2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

EKONOMIA SUSTAPENEKO, TURISMOKO
ETA LANDA INGURUNEKO DEPARTAMENTUA

Gipuzkoako Lurralde Historikoko landa bideetarako diru laguntzen 2022ko deialdia.

Diputatuen Kontseiluak 2022ko urtarrilaren 25eko bileran honako erabakia hartu du:

Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalek eta tokiko entitate txikiek gabezia handiak pairatzen dituzte landa azpiegituretan, eta horien artean daude landa bideak. Oro har, entitate horiek zailtasun handiak dituzte beren aurrekontuetatik azpiegitura horien eraikuntza eta kontserbaziorako inbertsioei aurre egiteko. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak, obra horiek finantzatzeko dirulaguntzak eman izan ditu.       


Diputatuen Kontseiluak, 2021eko otsailaren 16ko erabakiaren bidez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko landa bideetarako dirulaguntzen oinarri arautzaileak onetsi zituen. Erabaki honen bidez laguntza horien 2022ko deialdia onartzen da.

Horretarako, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren aurtengo aurrekontuetan 1.300.000,00 euro daude jasota.             

Dirulaguntza lerro hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020-2023 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago.             

Hori horrela, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuak proposatuta, eta eztabaidatu ondoren, Diputatuen Kontseiluak

ERABAKITZEN DU

Lehenengo.    Onestea Gipuzkoako Lurralde Historikoko landa bideetarako diru laguntzen 2022eko deialdia erabaki honen eranskinean jaso dena.

Bigarren.    Deialdirako 1.300.000,00 euroko gastua baimentzea, kontu sail hauen kargura: 1.0440.400.761.01.03.2022 (1.100.000,00 €) eta 5.0440.400.761.01.03.2023 (200.000,00 €). 

Baimendutako gastua handitu ahal izango du aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena esleituta duen organoak, dirulaguntza ematea ebatzi baino lehen. Dena den, horrek ez du beste deialdi bat egitea ekarriko.      

Erabaki hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Erabaki honen aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, Donostiako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, argitaratu eta biharamunetik hasita BI hilabeteko epean. Bide hori erabili aurretik, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete partikularrek Diputatuen Kontseiluari, aipatutako egunetik hasita hilabeteko epean. Dena dela, egokitzat hartutako beste edozein ere aurkez daiteke.       

Donostia, 2022ko urtarrilaren 25a.—Segundo Díez Molinero, idazkari teknikoa.           (527)

ERANSKINA

Gipuzkoako Lurralde Historikoko landa bideetarako dirulaguntzak (2022ko deialdia).

1.    Oinarri arautzaileak.

Deialdi honetako dirulaguntzen oinarri arautzaileak Diputatuen Kontseiluaren 2021eko otsailaren 16ko erabakiaren bidez onetsi ziren (otsailaren 22ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 34 zk.).

2.    Baldintzak eta onuradunak.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalek eta tokiko erakunde txikiek (landa bideen titularrak edo bideen erabilera publikoa egiaztatzen dutenak), jaso ahalko dituzte oinarri hauetan erregulatutako laguntzak, baldin eta betetzen badute, martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 12. artikuluan, onuradun izaera lortzeko ezein debekurik ez izateko ezarritako betebeharra.        

Erakundeak erantzukizuneko aitorpena egingo du onuradun izaera lortzeko ezinbesteko baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko.

3.    Dirulaguntzen xedea.

Diruz lagundu daitezkeen jarduketak 1.2 oinarri arautzailean adierazitakoak dira:

Landa bide berriak egitea, lehenengo asfaltatzea edo hormigonatzea.

— Nekazaritza ustiategietara doazen landa bideak konpontzea, egokitzea eta hobetzea.

— Landa bideak eta nekazaritza ustiategietarako sarrerak seinaleztatzea.

Subentziona daitezkeen gastuak 1.3 oinarri arautzailean aurreikusitakoak dira, 1.4 oinarrian adierazitakoak baztertuta izanik.

2022ko deialdian, diruz lagunduko diren proiektuetarako ezartzen den gutxieneko inbertsioa (aurrekontua) 4.000 euro da.

4.    Aurrekontu kredituak.

Deialdi honetarako aurrekontu zuzkidura guztira 1.300.000,00 eurokoa da, 1.0440.400.761.01.03.2022 (1.100.000,00 €) eta 5.0440.400.761.01.03.2023 (200.000,00 €) kontu sailen kargura.

5.    Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

Eskaerak, ezarritako dokumentazioarekin batera, Internet bidez aurkeztuko dira nahitaez, Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza elektronikoaren (https://egoitza.gipuzkoa.eus) bitartez, dirulaguntzen atarian sartu (sinadura elektronikoaren edo pasahitzaren bidez) eta ondorio hauetarako bertan eskuragarri jarritako berariazko inprimakia erabiliz. Eskaerak eta dokumentazio osagarria aurkezterakoan foru dekretu hau bete behar da: irailaren 28ko 23/2010 Foru Dekretua, Foru Administrazioan baliabide elektronikoen erabilera arautzen duena.  

Deialdiaren informazioa eta eskaera orri normalizatuak eskuragarri egongo dira egoitza elektronikoan (https://egoitza.gipuzkoa.eus).

2022ko deialdian landa bideetarako inbertsioak finantzatzeko laguntza eskaerak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean deialdia argitaratzen den egunetik 20 laneguneko epean aurkeztu beharko dira.

3.3. oinarri arautzailean aurreikusitakoarekin bat etorriz, salbuespenez, eskaerak aurkezteko ezarritako epea irekita mantenduko da, deialdia ebatzi arte, eskaeren xedea denean aipatu epea amaitu ondoren gertatutako aparteko euriteek edo beste hondamendi naturalek bidean eragindako egiturazko kalteak konpontzea, eta konponketa horiek premiazkoak direnean erabiltzaileentzako arriskua dagoelako.               

6.    Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

*  Eskaera, Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza elektronikoan (https://egoitza.gipuzkoa.eus) eskuragarri jarritako berariazko inprimakiaren arabera; bertan jasoko dira, alde batetik, erantzukizuneko adierazpena –martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 12. artikuluan ezarritako onuradun izaera lortzeko ezein debekurik ez izatearena–; eta bestetik, dirulaguntza jaso gabe geratutako inbertsio zatia entitateak finantzatzeko konpromisoa. 

*  Entitate eskatzailearen ziurtagiria, non egiaztatzen den bidea udal titularitatekoa edo erabilera publikokoa dela.

*  Proiektua, nahikoa lege ahalmen duen teknikari eskudunak idatzitakoa eta banan-banan dokumentu hauek jasoko dituena:

— Memoria.

— Aurrekontua.

— Planoa/k, bidearen geolokalizazioa barne.

— Kasua bada, baldintza teknikoen agiria.

7.    Argitalpena.

Urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 45.1.b) artikuluan ezarritakoari jarraituz, dirulaguntzei buruzko ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek banakako jakinarazpena ordeztuko du; eta jakinarazpena egintzat hartuko da lege ondorio guztietarako argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.