3
TOKI ADMINISTRAZIOA

DEBAKO UDALA

Debako udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen ordenantza orokorraren behin betiko onespena.   

Debako udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen ordenantza orokorraren aldaketa jendaurrean egon den bitartean ez denez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsitzat jo da, eta argitaratzen da horren testu osoa, Toki Araubidearen Oinarriak arau tzen dituen Legearen 70.2 artikulua aplikatuz.    

Deba, 2022ko apirilaren 6a.—Gilen Garcia Boyra, alkatea.             
                (2265)

Debako udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen ordenantza orokorra.

ZIOEN AZALPENA

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak etxebizitza tasatuaren erregimen juridikoa ezartzeko lege-oinarriak finkatu zituen, eta aurretik erreferentzia orokorreko esparru juridikorik gabe aurkitzen zen etxebizitza mota hau bete-betean sartu zen babes publikoko etxebizitzen alorrean.

Gainera, Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legea onartzeak, errotikako aldaketarik ez badakar ere, beharrezko egiten du udal ordenantza lege horretara egokitzea. Hain zuzen ere, legearen 21. artikuluak ezartzen du udal etxebizitza tasatuen sustapenek gizarte-babeseko etxebizitzen ezaugarri eta araubide juridiko berberak izango dituztela, lege horretan, erregelamendu-garapenean eta udalek horretarako argitaratzen dituzten toki-ordenantzetan ezartzen diren berezitasunekin.             

Lege-araudi berria eta, halaber, udal ordenantza honek Debako udalerriari dakarzkion zehaztasunak kontuan izanik, etxebizitza-politika propioak finkatzeko aukera izango du Debako Udalak, eta era horretan, kalitatezko etxebizitza bat eskuratu ahal izatea erraztuko die bertako herritarrei.

Beraz, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak eta Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak horretarako bide ematen diotenez, Debako Udalak udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen ordenantza orokorraren aldaketa onartu du.

Debako udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen ordenantza orokorra.

I. TITULUA

HELBURUA ETA KONTZEPTUAK

1. artikulua.    Helburua.

Udal Ordenantza honen helburua da Debako Udal Etxebizitza Tasatuaren (UET) babes publikoko erregimena finkatzea.             

Debako Udal Etxebizitza Tasatuaren (UET) babes publikoko erregimena Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean eta Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legean figura horretarako ezarritakoa garatzeko ezartzen da.

2. artikulua.    Kontzeptua.

Deban Udal Etxebizitza Tasatutzat (UET) hartuko dira saltzeko edo alokatzeko prezioa mugatua dutelako eta ordenantza hauetan ezarritako gainerako eskakizunak betetzen dituztelako Udalak hala jotzen dituen etxebizitzak.               

Udal Etxebizitza Tasatuaren (UET) izaera etxebizitza bakoitzari atxikitako garaje eta trastelekuetara ere zabaltzen da.

Hirigintza-plangintzan berariaz erabilera horretarako kalifikatuta dauden lurretan nahiz prezio-mugarik ez duten etxebizitzetarako lurzoruetan sustatu ahal izango dira UETak.

Halaber, Udal Etxebizitza Tasatutzat (UET) hartuko dira lokal bat etxebizitza bihurtzearen ondorioz lortzen direnak, dagokion Ordenantzan ezarritako baldintzetan eta hedadurarekin, horrela kalifikatuta daudenean.              

3. artikulua.    Kategoriak.

Udal Etxebizitza Tasatuak era honetakoak izan daitezke:

1.    Erregimen Orokorreko Udal Etxebizitza Tasatuak (EOUET).

2.    Erregimen Bereziko Udal Etxebizitza Tasatuak (EBUET).       

Erregimen Bereziko Udal Etxebizitza Tasatuek (EBUET) Babes Ofizialeko Etxebizitza Tasatuak ordezkatu ahal izango dituzte, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean ezarritako gutxieneko estandarrak betetzeari begira.

II. TITULUA

UDAL ETXEBIZITZA TASATU GUZTIEN
EZAUGARRI KOMUNAK

4. artikulua.    Azalera.

Udal Etxebizitza Tasatuek ezingo dute 90 m²(t) erabilgarri baino azalera handiagoa eduki, bereziki familia ugarientzat edo familia kideren bat ezgaitasun eta mugikortasun-murrizketa iraunkorrarekin duten familientzat, xedatuak izan ezean, eta horiek ezingo dute 120 m²(t) erabilgarri baino azalera handiagoa eduki, eta sustapen bakoitzean gehienez ere kopuru osoaren 100eko 5 xedatu ahal izango dira horretarako.

Familia ugarientzat eta minusbaliatuentzat xedatu beharreko etxebizitza kopurua udal etxebizitza tasatuen erregimenaren kalifikazio-akordioan zehaztuta egongo da.

5. artikulua.    Eranskinak.

UET guztiek aparkaleku plaza bana eta trasteleku bana izango dute atxikita, eta horiek ezingo dute, hurrenez hurren, 30 m²(t) eta 13,50 m²(t) baino azalera handiagoa eduki; horrez gain, atxikitako izaera hori Jabetza Erregistroan inskribatu beharko da.

Betebehar hau ez da eskatuko lokalak etxebizitza bihurtzen diren kasuetan.

6. artikulua.    Eraikuntzaren baldintza teknikoak.

UETek, beren garaje eta trastelekuekin batera, Erkidegoko Administrazioko Babes Ofizialeko Etxebizitza Tasatuetarako (BOET) ezartzen diren baldintza teknikoak eta diseinukoak bete beharko dituzte, eta horiek ezartzen ez diren bitartean, Erregimen Orokorreko BOEei eska dakizkiekeenak.

Debako Udalak betebehar osagarri batzuk ezarri ahal izango ditu hitzarmen eta/edo ordenantzen bitartez.

7. artikulua.    Xedea eta erabilera.

UETen xedea bertako titularren edo maizterren ohiko bizileku iraunkorra izan beharko da, eta inolaz ere ezin izango zaie beste pertsona batzuei laga, eta ezin dira hutsik utzi edota bigarren etxebizitza gisa edota etxebizitzarenak ez diren beste erabileretarako erabili.

Ondorio horiei begira, ohiko bizileku iraunkortzat hartuko da bertako okupatzaileen etxebizitza-premiak zuzenean eta bere- hala betetzen dituztenak, eta gainera, legezko bizileku ere badirenak, eskubide batzuk erabili eta betebehar batzuk betetzen diren tokia den aldetik.

Nolanahi ere, arauren batek berariaz kontrakoa esan ezean, etxebizitza jakin batek ohiko bizileku izateari utzi diola joko da baldin eta 3 hilabetez jarraian desokupatuta egon bada, etxebizitza hori ohiko bizileku iraunkor dela egiaztatzea ahalbidetzen duen arrazoi justifikaturen bat egon ezean.          

III. TITULUA

ERREGIMEN OROKORREKO UDAL ETXEBIZITZA TASATUAK (EOUET)

8. artikulua.    Baldintza orokorra.

UET guztientzat izaera orokorrez ezarritako baldintzez gain, Erregimen Orokorreko UETek (EOUET) Titulu honetan datozen artikuluetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte.               

9. artikulua.    Prezioa eta errenta.

1.    EOUETen gehieneko salmenta-prezioak, horiei atxikitako garaje eta trastelekuak ere bilduz, ezingo du 2. indizea gainditu behin-behineko udal kalifikazioa erdiesteko unean indarrean dagoen Erregimen Orokorreko BOEen gehieneko prezioari dagokionez edozein Administraziok sustatutakoei dagokienez, Udalak eratu eta, gero, laga duen azalera-eskubidearen arabera enpresa publikoek edo partikularrek sustatutakoak ere barne hartuz. Sustapen pribatuko etxebizitzak direnean, 2,2ko indizera iritsi ahal izango da.

2.    Alokatuz gero, EOUETen gehieneko salmenta-prezioaren % 2,5 izango da gehienez ere urteko errenta.

10. artikulua.    Diru-sarrerak.

Araubide orokorreko udal etxebizitza tasatuen onuradunen gutxieneko eta gehieneko diru-sarrera haztatuak sustapen bakoitzaren oinarri espezifikoetan edo behin-behineko kalifikazioaren ebazpenean ezarriko dira, babes sozialeko etxebizitzak edo araubide orokorreko babes ofizialeko etxe bizitzak eskuratzeko indarrean dauden diru-sarrerekiko indize baten arabera kalkulatuta.

IV. TITULUA

ERREGIMEN BEREZIKO UDAL ETXEBIZITZA TASATUAK
(EBUET)

11. artikulua.    Baldintza orokorra.

Erregimen Bereziko UETek (EBUET), UET guztientzat izaera orokorrez ezarritako baldintzez gain, Titulu honetan datozen artikuluetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte.               

12. artikulua.    Prezioa eta errenta.

1.    EBUETen gehieneko salmenta-prezioa, horiei atxikitako garaje eta trastelekuak ere barne, BOETei aplikagarria zaien arautegi autonomikoan ezarritakoa izango da. Nolanahi ere, ezingo dute 1,7 indizea gainditu, udal kalifikazioa lortzeko unean indarrean dagoen Erregimen Orokorreko BOE etxebizitzen gehieneko prezioari dagokionez.

2.    Alokatuz gero, EBUETen gehieneko salmenta-prezioaren % 2,5 izango da gehienez ere urteko errenta.

13. artikulua.    Diru-sarrerak.

Araubide bereziko udal etxe bizitza tasatuen onuradunen gutxieneko eta gehieneko diru-sarrera haztatuak sustapen bakoitzaren oinarri espezifikoetan edo behin-behineko kalifikazioaren ebazpenean ezarriko dira, babes sozialeko etxebizitzak edo araubide orokorreko babes ofizialeko etxe bizitzak eskuratzeko indarrean dauden diru-sarrerekiko indize baten arabera kalkulatuta.

V. TITULUA

SUSTAPENA ETA LAGAPENA

14. artikulua.    Sustapena.

Etxebizitza tasatuak, edozein eratakoak izanik ere sustatu ahal izango dituzte:

1.    Udalak, berak zuzenean, edo zuzenbide publikoan onartutako beste edozein kudeaketa modu erabiliz.

2.    Beste herri administrazio batzuek edo horien mendeko erakundeek, aurrez lankidetza-hitzarmenen bat izenpetuz gero.

3.    Enpresa publikoek, pribatuek edo kooperatibek, beren jabetzako lurretan.

15. artikulua.    Lagapena.

1.    Sustapen publikoko nahiz hitzartutako etxebizitza tasatuak, Udalak horiek eraikitzeko azalera-eskubidea laga duenean, errentan edo azalera-jabetzan lagako dira.             

2.    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo beste administrazio batzuek, edo horien mendeko erakundeek eta kooperatibek edo enpresa publikoek beren titularitateko lurretan sustatzen dituztenak jabetza osoz laga ahal izango dira, betiere lurzoruaren Hirigintza-kalifikazioak edo Udalarekin egindako hitzarmenak bestelakorik agintzen ez badu.

VI. TITULUA

ONURADUNAK ETA BALDINTZAK

16. artikulua.    Baldintzak betetzea.

1.    Pertsona fisikoak bakarrik izan daitezke etxebizitza tasatuen esleipendun, horien kategoria edozein izanik ere.

2.    Udal etxebizitza tasatuen onuradunei eska dakizkiekeen baldintzak bizikidetza-unitateko kide guztiek bete beharko dituzte, baldintza bakoitzean zehazki ezartzen denaren kontra joan gabe.

3.    Bizikidetza unitatean adin nagusikoak diren edo emantzipatuta dauden kide guztiak, izan beharko dira etxebizitzaren titularrak.

Nolanahi ere, titulartasunaren ehunekoa adin nagusikoak diren edo emantzipatuta dauden kide guztien berariazko adierazpen baten bitartez erabakiko da, eta horrelakorik egiten ez bada, denak zati berdinetan titularrak direla ulertuko da, betiere sustapen bakoitzerako hautapen-oinarrietan ezar daitekeenaren kontra joan gabe.

17. artikulua.    Gutxieneko baldintzak.

1.    Etxebizitza babestu baten onuradunek ondorengo baldintzak bete eta egiaztatu beharko dituzte:

a)    Adin nagusikoa edo adingabeko emantzipatua izatea.

b)    Etxebizitzaren premia izatea.

c)    Debako udalerrian erroldatuta egon behar dute, jarraian azkeneko 2 urteetan edota 10 urteetan era etenean.            

Erroldatze-agiriarekin batera benetako bizilekuarena ere ezinbesteko baldintza izango da. Kontrako frogarik izan ezean, benetako bizilekua erroldatuta dagoen etxebizitza izango dela joko da. Horri begira, benetako bizilekutzat joko da Ordenantza honen 7. artikuluan ohiko bizileku iraunkor gisa ezarrita dagoen kontzeptua.

d)    Gehieneko eta gutxieneko diru-sarrerak.

e)    Onuradunek, horrez gain, baldintza hau bete beharko dute: babes ofizialeko edo tokiko babeseko beste etxebizitza baten esleipendun ez izatea, sustapen publiko nahiz pribatukoa, edo etxebizitza libre baten titular ez izatea aurreko bi urteetan, etxebizitzen onuradunak hautatzeko prozedura hasteko erabakia argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.               

2.    Bigarren eta ondorengo lehentasun mailetan, eta bal- din eta etxebizitzen eskaintza eskaera baino handiagoa bada, Udalak soberan dauden etxebizitzetarako sarbidea erraztuko die aurreko atalean adierazitako baldintzak bai baina c) ataleko baldintzak betetzen ez dituztenei, betiere honelako lehentasun hurrenkeran:

a)    Deban erroldatuak.

b)    Debabarrenan erroldatuak.

c)    Beste edozein pertsona fisikoa.

3.    Artikulu honetan ezarritako baldintzak osatu edo zabaldu egin daitezke Eusko Jaurlaritzaren babes ofizialeko etxebizitzen araudian agertzen direnekin, hautapen-lehiaketa bakoitza arautu behar duten oinarrien bitartez.

18. artikulua.    Etxebizitzaren premia.

1.  UETen onuradun guztiek, horien barruan bizikidetza-unitateko kide guztiak sartzen direla kontuan izanda, beste etxebizitza bat ez edukitzearen baldintza bete beharko dute, dela jabetzan, jabetza soilean edo azalera-jabetzan, dela bizi arteko gozamenaren eskubide errealean, jarraian kasu bakoitzerako adierazten diren daten aurreko bi urteetan, eta hori guztia, etxebizitzaren premia definitzen duen erkidegoko araudian ezarritako hitzetan eta salbuespenekin, edo bestela, duten etxebizitza horrek ezin ditu gutxieneko bizigarritasun-baldintzak bete.      

Etxebizitzaren premiaren inguruko baldintza betetzen den egiaztatzeko kontaketa-datak honako hauek izango dira:

Behin-behineko kalifikazioaren data, babes ofizialeko etxebizitzaren lehen eskualdaketa edo akurapen bidezko lagapena denean.

Babes ofizialeko etxebizitzen bigarren eta hurrengo eskualdaketetan salerosketa-kontratuaren data, edo alokairu-kontratuaren data, hurrengo akurapenetan.

2.  Eusko Jaurlaritzaren araudiak aintzat hartutako etxebizitza-premien hedadura finkatu edo kasu horiek zabaldu ahal izango ditu Debako Udalak beste ordenantza baten bidez.

3.    Era berean, etxebizitza hauek esleitzeko lehiaketen oinarrietan ere zabaldu ahal izango dira kasu horiek.

4.    Etxebizitza-premian egoten jarraitu beharko da hautapen-prozesu osoaren fase guztiak amaitzen diren arte, eta une hori, hain zuzen ere, salerosketa hori eskritura publiko baten bidez gauzatzen denekoa izango da.

VII. TITULUA

KALIFIKAZIOA

19. artikulua.    Kalifikazioa.

1.    Etxebizitza tasatuaren kalifikazioa iraunkorra da.      

2.    Kalifikazio iraunkorra izateak esan nahi du eskualdaketa guztietan gehieneko salmenta-prezio baten mende daudela, eta Udalak edo Eusko Jaurlaritzak lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak erabil ditzaketela.

20. artikulua.    Kalifikatzeko prozedura.

1.    Erregimen Orokorreko nahiz Erregimen Bereziko Udal Etxebizitza Tasatuaren kalifikazioa Tokiko Gobernu Batzarraren ebazpen baten bitartez ezarriko da sustatzaileak hala eskaturik. 

2.    Hirigintza-plangintzan erabilera honetarako berariaz kalifikatutako lurzoruetan sustatzen diren etxebizitzen behin- behineko kalifikazioa eraikuntza-baimenarekin batera aurkeztu beharko da, eta ez da emango, eskatu ezean edo kalifikazioa bidezkotzat jo ezean.

Lokalak etxebizitza bihurtzearen ondorioz lortutako etxebizitzei behin-behineko kalifikazioa emateko, horrekin batera dagokion obra-baimena aurkeztu beharko da, eta ez da emango, eskatu ezean edo kalifikazioa bidezkoa izan ezean. 

3.    Behin-behineko kalifikazioaren agirian etxebizitza bakoitzaren gehieneko prezioa atxikitako garaje eta trastelekuenarekin batera finkatuko da, eta halaber, familia ugarientzat eta/edo minusbaliatuentzat xedatu behar diren etxebizitzen kopurua.

4.    Lehen erabilerarako Hirigintza-baimena erdiesteko, beharrezko baldintza izango da, Erregimen Orokorreko edo Erregimen Bereziko UETaren behin betiko kalifikazioa aldez aurretik edo aldi berean erdiestea, sustatzaileak eskatuta, eta egiaztatu egin beharko da etxebizitza hori behin-behineko kalifikazioaren zehaztapenekin bat etorriz egin dela.

5.    Hirigintza-planeamenduak erabilera honetarako berariaz kalifikatu ez dituen lurzoruetan sustatzen diren etxebizitzak UET gisa kalifikatu ahal izango dira edozein unetan, eta kalifikazioa erdietsi ondoren, horien erregimen juridikoa aplikatu ahal izango zaie. Kasu honetan, ez da kalifikaziorako eragozpen izango Erkidegoko Administrazioaren Babes Ofizialeko Etxebizitza Tasatuetarako (BOET) ezarritako baldintza teknikoak eta diseinuzkoak edota, horrelakorik ezean, Erregimen Orokorreko BOEei eska dakizkiekeenak ez betetzea.

6.    Ordenantza hau onetsi baino lehen sustatutako etxebizitza tasatuak, horrelakorik baldin badago, erregimen orokorreko udal etxebizitza tasatutzat hartuko dira eta izenpetutako hitzarmenak errespetatuko dira.

21. artikulua.    Kalifikazioaren ondorioak.

1.    Era horretan kalifikaturiko UETek, beren garaje eta trasteleku atxikiekin, etxebizitza babestuen kalifikazio iraunkorra izango dute. Horren ondorioz, Ordenantza honetan ezarritako gehieneko eskualdaketa-prezioaren mende egongo dira horiek, baina baita lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidearen mende ere, lehenik eta behin Udalaren edo Administrazio jardueraren alde, eta, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren alde, subsidiarioki.             

2.    UET etxebizitzen bizien arteko bigarren edo hurrengo edozein eskualdaketarako gehieneko prezioa ondoko irizpideen arabera ezarritakoa izango da:

a)    EOUET: Ezingo du 2 indizea gainditu, eskualdaketa egiteko unean indarrean dagoen Erregimen Orokorreko BOEen gehieneko prezioari dagokionez. Sustapen pribatukoak direnean, 2,2ko indizera iritsi ahal izango da.

b)    EBUET Ezingo du erkidegoko araudiak BOET etxebizitzetarako ezarritakoa gainditu. Nolanahi ere, ezingo du 1,7 indizea gainditu, eskualdaketa egiteko unean indarrean dagoen Erregimen Orokorreko BOE etxebizitzen gehieneko prezioari dagokionez.

c)    Azalera-jabetzako erregimenean lagatako etxebizitzak direnean, bigarren eskualdaketan edo hurrengoetan gehieneko prezioa hasierako erosketa egiteko ordaindutakoa izango da, KPIren aldaera-aplikazioaren arabera eguneratua eta ondoko kopuruen bidez murriztua:

— Ehuneko 0,5 urtean, lehenengo 30 urteetan.

— 100eko 1 urtean, hurrengo 20 urteetan.

— 100eko 2’6 urtean, azkeneko urteetan.

d)    Nolanahi ere, bigarren eskualdaketa hasierako erosketatik urtebete igaro baino lehen egiten bada, salmentaren prezioa lehen eskualdaketarena izango da.

3.    Ondasun higiezinean egin diren hobekuntzek eta mantentze-lanek (halakorik egin bada), handitu egingo dute besterentze-prezioa, baldin eta udal administrazioak ondorio horietarako aurrez onartu baditu, haien balioespena eta balio-galera zehaztuta.

VIII. TITULUA

LEHENTASUNEZ EROSTEKO ETA ATZERA ESKURATZEKO ESKUBIDEAK

22. artikulua.    Lehentasunez erostea eta atzera eskuratzea.

1.    UETen titularrek, edozein dela ere horien erregimena, Udalari eta administrazio jarduleari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko titular subsidiarioa den aldetik, jakinarazi beharko diete besterentzeko erabakia. Lehentasunez erosteko eskubidea erabili ahal izateko, honako hauek ere adierazi beharko dituzte: aurreikusitako prezioa eta ordainketa modua, aurreikusitako eskualdaketaren gainerako funtsezko baldintzak, eta jakinarazpenak jasotzeko helbidea. Eskubide hori bi hilabeteko epean erabili ahal izango da, Udalaren edo administrazio Jardulearen erregistroan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroan jakinarazpenari sarrera eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.    Aurreko paragrafoan adierazitako epean ez bada lehentasunez erosteko eskubidea erabiltzeari buruzko berariazko ebazpenik jakinarazi, libreki gauzatu ahal izango da aurreikusitako besterentzea.

3.    Artikulu honetan eskatutako jakinarazpena ez bada egin, legez nahitaezkoa den artikulu horretako edukiren bat ez bada adierazi, edo eskualdaketarengatik ordaindutako diru-kopurua txikiagoa bada edo baldintzak kostu-bide gutxiagokoak badira dagokion administrazioari jakinarazitakoak baino, administrazio horrek atzera eskuratzeko eskubidea erabili ahal izango du bi hilabeteko epean, besterentzearen ezagutza osoa izan eta hurrengo egunetik hasita.

Titularra hiltzeagatik etxebizitzaren jabetza eskualdatzen denean, ez da beharrezkoa izango esleipen-prozedurarik egitea, eta etxebizitzaren jabetza haren oinordeko legitimoei egokituko zaie. Dena den, kasu honetan ere, Udalari formalki adierazi beharko zaio, etxebizitzaren titular berriak nor diren jakinaraziz. Etxebizitza horrek UETen kalifikazioa izaten jarraituko du iraunkorki, eta beren titularren ohiko bizileku iraunkor izan behar du, baina inolaz ere ezin izango zaie beste pertsona batzuei laga, ezin dira hutsik utzi edota bigarren etxebizitza gisa edota etxe- bizitzarenak ez diren beste erabileretarako xedatu) Bestela, Udalak etxebizitza hori inorenganatu ahal izango du, indarreko legerian aitortuta dagoen gizarte-interesean oinarrituta.       

Bai kasu batean eta bai bestean ere, Udalak agiri bat egingo du eskualdaketa onartuz eta bertan Udal Etxebizitza Tasatuaren kalifikazioa bere horretan mantenduko da, atzera egiteko modurik gabe. Agiri hori gabe, ezingo da eskritura publikorik egin eskualdatzailearen eta esleipendunaren edo familiarraren artean, ezta Jabetza Erregistroan inskribatu ere.      

IX. TITULUA

UET-AK ESLEITZEA

23. artikulua.    Prozedura.

1.    Udalak azalera-eskubidea laga ondoren egiten diren udal sustapenetan edo sustapen pribatuetan UETak esleitzeko prozedura zozketa bidezkoa izango da. Zozketa horretan parte hartu ahal izango dute ordenantza honetan eta deialdi bakoitzerako onartutako oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek, betiere publizitate eta gardentasunaren, lehia askearen eta diskriminazio ezaren printzipioak bermatuz. Nolanahi ere, zozketaren deialdia jendaurrean jarri beharko da. Hori dela eta, zozketa eta haren oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira, eta zozketa bera udal idazkariaren aurrean egingo da, edo bestela, eskuordetzearen ondorioz fede-emaile publikoaren lanak egiten dituenaren edo notarioaren aurrean. Prozedura hori bera erabili ahal izango da, Udalarekin egindako hitzarmenaren arabera hala erabakitzen den sustapenetan.

2.    Gainerako sustapen pribatuetan ere, UETak esleitzeko prozedura zozketa bidezkoa izango da. Zozketa horretan parte hartu ahal izango dute Ordenantza honetan eta dagozkion oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek. Oinarri horiek behar besteko aurrerapenarekin argitaratuko dira, eta prozesu guztian zehar, publizitate eta gardentasunaren, lehia askearen eta diskriminazio ezaren printzipioak errespetatuko dira. Zozketa hori egiteko, edonola ere, lehenik deialdi publikoa egin beharko da, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean horren oinarriak argitaratu eta fede-emaile publiko baten aurrean gauzatu da.

3.    Sustatzaile publikoa Udala ez den beste norbait denean, hark edo haiek ezarriko dute esleipenerako prozedura, betiere publizitate eta gardentasunaren, lehia askearen eta diskriminazio-ezaren printzipioak betez.

Lokalak etxebizitza bihurtzearen ondorioz kalifikatutako UETak beren titular legitimoenak izango dira.

Nolanahi ere, Udalak, dagokion hitzarmena izenpetuz, esleipen-prozedura Eusko Jaurlaritzaren esku utz dezake, bi erakundeek horri begira erabakitzen dutenarekin bat etorriz.           

4.    UET etxebizitzak esleitzeko egiten diren zozketen Oinarrietan kupoak ezarri ahal izango dira. Horri esker, etxebizitza eskuratzeko premia edo zailtasun bereziak dituen gizarte talde batean aurkitzen direnei etxebizitza kopuru jakin bat esleitu ahal izango zaie.

5.    Salbuespen gisa, sustapen bakoitzeko zozketatik etxebizitza kopuru bat salbuestea erabaki daiteke, Udalak gizarte-premiei erantzun ahal izan diezaien alokairu babestuen bidez edota prekarioan lagata, hori guztia bizileku berri bat jasotzeko eskubidearen kalterik gabe; azken kasu horretarako xedatutako etxebizitzak ez dira zozketatuko.

6.    UET baten onuradunak, baldin eta bere bizikidetza-unitatea familia ugari baten legezko tamainakoa bilakatzen bada, sustapen berri bakoitzean kolektibo honentzat gordeta daudenetatik erregimen bera duen beste batekin trukatu ahal izango du bere etxebizitza, jabetzan, azalera-jabetzan nahiz alokairu-erregimenean) Jabetza-erregimenean edo azalera-jabetzarenean badago, eskuratzaileak UET berriaren prezioaren eta aurrekoaren prezioaren arteko prezio-aldea ordaindu beharko du, Ordenantza honen 11. artikuluan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz eguneratuta. Kolektibo honentzat gordetako etxebizitza kopurua baino gehiago direnean beren etxebizitzak trukatu nahi dituzten familia ugariak, horiek zozketa bidez esleituko dira.

X. TITULUA

IKUSKAPENA ETA KONTROLA

24. artikulua.    Kontratuak onestea.

UET etxebizitzak lagatzeko kontratu guztiek, bai jabetza soilean egiten direnek eta bai azalera-jabetzan egiten direnek ere, Udal administrazioaren onespena jaso behar dute, eta onespen hori gabe ezingo dira Jabetza Erregistroan inskribatu.

1.    Udal etxebizitza tasatuen eta beren eranskinen jabetza bizien artean eskualdatzeko edozein eskritura publiko eman baino lehen, bai lehen, bai bigarren eta bai hurrengo eskualdaketetan, edo azalera-eskubide bat edo etxebizitzen edo beren eranskinen gainean beste edozein eskubide erreal eratzen edo eskualdatzen denean, hipoteka-eskubidea izan ezik, dagokion agiri pribatua aurkeztu beharko da Udalak onets dezan, eta hori aurkezteko obligazioa etxebizitzen eskualdatzailearena edo azalera-eskubidea edo beste edozein eskubide erreal (hipotekaren eskubide erreala salbu) eratzen duen jabearena izango da.         

Gauza komunen gaineko ondasun-erkidegoa ezabatu edo desegiten den kasuan eta sozietateari irabazpidezko ondasunak ematen zaizkionean edo ondasunen foru-komunikazioaren erregimenean ere bete beharko da obligazio hori.

2.    Halaber, udal etxebizitza tasatuen eta eranskin atxikien akurapen-kontratuak aurkeztuko dira, onets daitezen. Obligazio hau etxebizitzako akuratzailearen ardura izango da, eta Herri Administrazioei ere eskatu ahal izango zaie akuratzaile gisa bertan parte hartzen dutenean.

3.    Aurreko 1 eta 2 apartatuetan adierazitako eta onetsi beharreko agiri horiekin batera, etxebizitzaren eskuratzaileak edo akuratzaileak honelako etxebizitzak eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen dituela dioten egiaztagiriak aurkeztuko ditu, eta halaber, idatzizko baimen bat Udalak beharrezko informazioa eskatu ahal izan diezaien erakunde eskudunei, babestutako etxebizitza hori eskuratzeko baldintzak betetzen diren ikuskatzeko.

Obligazio honetatik salbu geratzen da bi udal etxebizitza tasaturen arteko trukea.

4.    Honelako etxebizitzak eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen ez bada, ukatu egingo da onespena, Gobernu Batzordearen ebazpen baten bitartez.

5.    Udal etxebizitza tasatuen eta beren eranskinen jabetza bizien artean eskualdatzeko edo horien gainean eskubide errealak eratu edo eskualdatzeko edozein agiri eskritura publiko baten bidez formalizatzeko, Notarioek egiaztatu egin beharko dute, inolako aitzakiarik jartzeko modurik gabe, eragiketa horiek dagokion onespena jaso dutela. Onespen hori gabe, eskualda- ketak ezingo dira eskritura publikoan formalizatu, ezta Jabetza Erregistroan inskribatu ere.

Era berean, aldez aurreko onespena eskuratzea beharrezkoa ez izan arren, notarioek udal etxebizitza tasatuen titulartasunean gertatzen diren aldaketak jakinarazi beharko dizkiote Udalari, honako kasu hauetan:

a)    Heriotzaren ondorioz jabetza, azalera-eskubidea edo beste edozein eskubide erreal eskualdatzen denean.

b)    Banantze edo dibortzioari buruzko epai irmo baten bitartez ezkontideetako bati esleitzen zaionean.

6.    Onespenaren alde edo aurka egiten duen ebazpena emateko eta jakinarazteko epea 4 hilabetekoa izango da, organo eskudunaren erregistroan onespenaren eskaerari sarrera ematen zaion egunetik kontatzen hasita –izapideak egiteko–. Epe horretan berariazko ebazpenik ez egoteak hura onetsi egin dela esan nahiko du.

7.    Udal etxebizitza tasatuen salerosketa-kontratu guztiek Ordenantza honetan jasotako nahitaezko barneratze-klausulak jaso beharko dituzte. Hori ez betetzeak dagozkien kontratuen onespena ukatzea eragingo du. Halaber, adierazitako xehetasun eta konpromiso horiek aipatzen ez dituen agiri publikorik ez dute baimenduko notarioek.           

8.    Udal etxebizitza tasatu baten titularra etxebizitza libre baten titular den beste pertsona batekin ezkontzen bada edo harekin egitatezko bikotea osatzen badu, ukatu egingo zaio udal etxebizitza tasatua ematen zaion agiriaren onespena.

25. artikulua.    Erregistroan inskribatzea.

1.    Udalak dagokion Jabetza Erregistroari jakinarazi beharko dio etxebizitzek UET gisa duten behin betiko kalifikazioa, bertan etxebizitzen eta atxikitako garaje nahiz trastelekuen erregimena eta gehieneko prezioa ageri delarik, eragindako ondasunetan jasota gera dadin eta erregistroan era egokian publikotasuna eman dakion bai lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideari, Udalaren edo administrazio jardulearen alde, eta, edonola ere, subsidiarioki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren alde, eta bai Ordenantza honetan ezarritako eskualdatzeko gehieneko prezioaren mende era iraunkorrean atxikita egoteko duten mugari.

2.    Salerosketa-kontratuan etxebizitzaren etorkizuneko titularrek beren gain hartu beharreko honako konpromisoak agerraraziko dira, gutxienez, eta ondoren egingo salerosketa-eskrituran ere islatu beharko dira:

a)    Berariazko debekua esleitutako etxebizitza besterentzeko, alokatzeko, prekarioan lagatzeko edo bizilekua bertan finkatzea ez den beste erabilera baterako xedatzeko.

b)    Agerraraztea lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideen mende dagoela.

26. artikulua.    Bertan bizitzeko obligazioa.

Kontratuetan, salerosketakoak izan nahiz akurapenezkoak izan, baldintza bat jasoko da, eta horren arabera, onuradunak konpromisoa hartuko du, gehienez ere, sinatzen denetik bi hilabetera etxebizitza okupatuko duela eta bertan erroldatuko dela. Baldintza hau ez betetzeak kontratua deuseztatzea eta etxebizitzaren jabe edo onuradunaren izaera galtzea eragingo du. 

27. artikulua.    Etxebizitza tasatu hutsak.

UETen onuradun guztiek beren ohiko bizileku iraunkorra esleitutako etxebizitza horretan finkatzeko eta mantentzeko duten obligazioa betetzen ez badute, Udalak nahitaezko desjabetze-eskubidea erabiliko du, indarreko legerian aitortuta dagoen moduan.

Xedapen gehigarria.

Desjabetze-prozesuetan edo berdintasunezko banaketarako prozesuetan balioespena egiteari begira, urbanizatutako lurzoruaren kostuak izango duen gehieneko eragina ezingo da UETren gehieneko salmenta-prezioaren 100eko 30etik gorakoa izan. Beste daturik ezean, urbanizatu gabeko zoruak eta etxebizitza horien urbanizazio-kostuek zenbateko bera dutela joko da.

Amaierako lehen xedapena.

Ordenantza honetan aurreikusi ez den guztian, eta gerora izan ditzakeen garapenen kontra joan gabe, autonomia erkidegoan Babes Publiko Etxebizitzei buruz indarrean dagoen araudia aplikatuko da.

Amaierako bigarren xedapena.

Ordenantza hau behin betiko onartu eta bere testua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.