2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

DIPUTATU NAGUSIA

Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eratutako Anton Abbadia sariaren 2021. urteko edizioaren oinarri arautzaileak eta deialdia.

Diputatu nagusiak ondoko foru dekretua eman du 2021eko irailaren 20an:

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1996ko azaroaren 29an emandako foru aginduaren bitartez (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 242 zk., 1996ko abenduak 17) Anton Abbadia saria sortu zuen, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna jende aurrean aitortu eta saritu nahirik.

Aipatutako foru agindu horren bigarren puntuak xedatzen zuenez, Anton Abbadia sariaren deia, oinarriak eta jasotzaile izan daitezkeen elkarte edo pertsonen zehaztapena jendaurrean argitaratu behar dira.

Horregatik guztiagatik, azaroaren 16ko 7/2020 Foru Dekretuak eta azaroaren 17ko 23/2020 Foru Dekretuak esleitutako eskumenak erabiliz, diputatu nagusiak

EBATZI DU

Lehena.    Anton Abbadia sariaren deia egitea 2021. urterako, euskararen erabilera sustatzeko alorrean nabarmendu izan diren pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko asmoz.        

Bigarrena.    Anton Abbadia sariaren 2021eko edizioa gidatuko duten oinarri arautzaileak onartzea, eranskinean jasotakoaren arabera.

Hirugarrena.    Anton Abbadia saria aurtengo edizioan 2021eko abenduaren 1ean emango da.

Laugarrena.    Anton Abbadia sariaren 2021eko edizioan hautagaiak aurkezteko epea urriaren 22an amaituko da.      

Foru dekretu hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Interesatuek foru dekretu honen aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete Donostiako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, jakinarazpenaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Hala ere, interesatu partikularrek aukera dute horren aurretik berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko diputatu nagusi honi, jakinarazpenaren biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke.        

Donostia, 2021eko irailaren 20a.—Juan Jose de Pedro Alonso, Diputatu Nagusiaren Alorreko idazkaria.    
                (6119)

ERANSKINA

Gipuzkoako Foru Aldundiak eratutako Anton Abbadia sariaren 2021. urteko edizioaren oinarri arautzaileak.

1.    Xedea.

Oinarri hauen xedea da Anton Abbadia sariaren 2021. urteko edizioaren deialdia egitea.

Anton Abbadia sariak euskararen gizarte erabilera babestu, sustatu edo hedatzeko zereginetan nabarmendu diren erakunde, elkarte edo pertsona fisiko nahiz juridikoak aitortuko ditu.               

Saria aitortzeko lan edo jardueraren kalitatea eta esanahia balioetsiko dira, eta euskararen normalizazioaren edozein alorretan egindako ekarpena.

Halaber, saria aitortzerakoan oso gogoan izango da pertsona edo elkartearen ibilbidea eta jarraitutasuna euskararen alorrean.

Saria jendaurreko ekintza batean emana izango da, 2021eko abenduaren 1ean.

2.    Sariaren edukia.

Sariaren ikurra euskal artista gazte batek egindako obra bat izango da.

3.    Baldintzak.

Anton Abbadia sarirako hautagaiak aurkezteko baldintza hauek kontuan izan behar dira:

— Hautagaia pertsona fisikoa izatekotan, bizirik direnen aldeko proposamenak besterik ez dira onartuko.

— Aurkeztutako hautagaiak Gipuzkoarrak izan behar dira sortzez edo jardunbidez.

4.    Hautagaiak aurkeztea.

Saria jasotzeko hautagaiak aurkeztu ahal izango dituzte:

— Pertsona juridikoek, gutxienez bi erakunde edo elkarteek batera hautagai bakarra babestu eta aurkezten badute.

— Hurrengo puntuan azaltzen den epaimahaiak.

— Gipuzkoako Foru Aldundiak berak.

Epaimahaiak bere iritzia osatzeko bidea izan dezan, hautagaien proposamenetan argi azaldu beharko dira aurkeztutako hautagaien merezimenduak, Anton Abbadia sariak dituen helburuei dagokienez.

Hautagaien merezimenduen aldeko dokumentazioa Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiari aurkeztu behar zaio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Alorraren erregistro elektronikoan aurkeztu behar da, helbide honetatik abiatuta:

https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/erregistro/nola-erregistratu.

Hautagaiak 2021eko urriaren 22ra bitarte aurkezten ahal dira.

5.    Epaimahaia.

Anton Abbadia sarian aurkeztutako hautagaien merezimenduak epaimahai batek aztertu eta balioetsiko ditu. Epaimahaia honela osatuko da:

— Euskararen alorrean prestigioa duten lau aditu, Gipuzkoako diputatu nagusiak izendaturik.

— Aurreko Abbadia saridun pertsona edo elkartearen ordezkaria.

— Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia izango da epaimahaiko idazkari; hizpidea izango du, baina botorik ez.

Adierazitako kideek izendatuko dute, beren artetik, epaimahaiaren buru lanak egingo dituena.

Epaimahaia osatzerakoan, ordezkaritza orekatuaren printzipioa gordeko da, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, 1.7 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Epaimahaikideen zerrenda diputatu nagusiaren aginduz erabaki, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da behar den garaian.

6.    Hautagaiak balioestea.

Epaimahaiaren zeregina izango da aurkeztutako hautagaien merezimenduak aztertu eta balioetsi ondoren saritarako proposamena egitea, sariaren helburuak eta hautagai diren pertsona edo elkarteen jardunaren kalitatea eta ibilbidea kontuan izanda.

Laugarren oinarrian adierazi bezala, era batean zein bestean aurkeztutako hautagai guztien kasuan epaimahaiak isilpeko espediente bana osatuko du, aurkeztutako hautagaiaren merezimenduak aztertu eta kreditatzeko behar diren eginbideez. Horretarako, epaimahaiak bere kideen artetik espediente bakoitza osatuko duen epaimahaikide bat bereiz dezake, informazio aldia amaitu ondoren burututako eginbideak eta bildutako frogak epaimahaiari berari aurkez diezazkion.

Behar den hausnarketa eginik, epaimahaiak saria emateko proposamen bat egingo du.

Epaimahaiak egindako bilera guztien akta jasoko du idazkariak.

Epaimahaiak bere proposamena aurkezteko gehienezko epea 2021eko azaroaren 19a izango da.