GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
GOBERNANTZA DEPARTAMENTUA
10/2022 Foru Dekretua,
maiatzaren 3koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Foru Sektore Publikoaren
Etika Instituzionalaren Batzordearen antolaketa, prozedura eta funtzionamendurako
arauak ezartzen dituena.
Gipuzkoako Foru
Aldundiko Erakundearen Zuzentasun Sistemak, 2016ko martxoaren 1eko bilkuran
Diputatuen Kontseiluak onetsiak, jarduera publiko arduratsu baten isla
izan nahi du, zeina abiatzen baita kargudunen eta enplegatu publikoen jokabide
publiko tatxagabe batetik, begirada jarrita Gobernantza Etikoko ingurune bat
sortzean, zeinak legitimatuko baititu foru erakundeak herritarren begietara.
Sistemak,
horretarako, apustu egiten du azpiegitura etiko bat sortzearen alde, helburutzat
hartuta erakundeak balioak barneratzeko testuinguru bat sortzea, eta
elementu hauen inguruan antolatzen da: kodeak, berme organoa, kontsultak eta
salaketak, prestakuntza, eta Sistemaren ebaluazioa.
Erakundearen Etika
Batzordea (EEB), berme organoa baita, martxoaren 1eko 3/2016 Foru
Dekretuaren bidez sortu zen, organo independente gisa, funtzio hauek betetzeko:
Foru Administrazioko eta foru sektore publikoa osatzen duten gainerako
entitateetako kargu publikoen nahiz langile baliokideen Jokabideen eta
Jardunbide Egokien Kodean jasotako balio, printzipio eta jokabide arauak bultzatu,
sustatu, eta horiek betetzen direla bermatzea; eta Foru Aldundiaren irudia
kaltetu dezaketen edozein ez-betetzeri edo jokabide desegokiri aurrea hartzea.
Geroago, urtarrilaren 16ko 3/2018 Foru Dekretuaren bidez, zabaldu egin zen Batzordearen
xedea, haren jarduketa hedatu baitzen Sistema osatzen duten jokabide kode
guztietara, eta horrekin batera, Diputatuen Kontseiluaren erabakiz onetsitako
jokabide kodeen aplikazio eremuaren xede diren pertsonei dagozkien gai
guztietara.
EEBk urte hauetan
guztietan lan handia egin du bai sistema hedatzen eta hobetzen, bai kontsultak,
kexak eta salaketak ebazten, bai sistema hobetzeko proposamenak egiten, eta
horrek indartu egin du balio etikoak erakundean txertatzea.
Hobetzeko
proposamenen artean, Batzordeak berak gomendatu zuen, 2019. urteko bere
Jarduera Txostenean, bere funtzionamendu Erregelamendua prestatzea.
Bestalde, 4/2019
Foru Arauak, martxoaren 11koak, Gobernu Onari buruzkoak, foru gobernantza
publikoaren esparruan, II. tituluan arautzen du Erakundearen Zuzentasun
Sistema, eta foru gobernu onaren benetako eta funtsezko giltzarritzat jotzen
du.
Gai horiek guztiak
kontuan hartuta, komeni da Erakundearen Etika Batzordea arautzeko foru
dekretu berri bat onestea, Batzordearen funtzionamendua eguneratzeko eta
Batzordeak berak urte hauetan metatutako esperientziaren ondorioz
proposatutako hobekuntzak sartzeko.
Foru Dekretu honek
hiru titulu ditu, 11 artikulu, xedapen indargabetzaile bat, eta amaierako
xedapen bat.
I. titulua xedapen
orokorrei buruzkoa da, eta Foru Dekretuaren xedeaz gain, Batzordearen
helburuak eta haren aplikazio eremua ezartzen ditu, bai eta martxoaren 11ko
4/2019 Foru Arauan esleitutako funtzioak eta hura betetzeko beharrezkoak
diren eskuduntzak ere.
II. tituluak alderdi
hauek arautzen ditu: Batzordearen osaera, lehendakari, lehendakariorde, batzordekide
eta idazkari tekniko karguak, funtzionamendua, azkartasun, anonimotasun eta
konfidentzialtasun printzipioak, kontsulta, kexa eta salaketak, bai eta
EEBk eskumena duen gaiak izapidetzeko, ebazteko eta jakinarazteko prozedura
ere.
III. titulua EEBren
lanaren Gardentasunari eta Kontuak Emateari buruzkoa da, zeinak, urtero, txosten
batean islatuko baititu, besteak beste, garatutako jarduera, eta kodeak hobetzeko
eta, hala badagokio, aldatzeko bere proposamenak. Sistemaren eta Batzordearen
jarduketen gardentasunak ixten du titulu hori.
Xedapen indargabetzaileak
indargabetzen du, 3/2016 Foru Dekretua, martxoaren 1ekoa, Batzordea sortzen
duena.
Amaierako xedapenak
Foru Dekretua indarrean sartzea jasotzen du.
Horiek horrela,
Gobernantza Departamentuko foru diputatuak proposatuta eta Diputatuen Kontseiluak
gaurko bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hau
XEDATZEN DUT
I TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1.
artikulua. Xedea.
1. Foru
dekretu honen xedea da Erakundearen Zuzentasun Sistema berme organoaren
antolaketa, prozedura eta funtzionamendu arauak arautzea, hau da, martxoaren
11ko 4/2019 Foru Arauak, Gobernu Onari buruzkoak, foru gobernantza publikoaren
esparruan, 11. artikuluan jasotako Erakundearen Etika Batzordearenak.
2. Erakundearen
Etika Batzordeak independentzia funtzionala eta erabateko autonomia
izango ditu.
3. Bere
jarduerarako beharko dituen baliabide teknologiko, pertsonal eta juridikoak
izan ditzan, eta horretarako bakarrik, Batzordea Gobernantzako
Departamentuari atxikita egongo da; edo bestela, erakundearen zuzentasun
eskumena bereganatzen duen departamentuari.
2.
artikulua. Batzordearen helburuak.
Batzordearen
helburuak dira Erakundearen Zuzentasun Sistema osatzen duten jokabide-kodeetan
ezarritako balioak, printzipioak eta jokabide-arauak zabaltzea, barneratzea
eta behar bezala betetzea sustatzea eta bermatzea, zuzentasun kultura
garatu eta bultzatzeko eta erakundearen irudia kaltetu dezaketen praktika edo
jokabide desegokiei aurrea hartzeko.
3.
artikulua. Aplikazio eremua.
Batzordeak
eskumena izango du Diputatuen Kontseiluak onetsitako Erakundearen
Zuzentasun Sistemako jokabide-kodeen aplikazio eremuaren xede diren pertsonekin
zerikusia duten gaietan esku hartzeko, horietan aurreikusitako moduan.
4.
artikulua. Funtzioak.
Erakundearen Etika
Batzordeak martxoaren 11ko 4/2019 Foru Arauaren 11. artikuluko lehen
paragrafoan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, hau da, jokabide-kodeetan
araututakoa bete dadin bultzatu, sustatu eta zaintzea, eta erakundearen
irudiari kalte egin diezaiokeen edozein ez-betetze edo jokabide txar prebenitzea,
ondoko atribuzioak erabiliz:
a) Kargu
publikoen eta foru sektore publikoaren zerbitzuko gainerako langileen
jardunean sor daitezkeen jarrera desegoki hipotetikoen prebentzioa, era
horretan, Foru Aldundiaren irudia eta klima etikoa babestu eta bermatzeko.
b) Erakundearen
Zuzentasun Sistemaren esparruan plantea daitezkeen kontsulta, zalantza eta
dilema etikoak eta sistema osatzen duten kodeak ebazpen, txosten edo oharren
bidez konpontzea.
c) Erakundearen
Zuzentasun Sisteman eta hori osatzen duten kode eta elementuetan jasotako
balioak, printzipioak eta jokabide- arauak ez betetzeagatik aurkezten diren
kexa eta salaketak bideratu eta horiek ebaztea. Ebazpen horiek Foru Aldundiari
edo foru sektore publikoko gainerako entitateetako gobernu organoei zuzendutako
proposamenak izan daitezke, haiek dagozkien erabakiak har ditzaten.
d) Batzordearen
jarduerari buruzko urteko txostena prestatzea, sistema hobetzeko
jarduketak eta proposamenak bilduko dituena, foru dekretu honen 10. artikuluan
adierazitakoaren arabera.
e) Aplikatzeko
gida egitea. Gida horretan, jokabide-arauak eta, hala badagokio, kodeak aldatzeko
proposamenak zehaztu eta zertuko dira, Batzordeak ekitaldi bakoitzean
hartutako ebidentzia enpirikoetan, kontsultetan eta ebazpenetan oinarrituta.
Gida hau aurreko atalean aipatutako batzordearen urteko jardueraren txostenari
gehituko zaio.
f) Etika
publikoaren inguruko prestakuntza eta gaitasun programak proposatzea.
g) Foru
araudiak esleitzen dizkiotenak eta foru-erakundearen etikarekin zerikusia
duten jokabideak direnak.
II. TITULUA
OSAERA ETA FUNTZIONAMENDUA
5.
artikulua. Osaera.
1. Erakundearen
Etika Batzordeak ondorengo osaera izango du:
a) Lehendakaria:
Gobernantza Departamentuko foru diputatua; edo bestela, erakundearen
zuzentasun arloa barne hartzen duen departamentuko foru diputatua.
b) Lehendakariordea:
batzordekideetako bat, lehendakariak izendatuta.
c) Batzordekideak:
— Erakundearen
zuzentasun arloko eskumena duen Foru Aldundiko zuzendari nagusia.
— Hiru pertsona,
Foru Aldundikoak ez direnak eta artikulu honen 4. atalean adierazitako
beharkizunak betetzen dituztenak.
— Langileen
ordezkaritzak izendatutako pertsona bat, hitzarekin baina botorik gabe,
Erakundearen Etika Batzordeak Gipuzkoako Foru Enplegu Publikoaren Etikaren
eta Kudeaketa Onaren Kodearen aplikazioari buruzko gaiak aztertzen
dituenean.
d) Idazkaritza:
Foru Aldundiko Administrazioaren Berrikuntzako eta Eraldaketako Zerbitzuaren
burua edo erakundearen zuzentasun arloko eskumena duen zerbitzuarena; hitza
izango du, baina ez botoa.
2. Kargu
horiek hutsik geratuz gero, edota absentzia edo gaixotasun kasuetan, eta,
oro har, justifikatutako arrazoiren bat dagoenean, Batzordeko kideak
ordezkoek ordeztu ahal izango dituzte, ordezkorik balute.
3. Erakundearen
Etika Batzordeko kideak Diputatuen Kontseiluaren erabaki bidez izendatuko
dira, Gobernantza Departamentuko edo erakundearen zuzentasun arloa barne hartzen
duen departamentuko titularrak proposatuta.
4. Kanpoko
kideak bere esparru profesionalean ospe eta eskarmentu egiaztatua duten pertsonen
artean izendatuko dira; eta izendapena egiten den unean ezingo dute inolako
lotura organikorik eduki, ez Foru Administrazioarekin, ezta foru sektore
publikoko gainerako entitateekin ere. Izendapena bost urterako izango da,
luzagarria.
Kanpoko kide horiek
zerbitzuagatik kalte-ordainak jasoko dituzte soilik eta, hala balegokie,
asistentzia-dietak, Foru Aldundiak zehazten dituen baldintzetan jaso ere.
5. Erakundearen
Etika Batzordeko kideak behartuta daude beren jardunean ezagutu ditzaketen
informazio oro isilpean gordetzera; eta, bereziki, aztertutako gertakari edo
egitateei buruz, ikerketen eta eztabaiden edukiari eta hartutako erabakiei buruz
eta izaera pertsonaleko datuei buruz.
Era berean, ez dute
egingo aipatutako guztiari buruzko inolako adierazpen publikorik zein
pribaturik; ezta Batzordea jorratzen diharduen prozedurari buruz ere; ez eta
ebazpenei buruz ere, interesdunei behar bezala jakinarazi arte, foru dekretu
honen 9. artikuluan adierazitakoaren arabera.
6. Batzordearen
osaeran emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, emakumeen
eta gizonen berdintasunerako martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauaren 21.
artikuluan adierazitakoarekin bat.
7. Erakundearen
Etika Batzordea osatzen duten pertsona guztien curriculumak argitaratuko
dira, batzorde hori berariazko kode batekin lotutako gaiak aztertzeko osatzen
dutenen kasuan izan ezik.
6.
artikulua. Lehendakaria, lehendakariordea, batzordekideak
eta idazkaritza.
1. Batzordearen
lehendakariari dagokio:
a) Erakundearen
Etika Batzordea ordezkatzea.
b) Bileretarako
deia egitea.
c) Bileretako
gai zerrenda erabakitzea.
d) Bilerei
hasiera eta amaiera ematea.
e) Eztabaida
zuzendu eta etetea.
f) Bilerako
gai zerrendan ez dauden beste gai batzuk aztertzeko proposamena egitea,
presako arrazoiak daudenean.
g) Berdinketa
dagoenean bere botoaz erabakitzea.
h) Batzordeko
irizpen eta erabakiak sinatzea.
i) Foru
dekretu honek edo indarreko araudiak esleitzen dion beste edozein funtzio.
2. Batzordearen
lehendakariordeari dagokio:
a) Lehendakaria
ordezkatzea horrelakorik ez dagoenean, kanpoan dagoenean edo gaixo dagoenean.
b) Lehendakariak
eskuordetuko dizkion egitekoak betetzea.
3. Batzordekideei
dagokie:
a) Bileretara
joatea.
b) Eztabaidetan
parte hartzea.
c) Botoa
ematea, botoaren zentzua eta hura zuritzeko arrazoiak azaltzea, eta
gehiengoaren iritziaren kontra doanean bere boto partikularra adieraztea.
Batzordea osatuko
duten langileen ordezkariek ez dute boto-eskubiderik izango Gipuzkoako Foru
Enplegu Publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren Kodearen aplikazioari
buruzko gaiak ezagutzen dituztenean.
d) Bere
izaerari atxikitako bestelako egitekoak.
e) Horiez
gain, erakundearen zuzentasun arloko eskumena duen Foru Aldundiko zuzendari
nagusia den batzordekideari dagokio batzordeak aztertuko dituen gaien
tramitazioa bultzatzea eta jarraipen berezia egitea.
4. Batzordeko
idazkariari dagokio:
a) Bileretako
aztergaiak prestatu eta bidaltzea.
b) Lehendakariaren
aginduz Batzordearen bileretarako deialdiak egitea.
c) Bileretako
aktak idatzi eta zilegiztatzea.
d) Akta,
irizpen eta erabakien ziurtagiriak egitea.
e) Kontsulten,
kexen edo salaketen espedienteen eta Erakundearen Etika Batzordeari
zuzendutako gainerako dokumentuen irteera eta sarrerako erregistroa eramatea.
7.
artikulua. Funtzionamendua.
1. Sei
hilean behin bilduko da Batzordea gutxienez, Lehendakaritzak Idazkaritzaren
bidez horretarako deialdia egin ondoren. Deialdia Batzordea osatzen duten
pertsona guztiei egin beharko zaie, 48 ordu lehenago gutxienez, premiazko
kasuetan izan ezik; kasu horietan, ahalik eta aurrerapen handienaz egingo da,
eta aztertu beharreko gaien zerrenda jasoko da.
Edonola ere, Batzordeak
ezagutu beharreko gai edo kontsulta bat dagoenean, bilkura deialdia egingo
da.
2. Bilkurak
baliozkoak izateko, lehendakaria edo lehendakariordea, hau kanpoan edo gaixo
dagoenean, idazkaria eta bi kide bertaratu beharko dira.
3. Batzordearen
bilkurak aurrez aurrekoak edo bitarteko elektronikoen bidezkoak izan daitezke
edo bi modalitateak erabili ahal izango dira.
4. Batzordeak
adituen aholkularitza eskatu ahal izango du konplexutasun edo espezifikotasun
berezia duten gaiak aztertu eta ebazteko. Kasu horretan, aditua kasua aztertzen
duen batzordearen bilerara joan ahal izango da, eta hitza izango du, baina
botorik ez.
5. Foru
dekretu honetan aurreikusi gabeko gaietan, administrazio publikoetako kide anitzeko
organoentzat ezarritako araudiari egokituko zaio Batzordearen funtzionamendua.
8.
artikulua. Kontsulta, kexa edo salaketa prozeduren
printzipioak.
1. Erakundearen
Etika Batzordearen aurrean aurkezten diren kontsulta, kexa edo salaketak
bideratu eta ebazteko prozedurak arinak izango dira, eta ez dute eskakizun
formal berezirik izango.
Salaketak pertsonaren
identifikazio soilaren bidez edo modu anonimoan egin daitezke, hargatik eragotzi
gabe haren izapidetzea konfidentzialtasunez egitea, edo, hala badagokio,
gaiak eskatzen duen anonimotasunez, hala baitio 4/2019 Foru Arauak, martxoaren
11koak, Gobernu Onari buruzkoak, foru gobernantza publikoaren esparruan.
2. Nahiz
eta jasotako informazioaren konfidentzialtasuna eta anonimotasuna bermatuko
diren, salatzaileak konfidentzialtasuna berariaz eskatzen duenean edo
salaketan bereziki babestutako informazioa dagoenean, Batzordeak beharrezko
neurri bereziak hartuko ditu komunikazioen pribatutasunerako eskubidea bermatzeko,
eta debekatuta egongo da informazioa ematea salatzailearen identitateari
buruz edo salatzailea identifikatzeko moduko zirkunstantzia pertsonalei
buruz.
3. Norbaitek
Batzordean salaketa aurkezten badu, eta organo eskudunak haren aurkako
ondorioak egon litezkeela ikusten badu, egokitzat dituen neurriak proposatu
edo hartu ahal izango ditu salatzaileari kalterik egiten ez zaiola bermatzeko.
4. Behar
diren neurriak hartuko dira salaketak modu anonimoan egin ahal izatea bermatzeko,
eta bide telematiko bat ezarriko da hori ahalbidetzeko. Nolanahi ere, Batzordeak
bermatu beharko du emandako informazioak egiazkotasun itxura nahikoa duela
onargarria den ala ez erabakitzeko, eta, hala ez bada, ez da onartuko.
5. Ez
da onartuko salaketa faltsurik, interesaturik edo funsgabekorik, eta Batzordeak
salaketa horiek ofizioz ebazteko ahalmena izango du, hark bermatu behar dituen
kodeetako edozeinen aplikazio eremuan dagoen erakunde edo pertsona bat bada
salatzailea.
9.
artikulua. Gaiak bideratu, ebatzi eta jakinaraztea.
1. Erakundearen
Etika Batzordeak ofizioz edo hirugarrenek eskatuta jardun ahal izango du, idatziz
nahiz ahoz.
Kontsultaren bat
ahoz egiten bada, bere edukia idatziz jaso beharko da, eskatutako konfidentzialtasunari
eustea eragotzi gabe.
2. Kontsulta,
kexa edo salaketa prozedura horiek bitarteko elektronikoen bidez izapidetuko
dira, lehentasunez. Prozedurari hasiera emateko, Foru Aldundiak behar diren
tresnak jarriko ditu eskuragarri, bai egoitza elektronikoan, bai Batzordearen
jardueraren berri emateko prestatutako web atalean.
Era berean, kontsultak,
kexak edo salaketak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Erregistro Orokorraren
bidez aurkeztu ahal izango dira.
3. Dagokion
kontsulta, kexa edo salaketa jaso ondoren, batzordekide guztiei helaraziko
zaie informazio hori, berau aztertzen hasi eta ondoren ebatzi ahal izan
dezaten.
4. Batzordearen
ustez, kontsulta, kexa edo salaketan emandako informazioa ez bada nahikoa
gaia ebatzi ahal izateko, informazio osagarria eskatu ahal izango zaio kontsulta,
kexa edo salaketa planteatu duen pertsonari, eta 10 egun balioduneko epea
izango du hark idatziz helarazteko.
5. Pertsona
fisikoen aurka aurkeztutako kexen eta salaketen kasuan, Batzordeak, gehienez
ere, 5 egun baliodunen epean, entzunaldia emango dio kexaren edo salaketaren
xede den pertsonari, egoeraren berri jaso ahal izan dezan eta, hala, egoki
deritzen azalpenak eta argudioak adierazteko eskubidea duela bermatzeko.
Haren argudioak entzun
ondoren, ebazpen proposamena idatziko du Batzordeak, eta helarazi egingo
dio, amaierako alegazioak egin ahal izan ditzan, halakorik egin nahi badu, eta
gehienez ere 5 egun baliodun emango zaizkio Batzordeari bidal diezazkion.
6. Garatutako
jardueretan ez bada Erakundearen Zuzentasun Sistema osatzen duten kodeetan
xedatutako ez-betetzerik antzematen, Batzordeak kexa edo salaketa artxibatzea
ebatziko du. Ebazpen hori behar bezala arrazoituta egongo da beti.
7. Diputatuen
Kontseiluaren erabakiz onartutako jokabide kodeetan xedatutako baloreak, printzipioak
eta jokabide arauak ez betetzea dakarren jokabiderik hautematen bada, Batzordeak
ebazpen bat hartuko du, modu honetan:
a) Ebazpena
gaitzestekoa izango da, baldin eta ondorioei begiratuta, ez-betetzea ez
bada oso nabarmena.
b) Ebazpena
egindakoagatiko ardurari buruz ohartaraztekoa eta gaitzestekoa izango da,
baldin eta ondorioei begiratuta, ez-betetzea nabarmena bada, eta haren
goragoko nagusiari jakinaraziko zaio, edo, kargu publikoa bada, kargu publiko
hori izendatu zein kargutik kentzeko eskumena duen organoari, gertatutakoaren
berri izan dezan.
c) Ebazpenak
kasuan kasuko kargu publikoa uzteko proposamena jasoko du, baldin eta ondorioei
begiratuta, ez-betetzea oso nabarmena bada, eta eragin instituzional oso
larriak sortzen baditu. Ebazpen hori, kargu publikoaren kasuan, horretarako
eskumena duen organoari igorriko zaio eta, gainerako kasuetan, administrazio
organo eskudunari jakinaraziko zaio, jarraitu beharreko prozedura ebalua dezan.
8. Ondorio
apalak, nabarmenak ala oso nabarmenak eta eragin instituzional larriak sortzen
dituen ez-betetzea den zehazteko, pertsonaren jokabideaz gain, jokabide
horrek erakundearen irudiari egindako kalte objektiboa ere kontuan hartuko da.
Graduazio hori aplikatzeko orduan, proportzionaltasunaren printzipioa
beteko da.
9. Kargu
publikoei dagokienez, gaitzesteko bi ebazpen jasotzen badira agintaldi
berean, ohartarazteko eta gaitzesteko ebazpena emango du Batzordeak.
Hirugarren gaitzespen ebazpen batek kargu publiko hori kargutik kentzeko
proposamena daraman ebazpena ekarriko du.
10. Kargu
publikoei dagokienez, ohartarazteko eta gaitzesteko bi ebazpen jasotzeak
kargu publiko hori kargutik kentzeko proposamena daraman ebazpena ekarriko
du.
11. Erakundearen
Etika Batzordeak hartutako ebazpenak erreferentzia izango dira organo
eskudunak hartu behar duen erabakia hartzerakoan.
12. Administrazio
zigorra edo zigor penala merezi duten jokabideak eskumena duen organoari
jakinaraziko zaizkio lehenbailehen.
13. Kontsulta,
kexa eta salaketak ebazteko epea 15 egun baliodunekoa izango da. Salbuespenez
eta arrazoiak emanez gero, epe hori beste 15 egun baliodunez luzatu ahal izango
da.
14. Hartutako
ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie.
15. Jakinarazpena
egin ondoren, edo jakinarazpena gauzatutzat hartu ahal izateko legez
ezarritako epea igarotakoan, Gipuzkoako Gardentasun Atarian eta Batzordearen
jardueraren berri emateko web atalean argitaratuko da ebazpena, datu pertsonalak
eta ebazpenean aipatutako pertsona eta erakundeak identifikatzeko modua
ematen duten datuak bereizi eta gero.
III. TITULUA
GARDENTASUNA ETA KONTUAK EMATEA
10.
artikulua. Jardueraren urteko txostena.
1. Batzordeak
Jardueraren Txostena egingo du urtero eta bertan jasoko dira, besteak beste:
a) Erakundearen
Zuzentasun Sistemaren hobekuntzarekin eta sakontzearekin lotura duten
jarduerak.
b) Sistemaren
hedatzea eta horren sentsibilizazioa.
c) Jasotako
gaien zerrenda.
d) Sistema
hobetzeko eta, hala badagokio, kodeen edukiak aldatzeko proposamenak.
e) Jokabide-arauak
zehaztea.
Urteko txostena
Diputatuen Kontseiluari igorriko zaio, horren berri izan dezan, Erakundearen
Zuzentasun Sistemaren garapenaren egokitasuna eta eraginkortasuna indartzeko.
2. Foru
dekretu honetako 4 e) artikuluan aurreikusitako Aplikatzeko Gidan Etika Batzordeak
egindako hobekuntza-proposamenak, kodeetan funtsezko aldaketak dakartzatenak,
Diputatuen Kontseiluak onetsi beharko ditu.
Bestalde, kodeetan
jasotako jokabide arauak zehaztea dakarten hobekuntza-proposamenak zuzenean
sartuko dira kodeetan, hala eskatzen denean, edo Batzordearen jarraibide edo
zirkularren bidez heda daitezke.
3. Bi
kasuetan, Gobernantza Departamentuko edo eskumen hori barne hartzen duen
departamentuko erakundearen zuzentasun arloaz arduratutako Zuzendaritzak
informatu egingo ditu gertatzen diren aldaketen zuzeneko eraginpean dauden pertsonak,
ahal denean, eta, nolanahi ere, behar bezalako publizitatea emango zaie, Batzordeari
buruz informatzeko prestatutako web atariaren bidez eta beste komunikazio
kanal batzuen bidez.
11.
artikulua. Gardentasuna.
Erakundearen
Zuzentasun Sistemak berariazko gune nabarmen bat izango du Foru Aldundiaren
webgunean. Bertan, Batzordearen jarduera guztien berri emango da, bereziki:
a) Araudi
erregulatzailea.
b) Osaera,
izenak eta curriculumak.
c) Behar
bezala anonimizatutako ebazpenak.
d) Urteko
Memoria, sistema hobetzeko edo jokabide-arauak zehazteko proposamenak bilduko
dituen Aplikatzeko Gida barne, bai eta Erakundearen Zuzentasun Sistema osatzen
duten kodeak aldatzeko proposamenak ere.
Xedapen indargabetzailea.
Berariaz
indargabetuta geratzen da martxoaren 1eko 3/2016 Foru Dekretua, Gipuzkoako
Lurralde Historikoko Foru Sektore Publikoko Erakundearen Etika Batzordea sortzen
duena.
Amaierako
xedapena. Indarrean jartzea.
Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta
hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Donostia, 2022ko
maiatzaren 3a.
Diputatu Nagusia,
Markel
Olano Arrese.
Gobernantza
Departamentuko
Foru Diputatua,
Eider
Mendoza Larrañaga. (3029)