3
TOKI ADMINISTRAZIOA

ZUMAIAKO UDALA

Iragarkia

Zumaiako Udala, 2022ko martxoaren 17an, 334/2022 alkate erabakiaren bitartez, ondorengo deialdia onartu du:

Kultur eta aisialdi alorrean lan egiten duten elkarteei dirulaguntzak emateko 2022 urteko deialdia: herriko jaiak.

1.    Xedea.

Deialdi honen xedea ondoren adierazten diren dirulaguntzak arautzea da:

— Herriko jaietarako Zumaiako irabazi asmorik gabeko kultur elkarteen urteko jardueraren garapenak edo/eta egitasmo eta ekitaldi zehatzak garatu edo burutzeak sortzen duen defizita arintzeko, norgehiagoka erregimenean emango diren dirulaguntzak.

Oinarri hauek arautzen dituzten laguntzak emango dira bai elkarteentzat beraientzat, bai elkarte-jardueraren xede diren kolektiboentzat prestatutako berariazko programak edo zerbitzuak aurrera eramateko.

Dirulaguntzaren kontzeptu guztiak 2022. urtean zehar burutu beharko dira.

2.    Oinarri arautzaileak.

Honako hauek arautuko dituzte dirulaguntza hauek:

— Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa.          

— Dirulaguntzen Araudi Orokorra, 887/2006 Errege Dekretuak onartua, uztailaren 21ekoa.

— Zumaiako Udalak eta bere erakunde autonomoek dirulaguntzak emateko ordenantza orokor arautzailea (2020ko abuztuaren 11ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 151. zk.).             

— Zumaiako Udalaren eta Kirol Patronatuaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa (2021eko martxoaren 30eko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 59 zk.).

— Herriko Jaien antolakuntzan, Kultur eta aisialdi alorrean lan egiten duten elkarteei dirulaguntzak emateko oinarri bereziak.

— Otsailaren 18ko 4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.

3.    Aurrekontuko diru-hornidura.

Deialdi honetan zehazten diren dirulaguntzak aurrekontuko honako partidetatik emango dira:

— 1 0300.481.338.00.01 2022. Gabonetako dirulaguntzak: 2.000 €.

— 1 0300.481.338.00.02 2022. Inauterietako dirulaguntzak: 3.000 €.

— 1 0300.481.338.00.03 2022. Santelmotako dirulaguntzak: 10.000 €.

— 1 0300.481.338.00.04 2022. Sanpedrotako dirulaguntzak: 6.000 €.

— 1 0300.481.338.00.05 2022 Udako dirulaguntzak: 5.000 €.       

4.    Diruz lagun daitezkeen gastuak.

Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak honakoak dira: diruz lagundutako jarduerarekin bat etorri eta oinarri hauetan finkatutako epeen barruan egiten direnak, hala nola: jarduera kulturalak sustatu eta hedatzeko programak edo ekintzak, kultur erakundeek prestatutako jarduera edo jaialdiak, folklorea, herri kirolak, arte plastikoak, baita literatura, zientzia edo ikus entzunezko eta abarrekin zerikusia dutenak ere (betiere, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak, 31. art., Dirulaguntzen Lege Orokorrak, xedatzen duenarekin bat etorriz gero, hau da, onura publikoa edo interes soziala edo helburu publikoa duen jarduera sustatzea edo bultzatzearekin zerikusia badute).

5.    Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

Eskabideak Zumaiako Udal Erregistroan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako beste edozein modutan aurkeztuko beharko dira.

Erregistro elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izango dira, udalaren egoitza elektronikoan sartuta, haren webgunearen bidez (www.zumaia.eus).

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.    Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak deialdi honen I. eranskinean agertzen den eredu normalizatuaren bidez egingo dira.

Zumaiako Udalak, Nisaeren Nodoaren bidez, beharrezkoak diren egiaztapenak eta kontsultak egingo ditu interesdunek administrazioaren esku jarri dituzten datuei buruz. Horretaz gain, euren jarduerak Kulturaren eskumenen arloan egiten dituzten irabazi asmorik gabeko erakunde eta elkarteentzako dirulaguntzaren tramitazio administratiboa egiteko beharrezkoak diren egiaztapen guztiak ere egingo ditu. Horregatik, elkarreragingarriak izan daitezkeen datuak eskatzeari utziko zaio, baldin eta interesduna datu horiek erabiltzearen aurka agertzen ez bada berariaz; kasu horretan, dagozkion datuak edo dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

Administrazio publikoen arteko datu bitartekaritzarako oinarria urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan zehazten da, non aitortzen baita herritarrek eskubidea dutela ez aurkezteko edozein administraziok egindako dokumentuak, jatorrizko dokumentuak, ezarri beharrekoa den araudiak eskatzen ez dituen datuak edo dokumentuak, edo interesdunok aurretik edozein administraziori emandakoak.   

Era berean, 40/2015 Legearen 155. artikuluak adierazten duena gogora ekarriz, administrazioek elkarri lagundu behar diote datu-trukean, eta herritarrei buruzko datuak haien esku daudenak, eman behar dituzte.

Horren ildotik, Zumaiako Udalak honako baldintza hauek egiaztatuko ditu deialdi honetako dirulaguntza eskuratu ahaI izateko, NISAeren, datuen eta beste administrazio batzuen bitartekaritzarako plataformaren zerbitzuen bidez:

— Elkartearen arduran duen pertsonaren NANa edo agiri baliokidea.

— Zerga betebeharrak beteak dituela.              

— Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharrak egunean dituela.

Zumaiako Udalak ofizioz egiaztatuko du udalarekiko betebeharrak betetzen direla.

Hona hemen Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistro Nagusiaren bidez egiaztatuko dituenak:

— Eusko Jaurlaritzako Elkarte eta Entitateen Erregistroan inskribatuta dagoelako egiaztagiria.

— Eskaera egiten duen erakundearen estatutuak.

Era berean, Udalak ofizioz egiaztatuko du, Zumaiako Udaleko elkarteen erregistroan izena emanda duten elkarteekiko, ondorengoa:

— Identifikazio fiskaleko kodea.

Ezin bada datuen artekaritza plataformen bidez edo hartarako gaitutako bestelako sistema elektronikoen bidez kontsulta egin, salbuespen moduan eskatu ahal izango zaio eskatzaileari dokumentazio hori aurkezteko. 

Eskabidearekin (deialdiko I. eranskina) batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a)    Jardueraren memoria.

b)    Diruz laguntzeko aurkezten den programari dagokion gastuen eta diru-sarreren aurrekontua (II. eranskina).

c)    Elkarte edo entitatearen urteko gastuen eta diru-sarreren aurrekontua.

d)    Beste instituzio eta erakundeetan egin diren dirulaguntza eskaerei buruzko adierazpena edo, halakorik bada, jaso diren dirulaguntzena (III. eranskina).

e)    Zinpeko aitorpena, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela edo horretarako gaitasunik ez duela esanez, legezko debekuan sartuta ez dagoela azalduko duena. Debeku horietan barne izango da sexuagatiko diskriminazioaren ondorioz jasotako debekua, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, amaierako seigarren xedapenak arautzen duen ildotik (I. eranskina).

f)    Proiektuan genero ikuspegia noraino kontuan hartzen den zehaztu beharko da (IV. eranskina).

g)    Euskararen tratamendua jardueraren hedapenean eta elkartearen erabileran (V. eranskina).

h)    Hirugarrenari alta emateko datuak (VI. eranskina).

Edonola ere, aurkeztutako jarduerari buruzko dokumentazioaz gain, Udalak bestelako informazioa eskatu ahal izango die eskatzaileei, jarduera behar bezala baloratzeko.            

Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo ez baditu ezarritako baldintzak betetzen, instrukzio organoak errekerimendua egingo dio eskatzaileari, gehienez ere hamar egun baliodun luzaezineko epean gabezia konpontzeko, eta azalduko du, horrela egiten ez badu, ulertuko dela atzera egiten duela bere eskabidean, eta besterik gabe artxibatuko da, lehendik Ebazpena emanda, APELen 21. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Organo izapidegileak edozein unetan beharrezkoa ikusten duen jatorrizko dokumentazioa edo dokumentazio osagarria jaso ahal izango du hobeto egiaztatzeko betetzen direla dirulaguntza hauek arautzen dituzten arauetan eskatutako baldintzak.

7.    Dirulaguntzak adjudikatzeko balorazio irizpideak.  

Dirulaguntzak emateko ondorengo alderdiak hartuko dira kontuan:

1.    Urtean zehar Zumaiako Udaleko Kultura Sailarekin eta beste elkarte batzuekin egindako elkarlana, koordinazioak, jarraipenak, proposamenak, informazio-trukatzeak: 8 puntu.              

2.    Urtean zehar elkartean bazkide gisa, ekitaldietan parte hartzen edo bere jardueraren eragina izango duten pertsonen kopurua: 8 puntu.

3.    Elkarteak urtean zehar herrian betetzen duen egitaraua edo egiten dituen jarduera zehatzak: 50 puntu.

Elkarteen egitaraua eta jai egunetarako proposatzen dituzten jarduerak baloratuko dira.

4.    Aurrekontua; kopuruak, sarrerak, izaera orekatua: 20 puntu.

— Ekitaldiak eta gastuen arteko proportzioa: 10 puntu.

— Autofinantziazio maila: 10 puntu.

5.    Udalaren zeharlerroak diren aldetik, elkarteak Genero-berdintasuna eta Euskara bultzatzeko dituen irizpideak eta aurreikusitako neurriak: 7 puntu.

6.    Elkarte edo entitateak Zumaiarentzat aurreikusten dituen helburu orokorrak eta zehatzak: 7 puntu.

8.    Instrukzioa.

Instrukzioa eta proposamena indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera egingo da.

Organo eskudunak:

— Instrukzioa: Kulturako arduraduna.

— Ebazpena: Alkatetzari edo Tokiko Gobernu Batzordeari egokituko zaio, Udalaren administrazio antolamenduan une bakoitzean indarrean diren eskumenei eta aldi baterako eskuordetzei jarraiki.

Dirulaguntza emateko prozedura izapidetzea Kultura Sailaren eginkizuna da, eta hari dagokio behar diren ekintza guztiak egitea, ofizioz, ebazpen proposamena gauza dadin beharrezkoak diren datuak zehaztu, eskuratu eta egiaztatzeko.      

Kultura Sailak dirulaguntza eskaerei buruz egingo duen aurre ebaluazioarekin hasiko da instrukzio fasea. Aurre ebaluazioak egiaztatuko du, eskatzaileak dirulaguntzaren onuradun izaera eskuratzeko ezarrita dauden baldintza guztiak betetzen dituela eta aurkeztutako dokumentazioa osatua eta egokia dela.     

Kulturako arduradunak dirulaguntza deialdira aurkeztutako eskaeren balorazio txostena egingo du aipatu balorazio irizpideen arabera.

Eskaerak ebaluatu ondoren, eta Kulturako Batzordean informatu ondoren, ebazpen proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta organo eskudunari helaraziko dio ebazpena eman dezan.

Ebaluazioaren emaitza dirulaguntza ez ematekoa baldin bada, dagokion ebazpena eman aurretik, 10 eguneko epea eskainiko zaie interesdunei entzuteko tramitean nahi dituzten alegazioak aurkez ditzaten. 

9.    Ebazpena.

Alkatetzari edo Tokiko Gobernu Batzordeari egokituko zaio ebaztea, Udalaren administrazio antolamenduan une bakoitzean indarrean diren eskumenei eta aldi baterako eskuordetzei jarraiki.         

Prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea 3 hilabetekoa izango da. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik aurrera zenbatuko da epea. Gehieneko epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsitzat jo ahal izango dute.     

Prozeduraren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera.

10.    Dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordainketa.

Dirulaguntzak ezingo du inola ere eskatzaileak egingo duen jardueraren gastua baino handiagoa izan (ez bere horretan, ez eta beste Administrazio Publiko edo bestelako erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak gehituta).               

Ordainketa 2 zatitan egingo da erakunde onuradunaren titulartasuneko kontu batera banku-transferentzia bidez:

— 1. ordainketa: onartutako dirulaguntzaren % 70 ebazpena jakinarazten denean.

— 2. ordainketa: gainerako % 30 dirulaguntza justifikatzeko eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondoren.

Deialdiko xede diren ekintzak egiteko behar diren diru-zenbatekoen ordainketa aurreratuak egitea baimen dezake alkate-udalburuak. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak, 38/2003 legeak 34. artikuluak egiten duen araupenaren arabera egingo dira aurrerapen horiek. Horrez gain, udaleko dirulaguntzen ordenantza arautzaileak dioena izango da kontuan.

11.    Zuriketa.

Behin diruz lagundutako jarduera amaituta, ekintzen memoria eta frogagiriak aurkeztuko dira, betiere jarduera burutzen den urtearen hurrengo urtarrilaren 15a baino lehen.     

Ondorengo agiriak aurkeztu beharko dira dirulaguntza justifikatzeko:

a)    Diruz lagundutako programa edo jardueraren memoria xehakatua, euskaraz. Bertan adierazi beharko dira egindako jarduerak eta lortutako emaitzak.

b)    Justifikazio-memoria ekonomikoa, jatorrizko egiaztagiriez osatua.

— Aurkeztutako fakturen zerrenda zenbakitua + faktura guztiak + ordainagiriak. Betiere faktura hauek dagozkien zergak aplikatuta izan beharko dituzte.

— Fakturak eta zerga edo atxikipenak ordaindu izana egiaztatzen duten agiriak.

— Diru-sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa. Diruz lagundu den jarduera finantzatzeko baliatu diren bestelako diru-sarrera edo dirulaguntzen zerrenda xehakatua, haien zenbatekoak eta jatorria adieraziz.

— Jarduera bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako dirulaguntzak edo laguntza ekonomikoak egiaztatzen dituzten agiriak ere aurkeztuko dira edo, horrelakorik ezean, ez dela beste dirulaguntzarik jaso egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

— Jasotako dirulaguntza osoa diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko erabili dela egiaztatzen duen egiaztagiria, dirulaguntza jaso duenak egina.

— Zerga-betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak egunean betetzen direla egiaztatzen duen agiria, baldin eta goian zehaztu den moduan Udalak kontsultatzeko aukeraren aurka azaltzen bada.

— Halakorik bada, aplikatu gabeko diru-gerakinen itzulerari dagokion ordainketa-agiria eta haiengandik eratorritako interesena.

c)    Dokumentazio grafikoa (kartelak-egitarauak) edo ikus-entzunezkoa (halakorik bada).

Horrez gain, Udalak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak, 38/2003 legeak bere 30., eta 31. artikuluetan egiten duen araupenaren arabera, beharrezkoak diren dokumentuak eskatzeko aukera izango du.

12.    Publizitatea.

Oinarri hauen baitan emandako dirulaguntzen onuradunek jarduerak iragartzeko erabiltzen dituzten euskarri guztiak euskaraz edo ele bitan (euskara lehenetsita) izango dira.    

Onuradunek adierazi egin behar dute beren egitarauak edo jardunak Zumaiako Udalaren dirulaguntza jaso duela: beharrezkoa izango da Udalaren logoa azaltzea jarduerak iragartzeko prestatzen dituzten kartel, egitarau, informazio eta hedabide guztietan.

Zumaia, 2022ko martxoaren 18a.—Alkatea.     (1668)