3
TOKI ADMINISTRAZIOA

USURBILGO UDALA

Hasiz Hazi Beka Ekintzaileentzat Kabiene Elkarteak duen elkarlan-gunearen erabilerarako beka.              

Usurbilgo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2022ko otsailaren 17ko bilkuran, besteren artean Hasiz Hazi Beka Ekintzaileentzat Kabiene Elkarteak duen elkarlan-gunearen erabilerarako beka oinarriak onartzea erabaki zuen.

Ondorioz, oinarrien testu osoa argitaratzen da eta iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasi eta hogei egun balioduneko epea ematen da interesatuek dirulaguntzak jasotzeko eskaerak aurkez ditzaten, dagokion dokumentazio guztiarekin.

Inprimakien inguruko oharra: Inprimakiak interesatuen eskura egongo dira udaleko web orrian, dirulaguntzen atalean.   

Euskaraz: https://www.usurbil.eus/eu/diru-laguntzak.

Gazteleraz: https://www.usurbil.eus/es/subvenciones.

Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

Erabaki hau finkoa da eta amaiera eman dio administrazio-bideari. Honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daitezke.

a)    Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 123 eta 124 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Epea: Hilabete bat, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.

Non: Tokiko Gobernu Batzarrera jo behar da.

b)    Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 25 eta 46. artikuluetan agintzen denaren ildotik.

Epea: Bi hilabete, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.

Non: Gipuzkoako Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegira jo behar da.

c)    Berraztertze errekurtsoaren erantzunaren aurka jotzeko:

Epea: Bi hilabete, berraztertze errekurtsoaren erantzunaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.

Aldiz, administrazioak berraztertze errekurtsoa erantzun gabe utziko balu, interesdunak edozein momentutan aurkeztu ahal izango du administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, berariazko araudiaren arabera presuntziozko ekintza gertatu den biharamunetik aurrera.

Non: Gipuzkoako Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegira jo behar da.

Usurbil, 2022ko otsailaren 17a.—Agurtzane Solaberrieta Mesa, alkatea.      (1078)

Hasiz Hazi Dirulaguntza ekintzaileentzat Kabiene Elkarteak duen elkarlan-gunearen erabilerarako.          

Usurbilgo Udalak, ekintzaileei laguntzeko, Kabiene elkarteak duen elkarlan gunean egonaldia eta erabilera ordaintzeko 2022 urteko laguntza deialdia arautuko duten oinarri hauek onartu ditu.     

Dirulaguntza hau Kabiene eta Usurbilgo Udalaren arteko lankidetzan oinarritzen da. Kabiene Usurbilgo elkartea 2016ean sortu zen, herriko hainbat profesionalen premiek bultzatuta eta helburu argi batzuekin, hala nola elkarlaneko ekonomia eta justizia soziala sustatzea eta hedatzea; lokal bat eskaintzea profesionalek, elkarteek eta artistek, lanerako espazioak ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izan dezaten; norbanakoekin eta beste elkarte batzuekin elkarlanean arituta sortzen diren proiektu laboralak eta artistikoak erraztea eta sustatzea; eta proiektu horiek abiarazteko espazio bat eskaintzea.              

Usurbilgo Udalak bestalde, ekintzaileei laguntza eskaini nahi die sor daitezkeen enpresa proiektuak garatu ahal izateko. Horretarako Beterri Buruntza eskualdeko ekinean Zerbitzuan eskaintzen diren laguntzaz baliatzeko aukera ere izango dute.      

1. artikulua.    Xedea.

Oinarri hauen xedea da Usurbilgo Udalaren diru-laguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea, norgehiagoka erregimenean, 2022 urtean, jarduera proiektu bat duen ekintzaileari, Kabiene elkarteak duen elkarlan-gunearen egonaldi eta erabilera diruz ordaintzeko, beti ere berdintasun, ingurumen eta euskara arloko legeria kontuan izanik.

Elkarlan gune hau, lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izango da. Dirulaguntzaren onuradunek bertan lanean ari diren kideen esperientziatik ikasi ahal izango dute eta harreman-sare indartuago batekin ekin ahal izango diote lanari.

Jarduera proiektuarekin hasi berriak, Beterri-Buruntza ekinean, enpresak sortzen laguntzeko aholkularitza zerbitzuaz baliatu ahal izango dira. Ideia batetik abiatu eta proiektu bat garatzerakoan, enpresaren bideragarritasun plana prestatzerakoan eta abian jartzekoan (finantzaketa, lege-irizpideak, dirulaguntzak) laguntza eskuratu ahal izango dute.

Bestalde Beterri-Buruntza Udalen Elkarlan Sorguneen programaren bitartez eskualdeko zentroen sare bat sortzea sustatu nahi da, ekimen publiko-pribatuaren bidez, eta horren bidez, eremu horiek erabiliko dituzten pertsonen arteko trukeak eta elkarlana bultzatuko da. Beterri Buruntza Elkarlan espazioa proiektuan sortzen den sarean ere kokatzen da proiektu hau, Kabieneren partehartzearen eskutik.

Dirulaguntza honetan kontutan izango da Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen Ordenantzaren III. kapituluaren I. atala, 2020-2022rako diru-laguntzen plan estrategikoa, eta 2005eko Berdintasun legeak 3. artikuluan jasotzen duena. Honen arabera, 16, 18.4 eta 23. artikuluetako printzipio orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-aginte guztiei aplikatuko zaizkie baita erakunde pribatuei ere, baldin eta Erkidegoko herri aginteetako batekin kontratuak edo lankidetza-hitzarmenak sinatzen badituzte, edo herri-aginte horiek emandako laguntzen edo diru-laguntzen onuradunak badira. Artikulu horietan hau jasotzen da:

a)    Egiten dituzten estatistika, inkesta eta datu-bilketa guztietan sexu-aldagaia sistematikoki sartuko da.

b)    Euskal herri-aginteek ez dute hizkera sexista erabiliko, ez zuzenean, ez beste pertsona edo erakunde batzuen bitartez sortzen dituzten dokumentuetan eta euskarrietan.    

c)    Euskal herri-aginte guztiek, beren zuzendaritza-organoetako eta organo kolegiatuetako kide izateko pertsonak izendatzerakoan, izendatutakoen artean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatu behar dute. Xede horretarako, beharrezkoak diren arauzko neurriak edo bestelakoak hartuko dituzte.

Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira laguntza ekonomiko horiek.

2. artikulua.    Onuradunak.

Dirulaguntza hauen subjektu onuradunak honako hauek izan daitezke:

a)    Beterri-Buruntza eskualdeko udalerriren batean (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) erroldatuta dauden pertsonak lehentasunez.

b)    Enpresa proiektu berri bat garatzen ari diren pertsonak.             

c)    Jarduera ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egon eta lan egiteko leku bat behar duten pertsona fisiko nahiz juridikoak.

d)    Elkarteak.

e)    Sortzaileak, arte eszenikoak, plastikoak, literatura arteak, ikus-entzunezko arte edo kulturako beste zenbait adierazpen artistiko lantzen badituzte.

3. artikulua.    Onuradunen betebeharrak.

Jarduera Ekonomikoaren gaineko zergan alta emandakoan enpresaren helbide soziala Usurbilen finkatzea. Dagoeneko altan dauden jardueren kasuan, baldin eta helbide soziala Usurbildik kanpo kokatzen bada, hilabeteko epea izango dute egoera hori aldatzeko.

Enpresa proiektu berri bat garatzen ari direnak, gehinez ere eskaera datatik kontatzen hasita Jarduera Ekonomikoaren gaineko zergan aurreko hamabi hilabetetan alta emanda daudenek, Beterri-Buruntza ekinean zerbitzuaren eskutik, negozio ideiaren proiektu proposamena lantzea eta Kabieneko erabilerak irauten duen bitarteko lan plana ekinean zerbitzuarekin adostea.

Enpresa proiektu berri bat garatzen ari direnak, Kabienen egonaldiak irauten duen bitartean adostutako lan plana gauzatzea (III. eranskina) eta egonaldia hasi eta 6 hilabetetako epean bideragarritasun plana egitea.   

Dirulaguntzaren eskaera data momentutik Jarduera Ekonomikoaren gaineko zergan hamabi hilabetetik gora daramaten enpresek, bere enpresa jardueraren tutorizazio teknikoa onartzeko konpromisoa hartzea. Beharkizun hau betetzat joko da, baldin eta tutoreak uste badu jarraitzea ez dela beharrezkoa.

Profil honetako enpresek, horrela adostuko balitz tutoretza plana bete beharko dute.

Kasu guztietan Beterri-Buruntza Ekinean ekintzailetza zerbitzutik burutuko den gainbegiraketa onartuko da.

Kabiene elkarlan gunean antolatzen diren ekintzetan partehartzea eta baita ere eskualdeko elkarkan espazio proiektuan sortzen direnetan.

Usurbilgo Udalarekiko zerga-betebeharretan, tasa eta izunen ordainketetan egunean izatea.

Elkarlanerako eremuan antolatzen diren jarduera guztietan, berdintasunaren printzipioa hartuko dute kontuan: berdintasunezko tratua eskainiko da; aukera berdintasuna; dibertsitatea eta desberdintasuna errespetatuko dira; genero ikuspegia barneratuko da; ekintza positiboa; eta sexuen araberako rol eta estereotipoak desagertuko dira. Gainera eremu honetan garatzen diren ekintza guztietan euskararen erabilera sustatuko dute, eta sexu, arraza edo jatorri etniko, erlijio edo sinesmen, minusbaliotasun, adin edo sexu-orientabidean oinarritutako diskriminazio eza bermatuko dute.

Plantilla handituz gero, kideak aukeratzeko prozesuan edo jardunean, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatuko dute.

Onuradunek beti ere, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak ezartzen dituen betebehar guztiak bete beharko dituzte.

Deialdi honetako dirulaguntzak jaso dituzten entitate onuradunek, Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen Ordenantzaren 6. artikuluak ezartzen dituen betebeharrak bete beharko dituzte.

Besteak beste, ondorengo hauek:

Dirulaguntza eskaini duen Usurbilgo Udalak egin beharreko egiaztatze-jarduketei trabarik ez jartzea, ez eta esku-hartzailetzari dagozkion finantza-kontroleko jarduketei, Herri kontuen Euskal Epaitegiaren jarduketei edota eskumen hori duten bestelako organoen jarduketei ere.

Beste administrazio edo erakunde batzuetatik (publiko nahiz pribatuetatik, estatuko nahiz nazioartekoetatik) helburu berbererako beste dirulaguntzarik jasotzen bada, dirulaguntza eskaini duen organoari horren berri ematea.

Dirulaguntza eskaintzeko garaian kontuan hartutako atalen batean aldaketarik gertatuz gero (objektiboa nahiz subjektiboa izan), dirulaguntza eskaini duen organoa aldaketa horren jakinaren gainean jartzea eta beronen onespena izatea.

Indarrean dauden xedapenen arabera Gizarte Segurantzaren eta Ogasun Publikoaren aurrean dituzten betebeharrak ezagutzea, Usurbilgo Udalak ezarritakoak barne.

4. artikulua.    Eskariak aurkezteko lekua eta dokumentazioa.

Eskaerak legezko ordezkariak edo eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu, Udalak prestatutako eskabide-eredu normalizatuan.

Eskariak aurkeztu daitezke, pertsona fisikoek presentzialki edo telematikoki, eta pertsona juridikoek soilik telematikoki.  

— Presentzialki Udaleko Erregistro Nagusian (Joxe Martin Sagardia plaza, z/g).

— Telematikoki, udalaren zerbitzu telematikoetako dirulaguntzak atalean (www.usurbil.eus).

Halaber, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen lekuetan ere aurkeztu ahal izango dira.            

Usurbilgo Udalak, Nisaeren Nodoaren bidez, beharrezkoak diren egiaztapenak eta kontsultak egingo ditu interesdunek administrazioaren esku jarri dituzten datuei buruz. Horregatik, elkarreragingarriak izan daitezkeen datuak eskatzeari utziko zaio, baldin eta interesduna datu horiek erabiltzearen aurka agertzen ez bada berariaz; kasu horretan, dagozkion datuak edo dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

Administrazio publikoen arteko datu bitartekaritzarako oinarria urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan zehazten da, non aitortzen baita herritarrek eskubidea dutela ez aurkezteko edozein administraziok egindako dokumentuak, jatorrizko dokumentuak, ezarri beharrekoa den araudiak eskatzen ez dituen datuak edo dokumentuak, edo interesdunok aurretik edozein administraziori emandakoak.               

Era berean, 40/2015 Legearen 155. artikuluak adierazten duena gogora ekarriz, administrazioek elkarri lagundu behar diote datu-trukean, eta herritarrei buruzko datuak haien esku daudenak, eman behar dituzte.

Horren ildotik, Usurbilgo Udalak honako baldintza hauek egiaztatuko ditu deialdi honetako dirulaguntza eskuratu ahaI izateko, Nisaeren, datuen eta beste administrazio batzuen bitartekaritzarako plataformaren zerbitzuen bidez:

Enpresa eskatzailearen egoera Ekonomia Jardueraren gaineko Zergan (EJZ) altari dagokiona.

Zerga betebeharrak egunean dituela.

Gizarte Segurantzako ordainketak egunean dituela.      

Gizarte Segurantzan altan egotea.

Ezin bada datuen artekaritza plataformen bidez edo hartarako gaitutako bestelako sistema elektronikoen bidez kontsulta egin, salbuespen moduan eskatu ahal izango zaio eskatzaileari dokumentazio hori aurkezteko.            

Era berean, Usurbilgo Udalak beste agiri batzuk aurkeztea eska dezake, eskaera ebaluatzeko eta erabaki bat hartzeko beharrezkotzat jotzen badu.         

Beste alde, eskatzailea Usurbilen edo Beterri-Buruntza eskualdeko gainerako herrietan erroldatuta dagoen egiaztatuko da.          

Dirulaguntza eskaera egiteko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

1.    Eskabide-orria, zinpeko aitorpena eta idatzizko konpromisoa (I. eranskina).

2.    Proiektuko sustatzaileen Nortasun agiriaren kopia.      

3.    Proiektuko sustatzaileen Curriculum Vitaeak.

4.    Berdintasunaren alorrean eginiko prestakuntza ekintzen egiaztagiriak, buruturiko ordu kopuruen zehaztapenarekin.

5.    Banketxe edo aurrezki erakunde batek emandako agiria, non eskaera egin duena kontu korronte baten titularra dela ziurtatzen den.

6.    Enpresa proiektu berri bat garatzen ari direnak, gehinez ere eskaera datatik kontatzen hasita Jarduera Ekonomikoaren gaineko zergan aurreko hamabi hilabetetan alta emanda daudenek, negozio ideiaren proiektua (II. eranskina) eta Lan plana, Beterri-Buruntza ekinean zerbitzuarekin adostua, non aurreikusitako jarduerak, lortu nahi diren helburuak eta egutegia zehaztu beharko bai dira (III. eranskina).

7.    Dirulaguntzaren eskaera data momentutik, Jarduera Ekonomikoaren gaineko zergan hamabi hilabetetik gora daramaten enpresek, enpresaren deskribapen laburra eta tutorizazioaren onartzea edo salbuestea Beterri-Buruntza ekinean zerbitzuarekin adostua (IV. eranskina).

5. artikulua.    Epeak.

Eskaerak aurkezteko epea iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko irailaren 30ean amaituko da.           

Ebazpenak bi epetan emango dira, 6. artikuluan zehazten den ebazpen prozedura jarraituz:

Lehen ebazpena: 2022ko maiatzaren 31 arte aurkeztu dituzten eskariena.

Bigarren ebazpena: 2022eko irailaren 30 arte aurkeztu dituzten eskariena.

Aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago edo oinarrietako baldintzaren bat betetzen ez badu, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzendu ditzan edo dagokion dokumentazioa gehitu dezan. Eta jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoetako Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, horretarako ebazpena 21. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.    

6. artikulua.    Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbateko osoak ez du gaindituko ondorengo partidan azaltzen den diru izendapena.

Gastua aurrekontu-partida honen kargura joango da 1.5000.
481.241.00.03.

4.500,00 € ezartzen dira horretarako. Bekaren gehieneko zenbatekoa 1.089,00 €koa izango da, beti ere ekintzaileak 12 hilabetetako erabilera izaten badu Kabienen.     

Orokorrean, dirulaguntzaren zenbatekoa, 12 hilabetetako alokairu gastua (75 €/hileko), eta honi dagokion % 21eko BEZ-a (15,75 €/hileko) izango da.

Hala ere, hastapenetan daudenak eta gehienez ere bekaren eskaera datatik kontatzen hasita Jardueraren gaineko zergan aurreko hamabi hilabetetan alta emanda zeudenak, urtebetez luzatzeko eskaera burutzeko aukera izango dute, lehenengo urteko zenbateko berdinarekin.

Alabaina, jasotako eskabideen kopuruak eta zenbatekoak ezarritako baliabide ekonomikoak gaindituko balitu, Usurbilgo Udalak zenbateko hori handitu ahal izango du, bere finantza-aukeren arabera.

Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak ez dira bateragarri izango beste edozein erakunde publikok helburu berarekin ematen dituenekin.

7. artikulua.    Prozedura.

Hautatze eta jarraipen batzorde bat eratuko da Kabiene elkartea, Beterri-Buruntza Ekinean zerbitzua, Siadeco eta Garapen eta Hezkuntza saileko teknikariaren artean. Hauek arduratuko dira eskabideak aztertu eta ebaluatzeaz, Ekinean zerbitzuko teknikariak txostena egin ondoren.             

Hautatze eta jarraipen batzordeak dirulaguntza eskariak baloratu ondoren, arloko teknikariak txostena egin eta Garapen eta Hezkuntza batzordera eramango du, honek txostena kontutan hartuta bere iritzia eman dezan. Ondoren, Diru-laguntzen Batzorde Orokorrak ebazpen proposamena egingo du.

Jarraian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da ebazpen proposamenaren inguruko iragarkia eta interesatuak 10 eguneko epea izango du alegazioak aurkezteko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratzen den biharamunetik kontatzen hasita.

Azkenik, Tokiko Gobernu Batzarrak emango du diru-laguntzei buruzko behin betiko ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaria aurkezteko epea amaitzen den egunetik zenbatzen hasita.

Behin betiko ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Aipaturiko epea igaro ondoren ebazpenik eman ezean, ulertu behar da eskaria gaitzetsi egin dela, gerora egin daitekeen ebazpenaren kaltetan izan gabe.

Udaleko iragarki taulan eta www.usurbil.eus web orrian ere behin behineko proposamenaren eta behin betiko ebazpenaren berri emango da.

8. artikulua.    Dirulaguntzaren Batzorde Orokorra.

Diru-laguntzen Batzorde Orokorra modu honetara osatuko da:

Udalean dirulaguntzak banatzen dituen Batzorde bakoitzeko lehendakaria eta teknikaria.

Alkatea.

Udal idazkaria.

Udal kontuhartzailea.

Batzordeko kideren batek berdintasun printzipioa betetzen dela bermatu beharko du.

Dirulaguntza Batzorde Orokorraren funtzioak, besteak beste, hauek izango dira:

Udal dirulaguntzak banatzeko irizpideak bateratzea.     

Diru-laguntzen legezkotasuna bermatzea.

Dirulaguntza bikoizketak ekiditea.

9. artikulua.    Baloratzeko irizpideak.

Dirulaguntzak ematekoan proiektuak hartuko dira kontuan, ondoko irizpideen arabera:

Jardueraren nahiz enpresa Kudeaketaren inguruko prestakuntza teknikoa: 15 puntu arte.

Jardueraren inguruko esperientzia profesionala: 10 puntu.          

Proiektuaren koherentzia maila, sustatzaileen profila eta merkatuarekiko: 15 puntu.

Berrikuntza (eskainitako zerbitzuarekiko, bezeroarekiko interakzioarekiko…) eta inpaktu soziala (bokazio eraldatzailea, ikuspegi soziala, ingurumen ikuspegia, elkarlan ikuspegia…): 10 puntu.

Kabienen aurkitzen diren eskaintza osatu eta aberasten duen proiektua izatea, lehendik ez dagoen jarduera batean oinarritutako negozioa delako edota lehendik dagoenarekiko osagarria delako: 10 puntu.

Gehienez ere eskaera datatik kontatzen hasita aurreko hamabi hilabetetan Jardueraren gaineko zergan alta emanda daudenak 10 puntu eta gehienez ere hogeita hamasei hilabeteetan alta emanda daudenei: 5 puntu.

Usurbilen erroldatua: 10 puntu eta eskualdeko herri batean erroldatua: 5 puntu.

Proiektuaren sustatzaileak emakumeak badira: 10 puntu.            

Euskaraz lan egiteko sustatzaileen gaitasuna: 10 puntu.               

Berdintasun gaien inguruan egindako prestakuntzaren balorazioa: Gehienezko puntuazioa 3 puntu.

51 ikastordutik 99ra bitarteko ikastaroak: 0,5 puntu.

100 ordutik gorako ikastaroak: Puntu 1.

2005eko Gizonen eta Emakumeen Arteko Berdintasunerako Legea aintzakotzat hartuta, dirulaguntzak ematekoan kontuan izango da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko konpromiso maila, bai zuzendaritzari begira, bai egiteko asmoa duten jarduerei begira. Hiru ikuspuntutik egiten da balorazio berezi hau: sexu rolak eta estereotipoak hausten laguntzen duten ekimenak; emakumeen ahalduntzea eta autonomia sustatzen duten ekimenak; emakumeen kontrako indarkeriaren inguruan sentsibilizazio edo prebentzio ekimenak: 7 puntu.

Proiektuak dirulaguntza izateko, gutxienez 50 puntu eskuratu beharko dira.

10. artikulua.    Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza eman dela jakinarazi bezain laster, dirulaguntzaren % 80a ordainduko da, eta honetarako ez zaie inongo bermerik eskatuko onuradunei.

Gainerako % 20a ordainduko da 11. artikuluan zehazten den memoria aurkezten denean eta baita ere Kabieneko erabilerari dagozkion faktura agiriak. Eta kontuan izango dira, halaber, Ordenantzaren 12. artikuluan aipatzen diren aspektu guztiak.

11. artikulua.    Dirulaguntza justifikatzea.

Dirulaguntza justifikatzeko, entitate edo pertsona onuradunak jarraian zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko du, erabilera amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean. 

a)    Enpresa proiektu berri bat garatu dutenek, burututako jarduerak eta lortutako emaitzak zehazten dituen memoria sinatua (V. eranskina).

b)    Kasu guztietan, alokairuari dagozkion ordainagiri originalak edo fotokopia konpultsatuak.

12. artikulua.    Dirua itzultzea.

Deialdi honetako 11. artikuluaren b) paragrafoak ezartzen duena betez, dirulaguntza eman deneko jardueraren gastuaren aurrekontuari dagokion gastua justifikatzen ez bada, dirulaguntza osoa edo zati bat eta dagokion berandutze-interesa itzuli beharko da, halaxe ezartzen baitu Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen Ordenantzaren bereko 15. artikuluak eta, beti ere, Ordenantza bereko 16. artikuluak arautzen duen prozedura jarraituz.

13. artikulua.    Araudi osagarria.

Deialdi honek ezartzen ez duenari dagokionez, aintzat hartuko da Usurbilgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen Ordenantzak ezartzen duena, Usurbilgo Udalaren Diru-laguntzen 2020-2022 plan estrategikoak jasotakoa eta Herri Administrazioetako Dirulaguntzak arautzen dituen 38/2003 Legearen xedapenak.