3
TOKI ADMINISTRAZIOA

USURBILGO UDALA

Usurbilen hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat abian ipini nahi duen ekintzailearentzat dirulaguntza.      

Usurbilgo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2022ko otsailaren 17ko bilkuran besteren artean Usurbilen hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat abian ipini nahi duen ekintzailearentzat dirulaguntza oinarriak onartzea erabaki zuen.

Ondorioz oinarrien testu osoa argitaratzen da eta iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasi eta hogei egun balioduneko epea ematen da interesatuek dirulaguntzak jasotzeko eskaerak aurkez ditzaten, dagokion dokumentazio guztiarekin.               

Inprimakien inguruko oharra: Inprimakiak interesatuen eskura egongo dira udaleko web orrian, dirulaguntzen atalean.   

Euskaraz: https://www.usurbil.eus/eu/diru-laguntzak.

Gazteleraz: https://www.usurbil.eus/es/subvenciones.

Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

Erabaki hau finkoa da eta amaiera eman dio administrazio-bideari.

Honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daitezke.

a)    Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 123 eta 124 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Epea: Hilabete bat, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.

Non: Tokiko Gobernu Batzarrera jo behar da.

b)    Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 25 eta 46. artikuluetan agintzen denaren ildotik.

Epea: Bi hilabete, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.

Non: Gipuzkoako Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegira jo behar da.

c)    Berraztertze errekurtsoaren erantzunaren aurka jotzeko:

Epea: Bi hilabete, berraztertze errekurtsoaren erantzunaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.

Aldiz, administrazioak berraztertze errekurtsoa erantzun gabe utziko balu, interesdunak edozein momentutan aurkeztu ahal izango du administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, berariazko araudiaren arabera presuntziozko ekintza gertatu den biharamunetik aurrera.

Non: Gipuzkoako Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegira jo behar da.

Usurbil, 2022ko otsailaren 17a.—Agurtzane Solaberrieta Mesa, alkatea.      (1080)

Usurbilen hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat abian ipini nahi duten ekintzaileentzat dirulaguntza.      

Usurbilgo Udalak, ekintzaileei laguntzeko eta Usurbilen hutsik dauden merkataritza lokaletan jarduera ekonomiko berriak sustatzeko asmoz, 2022. urteko dirulaguntza deialdia arautuko duten oinarri hauek onartu ditu.

1. artikulua.    Xedea.

Oinarri hauen xedea da Usurbilgo Udalaren dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea, norgehiagoka erregimenean, 2022 urtean Usurbilen hutsik dauden merkataritza lokaletan jarduera ekonomiko berri bat abian jarri nahi duten ekintzaileei laguntzeko, bi diru laguntza lerroren bitartez: 

a)    Enpresa ekimenak abiaraztearen hasierako gastuei aurre egiteko dirulaguntzak.

b)    Jarduera ekonomiko berri bat hutsik dagoen merkataritza lokal batean irekitzeko, lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzeko laguntza.

Beti ere berdintasun, ingurumen eta euskara arloko legeria kontuan izanik eta bestalde, Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzaren III. kapituluaren I. atala, 2020-2022rako dirulaguntzen plan estrategikoa, eta 2005eko Berdintasun legeak 3. artikuluan jasotzen duena. Honen arabera, 16, 18.4 eta 23. artikuluetako printzipio orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-aginte guztiei aplikatuko zaizkie baita erakunde pribatuei ere aplikatuko zaie, baldin eta Erkidegoko herri aginteetako batekin kontratuak edo lankidetza hitzarmenak sinatzen badituzte, edo herri-aginte horiek emandako laguntzen edo dirulaguntzen onuradunak badira. Hau jasotzen du artikulu horietan:

a)    Egiten dituzten estatistika, inkesta eta datu-bilketa guztietan sexu-aldagaia sistematikoki sartuko da.

b)    Euskal herri-aginteek ez dute hizkera sexista erabiliko, ez zuzenean, ez beste pertsona edo erakunde batzuen bitartez sortzen dituzten dokumentuetan eta euskarrietan.    

c)    Euskal herri-aginte guztiek, beren zuzendaritza organoetako eta organo kolegiatuetako kide izateko pertsonak izendatzerakoan, izendatutakoen artean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatu behar dute. Xede horretarako, beharrezkoak diren arauzko neurriak edo bestelakoak hartuko dituzte.

2. artikulua.    Baliabide ekonomikoak.

Aurtengo ekitaldiko baliabide ekonomikoak 23.000 € dira. Gastua aurrekontu-partida honen kargura joango da 1.5000.481.
241.00.02. Dirulaguntza hau bi dirulaguntza lerroen artean banatuko da. 11.000 € enpresa ekimenak abiaraztearen hasierako gastuei aurre egiteko diru-laguntzetarako eta beste 12.000 € bi urtetako lokalaren alokairu edo erosketa gastuak diruzlaguntzeko, gehienez ere 7.200 € erabiliko dira 1.urteko alokairurako eta 4.800 € bigarren urterako. Hala ere, bietako batean sobera geratuko balitz, zenbateko hori beste lerrora batu ahal izango da.  

Alabaina, jasotako eskabideen kopuruak eta zenbatekoak ezarritako baliabide ekonomikoak gaindituko balitu, Usurbilgo Udalak zenbateko hori handitu ahal izango du, bere finantza-aukeren arabera.

3. artikulua.    Onuradunak.

Usurbilen hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat abian ipini nahi duen edonor, pertsona fisiko nahiz juridikoa, ekintzaile interesatuaren bizilekua edozein izanda, Usurbil edo beste udalerri bat.

Lehentasuna izango dute:

Herri gunean nahiz auzoetan gaur egun herritarrei eskaintzen ez zaizkien zerbitzuekin lotura duten proiektuek.            

Ixtera doazen edo itxi berriak diren jardueren jarraipenekoak diren proiektuak.

Edozein kasuan, ez zaie dirulaguntzarik emango kideak aukeratzeko prozesuan edo jardunean sexu-bereizkeria eragiten duten elkarte edo erakundeei. Udalak atzematen badu elkarte edo erakundeak sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duela, dirulaguntza berdintasun legedia betetzearen arabera baldintzatua geratuko da, hau da, elkarte edo erakundeen estatutu edo funtzionamendu arauetan jaso beharko da kideak aukeratzeko prozesuan eta jardunean ez dela inor deusengatik baztertzen, bereziki ez dela sexuarengatik baztertzen.


Beraz elkarte edo erakundeak sexuaren ziozko bereizkeria ezaren konpromiso aktiboa bere estatutu edo funtzionamendu arauetan jaso beharko du dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko momenturako.

Onuradunek beti ere, dirulaguntzen 38/2003 Lege orokorraren 14. artikuluak ezartzen dituen betebehar guztiak bete beharko dituzte.

4. artikulua.    Baldintzak.

a)    Ekintzaile eta enpresa proiektuaren ezaugarriak:         

Jarduera berri bat hutsik dagoen merkataritza lokal batean irekitzeko, lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzeko laguntza eskuratzeko jarduera garatu ahal izateko lokalik jabetzan ez izatea.

Jarduera garatzeko, hutsik dagoen Usurbilgo merkataritza lokal bat alokairuan hartu edo jabetzan hartzea.

Enpresak egoitza soziala Usurbilen edukitzea eta langile kopurua gehienez ere 5 izatea.

Dagoeneko altan dauden jardueren kasuan, baldin eta egoitza soziala Usurbildik kanpo kokatzen bada, hilabeteko epea izango dute egoera hori aldatzeko.

Gorago adierazitako baldintzetakoren bat betetzen ez dituzten enpresek ehuneko 25 baino gehiagoko partaidetza zuzena nahiz zeharkakoa ez izatea bertan.

Jarduera berari dagokion Jardueren gaineko zergan alta emanda egotea, gehienez ere hiru urteko antzinatasunarekin.            

Ekintzaile eta lokal jabearen artean alokairu edo erosketa kontratua sinatzea.

Jardueraren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzen duen proiektua landua izatea, Beterri Buruntza Ekinean zerbitzuaren jarraibideak jarraituz.

Tutoretza teknikoa behar duen enpresa jarduera dela kontsideratuz gero, ekintzaileek tutoretza hori jarraitzeko konpromisoa onartu beharko dute dirulaguntza jaso ahal izateko. Tutoretza hori, Udaleko Garapen Ekonomikoko sailaren gidaritzapean, Beterri-Buruntzako ekintzailetza zerbitzutik bideratutakoa izango da.       

Ekintzaileek lokal-jabeekin odolkidetasunagatik edo ezkontzagatik bigarren mailara arteko ahaidetasun harremana daukaten ezkontideekin, ondorengoekin eta gainerako ahaideekin ahaidetasun harremanik ez izatea.

Foru Ogasuneko zerga betebeharretan egunean dagoela egiaztatzea.

Gizarte Segurantzako diruzaintza orokorrarekin dituen betebeharretan egunean dagoela egiaztatzea.

b)    Jarduera motari dagokionean:

Ondorengo jardueretako bat izatea:

Txikizkako herri merkataritza eta ostalaritzako jarduerak, azken bezeroarekin edo herritarrarekin harreman zuzena dutenak.

Pertsonei zuzendutako zerbitzuak.

Jarduera komertziala izanik, kale eta eremu jakin batean biziberritze ekonomiko eta sozialerako lagungarria izango dela kontsideratzen den bestelako edozein jarduera.

c)    Lokalaren alokairuaren ezaugarriak:

Lokalaren alokairuaren prezioa gehienez ere 10 €/m² ko izango da.

Alokairuan hartzen den lokalaren kontratuak 12 hilabeteko iraupena izan beharko du gutxienez.

5. artikulua.    Eskariak aurkezteko lekua eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskariak aurkeztu daitezke, pertsona fisikoek presentzialki edo telematikoki, eta pertsona juridikoek soilik telematikoki.  

— Presentzialki Udaleko Erregistro Nagusian (Joxe Martin Sagardia plaza, z/g).

— Telematikoki, udalaren zerbitzu telematikoetako dirulaguntzak atalean (www.usurbil.eus).

Halaber, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen lekuetan ere aurkeztu ahal izango dira.            

Usurbilgo Udalak, Nisaeren Nodoaren bidez, beharrezkoak diren egiaztapenak eta kontsultak egingo ditu interesdunek administrazioaren esku jarri dituzten datuei buruz. Horregatik, elkarreragingarriak izan daitezkeen datuak eskatzeari utziko zaio, baldin eta interesduna datu horiek erabiltzearen aurka agertzen ez bada berariaz; kasu horretan, dagozkion datuak edo dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

Administrazio publikoen arteko datu bitartekaritzarako oinarria urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan zehazten da, non aitortzen baita herritarrek eskubidea dutela ez aurkezteko edozein administraziok egindako dokumentuak, jatorrizko dokumentuak, ezarri beharrekoa den araudiak eskatzen ez dituen datuak edo dokumentuak, edo interesdunok aurretik edozein administraziori emandakoak.               

Era berean, 40/2015 Legearen 155. artikuluak adierazten duena gogora ekarriz, administrazioek elkarri lagundu behar diote datu-trukean, eta herritarrei buruzko datuak haien esku daudenak, eman behar dituzte.

Horren ildotik, Usurbilgo Udalak honako baldintza hauek egiaztatuko ditu deialdi honetako dirulaguntza eskuratu ahaI izateko, Nisaeren, datuen eta beste administrazio batzuen bitartekaritzarako plataformaren zerbitzuen bidez:

Enpresa eskatzailearen egoera Ekonomia Jardueraren gaineko Zergan (EJZ) altari dagokiona.

Zerga betebeharrak beteak dituela.    

Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharrak egunean dituela.

Gizarte Segurantzan altan egotea.

Usurbilgo Udalak ofizioz egiaztatuko du udalarekiko betebeharrak betetzen direla.

Hona hemen Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistro Nagusiaren bidez egiaztatuko dituenak:

Eusko Jaurlaritzako Elkarte eta Entitateen Erregistroan inskribatuta dagoelako egiaztagiria.

Eskaera egiten duen erakundearen estatutuak.

Ezin bada datuen artekaritza plataformen bidez edo hartarako gaitutako bestelako sistema elektronikoen bidez kontsulta egin, salbuespen moduan eskatu ahal izango zaio eskatzaileari dokumentazio hori aurkezteko.            

Era berean, Usurbilgo Udalak beste agiri batzuk aurkeztea eska dezake, eskaera ebaluatzeko eta erabaki bat hartzeko beharrezkotzat jotzen badu.         

Dirulaguntza eskaera egiteko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

Dirulaguntzaren lehenengo urtean:

1.    Dirulaguntzaren eskaera orria eta zinpeko aitorpena (I. eranskina).

2.    Pertsona fisikoek: nortasun agiriaren fotokopia.

3.    Pertsona juridikoek: IFZren fotokopia, enpresa eraketa eskrituren fotokopia edo eskritura edo estatutuen arabera ordezkatze ahalmena duen pertsonaren NANa.

4.    Alokairuan hartzen den lokalaren kontratuaren kopia, gauzatua bada, bestela, jabearen alokatzeko konpromisoa adierazten den aurrekontratua, ondorengo hauek zehaztuz: lokalaren kokapena, azalera eta alokairu prezioa.     

5.    Hala badagokio, erosi den lokalaren kontratua.

6.    Lokalaren jabetza eskuratuz gero, banku-transferentziaren egiaztagiria, eskuratze-prezioa osorik edo zati batean ordaindu dela egiaztatzen duena.

7.    Enpresa proiektua eta Jardueraren bideragarritasun plana, honako hauek barne: jardueraren oinarrizko datuak azaltzen dituen txostena, sustatzaile edo sustatzaile taldearen ezaugarriak eta ekonomi eta merkataritza bideragarritasunaren azterlana (II eranskina).

8.    Soldatapeko langilerik baldin badu eta sortutako enplegua justifikatzeko: kontrataturiko pertsona bakoitzaren kontratuaren kopia, iraupena eta lanaldia adierazita, eta Gizarte Segurantzako bizitza laboralaren ziurtagiri eguneratua. Lanean hasiko den pertsonak gutxienez % 33ko desgaitasuna badu, edo lehenengo enplegua eskatzen duten pertsonak badira, desgaitasuna dagokion agiri ofizialaren bidez egiaztatuko da, adina NANaren kopiaren bidez eta lehenengo lanpostuaren eskatzaile izatearena, berriz, Lanbide Euskal Enplegu zerbitzuko edo Gizarte Segurantzako ziurtagiriarekin.

9.    Banketxe edo aurrezki erakunde batek emandako agiria, non eskaera egin duen erakundea kontu korronte baten titularra dela ziurtatzen den.

10.    Enpresa ekimenak abiaraztearekin zerikusia duten gastuen eta ordainketen aitorpen eranskina (III. eranskina).

11.    Enpresa ekimenak abieraztearen hasierako gastuei dagozkien fakturen kopia eta horiek ordaindu izanaren frogagiriak (agiri horiek eskaera egiteko unean edo justifikatzeko unean aurkeztu ahal izango dira).

12.    Beste dirulaguntza eskabideen aitorpena (IV. eranskina).

Eskaerarekin batera aurkeztu ez bada: dirulaguntza emandakoan eta lehenengo hileko lokalaren alokairuaren ordainagiria aurkeztearekin batera:

Alokairuan hartzen den lokalaren kontratuaren kopia.

Hala badagokio, erosi den lokalaren kontratua.

Lokalaren jabetza eskuratuz gero, banku-transferentziaren egiaztagiria, eskuratze-prezioa osorik edo zati batean ordaindu dela egiaztatzen duena.

Lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzeko dirulaguntzaren bigarren urtean:

1.    Dirulaguntzaren eskaera orria eta zinpeko aitorpena (I. eranskina).

2.    Alokairuan hartzen den lokalaren kontratuaren kopia.

Deialdira aurkezteko unean eskatzaileak ez du zorrik izango Usurbilgo udalarekin, nahiz eta honi dagokionez, ez den egiaztagiririk aurkeztu behar.   

Bestalde, dirulaguntza ordaintzeko unean Udalarekin zorra izanez gero, ez da dirulaguntzarik emango.              

Aurreko urteko dirulaguntzaren bat zuritu gabe dagoen kasuetan, ez da dirulaguntza eskaera berririk onartuko.

Edozein kasutan, aurreikusitako ekimenari dagokion dokumentazioaz gain, entitate eskatzaileei behar besteko informazio osagarria eskatu ahal zaie aurkeztutako ekimena behar bezala baloratu ahal izateko.

6. artikulua.    Epeak.

Eskaerak aurkezteko epea iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022eko irailaren 30ean amaituko da.           

Ebazpenak bi epetan emango dira, 8. artikuluan zehazten den ebazpen prozedura jarraituz:

Lehen ebazpena: 2022ko maiatzaren 31 arte aurkeztu dituzten eskariena.

Bigarren ebazpena: 2022ko irailaren 30 arte aurkeztu dituzten eskariena.

Aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago edo oinarrietako baldintzaren bat betetzen ez badu, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzendu ditzan edo dagokion dokumentazioa gehitu dezan. Eta jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoetako Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, horretarako ebazpena 21. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.    

7. artikulua.    Dirulaguntzaren zenbatekoa eta iraupena.

1. lerroa: Enpresa ekimenak abiaraztearen hasierako gastuei aurre egiteko dirulaguntza.

Ondoren adierazten dira, diruz laguntzekoak diren gastuak:

— Enpresa eratzeko eta jarduera baimena eskuratzeko gastuak.

— Notaritzako eta erregistro gastuak.

— Obra proiektuak eta egokitze lanak eta/edo birgaitzeko obrak egitea.

— Tresneri, altzari, makineria etab.

— Gizarte segurantzan langile autonomoen erregimen berezian kotizazio ordaintzearekin lotutako kuotak.

— Proiektuarekin zerikusia duten komunikazio gastuak: publizitate-kanpainak, web orrien diseinua, sare sozialen diseinua.          

— Lehendik dauden enpresak eskuratzea hark garatutako jarduerarekin jarraitu ahal izateko.

Onartutako gastu hauengatik gehienez ere 5.500 € eskuratu ahal izango dira proiektuko. Dirulaguntzaren zenbatekoaren kalkuloa egiteko dagokion gastuaren fakturaren zerga-oinarriaren zenbatekoa soilik hartuko da kontuan, BEZ-a eta bestelako zergak kanpoan utzita.               

Dirulaguntza izan dezakete enpresa abian jartzearekin lotutako gastuek eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan altaren aurretik eta altaren ondorengo 12 hilabetera bitarteko denboraldiaren artean egindakoek.            

2. lerroa: Jarduera ekonomiko berri bat hutsik dagoen merkataritza lokal batean irekitzeko, lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzeko laguntza.

1.    Lokalaren alokairua, bi urtez lagunduko da.

Lehenengo urtean 6 €/m²/hilean, gehienez ere 300 € hilean.

Bigarren urtean 5 €/m²/hilean, gehienez ere 200 € hilean.

Hala ere, laguntzaren gehieneko zenbatekoak ez du inola ere gaindituko zor den errenta.

2.    Lokalaren erosketa: Lokalak erosteko laguntza ekonomikoa honela kuantifikatuko da: lokal horrek dirulaguntza hori jasotzeko gehieneko epean, hau da, 2 urtean, alokairuan hartzeagatik jasoko lukeen laguntzaren pareko zenbatekoa izango da.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko oinarria, alokairu gastuei bakarrik dagokiona izango da (BEZa eta bestelako zerga eta tasen ordainketa eta atxikipenak kanpo utzita) eta ez dira lokalaren erabilerari lotuak egon daitezkeen bestelako gastuak kontuan hartuko (komunitate gastuak, ura eta argindarraren gastuak, eta abar).

Bigarren urtean dirulaguntza jasotzen jarraitu ahal izateko, dagokion urteko deialdian dirulaguntzaren luzapena eskatu beharko da, deialdi ezberdinetan guztira lortutako dirulaguntza gehienez ere 24 hilabeteko alokairu gastuei dagokiona izanik.  

Enpresa bakoitzeko laguntzak guztira gehienez ere lehendabiziko urtean 9.100 € (5.500 € +3.600 €) izango dira eta bigarrengoan 2.400 €.

Araudi honetako dirulaguntzak bateragarriak izango dira dena delako erakunde publiko edo pribatuek xede bererako eman ditzaketen bestelako dirulaguntzekin. Edozein modutan, ez da gain finantzaketarik egongo, eta hala gertatuko balitz, dirulaguntza murriztu egingo litzateke. Gain finantzaketa gerora emango balitz, eta dirua itzultzeko beharrizanen bat baino gehiago izanez gero, dena delako pertsona edo erakunde onuradunak dagokion parte proportzionala itzuli beharko du Usurbilgo Udalak egin dion ekarpena aintzat hartuta.

8. artikulua.    Ebazpen prozedura.

Epaimahai kalifikatzaile bat eratuko da, Garapen eta Hezkuntza saileko arduradun politikoa, Siadeco, Hurbilago elkarteko ordezkaria, Beterri-Buruntza ekinean zerbitzuko teknikaria eta Garapen eta Hezkuntza saileko teknikariaren artean. Hauek arduratuko dira eskabideak aztertu eta ebaluatzeaz, Ekinean zerbitzuko teknikariak txostena egin ondoren.           

Epaimahai kalifikatzaileak dirulaguntza eskaerak baloratu ondoren, arloko teknikariak txostena egin eta Garapen eta Hezkuntza batzordera eramango du, honek txostena kontutan hartuta bere iritzia eman dezan. Ondoren, Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak ebazpen proposamena egingo du. 

Jarraian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da ebazpen proposamenaren inguruko iragarkia eta interesatuak 10 eguneko epea izango du alegazioak aurkezteko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratzen den biharamunetik kontatzen hasita. Azkenik, Tokiko Gobernu Batzarrak emango du dirulaguntzei buruzko behin betiko ebazpena gehienez ere, hiru hilabeteko epean eskaria aurkeztu izan den egunetik zenbatuta. Behin betiko ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.       

Aipaturiko epea igaro ondoren ebazpenik eman ezean, ulertu behar da eskaria gaitzetsi egin dela, gerora egin daitekeen ebazpenaren kaltetan izan gabe.

Udaleko iragarki taulan eta www.usurbil.eus web orrian ere behin behineko proposamenaren eta behin betiko ebazpenaren berri emango da.

9. artikulua.    Dirulaguntzaren Batzorde Orokorra.

Dirulaguntzen Batzorde orokorra modu honetara osatuko da:

Udalean dirulaguntzak banatzen dituen Batzorde bakoitzeko lehendakaria eta teknikaria.

Alkatea.

Udal idazkaria.

Udal kontuhartzailea.

Batzordeko kideren batek berdintasun printzipioa betetzen dela bermatu beharko du.

Dirulaguntza Batzorde orokorraren funtzioak, besteak beste, hauek izango dira:

Udal dirulaguntzak banatzeko irizpideak bateratzea.     

Dirulaguntzen legezkotasuna bermatzea.

Dirulaguntza bikoizketak ekiditea.

10. artikulua.    Baloratzeko irizpideak.

a)    Aurreikusitako inbertsioa: enpresa planean zehaztua dagoena oinarri hartuta, inbertsiotarako aurreikusitako 1.500 euroko, 0,2 puntu zenbatuko dira, gehienezko puntuazioa 10 puntukoa izanik.

b)    Sortutako enplegua: sortutako lehenengo lanpostua sustatzailea berarena izanik, bigarren lanpostutik aurrera sortutako enplegua hartuko da kontuan. Bai norberaren bai besteren kontura lanaldi osoz, eta gutxienez sei hileko hasierako iraupenarekin sortutako lanpostu bakoitzeko 2 puntu emango dira. Lanpostu bakoitzeko puntuazio hori 3 puntukoa izango da baldin eta laneratzen den pertsonak gutxi enez % 33ko desgaitasuna badu, edo emakumea bada, edo 55 urte edo gehiago baditu edo lehenengo lanpostua eskatzen duen pertsona bada. Baldin eta sortutako lanpostuetako bat lanaldi partzialekoa bada, lanaldi horri dagokion puntuazio proportzionala aplikatuko da. Gehienez ere 10 puntu zenbatu ahal izango dira kontzeptu honengatik.

c)    Enpresa proiektuan euskarak duen presentzia eta zehazten diren hizkuntza irizpideak: 10 puntu.

d)    2005eko Gizonen eta Emakumeen Arteko Berdintasunerako Legea aintzakotzat hartuta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko konpromiso maila, bai zuzendaritzari begira, bai egiteko asmoa duten jarduerei begira. Hiru ikuspuntutik egiten da balorazio berezi hau: sexu rolak eta estereotipoak hausten laguntzen duten ekimenak; emakumeen ahalduntzea eta autonomia sustatzen duten ekimenak; emakumeen kontrako indarkeriaren inguruan sentsibilizazio edo prebentzio ekimenak: 10 puntu.

e)    Originaltasun eta berrikuntza maila: zein berritasun edo ezaugarrietan bereizten den merkatuan dagoenarekin alderatuz baloratuko da, enpresa planean zehazten denean oinarrituz: 15 puntu.

f)    Ixtera doazen jardueren jarraipena ziurtatzen duen egitasmoa izatea: 25 puntu.

g)    Usurbilgo herri merkataritzaren eskaintza osatu eta aberasten duen proiektua izatea, lehendik ez dagoen jarduera batean oinarritutako negozioa delako edota lehendik dagoenarekiko osagarria delako: 25 puntu.

h)    Enpresa planaren kalitate teknikoa: 20 puntu.

i)    Ekintzaile edo ekintzaile taldearen gaitasuna: 20 puntu.              

Ekintzaileen prestakuntza eta esperientzia baloratuko da. 

Proiektuak dirulaguntza izateko, gutxienez 50 puntu eskuratu beharko dira.

Epaimahai eskudunak baloratuko ditu eskabide eta proiektuak.

11. artikulua.    Dirulaguntza ordaintzea.

*  1. lerroa: Enpresa ekimenak abiaraztearen hasierako gastuei aurre egiteko dirulaguntza.

Dirulaguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da:

1.    Dirulaguntza ebaztearekin batera, eta eskaera-unean justifikatutako gastuen zenbatekoa ordainduko da, emandako laguntzaren % 70 era bitarte.

2.    Gainerakoa: enpresak Jarduera Ekonomikoen gaineko zergan alta egunetik hasi eta handik 12 hilabetetara egingo da, behin azken justifikazioa aurkeztuta.

Horretarako, ezinbestekoa izango da dirulaguntza zuritzeko honako agiriak aurkeztea:

Gastuen fakturak eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiriak, 7. oinarriaren arabera lagun daitezkeen gastuak bakarrik onartuko dira.

*  2. lerroa: Jarduera ekonomiko berri bat hutsik dagoen merkataritza lokal batean irekitzeko, lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzeko laguntza.

Lokalaren alokairuagatik Udalaren dirulaguntza lortu duten ekintzaileek, dirulaguntza kobratzeko, hilero ordainagiria aurkeztu beharko dute, Udal erregistro Nagusian.

Hilero justifikatutako ordainketa bakoitzari dagokion laguntza ekonomikoa gainditutako hilabetera jasoko dute ekintzaileek eta beti ere higiezinaren okupazioa eragin zuen jarduerari eusten badiote.

Eskaera egitekoan aurkeztu zuen alokairuaren gastua hartuko da kontuan eta gutxienez hori justifikatu beharko du hilero aurkezten duen ordainagiriaren bitartez.

Errentariak kontratuan gabealdi edo karentzia bat itunduta badu, eta, beraz, errenta ordaintzetik salbuetsita badago, 24 hileko kobrantza-eskubidea gabealdi hori amaitzen den unean hasiko da kontatzen, eta alokairua ordaintzen hasi dela egiaztatuko da.

Lokala erosteagatik laguntza ere hilero ordainduko da, aldi horiek lokalean jarduerari benetan ekin zaionetik kontatzen hasita, eta beti ere bi urte horietan jarduerari eusten bazaio.              

12. artikulua.    Betebeharrak.

a)    Lokalari dagokionean.

Jarduera jakin bat garatzeko diruz lagundua izan den lokala ezin izango da beste jarduera baterako erabili; aurkeztutako proiekturako erabiltzera behartua dago dirulaguntza jaso duen onuraduna.

Jarduerari hasiera eman aurretik esleipendunak erabiliko duen lokalaren erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatu beharko du, jarduerak sor ditzakeen kalteei estaldura emateko.   

Era berean, indarrean den legediari jarraituz, jarduera martxan jartzeko eta aurrera eramateko beharrezkoak diren administrazio lizentziak eta baimenak izan beharko ditu.

Lokalean Usurbil zabalik egitasmoko irudia jarriko du.  

Euskara eta Hizkuntza paisaia:

Programa honen bitartez dirulaguntzak jaso ahal izateko, establezimenduaren kanpoko nahiz barruko, finko eta iraunkorrak diren, errotuluak, oharrak, seinaleak, kartelak eta gisa bereko komunikazio orokorrak euskaraz egingo dira. Horrela eginez gero, Usurbilgo enpresa zein merkataritza establezimenduentzat irudia eta errotulaziorako dirulaguntzak jasotzeko aukera izango du, Usurbilgo Udal euskara zerbitzuaren eskutik.

b)    Ezarritako tutorizazioa teknikoaren epealdia beteko du, horrela agindu bada.

Gainera deialdi honetako dirulaguntzak jaso dituzten entitate onuradunek, Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen Ordenantzaren 6. artikuluak ezartzen dituen betebeharrak bete beharko dituzte. Besteak beste ondorengo hauek:

Dirulaguntza eskaini duen Usurbilgo Udalak egin beharreko egiaztatze-jarduketei trabarik ez jartzea, ez eta esku-hartzailetzari dagozkion finantza-kontroleko jarduketei, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren jarduketei edota eskumen hori duten bestelako organoen jarduketei ere.

Beste administrazio edo erakunde batzuetatik (publiko nahiz pribatuetatik, estatuko nahiz nazioartekoetatik) helburu berbererako beste dirulaguntzarik jasotzen bada, dirulaguntza eskaini duen organoari horren berri ematea.

Dirulaguntza eskaintzeko garaian kontuan hartutako atalen batean aldaketarik gertatuz gero (objektiboa nahiz subjektiboa izan), dirulaguntza eskaini duen organoa aldaketa horren jakinaren gainean jartzea eta beronen onespena izatea.

Indarrean dauden xedapenen arabera Gizarte Segurantzaren eta Ogasun Publikoaren aurrean dituzten betebeharrak ezagutzea, Usurbilgo Udalak ezarritakoak barne.

Jarduera burutzerakoan aintzakotzat hartuko ditu Euskararen Udal Ordenantza, Usurbilgo Udalaren Euskararen Erabilera Plana, UEMAren hizkuntza irizpideak, gainerako araudia eta Usurbilgo herriaren errealitate soziolinguistikoa.      

Jarduera burutzeko iragarpenetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da, Pertsonen irudiak erabiltzekotan, emakumeen eta gizonen presentzia modu orekatuan eta ez estereotipatuan islatu behar da, 4/2005 Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak agintzen duen modura. Berdintasun betebehar hori betetzen duela frogatu beharko du onuradunak argitaratutako iragarki, ohar, jakinarazpen eta abarretan.

Datu bilketetan sistematikoki sexu aldagaia txertatua behar du.

Jarduera bideratzerakoan, hondakinei dagokienez Usurbilgo Udalean Hiri Hondakinak bildu eta tratatzeko Udal Ordenantzak eta Udalak zehaztutako protokoloak jasotakoak beteko dira.

Udalaren deialdi honetarako aurkeztutako gastu bererako beste laguntzarik edo dirulaguntzarik jasoz gero, Udalari jakinarazi beharra dago.

Laguntza-eskaera aztertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen den informazio edota dokumentazio osagarri guztia ematea Usurbilgo Udalari.

13. artikulua.    Dirua itzultzea.

Jasotako kopuruak itzuli egin beharko dira, baita dirulaguntza ordaintzen denetik sortutako interes legalak ere, laguntzen onuradun diren pertsona edo enpresek oinarri hauetan, emate ebazpenean nahiz aplikagarri suertatzen diren gainerako arauetan ezarritako baldintzak urratzen badituzte.               

Dagozkien ondorio legaletarako, itzuli beharreko kopuruak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira. Kudeaketa, kontrol edo ikuskatze lanetan dirulaguntza modu ezegokian eskuratu dela atzematen bada, edo oker erabiltzen ari dela, hala jasoko da dosierrean eta, horrenbestez, beharrezko diren kautelazko neurriak hartu ahal izango dira.

Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen Ordenantzaren bereko 15. artikuluak eta, beti ere, Ordenantza bereko 16. artikuluak arautzen duen prozedura jarraituz.

14. artikulua.    Araudi osagarria.

Deialdi honek ezartzen ez duenari dagokionez, aintzat hartuko da Usurbilgo Udalaren Dirulaguntzak arautzen dituen Ordenantzak ezartzen duena, Usurbilgo Udalaren Dirulaguntzen 2020-2022 plan estrategikoak jasotakoa eta Herri Administrazioetako Dirulaguntzak arautzen dituen 38/2003 Legearen xedapenak.