2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

KULTURA, LANKIDETZA, GAZTERIA
ETA KIROL DEPARTAMENTUA

30-04/2022 Foru Agindua, otsailaren 11koa, Gipuzkoako haurren, nerabeen eta gazteen sustapen alorreko A, B eta C lerroen dirulaguntzen 2022ko deialdia onartzen duena.

Diputatuen Kontseiluko maiatzaren 4ko Erabakiaren bidez (2021eko maiatzaren 11ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratua), Gipuzkoako haurren, nerabeen eta gazteen sustapen alorreko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onartu ziren.        

Oinarri horiek, besteak beste, honako laguntza lerro hauek jasotzen dituzte:

A.    Udalekuak eta kanpaldiak antolatzeko dirulaguntzak. 

B.    Aisialdi Eskolen urteko jarduera programa gauzatzea eta antolaketa egitura mantentzea.

C.    Udalez gaindiko elkarteen antolaketa-egiturari eustea haurren eta/edo gazteen sustapenaren arloan.          

5.2. oinarri orokorrak ezartzen du dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko dela, organo eskudunak onartutako deialdiaren bidez, eta deialdi hori Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dela.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 40.4.b) artikulua eta xedapen gehigarriaren arabera, Departamentuko foru diputatu titularrari dagokio gastu hori baimentzea, beraz, Foru Agindu honen bidez, laguntza lerro horien 2022rako deialdia onartzen da.   

Dirulaguntzen lerro horiek Diputatuen Kontseiluak 2020ko martxoaren 3ko bileran onartutako 2020-2023 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago.

Horrenbestez, Diputatuen Kontseiluak, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuak proposatuta, eta eztabaidatu ondoren,

ERABAKITZEN DU

Lehenengo.    Honako laguntza lerro hauetarako 2022ko deialdia egitea:

A.    Udalekuak eta kanpaldiak antolatzeko dirulaguntzak. 

B.    Aisialdi Eskolen urteko jarduera programa gauzatzeko eta antolaketa egitura mantentzeko dirulaguntzak.   

C.    Haur eta gazteen alorrean jarduten duten udalerriz gaindiko elkarte erakundeen antolaketa egitura mantentzeko dirulaguntzak.

Deialdi hori Foru Agindu honen eranskin gisa jaso da.       

Bigarren.    Baimentzea 180.000,00 euroko gastua deialdiari aurre egiteko, honako partida hauen kargura:        

A lerroa:

1 0930.300.481.00.03.2021: 92.000 euro.

B lerroa.

1 0930.300.481.00.04.2021: 68.000 euro.

1 0930 300.481.00.05.2021: 10.000 euro.

C lerroa:

1 0930.300.481.00.01.2021: 10.000 euro.

Foru agindu hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Hortaz, aginduaren aurka zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezakete interesatuek, Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegian, foru agindua argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Bide hori erabili baino lehen, partikularrek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatuari, hilabeteko epean, aipatutako egunetik zenbatzen hasita. Horrez gain, egoki iritzitako beste edozein errekurtso ere aurkeztu ahal izango dute.

Guztiek jakin dezaten argitaratzen da hori.

Donostia, 2022ko otsailaren 11.—Iñaki Sainz Paredes, Idazkari teknikoa.      (1243)

ERANSKINA

Gipuzkoako haurren, nerabeen eta gazteen sustapen alorreko dirulaguntzen 2022ko deialdia.   

Lehena.    Esparrua eta finantzaketa.

Deialdi honek ondoren aipatzen diren laguntza lerroei eragiten die. Laguntza lerro horien izenak, zenbatekoak eta aurrekontu partidak honako hauek dira:

A lerroa. Udalekuak eta kanpaldiak antolatzeko dirulaguntzak.

1 0930.300.481.00.03.2022: 92.000,00 euro.

B lerroa. Aisialdi Eskolen urteko jarduera programa gauzatzeko eta antolaketa egitura mantentzeko dirulaguntzak.          

1 0930.300.481.00.04.2022: 68.000,00 euro.

1 0930 300.481.00.05.2022: 10.000,00 euro.

C lerroa. Haur eta gazteen alorrean jarduten duten udalerriz gaindiko elkarte erakundeen antolaketa egitura mantentzeko dirulaguntzak.

1 0930.300.481.00.01.2022: 10.000,00 euro.

Bigarrena.    Oinarri arautzaileak.

Aurreko atalean deskribatutako lerroetarako laguntzak ematea helburu duten oinarri arautzaileak Diputatuen Kontseiluak 2021eko maiatzaren 4ko bilkuran onartutakoak dira, eta 2021eko maiatzaren 11ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (86 zk.) argitaratuak.

Hirugarrena.    Dirulaguntzak eskatzeko baldintzak.

1.    Dirulaguntza hauen onuraduna izan daiteke dirulaguntza ematea oinarritzen duen jarduera egin behar duen entitateak edo hura ematea legitimatzen duen egoeran dagoena, eta, dirulaguntza lerro bakoitzerako dagokion eranskinean ezarritako berariazko baldintzak betetzen dituena.

2.    Ezingo dira oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun izan 3/2007 Foru Arauak, martxoaren 27koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 12. artikuluan aurreikusten duen egoeraren batean dauden pertsona edo erakundeak, ez eta 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, amaierako seigarren xedapenean ezartzen duen sexu diskriminazioa egiteagatik desgaikuntza edo lege debeku kasuren batean daudenak ere.    

3.    Onuradun izateko debekuek eragiten ez dietela egiaztatzeko, dirulaguntzaren eskaerarekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahal izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko Gazteria Zuzendaritza Nagusiaren ereduaren arabera.     

4.    Pertsona eta erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak egingo du egiaztapena, eta, horretarako, aipatutako datuak zuzenean bilduko ditu dirulaguntzak ematen dituzten erakundeetatik. Hori ezinezkoa bada edo pertsona edo erakunde eskatzaileak horren aurka egiten badu, berak aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

Laugarrena.    Denbora eremua.

Diruz lagundutako jarduerak honako aldi hauetan egin beharko dira:

A lerroa. Udalekuak eta kanpaldiak antolatzeko dirulaguntzak.

2022ko ekainaren azken astetik irailaren lehen astera bitartean egiten diren jarduerak.

B lerroa. Aisialdi Eskolen urteko jarduera programa gauzatzeko eta antolaketa egitura mantentzeko dirulaguntzak.          

Diruz lagundutako jarduera 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitarteko aldiari dagokiona da.       

C lerroa. Haur eta gazteen alorrean jarduten duten udalerriz gaindiko elkarte erakundeen antolaketa egitura mantentzeko dirulaguntzak.

Diruz lagundutako jarduera 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitarteko aldiari dagokiona da.  

Bosgarrean.    Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Seigarrena.    Dirulaguntzen eskaerak aurkezteko modua.

1.    39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 14.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, eskaerak eta gainerako dokumentazioa Internetez aurkeztu beharko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez (https://egoitza.gipuzkoa.eus); beraz, dirulaguntzen atarian sartu behar da eta horretarako eskuragarri dauden formulario elektroniko espezifikoak bete behar dira. Agiriak elektronikoki aurkezten ez badira, lege horren 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

2.    Halaber, prozedura honetako jakinarazpen eta izapide guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez egingo dira (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarian sartuta. Pertsona eta erakunde eskatzaileek baliozkotuko dituzte organo kudeatzaileak laguntza eskaeran harremanetarako identifikatutako pertsonaren helbide elektronikora emailez bidalitako komunikazio guztiak. 

Zazpigarrena.    Dokumentazioa.

Dirulaguntzaren eskaerarekin batera, horiek arautzen dituzten 3.3 oinarri orokorrean adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira. Oinarriak deialdi honen 2. atalean azaldutakoaren arabera onartu eta argitaratuak.

Zortzigarrena.    Dokumentazio elkarreragingarria eta egiaztagarria.

1.    39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak 28. artikuluan aitortzen du herritarrek eskubidea dutela administrazio jardulearen esku dauden dokumentuak edo beste edozein administraziok egindakoak ez aurkezteko; beraz, administrazio jarduleak dokumentu horiek kontsultatu edo eskuratu ahal izango ditu, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu. Administrazio publikoek elektronikoki jaso behar dituzte dokumentuak, beren sare korporatiboen bidez edo datu bitartekaritzarako plataformei edo horretarako prestatutako beste sistema batzuei kontsulta eginez.

2.    Gipuzkoako Foru Aldundia Nisae Euskadiko administrazioen elkarreragingarritasun eta segurtasun nuduaren parte da. Plataforma hori euskal sektore publikoko administrazio eta erakunde guztientzat da, haien artean eta gainerako administrazioekin datu elektronikoak trukatzeko nodo autonomiko gisa. Horrez gain, Foru Administrazioak foru sare korporatiboko aplikazioak edo dokumentuak egiaztatzea eta lortzea ahalbidetzen duten beste sistema batzuk erabiliko ditu. 

3.    Deialdi honetan honako betekizun hauek egiaztatuko dira plataforma korporatiboen, bitartekaritza-plataformen (Nisae) edo sarbide publikoko plataformen bidez:

a)    Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.           

b)    Zerga betebeharrak egunean izatea; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun departamentuarekin egiaztatuko da hori. 

c)    Euskal Administrazioaren Ordainketa Pasabidearen bidez egiaztatuko den banku kontuaren titulartasuna, betiere dagokion bankua bertan sartuta badago.       

d)    Elkartearen inskripzioa eta estatutuak Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan datuak kontsultatuz egiaztatuko dira.            

4.    Pertsona edo entitate eskatzaileak egiaztapen horren aurka egiten badu, berak aurkeztu beharko du dokumentazioa.              

Bederatzigarrena.    Zuzenketa eta dokumentazio osagarria.

1.    Agiri horiek eskuratzeko modurik izango ez balitz, organo eskumendunak eska diezaioke eskatzaileari aurkez ditzala agiri horiek edo, bestela, beste bide batez egiazta ditzala agiriak jasotzen dituen betekizunak.

2.    Eskaera orriak, edo harekin batera aurkeztutako agiriek identifikazio daturik jasoko ez balute, akatsen bat izango balute edo daturen bat faltako balute, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hamar eguneko epea emango litzaioke erakunde eskatzaileari huts egite horiek konpontzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko litzaioke, horrela egin ezean ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, aipatutako legeak 21.1 artikuluan aurreikusitako eran ebazpena eman ondoren.

3.    Nolanahi ere, organo kudeatzaileak eskaerak behar bezala ebaluatzeko eta ebazteko behar diren argibideak eskatu ahal izango ditu.

Hamargarrena.    Dirulaguntza ordaintzea.

— A lerroko dirulaguntzak ordainduko dira diruz lagundutako jarduera amaitu eta hori behar bezala justifikatu ostean.

— B eta C lerroko dirulaguntzak, oro har, ordainduko dira diruz lagundutako jarduera amaitu eta hori behar bezala justifikatu ostean.

Hamaikagarrena.    Jakinarazpena.

39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdiaren ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek banakako jakinarazpena ordeztuko du; eta jakinarazpena egintzat joko da eta lege ondorioak izango ditu ebazpena argitaratu eta biharamunetik.

Hamabigarrena.    Araudi aplikagarria.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak honako hauek ere arautuko dituzte: deialdi honetan bertan eta oinarri arautzaile orokor eta espezifikoetan ezarritakoa (deialdi hau onesten den data berean Diputatuen Kontseiluko erabakiaren bidez onetsitakoak), eta, orobat, 3/2007 Foru Araua, martxoaren 27koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoa, eta horren garapen araudia, zeina onetsi baitzuen 24/2008 Foru Dekretuak, apirilaren 29koak.