2
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

KULTURA, LANKIDETZA, GAZTERIA
ETA KIROL DEPARTAMENTUA

Gipuzkoako ikastetxeei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2021eko deialdia - Kultura Eskola Programa.

Diputatuen Kontseiluak 2021eko uztailaren 20an egindako batzarraldian, besteak beste, honako erabaki hau hartu du:

«Kultura Zuzendaritza Nagusiak, abiapuntutzat hartuta eskola adineko pertsonei kulturarako sarbide unibertsala bermatzeko helburua, Kultura Eskola izeneko programa sustatzen du, baliabide bat baita ekintza artistiko-kulturalaren aurrean sentsibilitate handiagoa eta irizpide hobeagoa sortzeko, eta, kultur ekipamenduetara eta arte ikuskizunetara joaten den publikoa berritzen ahalegintzeko.

Kultura Eskolaren oinarrizko helburu bat da ikastetxeetan irakasten diren arte ikasgaien osagarria izatea, haiek ordeztu gabe. Garrantzitsua da ikasleek sarbidea izatea arteetara eta kalitatezko kultura profesionalera, eta horretarako, horiek modu natural batean txertatzea eskola orduetan.

Sarbide horri esker, hainbat arte eta kultur adierazpen ulertu ahal izango dituzte, eta hori lagungarria izango da adierazpen horiek eskolen ikaskuntza helburuetan txertattzeko. Horretarako, garrantzitsua da eskaintzak arte eta kultur adierazpen ugari izatea.

Programa honen helburua da gobernantza berriaren metodoak aplikatzea; hau da, ahalik eta pertsona talde eta erakunde gehienek parte hartzea baliabide publikoen Kudeaketan, Kudeaketa horretako kopartaide izan daitezen.

Erabaki honen bidez, aipatutako Kultura Eskola programan txertatuta, ikastetxeei zuzendutako laguntza lerro baten oinarriak onartzen dira, arte eta kultura jarduerak egin ditzaten. Laguntza lerroaren kudeatzailea Kultura Zuzendaritza Nagusiko Liburutegiko eta Kultura Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzua izango da.          

Kultura Eskola programa 2020-2023 Kudeaketa Plan Estrategikoan aurreikusita izan arren, dirulaguntza hau ez dago sartuta 2020-2023 dirulaguntzen Plan Estrategikoan (DLPE). Beraz, ezarri aurretik, sartu egin behar da, DLPE planaren 3.1 atalean aurreikusi bezala. 

Horiek horrela, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuak proposatuta, Diputatuen Kontseiluak, eztabaidatu ondoren, honako hau

ERABAKITZEN DU

Lehen.    Kultura Eskolaren dirulaguntza lerroa Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020-2023 dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartzea.

Bigarren.    Kultura Eskola programaren esparruan, Gipuzkoako ikastetxeei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onartzea, zeintzuk erabaki honen I. eranskinean jasota baitaude.   

Hirugarren.    Aipatutako dirulaguntzei dagokien 2021eko deialdia onartzea, zeina erabaki honen II. eranskinean jasota baitago. 

Laugarren.    Baimentzea laurehun mila euroko (400.000) gastua, deialdi hori finantzatzeko adierazten den aurrekontu esleipenarekin.

Aurrekontu partida                                   Zenbatekoak (€)

1.0910.120.440.09.00.2021            120.000

1.0910.120.470.00.14.2021            120.000

5.0910.120.440.09.00.2022              80.000

5.0910.120.470.00.14.2022              80.000

Bosgarren.    Erabaki honen bidez onartutako oinarri arautzaileek ondorioak izango dituzte Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunetik aurrera.

Erabaki hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari. Nahi izanez gero, interesdunek administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete Donostian dauden Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hala ere, partikularrek aukera dute, horren aurretik, berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkezteko Diputatuen Kontseiluari, argitalpenaren biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo presuntziozko ezespena gertatu arte. Dena dela, egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez daiteke.»     

Guztiek jakin dezaten argitaratzen da hori.

Donostia, 2021eko abuztuaren 4a.—Iñaki Sainz Paredes, idazkari teknikoa.   (5595)

I ERANSKINA

Gipuzkoako ikastetxeei Kultura Eskola programako arte eta kultur jarduerak egiteko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak.

1.    Xedea.

Oinarri hauen xedea da Gipuzkoako ikastetxeei zuzendutako Kultura Eskola programako jarduerak egiteko dirulaguntzak arautzea.

2.    Onuradun izateko betekizunak.

1.    Dirulaguntza horien onuradunak izango dira Gipuzkoako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) edo Oinarrizko Lanbide Heziketa (OLH) ematen duten ikastetxeak, publikoak, zein itunpekoak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko zerrenda eguneratuan (https://ikasgunea.euskadi.eus/eu/buscador-de-centros) jasota daudenak eta oinarri hauetan aipatutako betekizunak betetzen dituzten jarduera artistikoak kontratatzen eta sustatzen dituztenak.

2.    Ezin izango dira programa horren onuradun izan aurreko bi deialdietako batean esleitutako baliabideak erabili ez dituzten ikastetxeak, salbu eta organo kudeatzaileak aldez aurretik onartutako arrazoiengatik edo ezinbesteko arrazoien ondorio bada.

3.    Ezingo dira oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun izan 3/2007 Foru Arauak, martxoaren 27koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 12. artikuluan aurreikusten duen egoera batean dauden ikastetxeak, ez sexu arrazoiagatik gela-bereizketak egiten dituzten ikastetxeak, ez eta 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, 25. artikuluan eta seigarren xedapenenean ezartzen duen sexu diskriminazioa egiteagatik desgaikuntza edo lege debeku kasuren batean daudenek ere.        

4.    Ikastetxeek onuradun izaera lortzeko debekuetan sarturik ez egoteari buruzko egiaztapena egin dezakete lekukotza judizialaren bidez edo ziurtagiri bidez, kasuen arabera, eta agiri horiek eskuratu ezin direnean, administrazio publiko baten edota notario baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez ordezkatu ahal izango dira.  

5.    Ikastetxe eskatzaileek egunean izan behar dituzte zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak egingo du egiaztapena, eta, horretarako, aipatutako datuak zuzenean bilduko ditu haiek ematen dituzten erakundeetatik. Hori ezinezkoa bada edo pertsona edo erakunde eskatzaileak horren aurka egiten badu, berak aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

3.    Jarduera diruz lagungarriak eta baldintzak.

3.1.    Jarduera diruz lagungarriak izango dira Kultura Eskola programaren barruan ikastetxeek kontratatzen eta sustatzen dituzten arte eta kultura jarduerak.

3.2.    Ez dira diruz lagungarriak izango aurreko paragrafoko baldintzak betetzen dituzten jarduerei dagozkien kostuak, baldin eta, aldez aurretik, oinarri hauetan zehaztatutako baldintzetan, ez badu ikastetxe sustatzaileak jakinarazi jarduera horiek gauzatu egin direla eta organo kudeatzaileak balioztatu ez badu.

3.3.    Ezin izango zaio inolako dirulaguntzarik eman sexua dela-eta diskriminazioa eragiten duen edozein jarduerari.

3.4.    Ikastetxe eskatzaileek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

Dagokion deialdiko gehieneko dirulaguntzaren zenbatekoa jakinarazi ondoren, ikastetxeak arte eta kultura jardueren programa bat aurkeztu beharko du, deialdiari dagokion ikasturtean egitekoa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) edo Oinarrizko Lanbide Heziketako (OLH) ikasleentzat.               

Organo kudeatzaileak programa balioztatu ondoren, harremanetan jarri behar da jardueren sustatzaileekin, eta haiekin adostu jardueren datak eta antolaketaren xehetasunak.     

Jarduerak deialdian ezarritako epearen barruan gauzatzea, jardueren katalogoan xehatzen diren baldintza teknikoak betez.            

Hautatutako jarduerak eskolako ordutegiaren barruan egitea.          

Hautatutako jarduerak ikastetxeko irakasleen arreta eta gainbegirapean egitea.

Katalogoan ikusgai dauden eta jarduera egiteko beharrezkoak diren baliabide materialak, espazialak edo bestelakoak ematea.       

Kultura Eskola programako jarduera diruz lagungarriak garatzen dituzten pertsonen zerbitzuen kontratazioari dagozkion fakturak ordaintzea.

3.5.    Dirulaguntzaren xede den programak ekonomikoki bideragarria izan beharko du, eta bideragarritasun hori gastu eta sarreren aurrekontu orekatu baten bidez egiaztatu beharko da, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatutako dirulaguntza kontuan hartuta.

4.    Gastu diruz lagungarriak.

1.    Oinarri hauen ondorioetarako, gastu diruz lagungarria da ikastetxean arte eta kultura jarduerak egin dituzten pertsonei edo erakundeei ordaindutakoa, hau da, jarduera horiek kontratatzeagatik ordaindutakoa.

2.    Gastu diruz lagungarri horrek ezin izango du gainditu Eskola Kultura katalogoan jardueraren prezio gisa agertzen den zenbatekoaren % 90. Kultura Eskolaren katalogoan jardueraren prezio gisa agertzen diren zenbateko guztiek BEZa barne dute.

3.    Ez dira inola ere diruz lagunduko jarduerekin lotutako bestelako gastu zuzenak edo zeharkakoak.

5.    Laguntza emateko prozedura.

Dirulaguntzak emateko prozedura elkarrekiko norgehiagoka izango da, deialdi eta hautaketa prozedura bakarraren bitartez.          

6.    Jarduera diruz lagunduen finantzaketa.

1.    Oinarri hauen xede diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bereko beste dirulaguntza, laguntza edo baliabide batzuekin, edozein dela horiek ematen dituen administrazio edo erakunde publikoa zein pribatua, estatala, Europar Batasunekoa edo nazioartekoa, hurrengo paragrafoan ezarritakoa alde batera utzi gabe.

2.    Dirulaguntzen zenbatekoa ezingo da izan, ez bera bakarrik, ez beste dirulaguntza, sarrera edo baliabide batzuekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa.  

3.    Oinarri hauetan jasotako dirulaguntzak bateragarriak dira estatuko laguntzekin, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53. artikuluaren arabera. Erregelamendu horren bidez, laguntzen hainbat kategoria bateragarritzat jotzen dira barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (EBAO, L 352. zk., 2013/12/24koa).

7.    Dirulaguntzaren zenbatekoaren kalkulua.

Deialdian ezarritako zuzkidura ekonomikoa onuradunen artean banatuko da ikastetxe eskatzaile bakoitzari gehieneko dirulaguntza zenbateko bat esleituz, modu honetara kalkulatuta:     

1.1.    Ikasle bakoitzeko zuzkidura ekonomiko bat zehaztuko da, eta hori honela kalkulatuko da: deialdian ezarritako zenbateko ekonomikoa zatituz ikastetxe eskatzaileen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) edo Oinarrizko Lanbide Heziketako (OLH) mailetan matrikulatutako ikasle guztien artean. 

1.2.    Ikasle bakoitzeko ateratzen den zuzkidura ikastetxe bakoitzeko DBH eta OLH mailetan matrikulatutako ikasle kopuruarekin biderkatuko da. Horren emaitza izango da ikastetxe bakoitzari dagokion gehieneko dirulaguntza.

8.    Izapidetzea.

1.    Dirulaguntzak emateko prozedura izapidetzea, organo kudeatzaile gisa, Kultura Zuzendaritza Nagusiko Liburutegiko eta Kultura Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzuaren eginkizuna da, eta hari dagokio beharrezkotzat jotzen dituen ekintza guztiak ofizioz burutzea, ebazpen proposamena gauzatzeko beharrezkoak diren datuak zehaztu, eskuratu eta egiaztatzeko.               

2.    Izapidetze fasea hasiko da Liburutegiko eta Kultura Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzuak dirulaguntza-eskaeraz egingo duen aurre-ebaluazioarekin, hau da, egiaztatuz eskatzaileak betetzen dituela dirulaguntzaren onuradun izaera eskuratzeko ezarririk dauden baldintzak, eta osatua eta egokia dela aurkeztutako dokumentazioa.      

3.    Prozeduraren ebazpen proposamena ebaluazio batzorde batek egingo du, honela osatuak: Kultura Zuzendaritza Nagusiko Liburutegiko eta Kultura Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzuko burua –dirulaguntza lerro hauen arduraduna–, eta zerbitzu horretako bi teknikari. Ebaluazio Batzordeak behar bezala arrazoitutako ebazpen proposamena egingo du, eta organo eskudunari helaraziko dio, horrek ebazpena eman dezan. Dirulaguntzak ahalik eta proposamen artistiko eta kultural gehienen onuragarri izan daitezen, zerbitzu kudeatzaileak mugatu ahal izango du, bere proposamenean, katalogoan jasotako proposamen bakoitzak gehienez izan dezakeen jarduera kopurua, deialdi bakoitzaren ikasturtean egin beharrekoa; horretarako, kontratu txikirako indarrean dagoen gehieneko zenbatekoa hartuko da erreferentziatzat.

4.    Dirulaguntza emateko balioespena aurkakoa bada edo ikastetxeak aurkeztutako eskaeran aldaketak egiten baditu, hartu beharreko ebazpenaren aurretik, pertsona edo erakunde interesdunei 10 eguneko epea eskainiko zaie entzunaldi izapidean eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da alegazioak aurkez ditzaten.       

9.    Ebazpena.

1.    Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatu nagusiak ebatziko du emakida, foru aginduz.              

2.    Ebazpena arrazoituko da araututa dauden emate-irizpide objektiboei erreferentzia eginez, eta oinarri arautzaileetan xedatutakoaren arabera.

3.    Dirulaguntza emateko ebazpenak berariaz zehaztu beharko ditu dirulaguntzaren xedea, pertsona edo erakunde onuradunak, zenbatekoa, ordainketa erak eta epeak, oinarri arautzaileek eskatutako gainerako baldintzak eta betekizunak, bai eta baztertutako eskabideak eta baztertzeko arrazoiak ere.     

4.    Prozeduraren ebazpenak eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da. Epe hori kontatzen hasiko da, kasu bakoitzean, eskaerak aurkezteko epea hasten denetik aurrera.

5.    Oinarri hauetan aurreikusten diren dirulaguntzak emateko prozeduraren barnean gerta daitezkeen ustezko egintzak ezestekotzat hartu behar dira, 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 25.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

6.    Dirulaguntza emateko edo ukatzeko azken ebazpena, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez jakinaraziko da, 3/2007 Foru Arauak, martxoaren 27koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta erakunde eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio.

10.    Dirulaguntzak ordaintzea.

Oro har, diruz lagundutako jarduera amaitzean ordainduko dira dirulaguntzak, 12. oinarrian adierazi bezala justifikatu ondoren.  

Hala eta guztiz ere, kontuan hartuta programen helburua eta horien gauzapena amaitu aurretik garapena bideragarri egiten duen finantza erabilgarritasuna behar izatea eta, ondorioz, diruz lagundutako proiektuak hasteko funtsak eman behar izatea, ordainketa aurreratuak egin ahal izango dira, bermerik gabe, dirulaguntzari dagozkion jarduerak gauzatu ahal izateko finantzaketa gisa, erakunde onuradunak aldez aurretik eskatu eta premia justifikatu ondoren. Aurrerakin horiek ordaindu ahal izango dira baldin eta aurrekontu baliabiderik badago, dirulaguntza emateko ebazpenean zehazten den moduan, eta emandako dirulaguntza osoaren % 60 gainditzen ez badute, proiektua hasten denetik aurrera eta behar bezala justifikatuta.
               

Azken ordainketa-eskaera aurkezteko epea deialdiaren hurrengo urteko uztailaren 1ean amaituko da.

11.    Onuradunen betebeharrak.

1.    Onuradunen betebeharrak dira, ez bakarrik 3/2007 Foru Arauak, martxoaren 27koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, eta haren erregelamenduak (24/2008 Foru Dekretuak –apirilaren 29koak– onetsia) ezarritakoak, baita ere oinarri arautzaile hauetan adierazitakoak, hauek, bereziki:  

a)    Dirulaguntzak ematea funtsatzen duen proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo portaera hartzea.

b)    Dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean justifikatzea, beharrezkoa gertatzen den unean, baldintzak eta betekizunak betetzen dituela, baita dirulaguntza emateko oinarri izan den jarduera egin duela edo helburua bete duela ere.

c)    Dirulaguntza emandako organoak egiten dituen ikuskatze jarduerak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta finantza kontrolak ere, zeregin horietan eskatzen zaien informazio oro emanez.  

d)    Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk lortu izanaren berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari. Jakinarazte hori ahal bezain laster eman behar da aditzera, eta, betiere, jasotako dirulaguntzari emandako aplikazioa justifikatu aurretik.

e)    Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea.

f)    Onuradunari indarrean diren arauetan kasu bakoitzean eskatzen zaizkion kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta gainerako dokumentuak izatea, baita dirulaguntza mota bakoitzaren berariazko oinarrietan eskatzen diren kontabilitate egoerak eta erregistro bereziak ere, egiaztapen eta kontrol ahalmenak era egokian beteko direla ziurtatzeko.   

g)    Eskuratutako dirulaguntzen aplikazioa egiaztatzen duten agiriak gordetzea, egiaztapen eta kontrol lanak egin dakizkiekeen bitartean.

h)    Publizitate beharkizunak betetzea. Dirulaguntzaren xedeko jarduerei buruzko publizitatean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza adieraziko da, une horretan erakundeak erabakita daukan irudi korporatiboa errespetatuz.           

i)    Diruz lagundutako jarduera guztietan betetzea 10/1982 Legeak, azaroaren 24koak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, xedatutakoa, eta oro har, euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatuz jokatzea.

j)    Diruz lagundutako jarduera guztietan betetzea 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, eta 3/2007 Lege Organikoak, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirakoak, xedatutako printzipio orokorrak, bereziki hurrengo alderdiei dagokienez: hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista, eta generoaren adierazleak txertatzea diruz lagundutako jardueraren ebaluazio irizpideetan; eta 2/2015 Foru Arauak, martxoaren 9koak, gizonen eta emakumeen berdintasunerakoak, xedatutako printzipio orokorrak.

k)    13. oinarrian adierazitako kasuetan, jasotako dirua itzultzea.

l)    Dirulaguntza eman duen organoari jakinaraztea dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeretan izandako aldaketa oro.

m)    Diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak diren baimen guztiak eskuratu eta haien xedapenak betetzea.    

12.    Dirulaguntzak justifikatzea.

1.    Arau orokor gisa, eta beste formularen bat ezartzen ez bada, dirulaguntza emateko egintzan ezarritako baldintzak betetzearen eta aurreikusitako helburuak lortzearen justifikazioa oinarri honetan adierazitako moduan eta epean dokumentatuko da.   

2.    Oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradunek, dirulaguntza ordaintzeko eskatu aurretik, justifikazio kontua aurkeztu beharko dute. Kontu horretan, agiri hauek jasoko dira:           

a)    Egindako jardueraren eta lortutako emaitzen memoria xehatua, eta, sexuaren arabera bereizitako partaidetza datuak, bai eta datu horien azterketa eta interpretazioa ere.   

b)    Jarduerak garatu dituzten pertsonei egindako ordainketen zerrenda, hartzekoduna identifikatuta, baita dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen data, eta hala badagokio, ordaintzeko data ere. Aurreikusitako jarduerarekiko desbideratzerik izan bada, adierazi eta azaldu egingo dira.

c)    Egindako ordainketen egiaztagiriak.

d)    Jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda xehatua, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

e)    Egindako jardueraren egiaztapen eta lekukotza gisa baliagarri izango den dokumentazio grafiko edo ikus-entzunezkoa.

f)    Gipuzkoako Foru Aldundiak egiaztatuko du diruz lagundutako erakundeak egunean dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Erakundeak ez badu nahi Aldundiak egoera hori egiaztatzea, hala adierazi beharko du eskabidean, eta berak aurkeztu beharko ditu ziurtagiriak. 

3.    Dirulaguntza hauen zerbitzu arduradunak egiaztatuko du dirulaguntza behar bezala justifikatu dela, bai eta jarduera gauzatu eta dirulaguntza ematearen helburua bete dela ere, eta txostena idatziko du Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez dirulaguntzari buruzko azken ordainketa onartu dezan.     

13.    Dirulaguntzak itzultzea.

1.    Jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira eta berandutza interesak ordaindu beharko dira, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa egin beharra erabakitzen denera bitartekoak, 3/2007 Foru Arauak, martxoaren 27koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 35. artikuluko 1 eta 3. ataletan aurreikusitako kasuetan, eta, bereziki, kasu hauetan: 

a)    Dirulaguntza eskuratzea horretarako ezarrita dauden baldintzak faltsutuz edo eskuratze hori galaraziko luketen baldintzak ezkutatuz.

b)    Dirulaguntza ematea funtsatzen duen helburua, jarduera edo proiektua osorik edo zati batean ez betetzea edo portaera ez hartzea.

c)    Jasotako dirulaguntza justifikatzeko beharkizuna ez betetzea edo behar bezala ez justifikatzea, 12. oinarrian xedatutakoaren arabera.

d)    Indarrean diren legeetan aurreikusitako finantza egiaztatze eta kontroleko jarduerei aurre egitea, aitzakiak jartzea edo uko egitea, baita kontabilitate, erregistro edo dokumentu gordetze aldetik diren beharkizunak ez betetzea ere, horrek eragiten duenean ezintasun bat dirulaguntzaren erabilera egiaztatzeko, helburua bete den jakiteko, diruz lagundutako jardueren benekotasuna eta erregulartasuna ziurtatzeko, edo beste herri administrazioek edota erakunde publiko nahiz pribatuek, estatukoek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoek xede berarekin emandako laguntza, dirulaguntza, sarrera edo baliabiderik jaso ote den egiaztatzeko.

e)    Administrazioak onuradunei ezarritako beharkizunak ez betetzea, edota haiek, dirulaguntza ematerakoan, onartutako konpromisoak ez betetzea, dirulaguntza emateko oinarrian izan ziren helburuak betetzeko, proiektua gauzatzeko, jarduera egiteko edota portaera hartzeko moduari dagokionean edo eragiten dionean.    

2.    Onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetzera, eta onuradunak argi eta garbi egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzeko jarduna egin duela, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionala izango da, eta egiteko utzi duen ehunekoaren araberakoa.               

3.    Emandako laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoak, bakarka edota bestelako administrazio publikoen edo erakunde publiko nahiz pribatu nazional edo nazioartekoen dirulaguntza edota bestelako laguntzarekin batera, onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua gainditzen duenean, emate ebazpena aldatu egingo da eta, beharrezkoa bada, itzuli egin beharko da garatutako jardueraren kostuaz gaindiko diru kopurua.

Bi administrazio publikoren edo gehiagoren dirulaguntzak lortzen direnean, baldin eta paragrafo honetan aipatzen den soberakina gertatzen bada, ebazpena aldatuko da edo, beharrezkoa bada, dirua itzultzea gauzatuko da haietako bakoitzak emandako kopuruaren araberako hainbanaketa eginda.

4.    Itzuli beharreko zenbatekoak eskubide publikoko diru sarreratzat hartuko dira.

14.    Araubide juridikoa.

Oinarri orokor hauetan eta espezifikoetan aurreikusitakoaz gain, aplikatuko dira 3/2007 Foru Araua, martxoaren 27koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoa, eta horren Erregelamendua, 24/2008 Foru Dekretuak –apirilaren 29koak– onetsia.

Era berean, aplikatuko da Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EE) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa.

Dirulaguntzen kontrol finantzarioa egingo da, 4/2007 Foru Arauak, martxoaren 27koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzkoak, VII. tituluko bosgarren kapituluan ezartzen duenaren arabera.

II ERANSKINA

2021eko deialdia Gipuzkoako ikastetxeei Kultura Eskola programaren barruan arte eta kultura jarduerak egiteko dirulaguntzak emateko.   

Lehenengo.  Oinarri arautzaileak.

Gipuzkoako lurralde eremuko ikastetxe publiko zein pribatuei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak Diputatuen Kontseiluaren 2021eko uztailaren 20ko Erabakiaren bidez onartutakoak dira, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala honetan bertan argitaratutakoak.

Bigarren.  Laguntzen finantzaketa eta aurrekontua.

Baimendutako gastua laurehun mila (400.000 €) eurokoa da honako aurrekontu egozpen honen arabera:

Aurrekontu partida                                   Zenbatekoak (€)

1.0910.120.440.09.00.2021            120.000

1.0910.120.470.00.14.2021            120.000

5.0910.120.440.09.00.2022              80.000

5.0910.120.470.00.14.2022              80.000

Aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpena egin aurretik, aldaketaren zenbatekoagatik eskumena duen organoak gastu baimenduaren zenbatekoa handitu ahal izango du, baina horrek ez du ekarriko deialdi berri bat. Zenbateko gehigarria eraginkorra izateko baldintza izango da dirulaguntzen emakida ebatzi aurretik kreditua erabilgarri deklaratzea.              


Hirugarren.  Dirulaguntzak eskatzeko baldintzak eta horiek justifikatzeko modua.

Dirulaguntza hauek eskatzeko baldintzak eta horiek egiaztatzeko modua 2. eta 3. oinarri arautzaileetan zehazten dira.

Laugarren.  Denborazko eremua.

Dirulaguntzaren xede diren jarduerak 2021-2022 ikasturtean egin beharko dira.

Bosgarren.    Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskabideak aurkezteko epea 2021eko irailaren 1ean hasiko da, eta urte bereko irailaren 20an amaituko da.    

Eskaerak, ezarritako dokumentazioarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarian sartu eta horretarako bertan eskuragarri jarri den berariazko inprimakia erabiliz; bertan espresuki jasoko baitira aurkeztu beharreko agiri eta informazioak. Eskaerak egingo dira 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 14.2 eta 68.4 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

Seigarren.  Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak eta informazioak.

Eskaera egiteko aplikazioan horretarako dagoen inprimakia bete beharko da. Bertan, erantsi beharreko dokumentazioa adieraziko da.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, organo kudeatzaileak egiaztatuko du eskabideek dirulaguntzaren onuradun izateko baldintzak betetzen dituztela, eta ikastetxe bakoitzari dagokion gehieneko dirulaguntza kalkulatuko da, 7. oinarri arautzailean zehaztutakoaren arabera.

Pertsona eta erakunde eskatzaileek ez dituzte edozein administraziotan lehenago aurkeztutako agiriak aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak eskaera-inprimakian adierazi beharko du zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu edo eman ziren dokumentu horiek, 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 28.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Kasu horietan, dagozkion egiaztapenak egingo dira Euskadiko administrazioen elkarreragingarritasun eta segurtasun nodoaren bidez (Nisae). Dokumentazioa lortzea materialki ezinezkoa den kasuetan, organo eskudunak pertsona edo erakunde eskatzaileari eskatu ahal izango dio dokumentuak aurkezteko edo, bestela, dokumentuan aipatzen diren betekizunak beste bitarteko batzuen bidez egiaztatzeko.         

Eskabideak edo harekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioak identifikazio datuak biltzen ez baditu, akatsen bat badu edo osatu gabe badago, pertsona edo erakunde eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak aurkezteko, 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, 68.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Era berean, jakinaraziko zaio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aipatutako legearen 21.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera emandako ebazpenaren ondoren.

Nolanahi ere, dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak proiektuak behar bezala ebaluatzeko behar diren argibideak eskatu ahal izango ditu.

Zazpigarren.  Jarduera programa balioztatzea eta garatzea.

Ikastetxe bakoitzari dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa zehazten duen Foru Agindua jakinarazi ondoren, ikastetxeak jakinarazpena jaso eta 10 eguneko epean, 2021-2022 ikasturtean zehar egin nahi dituen arte eta kultura jardueren programa espezifikoa igorriko dio organo kudeatzaileari, jakinarazpenarekin batera bidaliko zaion txantiloia betez.

Egin behar diren jarduerak indarrean dagoen Kultura Eskola katalogotik hautatukoak izango dira.

Organo kudeatzaileak, aurkeztutako programak aztertuko ditu, aurkezten diren hurrenkeraren arabera, programa horiek balioztatu eta ikastetxe bakoitzari dirulaguntza aurrerakinen ordainketa egiteko proposamena egingo du, 10. oinarrian araututakoaren arabera. Balioztatzea eta ordainketa Kultura Zuzendaritzaren titularraren foru ebazpenaren bidez egiaztatuko da.

Balioztatutako programa ezin bada garatu, ikastetxeak lehenbailehen jakinarazi beharko dio inguruabar hori organo kudeatzaileari, eta antzeko edo ordezko beste jarduera batekin ordezteko proposamen arrazoitua egin. Organo kudeatzaileak programazio berri hori balioztatuko du, arrazoitutzat jotzen badu, eta arrazoi objektiboei erantzuten ez dieten programa berriak balioztatzea ukatu ahal izango du.

Zortzigarren.    Argitalpenak eta jakinarazpenak.

Prozedura honetako komunikazio eta izapide guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza elektronikoaren bidez egingo dira (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarian sartuz. Ikastetxe eskatzaileek balioztatu egingo dituzte dirulaguntzen organo kudeatzaileak dirulaguntza-eskaeran identifikatutako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora bidalitako komunikazio guztiak.           

Bederatzigarren.    Araudi aplikagarria.

Oinarri arautzaileetan xedatutakoaz gain, hauek arautuko dituzte laguntzak: 3/2007 Foru Arauak, martxoaren 27koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, eta 24/2008 Foru Dekretuak, apirilaren 29koak, hura garatzeko Erregelamendua onesten duenak.