GIPUZKOAKO FORU
ALDUNDIA
INGURUMENEKO ETA OBRA
HIDRAULIKOETAKO DEPARTAMENTUA
Oinarri arautzaileak,
«Enpresen erronka klima-aldaketaren aurkako borrokan, ekonomia zirkularra
sustatuz» izeneko programaren sariak emateko.
Diputatuen Kontseiluak,
2022ko otsailaren 8ko bileran, ondoko erabakia hartu zuen:
«Ingurumen Zuzendaritza
Nagusiak bere helburuen artean du ekonomia zirkularra sustatzea, lurraldeko
enpresa eta gizarte ehunarekin lankidetzan. Horrela dago ezarrita, bai Gipuzkoako
Klima Aldaketaren Aurkako Borroka Estrategia 2050 izenekoan (GKAABE-2050) (6.3.
jarduera ildoa), bai Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan
Orokorrean (BIR-5, BIR-6 eta BAL-1 ekintzak). Ekintza horietan ezarrita dago,
aldi berean, Zuzendaritza Nagusiak bere jarduera gauzatzeko hauen laguntza
izango duela: alde batetik, Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren
Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa erakundearen laguntza,
eta, bestetik, GK Recycling klusterraren laguntza. Azken erakunde hori
berrerabilpenaren eta birziklapenaren arloko erakunde laguntzailea da, eta
bertan daude ordezkatuta 51 eragile, horien artean enpresak, elkarteak,
fundazioak, unibertsitate eta teknologia-zentroak eta ingurumen aholkularitzak
eta ingeniaritzak. Gainera, eragile horietako batzuk erreferentziazkoak
dira sektorean, eta jardunbide egokien adibide dira praktika zirkularraren
aplikazioei eta berrikuntzari dagokienez.
Diputatuen Kontseiluak
2019ko azaroaren 12ko bilkuran onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren
2020-2023 Plan Estrategikoa. Bertan, 48. helburu estrategiko gisa hau dago
ezarrita: «Gipuzkoarako ekonomia % 100 zirkularra sustatzea 2050erako». 51
helburuak, berriz, honako hau dio: «Klima Aldaketaren aurkako Borroka Estrategia
2050 sustatzea (Gipuzkoa Klima, Naturklima)».
Gipuzkoako
Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa
foru fundazio publikoa da, eta haren xedea da Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari
laguntza ematea GKAABE-2050 estrategia garatzeko orduan. Horretarako, klima
aldaketa behatuko dute eta jarraipena egingo diote Gipuzkoan, eta ekonomia
zirkularra eta energia trantsizioa oinarri duten programak sustatuko dituzte.
Modu horretan, klima aldaketaren eraginei aurre egiteko erakundeen gaitasuna
eta gaitasun teknikoa eta soziala bideratuko dute, eta trantsizio ekologikoa
modu eraginkorrean gertatzeko beharrezkoa den eko-berrikuntza sustatu eta
bizkortuko dute.
Trantsizio
sozio-ekologiko horretan, ekonomia zirkularrean oinarritzen diren proiektuak
sustatu eta bizkortu nahi dira enpresetan eta industrian. Proiektu horiei
esker, enpresa horiek lehengaien kontsumoa murriztu ahal izango dute (eta,
ondorioz, lurraldeko enpresen ingurumen eragina eta klima eragina murriztu
egingo da eta lehiakortasuna igo), eta, horrez gain, enpresa horien barneko eta
kanpoko berrikuntza eta ekintzailetza gehiago sustatuko da. Ekonomia
Zirkularra Euskadiko Industrian Diagnosi Txostenak (Ihobe, 2018) aditzera
ematen duen bezala, Euskadiko industria arloan jardunbide zirkular egokiak ezartzearen
ondorioz lehengaiak % 6 aurrez daitezkeela kalkulatzen da, eta horrek 2.000
milioi euroko kopurua esan nahi du dirutan. Kontuan izaten badugu baliabideak
erauztea eta kontsumitzea eta ondoren horiek hondakin gisa botatzea dela
klima aldaketaren eta sistema naturalen gorabeheren erantzule garrantzitsuenetako
bat, eragin horien aurka egiteko gakoa da ekonomia zirkularreko jarduerak eta
proiektuak sustatzea enpresa eta industria sektorean.
Horregatik
guztiagatik, eta ekonomia zirkularraren arloan etorkizunean tokiko
eko-merkatuan eragina izango duten zerbitzuak eta produktuak pentsatzera
eta bultzatzera bideratutako enpresa-interesa pizteko eta erakartzeko,
Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak eta Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren
Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa erakundeak «Enpresen
Erronka Klima-Aldaketaren Aurkako Borrokan, Ekonomia Zirkularra Sustatuz»
sarien 1 eta 2. edizioa deitu zuten 2020 eta 2021ean (56 eta 104 Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 2020an, eta 74 eta
84 Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala,
2021ean). Deialdi horien ostean, 2022an «Enpresen Erronka Klima-Aldaketaren
Aurkako Borrokan, Ekonomia Zirkularra Sustatuz» sarien 3. edizioa proposatzen
da. Abiapuntutzat 2021eko oinarri arautzaileen dokumentua hartuta, baina
aurreko edizioan identifikatutako hobekuntza bat txertatuz, hau da,
proiektuak ebaluatzeko irizpideak guztira 4 bloketan multzokatzea eta,
horrekin batera, puntuak banatzea.
Erabaki
proposamenean jasotako dirulaguntzek ez dute estatu laguntza izaera Europar
Batasuneko Funtzionamendu Itunean 107 artikuluko 1 apartatuan xedatutako
moduan.
Azaroaren 17ko
38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 16. xedapen gehigarriak ezartzen
duenaren arabera, Diputatuen Kontseiluaren eskumena da sari hauek emateko
oinarri arautzaileak onartzea, halaber, emakida aurretiaz baimentzea, itzulketa
eskatzetik eta zehapenak ezartzetik eratorritako eginkizunak, kontrol-eginkizunak
eta administrazio-ahalak baliatzea dakarten gainerako eginkizunak.
Ondorioz, azaldutako
guztiagatik, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuko foru
diputatuak proposatuta, eta gaiaz hitz egin ondoren, Diputatuen Kontseilu
honek
ERABAKITZEN DU
Lehenengo. Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio
Climático de Gipuzkoa erakundea baimentzea sari hauek emateko: «Enpresen
erronka klima-aldaketaren aurkako borrokan, ekonomia zirkularra sustatuz»
programako sarien 3. edizioa.
Bigarren. Oinarri arautzaileak onartzea Gipuzkoako Aldaketa
Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa erakundeak
emango dituen «Enpresen erronka klima-aldaketaren aurkako borrokan, ekonomia
zirkularra sustatuz» izeneko programaren sariak emateko. Oinarri horiek erabaki
honekin batera doaz eranskin gisa.
Hirugarren. Ahalmena ematea Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra
Hidraulikoetako Departamentuko foru diputatuari, emakida aurretiaz baimentzeko,
itzulketa eskatzetik eta zehapenak ezartzetik eratorritako eginkizunak
burutzeko, eta baita kontrol-eginkizunak eta administrazio-ahalak baliatzea
dakarten gainerako eginkizunak ere.
Erabaki hau behin
betikoa da eta administrazio bidea amaitzen du. Nahi izanez gero,
administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek Donostian
dauden Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean,
erabaki hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hala ere, aukera
dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko
Diputatuen Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, erabakia argitaratu eta
hurrengo egunetik aurrera. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko
auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko
ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Hori horrela izanik, egoki iritzitako
beste edozein errekurtso ere aurkez daiteke.»
Hau guztia denen
jakinaren gainean jartzen da.
Donostia, 2022ko
otsailaren 9a.—Alberto Arana Rod, idazkari teknikoa. (823)
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak,
«Enpresen erronka klima-aldaketaren aurkako borrokan, ekonomia zirkularra
sustatuz» izeneko programaren sariak emateko lehiaketa publikoa arautzeko.
1. Xedea.
Oinarri hauen xedea
da «Enpresen erronka klima-aldaketaren aurkako borrokan, ekonomia zirkularra
sustatuz» izeneko programaren sariak emateko baldintzak arautzea.
2. Parte-hartzaileak eta baldintzak.
Deialdia hauei
zuzenduta dago:
— Proiektua Gipuzkoako Lurralde Historikoan garatzen duten pertsona
fisikoak edo pertsona fisikoen taldeak, ekonomia zirkularraren sektorean
negozio berritzailearen ideia dutenak eta beren negozio ideia baliozkotzeko
eta hari ekiteko interesa dutenak.
— Ekonomia zirkularraren sektorean lan egiten duten Gipuzkoako
Lurralde Historikoko ETEak, hau da, berreskuratze, birziklapen eta
berrerabilpenaren arloan lan egiten dutenak.
— Aurreko taldean ez dauden Gipuzkoako Lurralde Historikoko
ETEak, beren erronkak edo arazoak konpondu nahi dituztenak ekonomia
zirkularrean oinarrituriko neurrien edo soluzioen bidez.
ETEen definizioa
Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren (EB) I. eranskinean
jasota dago.
Erakunde horiek
ezingo dute egon Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren
27ko 3/2007 Foru Arauaren 12. artikuluan onuradun izateko aurreikusitako
debekuetako batean ere.
3. Proposamenak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea izango da aurtengo deialdian ezartzen
dena. Epea kontatzen hasiko da deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.
Eskaerak internet
bidez aurkezteko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez
egingo da (https://egoitza.
gipuzkoa.eus), eta horretarako bereziki gaituriko inprimakia bete beharko da.
2. Nortasunik gabeko pertsona fisikoen taldeen kasuan, eskabidean
eta dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz jaso beharko dira elkarteko kide
bakoitzak proiektua gauzatzeko hartutako konpromisoak, bai eta bakoitzari
aplikatu beharreko sariaren zenbatekoa ere, hori ere pertsona onuraduntzat
hartuko baita. Nolanahi ere, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu
beharko da, nahikoa ahal duena taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko.
Taldea ezingo da desegin harik eta martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 37.
eta 54. artikuluetan aurreikusitako preskripzio epea igaro arte.
3. Eskaera bakarra aurkeztuko da, eta eskaera horrekin batera
aurkeztu behar da deialdian ezartzen den dokumentazioa. Dokumentazio hori
sartuko da aplikazio informatikoan, erantsitako dokumentu gisa.
4. Sariak.
3 Proposamenik
sendoenak hauek jasoko dituzte:
— Zuzeneko saria eskudirutan, 15.000 eurokoa.
— Hornituriko informatikako gunea eta tokia Gipuzkoako Aldaketa
Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa erakundeko
ekonomia zirkularraren hub-ean, fundazioan eskuragarri dauden zerbitzuetarako
sarbidearekin batera: erreprografia, komunikazioak, internet, etab., proiektua
gauzatzeko.
Zuzkidurari atxikipen
ekonomikoa egingo zaio, Gipuzkoako Lurralde Historikoan indarrean dagoen
araudiak ezartzen duenaren arabera.
Sariaren helburua
izango da enpresak proiektua edo proposamena ezartzea bere instalazioetan.
Gainera, hornituriko laneko gune bat izango du (informatikako gune bat), Gipuzkoako
Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa/Fundación Cambio Climático de Gipuzkoa
fundazioko egoitzan bertan dagoen ekonomia zirkularreko hub-ean (Miramon
Parke Teknologikoa), proiektua gauzatzen den bitartean.
5. Ebaluazio batzordea.
Ebaluazio batzorde
bat izendatuko da:
— ETEek aurkezturiko
proposamenak baloratzeko, bai erronka, bai proposaturiko soluzioa.
— Batzorde hori
osatuko dute Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio
Climático de Gipuzkoa erakundeko talde teknikoak eta Gipuzkoako Foru
Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuko Ingurumen
Zuzendaritza Nagusiko teknikariek.
Batzordeak erabaki
dezake sariak eman gabe uztea, hautagaiek ez badute eskatzen den kalitaterik.
Hori behar bezala arrazoitu beharko da.
6. Instrukzioa.
Sari horiek emateko
prozeduraren instrukzioa Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren
Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa erakundeko talde
teknikoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra
Hidraulikoetako Departamentuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko teknikariek
egingo dute.
Ofizioz egingo dira
ebazpen proposamena egiteko erabili behar diren datuak zehazteko, ezagutzeko
eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen diren jarduketa guztiak.
7. Sariak ematea.
Sariak emateko
prozedura lehia izango da, Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren
Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa fundazioaren patronatuak
eginiko deialdiaren bidez.
Gipuzkoako
Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa
fundazioko patronatuaren deialdian hainbat gai zehaztuko dira: aurkezteko epea,
aurkeztu beharreko dokumentazioa, ebaluazio batzordearen osaketa eta
aurrekontu kredituak.
Aukeraketa egiteko
printzipio hauek hartuko dira aintzat: publizitatea, gardentasuna, lehia,
objektibotasuna, berdintasuna, koherentzia eta diskriminaziorik eza.
Ebaluazio batzordeak
balorazio irizpide hauek hartuko ditu kontuan aurkezturiko proiektuak ebaluatzerakoan:
— Berrikuntza
zirkularra (40 puntu bitarte).
Planteatzen den
erronkari irtenbidea emateko gaitasuna, proposamenaren alderdi teknikoak
zehaztuz (kalitatea eta bideragarritasun teknikoa) eta horrek dituen ezaugarri
bereizleak zehaztuz.
Halaber, proiektuak
ekonomia zirkularraren printzipioekin duen garrantzia eta lotura ebaluatuko
da, eta ekintzak lehenetsiko dira Europako hondakinen hierarkian (2008/98/EE
Zuzentaraua) ezarritako irizpideen arabera:
— Prebentzioa.
— Berrerabiltzea.
— Birziklatzea.
— Balorizazioa
(energiaren antzeko helburuetarako).
— Ezabatzea.
Ekodiseinuko
ekimenak eta proiektuak hondakinen prebentzioaren kategorian sartuko dira.
Irizpide honen
arabera, enpresen arteko lankidetza ere baloratuko da, hau da, hainbat
eragilek batera egiten dituzten proiektuen proposamenak. Azken alderdi honi
gehienez 3 puntu emango zaizkio.
— Negozio eredua eta
bideragarritasun ekonomikoa (20 puntu bitarte).
Enpresa-ereduaren
kalitatea eta koherentzia bere balio-proposamena monetizatzeko (nola lortzen
duen itzulkin ekonomikoa), eta argi eta garbi identifikatzea beharrezko
baliabideak, gastuen egitura eta diru-sarreren iturriak, bideragarria eta
ekonomikoki jasangarria izan dadin.
— Ekintzaileen
taldea eta orientazioa (20 puntu bitarte).
Talde ekintzailearen
kualifikazioa (sektorean esperientzia izatea, trebetasunen oreka, profil
ekintzailea, merkatuaren ezagutza, lidergo-gaitasuna, proiektua aurrera
eramateko motibazioa), eta talentu ekintzailea negozioaren ideia garatzeko
zenbateraino sartu eta dedikatu den. ETEen kasuan, enplegatuek ideia berriaren
garapenean zuzenean parte hartzea baloratuko da, bereziki proposamena
enplegatuengandik berengandik etorriko balitz, eta lanpostu berriak sortzea,
ETEtik kanpoko pertsona ekintzaileak sartuz ideia garatzeko.
— Lurraldean duen
eragina (20 puntu bitarte).
Proiektuaren eragina
eta onurak Gipuzkoako Lurralde Historikoan, ingurumenari (klima-aldaketaren
aurkako borroka), gizarteari eta ekonomiari dagokienez.
Saria emateari edo,
hala badagokio, saria ez emateari buruzko erabakia Gipuzkoako Aldaketa
Klimatikoaren Fundazioa/Fundación Cambio Climático de Gipuzkoa Fundazioaren
patronatuari dagokio, eta Gipuzkoako
Aldizkari Ofizialean eta beste hedabide batzuetan emango da argitara.
Ebazpena emateko eta
argitaratzeko edo jakinarazteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da,
eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita.
8. Sariak ordaintzea.
Sarien zenbateko
ekonomikoa ordainduko zaie enpresa onuradunei, saria emateari buruzko erabakia
jakinarazi eta berehala, betiere deialdiaren ekitaldian barrena. Saria ETE
interesdunaren izenean dagoen bankuko kontuan ordainduko da, eta indarreko
araudiak ezarritako atxikipena egingo zaio.
9. Proiektuaren garapena.
Sariak eskuratzen
dituzten erakundeek 9 hilabeteko epea izango dute beren instalazioetan
proiektua garatzeko. Horretarako, beren baliabide propioak eta azpiegitura
edukitzeaz gain, Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de
Cambio Climático de Gipuzkoa fundazioaren laguntza ere izango dute, lanerako
gune bat izango baitute fundazioaren egoitzan, eta hango zerbitzutarako
sarbidea.
9 hilabeteko epe
horretan, enpresek harreman estua izango dute Gipuzkoako Aldaketa
Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa
fundazioarekin, eta 3 hilabetean behin txosten labur bat egingo dute
proiektuaren egoeraren berri emateko.
Erronkei emaniko
soluzioek ez dute zertan oinarri teknologikodunak bakarrik izan beharrik, eta,
era berean, helburu bakarra ere ez da originaltasuna. Soluzio horiek enpresak
duen erronka konpondu behar dute, eta errepikagarriak izan behar dira arazo
berak dituzten sektoreko beste enpresa batzuetan.
10. Zabalkuntza eta publizitatea, eta jabetza intelektualaren
eskubideak.
Gipuzkoako
Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa
fundazioak eta deialdiaren ebaluazio batzordeak hitza ematen dute
aurkezturiko hautagaien konfidentzialtasuna bermatuko dutela prozesu osoan
barrena.
Parte-hartzaileek
oinarri arautzaile hauek onartzeak dakar Gipuzkoako Aldaketa
Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa fundazioak
publizitate eta zabalkuntzaren arloko jarduerak egiteko baimena izatea,
soilik deialdiarekin loturiko informazioari dagokionez.
Proiektuaren
eskubideak eta haren edukiak, ETEan ezartzeko fasean garatu direnak, enpresa
bakoitzarenak izango dira. Hala ere, horiek, gainera, lorturiko emaitzak
zabaltzeko lanak ere egin ditzakete.
Sarituak izan direla
iragar dezakete saria jaso dutenek, egoera hori adieraziz idazpuru, iragarki
eta memorietan. Era berean, sariak jaso izana zabaldu edo argitara dezakete
edozein komunikabidetan.
11. Datu pertsonalak tratatu eta babestea.
Abenduaren 5eko
3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak
bermatzeari buruzkoa betez, jakinarazten da datu horiek tratatzearen
arduraduna Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio
Climático de Gipuzkoa fundazioa dela, eta datu horiek tratatuko direla
helburu hauekin: modu administratiboan kudeatzea lehiaketa honen fase
guztiak, bai eta dagozkion sariak ematea ere, egonaldia Gipuzkoako Aldaketa
Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa
fundazioaren egoitzan, eta lehiaketarekin loturiko komunikazio, informazio eta
sustapeneko gainerako eginkizunak, oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako
baldintzak betez.
Informazio hori Gipuzkoako
Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa
fundazioak tratatu eta gordeko du, legez eska daitezkeen segurtasun neurrien
bidez. Segurtasun neurri horiek teknikoak eta antolaketari dagozkionak izango
dira, eta informazioaren segurtasuna bermatuko dute, hau da, bermatuko dute
informazio hori ez aldatzea, ez galtzea, edo baimenik gabe ez tratatzea edo
eskuratzea. Teknologiaren egoeraren eta datuen izaeraren arabera eta datuek
izan ditzaketen arriskuen arabera tratatu eta gordeko da informazioa.
Gipuzkoako
Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa
fundazioak datuak gordeko ditu lehiaketako partaidetza kudeatzeko
beharrezkoa den denboran. Ez dizkie datu horiek hirugarren batzuei
jakinaraziko.
Interesdunek datuak
eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko edo datuen eramangarritasunerako
aurreikusten diren eskubideak gauza ditzakete, eta, era berean, datuak tratatzea
mugatzeko edo datuak tratatzearen kontra egiteko eskubidea ere, eskaera
bat zuzenduz Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio
Climático de Gipuzkoa erakundera, deialdiaren oinarrietan adierazitako
edozein bide erabiliz (aurrez-aurrekoak edo digitalak).
12. Informazio osagarria.
Informazio gehiago
nahi izanez gero edo deialdiari buruzko zalantzak argitzeko Gipuzkoako
Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa/Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa
fundazioari zuzenean galde dakioke:
Gipuzkoako
Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa / Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa
(Naturklima).
Mikeletegi
Pasealekua, 65 - B2 eraikina. 0 Solairua. 20009 Donostia.
Ordutegia:
Astelehenetik ostiralera, 8:00etatik - 15:30era.
Posta elektronikoa:
m.iglesias@naturklima.eus.
Telefonoa:
943.005.085.
Web:
https://www.naturklima.eus/
13. Araubide juridiko aplikagarria.
Oinarri hauetan
aurreikusitakoaz gain, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei
buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Araua aplikatuko da.
Oinarri hauetan
araututako sariak ez dira estatuko laguntzak Europar Batasunaren Funtzionamenduari
buruzko Itunak 107. artikuluko 1. puntuan xedatutakoaren arabera, estatu
kideen arteko merkataritza trukatzeei ez baitiete eragiten. Izan ere, diruz
lagundu daitezkeen jarduerek tokiko izaera nabarmena daukate eta laguntza
horien onuradunak tokiko erakundeak izango dira, euren eskumen propio eta
legitimoen barruan, interes orokorrean oinarritu behar dira.