1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA

7/2022 Foru Dekretua, martxoaren 15ekoa, irailaren 29ko 10/2020 Foru Dekretua, Ogasun eta Finantza Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa, aldatzekoa.

Diputatu nagusiaren martxoaren 14ko 1/2022 Foru Dekretuaren bitartez, azaroaren 16ko 7/2020 Foru Dekretua, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak berriro finkatzekoa, aldatu da: Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik Ogasun eta Finantza Departamentura eramateko Aldundiaren enpresa-ondarearen Kudeaketa; ondare horretan sartzen direlarik, besteak beste, gaur dauzkan edo etorkizunean izango dituen sozietate publiko edo pribatuetako akzioak, partaidetzak eta kapitala ordezkatzen duten beste titulu batzuk, baita sozietate horiek jaulkitako obligazioak ere.

Azaldutakoaren arabera, foru dekretu honen xedea da Ogasun eta Finantza Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko irailaren 29ko 10/2020 Foru Dekretua aldatzea, esleitu zaizkion ondarearen Kudeaketari buruzko funtzio berriak, Finantza eta Aurrekontu Zuzendaritza Nagusiko Kontu-hartzailetza eta Auditoretza Zerbitzuaren bitartez gauzatuko dituenak, jasotzeko.

Horregatik, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 31.4.c), 40.2.a) eta 65. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak eta Gobernantza Departamentuko foru diputatuak batera proposatuta eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren,

XEDATZEN DUT

Artikulu bakarra.  Irailaren 29ko 10/2020 Foru Dekretua, Ogasun eta Finantza Departamentuaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzkoa, aldatzea.

Modu honetan aldatzen da irailaren 29ko 10/2020 Foru Dekretua, Ogasun eta Finantza Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa ondorengo aldaketak egin dira:

Bat.    Departamentuaren eginkizunei eta eskumenei buruzko 1. artikuluaren 1. zenbakiaren i) letra honela idatzita gelditzen da:

«i)  Enpresa-ondarearen politika definitzea eta haren Kudeaketa, ondare hartan sartzen direlarik, besteak beste, sozietate publiko edo pribatuetako akzioak, partaidetzak eta kapitala ordezkatzen duten beste titulu batzuk, baita sozietate horiek jaulkitako obligazioak ere.»

Bi.    1. artikuluaren 1. zenbakiaren i) letra j) letra izango da.           

Hiru.    Ondorengo k) letra gehitzen zaio Finantza eta Aurrekontu Zuzendaritza Nagusiaren egitura eta eginkizunei buruzko 12. artikuluaren 2. zenbakiari:

«k)  Enpresa-ondarea kudeatzea.»

Lau.    Ondorengo g) eta h) letrak gehitzen zaizkio Kontu-hartzailetza eta Auditoretza Zerbitzuari buruzko 16. artikuluaren 2. zenbakiari:

«g)  Ekonomia- eta finantza Kudeaketaren-kontrola egitea, Gipuzkoako Lurralde Historikoko enpresa-ondarearen Kudeaketarekin zerikusia duten eragiketei dagokienez.

h)    Departamentuak kudeatzen duen enpresa-ondareko ondasunak edo eskubideak ordezkatzen edo gauzatzen dituzten balore-tituluak eta gainerako agiriak nahiz eskriturak gordetzea eta zaintzea.»

Amaierako xedapena.  Indarrean jartzea.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Donostia, 2022ko martxoaren 15a.

                                                        Diputatu Nagusia,      
                                                       Markel Olano Arrese.

               Ogasun eta Finantza           
                   Departamentuko              
                    Foru Diputatua,              
               Jokin Perona Lerchundi.          

      Gobernantza Departamentuko
                    Foru Diputatua,              
             Eider Mendoza Larrañaga.
         (1559)