauetan aurreikusitako laguntzen instrukzio lanak egitea. Dagokion txosten teknikoa egin ostean, eskaerak dagokion batzorde informatiboak aztertu eta ebaluatuko ditu, eta organo eskudunari ebazpen proposamena egingo dio. 

b)    Ebazpen-proposamena interesatuei jakinaraziko zaie Debako Udaleko iragarki taularen edota web orriaren bidez, eta egoki iritzitako alegazioak egiteko hamar eguneko epea emango zaie.  

2.    Ebazpena.

a)    Ebazpen proposamena onetsi ondoren, Alkatetzak prozedura ebatziko du ebazpen arrazoituaren bidez oinarrietan ezarritakoarekin bat.

b)    Ebazpenean berariaz jasoko dira ezetsitako eskaerak, halakorik balego.

c)    Ebazpena erabaki eta jakinarazteko gehieneko epea 3 hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko azken egunetik hasita. Aipatutako epean ebazpenik ez balego, aurkeztutako eskaera atzera bota dela uler daiteke. Hala ere, Udalak egokitzat jotzen duena ebatzi ahal izango du, ustezko ezespen horrekin inolako loturarik izan gabe.

Argitaratze eguna izango da kontuan hartuko dena epeak zenbatzeko, eta argitaratze egunean bertan, Udalak abisua igorriko die, posta elektronikoz, eskatzaileei.     

d)    Prozeduraren ebazpenak administrazio bideari amaiera emango dio.

e)    Prozeduraren ebazpena interesatuei jakinaraziko zaie urriaren 1eko 39/2015 Legeak aurreikusitakoari jarraituz.

f)    Ebazpenean diru-laguntzaren zenbateko osoa adieraziko da, baita ordainketa bakoitzari dagozkion zenbatekoak ere.          

17. artikulua.    Diru-laguntzaren kontrola.

Debako Udalak egokitzat jotako agiriak aurkez ditzatela eskatu ahal izango die onuradunei.           

Udal zerbitzuak bertaratu eta ikuskatu ahal izango dute, bai eta udal datu baseak kontsultatu ahal izango dituzte, diru-laguntzaren oinarrietan adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko helburu bakarrarekin.

Laguntzen onuradunek, Debako Udalak bere fiskalizazio eginkizunak betetzeko eskatzen dien informazio guztia emango dute.

18. artikulua.    Betebeharrak ez betetzea. Itzulketa kasuak.

1.    Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legearen 36. artikuluan diru-laguntza emateko erabakiaren deuseztasun- edo deuseztagarritasun-kasuetarako xedatutakoa alde batera utzi gabe, jasotako dirua itzultzeko eskatuko da, baita ordaindu den unetik aurrera dagokion berandutze-interesa ere, ondorengo egoeraren bat gertatuko balitz:

a)    Jasotako fondoak zertarako erabili diren justifikatzeko obligazioa ez betetzea, edo behar beste ez justifikatzea, ezarritako moduan eta epeetan.

b)    Diru-laguntza eskuratu izana horretarako eskatutako baldintzak faltsutuz, edo diru-laguntza jasotzea galaraziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

c)    Diru-laguntza ematerakoan onuradunei ezarritako baldintzak ez betetzea.    

d)    Diru-laguntza ematearen xedea ez betetzea.

e)    Organo eskudunen kontrol-jarduerak ukatzea edo oztopatzea.

2.    Diru-itzulketak udalak zehaztutako epeetan egin ezean, itzuli beharreko kopuruak premiamendu bidez ordainarazi daitezke.

19. artikulua.    Diru-laguntza itzuli arazteko prozedura.

1.    Diru-laguntza eman zuen organoak berak izango du laguntzaren zenbatekoa –osoa edo partziala– itzultzeko akordioa hartzeko eskumena.

2.    Diru-laguntza itzultzeko prozedura ofizioz hasiko da, laguntza edo diru-laguntza ematen duen organoak hala erabakita, edo bestela partikular batek salatuta.

3.    Prozedura izapidetzerakoan, beti ere interesdunari entzuteko eskubidea bermatu egin beharko da.

4.    Emandako diru-laguntza osoa edo zati bat ez dela behar bezala erabili egiaztatuz gero, organo eskudunak ebazpen arrazoitua emango du, eta bertan argi adieraziko du zergatik itzuli behar den dirua, zenbat itzuli behar den, nola eta noizko itzuli behar den, eta onuradunari ohartaraziko zaio dirua agindutako epean itzuli ezean premiamenduzko bideari ekingo zaiola.

5.    Itzultzeko prozedurari arau-hauste administratibo baten ondorioz ekin bazaio, horren berri emango zaio organo eskudunari, hala badagokio, zigor-prozedurari hasiera eman diezaion.     

6.    Itzultzeko prozedura, diru-laguntzaren eskatzaile edo onuradun gisa agertzen diren pertsona fisikoen aurka zuzenduko da.      

7.    Diru-laguntza gehi dagozkion berandutza-interesak itzultzeko erantzukizun solidarioa edo subsidiarioa erabakitzeko, diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 40. artikuluan xedatutakoa jarraituko da.

20. artikulua.    Argitara ematea.

Debako Udalaren web orrian eta iragarki-oholean argitaratuko dira, emandako diru-laguntzen zerrenda, horiek jasoko dituzten onuradunak eta jasotako diru-kopuruak.         

Diru-laguntzen datuak ez dira argitaratuko, baldin eta argitaratze hori pertsona fisikoen errespetu eta babesaren nahiz intimitate pertsonal zein familiarraren aurkakoa denean.

21. artikulua.    Oinarrien interpretazioa.

Oinarri hauen interpretazioaren inguruan sor daitezkeen zalantza guztiak Alkatetzak ebatziko ditu, deialdiak onartzeko organo eskuduna izanik, dagokio informazio batzordeak txostena egin ondoren, hala badagokio.

22. artikulua.    Datu pertsonalen babesa.

Eskatzaileek emandako datu pertsonalak Debako Udalaren ardurapeko datu tratamendu batean sartuko dira.            

Jasotako izaera pertsonaleko datuak tratatzeko helburua izango da diru-laguntzen deialdia kudeatzea eta ebaztea, deialdiak duen interes publikoan eta parte hartzeko egin den eskaeran oinarrituta.

Izaera pertsonaleko datuen trataera legitimatuta dago interes publikoaren izenean edo Debako Udalari berari emandako botere publikoen izenean egindako eginkizun bat betetzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1 e) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Datuak jakinarazi ahal izango zaizkie zerga administrazioari eta fiskalizazio organoei kontabilitate kontrola egiteko, eta banketxeei, ordainketak kudeatzeko. Era berean, beste hirugarren batzuei jakinaraziko zaizkie, lege mailako araudian jasotzen diren kasuetan.

Datuak diru-laguntza emateko prozeduraren tramitazioak eta sor daitezkeen erreklamazioen tramitazioak irauten duen bitartean gordeko dira.

Datu pertsonalen tratamenduari eta horiek eskuratzeko, zuzentzeko, kentzeko, mugatzeko eta aurkaratzeko eskubideak gauzatu ahal izango dira dbo-dpd@deba.eus helbide elektronikoa idatzi bat bidalita.

23. artikulua.    Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete Donostiako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, oinarri hauek argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Hala ere, interesdunek aukera dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko oinarriak onartu dituen organoaren aurrean, horiek argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hala eginez gero, ezin izango da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu berraztertzekoa berariaz ebatzi edo ustezko ezespena gertatzen den arte.           

Hori guztia bidezkotzat jotzen den beste edozein errekurtso jartzearen kalterik gabe.

II. ERANSKINA

Debako herrian etxebizitzak alokatzeko laguntzak emateko 2022ko deialdia.

1.    Oinarri arautzaileak.

Debako herrian etxebizitzak alokatzeko laguntzak emateko programaren laguntzen oinarri arautzaileak Debako Udaleko Osoko Bilkurak onartutakoak dira, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean deialdi honekin batera argitaratzen direnak.

2.    Finantzazioa.

Deialdi honetan eman beharreko dirulaguntzen zenbatekoa 18.000.000,00 eurokoa izango da, 2022rako Debako Udalaren 2022ko Aurrekontu Orokorren 1.0500.480.150.00.01.2022 partidaren kargura.

Debako Udalbatzak hasieran onartutako gastuaren zenbatekoa handitu ahal izango du, aurkeztutako eskaerak ebatzi aurretik eta horrek ez du beste deialdi bat egiteko beharrik.          

3.    Eskabideak aurkeztea.

Eskaerak Udalaren HAZ gunean edota bere erregistro elektronikoan aurkeztu ahalko dira.

Dirulaguntza eskaerak egin ahal izango dira deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 2022ko irailaren 23ra arte.

4.    Diru-laguntzaren justifikazioa.

Diru-laguntza emateko ebazpenean ezarriko dira justifikatzeko epeak. Epe horien barruan oinarri arautzaileen 13. artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.