GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
GIZARTE POLITIKETAKO DEPARTAMENTUA
509/2021 Foru Agindua, urriaren 4koa, erabakitzen
duena Gipuzkoako Boluntarioen 2021eko Sarien deialdia.
Foru Diputatuen Kontseiluak, 2014ko
urriaren 14an egindako batzarraldian, Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria
emateko oinarri arautzaileak onetsi zituen.
12. oinarriak
Gizarte Politiketako Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen dio
urtero Gipuzkoako boluntariotzaren saria onartzeko, baldin eta ez badira
aldaketak egiten oinarrietan.
Hori horrela, Gizarte Politiketako foru
diputatu honek
ERABAKI DU
Lehenengo. Gipuzkoako Boluntarioen 2021eko Sarirako deialdia egitea.
Horretarako, foru agindu honen I. eranskinean jaso dira Foru Diputatuen Kontseiluak
2014ko urriaren 14ko bilkuran onartutako oinarri arautzaileak.
Bigarren. Foru Agindu hau Gipuzkoako
Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.
Foru agindu hau behin betikoa da eta
amaiera ematen dio administrazio bideari. Interesatuek administrazioarekiko
auzi errekurtsoa aurkez dezakete Donostiako epaitegietan, jakinarazpenaren
biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Hala ere, horren aurretik berraztertzeko
hautazko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete foru diputatu honi,
jakinarazpenaren biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero,
ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren
berariazko ebazpena eman edo uztezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki
iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke.
Denen jakinerako argitaratzen da hau.
Donostia, 2021eko urriaren 11.—Imanole I.
Eizmendi Galarza, idazkari teknikoa. (6619)
ERANSKINA
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoako
Boluntariotzaren Saria arautzen duten oinarriak.
1. Xedea.
Gipuzkoako Boluntariotzaren Sariaren
helburua da jendaurrean aitortzea ikuspegi sozial, humanitario eta/edo
solidariotik komunitateari zerbitzua emateko bokazioz boluntarioekin eta
boluntariotzan jarduten duten pertsonek nahiz gizarte erakundeek egindako
ibilbidea, interes orokorreko programetan, baztertutako taldeei laguntzen
eta/edo jarraian zehazten diren arloak sustatzen nabarmendu direnena:
berdintasuna, giza eskubideak, osasuna, gizarteratzea, kultura, kirola, babes
zibila, gazteria, ingurumenaren babesa edo garapenerako lankidetza.
Sari honek aipatzen
duen boluntariotza kontzeptua, 1998ko ekainaren 25eko 17/1998 Legeak,
Boluntarioei buruzkoak, 2. artikuluan definitzen duena da.
Sariak modalitate
bakarra dauka; eta pertsona fisikoek nahiz juridikoek eskuratu ahal izango
dute.
2. Sariaren dotazioa.
Saria honako hau
izango da: ziurtagiri edo diploma bat, saria jaso izanaren frogagiri gisa; eta
oroigarri enblematiko bat. Ez da izango inolako ordain ekonomikorik.
3. Betekizunak.
Saria lortzeko
hautagaiak honako hauek izan daitezke:
a) Gipuzkoan gutxienez 10 urtean irabazi asmorik gabeko gizarte
entitateetan boluntario gisa diharduten edo jardun duten pertsona fisikoak,
adin nagusikoak eta edozein nazionalitatetakoak.
b) Gipuzkoan gutxienez 10 urtean gizarte intereseko proiektuak
boluntarioen bidez landu dituzten entitateak, legez eratuak eta irabazi asmorik
gabeak; eta, halaber, boluntariotza sustatzeko xedea duten entitateak.
Hautagai diren pertsonak
eta erakundeak ondorengo printzipioen aldekoak izango dira, edo behintzat ez
dira kontrakoak izango: euskara erabiltzea berdintasuneko, kohesioko eta
gizartegintzako elementu komun gisa; eta herritarren jatorri aniztasuna eta
gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasuna errespetatzea eta onartzea.
4. Hautagaiak aurkeztea.
Lehenengo oinarrian
zerrendatutako arloetan diharduten irabazi asmorik gabeko entitateek eta baita
Gipuzkoako Lurralde Historikoko erakundeek eta pertsona fisikoek aurkeztu
ahal izango dituzte sari honetarako hautagaiak.
Ez dira aintzat
hartuko entitateek bertako kideei buruz aurkeztutako hautagaitzak; ezta
norberaren burua hautagai aurkeztea ere.
Epaimahaiak sarirako
aurkeztutako hautagaien ibilbidea baloratu ahal izan dezan, proposamenekin
batera hautagaiaren merituak ere aurkeztu beharko dira. Era berean, hautagai
bat sarirako aurkezteko edo aurkezpenari abala emateko entitateak hartutako
erabakiaren egiaztagiria ere erantsi beharko da. Hautagaitzei beste entitate
batzuen abalak gehitu ahal izango zaizkie. Proposatutako hautagaia pertsona
fisikoa bada, haren adostasuna eta lan egiten duen edo egin duen entitatearena
ere beharrezkoak izango dira.
Ez dira hautagaitzaren
abaltzat hartuko ez pertsona fisikoen sostenguak, ezta sinadura bilketak
ere.
Hautagaitzak www.gizalde.eus
gunetik deskargatzen den ereduan aurkeztuko dira, bertan zehaztutako egitura
eta luzera errespetatuz.
5. Aurkezteko epea eta lekua.
Hautagaitzak
aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta
hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Gizarte Politiketako
Departamentuari zuzenduko zaizkio, eta aurkeztu ahal izango dira Gizarte
Politiketako Departamentuko Erregistro Orokorrean (Zarategi pasealekua, 99
behea, 20015 - Donostia), Gipuzkoako Foru Aldundiko Erregistro Zentralean
(Gipuzkoa plaza z/g, beheko solairua, 20004, Donostia), edo Herri
Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen
30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako
batetik. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan
(https://www.gfaegoitza.net) dagoen Erregistro Elektronikoaren bidez ere
aurkeztu ahal izango dira.
6. Epaimahaia.
Gipuzkoako
Boluntariotzaren Sarira aurkeztutako hautagaien merituak hamar lagunek
osatutako epaimahai batek aztertu eta baloratuko ditu. Epaimahaikide guztiak
lehenengo oinarrian zerrendatutako arloetan diharduten irabazi asmorik gabeko
entitateetakoak izango dira.
Epaimahairen
osaketan tamaina handiko zein txikiko entitateek parte hartuko dute.
Gainera,
epaimahaikideetako bat aurreko urtean saria jaso zuen entitatea edo pertsona
izango da.
Epaimahaian parte
hartu nahi duten entitateek ordezkari bat eta haren ordezkoa izendatu beharko
dituzte.
Ahalegina egingo da
gizonen eta emakumeen kopurua berdina izan dadin epaimahaian; eta honako alor
hauek denak ordezkatuta egon daitezen:
— Haurrak eta gazteria.
— Helduak eta adinekoak.
— Kultura aniztasuna.
— Desgaitasuna eta gaixotasuna.
— Gizarte inklusioa.
— Babes zibila eta emergentziak.
— Ekologia eta ingurumena.
— Garapenerako lankidetza.
— Beste batzuk.
Eztabaidan parte
hartuko dute, hitzarekin baina botorik gabe, honako hauek: Gizarte
Politiketako Departamentuko kargudun politiko batek eta teknikari batek (bera
izango da idazkaria); eta Gizalde boluntariotza sustatzeko zerbitzuko kide
batek, aipatu departamentuarekin hitzartuta.
Hitza eta botoa
duten epaimahaikideak ezingo dira izan sarirako hautagai diren edo hautagairen
bati abala eman dioten entitateetakoak.
Epaimahaikideek
beren artean izendatuko dute mahaiburu lanetan arituko dena.
7. Hautagaien ebaluazioa.
Hautagaiak
aurkezteko epea amaitutakoan, eta epaimahaia eratu aurretik, Gizarte
Politiketako Departamentuak egiaztatuko du betekizun guztiak betetzen
dituztela; eta hautagaiak aurkeztu dituzten entitateei jakinaraziko die beren
hautagaia onartua izan den ala ez.
Aldi berean, Gizarte
Politiketako Departamentuak behar diren izapideak burutuko ditu epaimahaia eratzeko,
6. oinarrian zehaztutako irizpideetan oinarrituta.
Epaimahaia
eratutakoan, banan-banan aztertuko ditu onartutako hautagaitza guztiak. Gero,
8. oinarrian azaldutako balorazio irizpideen arabera eztabaidatu ondoren, saria
emateko proposamena egingo du, saria entregatzeko aurreikusitako eguna baino
10 egutegi-egun lehenago gutxienez. Epaimahaiak isilpean gordeko ditu aurkeztutako
hautagaitzak, izandako eztabaidak eta saria emateko proposamena.
Saria hutsik
deklaratu eta inori ere ez ematea proposatu ahal izango du epaimahaiak, ikusten
badu aurkeztutako hautagaietako batek ere ez daukala saria jasotzeko behar
den adinako meriturik.
Berdinketarik
gertatuz gero, mahaiburuak izango du kalitatezko botoa.
8. Baloratzeko irizpideak.
Aurkeztutako
hautagaien merituak baloratzeko, alderdi hauek izango ditu kontuan
epaimahaiak: konpromiso sozial eta solidarioaren maila; jardueran etenik gabe
daraman denbora; gizarte proiekzio positiboa eta egindako lanaren balioa; eta
egoki deritzon beste irizpideren bat ere gehitu ahal izango du.
9. Saria ematea.
Saria ematea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da;
eta dagokion iragarkiak hautapena egin duen epaimahaiaren osaera ere azalduko
du.
10. Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria entregatzea.
Gipuzkoako
Boluntariotzaren Saria ekitaldi publiko instituzional batean entregatuko da.
Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian izango da, abenduaren
5aren inguruan, hori baita Boluntariotzaren Nazioarteko eguna; eta saria
jasoko duen pertsona edo entitatea bertan dela.
Ekitaldira
gonbidatuko dira epaimahaikideak, hautagaiak eta, oro har, Gipuzkoako
Lurralde Historikoko boluntariotzako elkarte eta entitateak.
11. Gipuzkoako Boluntariotzaren Sariaren zabalkundea.
Gipuzkoako Foru
Aldundiak egoki iritzitako bideetatik emango die zabalkundea Gipuzkoako
Boluntariotzaren Sariari eta sarituen merituei, hala nola: prentsaren
bidez, erakundearen webguneetan, etab.
12. Deialdia.
Gizarte Politiketako
Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaio urtero Gipuzkoako
boluntariotzaren saria onartzeko, baldin eta ez bada aldaketarik egiten
oinarri hauetan.
13. Oinarri hauek onartzea.
Gipuzkoako
Boluntariotzaren Sarian hautagai gisa edo epaimahaikide gisa parte hartzeak
esan nahi du oinarri hauek denak banan-banan onartzen direla.